Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala

114. zenbakia Data 2012-06-15 70 orria

7 Udal Administrazioa

ZUMAIAKO UDALA
Uraren zikloaren kudeaketari buruzko udal ordenantzaren aldaketaren behin betiko onarpena.

ZUMAIAKO UDALA

Gaia: Uraren zikloaren kudeaketari buruzko udal ordenan­tza­ren aldaketaren behin betiko onarpena.     

Udalaren osoko bilkurak, 2012ko mar­txo­aren 22ko ezohiko bileran, uraren zikloaren kudeaketari buruzko udal ordenan­tza­ren aldaketari hasierako onarpena eman zion.           

Ordenan­tza hori 30 eguneko epean jendaurrean jarri zen, 2012ko maia­tza­ren 2ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratutako 82 zenbakidun iragarkiaren bidez, eta ez denez aurkeztu inolako erreklamaziorik zein iradokizunik, aipatu araudia behin betiko onartu­tzat ematen da.

Beraz, Toki Jaurbidearen Oinarriak arau­tzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 70.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, iragarki honetan eranskin gisa argitara­tzen da Ordenan­tza­ren testu osoa.

Administrazio bidean behin betikoa den akordio honen aurka administrazioarekiko auzi-errekur­tsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietako Salaren aurrean, iragarkia argitara­tzen den hurrengo egunetik hasi eta bi hilabeteko epean.

Hala ere, aldez aurreko izaeraz, Udal honen Osoko Bilkuraren aurrean aukerako berrazter­tzeko errekur­tsoa aurkeztu ahal izango da, hilabeteko epean, iragarkia argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Kasu honetan ezingo da administrazioarekiko auzietako helegiterik aurkeztu berrazter­tzeko errekur­tsoa erabaki arte.

Zumaia, 2012ko ekainaren 8a.—Iñaki Agirrezabalaga Alkorta, Alkatea.

(1572)   (5768)

URAREN ZIKLO OSOAREN KUDEAKETA ARAU­TZEN DUEN ORDENAN­TZA

I. ATALBURUA

XEDEA, HEDADURA ETA ESPARRUA

1. atala.

Zumaiako Udalaren betebeharra da, besteak beste, ura hornitu eta sanea­tzeko zerbi­tzuak eta, oro har, Uraren Ziklo Osoarekin zerikusia dutenak egitea Zumaiako udal-mugartean, Estatuan eta Euskal Autonomia Erkidegoan une bakoi­tzean indarrean dagoen legeriak ezarritako baldin­tzen arabera. 

2. atala.

Udalak aurreko atalean adierazitako zerbi­tzuak par­tzuergo-erregimenean kudea­tzen ditu «altari» dagokionez eta zuzeneko erregimenean «bajari» dagokionez, toki-zerbi­tzu­gin­tzari lotutako indarreko araudiak ezarritakoari jarraituz.  

3. atala.

1.    Ordenan­tza honek, Zumaiako udalerriaren lurralde-esparruan, ura hornitu eta sanea­tzeko zerbi­tzuak eta horien erabil­tzaileak edo harpidedunak arau­tzea du helburu eta alde bakoi­tza­ren eskubideak, betebeharrak eta obligazioak zehazten ditu.

2.    Zergaren eta diru-bilketaren arloan, Udalean une bakoi­tzean indarrean dagoen Zerga Ordenan­tzak eta Ordenan­tza honetan xedatutakoak arautuko dituzte zerbi­tzuak.          

3.    Udalak hornidura- eta saneamendu-zerbi­tzuak kudea­tzeko beharrezkoak diren ordenan­tza eta xedapen guztiak onartu ahal izango ditu. Ordenan­tza eta xedapen horiek honako Ordenan­tza hau osatu edo garatuko dute.

4. atala.

Ordenan­tza hau, oro har, Udalak bere eskumen-esparruan, 3.1 atalean zehaztutakoan, egiten dituen hornidura- eta saneamendu-zerbi­tzuei eta, hala badagokio, osorik edo zati batean, 15. atalean aurreikusitakoaren arabera, esparru horretatik kanpo egiten diren zerbi­tzuei aplika­tze­koa izango da.

4. atala bis.

Zerbi­tzu­gin­tzan irabazizko xedea bazter­tzen da eta aurrekontu-orekari ­eutsi beharko zaio, adierazitako zerbi­tzu­gin­tza autofinan­tza­tzeko bide emango duten legez ezarritako tarifak aplikatuta.

5. atala.

Ordenan­tza honek indarraldi mugagabea izango du eta, lerrun bereko edo handiagoko xedapen batek berori guztiz edo zati batean alda­tzen ez duen bitartean, eragin osoa izango du.

6. atala.

Ordenan­tza errazteko asmoz, ura hornitu eta sanea­tzeko zerbi­tzuak kudea­tzen dituzten erakunde edo per­tso­nei eta zerbi­tzu horien erabil­tzaileei, hurrenez hurren, «Zerbi­tzu» eta «Harpidedun» deituko zaie aurreran­tzean.

II. ATALBURUA

HORNIDURA- ETA SANEAMENDU-ZERBI­TZUEN EDUKIA ETA PUBLIKOTASUNA

7. atala.

Ura hornitu eta sanea­tzeko zerbi­tzuak publikoak dira, beraz, nahi duten per­tsona fisiko edo juridiko guztiek dute horiek erabil­tzeko eskubidea, Ordenan­tza honek edo Udalak onar­tzen dituenek eta, oro har, aplika­tze­koa den legeriak ezarritakoez bestelako muga eta betebeharrik gabe.     

8. atala.

Ura horni­tzeko eta sanea­tzeko zerbi­tzuak elkarrekiko osagarriak direla eta, Zerbi­tzuak ez ditu horiek bananduta edo bereizita egingo.

Salbuespen gisa, Zerbi­tzuak zerbi­tzuetako bat bananduta egingo du, bere ustez, eska­tzaileak behar bezala justifika­tzen duenean beste zerbi­tzuari emandako konponbide bereizia.           

9. atala.

Modalitate desberdinetako ur-hornikun­tzak emateko eta hondakin-urak hustu eta trata­tzeko eskumena Udalarena besterik ez da izango eta Zerbi­tzuak haren kontura kontratatuko ditu zerbi­tzuak, horien baldin­tzak arautuko dituen bidezko poliza-kontratuaren bitartez.    

10. atala.

Ur edangarriaren hornikun­tzan eta/edo hondakin-uren hustuketan interesa dutenek Zerbi­tzuari egingo diote eskabidea, kasuak kasu, emariak zein jarduera-motatara zuzenduko diren, zein emari-kopurua behar duten, hondakin-urak husteko zein sistema instalatu edo proiektatu duten eta isurketen ezaugarriak zein diren adierazita.

Instalazio partikularrek bete beharreko ezaugarriei, hornikun­tzak egiteko edo hondakin-urak eta oro har isurkiak araztearren hustuketa egiteko aukerari, ezarri beharreko tarifa-motari edo -motei eta, hala badagokio, alta- eta hartune-eskubideen ondoriozko zenbatekoei buruzko informazioa emango du Zerbi­tzuak.        

11. atala.

Zerbi­tzua behartuta dago, bere esku jarritako baliabideekin edo instalazioekin, eta etorkizunean eskuratu beharrekoekin ere, Harpidedunen hartuneetan eta isuri-guneetan ur edangarria eta hondakin-urak husteko zerbi­tzuak jar­tzera, Ordenan­tza honetan eta Udalak ezar­tzen dituen gainerakoetan finka­tzen diren baldin­tzen arabera eta indarrean dagoen hirigin­tza-legeriari eta legeria orokorrari jarraituz.

Aurreko paragrafoan adierazten diren zerbi­tzuak egiteko betebeharra azpiegiturak eta instalazioak burutu eta gara­tzeko Udalaren inber­tsio-planetan finka­tzen diren epeen baldin­tza­pean eta menpe dagoela ulertu behar da.         

12. atala.

Zerbi­tzua behartuta egongo da ­etxeko kon­tsu­morako ura horni­tzera hala eska­tzen duten per­tsona edo erakunde guztiei, haren eskumen-esparruaren barruan kokatutako eraikinetan, lokaletan edo barrutietan erabil­tzeko, baldin eta horiek, Udalak onartutako arauzko xedapenetan ezarritako eskakizunez gain, indarrean dagoen legeriak eskatutako baldin­tzak bete­tzen badituzte.

Kasu horietan eta baldin­tza berberetan, hondakin-urak husteko zerbi­tzuak egingo ditu Zerbi­tzuak.         

13. atala.

Industriarako, merkatari­tza­rako, apaindurarako eta aisiarako hornikun­tzak ematea Udalak une bakoi­tzean ur-zuzkidurarako dituen ahalbideen menpe egongo da.      

Isurkiak hustu ahal izateko, horien aurreikusitako eta aitortutako ezaugarriek isurketei dagokienez indarrean dagoen legerian eta bere garaian Udalak finka­tzen dituen arauetan bildutako eskakizunei eran­tzun beharko diete.   

14. atala.

Zerbi­tzua ez dago behartuta, nekazari­tza-erabilerara zuzendutako ur-hornikun­tzak ematera, publikoak izanik, bere osotasunean edo zati batean lorategiak urezta­tzera zuzendu behar diren hornikun­tzen salbuespen bakarrarekin.

15. atala.

Oro har, Udalean barne har­tzen ez diren toki-erakundeetako lurralde-esparruetan ez dira emariak hornituko ez eta isurkiak araztuko ere.

Nolanahi ere, salbuespen gisa eta kasu bakoi­tza­ren egoera kontuan izanda, Zerbi­tzuak emariak hornitu, isurkiak hustu eta urak araztu ahal izango ditu Udalaren eremutik edo esparrutik kanpo, baldin eta horrek udal-zerbi­tzuekiko arreta-ezarik edo kalterik ez badakar.

Udalaren esparrutik kanpo egindako zerbi­tzuak prekarioko­tzat hartuko dira eta, beraz, eten ahal izango dira erabil­tzailearen­tzako inolako eskubiderik gabe, zerbi­tzu horiei eustea udal-zerbi­tzuaren kalterako denean. 

16. atala.

Ura horni­tzeko eta hondakin-urak hustu eta arazteko zerbi­tzuak ezin izango dira inola ere dohainik egin.

17. atala.

Zerbi­tzuak ur-hornidura eta isurkien hustuketa ukatu ahal izango du, harpide­tza-polizan izena emateari ezezkoa emanda, ondoko kasuetan:

1.    Hornidura eta/edo isurkien hustuketa eska­tzen duen per­tso­nak eredu ofizialaren arabera ida­tzita dagoen eta zerbi­tzuak kontrata­tze­ari dagokionez Udalean indarrean dauden xedapenak bil­tzen dituen poliza sina­tze­ari uko egiten dionean.

2.    Eska­tzailearen barne-instalazio partikularrak eta/edo orokorrak, bai ur edangarria horni­tze­koak bai eta hondakin-urak hustekoak ere, Zerbi­tzuaren iri­tziz, instalazio-mota horietarako legezko xedapenek oro har ezar­tzen dituzten aginduak eta instalazio horiek egiteko Udalak eta Zerbi­tzuak ezar­tzen dituzten argibideak eta oharpenak bete­tzen ez dituenean.  

