145. zenbakia | Data 2010-08-02 | 102 orria |
ZUMAIAKO UDALA
Bizileku-erabilerarako eraikinetan dauden etxebizitzen
irisgarritasuna sustatzeko udal ordenantzari behin betiko onespena ematea.
Udalaren osoko bilkurak, 2010eko apirilaren 29an,
bizileku-erabilerarako eraikinetan dauden etxebizitzen irisgarritasuna sustatzeko
udal ordenantzari hasierako onarpena eman zion.
Ordenantza hori 30 eguneko epean jendaurrean jarri zen, 2010eko
ekainaren 4ko Gipuzkoako Aldizkari
Ofizialean argitaratutako 104 zenbakidun iragarkiaren bidez, eta ez
denez aurkeztu inolako erreklamaziorik zein iradokizunik, aipatu ordenantza
behin betiko onartutzat ematen da.
Beraz, Toki Jaurbidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko
7/1985 Legearen 70.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, iragarki honetan
eranskin gisa argitaratzen da ordenantzaren testu osoa.
Administrazio bidean behin betikoa den akordio honen aurka
administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia
Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietako Salaren aurrean,
iragarkia argitaratzen den hurrengo egunetik hasi eta bi hilabeteko epean.
Hala ere, aldez aurreko izaeraz, Udal honen Osoko Bilkuraren aurrean
aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango da, hilabeteko
epean, iragarkia argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Kasu honetan ezingo
da administrazioarekiko auzietako helegiterik aurkeztu berraztertzeko errekurtsoa
erabaki arte.
Zumaia, 2010eko uztailaren 20a.—Ińaki Agirrezabalaga Alkorta, Alkatea.
(1250) (9051)
ERANSKINA
Bizileku-erabilerarako eraikinetan dauden etxebizitzen
irisgarritasuna sustatzeko udal ordenantza
ZIOEN AZALPENA
Indarrean dagoen irisgarritasuna sustatzeko legediak aintzat hartzen
du, pertsona ezinduen aukera berdintasunaren eskubidea berretsi eta horien
desabantaila eta zailtasunak aurreikusi edota konpentsatzeko ekintza
positiboko neurrien beharra. Aldi berean, aginte publikoei eta, orokorrean,,
gizarte osoari eskatzen die honako erabaki egokiak har ditzaten: Beste
hainbat helbururen artean, pertsona horientzat ingurune fisikorako (zentzu
zabal batean ulertuta: Hiri-ingurunea, espazio publikoak, eraikinak, e.a.)
sarbidea ahalbidetzea eta bermatzea, modu eraginkor eta erreal batean.
Zumaiako Planeamentuko Arau Subsidiarioen 35. artikuluak azalera
eraikigarria kalkulatzeko kontuan hartzen ez diren elementu moduan sailkatzen
ditu, besteak beste, finkatutako eraikinetan traba arkitektonikoak kentzeko
edo hobeto ateratzeko eta sartzeko jarritako igogailuak eta instalazioak, bai
eraikinaren barrukoak, bai kanpokoak (partzela pribatua bada).
Une honetan eta udalerri honetan, egun dauden eraikinetan kokaturiko
etxebizitza askok, nahiz eraikin horiek beraiek ere, ahalmen urritasuna
dutenentzako irisgarritasun arazoak eta zailtasunak dituzte. Irisgarritasuna
oztopatu edota eragozten duten hirigintza- edota arkitektura-trabak.
Lurzoruari eta hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen
177. artikuluak, desjabetzeko hirigintza-arrazoien artean, ondorengoa
zehazten du: Erabilera nagusia bizitegikoa duten eraikinetan, sektoreari
dagokion legedian aurreikusitako irisgarritasuna bermatu ahal izateko
beharrezkoak diren zerbitzuak eta instalazioak eguneratzeko eginbeharra betetzen
ez denean. Horrelakoetan, administrazio desjabetzailea udala izango da, eta
onuraduna, berriz, jabeen elkartea edo kasuan kasuko obrak egikaritzeko
gehiengo nahikoa duena. Onuradunak desjabetzea eskatu beharko du honako hauek
egiaztatuz: Batetik, udalaren baimena duen edo izan dezakeen proiektu bat sustatzen
duela, eta bestetik, aipaturiko obrak ezin dituela hasi, obrek eragindako
ondasun eta eskubide guztiak baliatu ezin dituelako.
