66. zenbakia | Data 2009-04-08 | 43 orria |
LEGAZPIKO UDALA
Iragarkia
Udal-Korporazioaren Osoko Bilkurak, joan den 2009ko urtarrilaren 28a
egin zuen ohiko bileran, Toki-jaurbidearen Oinarriak arautzen dituen Legearen
47.2. artikuluan aurreikusitako gehiengoarekin, besteren artean honako erabakia
hartu zuen:
1. Agenda 21ak aurkeztutako
alegazioaren ondoko puntuak onartzea:
— Eraikin publiko, egoitza eta eskoletan telefoniako antenak jartzea
debekatzea.
— Ordenantzako 10. artikuluan aipatzen diren argi-energiaren mailak
gomendatutako mailak izatea, ez gutxienekoak.
— Mugikortasun Iraunkorreko Planaren irizpideak nahitaez bete beharko
dira hirigintza-jarduera berri guztietan, eta ahal den toki guztietan.
— Ordenantzak espaloietan, bulebarretan eta aparkalekuetako zoruak
iragazgaizteko irizpideak arautuko ditu.
— Ordenantzaren 13. artikuluko D paragrafoan landare aloktonoak
erabiltzeko debekua sartuko da, baldin eta bertako landareak indargabetu eta
haien tokia hartu badezakete, izan dezaketen ugaltzeko gaitasunak eta
larrekotasunak direla-eta.
— Ordenantzan aipamen orokor bat egingo da, orientazioari, energia
aurrezteari, eskaera mugatzeari eta abarri buruzkoa.
— Eraikinetako gune komunetan bonbillak kontsumo gutxikoak eta
argi-energia handikoak izan beharko dira.
— Ordenantzan eguzkitik babesteko sistemak instalatzeko beharra
aipatuko da, geletan-eta eguzki-izpien indarra egokitzeko.
2. Onartutzat eman ez diren
gainerako alegazioak ez onartzea.
3. Ordenantzaren izena aldatzea;
oraingo izena hauxe izango da: Legazpiko udalerriko Urbanizazio, Eraikuntza
eta Ingurumena, Paisaia eta Natura Babestea arautuko duen Udal Ordenantza
4. Ordenantzaren zioen
azalpenetan ordenantzako iraunkortasunari dagozkion balioen aipamena sartzea.
5. Hiri-Antolamendurako Plan
Nagusiaren Hirigintzako Arau Orokorretako 79.1 artikuluari jarraituz, 54.2.A
artikuluan zehaztutako landatze-motetan kendutako zuhaitz bakoitzeko mota
bereko hiru landatuko dira, baldin eta kendutakoak bakanduak, itxura onekoak,
ondo daudenak eta interesekoak badira; ernamuinak, arbola gazteak eta lurzoru
urbanizagarrian dauden arboladi autoktonoak badira, ordea, kendu beharreko
bakoitzeko itxura on samarreko bat aldatuko da. Zuhaitz hauek nolakoak izango
diren eta zenbat eta non jarriko diren dagozkien Urbanizazio-proiektuetan
jasoko dira, zehatz-mehatz.
6. Behin betiko onartzea
Legazpiko udalerriko Urbanizazio, Eraikuntza eta Ingurumena, Paisaia eta
Natura Babestea arautuko duen Udal Ordenantza, aurreko puntuetan onartutako
eta onartu gabeko alegazioetan kontuan izanda.
Erabaki hori jakinarazten dizut aipatu erabakiak arduralaritza-bidek
ahitzen dituela adieraziz eta erabaki horren aurka adierazpena egiten den
hurrengo egunetik eta bi hilabeteko epean Euskal Herriko Auzitegi Gorenean
arduralaritza-auzipideetatikako errekurtsoa jarri ahal izango duzu, horrek
egoki deritzezun beste edozein errekurtso jartzeko aukera eragozten ez
dizularik.
Legazpi, 2009ko martxoaren 27a.—Xotero Plazaola Odriozola, Alkatea.
(774) (4143)
Legazpiko Udalerriko urbanizazio, eraikuntza eta ingurumena, paisaia
eta natura babestea arautuko duen udal ordenantza.
ARRAZOIEN AZALPENA
2007ko abenduaren 26an hartutako erabakian, Legazpiko Udalak udalerrian
indarrean dagoen Hiri Antolamenduko Plan Orokorra behin betiko izaeraz onartu
zuen.
Plan horrek, «B1 – Hirigintza Arau Orokorrak» dokumentuko 5.
artikuluan, zehazki, berori garatzeko hirigintzako eta eraikuntzako udal
ordenantzak idaztea eta onartzea aurreikusten du, dokumentu horretan
aipatutako esparruak arautzeko helburuarekin.
Legazpiko Udalak, Hiri-antolamendurako Plan Orokor berria egiteko
prozesuan nahiz planean jasotakoa burutzeko prozesuan, indarrean dagoen
lege-markoa gainditzea erabaki du iraunkortasun-kota handiagoak lortzeko
ahaleginean; helburu horrekin dagozkion neurriak sartu ditu ordenantza
hauetan.
Ikuspegi materialetik begiratuta, ordenantza hauen helburua berorietan
araututako gaietan esku hartzeko irizpideak zehaztea da. Ikuspegi horretatik
begiratuta, ordenantza hauek ondoko arlo hauek zehazten dituzte:
— Espazio publikoak hiritartzeko eraikuntza kalitateari dagozkion gutxieneko
arauak, hiri zerbitzuen azpiegiturak barne.
— Proiektatutako eraikuntzak egiteko eta titulartasun pribatuko
espazioen tratamendurako baldintza orokorrak, besteak beste, ondoko hauetan
esku hartzeko baldintzen zehaztapenean eraginez: Bizitegi erabilerako
eraikinetan kokatutako eta/edo proiektatutako lokalen bizigarritasuna; bizitegi
erabilerako eraikinetako instalazioen eraikuntza eta funtzionaltasun
kalitatea; bizitegi erabilerako eraikuntzen eta horietako elementuen
segurtasuna; bizitegi erabilerako eraikuntzen eta horietako elementuen
tratamendua; desjabetze bidez esku hartzea, aurretik zeuden eta indarrean
dagoen hirigintza plangintzan finkatutako eraikuntzetarako eta etxebizitzetarako
sarbidea bermatzeko; bizitegi erabilera ez duten erabileretara zuzendutako
eraikinen eraikuntza.
— Jarduketetarako arau eta baldintza orokorrak eta berariazkoak,
udalerrian ingurumena, paisaia eta natura babesteko eta iraunarazteko indarrean
dauden lege xedapenak garatzeko; halaber, iraunkortasuna lortzeko udal
helburua bete nahian, udalerrian ezarriko diren gainerako arau eta baldintzak,
bati ere tokiko Agenda 21aren proposamenetatik, Hiri-antolamendurako Plan
Orokorraren ingurumen-inpaktuaren gaineko azterketaren oharpenetatik eta Udalak
berak gaiari buruz hartuko dituen erabakietatik abiatuta.
— Eraikuntza proiektuak, jarduerak ezartzeko proiektuak, etab. prestatzeko
baldintzak, bai eta proiektu horiek udalean aurkezteko baldintzak, obren,
jarduketen eta jardueren modalitateen sistematizazioarekin, proiektu horien
eduki formalaren zehaztapenarekin, eta abarrekin lotuta egoki deritzen beste
guztiekin osatutakoak; hori guztia dagozkien udal lizentziak eskatzeko eta
horiek izapidetzeko.
Halaber, ikuspegi formaletik begiratuta, ordenantza hauek, besteak
beste, ondoren azaltzen diren oinarrizko bi helburuak dituzte.
Alde batetik, lehenago esandakoaren ildotik, indarrean dagoen hirigintza
plangintzan, eta, zehazki, Legazpiko Plan Orokorrean ezarritako aurreikuspenak
garatzea, plan horren tresna osagarri moduan jokatuz ordenantza hauek eragina
duten gai guztietan.
Bestetik, hirigintzako, eraikuntzako, jardueretako eta abarretako
dokumentuen eta proiektuen eduki formala zehaztea, arlo horretan indarrean
dauden lege xedapenetan ezarritako aurreikuspenak garatuz eta osatuz, egoki iritzi
den esparru guztietan, hala, zeregin horiek zuzen eta modu egokian egin
daitezen. Hala, bada, testuinguru horretan, horietan txertatu beharreko
zehaztapenak eta dokumentuak arautzen dira, eta horiek paperean nahiz formatu
informatikoan aurkezteko derrigortasuna.
LEHENENGO TITULUA
ORDENANTZEN APLIKAZIOARI BURUZKO XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua. Ordenantzen
helburua.
Ordenantza hauen helburu nagusia honako hau da: Legazpin indarrean
dauden hirigintza legerian nahiz hirigintza plangintzan ezarritako
aurreikuspenak garatzeko asmoz (Indarrean dagoen plangintza hori honako hauek
osatzen dute: Legazpiko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak, 2007ko abenduaren
26an behin betiko izaeraz onartu zenak; plan horrek finkatutako plangintzak;
Plan Orokor hori garatzeko sustatuko den plangintzak. Dena den, ordenantza
hauetan ezarritako aurreikuspenek finkatutako plangintza horrek eragindako
esparruetan izango duten aplikazioak bateragarria izan behar du berorren finkatze
irizpideekin, eta horren mende egongo da.), plangintza horretan proiektatutako
hirigintza eta eraikuntza lanen eta jarduketen proiekzio eta exekuzio baldintzak
zehaztea nahiz horiek bete behar dituzten ingurumenarekin eta dagozkien
proiektuen lanketarekin lotutako baldintzak xehatzea.
Horrez gain, helburu hori ordenantza hauen aurreikuspenek eragina
duten gainerako arloen arautzeak osatuko du.
2. artikulua. Ordenantzen
aplikazio esparrua.
Ordenantza hauek eta berorien aurreikuspenak, indarrean sartzen diren
unetik bertatik, Legazpiko udalerri osoan aplikatuko dira.
3. artikulua. Ordenantza
hauek indarrean irauteko eta aplikatzeko baldintzak.
1. Oro har, ordenantza hauek
eta berorien proposamenek, ordenantza hauen helburu diren gaiak arautzen
dituzten aurreikuspenak ordezkatzen eta baliogabetzen dituzte; aurreikuspen
horiek une honetan indarrean dagoen Hiri Antolamenduko Plan Orokorra indarrean
sartu aurreko hirigintza plangintzan bilduta zeuden, Plan horretako «B1 –
Hirigintza Arau Orokorrak» dokumentuko Bigarren Xedapen Iragankorreko «A»
atalean aipatutakoak barne.
2. Dena den, Plan Orokor
horrek finkatutako hirigintza plangintzak eragindako eremuetan, ordenantza
hauetan jasotako aurreikuspenen indarraldia eta aplikazioa plangintza hura
finkatzeko baldintzekiko bateragarritasunak baldintzatuko ditu.
3. Helburua kontuan hartuta,
eta hurrengo atalean aipatzen den salbuespenaren kalterik gabe, indarrean
dagoen Hiri Antolamenduko Plan Orokorra garatzeko sustatuko den plangintzak
ordenantza hauetan ezarritakora egokitu beharko ditu edukia eta proposamenak,
eta ezingo ditu ordenantzen ezarpenak aldatu.
4. 3. puntuan aipatu den
salbuespena, ordenantza hauetako zenbait aurreikuspenekin lotuta dago,
zehazki, garapen plangintzaren eragin esparruari dagozkion ezaugarri eta
baldintza berezien araberako egokitzapenak izan daitezkeen aurreikuspenekin.
Edozein modutan ere, egokitzapen horren beharra nahiz berorren edukia eta
irismena derrigorrez justifikatu beharko dira aurrez, eta, bestalde, udal zerbitzu
teknikoek egokitzapen hori egokia dela baieztatu beharko dute aurrez.
4. artikulua. Ordenantzen
dokumentuak. Dokumentuen eta horien xedapenen maila eta lotespen arautzailea.
1. Ordenantza hauek honako
dokumentu hauek biltzen dituzte:
— «1. Memoria» dokumentua.
— «2. Ordenantzak» dokumentua.
2. Zentzu hertsian, «2.
Ordenantzak» dokumentuan jasotako xedapenek izaera arautzailea dute.
3. Bestalde, «1. Memoria»
dokumentuak eta horren aurreikuspenek «2. Ordenantzak» izeneko dokumentuko
proposamenei buruzko informazioa emateko helburua dute, eta baita horiek
justifikatzeko eta interpretatzeko helburua ere.
4. Ordenantza hauek, eta,
zehazki, «2. Ordenantzak» dokumentuko aurreikuspenek, indarrean dagoen hirigintza
legerian horientzat ezarritako maila arautzailea dute (Maila arautzaile
hori, besteak beste, 2006ko ekainaren 30eko Lurzoruari eta Hirigintzari
buruzko Legeko 60. eta 75. artikuluetan ezarritakoa da.).
5. artikulua. Ordenantzen
aldaketa.
1. Ordenantzen aldaketak
indarrean dagoen hirigintza legerian ezarritako irizpideen arabera egokituko
dira.
2. Testuinguru horretan,
aldaketak interes orokorreko arrazoietan oinarritu beharko dira, eta edukiaren
eta irismenaren azalpen xehakatua beharko dute, aldaketen berariazko
justifikazioarekin batera.
3. Aldaketa guztiek lotura
izan beharko dute justifikatzen dituen arrazoiarekin, eta ezin izango da
espedientean arrazoi horrekin loturarik ez duen antolamenduko aldaketarik
sartu, ezta egindako deskripzio eta justifikazioetan berariaz aipatu gabekorik
ere.
4. 3. idatz-zatian
azaldutakoarekin bat etorriz, planteatutako aldaketa guztiak ebaluatu eta
justifikatu egin beharko dira, besteak beste, horiek udalerri osoan dituzten
eraginen ikuspegi orokorretik; ezingo da lurralde esparru honen testuinguruan
justifikatu gabeko aldaketa puntualik egin.
BIGARREN TITULUA
HIRITARTZE ORDENANTZAK: ERAIKITZE KALITATEARI BURUZKO OINARRIZKO ARAUAK
ETA ESPAZIO PUBLIKOEN HIRITARTZEAREN
ZERBITZU MAILA
6. artikulua. Hiritartzeko
baldintza orokorrak.
Udalerrian indarrean dagoen hirigintza plangintzan aurreikusitako
hiritartze obrak eta jarduketak antolatzeko eta exekutatzeko sustatuko diren
proiektuek eraikuntza kalitatea eta hiritartze elementuen zerbitzu maila
arautzen dituzten baldintzak bete beharko dituzte; baldintza horiek arlo
horretan indarrean dauden lege xedapenen multzoan aipatutako plangintza eta
ordenantza hauek barne definituta daude.
Horretarako, halako proiektutzat hartuko dira 2006ko ekainaren 30eko
Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko Legeko 194. eta 195. artikuluetan
aipatutako guztiak, bai eta udalerrian indarrean dagoen Hiri Antolamenduko Plan
Orokorreko «B.1 Hirigintza Arau Orokorrak» dokumentuko 35. artikuluan
aipatutakoak ere.
7. artikulua. Ur hornidurarako
sarea eta zerbitzua arautzeko baldintzak.
1. Baldintza orokorrak.
Oro har, baldintza horiek honako hauek dira: Gipuzkoako Ur Kontsortzioko
uraren ziklo osoari dagokion zerbitzua arautzen duen ordenantzan, 2007ko
abenduaren 3ko erabakian behin betiko izaeraz onartu zenean, ezarritakoak nahiz
arlo horretan indarrean dauden gainerako lege xedapenetan zehaztutakoak.
Aurrekoekin batera, artikulu honetako gainerako idatz-zatietan
azaldutako aurreikuspenak ere aplikatuko dira, aurreko xedapenetan arautu
gabeko gaietan eragina dutenean betiere.
2. Kalkulurako zuzkidurak.
a. Bizitegi erabilerako
eremuetan, sarea Gipuzkoako Ur Kontsortzioak kasu eta une bakoitzerako
egoki deritzon zuzkidura hornitzeko aukera emango duen baldintzetan
proiektatuko da.
b) Jarduera ekonomikoetara
(industria jarduerak eta hirugarren sektorekoak) eta ekipamendu jardueretara
zuzendutako eremuetan, hornidura emariei buruzko azterketa berezia egingo da.
Dena den, arlo horri dagokionez, Gipuzkoako Ur Kontsortzioak kasu bakoitzean
erabakitakoa beteko da.
c) Sare orokorraren diseinuan,
suteetarako ur hartuneen eragina ere hartu beharko da kontuan, eta, alde
horretatik, sute batetik hurbilen dauden ur hartune biak martxan jarriz gero,
bakoitzaren emaria gutxienez 1.000 litro/minutuko izango da, bi ordutan
zehar, eta gutxieneko presioa 10 m.c.a.-koa.
3. Sarea lursailean ezartzea.
Ahal dela behintzat, ur hornidurako eta banaketako hodiak espaloiaren
azpian kokatuko dira, eta estolderiaren mailatik gora.Gutxieneko estaldura
0,80 m-koa izango da espaloien pean, eta 1,00 m-koa galtzadapean. Egoki
irizten denean, galtzadapeko pasaguneak beste hodi baten barruan antolatuko
dira; hodi horrek hormigoizko errefortzua izango du. Kutxetetako hormak
hodiak igarotzekoekin zeharkatuko dira. Udal zerbitzu teknikoek arazoa aztertu
ondoren, udalak egoki deritzonaren arabera jokatuko da arlo horretan.
4. Ureztapenerako eta
suteetarako ur hartuneak.
a) 50 m-ko tarteetan
ureztapenerako hartuneak jarriko dira, eta udalak homologatutako ereduak
erabiliko dira.
b) Halaber, suteetarako ur
hartuneak, homologatutako ereduekin bat datozenak, ibilgailuentzako sarbide
egokia duten tokietan jarri beharko dira, eta batetik bestera gehienez 200 m
egongo dira. 100 mm motakoak izango dira, izozteak eta ekintza mekanikoak
jasateko prestatuak, eta hiru irteera dituen zutabe batez amaitutakoak, honako
diametro hauekin: 100 mm-ko irteera bat eta 70 mm-ko bi irteera. 100 mm-ko
diametroko irteerak Storz modeloko errakorra izan beharko du, eta 70 mm-koek,
berriz, Barcelona motako errakorra izango dute (UNE 23,400-80 Arauaren
araberakoa). Hartune bakoitzak hodi bereizia izango du sarearekin lotzeko,
eta horren diametroa gutxienez 100 mm-koa izango da; itxitura balbula izango
dute, uhate motakoa.
c) Su hartzeko arrisku handia
duten industriek auto-hornidurarako tanga bat izango dute sute kasuetarako, gutxienez
2 orduko autonomiarekin, beren ezaugarri berezien arabera.
5. Sareko beste elementu batzuk.
a) Kutxetak hormigoi
armatuzkoak izango dira, eta burdinurtuzko estalkiak izango dituzte, bideetan
sendotuak, eta dagozkion zerbitzuko inskripzio elebidunak eta udal zerbitzuen
anagrama izango dituzte. Beharrezkoa den kasuetan, metalezko pateak izango
dituzte, dentsitate altuko polipropilenoz edo polietilenoz estalitakoak.
b) Ukondo eta tarte
maldadunetan ainguraketak prestatuko dira, eta horiek 200 mm-tik gorako
diametrotik hasita dimentsionatuko dira, lurraren bultzada pasiboa kontuan
izan gabe.
c) Eraikuntza berrietan,
kontagailuak bateria zentralizatu batean ezarriko dira, horretarako egokitutako
eta beheko solairuan edo sotoan kokatutako lokal batean, udal zerbitzuek erraz
erabiltzeko moduko leku batean.
6. Ingurumenarekin lotutako
neurriak.
a) Ura aurreztea sustatzeko
eta bermatzeko, kasu bakoitzean egoki deritzen neurriak eta instalazioak
zehaztuko eta ezarriko dira.
b) Espazio publikoak uraren
berrerabilpenean oinarritutako sistemen bitartez ureztatzeko, garbitzeko, eta
abarrerako aukera emango duten neurri eta instalazio egokiak zehaztuko eta
ezarriko dira.
c) Oro har, Europar
Batasunaren etiketa ekologiko bidez egiaztatutako ingurumen kalitatearen bermea
izango duten materialen erabilera sustatuko da.
d) Sustatuko diren hiritartze
obren proiektuek aurreko idatz-zatietan azaldutako aurreikuspenak zein mailatan
betetzen diren egiaztatu beharko dute, eta, hala dagokionean, horrekin lotuta
egon daitezkeen eta/edo sor daitezkeen arazoak eta zailtasunak, eta, kasu
horretan, horiei aurre egiteko planteatutako neurriak zehaztuko dituzte.
7. Ezarritako baldintzetan
gertatutako aldaketak.
Ez ohiko kasuetan, eta behar bezala justifikaturiko arrazoiengatik,
aldaketak onartu ahal izango dira artikulu honetako aurreko idatz-zatietan
ezarritako baldintzei buruz, baina, horretarako, ezinbestekoa izango da udal
zerbitzu teknikoek txostena aurrez aurkeztea.
