Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala

124. zenbakia Data 2009-07-06 160 orria

7 UDAL ADMINISTRAZIOA

LEZOKO UDALA
BEHIN BETIKO ONARPENA: Udal etxebizitza tasatuak arautzen dituen udal ordenantza.

LEZOKO UDALA

Lezoko udal etxebizitza tasatuak arautzeko udal ordenantzari behin betiko onarpena ematea 2008H0290003.

Udalbatzarrak, 2009ko ekainaren 10ean egindako ohizko bilkuran, udal etxebizitza tasatuen Ordenantza behin betikoz onartu zuen.

Ondoren transkribatzen da:

LEZOKO UDAL ETXEBIZITZA TASATUAK
ARAUTZEN DITUEN UDAL ORDENANTZA

«Lezoko Udalak jarrera aktiboa izan behar du herritarren­tzako etxebizitza egokia eta arrazoizko prezioan izateko beharrei erantzuteko orduan; izan ere, etxebizitza da udalerriak duen gizarte arazo nabarmenetako bat.       

Etxebizitzen arazoa prezio arazoa da funtsean. Azken urte hauetan etxebizitza libreen prezioak etengabe gora egin du eta horren aurrean berehalako neurriak hartu behar dira, egoera interes orokorrerako latza izan baino lehen. Horren aurrean, hainbat neurri hartu behar dira ezinbestean, plangintzan babes ofizialeko etxebizitzen erreserbak egitea, etxebizitza horietako batzuen sustapen publikoa egitea, etxebizitza hutsak erabiltzea, alokairuan emateko Babes Ofizialeko Etxebizitza multzoa sortzea, gazte eta adinekoentzako zuzkidurazko bizitokiak bultzatzea.

Horrez gainera, sustapen libreko etxebizitzen prezioaren igoerak baztertze eragin bikoitzaren arriskua sortu du gizarteko sektore batzuengan: Ez dute etxebizitza libreak erosteko behar adina diru-sarrera, baina era berean, ezin dituzte babes ofizialeko etxebizitzak eskuratu autonomi erkidegoko araudiak horretarako zehazturiko gehieneko diru-sarrerak gainditzen dituztelako. Horregatik, beharrezkotzat hartu da babes publikoko etxebizitzen beste mota bat sortzea, babes ofizialeko etxebizitzetarako zehazturikoak baino diru-sarrera pixka bat handiagoak dituzten herritarrentzako.

Bestalde, babes ofizialeko etxebizitzak eskuratu ahal izateko ekonomi baldintza altuenak betetzen dituzten hiritarrek interesa izan dezakete prezio handixeagoko etxebizitza babestu bat erosteko, baina beti ere merkatu librean baino askoz ere merkeago.

Gainera, udalak etxebizitzaren alorrean dituen eskumena eta autonomia onarturik, horien sustapenean ez ezik, toki mailan arautzeari begira ere, Lege berriak udalei gaitasuna eman die Udal Ordenantzen bidez Udal Etxebizitza Tasatuen erregimen juridikoa garatzeko.       

Zehatz adierazteko, Euskal Autonomia Erkidegoko ekainaren 30eko Lurzoru eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Lege berriak honako hau agintzen du bere zortzigarren xedapen gehigarrian:

4.  Lege honen ondorioetarako, udal etxebizitza tasatutzat (UET) hartuko dira Euskal Herriko udalek ezartzen dituztenak, beharreko tokiko ordenantzaren bidez erabakita eta ordenantza horretan etxebizitza horien babes publikoko erregimena arauturik.

5.  Udalerri bateko udal etxebizitza tasatuak ezarri eta arautuko dituen tokiko ordenantzak honako hauek jasoko ditu:

a)  Etxebizitza horien eta erantsien ezaugarriak.

b)  Ezartzen diren udal babes erregimenak eta, hala behar badu, erregimen orokorreko eta erregimen bereziko modalitateak, azken hori izanik erregimen tasatuko babes ofizialeko etxebizitzak ordezkatu ahal izango dituzten etxebizitzena, 80. artikuluan zehaztutakoaren arabera.

c)  Etxebizitza horien hartzaileak eta esleitzeko prozedura. Prozedura horretan ezinbestean errespetatuko dira publizitate, lehia aske eta diskriminazio ezaren printzipioak.

Salbuespen gisa, sustapen bakoitzean etxebizitza kopuru jakin bat bereizteko erabakia hartu ahal izango da, tokiko administrazioek, babespeko alokairuaren edo prekarioan egindako lagapenaren bidez, gizarte beharrei erantzuteko. Horrez gainera, beste bizileku bat emateko espedienteak bideratu ahal izango dira, aipaturiko kopuru horretatik kanpo egongo baitira horiek.