Ordenantzaren helburua da, indarrean dagoen legedia eta hirigintza
planeamenduaren testuinguruaren baitan, ezintasuna dutenen eta horiekin pareka
daitezkeenen sarbidea ahalbidetu eta bermatuko duten esku-hartzeko irizpide
nahiz neurriak xedatzea eta arautzea. Etxebizitza eta bizileku
erabilerarako eraikinetarako sarbide hori ahalbidetu eta bermatzeko beharrezkotzat
hartzen diren obra eta jarduketak burutzearen bidez, igogailuak eta
arrapalak jartzea barne. Horretarako, aipatu 2/2006 Legearen 177.j artikulua
garatzen da, etxebizitzetarako irisgarritasuna ahalbidetzeko ezinbestekoa
denean, udalak desjabetzeak gauzatzeko duen ahalmena arautuz.
Testuak esku-hartze irizpideak ere ezartzen ditu. Horien artean dago
erabakitako soluzioek jabari publikoan eragina izateko aukera, behar bezala
justifikatu behar bada ere.
Ordenantza honela dago banaturik: I. Kapitulua, irizpide orokorrei
buruzkoa, II. Kapitulua, obra eta jarduketen baldintza materialei buruzkoa,
III. Kapitulua, obra proiektu teknikoaren eduki eta tramitazioari buruzkoa, IV.
Kapitulua, obrak eta jarduketak burutzeko epeei buruzkoa, eta V. Kapitulua,
Lur zati, eraikuntza eta etxebizitzetarako sarreraren egokitzapena bermatzeko,
desjabetzearen bidezko jarduketari buruzkoa. Gainera, azken xedapen bat ere
badago, ordenantza indarrean sartzeari buruzkoa.(behin betiko izaeraz onartzen
denean jarri beharreko oharra).
I. KAPITULUA
IRIZPIDE OROKORRAK
1. artikulua. Ordenantzaren
xedea.
Ordenantzaren helburua da, indarrean dagoen legedia eta hirigintza
planeamenduaren testuinguruaren baitan, ezintasuna dutenen sarrera ahalbidetu
eta bermatuko duten esku-hartzeko irizpide nahiz neurriak xedatzea eta arautzea.
Ohiko bizileku diren eta udalerrian egun dauden bizileku erabilerarako
eraikinetan kokaturiko etxebizitzetarako sarbide hori ahalbidetu eta bermatzeko
beharrezkotzat hartzen diren obra eta jarduketak burutzearen bidez,
instalazioak (igogailua, arrapala, e.a.) jartzea barne.
2. artikulua. Ordenantza
honen aplikazio-esparrua.
1. Izaera orokorrez, Ordenantza
hau aplikagarria da indarrean sartu aurretik jadanik badauden higiezinetan, betiere
ondorengo baldintza hauek betetzen badituzte:
a) Eraikuntza horiek
bizileku-erabilera izango dute nagusiki, horietan izaera osagarria duten beste
erabilerak egotearen kaltetan izan gabe.
b) Etxebizitzak hartuko
dituzten eraikinak ez dira egongo, indarrean dagoen planeamenduan, antolaketaz
kanpoko araubidearen pean.
c) Eraikin horietan kokaturiko
etxebizitzak (bertan bizi direnek irisgarritasun arazoak dituztenean, behintzat) indarrean dagoen hirigintza planeamenduan
finkatuta egongo dira.
d) Etxebizitza horiek, edo
horiei loturiko eraikin eta lurzatiek ere, irisgarritasun arazoak edo
zailtasunak izan beharko dituzte, Ordenantza hau aplikatzea justifikatzen
duten baldintzetan.
e) Horien titulartasun-,
erabilera- eta gozamen-erregimena edozein delarik ere, ezintasuna duen (edo
duten) pertsonaren batek/batzuk
okupatu beharko du/dute, legez, aipatutako etxebizitza horietako bat/batzuk.
Gainera, horiek ohiko bizilekua etxe horietan bertan izango dute eta Zumaian erroldatuta
egon beharko dute.
f) Proiektu teknikoan
egiaztatu egin beharko da ez dagoela arazo horri irtenbidea ematen dion beste
soluziorik, nahiz eta horiek kostu handiagoa izan –betiere kostu hori
neurrizkoa denean–.
2. Helburu horrekin aurreikusitako
obra eta jarduketek ondorengoetan izan dezakete eragina:
a) Etxe horiek dauden
eraikinen barruko lokal eta espazioetan (osorik nahiz zati batean).