8. artikulua. Saneamenduko
sarea eta zerbitzua arautzeko baldintzak.
1. Baldintza orokorrak.
Oro har, baldintza horiek, arlo horretan indarrean dauden lege
xedapenetan ezarritako baldintzak dira.
Aurrekoekin batera, artikulu honetako gainerako idatz-zatietan
azaldutako aurreikuspenak ere aplikatuko dira, aurreko xedapenetan arautu
gabeko gaietan eragina dutenean betiere.
2. Sarearen ezaugarriak.
a) Oro har, hiritartu berriak
diren eremu guztietan nahiz hiritartzea berritu den eremuetan, ur zikinen
sarea sistema bereizlean oinarrituko da. Dena den, hiritartzea berritzeko
lanetan hondakin urak bideratzeko irtenbide unitario puntualak onar daitezke,
salbuespen gisa, baina ur beltzen sarean ur garbizko emari handiak sartzea
saihestuko da beti.
Bereizitako sistema horietako kutxetak espazio publikoetan kokatuko
dira, eta ez lursail pribatuen barruan.
b) Ur horniduraren saneamendu
sare orokorrera lotura egitea posible ez den kasu guztietan, egin beharreko
lanen eta jarduketen exekuzioan ura garbitzeko izaera autonomoko sistema
egokia ezartzea beharrezkoa izango da.
3. Kalkulurako zuzkidurak.
Hodi unitarioak eta sare bereizleetako euri urarenak formula arrazional
bat edo egoki irizten den beste formularen bat erabiliz dimentsionatu beharko
dira, Gipuzkoako Ur Kontsortzioak kasu eta une bakoitzean egoki deritzon ur
zuzkidurekin bat etorriz.
4. Isurkariaren abiadura
Halaber, proiektuan gehienezko abiadura arrazoitu beharko da, euri uren
goreneko emarirako 0,75eko sakonera/diametro erlazioa kontuan hartuta, eta ur
beltzen goreneko emarirako 0,50eko sakonera/diametro erlazioa. Gutxieneko
abiadura auto-garbiketarako aurreikusitakoa izango da.
5. Sarearen ezaugarriak eta
berori lursailean ezartzea.
a) Sare orokorreko hodi
guztiek, gutxienez, 300 mm-ko diametroa izango dute, eta proiektuan horien
materiala aukeratzeko arrazoiak azaldu beharko dira; ur beltzak bideratzeko
hodiak PVCkoak UNE EN 1401 – 1 arauaren arabera edo hormigoi masazkoak izan
daitezke, 400 mm-ko diametroetarako edo horiek baino txikiagoetarako, eta 400
mm-tik gorako diametroetarako hormigoi armatu zentrifugatua eta gomazko juntura
estankoa erabiliko da, ASTM Araudiak betez mota guztietarako hodiak
hormigoizkoak badira.
b) Gehieneko abiadura 4
m/s-koa izango da hormigoizko hodien kasuan, eta 5 m/s-koa PVCko hodien kasuan.
c) Sarea ur hornidurarako
hodiak baino beheragoko mailan egongo da, galtzada azpian, oro har, eta gutxienez
1,00 m-ko estaldura izango du, eta kasu bakoitzean beharrezkoa den hormigoi
sendogarriaz estaliko da. Sekzio eta lerrokadura aldaketetan, adarretako
hartuneetan erregistro kutxetak edo putzuak jarriko dira, 50 metrotik 50
metrora gehienez ere.
d) Erregistro kutxetak
hormigoi armatuzkoak izango dira, aldez aurretik edo bertan fabrikatuak;
burdinurtuzko estalkiak izango dituzte, bideetan sendotuak, eta dagozkion zerbitzuko
inskripzio elebidunak eta udal zerbitzuen anagrama izango dituzte. Beharrezkoa
den kasuetan, metalezko pateak izango dituzte, dentsitate altuko
polipropilenoz edo polietilenoz estalitakoak. Ur beltzen eta mistoen sareak
estankoak izango dira, eta egin beharreko probak egingo dira aurrekoa egiaztatzeko.
e) Sareak ezartzeko eta
exekutatzeko orduan mikrokamerak ezartzeko eta erabiltzeko aukera izan behar
dela kontuan izango da, horien bitartez sareen sekzioa egiaztatzeko.
Halaber, azpiegitura horiek seinaleztatzeko dagozkien zintak jarriko
dira, etorkizunean azpiegitura horiek erraz aurkitu ahal izateko.
6. Ingurumenarekin lotutako
neurriak.
a) Espazio publikoak uraren
berrerabilpenean oinarritutako sistemen bitartez ureztatzeko, garbitzeko, eta
abarrerako aukera emango duten neurri eta instalazio egokiak zehaztuko eta
ezarriko dira.
b) Planteatutako helburuak lortzea
posible bada eta horiekin bateragarri den heinean, eta horien eraginkortasun
orokorraren maila beste batzuena baino handiagoa dela uste bada, hiri
instalazio kolektiboak edo zentralak antolatuko eta ezarriko dira bai euri urak
eta bai ur zikinak jasotzeko, garbitzeko eta biltzeko, hala, ur horien
berrerabilera sustatzeko beste edozein helburutarako.
c) Oro har, eta behar bezala
justifikatutako salbuespenen kalterik gabe, Europar Batasunaren etiketa
ekologiko bidez egiaztatutako ingurumen kalitatearen bermea izango duten
hiritartzeko materialen erabilera sustatuko da.
d) Sustatuko diren hiritartze
obren proiektuek aurreko idatz-zatietan azaldutako aurreikuspenak zein mailatan
betetzen diren egiaztatu beharko dute, eta, hala dagokionean, horrekin lotuta
egon daitezkeen eta/edo sor daitezkeen arazoak eta zailtasunak, eta, kasu
horretan, horiei aurre egiteko planteatutako neurriak zehaztuko dituzte.
7. Ezarritako baldintzetan
gertatutako aldaketak.
Ez ohiko kasuetan, eta behar bezala justifikaturiko arrazoiengatik,
aldaketak onartu ahal izango dira artikulu honetako aurreko idatz-zatietan
ezarritako baldintzei buruz; hala ere, horretarako, honako baldintza hauek
bete beharko dira: Batetik, aldaketa horien egokitasuna modu zehatz eta zorrotzean
justifikatu beharko da eta, bestetik, ezinbestekoa izango da udal zerbitzu
teknikoek aldaketa horien aldeko txostena aurrez aurkeztea.
9. artikulua. Telekomunikazio
sarea arautzeko baldintzak.
1. Instalazio batzuen
helburua kontuan izanda, lur azalean ezartzea beharrezkoa duten instalazioen
(antenak edo antzekoak) kasuetan izan ezik, telekomunikazio sarea lur azpikoa
izango da hiritartu berriak diren eremu guztietan, eta, bestalde, kokaleku
horixe antolatu beharko da gaur egun aireko linea duten eta berriro hiritartu
beharrekoak diren eremuetan.
2. Lurpeko sarearen
ezaugarriak enpresa hornitzaileak ezarritako kalitate eskakizunen araberakoak
izango dira, bai hodiei dagokienez eta bai erregistro kutxetei eta ganberei
dagokienez ere.
3. Oro har, eta behar bezala
justifikatutako salbuespenen kalterik gabe, Europar Batasunaren etiketa
ekologiko bidez egiaztatutako ingurumen kalitatearen bermea izango duten
hiritartzeko materialen erabilera sustatuko da.
4. Oro har, sarea arlo
horretan indarrean dauden lege xedapenetan ezarritako baldintzetara egokituko
da.
Halaber, azpiegitura horiek seinaleztatzeko dagozkien zintak jarriko
dira, etorkizunean azpiegitura horiek erraz aurkitu ahal izateko.
5. Ordenantza hauetako 13.
artikuluko 8. idatz-zatian ezarritakoarekin bat etorriz, lur azpiko
telekomunikazioen azpiegitura guztiak helburu horretarako proiektatutako
galerietan, hodi biltzaileetan edo hodi unitarioetan ezarriko dira, eta halaxe
jasoko da dagozkien hiritartze obren proiektuetan; proiektu horiek bi hodi
aurreikusiko dituzte, gutxienez.
6. Ez ohiko kasuetan,
dagozkien hiritartze obren proiektuetan ezarritako baldintzetan, espazio
publikoen gainazalean telekomunikazioko antenak ezartzea baimenduko da, baina
aurrez behar bezala justifikatu beharko da, eta, bestalde, interes orokorrerako
egoki dela egiaztatu beharko da.
7. Debekatuta dago telefoniako
antenak eraikin publikoetan, egoitzetan eta ikastetxeetan ezartzea.
10. artikulua. Gas
hornidurarako eta banaketarako sarea arautzeko baldintzak.
1. Gas banaketarako sarea lur
azpikoa izango da udalerri osoan, eta dagozkien hiritartze obren proiektuetan
erabakitako tokietan eta baldintzetan ezarriko da.
2. Sare horren eta horri
lotutako instalazioen ezaugarriek konpainia hornitzaileek ezarritako kalitate
betebeharrak bete behar dituzte, eta sarearen ezarpena arlo horretan indarrean
dauden lege xedapenetan ezarritako baldintzetan egingo da.
3. Oro har, eta behar bezala
justifikatutako salbuespenen kalterik gabe, gas sarea ezartzeko orduan,
Europar Batasunaren etiketa ekologiko bidez egiaztatutako ingurumen
kalitatearen bermea izango duten materialen erabilera sustatuko da.
11. artikulua. Energia
elektrikoaren hornidurari eta herri argiteriari dagokien sarea eta zerbitzua
arautzeko baldintzak.
1. Hodien ezaugarriak.
a) Bizitegi erabilerako
garapenen, jarduera ekonomikoen nahiz ekipamendu berrien garapen berrietara esklusiboki
nahiz erabilera mistoan zuzendutako eremuetan, energia elektrikoaren banaketa
sareak (13,2 kv., behe tentsioa) lur azpikoa izan behar du nahitaez.
b) Bestalde, lur azpian
sartuko dira baita ere hiritartze jarduketak egingo diren esparruetako aireko
hodiak, helburu horretarako egin beharreko lanen irismen teknikoa eta
ekonomikoa hauenarekin bateragarria eta/edo orekatua den heinean. Kasu
horietan, egoera bakoitzean egoki den erabakia hartu ahal izateko, udal zerbitzu
teknikoek egingo diren jarduketa guztiak ebaluatuko dituzte eta egoki deritzen
txostena edo txostenak emango dituzte.
c) Aurreko paragrafoetan jaso
ez diren beste egoera batzuetan, behar bezala justifikatutako arrazoiengatik,
kable elektrikoak airean ezarri behar badira, besteak beste, ondoko baldintza
hauetara egokitu beharko dute kable horiek:
— Kableak errepidea gurutzatu behar badu, errepidearen arrasaren
gainetik 6,50 metrora igaroko da.
— Gainera, oro har, kableak arlo horretan eskumena duten erakundeak edo
erakundeek ezarritako irizpide teknikoen arabera egokituko dira.
— Halaber, azpiegitura horiek seinaleztatzeko dagozkien zintak jarriko
dira, etorkizunean azpiegitura horiek erraz aurkitu ahal izateko.
Ondoren zehaztutako salbuespenarekin, aireko kableak ezartzeko aukera
hori ez da inola ere udalerrian hiritar edo hiritargarri gisa sailkatutako
lurzoruetara hedatuko. Salbuespenak lurzoru hiritarrezinekin mugan dauden
lurzoru hiritarretan edo hiritargarrietan soilik izango du eragina, lurzoru
hiritarrezin horiekiko mugan aireko kableak ezartzeko zutoinak ezarri behar
direnean eta kable horiek lurzoru hiritarrezinean ere ezarri behar direnean.
2. 30 eta 13.2 kv-ko aireko
lineetarako gutxieneko tarteak.
a) Linea elektrikoko eroaleen
eta eraikin edo eraikuntzetako gune irisgarrien artean egongo den gutxieneko
tartea, egoerarik okerrenean, 5 metrokoa izango da.
b) Eroaleetatik lursaileko
puntu desberdinetarako (bideak, beteguneak, etab.) gutxieneko tartea,
gehienezko gezi bertikalean, 6 metrokoa izango da.
3. 13.2 kv-ko eta behe tentsioko
lurpeko lineen ezaugarriak.
a) Kanalizazioa, goiko aldean,
0,80 m-ko sakoneran geratuko da, eta horma bikoitzeko polietilenozko hodiz
egingo da; hodiak 160 mm-ko diametroa izango du.
b) Hodiak hormigoizko ohe
batean jarriko dira, eta elementu horrekin estaliko dira goiko hodia baino 20
bat cm gorago.
c) Trazatua ahalik eta
zuzenena izango da, eta bihurguneak irekiak izango dira, linearen eraketa
errazteko. Hodiek kanalizazioan duten kokalekua ez da aldatuko, elkarren
segidako erregistroen artean.
d) Erregistro kutxetak
hormigoizkoak izango dira, aldez aurretik edo bertan fabrikatuak.
e) Erregistro horiek energia
elektrikoaren hornidura zerbitzurako erabiliko dira soilik.
f) Eskakizun horiez gain,
kanalizazioek eta horiek beste batzuekiko dituzten ezarpenek bete egin beharko
dituzte aplikatu beharreko sektore araudiak nahiz erakunde eskudunek eta
konpainia hornitzaileek ezarritako baldintza guztiak, eta bereziki Behe-tentsioko
Arautegi Elektroteknikoaren MI-BT-006 Instrukzio Osagarrian adierazitakoa.
4. Transformazio zentroak
(T.Z.)
a) Transformazio zentro
berrietarako premiak ondoko irizpide hauen arabera zehaztuko dira:
— Etxebizitzen eremuetan, transformazio zentro bat izan beharko da
225 abonatu berriren multzo bakoitzeko, edo 600 biztanle berriren multzo
bakoitzeko.
— Jarduera ekonomikoen eremuetan, transformazio zentro bat izan beharko
da 9.000 m2(s) bakoitzeko.
b) Bestalde, Behe Tentsioko
Arautegi Elektroteknikoarekin bat etorriz, 50 KVAtik gorako eskaera duen
eraikin bat altxatzeko proiektua egiten den bakoitzean, lokal bat gorde
beharko da transformazio zentroa bertan jartzeko. Lokal horrek sarbide erraza
izan beharko du, eta lonja bat edo antzekoa izan daiteke.
5. Zerbitzu mailak.
a) Bide mota desberdinetan
jarri beharko diren gomendatutako argiztapen mailak honako hauek izango dira:
Zerbitzu mailak: Batez besteko argiztapena Em (lx).
Hiribide nagusiak: 20-25 lux.
Gauez gutxiago erabiltzen diren hiribideak: 10-15.
Oinezkoentzako guneak: 7,5-10.
Landa bideak: 5-7,5 lux.
b) Oso bakartuta ez dauden
instalazioetan oso hurbileko argiak ezarriko dira, edo bakarrak, ikusmena egokitzeko
zailtasunak saihesteko.
6. Ingurumenarekin edo
bestelakoekin lotutako neurriak.
a) Kasu guztietan, sarea
proiektatzean intentsitate baxuagoko argiztapenaren aukera ere aurreikusiko
da, eta maniobra koadro berri guztietan nahiz aurretik daudenetan argi fluxua
murrizteko ekipoak ezartzea gomendatuko da.
b) Kontsumo baxuko argiztapen
sistemak erabiliko dira eta, sistema horiek argi kutsadura deuseztatzea
eta/edo ahal beste gutxitzea bilatuko da (presio altuko sodio-lurrunezko
lanparak dituzten argiak edo irizpide horri erantzungo dioten beste batzuk).
c) Zutabearen altuera, lanpararen potentzia,
etab. arautzeko neurriak, kasu bakoitzean errespetatu beharreko baldintzatzaileen
arabera zehaztuko dira. Testuinguru horretan, soilik eta/edo lehentasunez
lurrera zuzendutako argi sistemak erabiltzeko neurriak sustatuko dira, gauez
zeruaren argi kutsadura murriztuko dutenak, horrek dakarren gehiegizko kontsumoa
saihesteko.
d) Oro har, eta behar bezala
justifikatutako salbuespenen kalterik gabe, Europar Batasunaren etiketa
ekologiko bidez egiaztatutako ingurumen kalitatearen bermea izango duten
materialen erabilera sustatuko da.
e) Sustatuko diren hiritartze
obren proiektuek aurreko idatz-zatietan azaldutako aurreikuspenak zein mailatan
betetzen diren egiaztatu beharko dute, eta, hala dagokionean, horrekin lotuta
egon daitezkeen eta/edo sor daitezkeen arazoak eta zailtasunak, eta, kasu
horretan, horiei aurre egiteko planteatutako neurriak zehaztuko dituzte.
12. artikulua. Hiriko
oinezkoentzako bide eta ibilbideen nahiz bidegorrien eraikuntza eta diseinu
ezaugarriak.
Ibilgailu bidezko (motordun ibilgailuak nahiz motorrik gabeak) eta
oinezkoen komunikaziorako sarea, besteak beste, honako ezaugarri hauen arabera
proiektatuko da:
1. Galtzada, espaloiak,
aparkalekuak, eskailerak eta arrapalak, bidegorriak, etab., multzo gisa
harturik, indarrean dagoen hirigintza plangintzako planoetan, hirigintza
plangintza garatzeko sustatutako hiritartze obren proiektuetako planoetan
edo, hala dagokionean, arlo horretan eragina duten beste proiektu berezi batzuetako
(trafiko eta mugikortasun planak, etab.) planoetan adierazitako neurrikoak
izango dira lurzoru hiritar eta hiritargarrietan, eta baita lurzoru
hiritarrezinetan ere.
2. Eremu publikoetan zoladura
jartzean, eremu horiek ibilgailuentzat edo oinezkoentzat diren kontutan
harturik, eta udalerriko alde zaharrak hartzen duen eremuan egitekoak alde
batera utzita, honako ezaugarri hauek ezarriko zaizkie hiritartze obra
berriei:
— Motordun ibilgailuentzako bideetan zoladura malgua izango da, eta
berorren neurria «6.1 – IC Errepideetako Instrukzioko Zoladuren Sekzioak»
Arauan oinarrituko da. Zeharkako sekzioa, oro har, ponpatuz eraikiko da,
erdialdean berdinduz eta %1,5eko maldekin ertzen aldean.
— Bidegorrietan zoladura udalak zehaztutako motakoa izango da, eta
horren ezaugarriak eta baldintzak arlo horrekin lotuta sustatutako berariazko
proiektuetan (hiritartze obren proiektuak; mugikortasun planak eta proiektuak;
etab.) ezarritakoak izango dira.
— Espaloietan, zoladura udalak zehaztutako motakoa izango da, eta
zeharkako sekzioak % 1,5eko malda izango du galtzadarantz. Plazetan eta
pasealekuetan, azaleraren malda ez da %1 baino txikiagoa izango.
3. Udalerriko bidegorrien
sarea bizikletak aparkatzeko instalazio publikoekin osatuko da. Ezaugarri
kualitatiboak nahiz kuantitatiboak, horien kokapena arautzen dutenenak barne,
dagozkien hiritartze obren proiektuetan definituko dira, eta proiektu horiek,
beren aldetik, Legazpiko Mugikortasun Iraunkorrerako Planean ezarritako
irizpideen arabera egokituko dira.
4. Oinezkoek lehentasuna duten
espaloietan, pasealekuetan, berdeguneetan, parkeetan eta plazetan, hiritartze
elementuen diseinuari dagokionez, apirilaren 11ko 68/2000 Dekretuko aginduak
aplikatuko dira nahitaez; dekretu horrek hiri inguruneen, espazio publikoen,
eraikinen eta informazio eta komunikazioko sistemen irisgarritasun baldintzei
buruzko arau teknikoak onartzen ditu.
5. Legazpiko Mugikortasun
Iraunkorreko Planaren irizpideak bete beharrekoak izango dira hirigintzako jarduketa
berri guztietan eta hori bideragarria izango den tokietan.
13. artikulua. Hiritartzeko beste baldintza batzuk.
1.
Zoruen iragazkortzea.
a)
Planteatutako helburuen lorpenarekin bateragarria den neurrian, hiritartze
obren antolamendua nahiz exekuzioa ondoko helburu eta irizpide hauetara
egokituko dira: Iragazkorrak ez diren zolatutako eremuak ahal beste murriztea
eta lurzoruaren iragazte naturalaren ahalmenari eusteko ahaleginak sustatzea.
Horrekin batera, oinezkoentzako nahiz ibilgailuentzako
(motordunak nahiz motorrik gabeak) espazio publikoetan euria iragazten utziko
duten materialak edo eraikuntza-konponbideak erabiliko dira lehentasunez,
batik bat, espaloietan, bulebarretan eta aparkalekutan.
Aparkalekuetan, zoladura iragazkorrak nahiz
armazoi moduko konponbideak erabiltzea gomendatzen da.