6.  Erregimen tasatuko babes ofizialeko etxebizitzak eta erregimen bereziko udal etxebizitza tasatuak saltzeari begira, horiek 80. artikuluan finkaturiko gutxieneko estandarrak betetzeko kontuan hartzen badira, gehieneko salmenta prezioak ezin izango du erregimen orokorreko babes ofizialeko etxebizitzen gehieneko prezioa 1,70 aldiz gainditu. Arauen bidez aldatzen ez den bitartean, etxebizitza horien onuradunen gehieneko diru-sarrerak ezin izango dira 1,3 indizea baino handiagoak izan erregimen orokorreko babes ofizialeko etxebizitzak eskuratzeko indarrean dauden gehieneko diru-sarrerei dagokienean. Dena dela, udalak beste parametro batzuk ezarri ahal izango ditu erregimen orokorreko udal etxebizitza tasatuetarako.          

Gainera, honako hau xedatzen du Legeak (16. art.): «Udal hirigintza plangintzak, beharrezkotzat hartzen dituen lur guztiak kalifikatu ahal izango ditu babes publikoko erregimenen batekin loturiko etxebizitzak eraikitzeko, baina 80. artikuluan aurreikusitako gutxieneko estandarrak eta kopuruak betetzeko beharreko lurzoru kalifikazioa egin beharko du gutxienez».

16. artikuluak honako hau xedatzen du 1. atalaren amaieran: «Hirigintza antolamenduak lurrak zein babes motarako izango diren zehaztu beharko du kalifikazio ekintzan».

Azkenik, aipatzekoa da, Lege horren Xedapen Gehigarriak honako hau zehazten duela; «Babes publikoko edozein erregimenekin loturiko etxebizitzek –horrenbestez, bai BOEk bai UETek– etxebizitza babestuen kalifikazioa izango dute beti» eta, «horrenbestez, eskualdatzeko gehieneko prezioa mantenduko dute beti, dagokien arau erregulatzaileak zehaztu bezala, eta lehentasunez erosteko eta atzera eskuratzeko eskubidea izango du, lehenik, administrazio jarduleak eta, beti ere, subsidiarioki, Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak».           

Horrenbestez, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurzoru eta Hirigintzari buruzko Lege horrek gaiturik, honako erabaki hau hartu du Lezoko Udal honek:

Lezoko udal etxebizitza tasatuak arautzen dituen udal Ordenantza.

1. artikulua.  Xedea.

Udal Ordenantza honek Lezoko udalerriko Udal Etxebizitza Tasatuen (UET) babes publikoko erregimena zehaztea du xede.           

Lezoko udalerriko Udal Etxebizitza Tasatuen (UET) babes publikoko erregimena ezarriko da, Euskal Autonomia Erki­degoko ekainaren 30eko Lurzoru eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legeak etxebizitza mota horri begira zehaztutakoa garatzeko.      

2. artikulua.  Udal etxebizitza tasatuaren kontzeptua.

Lezoko udalerrian Udal Etxebizitza Tasatutzat (UET) hartuko dira, saltzeko edo alokatzeko prezioa mugatua izateagatik eta Ordenantza honetan zehaztutako gainerako baldintzak beterik, Udalak halakotzat hartzen dituenak.

Etxebizitza bakoitzarekin loturiko garaje eta trastelekuetara ere zabalduko da Udal Etxebizitza Tasatuaren (UET) izaera.

UETak titularren edo maizterren ohiko etxebizitza iraunkorra izango dira, eta etxebizitza horiek ezin izango dira, inolaz ere, beste pertsona batzuen esku utzi, hutsik eduki edo bigarren etxebizitza moduan eta bizilekua ez den beste edozein xederako erabili.

Hirigintza plangintzak espresuki erabilera horretarako kalifikaturiko lurretan nahiz prezio mugarik ez duten egoitza lurzoruetan sustatu ahal izango dira UETak.

3. artikulua.  Motak.

Bi motakoak izan daitezke Lezoko Udal Etxebizitza Tasa­tuak:

Erregimen Orokorreko Udal Etxebizitza Tasatuak (EOUET).

Erregimen Bereziko Udal Etxebizitza Tasatuak (EBUET).     

Erregimen Bereziko Udal Etxebizitza Tasatuek (EBUET)  Babes Ofizialeko Etxebizitza Tasatuak ordezkatu ahal izango dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko ekainaren 30eko Lurzoru eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legeak zehazturiko gutxieneko estandarrak betetzeko ondorioetarako.

Erregimen Orokorreko Udal Etxebizitza Tasatuen mota horren barnean egongo dira lokalak etxebizitza bilakatzeko jardueretatik etorritako etxebizitzak, haien erregimen juridikoa dagokien ordenantza zehatzean araututa egonik.

4. artikulua.  Lezoko udal etxebizitza tasatuen baldintza orokorrak.