Sestrapekoak zein sestra gainekoak eta horien erabilera edozein delarik ere,
bizitokikoa izan ezik.
b) Etxe horien osagarri diren
eraikinen barruko lokal eta espazioetan (osorik nahiz zati batean). Aipatutako
etxebizitzak dauden eraikin horiei loturiko bizileku-erabilerarako lur zati
berean daudenak.
c) Bizileku-erabilerarako
eraikin horri loturiko lur zatian integraturiko eraiki gabeko orubeetan.
d) Bizileku-erabilerarako lur
zati horretatik kanpo dauden eta bereak ez diren orubean, irisgarritasun arazoa
duten etxebizitzek osatutako bizileku-erabile-rarako eraikinaren nahiz lur
zatiaren mugakide direnak.
e) Zortasunetan, hala nola
argien eta bisten gainekoetan, betiere eskuratzen den onura komunaren eta
eraginaren artean proportzio egokia dagoenean, eta horren zerbitzu ematen
dion espazioa erabili ezinik uztea inplikatzen ez duenean. Kasu horietan
balizko eragin kaltegarriak murrizteko neurriak aurreikusi beharko dira.
3. Nolanahi ere, ez dira
baimenduko ondoko hauetan eragin erabatekoa edo partziala duten obrak eta
jarduketak:
a) Haiek eragindako
eraikinetan dauden etxebizitzetan (edo zati batean), indarrean dagoen
hirigintza planeamenduan ezarritako irizpideen arabera eta zein solairutan
dauden kontuan izan gabe.
b) Jabari publikoa ukitzen
duten kanpoko lursailetan, honako salbuespenekin: Proiektu teknikoan beste aukerak
aztertu eta baztertu direnean, aukera horiek gauzatzea ezinezkoa delako edo
nabarmen neurriz kanpokoa delako; eta eragina hiri-ingurunean onargarria
denean, zirkulazio eta espazio sentikorretan eraginik ez duelako. Betiere
bilatuko da eragin hori ahalik eta txikiena izatea.
c) Dagokien espazioaren
bizigarritasun-baldintzak bermatzeko beharrezkoak diren baoak deuseztatzea
ekartzen dutenean.
4.Obra eta jarduketa berdinak lur zati desberdinetan dauden hainbat
eraikinetako etxebizitzetako sarrera ahalbidetzeko helburuarekin plantea
daitezke.
3. artikulua. Ordenantza hau
aplikatzeari dagokionean, zer den ezintasuna duen pertsona izatea.
Ordenantza honi eta ordenantzaren xedapenei dagokienean, ezintasuna
duen pertsonatzat hartuko da mugikortasuna modu iraunkorrean murriztua duen
pertsona oro, ezintasuna dagokion administrazio eskudunak kalifikatu eta
balioztatua duenean. Kalifikazio horretan zehaztuko da etxebizitzara iristeko
duen ezintasun mota eta maila.
Pertsona ezindutzat har daitekeela ezartzen duen lege
aurreikuspenaren arabera, etxebizitza duin batez gozatzeko trabak kentzearren
eta, helburu horrekin, Ordenantza honetan arauturiko neurriak aplikatzearren,
hirurogeita hamar urtetik gorako guztiak halakotzat hartuko dira. (1995eko
maiatzaren 30eko legea, ezintasuna duten pertsonei arkitektura-oztopoak kentzeko
ondasun higiezinen jabari-mugak zehazten dituena).
II. KAPITULUA
OBREN ETA JARDUKETEN BALDINTZA MATERIALAK
4. artikulua. Etxebizitzetarako
nahiz ukitutako eraikinetarako eta lur zatietarako sarbideei dagozkien obrak
eta jarduketak xedatzeko eta gauzatzeko baldintza materialak.
1. Ordenantza honek
eragindako etxebizitzen eta horiek barruan hartzen dituzten eraikinen eta
lur zatien sarrera egokitzearren gauzatu beharreko obren eta jarduketen
xedapena eta burutzapena, nahiz helburu horretarako beharrezkoak diren
elementuen (igogailua barne) ezarpena indarrean dagoen legedian eta hirigintza
planeamenduan ezarritako aurreikuspenetara doituko dira, eta baita Ordenantza
honetan ezarritakoetara ere.
2. Hiri-antolaketaren barruan
dimentsiozko birdoitzeak egin ahal izango dira, irisgarritasunaren eta
ukitutako eremuaren edo espazioaren (eskailera-kaxak, patioa, fatxada, eta
abar) berezko zerbitzua emateko
ezaugarri eta baldintza egokiak mantentzearen arteko oreka bermatzeko.