Zoladura iragazkorrak erabiltzeaz gain,
espaloietan eta, batik bat, bulebarretan espazio publikoa diseinatzerakoan
lorategiak sartzea gomendatzen da.
b) Sustatuko diren hiritartze
nahiz eraikuntza obren proiektuek aurreko idatz-zatietan azaldutako
aurreikuspenak zein mailatan betetzen diren egiaztatu beharko dute, eta, hala
dagokionean, horrekin lotuta egon daitezkeen eta/edo sor daitezkeen arazoak eta
zailtasunak, eta, kasu horretan, horiei aurre egiteko planteatutako neurriak
zehaztuko dituzte.
2. Landaredia.
a) Espazio publikoetako zuhaitzak
modu egokian zaindu beharko dira.
b) Proiektatutako hiritartze
obrek aurretik dauden zuhaitzei eragin badiezaiekete, kasuan kasu hartu
beharreko neurriak zehaztuko dira, hiritartze obrak egiterakoan zuhaitz horiek
inolako kalterik jasango ez dutela bermatzeko.
c) Aurretik dauden zuhaitzak
bere horretan gordetzea ezinezkoa den kasuetan eta planteatutako helburuen
lorpenarekin bateragarria ez denean, hiritartze obra horiek egiteko baldintza
izango da ingurua antzeko espezieekin edo bertako espezieekin birpopulatzea,
udal zerbitzu teknikoek ezarritako irizpideen arabera eta kasu bakoitzean
sortuko den egoera zehatza, eta, bereziki, zuhaitzen itxura, kontuan
hartuta.
Baso ustiapenei dagozkien landaketak ez dira hemen kontuan izango.
d) Oro har, espazio
publikoetan berorien baldintza bioklimatikoetara egokitutako espezieak
erabiliko dira. Zehazki, baldintza horiek kontuan hartuta, udal zerbitzu
teknikoek zehaztutako zuhaitz espezieak landatuko dira. Landare aloktonoak
erabiltzea debekatzen da, batik bat erraz erreproduzitzen direnak eta,
ondorioz, espezie autoktonoak ordezka ditzaketenak.
3. Hiri altzariak.
Legazpiko udalerriko espazio publikoetan ezarri beharreko hiri altzariak
dagozkien hiritartze obren proiektuetan ezarritako irizpideen arabera
egokituko dira, eta baita, hala dagokionean, udalak landuko eta onartuko duen
Hiri Altzarien Katalogoan ezarritakoen arabera.
4. Hiri hondakinak.
Hirigintza garapen berrietan nahiz udalerrian egoki iritzitako
kokapen finkatuetan hiri hondakinen gaikako bilketa egiteko gune egokiak
(edukiontzi berdea, urdina eta horia) antolatuko eta ezarriko dira. Edukiontzi
horiek, arlo horretan indarrean dauden lege xedapenetan ezarritako irizpideak
garatzeko arlo horretan eskumena duen administrazioak zehaztutako baldintzetan
ezarriko dira.
5. Landa eremuko errepideak
eta bideak.
Landa eremuko errepide eta bideen ondoko zerbitzuen azpiegituren
hodiak errepide edo bide horien kanpoko ertzetik bereizi egin beharko dira.
Hodiek landa eremuko errepidea edo bidea zeharkatu beharko balute, hodi
horiek udal zerbitzu teknikoek zehaztutako irizpideen arabera egokituko dira,
eta ezingo dira erregistro kutxetak ezarri galtzadan.
6. Finken itxiturak.
a) FInken itxiturak, ahal
bada, harrizkoak, metalikoak, zurezkoak, hesolekin eta alanbrearekin (alanbreak
lisoa izan behar du beti) egindakoak edo landareekin egindakoak izango dira;
kalitate txarreko ageriko hormigoizko hormak eta bistako edo zarpiatu gabeko
hormigoi blokezkoak debekatuko dira.
b) Edozein modutan ere, itxitura
itsuen altuera, ikuspegia erabat ezkutatzen duten zuhaitz sarriena barne,
1,00 m-koa izango da gehienez. Horien gainean metalezko, zurezko edo antzeko
beste materialen bateko hesiak ezarri ahal izango dira, gehienez ere 2,00 m-ko
altuera arte. Landare hesien bidezko itxitura jarraituek, gehienez ere, 2,00
m-ko altuera izango dute. Halaber, itxitura oro finkaren eta bide publikoen
arteko mugetatik 80 cm-ra ezarriko da gutxienez, eta errepideekiko distantzia
3,00 m-koa izango da.
c) Eustormen akabera ageriko
harri lanaren bidez egingo da nagusiki, eta ageriko hormigoia ere baimenduko
da, kalitatezko akaberekin betiere, eta azalera txikietan.
d) Eraikuntza berriek
paisaian izan dezaketen eragina murrizteko, udalak horien inguruan espezie
autoktonoko zuhaitzak landatzea eskatu ahal izango du, eraikitako 100 m2-ko
zuhaitz bateko proportzioan.
7. Instalazio zentralak edo
kolektiboak.
Hiri instalazio zentral eta kolektiboen eraginkortasun orokorraren
maila beste batzuena baino handiagoa dela ikusten bada, instalazio horiek
antolatu eta ezarriko dira.
Instalazio zentral horiek egokiak badira, kasuan kasu ondoko hauek
zehaztuko dira:
— Alde batetik, horien irismen materiala: Klimatizazioko instalazioak,
ur beroaren hornidura, hiri hondakinen bilketa, euri uren eta ur zikinen
bilketa, arazketa eta biltegiratzea berriro erabiltzeko, etab.
— Bestetik, horien irismen espaziala (eremua, sektorea, auzo zehatz batzuetako
zati zehatzak, etab.), zerbitzua hedatuko den lur eremuaren arabera.
8. Zerbitzu azpiegiturak ezartzeko
baldintza materialak eta juridikoak.
a) Oro har, azpiegitura horiek
indarrean dauden hirigintza plangintzan eta hiritartze obren proiektuetan
nahiz, arlo horrekin lotuta sustatuko eta, hala badagokio, onartuko diren
berariazko proiektuetan zehaztutako baldintzetan ezarriko dira.
b) Izaera orokorrarekin baita
ere, azpiegiturak lur eta espazio publikoen lur azpian ezartzea proiektatzen
bada, goian adierazitako planetan eta proiektuetan zehaztutako erabakien
testuinguruan, udalak xedatutako baldintzetan ezarriko dira.
Hala, bada, euskarri materiala edozein izanik ere (kablea, zuntza,
etab.), lehen aipatutako planetan eta proiektuetan testuinguru honekin lotuta
helburu horretarako proiektatutako hodien, galerien edo tutu unitarioen barnean
ezarriko dira.
Bestalde, dagozkien zerbitzuak eskaintzeko erregimen juridikoa edo
azpiegiturena edozein izanda ere, azpiegitura horiek txertatuko diren hodi,
galeria edo tutuak jabetza publikokoak izango dira.
c) Halaber, hiri zerbitzuak
eskaintzeko lursail berean lursail horren barnean eraikuntza bat, bi edo
gehiago dauden kontuan izan gabe arrasean kokatu behar diren instalazioen
oinarrizko elementuak (antenen zutoinak edo antzekoak, etab.) unitarioak
izango dira, zerbitzu horiek enpresa batek baino gehiagok eskaintzen baditu
ere.
HIRUGARREN TITULUA
ERAIKUNTZAKO ETA ESPAZIO PRIBATUEN TRATAMENDURAKO ORDENANTZAK
1. KAPITULUA. BALDINTZA
OROKORRAK
14. artikulua. Eraikuntzako
baldintza orokorrak.
1. Legazpiko udalerrian altxatuko
diren eraikuntzek, horien erabilera eta helburua edozein izanda ere, indarrean
dauden lege xedapenetan ezarritako baldintza orokorrak bete beharko dituzte;
lege xedapen horien artean, besteak beste, honako hauek hartuko dira kontuan:
Eraikuntza Kode Teknikoa eta hori garatzeko sustatutako xedapenak, telekomunikazioen
esparruan indarrean dagoen legeria, indarrean dagoen hirigintza plangintza
eta ordenantza hauek.
2. Eraikuntza proiektuak
Telekomunikazio Azpiegitura Komuna (TAK) ezartzeko dagokion proiektuarekin
osatuko dira, arlo horretan indarrean dagoen legerian ezarritako irizpideen
arabera azpiegitura hori ezartzea derrigorrezkoa den kasu guztietan.
Halaber, azpiegitura horien ezarpenarekin batera horiek seinaleztatzeko
zintak jarriko dira, etorkizunean azpiegitura horiek erraz aurkitu ahal
izateko.
3. Aurretik dauden eraikuntzak
berritzeko eta birgaitzeko obrak eta jarduketak indarrean dauden lege
xedapenetan ezarritako baldintza orokorretara egokituko dira, baldintza
horietan obra eta jarduketa horien egokitzea aurreikusten den neurrian eta
berorietan zehaztutako irismenarekin.
4. Udalerriko Hiri Ondarearen
Katalogoan txertatutako eraikuntzek baldintza orokor horiek bete beharko
dituzte, edo ez, kasuan kasu obra horien aplikazioak eraikuntza horien eta/edo
bertan dauden elementu interesgarrien zainketa kaltetzen duen kontuan hartuta.
5. Legazpiko udalerrian
eraikiko diren eraikinen antolamenduan aintzat hartuko dira orientazio-baldintzak;
etxebizitzek eguzkiaren argia jasoko dutela bermatuz, energia aurrezteko
neurriak hartuz, isolamendua sustatuz eta eskaria mugatuz.
2. KAPITULUA. ‑NAGUSIKI BIZITEGI ERABILERETARA
ZUZENDUTAKO LURSAILAK ETA ERAIKUNTZAK («A» LURSAILAK)
1. ATALA ‑Bizitegi
erabilera duten eraikinetako lokalen bizigarritasunaren baldintza orokorrak.
Espazioen neurria, oinarrizko baldintzak eta oinarrizko instalazioen
zuzkidura.
15. artikulua. Bizigarritasun
baldintza orokorrak.
1. Legazpiko udalerrian altxatuko
diren eta bizitegi erabilera izango duten eraikuntzek indarrean dauden lege xedapenetan
ezarritako bizigarritasun baldintza orokorrak bete beharko dituzte, indarrean
dagoen hirigintza plangintzakoak eta ordenantza hauetakoak barne.
2. Kapitulu honetan
zehaztutako aurreikuspenak ordenantza hauen gainetik eta indarrean dauden
izaera arautzaileko gainerako lege xedapenetan ezarritako irizpideen arabera
aplikatuko dira. Kontraesanen bat gertatuz gero, beste xedapen horietan
ezarritako irizpideen aplikazioak izango du lehentasuna.
3. Babes ofizialeko etxebizitzen
erregimen berezia duten bizitegi erabilerako eraikuntzetan, autonomia
erkidegoko etxebizitza tasatuetan barne, lehentasunez aplikatuko dira horiek
arautzeko berariazko lege xedapenak, ordenantza hauetakoak baino malguagoak
izan daitezkeen arren.
4. Bestalde, Legazpiko udal
etxebizitza tasatuak arautzeko udal ordenantzan 2008ko maiatzaren 26an
onartu ziren behin betiko izaeraz udal ebazpen bidez ezarritako erregimena bete
behar duten eraikuntzen bizigarritasun baldintzak ordenantza hauetan ezarritakoak
izango dira.
5. Kapitulu honetan
zehaztutako aurreikuspenak udalerriko Hiri Ondarearen Katalogoan txertatutako
eraikuntzetan aplikatuko dira, baina soilik eraikuntza horiek eta bertako
elementu interesgarriak zaintzeko helburuaren helburu horrek lehentasuna
izango du kontra ez doazen neurrian. Aurreikuspen horiek aplikatzea ezinezkoa
denean, kontsultatu ondoren, udal zerbitzu teknikoek hartu beharreko
irtenbidea proposatuko dute.
16. artikulua. Etxebizitzetara
zuzendutako lokalen bizigarritasun baldintzak.
1. Programa eta etxebizitzaren
neurri orokorrak.
a) Etxebizitzaren gutxieneko
neurria: 40 m2 (erabilgarri)
b) Etxebizitzaren gutxieneko
programa.
Etxebizitza orok, gutxienez, ondoren zehazten diren espazioak edo
gelak izan beharko ditu. Salbuespen izaeraz, gutxieneko neurri horiek «a.10»
tipologietarako egokitu ahal izango dira, kasuan kasu indarrean dagoen plangintza
xehakatuan ezarritako neurrian eta irismenean:
a) Espazio horiek ondoko bi aukera hauetako bat barne hartuko dute:
— Gela, sukaldea eta jangela; gutxienez, 20 m2-ko azalera
erabilgarria izan behar du.
— Gutxienez 16 m2 erabilgarriko azalera izango duen gela
bat eta gutxienez 7 m2 erabilgarriko azalera izango duen sukalde
bat. Gelan 3 metroko diametroko zirkulu bat inskribatu ahal izango da.
b) Bi ohe sartzeko tokia izango duen logela, gutxienez 10,90 m2
erabilgarriko azalera izango duena.
c) Bainugela konketa, komun ontziarekin eta dutxa ontziarekin edo
bainuontzi txikiarekin; gutxienez 3 m2-ko azalera erabilgarria
izan behar du.
d) Arropa esekitzeko gunea, 2 m2-ko azalera izan behar
duena.
2. Gelen eta guneen gutxieneko
neurria.
a) Azalera erabilgarria.
— Sukaldea: 7,00 m2.
— Sukaldea/jantokia edo sukaldea/egongela: 20,00 m2 (3
metroko diametroko zirkulu bat inskribatu ahal izango da).
— Egongela: 16,00 m2 (3 metroko diametroko zirkulu bat
inskribatu ahal izango da).
— Banakako logela: 6,60 m2.
— Logela bikoitza: 10,90 m2.
— Bainu osoa: 3,00 m2.
b) Gutxieneko zabalera librea.
— Korridoreek, eta, oro har, pasabideko espazio guztiek, gutxienez,
0,90 metroko zabalera izango dute.
— Barneko eskailerek, halakorik balego, arlo horretan indarrean dauden
lege xedapenetan Eraikuntza Kode Teknikoa barne ezarritako baldintzak bete
beharko dituzte.
— Atarteak arlo horretan indarrean dauden lege xedapenetan Eraikuntza
Kode Teknikoa barne ezarritako baldintzak bete beharko ditu.
— Modu osagarrian, besteak beste, irisgarritasunaren arloan eta sute
arriskutik babesteko arloetan indarrean dauden lege xedapenetan ezarritako
aurreikuspenak errespetatuko dira.
c) Gutxieneko altuera librea.
— Etxebizitzaren gutxieneko altuera librea 2,40 metrokoa izango da,
bainugelen, korridoreen eta biltegi gisa erabiltzen diren gela txikien edo
pertsonak denbora luzean egoteko helburua ez duten beste espazio batzuen
kasuan izan ezik; kasu horietan, gutxieneko altuera 2,20 metrora murriztu ahal
izango da.
— Halaber, teilatupeko guneak pertsonak denbora luzean egoteko erabiltzea
baimenduko da, gune horien altuera, azalera konputagarriaren %40an, 2,40
metrokoa edo handiagoa denean, eta azalera konputagarriak gune bakoitzarentzat
ezarritako gutxieneko azalera gainditzen duenean.
3. Gelen eta espazioen
argiztapen eta aireztapen baldintzak.
a) Etxebizitza orok, gutxienez,
eraikuntzaren kanpoko fatxadara irekitzen den gela bat izango du, eta gela
horrek egongelaren funtzioa beteko du.
b) Egongela, logela, sukalde
eta jangelako espazioek argiztapen eta aireztapen naturaleko baoak izango
dituzte, zuzenean kanpora irekitakoak patiora ere izan daiteke?, eta horien
azaleraren heren batean gutxienez igarogarriak izango dira. Baoen hedadura
osoa, gutxienez, solairuan dagozkien espazioen azaleraren 1/10 izango da, eta,
edozein kasutan ere, gutxienez 0,70 m2-koa izango da.
c) Bainugelek, gutxienez,
0,40 m2-ko aireztapeneko baoak izango dituzte, eta komunek komun ontzia
eta konketa 0,25 m2-koak. Dena dela, bao horien ordez ondorengo
sistema hauetakoren bat erabil daiteke:
a) Hodi bidezko aireztapenak, arlo horretan indarrean dauden arau
teknikoekin bat etorriz.
b) Aireztapen behartua, gutxienez orduko hogeita hamar metro kubikoko
30 m3/ordu erauzketa emaria ziurtatuko duten baliabide mekanikoen
bitartez.
d) Sukaldeak lurruna erauzteko
hodia izango du, estalkira edo eraikuntzako gunerik garaienera irtengo dena,
egokitutako instalazioen arabera beharrezkoak direnez gain ke eta gas
erauzgailua, etab.
e) Gela desberdinetan sartzen den eguzkiaren intentsitatea
egokitzeko helburuarekin, eguzkitik babesteko sistemak ezarriko dira
ezinbestean.
4. Etxebizitzen antolamendu
funtzionala.
Espazioak zatikatzeko irizpideak ondoko baldintzak bete behar ditu:
— Bainugelak espazio independenteak izango dira beti.
— Gutxienez logela bat ere espazio independentea izango da.
— Logela guztietara zirkulazio espazioetatik edo egongeletatik sartu
ahal izango da, baina inoiz ez dute sarrera bakarra beste logela batetik
izango.
— Bainugeletara ere zirkulazio espazioetatik sartu ahal izango da,
bainugela bat baino gehiago dagoen kasuetan izan ezik, kasu horretan nahikoa
izango baita baldintza hori bainugela batek betetzea, eta gainerakoak logelen
barnean txertatu ahal izango dira, horietatik zuzenean sartuz.
5. Etxebizitzetara zuzendutako
lokaletara sartzeko baldintzak.
a) Atariak.
— Horien gutxieneko zabalera eta luzera, hurrenez hurren, 2,00 m-koa
eta 2,00 m-koa izango da, eta neurri hori sartzeko ateak osatutako planotik
hartuko da.
— Atarira sartzeko ateak irisgarritasunari buruzko arautegia eta sute
arriskutik babestekoa aplikatzean emandako zabalera berdina edo handiagoa izan
behar du.
b) Eskailerak.
Oro har, etxebizitzetara sartzeko eskailerak arlo horretan
indarrean dauden lege xedapenetan ezarritako baldintzetara egokituko dira,
eta, bereziki, Eraikuntza Kode Teknikoa 2006ko martxoaren 17an 314.
zenbakidun Errege Dekretu bidez onartu zen eta irisgarritasunari dagokionez
indarrean dauden xedapenak hartuko dira kontuan.
Halaber, igogailuak eta sarbideko beste irtenbide berezi batzuk ezarri
ahal izateko, eskailerak xedapen horietan planteatutako edo horietatik
ondorioztatutako baldintza berezietara eta/edo salbuespenezkoetara egokitu
ahal izango dira; besteak beste, 0,90 m-ko zabalera duten eskailerak (0,80 m-ko
zabalerakoak 10 pertsona baino gutxiagoentzat) ezartzea izan daiteke baldintza
berezi horietako bat. (Arlo horri dagokionez, Etxebizitza Ministerioko
(Arkitekturako eta Etxebizitza Politikako Zuzendaritza Orokorreko Eraikuntzaren
Berrikuntza eta Kalitateko Azpizuzendaritza Orokorra) honako irizpide hauek
aplikatuko dira: «Eraikuntza Kode Teknikoko Oinarrizko Dokumentu hauek
interpretatzeko eta aplikatzeko irizpideak: DB SI – Segurtasuna suteetan eta
DB SU – Segurtasuna erabileran».
c) Igogailuak.
— Igogailua ezarriko da hori ezartzea derrigorrezkoa den kasuetan,
irisgarritasunaren arloan indarrean dagoen legerian ezarritako irizpideekin bat
etorriz.
— Aurretik dauden eraikinetan igogailuak eskaileren kaxetan edo
patioetan ezarri ahal izango dira, kaxa edo patio horietan dagoen espazio
libreak igogailua ezartzeko beharrezko neurriak eta ezaugarriak betetzen
dituenean, betiere.
17. artikulua. Bizitegi
erabilerako eraikuntzetako lokalen, bizitegi erabilerakoak ez diren baimendutako
erabileretarako (merkataritza, ekipamendua, etab.) zuzenduko direnen
bizigarritasun baldintzak.
1. Gutxieneko altuera librea.
Lokal horien gutxieneko altuera librea 2,50 m-koa izango da, arlo
horretan aplikatu beharreko legeriak eskatzen duenaren kalterik gabe.
Komunetarako edo biltegietarako gela osagarrietan, beste erabilera
batera zuzendu ezin direnean, altuera librea 2,20 metrotara murritz daiteke.
Dena den, lokal horiek ezingo dira pertsonak denbora luzean egoteko erabili.
2. Sarbidea.
a) Erdisotoetan edo beheko
solairuetan kokatutako eta jarduera nagusietara (merkataritza, hirugarren
sektoreko beste erabilera batzuk, ekipamenduak) zuzendutako lokal guztiek,
zerbitzu publikora irekita daudenek, sarbide zuzena izan behar dute eraikuntzaren
kanpoko aldetik.
b) Bestalde, erdisotoetan edo
beheko solairuetan kokatutako eta jarduera osagarrietara (aparkalekua,
trastelekua, etab.) zuzendutako lokal guztiek, zerbitzu publikora irekita ez
daudenek, sarbidea eraikuntzaren espazio komunetatik izan dezakete.