Halakoetan, Zerbi­tzuak interesatuari instalazioan aurkitutako aka­tsen berri emango dio, horiek zuzendu ­ditzan.

3.    Zerbi­tzuaren justifikatutako iri­tziz, hustu beharreko isurkien ezaugarriek horri buruz Udalean indarrean dagoen araudian ezarritako muga onargarriak gaindi­tzen dituztenean.        

4.    Hornikun­tza­ren eta/edo hustuketaren eska­tzaileak, Hornidura eta Estolderia zerbi­tzuei dagokionez; Udalarekin, Zerbi­tzuarekin, edota Udalaren bestelako sozietate kudea­tzaileekin, dituen obligazioen ordainketan egunean ez dagoela egiazta­tzen denean, edo Zerga Ordenan­tzan aurreikusitako gordailuak eta fidan­tzak ezar­tze­ari uko egiten dionean.      

III. ATALBURUA

ZERBI­TZU­GIN­TZA

LEHEN SAILA.  ‑Zerbi­tzuaren eta harpidedunaren betebeharrak

18. atala.

Zerbi­tzu­gin­tza­gatik, Zerbi­tzuak oro har ondoko betebehar hauek izango ditu:

1.    Harpidedunei hornitutako urak indarrean dagoen araudiak exijitutako edangarritasun-baldin­tzak bete­tzea, hornikun­tza Udalean barne hartuta ez dauden toki-erakundeen «altako» erregimenean egiten bada salbu.

2.    Hornidura- eta saneamendu-zerbi­tzuak egiteko beharrezkoak diren Udalaren jabe­tzako instalazioak bere kargura mantendu eta zain­tzea.

3.    Hornitutako ura eta isurkiak tratatu eta arazteari dagokionez, osasun-agintari­tzak eta, oro har, organismo publiko eskudunek eman ditza­keten arauak edo xedapenak bete­tzea.       

4.    Harpidedunei, bidezkoen­tzat ­jotzen den prozeduraren bitartez eta betiere posible denean, zerbi­tzu­gin­tzan sor­tzen den edozein etenen edo aldaketaren berri ematea.     

19. atala.

1.    Aurreko atalean xedatutakoa eta oro har zerbi­tzu­gin­tzan manten­tzeko betebeharra gorabehera, Zerbi­tzuak ur-hornidura edo isurkien hustuketa aldi baterako eten edo murriztu ahal izango du, aldez aurretik ohartarazi gabe eta inolako eran­tzu­kizunik gabe, bere iri­tziz zerbi­tzuaren behar orokorrek hala gomenda­tzen edo exiji­tzen dutenean edota bere borondatearen aurkako ezinbesteko kausaren ondorioz.

2.    Kon­tser­bazio- eta zerbi­tzu-lan ­utziezinen ondorioz ura edo hustuketa mozteak ez du inoiz kalte-ordainik ekarriko. Zerbi­tzua behartuta egongo da hartutako neurriak jendaurrean jakinaraztera, horren eragina izango duten eraikinetan edo zonetan ohartarazpen-kartelen edota Udalaren jardun-esparruan hedadura handiena duten egunkarien bitartez.

3.    Urari ematen dioten erabilera-mota dela eta, aurreko azpiataletan adierazitako nahitaezko etenaldietan kon­tsu­moa edo hustuketa ezinbestekoa duten Harpidedunek gorabehera horiek aurreikusiz beharrezko neurriak hartu beharko dituzte.        

20. atala.

Hornikun­tza-etenaren arrazoia erabil­tzaileen beharrak bete­tzeko beharrezko emari-eza denean, kontratatutako erabilera-modalitatea hartuko da kontuan etena egiteko, ondoko hurrenkeraren arabera:

1.    Industria, merkatari­tza, zerbi­tzu eta apaindurako erabileretarako hornikun­tzak.

2.    ­Etxeko erabilerarako hornikun­tza.

3.    Ospitale, osasun-zentro, etab.etarako hornikun­tza.

21. atala.

Araudi honetan ezarritako berariazko betebeharrez gain, Harpideduna behartuta egongo da ondoko arau orokor hauek bete­tzera:

1.    Ur-kon­tsu­moa norberaren berariazko beharretara muga­tzea, gehiegizko kon­tsu­moa saihestuko den moduan, horniduraren erabil­tzaileen osotasunaren­tzat eskuragarritasun handiagoa lor­tzeko asmoz.

2.    Isurketak indarrean dagoen legerian eta Udalak onar­tzen dituen arauetan ezarritako mugen eta baldin­tzen barruan egitea.

3.    Zerbi­tzuari, ahal bezain laster, antze­mandako edozein matxu­raren berri ematea, baldin eta ­matxura hori barne-instalazio partikularrekoa ez bada, batez ere horren ondorioz ihesa, ur edangarriaren edo hondakin-uraren jarioa edota saneamendu-sarean butxa­dura sor­tzen denean.

4.    Edozein egoera dela eta, kon­tsu­moaren eta/edo isurketen ohizko erregimena eta/edo horien ezaugarriak nabarmen alda­tzen direnean, Zerbi­tzuari horren berri ematea eta, era berean, kon­tsu­mitu beharreko uraren erabilera-aldaketa jakinaraztea, horrek tarifa alda­tzea edo, oro har, polizaren baldin­tzak alda­tzea dakarrenean.

5.    Eraikineko barne-instalazio orokorra erabili, zaindu eta kon­tserba­tzean ardura handienarekin jardutea.

6.    Zerbi­tzuko enplegatuei lana askatasunez egiten uztea eta lagun­tzea, bertako enplegatu izan gabe ere, Zerbi­tzuak dagokion txar­telaren bidez kredita­tzen dituen per­tso­nei bezalaxe, polizaren xede den finkara, etxe­bizi­tzara edo barrutira eragozpenik gabe sar­tzen ­utzita, ura hornitu eta sanea­tzeko edota neurketa-ekipoaren irakurketa har­tzeko lanetan. 

7.    Zerbi­tzuari eskatutako datuak ematea, zerbi­tzuei buruzkoak nahiz horiekin zerikusia dutenak, ahalik eta zehaztasun handienaz.

22. atala.

Harpidedunak, Zerbi­tzuaren baimenik gabe, ezin izango ditu ondoko jardunak burutu:

1.    Zerbi­tzuak hornitutako instalazioari uren bestelako elikadura-iturriak ezar­tzea, ur horiek edangarriak izanik ere.       

2.    Ura iristeko tutuetan ponpak edota saneamenduko banaketa-sarearen egoeran eta, ondorioz, beste Harpidedun ­batzuei egindako zerbi­tzuan aldaketa dakarren edo eragina izan dezakeen beste edozein aparatu zuzenean txerta­tzea edo horien bidez hustuketa egitea edota, oro har, aldez aurreko baimenik gabe erabil­tzea.

3.    Zerbi­tzuak hornitutako ura edo hustuketa-ahalmena behin eta berriz dohainik laga­tzea edo berriro sal­tzea.

Debeku horretatik salbuesten dira 15. atalean aurreikusitako kasuetan Zerbi­tzuak emariak horni­tzen edo isurkiak husten dizkien toki-erakundeak.

4.    Ura hornitu edo husteko eskubidea hirugarren bati laga­tzea, Zerbi­tzuak ezarritakoa bete gabe.

5.    Zerbi­tzuaren baimenik gabe neurketa-ekiporako sarbideak edo haren kokapena alda­tzea.

6.    Ur-hornidura kontratatutakoez bestelako erabileretara zuzen­tzea edota kontratatutako hustuketa-baldin­tzak alda­tzea.

7.    Zerbi­tzuaren instalazioak manipula­tzea, neurketa-aparatuak barne direla, nahiz eta Harpidedunaren jabe­tza­koak izan.

8.    Neurketa-ekipo baten kontrolik gabe ura kon­tsumi­tzea edota instalazioetan horretarako aukera ematen duen edozein aldaketa sar­tzea, kontrolpeko isurketekin bezalaxe.         

9.    Neurketa-ekipoaren zigiluak irabazizko xedez haustea edo alda­tzea.

10.    Saneamendu-sarearen bidez, Udalak ezarrita duen araudian edo aplika­tze­koa den legeria orokorrean exijitutako ezaugarriak bete­tzen ez dituzten gaiak isur­tzea.  

BIGARREN SAILA.  Instalazioak

23. atala.

Zerbi­tzuko instalazio­tzat hartuko dira, jarraian adierazten diren motetako batekin bat etorririk, ura hornitu eta sanea­tzeko zerbi­tzu­gin­tzan erabilera iraunkorrean eta etengabean daudenak.

A)  Hornidura-instalazioak.

1.    Emariak har­tzeko instalazioak.

2.    Ura trata­tzeko instalazioak.

3.    Hodi orokorrak.

4.    Erregulazio-deposituak.

5.    Banaketa-sareak.

6.    Hartuneak.

7.    Harpidedunaren barne-instalazioa, bai orokorra bai partikularra.

B)  Saneamendu-instalazioak.

1.    Barne-instalazioa:

Harpidedunaren partikularra.

Eraikineko orokorra.

2.    Jabe­tza partikularreko eraikinetako euri-uren instalazio orokorra.

3.    Hiri-kolektore unitarioetarako hartuneak.

4.    Euri-uren hiri-kolektoreetarako hartuneak.

5.    Ur bel­tzen hiri-kolektoreetarako hartuneak.

6.    Kolektore orokor unitarioetarako hartuneak.

7.    Hiri-kolektore unitarioen sareak.

8.    Ur bel­tze­tarako hiri-kolektoreen sareak.

9.    Euri-uretarako hiri-kolektoreen sareak.

10.    Kolektore orokor unitarioen sareak.

11.    Euri-uretarako kolektoreen sareak.

12.    Ur bel­tze­tarako kolektoreen sareak.

13.    Ur bel­tzak arazteko instalazio partikularrak.      

14.    Industria-urak arazteko instalazio partikularrak. 

15.    Hondakin-urak arazteko toki-instalazioak.

16.    Urak arazteko instalazio orokorrak.

17.    Industria-jardueraren ondoriozko isurki bereziak araztu eta trata­tzeko instalazio orokorrak.

24. atala.

1.    Emariak har­tzeko instalazio­tzat, tratamendu-instalazioetan kon­tsumo-beharrei eran­tzu­teko beharrezko ur-bolumenak horni­tzea helburu duten tutuen, maniobra- eta kontrol-elementuen, fabrika-obren eta gainerako elementuen mul­tzoa uler­tzen da.

2.    Ura trata­tzeko instalazio­tzat, ura argitu eta arazteko prozesuak, giza kon­tsu­moan erabil­tzeko beharrezkoak direnak, buru­tzera zuzendutako makinen eta gainerako elementuen mul­tzoa har­tzen da.

3.    Hodi orokor­tzat, ura depositu erregula­tzaileetaraino bidera­tzen duten kanalizazioen, tutuen eta ponpen eta horien maniobra- eta kontrol-elementuen mul­tzoa har­tzen da.    

4.    Depositu erregula­tzaileak, banaketa-sarera bidal­tzeko zain, tratatutako ura aldi baterako gorde­tzera zuzendutako ­ontzien mul­tzoa dira.

5.    Banaketa-sarea dei­tzen zaio herri bateko kaleetatik ura presioan bidera­tzen duten tutuen eta horien maniobra- eta kontrol-elementuen mul­tzo­ari. Sare horretatik erabil­tzaileen hornidurarako hartuneak atera­tzen dira.