Birdoitze horiek eragindako eraikinetan egin litezkeen birgaitze eta eraberritze
obrei eta horiek mantentzeko lanei dagokiela ulertuko da. Ez, ordea, horiek
ordezkatzeko nahiz osotasunean eraberritzeko lanei.
3. Aipaturiko etxebizitza
eta eraikinetarako sarrera egokitzeko irtenbideak, kasuan kasu, dagokien obra
proiektu teknikoan edota eraikuntza proiektuan definituko dira. Proiektu
horiek udal obra lizentzia egokia lortzeko egin beharrekoak dira.
4. Hirigintza Ondarearen
Katalogoaren barne dauden ondasunak eta eraikinak direla kontuan harturik, obra
horietarako baimena ondorengo baldintzen menpe egongo da: Ondasun eta eraikin
horiek baldintza egokietan babesteko eta mantentzeko, kasu bakoitzean
beharrezkoak diren neurriak zehaztea eta burutzea.
Ondasun eta eraikin horiek degradatu eta ahulduko duten obrak burutzea
edo instalazioak ezartzea ez da inolaz ere baimenduko.
III. KAPITULUA
OBRAREN PROIEKTU TEKNIKOAREN EDUKIA
ETA IZAPIDETZEA
5. artikulua. Obraren proiektu
teknikoaren edukia.
Proiektuaren xedapen orokorrez gain, 5. artikuluan aipaturiko obra
proiektu teknikoak, bestek beste, zehaztasun egokiaz azalduko ditu ondorengoak:
a) Ordenantza honetan ongi
ezarritako irizpideetara egokitzea, proiektua justifikatzen duten egoeren
azalpena barne.
b) Proposatutako irtenbidearen
logika eta zentzua, bai berezkoak, bai plantea litezkeen bestelako irtenbideen
aurrean (arazoa konpontzen duen bestelako soluziorik ez dagoela justifikatuz,
horiek kostu handiagoa badute ere –betiere kostu hori neurrizkoa denean).
c) Proposatutako irtenbideak,
horrek eragindako eremuan, sor ditzakeen edozein motako eragin eta afekzioak
(fisikoak, estetikoak, akustikoak eta abar) ebaluatzea.
d) Eragin eta afekzio horiek
zuzentzeko edo desagertzeko proposamenak, baita helburu horretarako egokiak
diren material eta makinak erabiltzeari dagokionean ere.
e) Hala badagokio,
proposaturiko irtenbideak eragindako lursailen hirigintzako araubideari
dagokionez sortuko dituen birdoitzeak, horien lur zatitze baldintzei
dagozkienak, eraikuntzaren lerrokadurei dagozkienak, lursail horien izaera
juridikoari dagozkionak,
f) Proposaturiko irtenbideak
eragindako ondasun eta eskubide guztien zerrenda, ezaugarrien deskribapena eta
titularren identifikazioa.
g) Obrak burutzearen eta
instalazioak ezartzearen kostua, horiek eragindako eraikinaren lursailak
edota lokalak eskuratu edota erabiltzearen kostua barne, hala dagokionean.
h) Hiritartze-lanen
eranskina, proposatutako irtenbideak jabari publikoaren gaineko eragina
duenean.
i) Indarrean dagoen
planeamenduan adierazitakoaren arabera, beharrezkoak diren beste edozein egoera
eta alderdi.
6. artikulua. Proiektu
teknikoa izapidetzeko eta onesteko baldintzak.
1. Proiektu teknikoa tramitatu
eta onartu egingo da, indarrean dauden lege xedapenetan ezarritako irizpideei
jarraiki, obrak burutzeko eta instalazioetarako udal lizentzia egokia eskatu
eta eskuratzearen ondorioetarako.
Ildo horretan, udal zerbitzu teknikoek zehatz-mehatz aztertuko dituzte
eragindako etxebizitza eta eraikinetara sartzeko proiektuan proposaturiko
irtenbideak.
Azterketa horretan agertuko dira behar bezala arrazoiturik, besteak
beste, proposatutako irtenbidearen arrazoizkotasunari buruzko ebaluazioa eta
irtenbideak sor ditzakeen eragin eta afekzioena, Ordenantza honetan eta
indarrean dagoen hirigintza planeamenduan ezarritako baldintza eta irizpideen
baitan.
2. Proiektu hori jendaurrean
jarriko da 20 eguneko epean, gutxienez, aurreikusitako obra eta jarduketek
eragindako guztiei, banan-banan, jakinarazi ondoren; bai aurreikusitako obra
eta jarduketek eragindako ondasun eta eskubideen titularrei, bai horien jabeei
eta erabiltzaileei (maizter eta abarrei), dagokion legezko agiriaren bidez.