3. Gutxieneko azalera.
Lokal horietako bakoitzaren gutxieneko azalera erabilgarria 25 m2-koa
izango da. Azalera horrek jardueraren zerbitzura egokitutako edo ezarritako
elementu guztiak barne hartuko ditu, erakusleihoak, mahaiak, etab. barne.
ç
4. Jendaurreko salmentaren gutxieneko
azalera.
Merkataritza lokal bakoitzean, jendaurreko salmentara zuzendutako
guneak, gutxienez, 10 m2-ko azalera erabilgarria izan behar du.
5. Aireztapena.
Lokal horien aireztapen baldintzak arlo horretan indarrean dauden lege
xedapenetan ezarritakoak izango dira, Eraikuntza Kode Teknikoan 2006ko martxoaren
17an 314. zenbakidun Errege Dekretu bidez onartu zen ezarritakoak eta lokal
horietan ezarri nahi diren jarduerak arautzen dituztenak barne.
6. Komunen zuzkidura.
Artikulu honetan araututako lokalek, gutxienez, komun bat komun ontzia
eta konketa izan dezakete, baina, edozein kasutan ere, ez da derrigorrezkoa
izango.
Komuna ezartzen baldin bada, argi eta aireztapen sistemak arlo
horretan aplikatu beharreko arautegian ezarritako baldintzetara egokituko
dira, zerbitzu horiek lotuta dauden jarduera arautzen duen arautegira ere
bai. Halako arautegirik izango ez balitz, etxebizitzetako bainugeletarako
eta komunetarako ezarritako baldintzak aplikatuko dira.
Komuna, hala dagokionean, lokal horiekin funtzionalki lotutako
sotoetan edo erdisotoetan kokatu ahal izango da.
18. artikulua. Garaje
erabilerara zuzendutako lokalen bizigarritasun baldintzak.
1. Gutxieneko azalera eta
neurriak.
Garaje robotizatuekin eta antzekoekin lotutako salbuespenen eta
berezitasunen kalterik gabe, aparkaleku bakoitzaren gutxieneko neurria 2,20
m bider 4,80 m-koa izango da, sarbidea, igogailuen atarteak, maniobretarako
korridoreak, etab. kontuan hartu gabe.
2. Gutxieneko altuera librea.
Garaje robotizatuekin eta antzekoekin lotutako salbuespenen eta
berezitasunen kalterik gabe, garajerako erabiliko diren lokalen eta espazioen gutxieneko
altuera librea 2,20 m-koa izango da azalera osoan.
3. Sarbideak.
— Garajeetara sartzeko gutxieneko zabalera 2,70 m-koa izango da 1.
kategoriakoetan, eta 4,00 m-koa 2. kategoriakoetan. Azken kasu horretan, bi
sarbide independente egin ahal izango dira, eta bakoitzak, gutxienez, 3,00
m-ko zabalera izango du.
— Arrapala zuzenek ezingo dute %20ko malda gainditu, eta itzuli edo
biratzekoak, berriz, ez dira %16tik gorakoak izango. Zabalean, gutxienez,
2,70 metro izango dute, bihurguneetan behar den gain-zabalerarekin betiere.
Zirkulazio ardatzean neurturiko batez besteko bihurdura erradioa 5,00 metrokoa
izango da gutxienez.
— Garaje guztiek zabalgune bat izango dute, arauzko sarbidearena bezain
zabala, eta arrapala hasi aurretik, 3,50 metroko gutxieneko sakonera izango du
zabalgune horrek, azalera horretan erabilera publikokoa sartu gabe espaloiak,
etab. Zabalgune honen sestrak %5eko malda izango du gehienez.
— Zabalgunea estalita badago, zoruaren eta sabaiaren arteko altuera
librea 2,20 m-koa izango da gutxienez, eta habe-atalaseko punturik baxuenetan
2,10 m-koa.
— 1. kategoriako garajeetan, sartzeko arrapalaren ordez igogailu edo
kargagailu bat jarri ahal izango da. Horrelakoetan, irteteko zabalgune bat
prestatu behar da, arrapala dagoenean bete beharreko ezaugarrien antzekoak
izango dituena.
4. Aireztapena.
Garajera zuzendutako lokalen eta espazioen aireztapen baldintzak arlo
horretan indarrean dauden lege xedapenetan ezarritakoak izango dira, Eraikuntza
Kode Teknikoan 2006ko martxoaren 17an 314. zenbakidun Errege Dekretu bidez
onartu zen ezarritakoak barne.
2. ATALA‑ ‑Bizitegi
erabilera duten eraikinetako instalazioen eraikuntza kalitate eta funtzionaltasunerako
baldintzak.
19. artikulua. Instalazioen
baldintza orokorrak.
Legazpiko udalerrian bizitegi erabileretara zuzenduko diren eraikuntzek,
indarrean dauden lege xedapenetan instalazioen eraikuntza kalitaterako eta funtzionaltasunerako
ezarritako baldintzak bete beharko dituzte; lege xedapen horien artean,
besteak beste, honako hauek hartuko dira kontuan: Eraikuntza Kode Teknikoa eta
hori garatzeko sustatutako xedapenak, indarrean dagoen hirigintza plangintza
eta ordenantza hauek.
Oro har, eraikinen guztientzako eremuetan ongi argituko duten kontsumo
txikiko bonbillak erabiliko dira.
20. artikulua. Ur
hornidurarako sarea eta zerbitzua arautzeko baldintzak.
Oro har, baldintza horiek honako hauek dira: Gipuzkoako Ur Kontsortzioko
uraren ziklo osoari dagokion zerbitzua arautzen duen ordenantzan 2007ko
abenduaren 3ko erabakian behin betiko izaeraz onartu zen ezarritakoak nahiz
arlo horretan indarrean dauden gainerako lege xedapenetan zehaztutakoak,
Eraikuntza Kode Teknikokoak 2006ko martxoaren 17an 314. zenbakidun Errege
Dekretu bidez onartu zen barne.
21. artikulua. Saneamenduko
instalazioen baldintza orokorrak.
1. Ordenantza hauetako 8.
artikuluan azaldutakoa osatuz, eraikin berria kokatuko den esparruan edo
inguruan aurretik dagoen sare mota alde batera utzita, eraikin berri
guztietan, aurretik zegoen beste bat ordezkatzen duen edo ez kontuan izan
gabe, saneamendu sare bereizlea ezarri beharko da barnean, eta udal sareari
modu bereizian lotuko zaio.
Sare mota hori bera ezarriko da aurretik zeuden eta berrikuntza lanen
edo birgaitze integralerako lanen helburu diren eraikinetan.
2. Saneamendu gailu, harraska
eta garbitegi guztiek itxitura hidraulikoa izango dute, eta sifoiak eroso
ikuskatzeko eta horietara erraz heltzeko modukoak izango dira.
3. Erregistro kutxeten eta putzuen
arteko hodi zatiak, lursailen barnean kokatuta daudenak, zuzenak izango dira,
eta malda uniformea %1,5 baino handiagoa izango da.
4. Garajeek hustubide bat
izango dute 200 m2(s) edo zati bakoitzeko, eta sarera iritsi baino
lehen koipeak bereizteko gailu batez horniturik egongo dira.
5. Fatxadaren kanpoaldean
kokaturiko euri uren zorrotenak altzairu galbanizatuzko piezekin edo antzekoekin
errematatuko eta babestuko dira, 2,00 m-ko altueraraino.
22. artikulua. Aireztapen tximinien
baldintza orokorrak.
Kolektore orokor edo unitarioak eta hodi bereiziak dituzten aireztapen
tximiniak ezartzea onartuko da, ondoko baldintza hauek betetzen badituzte:
a) Hodi guztiak kolektiboak
eta banakakoak zutikakoak izango dira erabat, batere bihurgunerik gabekoak, eta
material erregaitzez eginak.
b) Instalazio horien gutxieneko
sekzioa arlo horretan indarrean dauden lege xedapenetan ezarritakoa izango da,
eta, bereziki, Eraikuntza Kode Teknikoan 2006ko martxoaren 17an 314.
zenbakidun Errege Dekretu bidez onartu zen ezarritakoa hartuko da kontuan.
c) Bai kolektoreak eta bai
banakako hodiek behar bezalako babes termikoa izango dute kanpoko giroarekiko,
tximiniaren tiro egokia galaraz dezaketen tenperatura galerak saihesteko.
d) Banakako aireztapen hodiak
eta errekuntza keak ateratzeko hodiak ez zaizkio kolektore berari lotuko.
3. ATALA. ‑Bizitegi
erabilerako eraikinen eta horien elementuen segurtasun baldintzak.
23. artikulua. Segurtasun
baldintza orokorrak.
Legazpiko udalerrian bizitegi erabileretara zuzenduko diren eraikuntzek,
segurtasunaren eta babesaren arloetan indarrean dauden lege xedapenetan
ezarritako baldintzak bete beharko dituzte; lege xedapen horien artean,
bereziki, Eraikuntza Kode Teknikoa eta, bai suteei dagokienez bai beste
edozein arlori dagokionez ere, hori garatzeko sustatutako xedapenak hartuko
dira kontuan.
24. artikulua. Baoak, leihoak
eta terrazetarako irteerak babestea.
Arlo honi dagokionez, gai horretan indarrean dauden lege xedapenetan
ezarritakoa beteko da, eta, bereziki, Eraikuntza Kode Teknikoan 2006ko martxoaren
17an 314. zenbakidun Errege Dekretu bidez onartu zen ezarritakoa hartuko da
kontuan.
25. artikulua. Behatxuloak.
Etxebizitzako sarreran, barnealdetik eskaileraren zabalgunea edo
ataurrea ikusteko aukera emango duen elementu bat jarriko da.
Behatxuloen ezarpena irisgarritasunaren alorrean indarrean dauden
lege xedapenetan ezarritako irizpideen arabera egingo da.
26. artikulua. Estalkirako
irteera.
Eraikuntza guztiek teilaturako irteera eroso eta baliagarri bat izango
dute, eraikineko gune komun batetik erabiltzeko modukoa, edota, gutxienez,
gela itxi orotatik bereizia, familiabakarreko etxebizitzen kasuan izan ezik,
kasu horretan gela horietatik irten ahal izango baita.
4. ATALA. ‑Bizitegi
erabilerako eraikinen eta horien elementuen tratamendurako baldintzak.
27. artikulua. Eraikinen
kanpoaldeko tratamenduaren homogeneotasuna.
1. Eraikinen fatxadek
arkitektura tratamendu bateratua eta homogeneoa izatea eskatuko da, eta,
nagusiki, inguruko ohiko elementuak erabiliko dira, elementu horiek ingurunera
hobeto egoki daitezen.
2. Eraikin bateko fatxaden
tratamenduan egin beharreko aldaketa guztiak irizpide bateratuekin egingo dira,
eta fatxada osoaren planoa aurkeztu beharko da.
Aldaketatzat hartuko dira, besteak beste, ondoko kasuak:
— Goi solairuetan: Estalduraren aldaketa, arotzeriaren,
karelen edo balkoien materialen edo diseinuaren aldaketa; terrazen eta fatxadako
gainerako elementu irtenen itxiera.
— Behe solairuetan: Obrako paramentuen aldaketa.
Udalak, hala ere, udal zerbitzu teknikoek balioespena egin ondoren,
fatxadaren plano unitarioa eta orokorra aurkeztetik libra dezake interesatua,
egin beharreko aldaketa garrantzi handikoa ez bada.
3. Eraikin bateko edo eraikuntza
multzo bateko fatxadak eta bestelako elementuak modu bateratuan eta elkarri
ondo egokitzeko eran margotuko dira. Fatxadako elementuak modu bereiztuan
margotzea debekatuta dago, edo etxe bakar bati dagozkion elementuak margotzea.
Kasu honetan, esku hartzeko gutxieneko esparrutzat atari berberari
lotutako fatxadaren zatia hartuko da.
28. artikulua. Estalkien
tratamendua.
Isurki bateko edo gehiagoko estalkiak baimenduko dira, bai eta estalki
lauak ere, eta irtenbide mantsardadunak nahiz estalkiaren isurkien gain txapitula
bakartuak egitea onartuko da.
29. artikulua. Arteko hormen
tratamendua.
Ageriko arteko hormek kokaturik dauden eraikineko fatxadaren gainerako
elementuek bezalako akabera izango dute.
30. artikulua. Esekitokien
tratamendua.
Esekitokiak barne patioetan kokatu beharko dira, halakoak daudenean
behintzat; helburu horretarako eraikitako aireztapeneko patioetan; edo
estalkipeko guneetan, hori egiteko aukera izanez gero.
Aurreko irtenbideak bideragarriak ez badira, esekitokiak fatxadan
jarriko dira.
Azken kasu horretan, esekitako arropak kanpotik ikustea galaraziko
duten elementuez estali beharko dira esekitokiak, eta horien diseinua
eraikineko fatxada osoarenarekin egokituko da.
31. artikulua. Behe
solairuetako fatxaden tratamendua.
1. Eraikin berrietarako
proiektuek, beren definizioen artean, eraikineko behe solairuko fatxadako
elementu trinkoen tratamendua jaso beharko dute, eta elementu horiek
eraikinaren gainerako elementuekin batera amaitu beharko dira.
2. Aipaturiko elementu horiek
fatxadaren elementu iraunkortzat hartuko dira, eta horien diseinua eta
materialen tratamendua –materialek iraunkorrak eta narriadura zailekoak izan
beharko dute– eraikin osoarekiko era koherentean egingo dira. Aldaketaren bat
egin nahi izanez gero, emaitzazko fatxada jasotzen duen eta aipaturiko
koherentzia eta batasuna bermatzen dituen multzoaren planoa eskatuko da.
Gainera, lehendik zegoen trinkotasun/hutsune proportzioari eutsi beharko
zaio, eta aldaketak ezin izango du elementu trinko bat bakarrik ukitu.
3. Atarietako sabaiaren
tratamendua bateratua izango da tarte bakoitzean egitura elementuen neurriei
eta argien kokalekuari dagokienez, eta debekatuta egongo da hustubideak bistan
uztea. Halaber, atarietako zutabeen estaldura iraunkortasun egokiko materialez
egin beharko da.
4. Eraikin berean edo eraikin
multzo berean kokatutako beheko solairuko lokaletako markesinak altuera berean
kokatuko dira, eta udalak horien diseinu eta tratamenduari buruz egoki iruditzen
zaizkion xedapenak eman ditzake, eraikinaren multzoan konposizio
homogeneotasuna ziurtatzeko.
5. Hasiera batean okupatzen
ez diren lokaletako hutsarteak trinkoen kalitate bereko materialekin amaituko
dira, eraikinaren multzoaren irudi egokia bermatzeko.
32. artikulua. Errotuluak,
markesinak eta iragarki argidunak.
Eraikinaren fatxadarekin batera ezartzen diren errotuluak, iragarki
argidunak edo apaingarriak, gehienez ere, 0,20 m irtengo dira, eta 2,80 m-ko gutxieneko
altuera izan beharko dute; bestalde, ezingo dute gehienezko altuera, 4,30
m-koa, gainditu, eta ez dira dagokien lokaleko markoa edo fatxada baino
kanporago ezarriko.
Fatxadaren konposizio orokorrera egokituz kokatuko eta ezarriko dira,
haren lehengo taxuera orokorra aldatu edo desitxuratu gabe. Ezin izango dira
behe solairuko fatxadaren elementu iraunkorren gainean jarri, ezta fatxadarekiko
era perpendikularrean kokatu ere.
Neurri horiek doitu egin ahal izango dira «a.10 Hiriguneko bizitegi
eremua» tipologiako bizitegi eraikuntzetan, horiek kokatzen diren esparruan
indarrean dagoen antolamendu xehakatuan egokitzat jotzen bada.
Bestalde, eraikuntzaren fatxadarekiko perpendikularki ezartzen
diren markesinak, errotuluak, iragarkiak edo antzeko elementuak, oro har,
gehienez ere 1,20 m irtengo dira. Altuerari dagokionez, gutxienez 2,80 m-ko
altueran jarri beharko dira.
33. artikulua. Finken arteko
tarteak eta itxiturak.
1. Finken itxiturak, ahal
bada, harrizkoak zarpiatuak eta margotuak?, metalikoak, zurezkoak, hesolekin
eta alanbrearekin egindakoak edo landareekin egindakoak izango dira; kalitate
txarreko ageriko hormigoizko hormak eta bistako edo zarpiatu gabeko hormigoi
blokezkoak debekatuko dira.
2. Edozein modutan ere, itxitura
itsuen altuera, ikuspegia erabat ezkutatzen duten zuhaitz sarriena barne,
1,00 m-koa izango da gehienez. Horien gainean metalezko edo zurezko hesiak,
sareak edo landaresiak ezarri ahal izango dira, gehienez ere 2,00 m-ko altuera
arte. Landare hesien bidezko itxitura jarraituek, gehienez ere, 2,00 m-ko
altuera izango dute. Halaber, itxitura oro finkaren eta bide publikoen arteko
mugetatik 80 cm-ra ezarriko da gutxienez, eta errepideekiko distantzia 3,00
m-koa izango da.
3. Eustormen akabera ageriko
harri lanaren bidez egingo da nagusiki, eta ageriko hormigoia ere baimenduko
da, kalitatezko akaberekin betiere, eta azalera txikietan.
34. artikulua. Sestra gainean
eraiki ez diren erabilera pribatuko eremuen kontserbazioa eta apaindura.
Jabetza partikularreko lorategi, patio edo espazio libreak garbi eta
txukun eduki beharko dira beti, eta beharrezko hirigintza baldintza guztiak
beteko dituzte ur bilketa, argiak, etab.
Apaindurazko eraikuntza itxi gabeak eta erabilera nagusiaren osagarri
diren erabileretarako eraikuntzak, indarrean dagoen hirigintza plangintzan
berariaz zehazten diren kasuetan eta baldintzatan baimenduko dira soilik.
Dena den, udalak itxitura material eta kolore eta forma jakin batzuk erabiltzea
eska dezake, ingurunera hobeto egokitzearren.
Bizitegi erabilera duten lursailetako azalera ez eraikigarrietan, hala
ere, egurtegien edo antzeko elementuen ezarpena baimendu ahal izango da bat
etxebizitza bakoitzeko, baina, horretarako, edukiontzi horiek 3 m˛ baino gutxiago
izan behar dute, eta altuera, gehienez, 1,60 m-koa izango da; horrez gain,
elementu horiek eraikuntzari edo lursailaren itxiturari atxikita kokatuko
dira, eta, edozein kasutan ere, erraz desmuntatzeko moduko eraikuntzak izango
dira. Udalak edozein unetan elementu horiek beste nonbait kokatzea plantea
dezake, horretarako arrazoiak adierazi ondoren.
35. artikulua. Eraikuntza multzo
unitarioetako tratamendu berdintasuna.
1. Lurzoru hiritar gisa
sailkatutako esparruetan aurreikusitako garapen berriko eraikuntza multzoek fatxada
tratamendu bateratua izan beharko dute. Helburu horrekin, udalak, kasuan kasu,
helburu hori lortzeko dagozkien irizpideak ezarriko ditu. Lehenago zehaztutako
moduan sailkatutako esparruetan sustatu beharreko plangintza xehakatuak
definituko ditu kasu bakoitzean gai horrekin lotuta egoki diren irizpideak.
2. Lurzoru hiritargarri gisa
sailkatutako esparruetan, antolamendu xehakatua zehazten duen espedienteak
definituko ditu kasu bakoitzean gai horrekin lotuta egoki diren irizpideak.
5. ATALA. Jabari baldintza
orokorrak.
36. artikulua. Jabariari
buruzko oinarrizko erregimena
1. Bizitegi erabilera duten
lursailak jabari pribatukoak izango dira, eta indarrean dagoen hirigintza
plangintzak ezarritako baldintzak eta mugak izango dituzte.
2. Aurreko idatz-zatietan
ezarritakoa ahaztu gabe, lursail horien barruan jabari publikoko ondasunak egon
daitezke.
37. artikulua. Jabari
publikora zuzendutako lagapenak.
1. Lokalen lagapenak.
Baldin eta indarrean dagoen hirigintza plangintzak etxebizitzetara
zuzendutako eraikinetan proiektatutako eraikigarritasunaren zati bat erabilera
publikoko zuzkiduretara zuzentzen badu, eraikina lehen aldiz erabiltzeko
dagokion lizentzia eman aurretik edo lizentzia hori ematerakoan laga beharko
zaio udalari zati hori; eta horretarako, alderdiek, udala bera barne hartuta,
aurrez erabakitako baldintza teknikoak eta ekonomikoak bete beharko dituzte.
2. Erabilera publikoko zorrak.
— Erabilera publikoko zorrak, hiri zerbitzuetako azpiegiturei
dagozkien hodien igarobideei dagozkienak eta, indarrean dagoen hirigintza
plangintzaren arabera, ezarriko diren gainerako eskubide errealak behar
bezala gauzatu eta arautu beharko dira.