6.    Banaketa-hartune dei­tzen zaio, banaketa-saretik abiatuta, hura eraikinaren barne-instalazioarekin ­lotzen duten tutuen eta horien pasaera-erregistroko edo, hala badagokio, hartuneko gil­tzen mul­tzo­ari. Hartunea finkaren kanpoaldeko lerrokaduran amai­tzen da. (Ikusi 1. Marrazkia).         


 

 

7.    Barne-instalazio orokor dei­tzen zaio, hartunetik abiatuta, barne-instalazio partikularrekin ­lotzen duten tutuen, gil­tzen, makinen eta kontagailuen mul­tzo­ari.

8.    Barne-instalazio partikular dei­tzen zaio Harpidedun bakoi­tza­ren barruti, lokal edo etxe­bizi­tza barruan ura bana­tzea helburu duten tutuen eta gil­tzen mul­tzo­ari.

25. atala.

1.    Saneamenduko barne-instalazio partikular dei­tzen zaio, Harpidedunaren etxe­bizi­tza edo lokal barruan, hondakin-urak eraikineko instalazio orokorraren saneamendu-tutuetaraino bidera­tzen dituzten tutuen mul­tzo­ari.

2.    Eraikin baten saneamendu-instalazio orokor dei­tzen zaio instalazio partikularretatik hondakin-urak jaso eta eraikinaren saneamendu-hartuneraino bidera­tzen dituzten tutuen, ­putzuen eta ponpen eta horien kontrol-elementuen mul­tzo­ari. 

3.    Jabe­tza partikularreko eraikinetako euri-uren instalazio orokor dei­tzen zaio euri-urak jaso eta eraikinaren euri-uretarako hartuneraino garraia­tzen dituzten tutuen, ­putzuen eta ponpen eta horien kontrol-elementuen mul­tzo­ari.        

4.    Hiri-kolektore unitarioetarako hartune dei­tzen zaio eraikin edo finka baten hondakin-urak haren mugatik kolektoreraino bidera­tzen dituzten tutuen, erregistroen eta pieza berezien mul­tzo­ari.

5.    Euri-uren hiri-kolektoreetarako hartune dei­tzen zaio eraikin edo finka baten euri-urak haren mugatik kolektoreraino bidera­tzen dituzten tutuen, erregistroen eta pieza berezien mul­tzo­ari.

6.    Ur bel­tzen hiri-kolektoreetarako hartune dei­tzen zaio eraikin edo finka baten ur bel­tzak haren mugatik kolektoreraino bidera­tzen dituzten tutuen, erregistroen eta pieza berezien mul­tzo­ari.

7.    Kolektore orokor unitarioetarako hartune dei­tzen zaio, finka baten mugatik abiatuta, bertako hondakin-urak kolektore orokorreraino bidera­tzen dituzten tutuen eta erregistroen mul­tzo­ari.

8.    Hiri-kolektore unitarioen sare dei­tzen zaio hiri-finken eta gainazal libreen mul­tzo bateko hondakin-urak kolektore orokor, arazketa-instalazio tokiko edo orokor edota ubide bateraino bidera­tzen dituzten tutuen, erregistroen eta fabrika- eta aireztapen-obren mul­tzo­ari.

9.    Ur bel­tze­tarako hiri-kolektoreen sare dei­tzen zaio hiri-finken mul­tzo bateko ur bel­tzak hiri-kolektore unitario orokor bateraino edota tokiko arazketa-instalazio edo ubide bateraino bidera­tzen dituzten tutuen, erregistroen eta deskarga- eta aireztapen-ganbaren mul­tzo­ari.

10.    Euri-uretarako hiri-kolektoreen sare dei­tzen zaio hiri-finken eta gainazal libreen mul­tzo bateko euri-urak dagokion ubideraino bidera­tzen dituzten tutuen eta erregistroen mul­tzo­ari.

11.    Kolektore orokorren sare dei­tzen zaio hiri-kolektoreetatik eta/edo hartunetik datozen hondakin-urak horiek arazteko instalazioetaraino bidera­tzen dituzten tutuen, hodien, mekanismoen, makinen eta kontrol elementuen mul­tzo­ari.       

12.    Ur bel­tzak arazteko instalazio partikular dei­tzen zaio, ondoren baldin­tza egokietan kolektoreetara, lurrera edo ubidera isur­tzeko, etxe­etako hondakin-urak trata­tzen dituzten elementuen mul­tzo­ari.

13.    Industria-urak arazteko instalazio partikular dei­tzen zaio industria-prozesu baten ondoriozko urak trata­tzen eta arazten dituzten elementuen mul­tzo­ari.

14.    Hondakin-urak arazteko toki-instalazio dei­tzen zaio, ondoren ubide publiko batera isur­tzeko, herri bateko kolektoreen sareetatik datozen hondakin-ur hiritarrak arazten dituzten deposituen, tutuen, mekanismoen, makinen eta kontrol-elementuen mul­tzo­ari.

15.    Urak arazteko instalazio orokor dei­tzen zaio, ondoren ubide publiko batera isur­tzeko, saneamendu-kolektore orokorretatik datozen urak arazten dituzten deposituen, tutuen, mekanismoen, makinen eta kontrol-elementuen mul­tzo­ari.    

16.    Industria-isurki bereziak araztu eta trata­tzeko instalazio orokor dei­tzen zaio, ondoren ubide publikora, zabortegi kontrolatura edota arazketa-instalazio orokor baten burura isur­tzeko, industria-jardueraren ondoriozko isurki bereziak trata­tzen dituzten tutuen, deposituen, iragazkien, labeen, mekanismoen, makinen eta elementuen mul­tzo­ari.

HIRUGARREN SAILA.  Hornidura-zerbi­tzuak

26. atala.

Zerbi­tzuak, oro har, Udalaren instalazioen bidez eta, berariaz, kasu partikular bakoi­tzean ­etxeko hartunearen bitartez hornituko dio ura Harpidedun bakoi­tzari. 

27. atala.

Eraikin baten ur-hornidurak ondoko elementuez osatutako instalazioa behar du:

— Hartunea.

— Kontagailua.

— Barne-sare orokorra.

— Barne-sare partikularra.

28. atala.

Aurreko atalean adierazitako elementu guztien kostua, ur horniketa eman ahal izateko, eska­tzaileak ordaindu beharko ditu.

29. atala.

Uraren presioa, hitzar­tutako emaria, aurreikus daitekeen kon­tsu­moa, hornitu beharreko lokalaren kokapena eta barne hartutako zerbi­tzuak kontuan izanda finkatuko dira hartunearen ezaugarriak. Udalaren Ur Zerbi­tzuak kasuak kasu finkatuko du eskatutako ura horni­tzeko deribazioa banaketa-sarearen zein puntutatik abiatuko den.

30. atala.

Udal-zerbi­tzuak berak eska­tzailearen kargura egingo du txer­taketa banaketa-sarean, eskatutako ura hornituko duen hartune-adarra kroka­tzea ahalbidetuko duen dagokion hartune-balbularekin.

31. atala.

Fabrika-erregistroan metalezko estalkiarekin kokatuko den aurreko atalean adierazitako hartune-balbula Ur Zerbi­tzura adskribitutako langileek besterik ezin izango dute erabili, ez ordea inoiz erabil­tzaileek, hirugarren ­batzuek, etab.       

32. atala.

Hartuneak, eska­tzaileak egingo ditu bere kargura, Udalak finkatutako ezaugarrien arabera. Udalak edo zerbi­tzuak, lanak egiten dituzten enpresak ikuskatu ahal izango ditu, eta hornidura uka­tzeko ahalmena du, ikuska­tzaileak adierazitako aka­tsak konpondu bitartean.      


33. atala.

Hartune orotan, behin hura lokalaren edo eraikinaren barrualdean sartu ondoren, pasaera-gil­tza bat kokatu ahal izango da hartunearen eta eraikineko tutuaren arteko lotunean eta, behar izanez gero, erabil­tzaileak maneiatu ahal izango du.

34. atala.

Hartune-adarrak erabil­tzailearen jabe­tza­koak izango dira eta hark horiek manten­tzeko eta sor daitezkeen matxu­rak eta fun­tzionamendu txa­rraren ondorioz sortutako kalte guztiak konpon­tzeko eran­tzu­kizuna izango du.

35. atala.

Finka bakoi­tzeko hartune-adar bakarra eraikiko da eta hornitutako finkaren zerbi­tzu­rako soilik izango da, 54. atalean adierazitako salbuespen bakarrarekin.

36. atala.

Eska­tzaileak harpide­tza-poliza sinatu aurretik kasu bakoi­tzean ordaindu beharko dituen banaketa-sare orokorrean krokadura egiteko eta parte har­tzeko eskubideak hartune-adarraren kalibrea edo, hala badagokio, besterik gabe haren erabilera kontuan izanda ezarriko dira.

37. atala.

Ura horni­tzeko eskaerari eran­tzun ahal izanik, hura kon­tsu­mitu nahi den gunearen inguruetan banaketa-sare orokorrik ez badago, Zerbi­tzuak eska­tzaileari exijitu ahal izango dio eskatutako hornidurarako behar-beharrezkoak direnak baino dimen­tsio handiagoetako hartune-adarra eraiki­tzeko. Kasu horretan, Udalak ez du inolako kopururik jasoko banaketa-sare orokorrean parte har­tzeko eskubideagatik, krokadura-eskubideagatik bai ordea. Gainera, eraikitako hartune-adarra erabili ahal izango du, eska­tzailearenaren inguruetan etorkizunean hornikun­tzak elika­tzeko, baldin eta adar horren garraio-ahalmena gaindi­tzen ez bada, hura eraiki­tzeko Zerbi­tzuak finkatutako dimen­tsioen arabera.       

38. atala.

Erabil­tzaileak hartunea zabal­tzeko eskaera egiten duenean, zabalkun­tza horrek berekin horniduraren erabilera alda­tzea badakar ere, dagokion baimena ematen zaionean, hartune-adar berriari dagozkion krokadura-eskubideen osotasuna ordaindu beharko du, hartune-adarraren kalibre berriari edo erabilera berriari, aurretik zegoenarekiko, dagozkion banaketa-sare orokorrean parte har­tzeko eskubideen gehikun­tzaz gain.  


39. atala.

Besterik gabe ur-hornikun­tza­ren titulartasuna alda­tzeko kasuetan, krokadura berririk egin behar ez bada, titular berriak, hala badagokio, titulartasun-aldaketari dagozkion tasak eta ordainarazpenak soilik ordaindu beharko ditu, banaketa-sare orokorrean krokadura egiteko eta parte har­tzeko eskubideekiko eraginik izan gabe. Udal-ordenan­tze­tan titulartasun-aldaketari dagozkion tasak ezabatu ahal izango dira.  

40. atala.