Lezoko Udal Etxebizitza Tasatuek ez dute 80 m˛(s) baino azalera erabilgarri handiagoa izango, bereziki familia ugarientzako direnean izan ezik; kasu horretan ez dute 90 m˛(s)-ko azalera erabilgarria gaindituko, eta sustapen bakoitzean, gehienez ere, guztizkoaren 100eko 5 erabiliko da halako etxebizitzak egiteko. Udal sustapeneko UETek ez dute 80 m˛(s) baino azalera erabilgarri handiagoa izango.

UET guztiek atxikitako aparkaleku-plaza bat izango dute, 30 m˛(t) baino handiagoa izango ez den azalerakoa. UET guztiek, hala egokituz gero, atxikitako trasteleku bat izango dute, 10 m˛(t) baino handiagoa izango ez den azalerakoa. UETari erantsitako lokal hauen izaera atxikia Jabetza Erregistroan inskribatu beharko da.

UETek, garaje eta trastelekuekin batera, aurrez dauden eraikuntzetan kalifikaturikoek izan ezik, Autonomia Erkidegoko Administrazioak Babes Ofizialeko Etxebizitza Tasatuetarako (BOET) ezarritako baldintza teknikoak eta diseinu baldintzak beteko dituzte eta, baldintza horiek ezartzen ez diren bitartean, Erregimen Orokorreko BOEei eskatzen zaizkienak bete beharko dituzte.

Lokala etxebizitza gisa eraldatuz gero, baldintza teknikoak eta diseinukoak dagokion Ordenantza arautzaileak horrelakoetarako ezartzen dituenak izango dira. Etxebizitza hauek ez dute gehienezko 90 m˛ erabilgarriren muga hori bete beharrik izango, baina ezingo dute inola ere 120 m˛ erabilgarriren muga gainditu, eta horiei aparkaleku-plaza bat eta/edo trasteleku bat atxiki behar izatetik salbuetsita egongo dira.

Udal etxebizitza tasatuak etxebizitza libreen eraikinetan kokatu behar badira, aurreko atalean zehazturikoa ez da aplikatuko baldintza tekniko eta diseinu baldintza horiek ez badira bateragarriak etxebizitza libreetarako zehazturikoekin.         

5. artikulua.  Erregimen orokorreko udal etxebizitza tasatuen baldintza zehatzak.

UET guztietarako orokorki ezarritako baldintzez gainera, honako baldintza hauek beteko dituzte Erregimen Orokorreko UETek (EOUET):

A)  EOUET eskuratzeko:

1.  EOUETen gehienezko salmenta-prezioak, horiei atxikitako garaje eta trastelekuak ere barne hartuz, bai lehenengo eskualdaketetan eta bai hurrengoetan ere, ezingo du 2 indizea gainditu behin-behineko Udal Kalifikazioa erdiesteko unean indarrean dagoen Erregimen Orokorreko BOEetan edozein Administraziok sustatutakoetarako ezarritako gehienezko prezioari dagokionez, Udalak eratu eta, gero, laga duen azalera-eskubidearen arabera enpresa publikoek edo partikularrek sustatutakoak ere barne hartuz. Sustapen pribatuko etxebizitzak direnean, 2,2 indizera iritsi ahal izango da.

Etxebizitza hauei loturiko garaje eta trastelekuen salmenta prezioak berriz, ezingo dute oinarrizko prezioaren 0,25 ehunekoa gainditu.           


Etxebizitzetarako hiri-lurzoruan finkatutako eremu jakin batzuetan dauden lokaletan etxebizitza-erabilera baimentzeko ordenantza arau-emailea aplikatzearen ondoriozko udal baimenetatik datozenean 1,8 indizera iritsi ahal izango dira.

2.  EOUETen onuradunen gehienezko diru-sarrera haztatuak, euskal autonomia erkidegoko arautegian xedatutakoaren arabera kalkulatuak, ezingo dira 1,5 indizea baino handiagoak izan, autonomia-erregimeneko etxebizitza tasatuak eskuratzeko indarrean dauden gehienezko diru-sarrerei dagokienez.

B)  Errentamendu-erregimenean okupatzeko:

1.  Alokairuen kasuan, EOUETen urteko errenta horien gehienezko salmenta-prezioaren %2,5 eta %4 artean ibiliko da, bizikidetza-unitate esleipendunak dituen diru-sarreren arabera, eta zenbateko hori erabakitzeko, autonomiako araudiak horretarako ezarrita dituen arauak aplikatuko dira.

EOUETen onuradunen gutxieneko diru-sarrera haztatuak, bai erosketa eta alokairurako ez dira etxebizitza sozialak (Erregimen Bereziko BOE) eskuratzeko zehaztutako gehieneko diru-sarrerak baino txikiagoak izango.

6. artikulua.  Erregimen bereziko udal etxebizitza tasatuen baldintza zehatzak.