— Gauzatze eta arautze hori, lursailak berriz zatitzeko proiektuen
esparruan bideratuko da, betiere, indarrean dagoen hirigintza antolamendua
gauzatzeko, beroriek lantzera eta bideratzera jo behar den kasu eta esparru
guztietan.
— Ildo beretik, gauzatze eta arautze hori dagokion desjabetze espedientearen
eta proiektuaren esparruan ere gauzatu ahal izango da, betiere, bide hori
zehaztutako helburua lortu ahal izateko egokitzat jo bada.
— Lursailak berriz zatitzeko proiektuari edo aipatutako desjabetze
proiektuari atxikitako esparruetan txertatzen ez diren jarduera berriak edota
eraikuntzak egin behar badira, adierazitako zorrak eta eskubide errealak gauzatzea
eta arautzea dagokion eraikuntza espedientearen esparruan egingo da; baina,
dena den, eraikuntza horri dagokion lehen erabilerarako lizentzia eman
aurretik gauzatuko da.
38. artikulua. Erabilera
publikoko zorrak gauzatzeari dagozkion baldintzak.
1. Plangintzak bizitegi
erabilerako lursailetan oinezkoen zirkulazio eta egonaldirako ezartzen dituen
erabilera publikoko zorrak inolako mugarik gabe gauzatuko dira, eta eragindako
eremuetan ez da onartuko berori gauzatzea eragozten duten elementuak eraiki
eta kokatzerik, udalak berariaz baimentzen ez badu, dagokion baimenaren
bidez.
2. Aurreko idatz-zatian
azaldutako aurreikuspenak lehendik dauden bizitegi erabilerako lursailei eta
finkatutakoei ere aplikatu ahal izango zaizkie, egun dauden erabilera publikoko
zorrak horietan finkatuta baitaude, nahiz eta indarreko hirigintza plangintzan
berariaz adierazten ez diren.
3. Erabilera publikoko
zortasunaren menpe dauden eremuetan, udalari dagokio kale argiteriari dagozkion
zerbitzu, mantentze eta kontserbatze kostuak ordaintzea –lursailen jabeek
ezarritako argi puntu osagarriak edo beharrezko ez direnak kanpo utzita?; eta
udalari dagokio, halaber, gainazalen tratamenduen mantentze eta kontserbatze
lanak, zoladurei eta estaldurei dagozkienak, ordaintzea, behe solairuetako
lokalen fatxadak eta sabaiak kanpo utzita. Halaber, udalaren esku geratuko
dira lursailari dagozkion azpiegitura sare orokorretako elementuen mantentze
eta kontserbatze lanak.
Aldiz, zortasunen menpeko eremuetan, jabeen kontura geldituko da atari
edota arkupeetako barrualdeko fatxaden, egiturazko elementuen, isolamendu eta
iragaizteen kontserbazioa, bai eta lursailetako zerbitzu sareetako hartuneei
dagokiena ere.
39. artikulua. Fatxadetan
zerbitzu eta seinaleztapen elementuak ezartzea.
1. Udalak hiriaren zerbitzurako
diren euskarri, seinale eta bestelako elementuak ezarri, kendu edo aldatu ahal
izango ditu bere kontura bizitegi erabilera duten lursailetan, eta jabeek
nahitaez onartu beharko dituzte.
2. Finketan edo eraikinetan
obrak egitean erabilera publikoko zorren pean dauden elementu horiek hondatzen
badira, finkaren edo eraikinaren jabeak behin-behineko zerbitzua mantendu
beharko du obrak egiten diren bitartean, eta udalak adierazten dizkion baldintzetan
jarri beharko ditu berriro elementu horiek.
40. artikulua. Lursailen
arteko zorrak.
1. Baldintza orokorrak.
Antolatutako lursailak eta berorietan lehendik dauden eraikinak nahiz
proiektatzen direnak, beren erabilera dena delakoa izanda ere (etxebizitza,
jarduera ekonomikoak, ekipamendua), hainbat zorren pean egongo dira, ondoko
lursail eta eraikinetako titularrek, erabiltzaileek eta abarrek erabat eta
askatasunez antolamendutik eratortzen diren eskubideez goza dezaten eta,
horrekin batera, dagozkien hiri zerbitzuak eskura izan eta erabil ditzaten
(oinezkoentzako sarbidea, bizikletetarako sarbidea, ibilgailuetarako sarbidea;
ur zikinen sarea; gasa; energia; telekomunikazioak; etab.).
2. Estolderiaren pasabideko
zorrak.
a) Ur zikinen kolektorearekiko
kokapenagatik, finka batean behar duten lotura ezin badute egin beste jabe batzuen
finkak zeharkatu gabe, finka haren jabeek aipaturiko beste horietan instalatu
ahal izango dituzte beharrezkoak diren hodiak, ahalik eta kalte eta eragozpen
txikienak sortzeko egokia den ibilbidea eta baldintzak betez, eta beraiek
sortzen dituzten kalteen ordaina emanez.
b) Indarrean dagoen hirigintza
legeriak gai honen inguruan aurreikusitako ondorioak ekarriko ditu indarreko
hiri antolamenduaren, ordenantza hauen eta dagokien proiektuaren onarpenak,
baita eragindako lursailen edota, hala badagokio, desjabetutakoen okupazioa
interes eta erabilera publikoko izendatzeari dagokionez ere.
3. Patio komunak.
Finka mugakideen jabeek patio komun bat dutenean, patio horren
erabilera, konponketa, kontserbazio eta garbiketari buruzko araudi bat egingo
dute, patioa behar bezala erabiltzeko beharrezkoak edo komenigarriak diren
elkarrekiko mugak, baldintzak eta zorrak finkatzeko.
Udalak, patio komuna eraikitzeko baimena eman aurretik, araudi hori
eginda dagoela egiaztatu, eta horren edukia ezagutu beharko du ofizialki.
Araudi horren eskritura publikoa egingo da, eta eragindako finkak Jabetza
Erregistroan inskribatzeko eskatuko da.
Baldintza horiek bete direla egiaztatzea aldez aurretik bete
beharreko baldintza izango da, eraikinen lehen erabilerako lizentzia eman
ahal izateko.
4. Garajeetarako pasabideko
zorra.
Indarrean dagoen hirigintza plangintzan berariaz adierazten denean,
bizitegi erabilerako lursailetarako sarbideak eta garajeak edota, halakorik
eraiki ez bada, lursaila bera lursail mugakideetako garajeetara sartzeko
zorren pean geldituko dira, eta arlo honi buruz plangintzan zehazten diren
baldintzak bete beharko dira.
6. ATALA. ‑Lehendik
dauden eta hirigintza plangintzan finkatzen diren eraikinetara eta etxebizitzetara
sarbidea izatea bermatzearren, desjabetuz jardutea.
41. artikulua. Desjabetuz
jardutearen justifikazioa. Irizpide orokorrak.
1. Gai honi buruz indarreko
legerian ezarritakoarekin bat etorriz eta, aldi berean, indarreko Legazpiko
Hirigintza Antolamenduko Plan Orokorreko Hirigintza Arau Orokorretan, 85.
artikuluan, zehazten dena betez, behin betiko edo aldi baterako desjabetzeari
edo horrek eragindako lursailei edota eraikinen aldeei dagokienez, onura
publikokotzat eta interes orokorrekotzat joko da eragindako bizitegietarako
eraikuntza eta etxebizitzetarako sarbide fisikoa ahalbidetzea helburu
duten obrak eta jarduerak gauzatzea. Eraikuntza eta etxebizitza horiek,
gaur egun diren baldintzetan, sarbide arazoak dituztenak izango dira,
bereziki, ezgaitasunen bat duten pertsonentzat edo haien pareko direnentzat
sarbide arazoak dituztenak, alegia.
2. Desjabetzeko jarduera hori
egiteko, dena den, eragindako etxebizitzetan eta eraikinetan ezgaitasunen
bat duten pertsonen presentzia justifikatu beharko da aurrez, ondorengo 43.
artikuluan gai hori dagokionez adierazitako irizpideekin bat etorriz.
3. Baldin eta, udalak emandako
lizentziaren bidez, lizentzia hori eman eta hiru hilabeteko epean proiektatu
eta baimendutako obra eta jarduera horiek ez badira hasten, eta egoera hori
haien eraginpean dauden ondasun guztiak edo horien zati bat eskura ez izateak
eragin badu, udalak dagokion desjabetze espedientea hastea erabaki dezake.
Dena den, udalaren erabaki horrek obren sustatzaileak edo sustatzaileek
espedientea hasteko egindako eskaeran oinarritu beharko du eta, hauek, aldi
berean, indarrean diren legeetan ezarritakoarekin bat etorriz, desjabetzearen
onuradun gisa hartzeko beharrezkoak diren baldintzak bete beharko dituzte.
Zehazki, sustatzaile horiek desjabetzearen onuraduntzat hartu ahal
izateko, besteak beste, 2006ko ekainaren 30eko Lurzoruari eta Hirigintzari
buruzko Legearen 177. artikuluko j) atalean zehaztutako baldintzak bete
beharko dituzte.
Horretarako, ondorengo «44.2» artikuluak aipatzen duen proiektuak
berariaz zehaztu behar du zein izango den kasu bakoitzean desjabetzearen
onuradun izango den komunitatea, edo komunitatearen partea.
4. Desjabetzeko eskaera
ondorengo 44. artikuluan ezarritako irizpideetara egokituko da.
5. Oro har, desjabetzeak
ondorioak izan ditzake proposatutako eta baimendutako sarbide eta obrek eta
jarduerek eragindako lursail osoetan edota eraikuntzen alde batzuetan.
Edonola ere, desjabetze horrek, kasuan kasu eta obrak eta jarduerak
gauzatu ahal izateko ezarritako epeen barruan obren eta jardueren sustatzaileen
esku ez dauden ondasunei eragingo die soilik.
42. artikulua. Proiektuaren
eta haren aurreikuspenen aplikazio esparru materiala.
1. Oro har, aurreko 41.
artikuluan araututako desjabetze jarduerak aplikatuko dira zenbait lur eta
eraikinetan, bertan adierazitako helburuak betetzeko planteatutako obrak eta
jarduerak egin ahal izan daitezen. Hauetan aplikatuko dira hain zuzen:
Udalerrian diren bizitegietarako eraikuntzetan dauden etxebizitzetarako
sarbidea ahalbidetze aldera, kasuan kasu egitea aurreikusita eta baimenduta
dauden obrek eta jarduerek eragindako lurretan eta eraikuntzetan, zehazki,
artikulu honetako 2. idatz-zatian aipatzen direnetan.
2. Zehazki, aurreko
idatz-zatian adierazitako aurreikuspenak ondoren adierazten diren baldintza
hauek guztiak betetzen dituzten etxebizitzetan eta bizitegi izaerako
eraikinetan aplikatu ahal izango dira:
a) Eraikin horiek finkatuta
eta, indarrean dagoen hirigintza plangintzaren barnean, lehentasunez
bizitegi erabilerara zuzenduta egon beharko dute; hala ere, eraikin horiek
beste erabilera batzuk ere izan ditzakete, askotarikoak, etxebizitzen
osagarri izan edo ez.
b) Eraikin horietan dauden
etxebizitzek, etxebizitza horietan bizi direnak bertara sartzeko arazoak
dituztenean, gutxienez, indarrean den hirigintza plangintzan finkatuta egon
behar dute.
c) Etxebizitza horiek, eta
baita eraikuntzei eta etxebizitzei loturik dauden lursailek ere,
irisgarritasun arazoak edo zailtasunak izan beharko dituzte, eta horretaz gain,
proiektu honetan arautzen diren aurreikuspen materialak aplikatu beharra
justifikatu beharko da.
d) Dena delako etxebizitza
horrek proiektatutako obra eta jardueren sustatzaile den pertsonaren ohiko
bizilekua izan behar du, eta, horretaz gain, Legazpin etxebizitza horretan
erroldatuta egon behar du.
3. Adierazitako helburu
horrekin egindako obrek eta jarduerek eragina izan dezakete hurrengo arlo
hauetan:
a) Aipatutako etxebizitzak
dauden eraikuntzen barruko lokaletan eta guneetan zein halakoen zatietan,
sestra gainean zein azpian, erabilera edozein delarik ere.
b) Aipatutako etxebizitzak
dauden eraikin horiek lotutako bizitegietarako lursailetan bertan dauden eta
aurrekoen osagarri diren eraikinetako lokal eta guneetan, edo horrelakoen
zatietan.
c) Aipatutako bizitegi
eraikinari lotutako bizitokitarako lursailetan dauden eraiki gabeko lurretan.
d) Aipatutako bizitegietarako
lursailetatik kanpo dauden edota lursail horri ez dagozkion lurretan,
lursailaren zein sarbide zailtasunak dituzten etxebizitzek osatzen duten
bizitegi eraikuntzen lur mugakideetan, alegia, hauen titulartasuna pribatua
nahiz publikoa izan.
4. Obra eta jarduera berak
proposa daitezke, hainbat lursailetan dauden beste hainbat eraikuntzatako
etxebizitzetarako sarbidea emateko helburuarekin.
5. Gainera, atal honetan
araututako desjabetze neurriak aplikatu ahal izateko, aurrez aplikazio horrek
eragiten dion etxebizitza hori (edo horiek) ezgaitasunen bat duen pertsonaren
ohiko bizilekua dela egiaztatu beharko da, 44. artikuluan gai honi dagokionez
adierazitako irizpideekin bat etorriz.
43. artikulua. Ezgaitasunen
bat duen pertsona izatea zer den, desjabetze bidez esku hartu ahal izateari
dagokionez.
Ordenantza hauei eta berorietan araututako desjabetze bidezko esku
hartzeari dagokionez, ezgaitasunen bat duen pertsonatzat joko da
mugikortasuna era iraunkorrean murriztua duen pertsona oro, baina ezgaitasun
hori dagokion administrazio eskudunak kalifikatua eta balioetsia izan behar
du. Kalifikazio horretan ezgaitasun mota eta maila ere zehaztuko dira, etxebizitzara
iristeko dituen gaitasunei dagokienez.
Etxebizitza duina izateko oztopoak kentzearren eta, helburu
horrekin, ordenantza honetan araututako neurriak aplikatzeko, halakotzat
joko dira hirurogeita hamar urtetik gorako pertsonak ere, ezgaitasunen bat
duen pertsonaren parekotzat jo daitekeela ezartzen duen lege xedapenarekin
bat etorriz.
44. artikulua. Desjabetzeko
eskaera.
1. Desjabetzeko espedientea
hasteko eskaerak gai honi buruz indarrean dauden lege xedapenek nahiz ordenantza
hauek ezarritako irizpideak bete beharko ditu.
41. artikuluko 3. idatz-zatian ezarritakoarekin bat etorriz, eskaera
hori proiektatutako obren eta jardueren sustatzaileak edo sustatzaileek
planteatu beharko dute, baina hauek, aldi berean, desjabetze horren onuraduntzat
hartzeko bete beharreko baldintza guztiak bete beharko dituzte.
2. Espediente horretan
aurreikusitako helburuak lortu ahal izateko desjabetuz esku hartzeko egiten
den eskaera oro beharrezko zehaztasunez azaldu eta justifikatu beharko da,
helburu horrekin egiten den proiektuan. Proiektu horrek, besteak beste, honako aurreikuspen hauek hartuko ditu barnean:
a)
Obra eta jarduera zehatzak gauzatzeko beharra justifikatzea, eta,
hala dagokionean, instalazio mekanikoak edo beste edozein izaera duten
instalazioak ezartzea (igogailua barne), kasuan kasu, eragindako eraikinetarako
eta etxebizitzetarako sarbidea ahalbidetzeko.
Aipatutako justifikazioak barne hartuko ditu
42. artikuluan adierazitako baldintzak betetzearekin erlazionatutakoak,
besteak beste, eta planteatzen den sarbide ebazpenaren egokitasunarekikoak,
dela baldintza teknikoen aldetik, dela eraikinean eta eragindako inguruan
dituen afekzioen aldetik.
Nolanahi ere den, justifikazioa helburu
horrekin taxututako eta udalak baimendutako proiektu teknikoan jasota dauden
obrak eta gainerako jarduerak gauzatzeko lizentzia lortzeari lotuta dagoela
ulertuko da.
b)
Kasu bakoitzean desjabetze bidez esku hartzeko oinarritzat hartzen
diren arrazoien azalpen eta justifikazio zehatza, batez ere, honako hauek
kontuan izanda:
— Eragindako etxeetako batean edo batzuetan ezgaitasunen bat duen pertsonaren
bat edo batzuk bizitzea. Etxe horiek pertsona horien ohiko etxebizitza
izan behar dute, eta pertsona horiek etxe horietan erroldatuta egon behar
dute.
— Proiektuko lan eta jarduerek eragindako ondasunak eskuratu edo lortzeko
zailtasunak edo ezintasuna.
— Obrak eta jarduerak hasteko ezarrita zeuden eta bete ez diren epeak
igarotzeko arrazoien justifikazioa, ondokoak adierazita: Sustatzaileak edo
sustatzaileek helburu horrekin gauzatutako kudeaketak, horren inguruan
egindako hitzarmenak barne (proiektatutako obren eta jardueren alde edo kontra
obra horien eragina izango duten jabeen komunitateak edo komunitateek egindako
hitzarmenak, horretarako, dagozkien akta liburuak aurkeztuz nahiz beroriek
egiaztatzeko agiri ofizialak aurkeztuz, etab.).
— Interesgarritzat hartutako beste edozein.
Horri dagokionez, desjabetzeko egingo den esku hartzea justifikatuta
dagoela ulertuko da, baldin eta, ezarritako gainerako baldintzak bete, desjabetze
horrek izango dituen eragin ekonomiko eta materialen proportzionaltasuna
justifikatu eta horretarako epeak iragan ondoren, eragindako ondasunak ezin
badituzte eskuratu proiektatutako eta baimendutako obren eta jardueren sustatzaileak
edo sustatzaileek, aipatutako sarbide arazoari erantzuna emateko beharrezkoak
direnean, beharrezko baldintzetan eta beharrezko diren unean gauzatu ahal
izateko.
c) Proposatutako desjabetzeak
eragindako ondasun eta eskubideen zerrenda, berariaz adierazita desjabetze horrek
zer-nolako eragina duen ondasun horien erabilera den jardueran eta titularren
jardueran.
d) Proposatutako desjabetzeak
eragindako ondasun eta eskubide guztien balio ekonomikoa, gero, berriz doitu
edo osa daitezkeen arren, eragindako ondasunen, eskubideen eta titularren
zerrenda onartu eta gero.
e) Proiektatutako obren eta
jardueren ondorio diren eragin ekonomiko, material eta abarren azalpena, horien
proportzionaltasuna edo proportzionaltasun falta egokiro aztertu ahal
izateko.
f) Obren sustatzailearen edo
sustatzaileen identifikazio zehatza banan-banan, bai eta desjabetzearen
onuradun izan daitezkeenena ere.
Testuinguru horretan, obrak eta jarduerak sustatzeari edo ez sustatzeari
dagokionez, honek eragiten dion jabeen komunitateak hartutako erabakien berri
emango da, eta berorien egiaztagiri ofiziala ere emango da.
g) Desjabetzearen onuradunak
bere gain hartzea desjabetzeak eragindako ondasun eta eskubideen balio
ekonomikoa ordaintzeko ardura, balio hori edozein izanik ere.
45. artikulua. Desjabetzeko
eskaeraren balioespena. Espedientea izapidetzea.
1. Kasu bakoitzean, dagozkien
udal zerbitzuek, alde batetik, desjabetze eskaera aztertuko dute, eta
bestetik, gai horri buruz indarrean diren lege xedapenetan eta ordenantza
hauetan ezarritako irizpideen arabera egin den proiektua ere aztertuko dute.
Azterketa horretan, honako hauek ere barnean hartuko dira:
a) Adierazitako irizpideak
bete diren ala ez, eskatutako desjabetzea justifikatzeari dagozkionak barne
hartuta.
b) Kasuan kasuko proposamenei
buruzko erabakiak, behar bezala justifikatutakoak, hurrengo gai hauen
ingurukoak:
a) Desjabetze bidezko esku hartze eskaera ez onartzea, horretarako
beharrezkoak ziren baldintzak bete edo justifikatu ez direlako.
b) Eskaera edo proiektua izapidetzea, horri buruz indarrean den
legerian ezarritako irizpideekin bat etorriz.
Proiektua egiteari zein izapidetzeari dagokionez, aipatutako legerian
xedatutakoari lotuko zaio. Era berean, bereizi egingo dira, beharrezkoa den
guztietan, alde batetik, eragindako titularren, ondasunen eta eskubideen
zerrenda zehazteari dagozkion alde edo eginbeharrak; eta, bestetik, ondasun eta
eskubide horien balio ekonomikoa.
Gai honi dagokionez, «44.2» artikuluan aipatutako proiektuari indarrean
den nahitaezko desjabetzeari buruzko legerian aurreikusitako trataera eman
ahal izango zaio, eragindako ondasun eta eskubideen zerrenda egiteko eta hala
izapidetu eta halakotzat hartzeko.