Etxe­bizi­tza-eraikinak edota industrialak eraiki­tzeko eta oro har obretarako ur-hornikun­tze­tan, instalazioa behin-behinekoa denez eta, trazadura, buru­tza­pen-forma, etab.en ondorioz, behin betiko hartuneek baino eraikun­tza-ezaugarri sinpleagoak dituenez, eska­tzaileak fidan­tza bat jarri beharko du Udalaren Ur Zerbi­tzuan. Fidan­tza hori eraiki beharreko etxe­bizi­tza-kopuruarekiko, industria-pabiloiaren hedadurarekiko edo oro har obraren tamainarekiko propor­tzionala izango da, instalazioaren ondorioz sor daitezkeen kalte-galerei eran­tzun ahal izango zaien moduan eta, era berean, obraren behin-behinekotasuna berma­tzeko asmoz. Fidan­tza hori erabil­tzaileari itzu­liko zaio, bere osotasunean edo dagokion kopuruan, obrak eraiki­tzeko ur-hornikun­tza amaitu eta zerbi­tzuan baja har­tzean. 


41. atala.

Zumaiako Udalak ez du inolako kalte-ordainik ordaindu beharko, Udalak zuzenean egiten ez dituen obren edota udal-ekimenetik kanpoko beste edozein kausaren ondorioz, hartune-adarrak aldatu edo zabaldu behar direnean. 

42. atala.

Banaketa-sare orokorrean egiten den edozein hartunetarako, Industria Ordezkari­tzak ikus-one­tsi­tako Krokadura Buletinean aurkeztu beharko da.

43. atala.

Ur edangarria bana­tzeko hartunea, Zerbi­tzuak egokien­tzat ­jotzen duen sareko gunetik deribatuko da eta burutu ondoren, abonatuaren edo eska­tzailearen jabe­tza­koa izango da, manten­tzea bere esku gera­tzen delarik. Baita ere, hartunea behar bezala ez manten­tze­agatik, egon daitezken ur galeren arduraduna izango da abonatua.

Teknikoki beharrezkoa denean, hartune-gil­tza banaketa-sareko tutuaren gainean kokatuko da; erregistro-gil­tza bide publikoan ipiniko da, jabe­tza­ren mugaren ondoan; eta pasaera-gil­tza, teknikoki hura instala­tzea gomendagarria denean, jabe­tzako ­fatxada-horman kokatutako ganbara iragazkaiztuan jarriko da.     

44. atala.

Hartunetik aurrera hornikun­tza bat baino gehiago duen finka orotan, barne-instalazio orokorrak dagokion kontagailu-bateria izan beharko du eta Zerbi­tzuak horren kokapena eta ezaugarriak onartu beharko ditu.

Nolanahi ere, Zerbi­tzua behartuta egongo da neurketa-aparatuak jabe­tza­ren kanpoaldeko horman jar­tzera, haren toki hurbilerrazetan, edota gal­tza­dan kokatutako kutxe­tan, hori guztia Zerbi­tzuak normalizatutako instalazioen arabera.  

45. atala.

Tutua haustea aurreikusiz, finka edo lokal orok ura askatasunez hustea ahalbidetuko duten behar adina hustubide izan behar ditu, kontratatutako hartunerako horni daitekeen gehieneko emaria izango dutenak, eraikinari, bertan biltegiratutako gaiei edota edozein kanpo-elementuri kalte materialik egin gabe. Zerbi­tzuak ez du bere gain har­tzen agindu hori ez bete­tze­aren ondoriozko eran­tzu­kizunik.

46. atala.

Zerbi­tzuak hornikun­tza duten finken barne-instalazioa ikuskatu ahal izango du. Instalazio horrek arauzko baldin­tza teknikoak beteko ez balitu, antze­mandako aka­tsak Harpidedunari jakinaraziko zaizkio, finka­tzen den epean horiek zuzen­tzeko asmoz. Epe hori beteta arauz kanpoko egoerak bere horretan jarrai­tzen badu, Zerbi­tzuak dagokion administrazio publiko eskudunari horren berri emango dio eta, organismo horrek bidezko­tzat ­jotzen badu, harpideduna adierazitako aka­tsak zuzen­tzera behartuta egongo da, organismoak adierazitako epean. Harpidedunak xedatutakoa bete­tzen ez badu, Zerbi­tzua hornikun­tza etetera behartuta egongo da, organismo horrek ezarritako baldin­tze­tan.

17. atalean ezarritakoaren arabera, Zerbi­tzuak ez du hornikun­tza gehiagorik emango, eska­tzaileak antze­man diren aka­tsak zuzendu bitartean.         

HORNITUTAKO GUNEETAKO HORNIKUN­TZAK

47. atala.

Hartuneak emateak eska­tzaileak dagokion prezioa ordain­tzea dakar berekin, Udaleko zerga-ordenan­tzan aurreikusitakoaren arabera.

48. atala.

Ur-hornikun­tza dagokion eraikinean edo etxe­bizi­tzan soilik egiten dela eta hitzar­tutako erabilerara zuzen­tzen dela egiaztatuko da.

Beraz, zenbait eraikin mugakide per­tsona beraren jabe­tza­koak direnean edo errentari berak erabil­tzen dituenean ere, horiek hornikun­tza bereiziak izan beharko dituzte eta bananduta formalizatuko dira dagozkion hornikun­tza-kontratuak.       

49. atala.

1.    Ur-hornikun­tza, ahal izanez gero, «kontagailu bana­tzaileen» arabera emango da, halako­tzat, etxe­bizi­tzari edo lokalari dagokionez, harpidedun bakoi­tza­ren kon­tsu­moak ordenan­tza hauetako 44. atalean ezar­tzen den bezala neur­tzen dituztenak ulertuta.

2.    Nolanahi ere, eraikin bakoi­tzean egon daitezkeen merkatari­tza-lokalek edo negoziokoek hornikun­tza bereizia izan beharko dute.

Lokal horien kontagailuek eraikineko kontagailu orokorren baterian egon beharko dute. Eraikinarekiko hartune bereizia beharrezkoa duten lokal horietako kon­tsumo handien kasu berezian, kontagailua kanpoaldetik eskuragarria izango den ­kutxeta edo kaxa isolatu batean egongo da eta Zerbi­tzuak onartutako baldin­tza tekniko orokorrak bete beharko ditu.           

Betiere hartune bereizia beharko duten kon­tsumo handiko lokal­tzat, eraikinaren kon­tsumo-erregimenean eragina duten edo hura alda­tzen duten erabilerak aurreikusita dituztenak hartuko dira.

Zerbi­tzuak mantendu eta berrituko ditu kontagailuak, horien titularraren kargura, Udalak aurkakorik erabaki­tzen badu salbu. Arau gisa, 10 urteko gehieneko erabileraldia ezar­tzen da 15 mm-ko edo hortik beherako kontagailuetarako eta 7 urtekoa diametro handiagoko kontagailuetarako. Gehieneko erabileraldia igarota, Zerbi­tzuak kontagailuak ordezkatuko ditu.

50. atala.

Edozein ur-hornikun­tza eman ahal izateko, dagokion eraikinaren, etxe­bizi­tza­ren edo lokalaren barne-instalazioek horietarako une bakoi­tzean indarrean dauden arauetara, gaian eskudun diren agintariek emandakoetara, egokituta egon beharko dute eta hornikun­tza­ren jabeak organismo eskudunek luzatutako horren egiaztagiria aurkeztu beharko du.   

51. atala.

Poligono eta urbanizazio berrietako hornikun­tzek, sarea alda­tzea edo zabal­tzea eska­tzen dutenean, aurreko ataletan ezarritakoaz gain, hurrengo ataletan bildutako arauak bete beharko dituzte.

HIRI-LURZORUKO BANAKETA-SAREAREN INSTALAZIOAK ZABALDU EDO ALDA­TZEA BEHAR DUTEN HORNIKUN­TZAK

52. atala.

Udalaren eskumen-esparruaren barruan egonda ere, hornitu gabeko lekuetan dauden edota, hornituta badaude ere, inguruan dauden instalazioak alda­tzea edo zabal­tzea eska­tzen duten guneetarako hornikun­tza berriak ematea horni­tzeko ahalbide teknikoen eta Udalak onar­tzen dituen inber­tsio-planen menpe egongo da. 

Zerbi­tzua ez da inoiz behartuta egongo emariaren hornikun­tza presio jakin batekin ematera.      

Emari jakin baterako behar adina presiorik ez badago, eska­tzaileak gainpresio-sistema berezi bat instalatu eta mantendu beharko du bere kargura. Sistema horrek 22.2 atalean ezarritakoa bete beharko du.

53. atala.

1.    Hornitu gabe dagoen edo behar adina hornituta ez dagoen gune bateko eska­tzaile oro behartuta egongo da kon­tsumo-eskaera berriari eran­tzu­teko egin beharreko sare-zabalkun­tzak edo -aldaketak sorrarazten dituen gastuen osotasuna ­itzuli beharrik gabe eta bere kargura ordain­tzera.

2.    Eska­tzaile bati edo gehiagori eran­tzu­teko, etorkizuneko beharrak aurreikusiz beharrezkoa baino dimen­tsio handiagoaz sarea zabaldu edo alda­tzen denean, kostua sarearen erabil­tzaile berrien eta etorkizunekoen artean banatuko da, saretik doan emariarekiko erabil­tzaile bakoi­tza­ren­tzat deribatutako emaria kontuan izanda.

3.    Sarea zabaldu edo alda­tzeko, Zerbi­tzuak betiere horretarako baldin­tza teknikoak finkatuko ditu.

54. atala.

Aurreko ataletan aurreikusitakoaren eraginetarako, gune bat ezarrita ez dagoela ulertuko da, hartunea kokatu beharreko lekuan banaketa-sarerik ez dagoenean. Era berean, gune bat behar bezain hornituta ez dagoela ulertuko da, eskari berriari eran­tzun ahal izateko, sareak behar adina emari ez duenean hartunea egin beharreko lekuan, inguruko kon­tsu­moei eran­tzu­teko hitzar­tutako emariak kendu ondoren.      

POLIGONO EDO URBANIZAZIO BERRIETAKO HORNIKUN­TZAK

55. atala.

1.    Industria-poligono eta/edo etxe­bizi­tza berrien horniduran, bertako sarea egiteak sorrarazten dituen gastuak, poligonoko sareetatik sare orokorretarako hartuneak bezalaxe, susta­tzailearen kargura izango dira bere osotasunean.  

2.    Bai poligono berrietako sareak bai eta adierazitako hartuneak ere Zerbi­tzuak une bakoi­tzean ezarrita dituen irizpide teknikoen arabera proiektatu eta egingo dira.      

3.    Korporazio mankomunatuek, dagozkion urbanizazio-proiektuak onartu aurretik, eta eraiki­tzeko lizen­tziak eman aurretik betiere, ura hornitu eta sanea­tzeko benetako ahalbideei buruzko Zerbi­tzuaren txos­tena eskatu beharko dute eta proiektu horietan edo obretan hark finkatutako eskakizun teknikoak bil­tzen dituzten adieraziko dute.

4.    Zerbi­tzuaren ahalbideek aukerarik emango ez balute, ez da ura horni­tzera behartuta egongo, ez eta poligono berriaren isurketarik onar­tzera ere.

5.    Aurreko atalean aurreikusitako kasuan izan ezik, sareak eta sistema orokorretarako hartuneak egin ondoren, horiek Udalaren jabe­tza­koak izango dira. Hala ere, erakundeak horiek jaso­tze­ari eta sistema orokorretarako krokadurak baimen­tze­ari uko egin diezaioke, Zerbi­tzuak finkatutako irizpide teknikoen arabera egin ez badira obrak.