UET guztietarako orokorki zehazturiko baldintzez gainera, honako baldintza hauek beteko dituzte Erregimen Bereziko UETek (EBUET):

1.  EBUETen gehieneko salmenta prezioa, haiekin loturiko garaje eta trastelekuak barne, BOETei aplikatu beharreko Autonomia Erkidegoko araudiak zehaztutakoa izango da. Nolanahi ere, ezin izango dute 1,7 indizea gainditu behin-behineko udal kalifikazioa ematen den unean indarrean dagoen Erregimen Orokorreko Estatuko Aldizkari Ofizialean gehieneko prezioari dagokionean.

Etxebizitza hauei loturiko garaje eta trastelekuen salmenta prezioak berriz, ezingo dute oinarrizko prezioaren 0,25 ehunekoa gainditu.

2.  Alokairuen kasuan, EBUETen urteko errenta horien gehienezko salmenta-prezioaren %2,5 eta 4 artean ibiliko da, bizikidetza-unitate esleipendunak dituen diru-sarreren arabera, eta zenbateko hori erabakitzeko, autonomiako araudiak horretarako ezarrita dituen arauak aplikatuko dira.

EBUETen onuradunen gehienezko diru-sarrera haztatuak, erregimen autonomikoko araudiak etxebizitza tasatuetan ezarria duena baino altuagoa ezingo du izan.      

3.  EBUETen onuradunen gehienezko diru-sarrera haztatuak, Euskal araudi autonomikoaren arabera kalkulatuak, ezingo dira erregimen orokorreko etxebizitza babestuei aplikagarria zaien araudiak horretarako aurreikusitakoa baino 1,3 indizea baino handiagoak izan.

4.  EBUETen onuradunen gutxieneko diru-sarrera haztatuak ez dira etxebizitza sozialak (Erregimen Bereziko BOE) eskuratzeko zehaztutako gehieneko diru-sarrerak baino txikiagoak izango.

7. artikulua.  Udal etxebizitza tasatuak sustatzeko eta lagatzeko moduak.

Lezoko UETak, edozein motakoak izanik ere, Udalak berak susta ditzake edo enpresa publikoek edo pribatuek Udalak etxebizitza horiek eraikitzeko azalera eskubidea ematen dienean, eta baita Herri Administrazioek edo haien erakunde instrumentalek eta kooperatiba edo enpresa pribatuek ere beren titularitateko lurretan.

Udalak nahiz enpresa publikoek edo pribatuek Udalak eraikitzeko azalera eskubidea ematen dienean sustaturiko UETen lagapena alokairuan edo azalera jabetzan egingo da, Udalak, berariazko erabakiaren bidez edo aukera hori ematen duen hitzarmenaren bidez, lagapena jabetza osoan egiteko aukera ematen duenean salbu, sustapena bideragarri egiteko edo udal interesekoak diren beste bizileku bat emateko obligazioak betetzeko.

Euskal Autonomi Erkidegoko Administrazioak edo beste Administrazio batzuek edo haien erakunde instrumentalek eta kooperatiba edo enpresa pribatuek beren titularitateko lurretan sustaturiko UETak jabetza osoan eman ahal izango dira, lurzoruaren hirigintza kalifikazioak aginduta edo Udalarekin eginiko hitzarmenaren bidez besterik zehaztu denean izan ezik.

8. artikulua.  Udal etxebizitza tasatuen onuradunentzako etxebizitza beharraren baldintza.

UET baten onuradun guztiek, kontuan izanda erkidegoko araudiarekin bat etorriz horrelako etxebizitzak eskuratzeko kontratuen titular izan daitezkeen pertsona edo bizikidetza-unitateak sartzen direla horien barruan (ikus 39/2008 Dekretuaren 15. artikulua, martxoaren 4koa, babes publikoko etxebizitzen araubide juridikoari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzkoa), beste etxebizitza bat ez edukitzearen baldintza bete beharko dute, dela jabetzan –jabetza soilean nahiz azalera-jabetzan–, dela bizi arteko gozamenaren eskubide errealean, eta hori guztia, etxebizitzaren premia definitzen duen erkidegoko araudian ezarritako hitzetan eta salbuespenekin, edo bestela, duten etxebizitza horrek Eraikuntzaren Udal Ordenantzan gutxieneko etxebizitza-programarako baldintzak betetzen ez dituenean izan ezik.

Beste etxebizitza bat ez edukitzearen baldintza hau, dela jabetzan –jabetza soilean nahiz azalera-jabetzan–, dela bizi arteko gozamenaren eskubide errealean etxebizitza tasatuen sustapen bakoitzean salbuetsia izan daiteke, Lezon Babes Pu­bli­koko Etxebizitza jabetzan–jabetza soilean nahiz azalera-jabetzan– dutenentzat. Kasu hauetan Babes Publikoko Etxe­bizitzaren titularra, Udal Etxebizitza Tasatu baten esleipendun suertatzen bada, eskudun den Administrazioaren eskuetan utzi beharko du Babes Publikoko Etxea, eta hau legeak xedatzen duenaren arabera baloratuko da.

