97. zenbakia | Data 2009-05-28 | 82 orria |
GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
LEHENDAKARITZAKO ETA
FORU ADMINISTRAZIOKO DEPARTAMENTUA
Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean
argitaratu beharreko dokumentuak bidaltzeko prozedura.
Departamentuko foru diputatuak, honako agindu hau eman du 2009ko maiatzaren
19an:
Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala
arautzen duen martxoaren 27ko 5/2007 Foru Arauak honela definitzen du
aipatu aldizkaria: Gipuzkoako Foru Aldundiak bere antolamendu
administratiboaren bitartez zuzenean ematen duen zerbitzu publikoa, organikoki
atxikitako atal edo departamentuaren menpekoa, barne hartzen dituena
aldizkariaren kudeaketa, argitalpena eta zabalkundea. Halaber, indarrean den
arauketa horrek bitarteko elektronikoen erabilpenaren aldeko apustu garbia
egiten du, bai bere argitalpenean (elektronikoa bakar-bakarrik) baita
argitaratu beharreko testuak bidaltzeko orduan ere, uste baita tresna
elektronikoak erabiltzeak Foru Aldundia eta herritarrak hurbilduko dituela,
erakundeek eta partikularrek aldizkari ofizialean testuak argitaratzeko egin
beharreko tramiteak erraztuko dituela eta, Gipuzkoako administrazioko organoen
xedapenak eta erabakiak ezagutzea orokortuko duela.
Hori horrela, martxoaren 27ko 5/2007 Foru Arauak aldizkari ofiziala
atxikitzen zaion departamentuko foru diputatuari agintzen dio arau ditzala,
foru aginduz, argitaratu beharreko jatorrizko dokumentuak bitarteko
elektronikoak erabiliz bidaltzeko prozedura eta dokumentu horiek argitaratzea
sinatzeko ahalmena edo baimena duten pertsonen erregistroa, nahiz bata zein
bestearekin lotutako beste hainbat alderdi.
Bestalde, Lehendakaritzako eta Foru Administrazioko Departamentuaren
egitura organiko eta funtzionalari buruzko maiatzaren 20ko 33/2008 Foru
Dekretuak 1.15 artikuluan ezartzen duenez, aipatu departamentuaren eginkizuna
da Foru Inprimategia zuzendu eta Gipuzkoako Aldizkari
Ofiziala kudeatzea, eta beraz, departamentuko foru diputatuari dagokio
arestian adierazitako alderdiak arautzea foru aginduz.
Aurrekoaren ildotik, martxoaren 27ko 5/2007 Foru Arauak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu
beharreko jatorrizko dokumentuak paperean bidaltzeko aukera ere espresuki
aurreikusten duen arren, foru agindu honetan jasotako arauketak lehentasuna
ematen dio bitarteko elektronikoak erabiliz egindako bidalketari, hori baita
gai honetan egun nagusitzen den joera, martxoaren 27ko 5/2007 Foru Arauak
bere egiten duena, eta ondoren, ekainaren 22ko 11/2007 Legeak, herritarrak
zerbitzu publikoetan bitarteko elektronikoz sartzea arautzekoak, behin
betiko bultzada eman diona. Horregatik, foru agindu honek xehetasunez arautzen
ditu bidalketa elektronikoa eta horri lotutako alderdi guztiak, testuak
aldizkarian argitaratzea sinatzeko ahalmena edo baimena duten pertsonen
sinaduren erregistroa barne.
Horrenbestez, Gipuzkoako Foru Aldundiko departamentuek elektronikoki
bidali beharko dituzte argitaratu beharreko dokumentuak, horretarako prestatu
den eta foru agindu honetan onartzen den aplikazio informatikoa erabiliz.
Halaber, udalek nahiz gainerako administrazio publikoek eta Justizia
Administrazioak ere aipatu aplikazio informatikoaren bitartez elektronikoki
bidali beharko dituzte argitaratu beharreko dokumentuak, ekainaren 22ko 11/2007
Legeak, herritarrak zerbitzu publikoetan bitarteko elektronikoz sartzea arautzekoak,
27. artikuluan ezarritakoaren babesean; artikulu horren 6. atalak beren
gaitasun ekonomiko edo teknikoagatik edo behar bezala egiaztatutako beste
arrazoi batengatik beharrezko bitarteko teknolokigoak eskura dituzten pertsona
juridikoei administrazio publikoekiko harremanak bitarteko elektronikoak
erabiliz izateko obligazioa ezartzea ahalbidetzen baitu, eta bere 7. atalak,
berriz, espresuki jasotzen baitu administrazio publikoek euren arteko
harremanetan bitarteko elektronikoak erabiliko dituztela lehentasunez.