2. Aurrez adierazitako kasu
horietako edozeinetan, udalak egoki irizten dituen erabakiak (edo erabakia)
hartuko ditu.
Desjabetze eskaera ezetsi egin daiteke, besteak beste, ondorioz
eragin edo inpaktu ezkorrak izan ditzakeelako, eta, betiere, eragin edo
inpaktu horiek, arrazoi ekonomikoengatik nahiz arrazoi materialengatik, neurriz
gorakoak badira.
Desjabetze espedientea izapidetzea adosten bada, udalak zehaztu
egingo du, kasuan kasu, ekintzaren mendetasuna, tasazio bateratuaren
prozedurarekiko edo banakako tasazio prozedurarekiko mendetasuna, alegia.
46. artikulua. Desjabetzearen
arloan indarrean den legerian ezarritako irizpideei jarraitzea.
Ordenantzan bertan adierazitakoaren osagarri modura, ordenantza honen
xede den desjabetzea, oro har, arloan indarrean den legerian ezarritako irizpideetara
egokituko da, besteak beste, desjabetzea abiatzea eta izapidea eta balio
justua zehaztea arautzen duten jarraibideetara.
Irizpide horiek aplikatzearen ondorioei jarraitu beharko zaie,
berebat, desjabetzearen alderdi onuradunak desjabetzetik atzera eginez
gero.
Halakoetan, desjabetzearen kostu guztiak desjabetzearen onuradunak
berak ordaindu beharko ditu. Betebehar horren barnean sartuta dago desjabetze
jarduerak eta desjabetze jardueratik onuradunak atzera egiteak desjabetuari
sor dakizkiokeen kalteen ordaina pagatzea ere.
Kostu horiek ordainduko direla bermatzearren, desjabetze espediente
hori abiarazteko, kasu bakoitzean egoki irizten den abala edo fidantza
gordailutu beharko da. Oro har, «44.2.D» artikuluan aipatutako ondasunen balio
ekonomikoaren %20koa izango da abala. Hala ere, behar bezala justifikatutako
kasu jakin batzuetan, zenbateko hori handiagoa edo txikiagoa ere izan
daiteke.
3. KAPITULUA. ‑LEHENTASUNEZ BIZITEGI IZAERARIK
EZ DUTEN ERABILERETARA ZUZENDUTAKO ERAIKIN ETA INSTALAZIOEN ERA-
IKUNTZARI BURUZKO ORDENANTZAK
47. artikulua. Funtzionaltasunari,
higieneari, segurtasunari eta eraikuntza kalitateari buruzko baldintza
orokorrak.
1. Baldintza orokorrak.
Bizitegi erabilerez bestelakoetara zuzentzen diren lursailetan
eraikiko diren eraikuntza eta instalazioek indarrean dauden lege xedapenetan
funtzionaltasunari, higieneari, segurtasunari eta eraikuntza kalitateari
buruz ezartzen diren baldintzak bete beharko dituzte.
2. Zamalanetarako espazioak.
Industria eraikinek, eta beharrezkoa duten gainerakoek, haien barruan
edo dagokien lursailaren sestra gaineko espazio eraikigabeetan, salgaien
zamalanetarako eremua izan beharko dute.
Biltegietara, industriara edo dagokion jarduera zuzentzen diren lokal
guztietatik heldu ahal izango da eremu horretara, eta gutxienez kamioi bat
aparkatzeko lekua izan beharko du. Gainera, ibilgailuen sartu-irtenerako
aukera emango duen sarbidea izan beharko du.
Jarduera horretara zuzendutako azalera 1.000 m2-tik gorakoa
bada, zamalanetarako eremuak gutxienez bi kamioitarako lekua izango du.
Jarduera goiko solairu batean garatzen bada, eta bertara sartzeko
baldintza egokiak dituen arrapalarik ez badu, beheko solairuan, edo honen
lursailaren sestra gaineko espazio eraikigabean, antolatu beharko da hura,
baita maila berean zamalanetarako atondoa ezarri ere. Hori ere lehenengo
solairuarekin karga jasogailu bidez lotuko da.
3. Garajeen antolamendua eta
egokitzea.
Soto, erdisoto edo sestra gaineko solairuetan, estalkipeetan barne, gaitzen
diren garajeek bizitegi erabilerako lursailetarako ezartzen diren funtzionaltasun
orokorreko baldintzak bete beharko dituzte. Garajeko sarbide eta arrapalen
zabalera minimoa 3,00 metrokoa izango da.
4. Argiztatze eta aireztatze
baldintza orokorrak.
Lanerako erabiltzen diren lokalek argiztapen eta aireztapen naturala
izango dute, beharrezkoa denean, mekanismo artifizialez lagunduta.
Gela desberdinetan sartzen den eguzkiaren intentsitatea egokitzeko
helburuarekin, eguzkitik babesteko sistemak ezarriko dira ezinbestean.
Oro har, eraikinen guztientzako eremuetan ongi argituko duten kontsumo
txikiko bonbillak erabiliko dira
Argiztatze eta aireztatze sistema osagarria jartzeko, teknikari
eskudunak proiektu xehatua idatzi beharko du, eta udalak onartu beharko du.
Sistema horiek berrikusi egingo dira, bai lokala ireki aurretik eta bai ondoren
ere, edozein unetan. Hauek egokiak ez direla ikusten bada edota ez badute ondo
lan egiten, neurri zuzentzaile egokiak hartu bitartean lokal hori osorik edo
berorren zati bat ixteko erabakia har dezake udalak.
Sestra azpian kokatuta dauden eta garaje erabilera duten lokalek
aireztatze sistema naturala izango dute, zuzenean edo hodien bidez egindakoa,
eta indarrean dagoen Eraikuntza Kode Teknikoan ezarritako irizpideak bete
beharko ditu sistema horren eraikuntzak eta ezarpenak. Aireztatze sistema
naturalen kasuan, lokalak kanpo aldera begira dauden hutsarteak izan beharko
ditu.
Behartutako aireztapeneko soluzioek, dena den, arlo horretan indarrean
dauden lege xedapenek ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, Eraikuntza
Kode Teknikoan zehazten direnak ere barne hartuta.
5. Higiene zerbitzuen
zuzkidura.
Bizitegi erabileraz bestelako lursailetan dauden eraikinek beharrezkoak
diren higiene zerbitzuak izango dituzte, indarrean dauden lege xedapenetan
zehaztutakoa betez, ezarritako jarduera edota ezarri nahi dena arautzen duten
xedapenak ere aintzat hartuta.
Oro har, jarduera bakoitzak bere higiene zerbitzu bereziak izango
ditu, komun bat eta konketa bat, gutxienez. Dena den, zenbait lokalek multzo
funtzional bateratu bat osatzen badute, higiene zerbitzuak batu ahal izango
dira. Edonola ere, irisgarritasunaren arloko arauak ere bete beharko dira.
Komunetako aireztatze eta argiztatze sistemak indarrean dauden lege
xedapenetan ezarritako irizpideak bete beharko ditu, Eraikuntza Kode Teknikoa
ere barne hartuta.
48. artikulua. Tratamendu
estetikoari buruzko baldintzak.
1. Industria jardueretara
zuzentzen diren lursailek itxitura bat izan dezakete beren perimetroan, eta
itxitura horrek ordenantza hauetan bizitegi lursailetarako ezarritako baldintzak
bete beharko ditu.
2. Aire zabalean elementu
teknikoak eta biltegiratzeko elementuak ezartzeak paisaian eta ingurumenean
eragin ditzakeen inpaktuak murrizteko, udalak neurriak hartzea eska dezake.
4. KAPITULUA. ‑BIZIKLETETARAKO
APARKALEKUEN ESTANDARRA
49. artikulua. Bizikletetarako
aparkalekuen estandarra.
Indarrean dagoen hirigintza legerian nahiz Legazpiko Hiri
Antolamenduko Plan Orokorrean motordun ibilgailuetarako ezarritako aparkalekuen
estandarraz gain, eta modu osagarrian, bai hirigintza garapen berrietan, bai
gune hiritarrak berritzeko jardueretan eta bai lehendik dauden eraikinak ordeztu
eta modu integralean birgaitzeko jardueretan, dagozkien eraikinen barnean
edota lursailetan, bizikletetarako aparkalekuak ezarriko dira. Irizpide hauek
beteko dira aparkalekuak ezartzerakoan:
a) Bizitegi izaerako eraikinak: 2 aparkaleku 100 m2(s)-ko
zati bakoitzeko edo frakzio bakoitzeko.
b) Jarduera ekonomikoetara
zuzendutako eraikinak: 3 aparkaleku 100 m2(s)-ko zati bakoitzeko.
c) Zuzkidura guneak: 2
aparkaleku 100 m2(s)-ko zati bakoitzeko.
d)
Ekipamenduak: 3 aparkaleku 100 m2(s)-ko zati bakoitzeko.
e)
Garraio publikoko amaierako geltokiak eta bestelako geltokiak: Dagozkien
mugikortasun planetan nahiz instalazio horiei dagozkien proiektu zehatzetan
ezarritakoa beteko da.
LAUGARREN TITULUA
INGURUMENA, PAISAIA ETA NATURA
BABESTEKO ORDENANTZAK
50. artikulua. Ingurumena,
paisaia eta natura babesteko baldintza orokorrak.
Oro har, Legazpiko udal barrutian gauzatuko diren obrek eta jarduerek
indarreko lege xedapenetan ingurumen, paisaia eta naturaren arloan ezarritako
irizpideak bete beharko dituzte, indarreko hiri antolamendua eta ordenantza
hauek ere kontuan hartuta.
51. artikulua. Ingurumena
babesteko eta integratzeko irizpide orokorrak.
1. Oro har, proiektatutako
obra eta jarduerek Euskal Herriko Ingurumena Babesteko Legean, 1998ko otsailaren
27koan, eta berau garatzeko promulgatutako xedapenetan ezarritako irizpideak
bete beharko dituzte.
2. Egin asmo diren mota
guztietako hondeaketetan, obraren titularrak berriro jarri beharko du landaredi
naturala —beharrezko landare lurrezko geruza barne—, obren ondorioz landaredi
naturala suntsitu den lurretan. Neurri horiek berak hartuko dira, trazadura
berregokitzerakoan, erabileratik kanpo gelditzen diren errepide eta bide
zatietan, aurretik dagoen zorua altxatu ondoren.
3. Oro har, zaborrak eta
hondakinak bakoitzari dagokion zabortegi kontrolatura botako dira beti.
Salbuespen gisa, udalak baimendutako obren ondoriozko hondeaketetatik
datozen lurrak isurtzea baimendu ahal izango du. Halaxe gertatuko da lur-eremuen
jabeak hori eskatzen duenean, nekazaritzarako, abeltzaintzarako eta
basogintzarako erabiltzeko aukerak hobetzeko helburuz, edota bere jabetzako
lur-eremuaren sestrak lege xedapenetan, eta indarreko hirigintza plangintzan,
ordenantza hauetan edota baimendutako beste edozein plan edo proiektutan
ezarritako aurreikuspenetara egokitzeko helburuz. Kasu horretan, ziurtatu egin
beharko da, beharrezkotzat jotzen bada are proiektu tekniko baten bitartez
ere, egin beharreko betelanaren drainatzea egokia dela, eraginpean egon
daitezkeen elementu natural edo eraikiak behar bezala babestuta daudela, lur
eremuan emaitzazko profilak ingurunean integratuta daudela, eta eraginpean
hartutako lur eremuaren azalera berreskuratzen dela.
52. artikulua. Neurri babesleak eta prebentziozkoak.
1. Geologia eta geomorfologia.
a) Hiritartze eta eraikuntza
obren proiektuak arrisku geologikoen ebaluazio azterketa zehatzekin osatuko
dira (azterketa geoteknikoak etab.), azterketa horiek egitea komenigarri dela
ikusten den kasu guztietan.
Azterketa horiek, planteatutako jarduerek izan ditzaketen arriskuak
ebaluatzez gain, kasu bakoitzean arrisku horiek ezeztatzeko beharrezkotzat
hartzen diren prebentzio neurriak zehaztu beharko dituzte (ezponden maldak
eta beren luzera murriztea, drainadurak kontuz proiektatzea, babes mailak
zabaltzea, landare lurra ekartzea eta berriro landarez estaltzea, eta egokitzat
jotzen diren gainerako neurri guztiak).
b) Proiektatutako obrak eta
jarduerak teknikoki ondo kontrolatu eta zainduko dira, egonkortasun eta
higadura arazoak garaiz hautemateko eta hartu beharreko neurri babesleak edo
prebentzio neurriak erabakitzeko, eta, hala badagokio, egokiak diren neurri
zuzentzaileak lehenbailehen hartzeko.
c) Higa daitezkeen eremuetan edo higatzeko
arriskua duten eremuetan, lur erauzketak egitea, lurgaineko eta lurpeko drainatze
sareak aldatzea eta landaredia desagertzea saihesteko beharrezkoak diren
neurriak zehaztuko dira, eta zuhaitzik gabeko guneak basoberritu daitezen
sustatuko da; ildo horretatik, abeltzaintza erabilera baimenduko bada,
helburu hori lortzea izango da baldintza.
d) Oro har, eta bereziki
%50etik gorako maldetan, baso babesleak ezartzea eta prestatzea sustatzeko
beharrezkoak diren neurriak zehaztuko dira, baliabide edafikoei eusten zaiela
bermatzeko; eta horretarako, sasitza kentzeko lan estentsiboak eta lur
higidurak ahalik eta gehien murriztuko dira. Mekanizatuaren gainetik, eskuz
egiten diren landaketei emango zaie lehentasuna, eta, matarresen gainetik,
pixkanaka egiten diren mozketei, besteak beste, entresakei eta bakantzeei,
guztia eman beharreko baimenak ematerakoan agintari eskudunek erabaki
dezaketenaren kalterik gabe. Horrekin batera, gaur egungo Legazpiko paisaia,
«pinuaren monolaboratzan» datzana, dibertsifikatzea sustatzeko
beharrezkoak diren neurriak hartuko dira.
2. Ura.
a) - Dagozkion proiektuak
egiterakoan, izaera orokorrez, obrak baldintza onetan egiteko babes edo prebentzio
neurriak zehaztuko dira, ibai ibilguetara olio eta koipeak, lurrak edo beste
material batzuk botatzea saihesteko eta kontrolatzeko, eta ezustean gerta
daitezkeen isuriei aurrea hartu eta azkar erantzuteko. Makineria parkeek
erabat iragaiztutako plataformak izango dituzte, lubrikagarriak aldatzeko,
hornitzeko, etab. Beste instalazio osagarri batzuek, edozein isurketa
lurzoruan iragazi aurretik, dekantazio puntuetarantz bideratutako lur gaineko
drainatze sistema aurreikusiko dute.
Horrelako neurriak oso aintzat hartuko dira Azpikoetxe, Bikuńa Txiki,
Elbarrena, Lekuona-Azkuenea, Urtatzola eta Telleriarte esparruetan, eta baita
arlo horretan interesgarritzat jotzen diren gainerako guztietan ere.
b) Esku hartzeko irizpide
orokor gisa, bai proiektuen fasean eta bai obrak gauzatzerakoan, gainazaleko
eta lurpeko urak (halakorik bada) drainatzeko sistemaren diseinu egokia
egiteko neurriak hartuko dira, isurketa uren aurreko sistema errespetatuz eta
isurialdeak ahalik eta gutxien aldatzen saiatuz.
Horrelako neurriak oso aintzat hartuko dira Elbarrena,
Lekuona-Azkuenea, Azpikoetxe, Goialde, Telleriarte, Brinkola, Zaldu, Urtatzola
eta Urtatza-Zaharpe esparruetan, eta baita ikuspegi horretatik interesgarritzat
jotzen diren gainerako guztietan ere.
c) Lurpean izan daitezkeen
baliabide hidrikoei dagokienez, proiektatutako obren eta jardueren eraginpeko
esparruetan lurpean ur geruza bat izango balitz, beharrezkoak diren neurriak
hartuko dira, alde batetik eta ahal den neurrian, obra horien eraginak aintzat
hartuta elementurik baxuena gutxienez ur mailatik 1,5 metrora jartzeko eta,
bestetik, euri urak karga eremuetatik desbideratzea saihesteko. Obrek ur
jarioren bat eteten badute, hartu beharreko neurrien artean, arro
hidrografikoetako eta hauekin lotutako sistema akuiferoetako isuraldatzeak
saihestuko dira.
d) Higatzeko edota irristatzeko
arriskua duten guneetako ibai ertzetan landaredia berriro ezartzeko
beharrezkoak diren neurriak zehaztuko dira. Ildo horretatik, arreta berazia
jarriko zaie Lakidiola, Zatui eta Aierdi errekei, bai eta Urola ibaiaren
inguruari eta Bikuńa Errotatik gertuko guneari ere.
e) - Lurzoru hiritarrezinean
baimendutako eraikuntzek, instalazioek eta jarduerek ura arazteko sistema
egokiak izan beharko dituzte. Horretarako, dagozkion lizentziak eman ahal
izateko, beharrezkoak diren neurriak egiaz eta modu eraginkorrean zehaztu
beharko dira, eta helburu horretarako egokiak irizten diren instalazioak ezarri
beharko dira.
3. Lurzorua.
a) Kasu bakoitzean
planteatutako jardueren eraginpean dagoen gunea zorrotz zedarriztatzera joko
da, eta, ahal den neurrian, gune hori erabilera berrien plataformak hartzen
duen lursailera mugatuko da.
Testuinguru horretan, bai hirigintza antolamenduaren fasean eta bai
hiritartze eta eraikuntza obren proiektuak lantzerakoan, lurzoru naturalean
adierazitako jarduketen ondorio diren eraginak ahal beste murrizteko neurri
egokiak sustatuko dira.
Ildo beretik, ertzetako lurzoruak trinkotu daitezen saihestuko da, eta
horretarako, lur horiei ez eragitea izango da onena; eta obra eta jarduketa
guztiak dagokien jarduketa esparruaren barnean edo artifizializatutako guneen
barnean egiteko neurri egokiak hartuko dira.
b) Hiritartze eta eraikuntza
obren proiektuek, esparruan landare lurra den edo ez aztertzeko, esparru hori
buruzko diagnostikoa edo egoeraren balantzea txertatuko dute.
Beroriek gauzatu ahal izateko, lur geruza horrek gutxienez 50 cm
lodikoa izan beharko du, eta tratatu beharreko lurrazala honako hau izango da:
Ezponda eta lubetek hartzen duten lurrazala, eta lehengoratu beharreko
elementuek, aldi baterakoek zein iraunkorrek, hartzen duten lurrazala (bideak,
metatze esparruak, behin-behineko instalazioak).
Bestalde, honako hau da landare lurra: Obretatik datorren materiala,
osaera fisiko-kimiko eta granulometrikoagatik belarkara estaldura iraunkorra
ezartzeko aukera ematen duena (ereiteko edo ereite hidraulikorako ohiko
tekniken bitartez gutxienez), eta birkolonizazio naturalaren bidez gara
daitekeena; ezaugarri fisiko-kimiko eta granulometriko desegokiak dituzten
materialak errefusatu egingo dira.
Balantzea negatiboa denean, lur osagarri kopurua eta honen kostua
kalkulatuko dira, eta horrekin batera, eskuragarri dauden baliabideen banaketa
egitea proposatuko da; eta agerien dauden ezpondek, ibai ibilguen ondoko eta
haran hondoetako esparruek, lorategi inguruek (hiri eremuak eta
hurbilekoak) eta faunarentzako
pasabideen inguruek izango dute lehentasuna. Neurri hau generikotzat hartuko
da, eta kontuan hartu beharko da hirigintza garapen guztietan, neurri
handiagoan edo txikiagoan.
c) Hiritartze eta eraikuntza
obren proiektuak lantzeko fasean, ezpondak diseinatzerakoan, tokian tokiko
geoteknikari erreparatuko zaio, segurtasun irizpideak hartuta eta beroni dagokion
paisaiari egokitzeko neurriak hartuta.
Lubakitzeak saihesteko eta landaredia berrezar dadin errazteko, lur
erauzketen eta lubeten malda 2H-3Vkoa edo hortik beherakoa izango da
lehentasunez, teknikoki bideragarria den guztietan. Ingurumen aldetik malda
handiagoak justifikatu ahal izango dira, lurzoruaren okupazio txikiagoagatik
inpaktua ere txikiagoa bada.