Bizikidetza-unitateko kideren bat gutxienez adinez nagusia izango da. Adiskidetasun edo komenigarritasun arrazoiengatik sortutakoak ez du bizikidetza-unitatearen kontsideraziorik izango, eta etxebizitzaren titularkide izan beharko dute bizikidetza-unitate horretan adinez nagusi diren guztiak, zuzeneko ondorengoek izan ezik.

9. artikulua.  Lezoko Udalerrian bizitzeko edo lan lotura izateko baldintzak.

Gainera, UETen onuradun izateko, ordenantza honetako 8 artikuluan xedaturikoa betetzeaz gain, gutxienez honako baldintza hauetako bat bete beharko du bizikidetza unitateko kideetako batek gutxienez:

a)  3 urtez Lezon izatea ohiko bizilekua eta bertan jarraian erroldaturik egotea edo gutxienez 5 urtez azken 10 urtetan.   

b)  Azken 10 urteetan Lezon lan egitea.

c)  Azken 3 urteetan Lezon lan egitea eta azken 15 urteetan gutxienez 5 urtez ohiko bizilekua Lezon izatea eta bertan erroldaturik egotea.

d)  15 urtez Lezon bizi eta erroldatua egotea.

Udal Etxebizitza Tasatu bat alokairuan hartu ahal izateko, honako baldintza hau bete behar du: Etxebizitza eskaera egin aurreko aldian gutxienez urtebetez ohiko bizilekua Lezon izatea eta bertan erroldatuta egotea.

10. artikulua.  Kalifikazioa.

Hala Erregimen Orokorreko nola Erregimen Bereziko Udal Etxebizitza Tasatuaren Kalifikazioa Tokiko Gobernu Ba­tzarraren erabakiaren bidez ezarriko da, sustatzaileak eskatuta.      

Hirigintza plangintzak xede horretarako espresuki kalifikaturiko lurzoruetan sustatzen diren etxebizitzen Behin-behineko Kalifikazioarekin batera, eraikitzeko lizentzia eskatu behar da, lizentzia hori ez baita emango ez bada eskatzen edo Kalifi­kazioa ez bada egokitzat hartzen.

Behin-behineko Kalifikazioaren dokumentuan etxebizitza bakoitzaren gehieneko salmenta prezioa zehaztuko da, eta egokituz gero harekin loturiko garaje eta trastelekuak aintzat hartuta.

Lehen aldiz erabiltzeko hirigintza lizentzia lortzeko, ezinbestekoa izango da, sustatzaileak eskatuta, aurrez edo aldi be­rean eskuratzea Erregimen Orokorreko edo Erregimen Bereziko UET direla adierazten duen Betiko Kalifikazioa, eta gainera, etxebizitza Behin-behineko Kalifikazioaren arabera egin dela egiaztatu beharko da.

Hirigintza plangintzak erabilera horretarako espresuki kalifikatu ez dituen lurzoruetan sustatzen diren etxebizitzak UET gisa kalifikatu ahal izango dira edozein momentutan, eta Kalifikazioa lortu ondoren, haien erregimen juridikoa aplikatuko zaie. Kasu honetan ez da kalifikazioa lortzeko oztopo izango autonomia erkidegoko Administrazioak Babes Ofizia­leko Etxebizitza Tasatuetarako (BOET) ezarritako baldintza teknikoak eta diseinu baldintzak, eta horrelakorik ezean, Erregimen Orokorreko BOErako ezarritakoak, ez betetzea.

11. artikulua.  Udal etxebizitza tasatuaren kalifikazioaren ondorioak.

Legeak xedaturikoaren arabera, UET gisa kalifikaturiko etxebizitzek, haiekin loturiko garaje eta trastelekuak barne, etxebizitza babestuen kalifikazioa izango dute beti. Horren­bestez, Ordenantza honetan zehaztutako gehieneko eskualdatze prezioari eta lehentasunez erosteko eta atzera eskuratzeko eskubideari loturik egongo dira beti, lehenik, Udalaren edo Administrazio jardulearen alde eta, subsidiarioki, Autonomi Erkidegoko Administrazio Orokorraren alde.    

Bizien artean bigarrenez edo aldi gehiagotan eskualdatutako UETen gehieneko prezioa 5 eta 6 artikuluak xedatzen dituen dagokion honako irizpide hauek aplikatu ondoren ezarritakoa izango da:

EOUETak: Ezin izango dute 2 indizea gainditu, eskualdatzearen unean indarrean dagoen Erregimen Orokorreko BOEn gehieneko prezioari dagokionean. Sustapen pribatukoak direnean, 2,2 indizera iritsi ahal izango da. Haiekin loturiko garaje eta trastelekuei dagokienean, Ordenantza honen 5. artikuluan zehaztutakoa beteko da.