Noski, argitaratu beharreko dokumentuak paperean bidaltzeko aukera ere
aurreikusi da foru agindu honetan, baina beste maila batean eta murritzago.
Izan ere, bidalketa elektronikoari buruzko aurreikuspenak aplikatuko zaizkio
paperean egindakoari haren izaera elektronikoari zuzenean lotutako alderdietan
salbu.
Horrenbestez,
XEDATZEN DUT
I. KAPITULUA
Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean
argitaratu beharreko jatorrizko dokumentuak bitarteko elektronikoak erabiliz
bidaltzeko prozedura.
1. artikulua. Dokumentuak
bitarteko elektronikoak erabiliz bidaltzea.
Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean
argitaratu beharreko jatorrizko dokumentuak bitarteko elektronikoak erabiliz
bidaltzea lehenesten da. Horretarako, foru agindu honetan araututako
prozedura, berme eta zehaztasunak jarraituko dira, bertan onartzen diren «GAO
argitalpenak» aplikazio informatikoaz eta eskaera ereduaz baliatuta.
Edonola ere, Gipuzkoako Foru Aldundiko departamentuek elektronikoki
bidaliko dituzte Gipuzkoako Aldizkari
Ofizialean argitaratu beharreko dokumentuak aipatu aplikazio
informatikoa erabiliz, dokumentuaren hedadura edo behar bezala zuritutako beste
arrazoiren bat dela eta, aplikazio horren bidez bidalketa elektronikorik egitea
ezinezkoa denean edo egokia ez denean salbu.
Era berean, udalek, gainerako administrazio publikoek eta Justizia
Administrazioak ere, beharrezko bitarteko teknolokigoak eskura izatea bermatzen
zaien neurrian, elektronikoki bidali beharko dituzte argitaratu beharreko
dokumentuak aplikazio informatiko hori erabiliz, aurreko paragrafoan aurreikusi
salbuespenaren kaltetan gabe.
2. artikulua. Aldizkarian
argitaratzea agintzeko ahalmena.
1. Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu
beharreko dokumentuekin batera aldizkarian argitaratzeko agindua bidali behar
da, horretarako ahalmena edo baimena duen pertsonak elektronikoki
sinatutakoa. Pertsona horrek sinadura elektroniko aitortua eduki behar du eta
Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean
argitaratu beharreko jatorrizko dokumentuak aldizkarian argitaratzea sinatzeko
ahalmena edo baimena duten pertsonen erregistroan inskribatuta egon behar du.
Erregistro hori foru agindu honen 8-13 artikuluetan arautzen da.
2. Gipuzkoako Foru Aldundiko
departamentuetan, beren sinadura elektronikoaz dokumentuak aldizkarian argitaratzea
agintzeko ahalmena idazkaritza teknikoei eta Araubide Juridikoko Zuzendaritza
Nagusiari dagokie. Hain zuzen, Araubide Juridikoko Zuzendaritza Nagusiarena
da, eta bakarrik berea, Diputatuen Kontseiluak onartutako xedapen orokorrak
aldizkarian argitaratzea agintzeko ahalmena, baita publikoak izan behar duten
ebazpen administratiboak argitaratzea agintzekoa ere, foru departamentuen
eskumenekoak ez diren neurrian.
Zehazki, idazkaritza tekniko bakoitzean eta aipatu zuzendaritza
nagusian ahalmen hori organoaren titularrari dagokio. Era berean, titularrak
bere idazkaritza teknikoko edo zuzendaritza nagusiko beste pertsona batzuk
baimen ditzake argitaratatzeko agindua sinatzeko eta «GAO argitalpenak»
aplikazio informatikoaren erabiltzaile gisa II. eranskineko 4. puntuan
azaldutako profilekin.
3. Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala arautzen duen martxoaren
27ko 5/2007 Foru Arauaren 2.1 artikuluan aipatzen diren organo, erakunde,
entitate eta partikularren kasuan, beren funtzionamenduko barne arauen arabera
horretarako ahalmena duten pertsonek sinatuko dute dokumentuak argitaratzeko
agindua eta, arauetan aurreikusten ez bada, beren ordezkaritza eman zaienek.
Ahalmendunak edo ordezkariak beste pertsona batzuk baimen ditzake aurreko
atalean aurreikusitako moduan.
4. Argitaratzeko agindua
ematen duena da argitaratzeko bidali duen dokumentuaren egiazkotasun eta
benetakotasunaren erantzule. Halaber, berari dagokio dokumentuaren edukian
dauden datu pertsonalen babes bermeak betetzen direnaz arduratzea.
3. artikulua. Argitaratzeko
eskaera eta argitaratzeko dokumentuak forma aldetik bete beharreko baldintzak.
1. Argitaratzeko eskaera
eredua onartzen da, foru agindu honen I. eranskinean jaso dena. Eskaera eredu
horrek «argitaratzeko agindu» balioa izango du dagozkion zuzenbide
ondorioetarako. Argitaratzeko eskaera Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala atxikia duen departamentuko foru
diputatuari zuzenduko zaio, aurreko 2. artikuluaren arabera argitaratzeko
agindua sinatzeko ahalmena edo baimena duenak elektronikoki sinatuta.
Eskaerarekin batera argitaratu beharreko dokumentua bidaliko da pertsona
horrek berak elektronikoki sinatuta. Argitaratzeko eskaeran erantzukizunpeko
adierazpen bat jasoko da, hain zuzen, bidalitako dokumentu elektronikoa
jatorrizkoa edo jatorrizkoaren kopia zehatza dela dioena.
2. Argitaratzeko eskaera
eredua Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren
argitalpen elektronikoa kokatzen den egoitza elektronikoan (www.gipuzkoa.net)
egongo da eskuragarri.
Onartzen den ereduaren bertsio informatikoa, «GAO argitalpenak»
aplikazio informatikoan dagoena, aplikazio horren berezko inguruabar eta baldintzei
egokituko zaie.
3. Partikularrek eta entitate
pribatuek eskaeran adieraziko dute dokumentua derrigorrez argitaratu beharrekoa
dela xedatzen duen araua zein den.
Halaber, martxoaren 27ko 5/2007 Foru Arauaren 12. artikuluko 2. eta
3. ataletan ezarritakoari jarraikiz, dokumentu bat epe edo egun jakin batean
argitaratzeko legezko arrazoiren bat edo arrazoi justifikaturen bat badago,
eskaeran jaso beharko da hori, eta espresuki adierazi beharko da zein arauk
aurreikusten duen, edo behar bezala arrazoitu beharko da premiaz argitaratzeko
beharra eta, hala badagokio, esan behar da argitaratzeko epea edo egun zehatza
zein den.
4. Argitaratzea eskatzen den
dokumentuaren hasieran bere edukia edo hartzen duen forma juridikoa aurreratzen
duen izenburua azalduko da. Dokumentuaren amaieran, berriz, noiz eta non eman
den eta nork sinatzen duen (izena eta kargua) jasoko dira.
5. Bidalitako dokumentua
hizkuntza ofizial bakarrean idatzita badago, 2007ko martxoaren 27ko 5/2007
Foru Arauak 4. artikuluan ezarritakoari jarraituko zaio. Bi hizkuntza
ofizialetan idatzita bidaltzen bada, euskarazko eta gaztelaniazko bertsioak fitxero
batean joan beharko dira: Lehenengo, euskarazko bertsio osoa, eta, ondoren,
gaztelaniazkoa.
6. Argitaratu beharreko
dokumentuen formatuak, testuzkoa, grafikoa, irudikoa edo beste mota batekoa
dela ere, digitalizatzeko modukoa eta bere edukia komunikatzeko egokia izan
behar du. Gainera, formatu horiek «GAO argitalpenak» aplikazio
informatikoarekin bateragarriak izango dira.
4. artikulua. «GAO
argitalpenak» aplikazio informatikoa onartzea.