Higaduragatik eta paisaian egokiro txertatzeko, ezpondak gehiegi fintzea
saihestu beharko da, ildo bertikalak agertzea ekiditeko. Ezpondan landaredia
berrezarri aurretik higadura ildoak agertzen badira, komeni da ildo horiek lan
horizontalekin haustea, eta horretarako, nahikoa izango da lurrazala urratzea,
horrek landaredi estaldura bertan kokatzea erraztuko baitu. Bestelako
soluzioak hartzea aholkatzen duten egoerak eta arrazoiak daudenean izan ezik,
gainerako kasuetan ezpondak egin ahala berrezarriko da landaredia berorietan.
d) Hiritartze eta eraikuntza
obren proiektuak gauzatzerakoan, proiektatutako obrak gauzatzeko fasean sortuko
diren hondakin solidoak metatzeko esparru zehatzak definituko eta mugatuko
dira.
e) Baso pista edo landa bide
berriak irekitzeko proposamen eta ekimenak zorrozki eta behar bezala
kontrolatuko dira. Ahal izanez gero, lehendik daudenak erabiltzeko neurriak
sustatuko dira, eta bide berriak egiten badira, soilik behar bezala
justifikatuta daudenean egingo dira. Dena den, azken horiek egiteko,
nahitaezkoa izango da aurrez ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua
egitea, 3/98 Legearekin bat etorriz.
Halakorik eginez gero, pista eta bide berri horien ibilbideek % 15etik
beherako malda izango dute, baina muga hori apur bat gainditu ahal izango da,
paisaian inpaktuak izatea saihesteko. Horretaz gain, urak bideratzeko eta
ezpondak finkatzeko beharrezkoak diren mekanismoak izango dituzte, horrela,
lurzorua galtzea saihesteko.
4. Biodibertsitatea
(landaredia/fauna).
a) Agirre-Etxeberri eta
Elbarrena esparruetako zuhaitz landarediaren balioari buruzko azterketekin
osatuko da esparru horietan planteatutako hirigintza edota eraikuntza
proiektuen lanketa.
Dena den, azterketa horiek aurreikusitako antolamendua materialki
gauzatu aurretik landuko dira, eta kasu bakoitzean egokitzat jotzen diren
neurri babesle, zuzentzaile eta konpentsatzaileak zehaztuko dituzte, ondoren
adierazten diren gai hauekin lotuta: Belar sastrakak kenduko diren azalera mugatzea;
gorde, bota edota beste leku batean aldatu beharreko zuhaitzak identifikatzea;
ahal den neurrian, balio handiena duten zuhaitzak antolamendu berrian txertatzea;
berriro landatuko diren zuhaitzen biziraupen aukerak balioestea, etab.
b) Bai hiritartze edota
eraikuntza obren proiektuen testuinguruan, bai beroriekiko modu osagarrian,
kasu bakoitzean, egokitzat jotzen diren neurri zehatzak erabakiko dira
(aire aldeko zatia nahiz sustraien aldea babesten duen itxitura, etab.),
besteak beste, makineria erabiltzearen ondorioz edo beste egoeraren baten
ondorioz ezustean proposatutako garapenetako ertzetan zuhaitz landarediari kalterik
ez egiteko, eta hirigintza antolamenduko ingurumen ebaluazioaren esparruan,
bertan planteatutako proposamenen eraginetik kanpokotzat jo diren zuhaitzei
ere kalterik ez egiteko.
Oro har babes orokorraren bidez zainduko badira ere, irizpide honen
aplikazioak garrantzi berezia izango du Agirre-Etxeberri, Goialde, San
Martin, Zaldu, Brinkola, Telleriarte, Elbarrena, Urtatzola eta Azpikoetxe
esparruetan.
53. artikulua. Neurri zuzentzaileak.
1. Atmosfera.
a) Obrak gauzatzeko fasean, kasu
bakoitzean egokitzat jotzen diren neurriak erabaki eta aplikatuko dira
(ureztatzea, mekanismo xurgatzaileak aplikatzea, iragazkiak ezartzea,
biltegiratutako materialak edota garraiatzen diren kargak estaltzea, eta
egoki ikusten diren gainerako guztiak), horrela, eraispenek, hondeaketek, lur
mugimenduek, materialen kargak eta garraioak eta abarrek sortutako hauts eta
partikula solidoak ezabatzeko edota murrizteko.
b) Dagozkien hiritartze eta
eraikuntza obren proiektuak egiterakoan nahiz obra horiek gauzatzerakoan,
honako xede hauetarako beharrezkoak diren neurriak hartuko dira: Planteatutako
obren eta jardueren ondorio diren zaratak kentzeko edota murrizteko,
lehergailuen erabilera murrizteko planteatutako neurriak barne hartuta; jarduera
horietako zenbait metatzearen ondorioz zarata maila altuak ez sortzeko
moduan programatzeko; adierazitako igorpen horien ordutegi tartea kontrolatzeko;
soinu maila txikiko konpresoreak eta zulatzaileak erabiltzea sustatzeko,
eta aldian-aldian motorren isilgailuen kontrola egiteko; toberetan eta brozel
kutxetan estaldura elastikoak erabiltzeko; leherketak kontu handiz diseinatzeko;
etab.
2. Geologia eta geomorfologia.
Aurreko artikuluko 1. idatz-zatian adierazitako azterketa geologikoek,
bertan adierazten diren prebentzio izaerako neurriez gain, egokitzat jotzen
diren neurri zuzentzaileak ere zehaztuko dituzte (ezponden malda eta beren
luzera murriztea, drainadurak kontuz proiektatzea, babes mailak zabaltzea,
landare lurra ekartzea eta landarez berriro estaltzea, nahiz egoki ikusten
diren beste neurri guztiak).
3. Ura.
a) Hiritartze obren
proiektuak eta, hala dagokionean, eraikuntza obren proiektuak osatu egingo
dira azterketa hidrauliko zehatzen bidez, horrela, planteatutako garapenak eta
hirigintza bat etor daitezen gai honi buruz indarreko lege xedapenetan ezartzen
diren irizpideekin, kontuan hartuta, halaber, lurralde antolamenduko indarreko
tresna edota tresnak.
b) Jabari publiko
hidraulikoari eta honen babes eremuari eragiten dieten jardueretan,
lehentasunez, ibai ibilgu horien eta ibai ertzen baldintza naturalak mantentzeko
edota lehengoratzeko neurriak sustatu eta erabaki beharko dira.
Ibai ibilguak desbideratzeak ekar ditzakeen eraginak ahal beste murriztuko
dira, helburu hori oinarritzat hartuta, ahalik eta tarte txikienean esku
hartuz nahiz eragin horiek arrabalekuetara ez luzatuz. Horrekin batera, eta
emaitzaren irudi naturala sustatzearekin bat, bertako fauna eta landaredia
indartzea bultzatuko duen diseinua garatzeko neurriak sustatu eta erabakiko
dira.
Ibai ibilguen gaineko pasaguneetan, zenbait neurri hartuko dira, eta
neurri horiek, ibai ibilguari eta ibai ertzeko landarediari ahalik eta eragin
txikiena egitera zuzentzeaz gain, ibai ibilguaren barnean zutabeak jartzea
saihestuko dute; eta halakorik ezin bada saihestu, faunarako ahalik eta
zeharkako iragazkortasunik handiena ahalbidetzeko moduan jarri beharko dira.
Testuinguru horretan, gaur egun dauden pasaguneen erabilera (lehendik dauden
zubiak etab.) sustatzeko beharrezkoak
diren neurriak hartuko dira, behar bezala justifikatuta dagoenean izan ezik.
c) Proposatutako garapen
berrien eraginpean dauden esparruetako ibai ibilguak eta horien ertzak
lehengoratzeko eta hobetzeko beharrezkoak diren neurriak zehaztuko dira,
Planteatutako antolamenduen barnean txertatuz.
Ahal den guztietan, eta planteatutako helburu orokorrekin bateragarriak
badira, ibai ertzak landarez berriro estaltzeko neurriak ere txertatuko
dira, zuhaitz, zuhaixka eta belarkaren geruzak garatzen laguntzen duten
espezieak landatuz; eta xede horretarako, ingeniaritzako teknika bigunak
erabiliko dira.
d) Obrak egiten diren
bitartean, eta puntu jakin batzuetan solidoak arrasta daitezkeela
aurreikusita, jalkinetarako oztopoak instalatzeko aukera aztertuko da
(behin-behineko obrak, besteak beste, dekantazio puntuen eraikuntza, iragazte
sistemak, kutxetak, iragazkiak, xaretak etab.), eta eragina jasan dezaketen
erreken kontrolaren jarraipena egingo da, disolbatutako solidoak ibai
ibilguetara iristea saihesteko, eta halakorik gertatuz gero, ahalik eta solido
eta elikagai edukirik txikienarekin egiteko. Horretarako, isuri aurretik,
drainatze obretako uren abiadura murriztuko duten gailuak kokatzera joko da.
4. Lurzorua.
a) Proiektatutako hiritartze
edota eraikuntza obrak gauzatzerakoan, hauen eraginpean dagoen lurrazaleko
landare lurzoruaren goiko geruza ateratzera joko da, eragina gutxiagotzeko
nekazaritza gaitasun handiena dutenak arretaz aztertuz.
Ateratako geruza horiek beste inguru batera edo xede horretarako
ezarritako zabortegi batera eramango dira, eraginpeko esparruan lurzorua eta
landaredia berreskuratzerakoan berriro erabili ahal izateko. Landarediaren
bat-bateko kolonizazio prozesuak errazteko, geruza hori ateratzen den unean
bertan garbituko dira bertako belar-sastrakak, ahal den neurrian bederen;
horrela, lurrean dagoen landarediaren propaguluak gainera daitezen lortuko da.
Horretaz gain, geruzak ez nahasten saiatuko da, geruzarik emankorrenen
propietateak ez diluitzeko. Metatuta egiten duten epean zaindu egin beharko
dira. Landare lurra sobera badago, degradatutako esparruak berreskuratzerakoan
erabiliko da (zabortegiak, aldatutako ibai ertzak etab.).
b) Landare lurra behar bezala
babestuko da, lurrean duten banaketatik hasita ereiten diren unera arte; arreta
bereziz zainduko dira aldatu gabeko lurretik lur erauzketetarako eta
plataformatik ezpondetarako isurketak. Mantentze lanak ahalik eta zeregin gutxienekin
egingo dira: Geometria modelatuko da, higadurak edo ur erretentzioak
saihesteko; medeatze organikoak egingo dira, justifikatzen diren oso kasu
berezietan izan ezik; eta abar.
c) Esku hartzearen edo
jarduketen eragin esparruaren perimetrotik kanpo kokatutako lurzoruren bati
ustekabean eragiten bazaio (instalazio osagarriak bertan ezartzeagatik, edo
beste arrazoiren batengatik) berregokitu egingo da.
d) Proiektatutako obrak
gauzatuko diren fasean nahiz proiektatutako erabilera berriak ezarriko diren
fasean sortzen diren hondakinak arlo honetan indarrean dagoen legerian
aurreikusten den bezala kudeatuko dira eta, hala badagokio, bereizi egingo dira
(Besteak beste, honako xedapen hauek dira: Hondakinei buruzko 10/1998 Legea,
apirilaren 21ekoa; 833/1998 Errege Dekretua, 952/1997 Errege Dekretua, eta
423/1994 Dekretua, hondakin inerteak eta inertizazioaren gai izan direnak kudeatzeko
arauak finkatzen dituena; eta 259/1998 Errege Dekretua, irailaren 29koa,
Euskal Autonomia Erkidegoan erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duena,
etab.
Hondakin toxikoen eta arriskugarrien bilketa etiketatuko ontzietan
egingo da, eta xede horretarako izendatutako tokietan utziko dira; behar
bezala iragaiztuta, estalpean eta hauen gaikako bilketa bermatzeko moduan egongo
dira. Eraistea, berritzea edo birgaitzea beharrezkoa den operazio eta
jarduketa zehatzetan, ondorioz sortzen diren hondakin motak behar bezala
sailkatzen eta kudeatzen ahaleginduko dira. Sobera gelditu den materialen bat
ez bada kontrolatutako zabortegi batean uzten, aurrez non utziko den eta
sistemetan zer eragin izan dezakeen aztertu beharko da.
e) Arlo horretan indarrean
dagoen legerian (otsailaren 4ko 1/2005 Legea, Lurzorua Ez Kutsatzekoa eta
Kutsatutakoa Garbitzekoa) aurreikusitako ikerketa, kontrol eta tratamenduko
prozesuen mende egon beharko dute kutsatuta egon daitezkeen lurzoru horiek.
5. Biodibertsitatea
(landaredia/fauna).
a) Landaredia berrezartzeko
neurriak (ezpondak, ibai ibilguen ondoko guneak, eragindako ertzak, etab.)
alderdi funtzionalen balioespenerako irizpideei egokituko zaizkie, hala nola,
eragindako gunearen eta honen ingurunearen morfologiari, baldintza edafikoei,
maldari, klimari, drainatzeari, ingurune paisajistikoari, tokiko erabilera
sozialari, eta abarri, hain zuzen; eta horiekin bat etorriz, hautatutako
landaredia ezarriko da, erein egingo da edo landatzeak egingo dira, edo horiek
guztiak edo batzuk gauzatuko dira. Espezieak hautatzean, irizpide estetikoak
hartuko dira kontuan, hau da, ikus inpaktu handieneko egituren edo lorategien
integrazio paisajistiko egokia lortzeko landare mota jakin bat erabiltzea
gomendatuko duten irizpideak. Hala ere, irizpide estetikoekin batera,
landaredia epe labur samarrean berrezartzeko irizpideak ere hartuko dira
kontuan. Finean, lurraldearen koherentzia ekologikoko eta paisajistikoko
irizpideak hartuko dira aintzat (lehentasunez bertako zuhaitz, zuhaixka, eta
belarkara espezieak, arrakasta lortzeko aukera handia ematen dutenak), eta
baita funtzionaltasun irizpideak ere, obren ondorioz soilduta geratu diren
lurrazalak kontrolatzearren. Neurri hauek izaera orokorrez ezarriko dira
aurreikusitako garapen guztietan, neurri handiagoan edo txikiagoan.
b) Dagokion landaredia landatu
eta erein ondoren, kontrolatzeko eta mantentzeko lanak egingo dira (Mantentze
Plana), gutxienez landatu ondorengo lehen bi urtean, batez ere agerikoen
dauden esparruetan eta errotzeko zailak direnetan.
6. Paisaia.
a) Topografia aldatzen den
kasu zehatzetan, topografia naturalera ahalik eta gehien egokitzeko moduan
birmoldatuko da.
Ezpondetan, hobe da profil irregularrak, izurtuak, zimurtsuak eta
biribilduak erabiltzea, batez ere ertzetan, eta erpinak saihesten
ahaleginduko dira; ahal den heinean, ezpondaren gainazala trazatik bertatik
ateratako material finekin eta landare lurrarekin estaltzea komeni da. Lur
erauzketen ertzetako erpinen kasuan, berriz, ezpondak birmoldatzerakoan
pixkana aldatuko dira maldak lurrarekiko lotunean. Ezponda horiek egonkortu behar
badira, egonkortzeko teknika biziak erabiltzen saiatuko da (adaxkak landatzea,
zurezko bilbadurak, horma berdeak etab.), eta eustormak behar badira, hauek
harri lubetazkoak izan daitezen saiatuko dira.
b) Oro har, eraginpean dauden
esparruak apaintzera joko da, egoki lehengoratzeko eta bakoitza inguruan eta
paisaian bertan integratzeko. Lehengoratze paisajistikoko jarduketen kasuan,
bertako espezieak eta gaur egun dagoen paisaiaren antzeko formak dituzten
bertako espezieak erabiliko dira, jarduketa geometrikoak saihestuko dira, eta
ertz lausoko basoberritzeak eta landatzeak egingo dira. Hiritartze
proiektuetan, kasu bakoitzean ingurumena eta paisaia lehengoratzeko egokitzat
jotzen diren neurriak txertatu beharko dira.
c) Hiritartze eta eraikuntza
obrak amaitu ondoren, zorrotz garbituko da eraginpean dagoen esparrua eta haren
ingurunea, eta obren aztarnak uztea saihestuko da.
7. Ingurune sozioekonomikoa.
a) Bereziki zarata handia
dakarten obrak, kaleetako noranzko aldaketak, zirkulazio eteteak eta abar egin
behar direnean, obra horien eragina jasan dezaketen biztanleei berorien berri
emateko eta horiek guztiak seinalatzeko beharrezkoak diren neurriak zehaztuko
dira.
b) Ondo justifikatutako
arrazoiek besterik ez badiote, landa izaerako ustialeku aktiboei lotutako
lurzoruak galtzen direnean, ahal dela, hauek ordezkatzera edo beste batzuk
ezartzera joko da, batik bat beroriei hiri erabilera ematen zaienean, horrela,
udalerrirako antzeko balioa edo interesa duten beste batzuekin ordezkatzeko.
8. Hiri antolamendua, hiritartzea
eta eraikuntza.
a) Hiri antolamendua, ahal den
neurria, eragindako inguru horretako topografiaren arabera egokituko da, lur
higidurak eta paisaian izan ditzakeen eraginak minimizatzeko. Halaber, ahal
den guztietan, eraikuntzak aurrez artifizializatutako lurretan eta sail
lauetan proiektatuko dira, eta, ahal dela, zuhaitz landaredia duten eremuei eta
espazio libreei eutsi egingo zaie. Landaredi multzo horiek eta esparruan
dagoen beste edozein elementu interesgarri antolamendu berrian txertatu
beharko dira.
b) Inpaktu akustiko handia sortzen
duten elementuen (trenbide sarea, bide sarea, etab.), mugakide diren esparruen
antolamenduan, inpaktu horiek deuseztatzeko edota minimizatzeko beharrezkoak
diren neurriak hartuko dira, honako hauekin lotutakoak barne: Elementu horien
mugan eta pantaila gisa, etxebizitzaz bestelako erabilera osagarrietara zuzentzen
diren eraikinak ezartzera zuzentzen direnak; eraikinak behar beste urruntzera
zuzentzen direnak; pantaila zuzentzaileak jartzekoak; eta dagozkien
proiektuetan eraikinean bertan neurri egokiak hartzera zuzenduko direnak.
c) Urbanizazioan, esparru
zolatu iragazgaitzak ahalik eta gehien murriztuko dira, eta lurrak iragazteko
duen ahalmenari eustea sustatuko da, ahal den heinean bederen, eta bertako
lorategi diseinuak edota ura aurrezten dutenak egiteko irizpideak txertatuko
dira. Oinezkoentzako, txirrindularientzako eta ibilgailuentzako
espazioetan, euri ura iragazten duten materialak erabiliko dira.
d) Hiri hondakinen gaikako
bilketarako gune egokiak aurreikusiko dira.
e) Argi kutsadura murrizteko
neurriak hartuko dira, kontsumo txikiko argiztatze sistemak erabiliz bai
espazio publikoetan eta bai eraikuntza berrien espazio pribatibo edota
komunetan.
f) Isolamendu termiko handiko
eraikuntza material iraunkorrak eta ez kutsatzaileak (edo ahalik eta gutxien
kutsatzen dutenak) erabiliko dira,
eta birziklatzeko errazak diren materialak erabiltzeko aukera ebaluatuko da,
baita material birziklatuak erabiltzeko aukera ere.
g) Eraikinen barrualdean,
eguzkiaren argiztatze eta aprobetxamendu baldintzak optimizatuko dituzten
eta kanpoko zarata murriztuko duten banaketa irizpideak hartuko dira aintzat,
batik bat, gehien erabiltzen diren guneetan.
h) Ura eta kontsumo
energetikoa aurrezteko sistemak erabiltzea bultzatuko duten neurriak hartuko
dira eraikinetan, eta horretaz gain, ur bero sanitarioa hornitzeko, eguzki
hargailuak eta metagailuak ere erabiliko dituen sistema mistoa ezartzea bultzatzeko
neurriak hartuko dira.
54. artikulua. Neurri konpentsatzaileak.
1. Ura.
a) Zuhaitzak eta lorategiak
dituzten naturalizatutako pasealekuak sortzeko neurriak zehaztuko dira, ahal
den neurrian, ibai ertzen erabilera eta gozamena sustatzeko, habitaten
konexioa edota gozamen publikorako espazio gisa erabiltzea ahalbidetzen duten
lurraldearen elementuak diren neurrian.
b) Aldatu eta degradatu diren
eremuak ingurumen aldetik lehengoratzeko eta hobetzeko neurriak zehaztuko
dira, batez ere Ilara errekako ertzei (lanean diharduen zabortegia), Olaetxeri
(lanean diharduen zabortegia) eta Urtatzari (urtegiko urari beheiti, garai
batean zabortegia zen gunean) lehentasuna emanez.
c) Ingurumenaren ikuspegitik, Urtatzako
urtegiaren ingurunea eta Urtatza errekaren ertzak, urtegiko urari beheiti
daudenak, lehengoratzera eta hobetzera joko da, «ur korridore» hori inguru
horretan txertatzeko eta Legazpiko herrigunearekin konektatzeko, ibai ondoko
pasealeku berriaren bidez.
d) Ingurumenaren aldetik Urola
ibaiaren ertzak berreskuratu, hobetu eta integratzeko lanak sustatuko dira.