Etxebizitzetarako hiri-lurzoruan finkatutako eremu jakin batzuetan dauden lokaletan etxebizitza-erabilera baimentzeko ordenantza arau-emailea aplikatzearen ondoriozko udal baimenetatik datozenean 1,8 indizera iritsi ahal izango dira. 

EBUETak: Ezin izango dute gainditu aplikatu beharreko autonomia erkidegoaren araudiak BOETetarako zehaztutakoa. Nolanahi ere, ezin izango dute 1,7 indizea gainditu, eskualdatzeko unean indarrean dagoen Erregimen Orokorreko BOEn gehieneko prezioari dagokionean. Haiekin loturiko garaje eta trastelekuei dagokienean, Ordenantza honen 6. artikuluan zehaztutakoa beteko da.

Etxebizitzak azalera jabetzaren erregimenean lagatzen direnean, bigarren edo geroagoko eskualdatzeetan, hasierako erosketan ordaindutakoa izango da gehieneko prezioa, kontsumo prezioen indizearen aldaketa aplikatuta eguneratua eta honako kopuru hauek kenduta:

— Urteko 100eko 0,5 lehen 30 urteetan.

— Urteko 100eko 1 hurrengo 20 urteetan.

— Urteko 100eko 2,6 azken urteetan.

Ondasun higiezinean egin diren hobekuntzek eta mantentze lanek, horrelakorik egin bada, handitu egingo dute besterentzeko prezioa, baldin eta udal Administrazioak ondorio horietarako aurrez onartu baditu, haien balorazioa eta balio galera zehazturik.

12. artikulua.  Lehentasunez erostea eta atzera eskuratzea.

UETen titularrek, edozein dela ere haien erregimena, Udalari edo Administrazio jarduleari eta, lehentasunez erosteko eta atzera eskuratzeko titular subsidiario gisa, Autonomi Erkidegoko Administrazio Orokorrari jakinarazi beharko diete besterentzeko erabakia, ezarritako prezioa eta ordaintzeko era eta aurreikusitako eskualdatzearen gainerako funtsezko baldintzak azalduta, eta baita helbidea ere jakinarazpenak bidaltzeko ondorioetarako, atzera eskuratzeko eskubidea erabili ahal izateko.

Eskubide hori bi hilabeteko epean gauzatu beharko da, jakinarazpena Udalaren, Administrazio jardulearen eta Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren erregistroan sartu eta biharamunetik aurrera kontatzen hasita.

Halaber, lehentasunez erosteko eta atzera eskuratzeko eskubidea gauzatzeko adierazitako epe horretan, udalak UETen titularrek etxebizitza nori besterendu behar dioen zehazteko ahalmena izango du. Norbanako hau etxebizitza tasatuen erregistroan izen emanda beharko du egon eta zozketaren bidez hautatuko da edo aurretik egindako zozketa baten ondorioz esleitu gabekoen zerrendan dagoenean, zozketa beran ezarritako lehentasun irizpidea kontuan izanda.

Aurreko paragrafoak aipagai duen epean ez bada lehentasunez erosteko eskubidea gauzatzearen inguruan berariazko erabakia hartu dela jakinarazi, aurreikusitako besterentzea egin ahal izango da askatasun osoz, ordenantza honetako 8, 9, 13 eta 16 artikuluek xedatzen dituzten baldintzak derrigorrez bete beharraren kaltetan gabe.

Artikulu honetan eskaturiko jakinarazpena ez bada egin edo legeak derrigorrezkotzat hartzen duen edukiren bat ez bada adierazi, edo eskualdatzeko ordaindutako prezioa txikiagoa bada edo baldintzak dagokion Administrazioari jakinarazitakoak baino kostu txikiagokoak badira, administrazio horrek atzera eskuratzeko eskubidea erabili ahal izango du bi hilabeteko epean, besterentzearen berri izan eta biharamunetik hasita.        

13. artikulua.  Kontratuak onestea.

UETak lagatzeko kontratu guztiak, bai jabetza osoan bai azalera jabetzan egiten direnak, bai alokairuan ematen direnak, udal Administrazioak ontzat hartu beharko ditu, ontzat hartu gabe ezin izango baitira Jabetza-erregistroan sartu.

14. artikulua.  Erregistroan inskribatzea.

UETen behin-betiko Kalifikazioa –bertan etxebizitzen eta haiekin loturiko garaje eta trastelekuen erregimena eta gehieneko prezioa zehaztuko da– jakinaraziko dio Udalak dagokion Jabetza-erregistroari, ondasun horietan jasota gera dadin eta erregistroaren publikotasuna egokitzat jotzen den moduan egin dadin, lehenik, Udalak edo Administrazio jarduleak eta, beti ere, subsidiarioki Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak lehentasunez erosteko eta atzera eskuratzeko eskubidea duela, eta lur horiek, beti ere, Ordenantza honetan zehazturiko gehieneko eskualdatze prezioaren muga bete behar dutela jakinarazteko.   