1.»GAO argitalpenak» aplikazio informatikoa onartzen da, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu
beharreko xedapen, egintza administratibo eta iragarkien testuak bitarteko
elektronikoen bidez bidaltzeko erabiliko dena. Aipatu aplikazioaren
ezaugarriak foru agindu honen II. eranskinean zehazten dira.
2.»GAO argitalpenak» aplikazio informatikoak bidalitako jatorrizko
dokumentuen benetakotasuna, osotasuna, konfidentzialtasuna, kalitatea, kontserbazioa,
segurtasuna eta ofizialtasuna bermatzen ditu.
3.»GAO argitalpenak» aplikazio informatikoaren arduraduna Foru
Inprimategia da eta horri dagokio aplikazioa kudeatzea, eta bereziki, 2.
artikuluaren 2. eta 3. ataletan ezarritakoari jarraikiz egindako alta eta baja
eskaerak kudeatzea.
4. Argitaratzeko bidaltzen
diren jatorrizko dokumentuen sarrera erregistratzearren, «GAO argitalpenak»
aplikazio informatikoa Lehendakaritzako eta Foru Administrazioko Erregistro
Orokorrari lotuta egongo da informatikoki.
5. «GAO argitalpenak» aplikazioaren baitan kokatzen dira
era berean honako hauek ere: Foru agindu honen III. kapituluan arautzen den
Sinaduren Erregistroa, non kudeatzen diren Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharreko jatorrizko
dokumentuak argitaratzea sinatzeko ahalmena edo baimena duten pertsonak
(alta eta baliogabetze/baja eskaerak), eta aplikazioaren gainerako erabiltzaileak
kudeatzeko erregistroa. Horiei dagokienez, aplikazioak bermatzen ditu bertan
dagoen informazioaren benetakotasuna, osotasuna, konfidentzialtasuna,
kalitatea, kontserbazioa eta segurtasuna eta izen emandako erabiltzaileen
datu pertsonalen babesa.
Aplikazioa behar bezala kudeatze aldera, organo, erakunde eta
entitateek baimendutako erabiltzaileei ukitzen dieten aldaketa guztien berri
eman behar diote Foru Inprimategiari, bereziki, baliogabetzeen eta bajen
berri.
5. artikulua. Jatorrizko
dokumentu elektronikoak gordetzea.
1. Argitaratu daitezen
bitarteko elektronikoak erabiliz bidalitako jatorrizko testuak «GAO
argitalpenak» aplikazio informatikoan gordeko dira, dokumentua sortu zen
formatu berean edo dokumentua berriro sortzeko beharrezko informazioaren
identitatea eta osotasuna bermatzen dituen beste edozein formatutan.
Halaber, sarbidea bermatzen duten beste formatu eta euskarrietara ere
eraman ahal izango dira dokumentu horiek.
2. Nolanahi ere, bitarteko
elektronikoak erabiliz bidalitako dokumentuak biltzen dituen euskarri
informatikoak 4. artikuluaren 2. atalean zehaztutako bermeak izango ditu,
bereziki, erabiltzaileen nortasunari eta sarbideen kontrolari dagokienez eta
datu pertsonalak babesteko legeria betetzeari dagokionez.
II. KAPITULUA
Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean
argitaratu beharreko jatorrizko dokumentuak paperean bidaltzeko prozedura.
6. artikulua. Paperean bidaltzea.
Bestelakorik esaten ez den bitartean, eta 1. artikuluan ezarritakoaren
kaltetan gabe, partikularrek eta entitate pribatuek argitaratu beharreko
jatorrizko dokumentuak paperean bidali ahal izango dituzte, digitalizatzeko
modukoak eta beren edukia komunikatzeko egokiak diren neurrian. Argitaratu
beharreko dokumentuarekin batera argitaratzeko eskaera bidaliko da I.
eranskinean jasotako eredua erabiliz. Eskaera eta dokumentua mekanografiatuta,
irakurtzeko moduan, orri zenbakiak jarrita eta zirriborrorik gabe aurkeztuko
dira.
Paperean egindako bidalketari foru agindu honen I. kapituluan
aurreikusitakoa aplikatuko zaio bidalketa horren izaerarekin bateragarria den
heinean.
7. artikulua. Jatorrizko
dokumentuen benetakotasuna.