Sareen eta hartuneen buru­tza­pena egiazta­tzeko asmoz, erakunde mankomunatuek Zerbi­tzuari ahalmena emango diote haien udal-mugarteetan egiten diren obrak zaindu eta ikuska­tzeko zereginak egiteko, hornidurari eta saneamenduari dagokienez.

56. atala.

Lurzoru landatarretan edo urbanizaezinetan hornikun­tzak ematea, 51. atalean aurreikusitako baldin­tze­tara ez ezik, indarrean dagoen hirigin­tza-legeriak baimen­tzen dituen suposizioetara mugatuta egongo da eta, nolanahi ere, aurreko atalean xedatutakoa aplikatuko da.

NEURKETA-EKIPOAK

57. atala.

Harpidedun bakoi­tzak egiten dituen ur-kon­tsu­moak instalazio orokorrean edo, halakorik ezean, partikularrean nahitaez instalatu beharreko neurketa-ekipoaren bidez kontrolatuko dira.

Ondoko mota hauetako neurketa-ekipoak instalatu ahal izango dira:

— Kontagailuak.

— Ekipo bereziak.

Neurketa-ekipo kontagailudun­tzat hartuko da, kon­tsu­moari dagokionez berorren ahalmenaz bestelako mugarik gabe, bertatik bideratu den ur-bolumena adieraziko duen aparatu mekanikoa edo elektromekanikoa duena.          

Ekipo berezi­tzat har­tzen dira benturiak, isurtegiak, diafragmak eta, hala badagokio, emariak neur­tzeko Zerbi­tzuak onar­tzen dituen gainerako sistemak edo aparatuak.           

58. atala.

Harpidedunak kontagailuak eta bestelako aparatuak ekar­tzeko eskubidea du, baldin eta Zerbi­tzuak homologatutako sistema eta mota batekoak badira eta ofizialki egiaztatuak badira, aldeko emai­tza­rekin.

59. atala.

Harpidedunak neurketa- eta kontrol-ekipoak zain­tzeko eran­tzu­kizuna du eta Zerbi­tzua, berriz, horiek mantendu eta manipula­tze­koa eta horren ondorioz sor­tzen diren egoerei eran­tzu­tekoa.

60. atala.

Neurketa-ekipoak indarrean dagoen legeriaren arabera Zerbi­tzuak adierazitako ezaugarriak bete beharko ditu eta Zerbi­tzuak erabakiko du kasuak kasu ipini beharreko neurketa-ekipo zuzena eta horren kokapena.

61. atala.

Neurketa-ekipoak instalatu, kendu eta manten­tzea Zerbi­tzuko langileen edota horrek izenda­tzen dituen instala­tzaile baimenduen eskumen esklusiboa da eta beste edonork horiekin edozein eragiketa egitea guztiz debekatuta dago.    

Era berean, fun­tzionamendu-berme gisa, fabrika­tzaileek ipiniak diren edo, instala­tzean edo konpon­tzean, Zerbi­tzuak jar­tzen dituen neurketa-ekipoetako zigiluak manipula­tzea debekatuta dago.

62. atala.

Nahi gabe zigiluetako bat hau­tsiko balitz, Zerbi­tzuari horren berri emango zaio hogeita lau orduko epean.

Hausturagatik edo fun­tzionamendu-aka­tsen­gatik neurketa-ekipoa konpondu beharko balitz, Zerbi­tzuak neurketa-ekipo bat emango dio Harpidedunari.

63. atala.

Neurketa-ekipoetako probak Zerbi­tzuak bidezko­tzat ­jotzen duen bakoi­tzean edo Harpidedunak berak eskatuta egingo dira. Harpidedunak proba bat eska­tzen badu eta neurketa-ekipoa fun­tzionamendu-egoera egokian dagoela ikusten bada, zerbi­tzu horren ondoriozko gastuak eska­tzailearen kargura izango dira.     

Neurketa-ekipoa egoera egokian dagoela ulertuko da neurketa-aka­tsak, baleude, indarrean dagoen legeriak baimendutako mugen barruan daudenean.       

Neurketa-ekipoak gaizki fun­tziona­tzen duela egiazta­tzen bada, Zerbi­tzuak bidezko likidazioa egingo du. 

64. atala.

Neurketa-ekipoak finken sarreran, leku hurbilerrazetan eta Zerbi­tzuak homologatutako erregistroetan edota hark homologatutako gela hurbilerraz sarrailadunetan instalatuko dira. 

Finka, eraikin edo etxe­bizi­tza-bloke bakoi­tza­ren sarreran kontagailu orokor bat ipiniko da eta, jarraian, finkaren edo eraikinaren barruan dauden ur-hartune bezainbat kontagailu banan­tzaile jarriko dira.

Aurreko paragrafoan adierazitako irizpideak kontuan izanda, Zerbi­tzuak, kasuak kasu, bai kontagailu orokorra bai kontagailu banan­tzaileak instala­tzeko lekurik egokiena adieraziko du.

Horretarako, eta hornikun­tzako barne-instalazioak arauzko baldin­tza teknikoak bete­tzen dituen egiazta­tzeko, interesatuek edo obretako eraiki­tzaileek eta susta­tzaileek Zerbi­tzuari euren proiektuak bidali beharko dizkiote, obra-lizen­tzia eskatu aurretik, haren oniri­tzia jaso­tzeko asmoz, kontagailuen bateriarainoko eraikinaren barne-instalazioari dagokionez. Lizen­tziaren aurretik Zerbi­tzuaren oniri­tzi­rik eska­tzen ez bada, hura emateko eskumena duen udalak Zerbi­tzuari obra-proiektua bidaliko dio, horri buruzko txos­tena egin dezan, lizen­tzia eman aurretik. Nolanahi ere, erakundeek behin-behineko lizen­tziak eman ahal izango dituzte, Zerbi­tzuaren oniri­tzia lor­tzera baldin­tza­tuta.        

Oniri­tzia nahitaez lortu beharko da eta interesatua edo eraiki­tzailea behartuta egongo da barne-instalazioan Zerbi­tzuak erabakitako aldaketak egitera. Hori beteko ez balitz, 17. atalean aurreikusitakoa aplikatuko da.

65. atala.

Harpidedunak kon­tsumo-erregimena alda­tzen duenean edo hornikun­tza eska­tzean aitortutakoarekin bat ez datorrenean eta, horren ondorioz, neurketa-ekipoa behar bezala dimen­tsionatuta ez dagoenean, beharrezko zehaztasunaren barruan ur-kon­tsu­moak kontrola­tzeko, neurketa-ekipo berria instalatu beharko da, benetan egindako kon­tsu­moen arabera dimen­tsionatuta egongo dena.

Erabilera-erregimena aldatu dela edo harpidedunak hornikun­tza eska­tzean aitortutakoarekin bat ez datorrela ulertuko da, Zerbi­tzuak egiten dituen egiaztapen teknikoetatik instalatutako neurketa-ekipoa benetako kon­tsu­moetara egoki­tzen ez dela ondoriozta­tzen denean, fabrika­tzaileak zehaztutako ezaugarrien barruan.

Neurketa-ekipo bat ordezkatu beharra dagoenean, Zerbi­tzua baimenduta egongo da hura alda­tzeko, beste inolako eskakizunik bete behar izan gabe, eta sortutako gastu guztiak Harpidedunaren gain izango dira.

66. atala.

Hornitutako eraikinaren, lokalaren edo barrutiaren edozein aldaketa edo erreforma, kontagailuaren instalazioan edo eskuragarritasunean eragina badu, aldez aurretik Zerbi­tzuak baimendu beharko du.

LAUGARREN SAILA.  Saneamendu-zerbi­tzua

67. atala.

Aurreko sailean bildutako xedapenak zerbi­tzuari oro har aplika­tze­koak izango dira, berariazkoak izateagatik hornidura-zerbi­tzu­rako besterik ez direnak salbu, hurrengo ataletan ezarritako berezitasunen kaltetan izan gabe.   

Aurreko paragrafoan ezarritako eraginetarako, «hornikun­tza», «banaketa edo hornidura», «kon­tsu­moak» eta «hornituta» terminoak, hurrenez hurren, «hustuketa», «saneamendua», «isurketak» eta «hustuketa duten» terminoei buruzkoak direla ulertuko da.

68. atala.

Kolektorearen kota azpitik isurketarik egin nahi izanez gero, eska­tzaileak hondakin-urak gora­tzeko mul­tzo bat instalatu eta mantendu beharko du bere kargura.

69. atala.

Saneamendu-hartunea Zerbi­tzuak egokien­tzat ­jotzen duen gunean konektatuko da saneamendu-sarearekin eta behin burutu ondoren haren jabe­tza­koa izango da.

Saneamendu-hartuneen diseinuak eta eraikun­tzak haien iragazkaiztasuna ziurtatu behar dute, batez ere saneamendu-sarearekiko lotunean. Zerbi­tzuak bai hartunearen abiagunean bai eta sarearekiko lotunean ere kutxe­tak instala­tzea exijitu ahal izango du. Horrez gain, emariak kontrolatu eta neur­tzeko kutxe­tak eraiki­tzera, dagozkion neurketa-sistemak instala­tzera eta eraikinaren barrualdean hartuneetako erregistro-kutxe­tak eraiki­tzera ere behartu dezake. Hori guztia Zerbi­tzuak emandako zehazpenen arabera egingo da. Nolanahi ere, saneamendu-hartuneak egitura aldetik sendoak izateko proiektatu eta burutu beharko dira, garraiatu beharreko uren erasogarritasun-ezaugarriak kontuan izanda.         

70. atala.

Kolektoreen sare bereizlea dagoenean, Zerbi­tzuak ur bel­tze­tarako eta euri-uretarako hartune bereiziak instala­tzea eta, ondorioz, hustuketa-zerbi­tzua jaso­tzen duen finkan edo eraikinean sare bereizlea buru­tzea exijituko du.

Hala eta guztiz, kolektoreen sare bereizlerik ez dagoenean ere, Zerbi­tzuak, hura ondoren eraiki­tzea aurreikusiz, aurreko paragrafoan adierazitako ur-banaketa egitea eta ur horiek horretarako diseinatutako kutxe­tan behin-behineko bil­tzea exijitu ahal izango du.

71. atala.

Zerbi­tzuak isurketen berariazko kontrola beharrezko­tzat edo komenigarri­tzat ­jotzen duenean, nahitaez instala­tze­koa izango den isurketak neur­tzeko aparatua diseinatu eta haren ezarpen-sistema adieraziko du.

Zerbi­tzuak isurketen laginak har­tzeko ­kutxeta berak onartutako diseinuaren arabera eraiki­tzea exijitu ahal izango du.

72. atala.

1.    Saneamendu-azpiegiturarik edo behar adinako saneamendu-azpiegiturarik ez duten tokietan, erabil­tzaileek konponbide bereziak barne hartu ahal izango dituzte, hala nola, hodi septikoak, azpilak edo iragazkiak, baldin eta Zerbi­tzuak horien proiekzioa eta buru­tza­pena teknikoki onar­tzen baditu.

Konponbide horiek eta, hala badagokio, ematen diren baimenak behin-behinekoak izango dira eta Udalak finkaren inguruetan saneamendu-sarerik ez duen bitartean onartuko dira. Saneamendu-sareak ezar­tzen diren unean egingo da krokadura, Ordenan­tza honetan aurreikusitako moduan eta baldin­tze­tan.        