Tramitatzeko epe horretan, proiektuan azaldutakoari iradokizun edota
proposamen alternatiboak aurkeztu ahal izango zaizkio.
3. Tramitazioa amaitu eta
proposaturiko iradokizun eta proposamenak aztertu ondoren, Udalak dagokion
lizentzia emateko ala ez emateko erabakia hartuko du.
Aparteko kasuetan, eraikin baten fatxadan, eraikinari lotuta eta
lurzorua zein bide publikoa okupatuz, igogailua instalatzeko baimena eskatuz
gero, obra lizentziarekin batera herri jabariaren erabilera prekariozko eran
ere emango du Zumaiako Udalak.
Baimen hori azkenduko da eraikinaren ordezkapenarekin batera edo, aldez
aurretik, interes orokorreko arrazoia direla medio, dagokion espedientean azkentze
horren beharra egiaztatzen bada.
Edozein modutan, baimena azkentzearekin batera, herri-jabaria
desokupatu beharko da jatorrizko egoera lehengoratuz eta kalte-ordainik jasotzeko
eskubiderik inola ere sortu ezinean.
Azken kasu hauetan, proposatutako soluzioak jabari publikoan eragina
duenean, Hirigintza Lansailak Ekonomia eta Ogasuneko Lansailari jakinaraziko
dio, honek kasuan kasuko tasa ezarri dezan. Era berean, Obra eta Zerbitzuen
Lansailaren aldeko txostena behar da, hiritartze-obren eranskinari buruzkoa.
IV. KAPITULUA
OBRAK ETA JARDUKETAK GAUZATZEKO EPEAK
7. artikulua. Aurreikusitako
eta baimendutako obrak eta jarduketak gauzatzeko epeak.
1. Oro har, proiektu teknikoan
proposatu eta, dagokion udal lizentziaren bidez, baimendutako obrak eta
jarduketak burutzeko epea hiru hilabetekoa izango da, lizentzia ematen den
unetik aurrera.
2. Epe orokor hori moldatu
egin ahal izango da, luzatuz nahiz laburtuz, udal lizentzia ematearen arabera,
kasu bakoitzaren egoera eta ezaugarri zehatzak kontuan harturik. Obra burutu
ahal izateko, ondasun edo eskubideen desjabetzea beharrezkoa izanez gero, epe
hori onuradunak ondasunak bere esku dituen unean hasiko da.
V. KAPITULUA
LURZATI, ERAIKUNTZA ETA ETXEBIZITZETARAKO SARRERAREN EGOKITZAPENA BERMATZEKO,
DESJABETZEAREN BIDEZKO JARDUKETA
8. artikulua. Desjabetzearen
bidezko jarduketaren justifikazioa.
Irizpide orokorrak.
1. Onura publiko eta interes
orokorrekotzat hartuko da, ukitutako lur zatien edo eraikun-tza-zatien
behartutako desjabetzearen edo aldi baterako okupazioaren ondorioetarako,
eragindako etxebizitza eta bizileku-erabilerarako eraikinetan sarrera fisiko
egokia jartzea helburu duten obren eta jarduketen burutzapena. Lursail eta
etxebizitza horiek gaur egun dauden baldintzen ondorioz, ezintasuna dutenen
eta horiekin pareka daitezkeenen sarrera arazoak dituztenak izango dira.
2. Modu frogagarrian
egiaztatuko balitz obrak, behin baimendu ondoren, ezin direla gauzatu haiek erabat
edo partzialki ukitzen dituzten ondasunen edo eskubideen titularrak aurka
daudelako, udal agintaritzak dagokion desjabetze-espedientea abiarazteko
eskumena izango du, onuradun izango diren pertsonen eskariz.
3. Horretarako, desjabetze-proiektuan
berariaz identifikatu beharko dira onuradun horiek. Onuradunak jabekideen
elkartea edo obrak gauzatzeko nahikoa gehiengo duten horiek izan daitezke,
jabetza horizontalari buruz indarrean dagoen legediaren arabera.
4. Oro har, desjabetzeak eragina
izango du aurreikusi eta baimenduta dauden sarrera egokitzeko obra eta
jarduketek eragindako lursail edota eraikin-zati osoetan.
9. artikulua. Desjabetzeko
eskaera.