15. artikulua.  Udal etxebizitza tasatuak esleitzeko prozedura.

Udalak edo Udalak azalera eskubidea eman ondoren sorturiko eskubideak dituzten erakunde pribatuek sustaturiko UETak esleitzeko prozedura zozketa izango da. Zozketa horretan parte hartu ahal izango dute hurrengo artikuluak aipagai duen udal Erregistroan sartuta dauden eta Ordenantza honetan zein deialdi bakoitzerako onarturiko Oinarrietan eskatutako baldintzak betetzen dituztenek. Lezoko Udalak ezarriko ditu deialdi bakoitzerako oinarriak, publizitate, gardentasun, lehia aske eta diskriminazio ezaren printzipioak ziurtaturik beti ere. Dena den, zozketarako, deialdi publikoa egingo da Oinarriak Gi­puzko­ako Aldizkari Ofizialean argitaratuz, eta zozketa hori udal Idazkariaren, edo ordezko gisa fede-emaile publikoaren izaera duen pertsonaren aurrean egingo da. Era berean, prozedura horri jarraiki bideratu ahal izango dira Udalarekin halaxe hitzartutako sustapenak.

Gainerako sustapen pribatuetan UETak esleitzeko prozedura zozketa izango da halaber. Zozketa horretan parte hartu ahal izango dute hurrengo artikuluak aipagai duen udal Erregistroan sartuta dauden eta Ordenantza honetan zein deialdi bakoitzerako onarturiko Oinarrietan eskatutako baldintzak betetzen dituztenek. Oinarri horiek garaiz jakinaraziko dira eta, publizitate, gardentasun, lehia aske eta diskriminazio ezaren printzipioak errespetatuko dira prozesu osoan. Dena den, zozketarako, deialdi publikoa egingo da Oinarriak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuz, eta zozketa hori fede-emaile publikoaren aurrean egin beharko da.

Udalaz beste sustatzaile publikoen kasuan, horiek ezartzen dutena izango da esleitzeko prozedura, publizitate, gardentasun, lehia aske eta diskriminazio ezaren printzipioak ziurtaturik beti ere.

UETak esleitzeko egingo diren zozketen Oinarrietan kupo batzuk ezarri ahal izango dira, etxebizitza behar bereziak edo etxebizitza lortzeko zailtasunak dituen gizarte talderen baten barnean dauden pertsonei etxebizitza kopuru jakin bat esleitu ahal izateko. (Ezinduak, 35 urtetik beherakoak, familia ugariak edo bestelakoak).

Salbuespen gisa, sustapen bakoitzean etxebizitza kopuru jakin bat bereizteko erabakia hartu ahal izango da, Udalak, babespeko alokairuaren edo prekarioan egindako lagapenaren bidez, justifikaturiko gizarte beharrei erantzuteko. Hori guztia, beste bizileku bat hartzeko eskubidea mantenduko bada ere, horretarako etxebizitzak ez baitira zozketatuko.

UET baten onuradunak, haren bizikidetza unitateak legeak zehaztutakoaren arabera familia ugariaren tamaina duenean, etxebizitza trukatu ahal izango du –baldin eta jabetza osoa nahiz azalera jabetza badu nahiz alokairuan egokitu bazaio– sustapen berri bakoitzean kolektibo horrentzako gordetako etxeen erregimen bereko beste batengatik. Jabetzaren edo azalera jabetzaren kasuan, UET berriaren eta utzitakoaren prezioen arteko aldea ordaindu beharko du erosleak, Ordenantza honen 11. artikuluan jasotako zehaztapenen arabera eguneratuta. Etxeak trukatu nahi dituzten familia ugarien kopurua kolektibo horrentzako gordetako etxeena baino handiagoa bada, etxebizitzak zozketatu egingo dira.

hiri-lurzoruan finkatutako eremu jakin batzuetan dauden lokaletan etxebizitza-erabilera baimentzeko ordenantza arau-emailea aplikatzearen ondorioz sorturiko UETak, baimena eskatzen dutenei esleituko zaizkie. Hauen besterentzeari dagokionean ordenantza honetako 12 artikuluan zehaztutakoa izango da kontuan.

16. artikulua.  Udal etxebizitza tasatuen eskatzaileen erregistroa.

Udalak EBUETen Eskatzaileen Erregistro iraunkorra izango du. Horri begira, eta dagokion Hitzarmenaren bitartez, Etxebizitzaren Euskal Zerbitzuaren (Etxebide) esku utzi ahal izango dio zerrenda hori prestatzea eta eguneratzea Erregistro hori prestatu eta mantentzeko prozedurak Erakunde horrek, oro har, BOEn eskatzaileentzat zehaztutakoak izango dira. 