2.    Aurreko atalean eta 52. eta 53. ataletan aurreikusitakoaren eraginetarako, saneamendu-azpiegiturarik gabeko zona­tzat hartuko da hartunea kokatu beharreko lekuan kolektore-sarerik ez duena.

Era berean, gune batek behar adinako saneamendu-azpiegiturarik ez duela ulertuko da, hartunea kokatu beharreko lekuan isurketa-eskaera berriari eran­tzu­teko garraiorako behar besteko ahalmenik edo kotarik ez dagoenean.

73. atala.

Zerbi­tzua ez da behartuta egongo ­etxeko instalazio berezirik jaso, garbitu edo sanea­tzera, hondakin-urak arazteko instalazio partikularraren jabearen eta Zerbi­tzuaren artean horretarako akordiorik badago, eta halakoetan baliotasunez ­hitzar- tutakoari jarraitu beharko zaio, edota saneamenduaren berezko zerbi­tzuak kobra­tze­aren ordainetan zerbi­tzu hori barne har­tzen bada salbu.

IV. ATALBURUA

ZERBI­TZUAK KONTRATA­TZEA

LEHEN SAILA.  Kontratazioaren baldin­tza orokorrak   

74. atala.

Ura hornitu eta sanea­tzeko zerbi­tzuen kontratazioa, Ordenan­tza honetan aurreikusitako xedeetarako eta bertan ezarritako baldin­tze­tan, bidezko kontratuaren bitartez formalizatuko da. Kontratua, alde batetik, Zerbi­tzuak izenda­tzen duen per­tso­nak eta, bestetik, zerbi­tzuak jasoko dituen eraikinaren, lokalaren edo barrutiaren jabeak edota dagokion eraikina okupa­tzeko behar adinako titulua duenak sinatuko dute eta bi aldeek zuzenean edo botere nahikoa ordezka­tzen duen per­tso­naren bitartez jardun ahal izango dute.

75. atala.

Obretarako hornikun­tza­ren eskaera ondoko dokumentazioa aurkeztuta justifikatuko da:

a)  Obretarako udal-lizen­tzia.

b)  Ordainagiriak ordain­tzeko banku-helbidera­tze­aren ziurtagiria.

c)  Bidezko udal-eskubideak likidatu izanaren egiaztagiria.

d)  Obrak Udalaren kontura egin behar dituen kontratistaren kasuan, dagokion kontratua edo hura ordezkatuko duen ziurtagiria.

Hornikun­tza­ren ondoriozko betebeharrei eran­tzu­tea ziurta­tzeko, Harpidedunak, poliza sina­tzeko garaian, fidan­tza edo banku-abal bat jarri beharko du eta horren zenbatekoa Zerbi­tzuko arduradunek finkatuko dute, obren tamaina eta iraupena kontuan izanda.

Jarritako fidan­tza harpidedunari itzu­liko zaio Zerbi­tzuarekiko lotura amaitu ondoren, baldin eta egindako kon­tsumo guztiak ordaindu baditu eta, hala badagokio, bete­tzeko dituen zigor eta/edo konpromiso guztiei eran­tzun badie.

76. atala.

1.    Ur edangarriaren hornikun­tza eta/edo hondakin-uren hustuketa berriak interesatuaren eskariz emango dira. Horretarako, interesatuak dagokion eskabidea egin beharko du, Zerbi­tzuak emandako ereduan, eta bertan jasotako datuak egiazkoak izatearen eran­tzu­kizuna izango du.

2.    Adierazitako eskabideari ondoko dokumentuak eta baimenak eran­tsi beharko zaizkio:

a)  Kokapenaren, iturgin­tza­ren eta saneamenduaren planoak eta, hala badagokio, suteetarakoak.

b)  Udalaren obra-lizen­tziaren kopia.

c)  Obra-lizen­tziaren aurreko baimen administratiboaren kopia.

d)  Zanga ireki­tzeko lizen­tziaren kopia.

e)  Jarduera Gogaikarri, Osasungaitz, Kaltegarri eta Arrisku­tsuei buruzko Araudiaren aplikazio-esparruan barne hartutako jarduerak gara­tzen dituzten merkatari­tza- eta industria-lokalen kasuan, proiektuaren kopia aurkeztu beharko da.

f)  Bidezko baimena, hartunearen trazadurak jabe­tza pribatuan eragina duenean.

g)  Uraren erabilerari buruzko ida­tzizko justifikazioa.

h)  Lehen erabilpenaren lizen­tzia, eraikin egin berrien kasuan.

i) Etxeko erabileraren kasuan, eraikineko etxe­bizi­tza bakoi­tzari dagokion Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren azken ordainagiria edo zerga horretarako alta-aitorpena.

j)  Ordainagiriak ordain­tzeko banku-helbidera­tze­aren ziurtagiria, zergadunak nahi izanez gero.

k)  Obrarako alta-eskaeraren kasuan, 75. atalean adierazitakoari jarraituko zaio.

3.    Zerbi­tzuak ur-hornikun­tza eta/edo hondakin-uren hustuketa ematea erabaki ondoren, obra-eraikun­tza­rako kon­tsu­moak horni­tzeko behin-behineko kontratua egin ahal izango da aurreko azpiataletan adierazitako dokumentazioarekin.

4.    Hornikun­tza berriaren eskabidea suteen aurkakoa bada, eska­tzaileak atal honetako 2. azpiatalaren a), d), e) eta f) letretan aipatutako dokumentuak eran­tsi beharko dizkio eskariari.

5.    Nolanahi ere, hornidurako eta saneamenduko barne-instalazioek arauzko baldin­tzak bete­tzen dituztela egiaztatu beharko da eta hori ordenan­tza honetan ezarritakoaren arabera ziurtatuko da.

77. atala.

Ur edangarriaren hornikun­tzak eta/edo hondakin-uren hustuketa behin betiko kontrata­tzeko, dagokion ondasun higiezina okupa­tzeko titulartasun nahikoa egiaztatuko duen dokumentazioaz gain, ondoko hau aurkeztu beharko da:   

a)  Etxe­bizi­tzak: Bizigarritasun-zedula (bizigarritasun-zedula ordezka­tzen duen behin betiko kalifikazioko edo birgaikun­tzako zedula aurkezten denean, lehen okupaziorako lizen­tzia gaineratu beharko da).

b)  Merkatari­tza- eta industria-lokalak:

— Irekiera-lizen­tzia.

— Zerga Lizen­tzian altan egotearen ziurtagiria.

— IGOKA espedientea: Administrazio eskudunak ezarritako neurri zuzen­tzaileen edukia kontratuari eran­tsiko zaio.       

78. atala.

Ura hornitu eta sanea­tzeko zerbi­tzuak behin-behineko edo behin betiko ­hitzartu ahal izango dira.

Finka, barruti, obra, industria, etab. iragankorretarako ezin izango da inola ere behin betiko zerbi­tzu­rik ­hitzartu.   

Salbuespen gisa, probetarako eta instalazioetarako ur edangarriaren hornikun­tza eta hondakin-uren hustuketa eman ahal izango da, Zerbi­tzuaren eta erabil­tzailearen arteko aldez aurreko hitzar­menaren bidez. Hitzar­men horretan, zerbi­tzuen iraupena, kon­tsu­mitu beharreko uraren eta hustu beharreko isurkien bolumena, isurki horien ezaugarriak eta hitzar­mena eraginkorra izan dadin beharrezkoak diren gastuen zenbatekoa zehaztuko dira.

79. atala.

Ura hornitu eta husteko zerbi­tzuak eman zireneko xedeetara zuzenduko dira eta ezin izango zaie bestelako erabilerarik eman. Bestelako erabileretarako Zerbi­tzuari emakida berria eskatu beharko zaio betiere.

80. atala.

1.    Ura hornitu eta/edo sanea­tzeko polizak erabilera bakoi­tze­rako ezarriko dira eta tarifa edo baldin­tza desberdinak aplika­tzea eska­tzen duten erabilera guztietarako poliza bereiziak egin beharko dira.

2.    Edozein arrazoi dela eta, dagokion harpide­tza-polizan jasotako kontratuaren baldin­tza bereziren bat alda­tzean, datatutako eta bi aldeek sinatutako beste dokumentu bat ida­tziko da, ­hitzartu aldaketak jasoko dituena.           

81. atala.

Harpide­tza-polizek ezin izango dute barne hartu Ordenan­tza honetan edo Udalak onartutako bestelakoetan xedatutakoarekin kontraesanean egongo den edota une bakoi­tzean indarrean dauden tarifenak baino prezio handiagoak edo baimendu gabeko gainordainak ezar­tzen dituen klausula gehigarririk edo berezirik.

82. atala.

Zerbi­tzuak ez die inola ere ura hornitu eta sanea­tzeko zerbi­tzu­rik emango, emakidarako eskubidea izateko baldin­tzak beteta ere, Udalari eta/edo Zerbi­tzuari kopururen bat zor dioten eska­tzaileei, haren zenbatekoa kitatu artean, bidezko gainordainekin eta gastuekin.        

BIGARREN SAILA.  Gordailuak

83. atala.

Iraupen laburreko behin-behineko zerbi­tzuak izanik, beti ere hiru hilabetetik beherakoak, harpide­tza-poliza sina­tzeko garaian, kontagailuaren kalibrea eta erabilpen-orduen kopuru aurreikusgarria kontuan izanda zenbate­tsi­tako kon­tsu­moen eta/edo isurketen aldez aurreko likidazioa exijituko da eta, ondoren, behin betiko likidazioa egingo da, emai­tzazko benetako kon­tsu­moen arabera.

HIRUGARREN SAILA.  Kontratua eten eta iraungi­tzea

84. atala.

Zerbi­tzuak harpidedunei ura hornitu eta/edo sanea­tzeko zerbi­tzua eten ahal izango die ondoko kasuetan eta prozeduraren bidez:

a)  Harpidedunak hiru hilabeteko epean, ordainagiria kobra­tzeko jar­tzen denetik hasita, Zerbi­tzuak emandako edozein zerbi­tzuri dagokion zenbatekoa ordain­tzen ez duenean.           

b)  Iruzurreko likidazio irmoaren emai­tzazko kopuruak ez ordain­tze­agatik, iruzurra berriro egitearen frogatutako kasuan.

c)  Harpidedunak hornitutako ura kontratatutako polizan ezarritakoez bestelako moduan eta erabileretarako erabil­tzen duenean.

d)  Harpidedunak isurketak polizan baimendutakoez bestelako baldin­tze­tan egiten dituenean eta, oro har, isurketei dagokienez Udalean indarrean dauden arauak bete­tzen ez dituenean.

e)  Harpidedunak, harpide­tza-polizan jasotakoez bestelako lokaletan edo etxe­bizi­tze­tan ura hornitu edo husteko, bere instalazioetan deribazioa ezar­tzen duenean edo ezar­tzen uzten duenean.

f)  Harpidedunak, kontratatutako zerbi­tzuari edo zerbi­tzuei lotutako lokalean, Zerbi­tzuak baimendutako eta bidezko nortasun-dokumentazioa daramaten langileei, instalazioak gainbegira­tzeko edota kon­tsu­moa edo erabilerak egiazta­tzeko asmoz, sar­tzen uzten ez dienean. Halakoetan, bi lekukoren aurrean edota agintari­tza­ren agenteren baten aurrean jasoarazi beharko da sar­tzeko ukoa.

g)  Harpidedunaren arduragabekeriagatik, ekipo zuzen­tzaileak instala­tze­ari dagokionez, hornidura- eta saneamendu-sareetan asaldurak sor­tzen direnean, organismo eskudunek asaldura horiek zuzen­tzeko ezarritako epea igaro ondoren.         

h)  Harpidedunak Ordenan­tza hauetan ezarritako betebeharrak larriki urra­tzen dituenean edota harpide­tza-polizan finkatutako baldin­tzei ­lotzen ez zaienean.