1. Desjabetze espedientea
hasteko eskaera honako hauek egin dezakete: Onuradun izango diren pertsonak
edo pertsonek. Eskaerarekin batera xede horrekin egindako proiektu bat
aurkeztu beharko da, eta bertan zehaztasunez justifikatu beharko dira desjabetzearen
arrazoiak eta helburua.
2. Edonola ere, eskaera hori
loturik egongo da helburu horrekin egin den proiektu teknikoan aurreikusitako
obra eta jarduketak burutzeko dagokion udal lizentzia aurretik ematearekin.
10. artikulua. Desjabetzearen
justifikazioa.
Desjabetze-proiektuan justifikatu egin behar da udal lizentziaren
pean dauden obrak eta instalazioak, nahiz ondasun eta eskubide partikularren
okupazioa edo afekzioa, beharrezkoak direla dagokion higiezinari
irisgarritasuna emateko eta, era berean, horiek ezin direla gauzatu ondasun eta
eskubide horien titular diren pertsonen aurrean kudeaketa egokiak egin arren.
11. artikulua. Desjabetze-proiektuaren
edukia.
Desjabetze-proiektuak barruan hartuko ditu, gutxienez, datu hauek:
a) Proposatutako desjabetzeak
eragindako ondasun eta eskubideen zerrenda, desjabetze horrek ondasun horien
erabileran izan ditzakeen eraginak eta ondasun eta eskubide horien titularren
jarduera adieraziz.
b) Obrak sustatzeko baldintzak,
etxejabeen elkartearen nahiz beste edozein pertsona fisiko edo juridikoren
aldetik. Sustapen hori eragin duten egoerak ezagutzea ahalbidetuko duen
beharrezko informazioa barne.
c) Etxejabeen elkarteak
hartutako erabakiak, eta baita horien aurkakoak ere, ekimenaren aurka dauden
pertsonen aurrean gauzatutako kudeaketak zehaztuz.
d) Proposaturiko desjabetzeak eragindako
ondasun eta eskubide guztien balio ekonomikoa, udalak ondoren egin ditzakeen
egokitzapenei kalterik egin gabe.
e) Desjabetzearen onuradunak
desjabetzeak berak eragindako ondasun eta eskubideei dagokienez azkenean
ezarritako balio ekonomikoa ordaintzeko konpromisoa.
12. artikulua. Desjabetze-espedientearen
izapidetzea.
1. Ordenantza honen xede den
desjabetzea, izaera orokorrez, gai horren inguruan indarrean dagoen legedian
ezarritako irizpideetara egokituko da, baita espedientea abiarazteari eta
izapidetzeari buruz nahiz prezioa xedatzeari buruz ezarritakoetara ere.
2. Udal zerbitzu egokiek
aztertuko dituzte bai desjabetzeko eskaera, bai erantsitako proiektua.
Azterketa horretan, besteak beste, ondorengoak aztertuko dira: Ordenantzan
ezarritako eskakizunak betetzen diren ala ez. Ondoren, beharrezko baldintzak
betetzen ez badira edo justifikatzen ez badira, eskaera ezestea proposatuko
dute, behar bezala arrazoitu ondoren; aitzitik, baldintzak bete eta
justifikatu badira, indarrean dagoen desjabetze-araudiaren arabera izapidetzea
proposatuko dute.
3. Desjabetzeko espedientea
tramitatzea onartuz gero, Udalak zehaztu egingo du, kasuan kasu, zeini atxikiko
zaion jarduketa: Tasazio bateratuaren prozedurari edo banakako tasazioarenari.
4. Onuradunek, ondasunen eta
eskubideen zerrenda behin betiko izaeraz onetsi aurretik, depositu edo abal
bat egin beharko dute Udalaren aurrean. Depositu edo abal hori kasuan kasuko
moldaketen ondoren desjabetze proiektuan aurreikusten den balioaren ehuneko
hogeiren (%20) baliokide izango da gutxienez.
13. artikulua. Ordenantzaren
aurreikuspenak interpretatzea eta aplikatzea.
Ordenantza honek jasotzen dituen aurreikuspenak irakurri eta aplikatzean
plantea daitezkeen zalantza eta galderei, udalerrian indarrean dagoen
planeamendu-agiriko memorian eta araudian adierazitako irizpide eta helburuen
arabera erantzungo zaie.
AZKEN XEDAPENA
Bakarra.
Ordenantza hau indarrean sartuko da Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik hamabost
(15) eguneko epean. Hortik aurrera,
indargabetu egingo dira ordenantza honen edukiarekin kontrajartzen diren
gainerako xedapen guztiak.