Udalak edo egokituz gero Etxebidek ofizioz, EBUETen Eskatzaileen Erregistroan jasoko ditu Erregimen Orokorreko BOEn eskatzaileak, haien diru-sarrera egiaztatuak etxebizitza sozialak lortzeko (Erregimen Bereziko BOE) gehieneko gisa zehaztutakoen berdinak edo handiagoak direnean. Horrelakoe­tan, EBUETen zozketan esleipendun gertatu eta uko egiten du­tenak ez dira ezarritako zigor epean alde batera utziko Erregi­men Orokorreko BOEn hurrengo zozketetan.

Deialdia egiten den esleipen-prozedura bakoitzean ezarriko da berariaz EOUETen eskatzaileen zerrenda, eta hori prestatzeko ardura etxebizitzak sustatuko dituen erakundearena izango da. Administrazio publikoak eta beren erakunde instrumentalak izan ezik, sustatzailea enpresa pribatua edo kooperatiba denean, Udalak onetsi egin beharko du zozketan erabili beharreko eskatzaileen zerrenda.

Ordenantza honen 12. artikuluan aurreikusitako kasuetan, UET baten esleipena libreki egin baldin badaiteke, salerosketa-kontratuaren udal onespena emateko ezinbesteko baldintza izango da aldez aurretik etxebizitzaren eskuratzailea UETen Eskatzaileen Erregistroan inskribatuta egotea.    

17. artikulua.  Bertan bizitzeko betebeharra.

UETen xedea bertako titularren edo maizterren ohiko bizileku iraunkorra izatea da, eta inolaz ere ezin izango zaie beste pertsona batzuei laga, eta ezin dira hutsik utzi, hiru hilabetetik gorako epe batez jarraian, arrazoi justifikaturen bat egon ezean, edota bigarren etxebizitza gisa edota etxebizitzarenak ez diren beste erabileretarako erabili.

Kontratuetan, salerosketa nahiz alokairu kontratuak izan, baldintzazko klausula bat sartuko da. Haren arabera, kontratu hori sinatzen denetik hasi eta gehienez ere bi hilabeteko epean, etxebizitzan bizitzeko eta bertan erroldatzeko konpromisoa hartuko du onuradunak. Baldintza hori ez bada betetzen, kontratua suntsituko da eta galdu egingo da etxebizitzaren jabe edo onuradun izaera.

18. artikulua.  Bizilekutzat hartu gabeko etxebizitzak desjabetzea.

UETen onuradun guztiek beren ohiko bizileku iraunkorra esleitutako etxebizitza horretan finkatzeko eta mantentzeko duten obligazioa betetzen ez badute, Udalak nahitaezko desjabetze-eskubidea erabili ahal izango du, indarreko legerian aitortuta dagoen moduan, edo bestela, akurapen-kontratua deuseztatu

Xedapen gehigarriak.

Lehen xedapen gehigarria.  Kostu-balioaren mugak.        

Balioespena egiteari begira, urbanizatutako lurzoruaren kos­tuak izango duen gehienezko eragina ezingo da UETen gehienezko salmenta-prezioaren 100eko 30etik gorakoa izan. Beste daturik ezean, urbanizatu gabeko lurzorua eta etxebizitza horien urbanizazio-kostuek zenbateko bera dutela joko da.

Bigarren xedapen gehigarria.  Udal etxebizitza Tasatua­ren Erregistroa.

Erkidegoko 39/2008 Dekretuaren 3. artikuluan jasotako lege-aurreikuspena betez, Lezoko Udalak bere Udal Etxebizitza Tasatuen Informazio Erregistro propioa sortuko du, horien zerrenda bat prestatzeko eta Ordenantza hau betetzen dela zaintzeko.

Hirugarren Xedapen Gehigarria.  Aplikazio subsidiarioa.

«Etxebizitzetarako lurzoru hiritarrean finkatutako eremu jakin batzuetan kokatutako lokaletan etxebizitza-erabilera baimentzea arautzen duen Ordenantza» izenekoan berariaz arautu ez diren alderdi guztietan, Ordenantza honetako zehaztapenak aplikatuko dira subsidiarioki.

Amaierako lehen xedapena.  Ordezko Araudia.

Ordenantza honetan aurreikusi ez den guztian, eta gerora izan ditzakeen garapenen kontra joan gabe, autonomia erkidegoan etxebizitza babestuei buruz indarrean dagoen araudiak eta Euskadiko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legeak xedatutakoa aplikatuko da.

Amaierako bigarren xedapena.   Indarrean sartzea.

Ordenantza hau, bere betiko onarpena eta testua Gipuzkoa­ko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean eta, aurrez tramitatu edo onartuak izan arren, Etxebizitza Tasatuetarako erreserben aurreikuspena jasotzen duten hirigintza antolamendurako planetara zabalduko dira bere ondorioak».

Lezo, 2009ko ekainaren 23a.—Haritz Salaberria, Alkatea.

(1684)   (8166)