Etena sorrarazi zuten kausak zuzendu ondoren, zerbi­tzua egun berean edo, bestela, hurrengo lanegunean ezarriko da berriro.

Bai etenaren bai berriro konekta­tze­aren ondoriozko gastuak harpidedunaren kontura izango dira.

85. atala.

Ura hornitu eta sanea­tzeko kontratua ondoko edozein kausaren ondorioz iraungiko da:

a)  Harpidedunak hura deusezta­tzea formalki eska­tzen duenean. Hori egiazta­tzeko, Zerbi­tzuaren bulegoetan hala eska­tzen duen ida­tzia aurkeztu beharko da, polizaren titularrak edo horretarako legez baimendutako per­tso­nak sinatutakoa.

b)  Iraupen-epea amai­tze­agatik, kontratua aldi baterako egiten denean.

c)  Polizaren titularrak zerbi­tzuak jaso­tzen dituen lokalarekiko, finkarekiko edo barrutiarekiko titulartasuna edo erabilera-eskubidea gal­tzen duenean, kasuaren arabera eta 87. atalean adierazten den eskualdaketa-eskubidearen kaltetan izan gabe.

d)  Harpideduna hil­tze­agatik edo iraungi­tze­agatik.

e)  86. atalean aurreikusitako edozein arrazoirengatik zerbi­tzua eten ondoren hiru hilabetetik gora igaroz gero, Harpidedunak etena sorrarazi zuten kausak ezaba­tzeko beharrezko neurriak hartu gabe.

86. atala.

Aurreko ataleko c) paragrafoan ezarritakoari jarraituz, helbidez alda­tzean edo kontratua sinatu zuena ez den per­tsona batek lokal bera okupa­tzean, beste poliza bat egin edota aurreko polizan subrogatu beharko da eta, betiere, altaren berezko eskakizun formalak eta ekonomikoak bete beharko dira.     

87. atala.

1.    Harpidedunak, oro har, ezin izango die hirugarrenei bere eskubideak laga eta ezin izango ditu Zerbi­tzuarekiko dituen eran­tzu­kizunak alde batera ­utzi. Nolanahi ere, Zerbi­tzuarekiko betebehar ekonomikoetan egunean dagoen Harpidedunak beste per­tsona baten izenean eskualdatu ahal izango du bere poliza, baldin eta horrek lokal bera hitzar­tutako baldin­tza beretan okupatu behar badu.

2.    Harpidedunak, ida­tzizko jakinarazpenaren bidez, hitzar­tutako eskualdaketaren berri emango dio Zerbi­tzuari.

Zerbi­tzuak, jakinarazpena jaso­tzean, poliza berria luzatu beharko du harpidedun berriaren izenean. Harpidedun berriak zerbi­tzuak kontrata­tzeko beharrezko dokumentuak eta baimenak aurkeztu beharko ditu, dagokion Udalean merkatari­tzako eta industriako titulartasun-aldaketa bideratu izana egiaztatuko duen dokumentazioaz gain.

88. atala.

85. ataleko d) azpiatalean aurreikusitakoa gora-behera, harpide­tza-polizaren titularra hilez gero, poliza horren eskubideetan eta betebeharretan subrogatu ahal izango da hornikun­tza jaso­tzen duen etxe­bizi­tza­ren edo lokalaren jabe­tza­ren edo erabileraren kausa­tzaile denari jarraituko dion edozein oinordeko edo legatudun.

Per­tsona juridikoak iraungi­tze­aren kasuan, eskubideei eta betebeharrei dagokienez horietan subroga­tzen dena edo beraiek ordezka­tzen dituena harpide­tza-polizan ere subrogatu ahal izango da, betiere, zerbi­tzua emateko beharrezko baimenak eta dokumentuak Zerbi­tzuan aurkeztuz gero.

Subroga­tzeko eskubidean sei hilabeteko epearen barruan jardun behar izango da, gertakari kausa­tzailearen datatik hasita.

LAUGARREN SAILA.  Zerbi­tzuak erabil­tzeko modalitateak

89. atala.

Ur-hornidurak ondoko xedeetarako emango dira bakar-bakarrik:

a) Etxeko erabileretarako kon­tsu­moak.

b)  Etxe­koak ez diren erabileretarako kon­tsu­moak.

— Industria-erabileretarako kon­tsu­moak.

— Ongin­tzako eta irakaskun­tzako instituzio edo zentroetarako kon­tsu­moak.

— Obra-eraikun­tza­rako kon­tsu­moak.

— Finka partikularretako urezta­tze, apaindura eta aisiako erabileretarako kon­tsu­moak.

— Zentro ofizialetako erabileretarako kon­tsu­moak.

— Erabilera publikoko berdeguneak urezta­tzeko kon­tsu­moak.

— Kirol-instalazioetako kon­tsu­moak.

— Iturri eta apaindura publikoetarako kon­tsu­moak.

— Zerbi­tzu berezietarako kon­tsu­moak.

— Kultura, kirol edo aisiako elkarteetako kon­tsu­moak.           

— Jabe-elkarte bat osa­tzen duten edo osatu beharko luketen edota berariazko hartunea duten garaje-plazetako kon­tsu­moak.           

90. atala.

1.    ­Etxeko erabileretarako kon­tsumo­tzat hartuko da bizigarritasun-zedula duten etxe­bizi­tze­tan edo barrutietan egiten dena.

2.    Industria-erabileretarako hornikun­tza­tzat hartuko da zerga-lizen­tzian alta behar duten negozio- edo industria-lokalak horni­tzera zuzendutakoa.           

3.    Ongin­tzako eta irakaskun­tzako erabileretarako hornikun­tza­tzat hartuko da ongin­tza publikoan edo hezkun­tzan diharduten zentroetako kon­tsumo-beharrei eran­tzu­tera zuzendutakoa, baldin eta zentro horiek ofizialki halako­tzat ain­tzate­tsiak badira.

4.    Obra-eraikun­tza­rako hornikun­tza­tzat hartuko da eraikun­tza­rekin edo erreformarekin eta, oro har, edozein obrarekin zerikusia duten beharrei eran­tzu­tera zuzendutakoa. Hornikun­tza horiek betiere aldi baterako eta prekarioan emango dira, biztanleriaren behar orokorren menpe.   

5.    Finka partikularretako urezta­tze, apaindura eta aisiako erabileretarako hornikun­tza­tzat hartuko da edozein finka partikularretan horretara zuzendutakoa, finka horretan etxe­bizi­tza bat edo etxe­bizi­tza-mul­tzo bat, industria bat, etab. barne hartuta egon ala ez egon.

6.    Zentro ofizialetako erabileretarako hornikun­tza­tzat hartuko da Estatuaren edota Euskal Autonomia Erkidegoaren menpe dauden organismo desberdinen jarduerak sor­tzen dituen hornidura-beharrei eran­tzu­tera zuzendutakoa.       

7.    Erabilera publikoko berdeguneetarako hornikun­tza­tzat hartuko da adierazitako erabilerari lotutako eraikinak urezta­tzera zuzendutakoa, titulartasuna publikoa ala pribatua izanik ere.

8.    Iturri publikoetarako hornikun­tza­tzat hartuko da elementu horiek eta, oro har, titulartasun eta erabilera publikoa duten apaindura-elementu guztiak horni­tzera zuzendutakoa.      

9.    Zerbi­tzu berezietarako hornikun­tza­tzat hartuko da, edozein motatako beharrei eran­tzu­tera zuzenduta, noizbehinkakoa eta/edo aldi baterakoa dena.

10.    Kultura, kirol edo aisiako elkarteetako kon­tsumo­tzat hartuko da adierazitako elkarteak horni­tzera zuzendutakoa.    

11.    Jabe-elkarte bat osa­tzen duten edo osatu beharko luketen edota berariazko hartunea duten garaje-plazetako kon­tsumo­tzat hartuko da adierazita egoeretan barne hartutakoa.    

91. atala.

Aurreko atalean adierazitako hornikun­tzak denbora mugagaberako kontratatuko dira, iraupen jakin bat ezar­tzen bazaie salbu.

Hornikun­tza­ren mugagabetasunaren kaltetan izan gabe, harpide­tza-polizetan kontratuaren urtebeteko iraupena finkatu ahal izango da, luzapen automatikoekin, hura sala­tzen edo alda­tzen ez den bitartean.

92. atala.

Saneamendu-zerbi­tzuaren erabilerak eta isurketen motek eta baldin­tzek Udalean isurketei buruz indarrean dauden arauek edo ordenan­tzek edota indarreko legeriak une bakoi­tzean ezar­tzen dutenari jarraitu beharko diote.

V. ATALBURUA

KON­TSU­MOAK, FAKTURAZIOA ETA
ORDAIN­TZEKO ERA

LEHEN SAILA.  Kon­tsu­moak zehaztea

93. atala.

Harpidedun bakoi­tzak egindako kon­tsu­moak ondoko prozeduren eta baldin­tzen arabera zehaztuko dira:

a)  Neurketa-ekipoaren irakurketan lortutako kon­tsumo-datuen arteko diferen­tziaren arabera.

Neurketa-ekipoetan erregistratutako datuak Zerbi­tzuko enplegatuek edo, enplegatu izan gabe, hark kredita­tzen dituen per­tso­nek irakurriko dituzte, Udaleko Zerga Ordenan­tzan kasuak kasu ezarritako tarteetan. Irakurketa horrek Harpidedunak egindako kon­tsu­moen fede emango du, aurkako proba fedemailerik ez badago.

b)  Kon­tsu­moen zenbatespenaren arabera, enpresaren borondatearen aurka, laneko ohizko ibilbidean zehar bertako langileek neurketa-ekipora jo ezin dutenean haren irakurketa egiazta­tzeko, edota Harpidedunak hurrengo bost egunen barruan Zerbi­tzuari berak erregistratutako datuak ematen ez dizkionean, horretarako hornikun­tza-puntuan ipiniko den inprimakiaren bidez.

Kon­tsu­moak aurreko urteetan garai berean egindakoak kontuan izanda zenbate­tsiko dira eta kontratuak urtebeteko indarraldirik ez badu, zenbate­tsi­tako kon­tsu­moa kalkula­tzeko, fakturazioak dauden aldi osoan izandako kon­tsu­moak hartuko dira kontuan.

Zerbi­tzuaren harpidedunak eman dituen neurketa-ekipoaren datuetatik, horiek adierazten dituzten kon­tsu­moak Harpide­dunak egin ohi dituen kon­tsu­moen erregimenarekin bat ez datozela ondoriozta­tzen denean ere kon­tsu­moen zenbatespenera jo ahal izango da.

c)  Kon­tsu­moen ebaluazioaren arabera, irakurketa egitean neurketa-ekipoan anomaliaren bat antze­maten denean edota indize bakarra dagoenean, aurrekoaren baliogabetasunagatik.