Paperean bidalitako dokumentua benetakoa dela bermatzeko, argitaratzea
agintzeko ahalmena edo baimena duen pertsonak eskuz sinatu beharko du
jatorrizkoa foru agindu honen 2. artikuluan eta III. kapituluan ezarritakoari
jarraikiz.
III. KAPITULUA
Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean
argitaratu beharreko jatorrizko dokumentuak argitaratzea sinatzeko ahalmena
edo baimena duten pertsonen erregistroa.
8. artikulua. Sinaduren
Erregistroa sortzea.
1. Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu
beharreko jatorrizko dokumentuak argitaratzea sinatzeko ahalmena edo baimena
duten pertsonen erregistroa (Sinaduren Erregistroa) sortzen da eta bertan
inskribatu beharko dira dokumentuak argitaratzea sinatzeko ahalmena edo
baimena duten guztiak.
2. Ahalmena duen edo baimendu
nahi den pertsona bakoitzeko eskaera bat bete behar da, foru agindu honetan
onartu eta III. eranskinean jaso den ereduaren araberakoa. Eredu hori bera
erabili behar da emandako baimena baliogabetzeko edo ahalmena duen pertsonari
baja emateko.
Alta/baliogabetze/baja eredua Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren argitalpen elektronikoa kokatzen den
egoitza elektronikoan egongo da eskuragarri (www.gipuzkoa.net).
Onartzen den ereduaren bertsio informatikoa, «GAO argitalpenak»
aplikazioan dagoena, aplikazio horren berezko inguruabar eta baldintzei
egokituko zaie.
9. artikulua. Ardura eta
kokapena.
1. Sinaduren Erregistroaren
arduraduna Foru Inprimategia da eta horri dagokio erregistroaren funtzionamendua,
zaintza eta eguneratzea.
2. Sinaduren Erregistroa Foru
Inprimategian dago kokatuta.
10. artikulua. Sinaduren
Erregistroaren egitekoa.
1. Sinaduren Erregistroaren
egitekoa da argitaratzeko bidaltzen diren dokumentuen benetakotasuna egiaztatzea,
hau da, ziurtatzea argitaratzeko aginduan ipinitako sinadura horretarako
ahalmena duenarena edo foru agindu honen 2. artikuluaren arabera baimendu den
pertsonarena dela benetan.
2. Sinadura elektroniko
aitortuen benetakotasuna egiaztatuko da «GAO argitalpenak» aplikazio
informatikoaren bidez, hau da, argitaratu beharreko dokumentuak bitarteko
elektronikoak erabiliz bidaltzeko aplikazioaren bidez.
3. Eskuz egindako sinaduren
benetakotasuna egiaztatzeko, berriz, alderatuko dira erregistratuta dagoen
sinadura, bere titularra identifikatzen duena, eta argitaratzeko aginduan
agertzen dena.
11. artikulua. Sinadura
elektroniko aitortuak.
1. Euskarri elektronikoan
bidalitako dokumentuak benetakoak direla egiaztatze aldera, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu
beharreko dokumentuak argitaratzea sinatzeko ahalmena edo baimena duten pertsonak
Sinaduren Erregistroan inskribatu behar dira eta indarrean dagoen sinadura
elektroniko aitorturen bat izan behar dute, hain zuzen, foru agindu honen II.
eranskinaren 5. puntuan zehaztutakoren bat.
2. Dagokion administrazio
publiko, erakunde, entitate edo partikularrak berak egin behar ditu sinadura
elektroniko aitortua eskuratu eta berritzeko egin beharrekoak.
12. artikulua. Eskuz egindako
sinadurak.
1. Paperean bidalitako
dokumentuak benetakoak direla egiaztatze aldera, Sinaduren Erregistroan
inskribatuko dira Gipuzkoako Aldizkari
Ofizialean argitaratu beharreko dokumentuak argitaratzea agintzeko
ahalmena duten pertsonen eskuz egindako sinadurak.
2. Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharreko
dokumentuak argitaratzea agintzeko ahalmena duten pertsonen eskuz egindako
sinadurak modu honetan egiaztatuko dira:
a) Gipuzkoako Foru Aldundian (dokumentuak elektronikoki
bidaltzeko obligazioari buruz 1. artikuluak ezarritakoaren kaltetan gabe),
Araubide Juridikoko zuzendari nagusiaren sinadura zuzendaritza hori atxikia
duen departamentuko foru diputatuak egiaztatuko du, eta idazkari teknikoena
kasuan-kasuan dagokion departamentuko foru diputatuak.
b) Beste administrazio publikoetan eta Justizia Administrazioan
(dokumentuak elektronikoki bidaltzeko obligazioari buruz 1. artikuluak
ezarritakoaren kaltetan gabe), argitaratzea sinatzeko ahalmena dutenen
sinadura egiaztatuko da beren funtzionamenduko arau espezifikoetan
ezarritakoari jarraikiz, arau espezifiko horiek zeintzuk diren espresuki
adierazi beharko delarik. Hori aurreikusten duen araurik ez badago, honela
egiaztatuko dira sinadura horiek:
— Pertsona bakarreko organoen sinadura bere sinadura erregistratuta
daukan goragoko nagusiak.
— Pertsona anitzeko organoen kideen sinadurak, idazkariak; eta
idazkariarena, organo buruak.
c) Partikularren sinadurak notarioak egiaztatuko ditu.
13. artikulua. Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzea sinatzeko
ahalmena duen pertsonari baja ematea edo baimendutakoari baimena baliogabetzea.
1. Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu
beharreko jatorrizko dokumentuak argitaratzea sinatzeko baimena duen pertsonari
hasieran emandako baimen hori kentzen bazaio, bere erakundeak baimenaren
baliogabetzea jakinarazi behar dio Sinaduren Erregistroari eta horretarako
III. eranskineko eredua erabiliko du. Baliogabetzea jakinarazteko betebeharra
foru agindu honen 2.2 eta 2.3 artikuluei jarraikiz baimena eman zuen pertsonari
edo hori ordeztu duenari dagokio.
2. Era berean, argitaratzea
sinatzeko ahalmena duen pertsonak ahalmen hori galtzen badu, bere
erakundeak baja hori jakinarazi behar dio Sinaduren Erregistroari eta
horretarako III. eranskineko eredua erabiliko du. Baja jakinarazteko
betebeharra ahalmena zuen pertsona ordeztu duenari dagokio.
3. artikulu honen aurreko bi ataletan aipatu baliogabetzea edo baja
jakinarazi arte, pertsona horiek egindako guztiagatik sor daitezkeen erantzukizun
eta ondorioak beren erakundeei egotziko zaizkie.
Lehen xedapen iragankorra. Sinaduren Erregistroan lehen aldiz alta
ematea.
Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean
argitaratu beharreko jatorrizko dokumentuak argitaratzea sinatzeko ahalmena
duten pertsonen hasierako alta ofizioz egingo da, Foru Inprimategian gaur
egun dauden datuei jarraikiz.
Ahalmena duen pertsona horrek beste bati baimena eman nahi badio «GAO
argitalpenak» aplikazioaren erabiltzaile gisa entitate argitaratzailearen
administratzaile profilarekin, III. eranskineko eredua bete beharko du.
Bigarren xedapen iragankorra. Gipuzkoako udalerriek, beste
administrazio publikoek eta Justizia Administrazioak dokumentuak bitarteko
eletrkonikoak erabiliz bidaltzea.
Behin-behinean, 2009ko abenduaren 31 arte, Gipuzkoako udalek, gainerako
administrazio publikoek eta Justizia Administrazioak elektronikoki edo
paperean (foru agindu honen 6. artikuluaren arabera) bidali ahal izango dituzte
Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean
argitaratu beharreko dokumentuak.
Nolanahi ere, 2010eko urtarrilaren 1etik aurrera erabat aplikagarria
izango da foru agindu honen 1. artikuluan ezarritakoa, eta hortaz, Foru
Inprimategiak itzuli egingo dizkie aurreko paragrafoan aipatu entitateei
paperean bidalitako dokumentuak edo bidali gabetzat joko ditu, eta eskatuko
die elektronikoki igortzeko.
Amaierako xedapena. Indarrean jartzea.
Foru agindu hau Gipuzkoako Aldizkari
Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.
Hau guztia denen jakinaren gainean jartzen da.