Ebaluatutako kon­tsu­moa aurreko azpiatalean aurreikusitako prozeduraren arabera kalkulatuko da.

Kon­tsu­moen ebaluazioa ere bidezkoa izango da kontagailurik gabeko guneetarako hornikun­tza berezietan, eta emakidaren garaian finkatutako eta Harpidedunak onartutako sistemen edo indizeen eta baldin­tzen arabera egingo du Zerbi­tzuak.         

Halakoetan, ebaluazio-prozeduraren bidez egindako fakturazioak behin betiko­tzat hartuko dira, hau da, ez konturako­tzat.

d)  Kontagailu banan­tzaileen eta kontagailu orokorraren baturen arteko diferen­tziaren arabera, 49. atalean adierazitakoari jarraituz.

94. atala.

Aurreko ataleko b) azpiatalean adierazten diren kasuetan, Zerbi­tzuak, aldiari dagokion fakturazioa egin ahal izateko, kon­tsu­moak zenbate­tsi ahal izango ditu edota hura hurrengo aldira atze­ratu ahal izango du, azken horretan bi aldietako kon­tsu­moak metatuta.

BIGARREN SAILA.  Fakturazioa eta ordain­tzeko era

95. atala.

Zerbi­tzuak, ura hornitu eta sanea­tzeko zerbi­tzuak faktura­tzeko, une bakoi­tzean indarrean dauden prezioak aplikatuko ditu, kasuak kasu, Udalaren zerga-ordenan­tzak finka­tzen dituen baldin­tze­tan eta aldietarako.

96. atala.

Oro har, Estatuak, Autonomia Erkidegoak edo Aldundiak hornidura- eta saneamendu-zerbi­tzuei lotutako instalazioen gainean, zerbi­tzuen beraien gainean edo horien erabilpenaren gainean ezarritako zergak, Zerbi­tzua zergadun denean, ezin izango zaizkio Harpidedunari jasanarazi, zergak sortu dituen arauak bestelakorik ezar­tzen badu salbu eta haien zenbatekoa kostu gisa tarifen barruan sar­tze­aren kaltetan izan gabe.   

97. atala.

Hornidura- eta saneamendu-zerbi­tzuen ondoriozko Harpidedunaren zorrak dokumenta­tzen dituzten ordainagirietan, indarrean dagoen legeriak une bakoi­tzean exiji­tzen dituen zehazpenak bilduko dira eta prezioak, kon­tsu­moak eta erabil­tzailearen­tzat interesgarriak diren gainerako datuak argiro eta modu ulergarrian adieraziko dira.

98. atala.

Harpidedunak edozein erreklamazio egin ahal izango du, Zerbi­tzuak fakturatutako zenbatekoarekin ados ez badago. Erreklamaziorako epea faktura-datatik hilabetera amai­tzen da. Epe hori amaituta, harpidedunak jaulkitako fakturari dagokionez izan zezakeen edozein eskubide galduko du.

99. atala.

Harpidedunak ondoko sistemen bitartez ordaindu ahal izango ditu Zerbi­tzuak fakturatutako zenbatekoak, zerga-ordenan­tzak bestelako prozedurarik ezar­tzen badu salbu:

— Zerbi­tzuak kobran­tza­rako baimendutako banku- edo aurrezki-bulegoetan eskudirutan ordain­tzea.

— Harpidedunak adierazitako banku-kontuan helbidera­tzea.

100. atala.

Udalean barne hartuta ez dauden toki-erakundeei egiten zaizkien hornidura- eta saneamendu-zerbi­tzuak fakturatu eta kobra­tzeko erregimena, 15. atalean ezarritakoaren arabera, kasuak kasu modu berezian arautu ahal izango du Enpresak.

VI. ATALBURUA

ARAU-HAUSTEAK ETA ZIGORRAK

LEHEN SAILA.  Arau-hausteak

101. atala.

Harpidedunaren arau-hauste­tzat hartuko da Ordenan­tza honetan eta, 3. atalean aurreikusitakoaren arabera, Udalak onar­tzen dituenetan ezar­tzen zaizkion betebeharrak eta baldin­tzak ez bete­tzea. Arau-hauste horiek zergazkoak ala ez-zergazkoak izan daitezke.

102. atala.

Arau-hauste ez-zergazkoak arinetan eta larritan sailkatuko dira, horien garran­tzia eta ondorioak kontuan izanda.

Arau-hauste arin­tzat hartuko dira Ordenan­tza honetako ondorengo atal eta azpiatal hauetan Harpidedunari ezar­tzen zaizkion betebeharrak ez bete­tzea: 21. atala, 1., 3. eta 4. azpiatalak; 22. atala, 4. azpiatala.

Arau-hauste larri­tzat hartuko dira ondorengo atal eta azpiatal hauetan bildutako arauak ez bete­tzea: 21. atala, 2., 5., 6. eta 7. azpiatalak; 22. atala, 1., 2., 3., 5., 6., 7. eta 10. azpiatalak. Gainera, arin­tzat hartutako edozein arau-hauste berriro egitea ere hartuko da arau-hauste larri­tzat.

103. atala.

Zergazko arau-hausteak dira aplika­tze­koa den indarreko legerian betiere halako­tzat aurreikusitakoak.

104. atala.

Aurreko atalean adierazitako aginduetan aurreikusitako iruzurrezko arau-hausteez gain, halako­tzat hartuko da Ordenan­tza honetako 22. atalean bildutako ondoko azpiatal hauetan adierazten diren betebeharrak ez bete­tzea:

1. azpiatala: Horren ondorioz, presio-diferen­tziagatik neurketa-ekipoaren fun­tzionamendu egokia eragoztea gerta daitekeenean.

6. azpiatala: Horren ondorioz, Harpidedunak etekin ekonomikoa lor­tzen duenean.

8. azpiatala.

9. azpiatala.

BIGARREN SAILA.  Zigorrak

105. atala.

Arau-hauste arinek Zerbi­tzuaren ohartarazpena ekarriko dute berekin eta Harpidedunak, hala badagokio, bere egoera normaliza­tzeko betebeharra izango du, hurrengo hamabost eguneko epearen barruan, horrek sorrarazten dituen gastu guztiak bere kargura izanik.

106. atala.

110. atalean ezarritako zigorrez gain, arau-hauste larriak 500 metro kubiko ur arteko errekarguaren fakturazioarekin zigortuko dira, dagokion erabilerarako indarrean dagoen tarifa-prezioan baloratuta. Adierazitako zigorraz gain, bidezkoa den kasuetan, zerbi­tzu­gin­tza eten egingo da, Zerbi­tzuak instalazioa jatorrizko egoerara ­itzuli dela edota ez-bete­tzea geldiarazteko beharrezko neurri zuzen­tzaileak hartu direla egiaztatu arte; hori guztia, sortutako egoeraren eran­tzule zuzen gisa Harpidedunari egotz dakizkiokeen eran­tzu­kizunen kaltetan izan gabe.     


Egindako arau-haustearen ondorioz gastuak sor­tzen badira eta Harpidedunak horiek likida­tzen ez baditu, hornikun­tza ez da inola ere berriro emango.

107. atala.

Arau-hauste arin bat berriro egiteak arau-hauste larria ekarriko du berekin. Arau-hauste larria berriro egiteak aurreko atalean aurreikusitakoa baino zigor hiru aldiz handiagoak ere ekarri ahal izango ditu, hura zein mailatakoa den kontuan izanda.           

108. atala.

Zergazko arau-hausteak, betiere, aplika­tze­koa den legeriak ezarritakoaren arabera zigortuko dira.         

109. atala.

Iruzurra instalazioetan egindako edozein manipulazioren ondoriozkoa denean, kontratatutako zerbi­tzu­gin­tza eten egingo da, instalazio horiek jatorrizko egoerara ­itzuli eta arau-hausleak sorrarazitako gastuak likidatu arte.      

110. atala.

1.    Iruzurrezko arau-hausteek, 108. atalean aurreikusitako zigorrez gain, egindako iruzurraren ondoriozko dagokion likidazioa ekarriko dute berekin.

2.    Iruzurraren ezaugarriak direla eta, kon­tsu­mitutako uraren bolumena zehaztea ezinezkoa denean, aurreko azpiatalean adierazitako likidazioari ekiteko asmoz, bolumen hori dagokion aldian hartunetik igaro daitekeen gehieneko bolumen­tzat hartuko da, egunean hogeita lau orduko kon­tsu­moa kontuan hartuta.

Iruzurra zein alditan egin den zehatz-mehatz finka­tzea ezinezkoa denean, kasuak kasu bildutako aztarnen arabera, likidazioan ondoko denbora-eskala aplikatuko da:    

— Aztarnen arabera, iruzur-egoerak iraun duen aldia gehienez ere hamabost egunekoa dela uste bada: Hamabost egun.

— Hilabete inguru iraun duela uste bada: Hogeita hamar egun.

— Hilabete eta hiru bitartean iraun duela uste bada: Laurogeita hamar egun.

— Hiru eta sei hilabete bitartean iraun duela uste bada: Ehun eta laurogei egun.

— Sei hilabete eta urtebete bitartean iraun duela uste bada: Hirurehun eta hirurogeita bost egun.

— Urtebetetik gora iraun duela uste bada: Zazpiehun eta hogeita hamar egun.

111. atala.

Arau-hauste larrien eta zergazkoen ondoriozko zigorrak Zerbi­tzuak ezarriko ditu.

VII. ATALBURUA

ERREKLAMAZIOAK ETA ESKUMENA

112. atala.

Udalaren jardunen eta erabakien aurka egitea bidezkoa den kasuen kaltetan izan gabe, toki-administrazioari dagokionez indarrean dagoen legeriak ezarritako prozedurari jarraituz, zerbi­tzu­gin­tza­ren baldin­tzei buruzko erreklamazioak, zalan­tzak eta interpelazioak, kasuak kasu, eskumena duen administrazio publikoaren organismoak eba­tziko ditu administratiboki.  


113. atala.

Aurreko atalean ezarritakoaz aparte, justizia-auzitegiei dagokie haien eskumenaren berezko arazo guztietan esku har­tzea, alde interesatuaren eskariz.       

Nolanahi ere, Ordenan­tza honetan arau­tzen diren zerbi­tzuen ondoriozko harremanak direla eta, Harpidedunaren eta Zerbi­tzuaren artean sor­tzen diren auziak Euskalherriko epaitegien eta auzitegien eskumenaren menpe jarriko dira, beste edozein eskumen baztertuta.

XEDAPEN INDARGABE­TZAILEA

Ordenan­tza hau indarrean jar­tzen denetik, indargabetu egingo dira eta inolako baliorik eta eraginik gabe ­utziko dira ezarrita dauden eta haren aurkakoak diren lerrun bereko edo txi­kiagoko xedapen, araudi edo ordenan­tza guztiak.

AZKEN XEDAPENA

Ordenan­tza hau berorren behin betiko onarpena Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean  argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Erabaki honek bide administratiboari amaiera jar­tzen dio eta horren aurka interesatuek administrazioarekiko auzi errekur­tsoa tarteratu ahal izango dute Euskal Herriko Justizia Auzitegiaren aurrean, bi hilabeteko epean, iragarki Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean  argitaratu eta hurren egunetik konta­tzen hasita.