Donostia, 2009ko maiatzaren 22a.—Jorge Balerdi, Departamentuko
idazkari teknikoa.
(2997) (6543)
II. ERANSKINA «GAO ARGITALPENAK» 1. Xedea: Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu
beharreko xedapenak, egintza administratiboak eta iragarkiak bitarteko
elektronikoak erabiliz bidaltzea eta dokumentu horiek argitaratzea
elektronikoki sinatzeko ahalmena edo baimena duten pertsonak (alta eta
baliogabetze/baja eskaerak) eta horien sinadura elektronikoak kudeatzea. 2. Funtzionalitatea: «GAO
argitalpenak» aplikazio informatikoak honako zerbitzu hauek dauzka: — J2EE aplikazioa. — Internet inguruneko zerbitzari segurua (https) eta Filenet dokumentu
kudeatzailea. — Gipuzkoako Aldizkari
Ofizialean argitaratu beharreko jatorrizko dokumentuak argitaratzea
sinatzeko ahalmena edo baimena duten pertsonen alta, baliogabetze eta bajak
eta aplikazioaren gainerako erabiltzaileen erregistroa. — Argitaratzeko eskaera eta argitaratu beharreko dokumentuak
elektronikoki sinatzea eta sinatutako eskaera eta dokumentuak bitarteko
elektronikoak erabiliz bidaltzea. — Jasotako dokumentu elektronikoen eta horietan jarritako sinadura
elektronikoen benetakotasuna eta osotasuna egiaztatzea. — Argitaratzeko eskaera eta dokumentua sinatzeko erabili den
ziurtagiri elektronikoa indarrean dagoela egiaztatzea. Ziurtagiri
elektronikoen egoera egiaztatzeko Online Certifcate Status Protocol (OCPS)
protokoloa erabiliko da. — Denbora-zigilua. — Dagozkion tasak on-line ordaintzea, Euskal Autonomia Erkidegoko
Administrazioaren ordainketa-pasabidea erabilita. — Argitaratutako dokumentuak kontsultatzea. 3. Organo arduraduna: Foru
Inprimategia. 4. Aplikazioaren erabiltzaileak:
Egin ditzaketen ekintzen arabera, profil hauek daude: — Entitate argitaratzailearen administratzailea, entitatearen datuak
aldatzen dituena, hala nola, tasak edo iragarkien abisuak jasotzeko posta
elektronikoak, helbidea eta iragarkia tramitatu edo sinatuko duten pertsonak.
Entitatean aplikazioaren erabiltzaileak diren pertsonen altak, bajak eta
baliogabetzeak kudeatzen ditu. — Erabiltzaile sinatzaileak, argitaratu beharreko dokumentuak
argitaratzea elektronikoki sinatzeko ahalmena edo baimena dutenak.
Dokumentuak argitaratzearekin lotuta aplikazioak dituen ekintza guztiak
egiteko ahalmena izango dute erabiltzaile hauek eta horretarako, Sinaduren
Erregistroaren lehen atalean izena eman behar dute. — Erabiltzaile tramitatzaileak, argitaratzearekin lotuta
aplikazioak dituen ekintza guztiak egiteko ahalmena izango dutenak, argitaratzeko
agindua elektronikoki sinatzea izan ezik. — Erabiltzaile itzultzaileak, argitaratu beharreko dokumentuen itzulpenari
lotuta aplikazioak dituen ekintzak egiteko ahalmena izango dutenak. 5. Aplikazioan sartzeko
bitartekoak: Sinadura elektroniko aitortua, Izenpe SA, Camerfirma SA edo beste
ziurtapen zerbitzuen emaileren batek emandakoa, beti ere, Gipuzkoako Foru
Aldundiak onartu badu Diputatuen Kontseiluaren erabaki bidez eta aplikazio
informatiko honetan erabil badaiteke; horiez gain, pertsona fisikoek nortasun
agiriari erantsitako sinadura elektronikoko sistemak erabili ahal izango
dituzte. 6. Aplikazioarekin
bateragarriak diren fitxategi formatuak: Doc (word), rtf (testua), xls
(excel), pdf (acrobat), gif eta jpg (formatu grafikoak).
APLIKAZIO INFORMATIKOAREN EZAUGARRIAK