2. Biodibertsitatea
(landaredia/fauna).
a) Zuhaitzen galera orekatzeko,
moztu diren zuhaitzak adina ale landatuko dira, eta moztu edo suntsitu diren
zuhaitzen espezie berekoak edo antzekoak izango dira; horrelakoetan, moztuko
den espezie bakoitzeko antzeko espezie berrien hiru ale landatzea eskatuko
da, beti ere eite oneko aleak direnean eta ondo kontserbatutakoak eta
interesa dutenak direnean. Zuhaitz espezie berri horiek gune hauetan landatuko
dira: Ahal dela, eragindako esparruetan; esparru horien inguru hurbilean,
esparru horietan berorietan landatu ezin badira edo horietan landatzea ez bada
egoki; edota udalerrian degradatuta edo hondatuta dauden beste esparru batzuetan,
ingurumen aldetik hobetzeko edo lehengoratzeko, soluzio hori aurrekoak baino
interesgarriagotzat jotzen bada; edota lehendik dauden zuhaitz masak hedatuz
ere egin daiteke, gertu dauden beste batzuekin lotzeko, eta horrela,
korridore ekologikoak sortzearen alde egiteko.
b) Harizti/baso mistoko eta ur
bazterretako landarediko masen egoera hobetzeko jarduketak bultzatu eta
sustatuko dira, eta baita udalerriko hirigintza plangintzan horrela
kalifikatutako eremuak hobetzeko eta lehengoratzeko jarduketak ere.
c) Bereizita dauden bertako
landaredi orbanen arteko konexioa sustatzeko beharrezkoak diren neurriak
hartuko dira, eta gainera, zuhaiztiak, landaresiak, landare pantailak, landare
apaingarriak, ur bazterreko landaredia eta nekazaritza finken eta belardien
arteko mugetako landaredia sortzea eta mantentzea ere sustatuko da;
horretarako, zuhaitzen eta zuhaixken espezieak tartekatuko dira.
55. artikulua. Hondakin uren
saneamendua.
1. Lurzoru hiritarrean eta
hiritargarrian, debekaturik dago araztu gabeko hondakin urak ubideetara isurtzea;
hondakin ur horiek, behar izanez gero tratatu ondoren, saneamendu sarera botako
dira, ondoren arazteko. Horri begira, administrazio eskudunak kolektore
sarerako isurketak arautzeko ezartzen dituen xedapenak beteko dira.
2. Inguruan ur zikinen
saneamendurako sarerik ez duten lurzoru hiritarrezineko eraikinek hondakin urak
arazteko kasu bakoitzean egoki irizten diren instalazioak izan beharko
dituzte.
Eskatzen diren instalazioetarako proiektu bat egin beharko da, eta
udalak eta gainerako erakunde eskudunek onartu beharko dute; eta, horrekin
batera, isurketak indarrean dagoen legeriak eskatutako baldintzen arabera
egiten direla bermatu beharko da.
Bestalde, abeltzaintzako ustialeku erabilera duten eraikinak
jarduerari buruzko espedientea izapidetzerakoan zehazten diren baldintzetara
eta, zehazki, arlo honetan eskumena duen administrazioak finkatutako baldintzetara
moldatuko dira.
Proposamena eta, aurreko paragrafoan aipatutakoren ildotik,
administrazioak zehaztutako baldintzak ikusi ondoren, udalak erabakia hartuko
du: Egokia bada, onartu egingo du, eta jabeari proposamena osatzeko edo zuzentzeko
eskatuko dio, osatu gabe dauden edo zuzenak ez diren alderdiak hobetzearren;
eta dituen helburuak lortzeko desegokia dela ikusten badu, ez du onartuko.
3. Ubide naturaletan isurketak
egiten direnean, eta arazketa aldez aurretik eginda ere, arlo honetan eskumena
duen erakundeak finkatutako baldintzak bete beharko dira.
56. artikulua. Ibai ibilguak.
1. Oro har, ibai ibilguen eta
ibai ertzen tratamendurako baldintzak arlo horretan indarrean dauden lege
xedapenek ezartzen dituztenak izango dira, Euskal Autonomia Erkidegoko
Kantauriko Isurialdeko Ibaien eta Erreken Ertzak Antolatzeko Lurraldearen
Arloko Plana ere kontuan hartuta (Lurraldearen Arloko Plan hori, behin betiko
izaeraz, 1998ko abenduaren 22ko ebazpenaren bidez onartu zen.
2. Hirigintza garapen berriko
esparruetan, ibai ibilguak bideratu edo errektifikatu beharra dagoenean, ahal
dela eta planteatutako helburuekiko bateragarriak diren guztietan, ibai ibilgu
horien eta horien inguruaren tratamendurako soluzio bigunak sustatuko eta
garatuko dira (ibilgu bikoitzak, landarez berrestal daitezkeen harri lubetak,
ezponda berdeak, etab.), alde batetik, uholdeen prebentzioa eta erriberako
landarediaren kontserbazioa bateragarri egiteko, hain zuzen ere (ibaietako
bizi ekologikoa sustatuko da); eta bestetik, ubideak gehiegi zabaltzea, ur
maila zabaltzea eta ibai ohea homogeneizatzea saihesteko.
57. artikulua. Abeltzaintzako
jardueren ezarpena.
1. Simaurrak eta mindak
biltegiratzeari, biltzeari, tratatzeari eta deuseztatzeari dagokienez,
edota beroriek ongarri modura zabaltzeari dagokionez, abeltzaintzako
ustialekuak jarduerari buruzko espedientea izapidetzerakoan zehazten diren
baldintzetara egokituko dira.
Ildo beretik, hauen ezaugarriei, neurriei, kokalekuari eta abarri
dagokienez, simaurtegiak eta hobiak testuinguru horretan bertan ezartzen diren
irizpideetara egokituko dira.
2. Oro har, lursailetan
ongarri natural gisa simaurrak eta mindak erabiltzen direnean, indarrean
dagoen ingurumen araudian ezartzen diren irizpideak beteko dira. Gainera,
jarduerari buruzko espedientea izapidetzen denean zehazten diren baldintzak
beteko dira arlo honetan.
Ez da onartuko horiek ur geruzen babes guneetan edo ur ibilguen babes
guneetan isurtzea.
3. Euri urak modu berezituan
hustu behar dira, simaurrekin eta mindekin inolako ukipenik izan gabe.
4. Hondakin organikoak
biltegiratzeko orduan, horiek inolako kutsadura arriskurik izan gabe edo
ingurumenean batere kalterik egin gabe egingo da, eta horien deuseztapena
indarrean dagoen legeriaren arabera egingo da; nolanahi ere, debekatuta dago
aire zabalean su emanda deuseztatzea.
5. Hondakin solidoak baldin
badira, instalazio estali eta irazgaitz batean bilduko dira, eta lixibiatuen
bilketa hobi itxian egitea aurreikusiko da.
58. artikulua. Indarreko
hirigintza plangintzan eta ordenantza hauetan planteatutako prebentzio
neurriak eta neurri zuzentzaile eta konpentsatzaileak ondo gauzatzen diren
aztertzeko kontrola.
1. Ordenantza hauetan ezartzen
diren aurreikuspenak, batez ere, planteatutako prebentzio neurriekin eta
neurri babesle, zuzentzaile eta konpentsatzaileekin lotuta daudenak, zuzen
gauzatzen direla egiaztatzeko, udalak beharrezkoak diren jarraipen neurriak
hartuko ditu.
2. Neurri horiek zuzen-zuzenean lotuko zaizkie
hiritartze eta eraikuntza obren proiektuei, eta obra unitate gisa, xede
horretarako zehaztutako aurrekontu sailak ere barnean bildu beharko dituzte.
59. artikulua. Ordenantzak
gauzatzerakoan kontuan hartu beharreko ingurumen neurri konpentsatzaileak.
Natur ingurunearen ustiapen naturalari edota basoen ustiapenari lotuta
salbuespenak egin badaitezke ere, zuhaitzen galera dakarten hiri izaerako esku
hartzeetan, behar-beharrezkoa izango da: Eite oneko aleak direnean eta ondo
kontserbatutakoak eta interesa dutenak direnean, moztutako espezie bakoitzeko
antzeko espezie berrien hiru ale landatzea eta Udalari egokituzko zaio kasu
bakoitzean ordeztuko diren espezieen eitea zehaztea. Halaber, ordeztutako eite
nahikoa duen zuhaitz bakoitzeko zuhaitz berri bat landatuko da, lurzoru
urbanizagarrian dauden kimuak, zuhaitz gazteak eta zuhaitz-masak direnean.
Zuhaitz horien kopuruari, motari eta kokapenari dagozkion gaiak
dagozkion urbanizazio-proiektuetan zehaztuko dira zehatz-mehatz.
60. artikulua. Fauna babesteko
arauak.
Lurzoru hiritarrezinetan egiten diren esku hartzeetan, jarduketa
eremuek itxitura bat izango dute, animalien sarrera eragozteko, betiere,
espezieren bati kalte egiteko arriskua dagoela ikusten bada.
Lurzoru hiritarrezinean izaera linealez egiten diren esku hartzeek,
500 metrotik gorako luzera dutenean, obretan bertako faunarentzako pasabideak
prestatzea ere kontuan hartuko da.
BOSGARREN TITULUA
HIRIGINTZA PLANEN ETA HIRITARTZE OBREN PROIEKTUEN EDUKIAK ETA
BALDINTZA FORMALAK
61. artikulua. Hirigintza
planen eduki formala.
Hirigintza planen nahiz hauei dagozkien aldaketa espedienteen eduki
formala indarrean dagoen hirigintza legerian ezarritakoa izango da. Beraz,
plan horiek eta dagozkien aldaketek egoki diren zehaztasunak eta dagozkien
dokumentuak bilduko dituzte, kasu bakoitzean adierazitako legeria horretan
aurreikusitakoaren bat etorriz.
Testuinguru horretan, besteak beste, ordenantza hauetan ingurumenaren
arloan egiten diren aurreikuspenetan zehaztutakora egokituko da berorien
edukia, betiere, plan horien esku hartze eremuan eragina badute; eta helburu
hori lortu ahal izateko beharrezkoak diren zehaztapenak edota justifikazioak
ere txertatuko dituzte.
62. artikulua. Hiritartze
obren proiektuen eduki formala.
Hiritartze obren proiektuen eduki formala indarrean dagoen hirigintza
legerian ezarritakoa izango da. Beraz, proiektu horiek, kasu bakoitzean,
adierazitako legeria horretan aurreikusitakoaren bat etorriz, egoki diren
zehaztasunak eta dagozkien dokumentuak bilduko dituzte.
Testuinguru horretan, besteak beste, ingurumenaren arloan ordenantza
hauetan egiten diren aurreikuspenetan zehaztutakora egokituko da berorien
edukia, betiere, proiektu horien esku hartze eremuan eragina badute; eta
helburu hori lortu ahal izateko beharrezkoak diren zehaztapenak edota
justifikazioak ere txertatuko dituzte.
63. artikulua. Hirigintza
planak, hiritartze obren proiektuak eta hirigintza gauzatzeko proiektuak
aurkezteko eta emateko baldintzak (jarduketa hiritartzaileen programak,
lursailak berriz zatitzeko proiektuak eta desjabetze proiektuak, etab.).
1. Izapidetu ahal izateko eta
onartzeko, udalean aurkezten diren hirigintza planak eta hiritartze obren
proiektuak, nahiz hauei dagozkien aldaketak, aldi berean, paperezko euskarrian
eta euskarri digitalean emango dira.
2. Horretaz gain, izapidetu
ahal izateko eta onartzeko udalean aurkezten diren jarduketa hiritartzaileen
programak, lursailak birzatitzeko proiektuak, desjabetze proiektuak eta
hirigintza gauzatzeko gaiekin lotuta aurkezten diren gainerako guztiak (gauzatze
unitateen mugaketa proiektuak, etab.) aldi berean paperezko euskarrian eta
euskarri digitalean emango dira.
3. Aurreko idatz-zatietan
adierazitako dokumentu horiek udalean aurkezterakoan, kasu bakoitzean
izapidetu ahal izateko egoki irizten diren dokumentuen kopiak emango dira.
4. Bestalde, dokumentu horien
kopiak euskarri digitalean ematerakoan, besteak beste, ondoren adierazten diren
irizpideak beteko dira:
— Aurrerakinaren kopia bat emango da (betiere, dokumentu hau egiten eta
izapidetzen bada); hasierako onespena duen dokumentuaren kopia bat ere emango
da, eta behin betiko izaeraz onartutako dokumentuaren kopia ere aurkeztuko da.
Baldin eta behin betiko onartzeko baldintzatzat testu bategina landu
eta aurkeztea jarri bada, azken kopia digital hori bat etorriko da adierazitako
testu bategin horrekin.
— Hauen ezaugarriei eta baldintzei dagokienez (euskarri mota; programa
informatikoa; testu bidez nahiz grafiko bidez ematen den edukiaren antolamendua
eta sistematizazioa; etab.), udalak xede hori aintzat hartuta egokitzat
ikusten dituen irizpideekin bat etorriko beharko du kopia digital horrek, eta
zehazki, xede horretarako lantzen eta onartzen den protokoloan zehazten
denari egokituko zaio.
SEIGARREN TITULUA
HIRIGINTZAKO LIZENTZIAK
64. artikulua. Lizentzia
behar duten ekintzak.
1. Indarreko hirigintza
legerian zerrendatzen direnez gain 2006ko ekainaren 30eko Lurzoruari eta
Hirigintzari buruzko Legearen 207. artikulua eta sustatzailea edozein izanik
ere, udal lizentzia behar duten lanak honako hauek izango dira:
a) Mota guztietako nekazaritza
ustiapenetara zuzendutako eraikuntzak eta instalazioak ezartzeko lanak eta
jarduerak (nekazaritza eta abeltzaintzakoak, basogintzakoak, etab.).
b) Mota guztietako berotegiak
eta antzeko instalazioak ezartzea, baita inolako zimentarririk gabekoak
direnean ere; eta lorezaintzarekin lotutako baratze jardueretara zuzentzen
diren mintegiak ezartzea ere bai.
c) Lurzoru hiritarrezinean
nekazaritza erabileratik kanpoko erabileretara zuzentzen diren eraikuntza
eta instalazioak ezartzera zuzentzen diren lanak eta jarduerak, baimena eska
dakiekeenak.
d) Bordak eta txabolak eraikitzea.
e) Kanpinak eta kanpalekuak
jartzea.
f) Lurzoru hiritarrezinean
bideak eta pistak eraikitzea edo aldatzea.
g) Suebakiak egitea.
h) Putzuak egitea.
i) Inolako zimentarririk gabe
bada ere, eraikuntza aurrefabrikatuak, karabanak edota logela, ostatu edo
aisiarako leku bezala erabil daitekeen beste edozein elementu behin betiko edo
denboraldi baterako ezartzea (asteburuetan, urte sasoi jakin batzuetan edo
beste denboraldi batzuetan).
j) Erauzketa erabilerak ezartzea,
agregatuak ateratzea eta harrobiak edo meategiak ustiatzea, adibidez.
k) Lurrak zabortegi gisa
erabiltzea.
l) Industria jarduerak,
hirugarren sektorekoak, ekipamenduekin lotutakoak, ibilgailuen aparkalekuak edo
beste izaera batekoak ezartzea, hauek askotariko irismena izan dezaketen
baimenen baldintzekin lotuta egon badaitezke ere, eta egokitzat jotzen
diren egoeretan.
m) Era guztietako lursailak
makinen, ibilgailuen, materialen edo beste edozein elementuren gordailu edo
biltegi gisa erabiltzea.
n) Azterketa geoteknikoetarako
edo lan arkeologikoetarako laginak egitea.
o) Bai behin-behineko izaeraz,
bai izaera finkoz, jabari publikoari atxikitako gune eta eremuak okupatzea.
p) Lurzoru hiritarrezinean kokatutako
finka bat bereiztea, indarrean dagoen plangintzak lursailen edo eragin eremuen
gutxieneko azalerak askotariko erabilerei edota eraikuntzei lotzen
dizkienean.
q) Hiri zerbitzuetako
instalazioak (telekomunikazioak, gasa, antenak, elektrizitatea, ur zikinen
sarea, ura, etab.) ezartzea eta horiekin lotutako lanak eta eraikuntzak gauzatzea,
hauen kokalekua edozein izanik ere (zuzenean lursailaren barnean, edo bertako
lurpean; eraikinen barrualdean edota kanpoaldean, edota baita hauen estalkietan
ere, etab.). Halakotzat hartuko dira bai energia berriztagarriak sortzeko
ezar daitezkeen instalazioak, bai eta energia eraginkortasuna eta aurrezpena
bideratzeko ezar daitezkeenak ere (eguzki planak, panel fotovoltaikoak).
r) Lehendik dauden eraikinak
eraisteko lanak gauzatzea.
s) Behin-behineko izaera nahiz
izaera finkoa duten obra eta jarduera osagarriak, besteak beste, hauek: Finkak,
orubeak eta lurrak ixtea; babes hesiak eta itxiturak, aldamioak, zurtoinak eta
eraikuntzako bestelako elementu osagarriak kokatzea obretan; estalkiak,
teilatu-lauak, fatxada akaberak edo urbanizazio elementu jakin batzuk konpontzea
zerbitzu lotuneak, zoladura berriro ezartzea etab. errotuluak, olanak edo
markesinak ezartzea; garabi-dorreak edo antzeko mekanismoak ezartzea; etab.
Adierazitako jarduera horietarako kasu bakoitzean zehaztutako udal
lizentzia lortu beharko da, hauen kokapena edota eragin eremua edozein izanik
ere: Lurrazala, hegala edota lurpea, eraikina, etab.
2. Gorago azaldutako lizentzia
behar duten ekintzen zerrendak izaera ez-mugatua du; eta alde horretatik, lur
gainean, hegaletan edo lur azpian egindako eta hirigintza plangintzan
araututako edozein eratako jarduerak ere lizentzia beharko du, batez ere,
ondasun higiezinaren egoera fisikoa eraldatzen dutenak, baldin eta berariaz
halakorik ez duela behar adierazten ez bada berariaz.
3. Aurreko idatz-zatietan
zerrendatu diren ekintzek, udal barrutiaren barneko lurzoru mota guztien
gaineko ondasunak administratzen dituzten Estatuko edo Autonomia Erkidegoko
organoek edo Zuzenbide Publikoko Entitateek sustatzen dituzten ekintza
horiek, arlo horretan kasu bakoitzean indarrean dauden lege xedapenetan ezartzen
diren irizpideak bete beharko dituzte, eta haietan ezarritako baldintzak
hartuko dira kontuan udal lizentzia behar duten edo ez zehazteko.
4. Aurreko idatz-zatietan
adierazten diren lizentzien eskaerak eta lizentzia horiek lortzeak ez du
zerikusirik, indarrean dagoen legeriaren arabera kasu bakoitzean eska daitezkeen
gainerako baimenekin, txostenekin, izapideekin eta abarrekin.
5. Zehazki, obra txikietarako
udal lizentzia eskatu beharra edo halakorik ez eskatzea ordenantza hauetan
horri buruz zehazten diren baldintzei lotuta ulertuko da.
65. artikulua. Lizentzien
sailkapena.
1. Irizpide orokorrak.
Udal lizentzia eskaeren edukia (dokumentuak eta erabakiak) eta hauek
emateko prozedura eta gauzatzeko modua arautzen dituzten baldintzak definitu
ahal izateko, lizentzia mota hauek bereizi dira, beren izaera eta xedea aintzat
hartuta:
— Lursailen banaketarako lizentziak.
— Lurrak mugitzeko lizentziak.
— Hiritartze obretarako edo azpiegiturak gauzatzeko edo ezartzeko
lizentziak, aipatutako obrak behin betiko onetsita dagoen hirigintza proiektu
batean edo, beraren osagarri gisa, eraikuntza proiektu batean jasota ez
daudenean.
— Garabi-dorreak jartzeko lizentziak.
— Eraikuntzak eraisteko lizentziak.
— Eraikuntzako obretarako lizentziak.
— Obra txikietarako lizentziak.
— Behin-behineko erabilerak ezartzeko lizentziak.
— Erabilera aldatzeko lizentziak.
— Industria jarduerak, hirugarren sektorekoak,
ekipamenduetakoak eta aparkalekuak ezartzeko lizentziak.
— Hiri zerbitzuak ezartzeko lizentziak,
horiei lotutako instalazio eta eraikuntzak barne hartuta, betiere, hauek behin
betiko izaeraz onartutako hirigintza proiektu batean edo, horren osagarri
modura, eraikuntza proiektu batean sartuta ez badaude.
— Lurzoru hiritarrezineko lizentziak.
— Kartelak eta publizitate elementuak jartzeko
lizentziak.
— Eraikin eta instalazioen lehen erabilerarako
lizentziak.
2. Eraikuntza obrak.
Eraikuntza obratzat hartuko dira oin berriko eraikuntza obrak eta
lehendik dauden eraikinak handitu, berritu edo finkatzeko eraikuntza lanak,
eta horien barruan balkoi eta terraza irekien itxiturak eta txabolen eta
teilapeen eraikuntza lanak sartuko dira.
Handitzeko obratzat hartuko dira eraikinaren oinplano okupazioa handitzea
dakarten obrak, edota hauen azalera erabilgarria handitzea dakartenak, bai
solairu berriak eraiki direlako, edota bai kanpoko itxituren ezarrera aldatu
delako.
Berritzeko obratzat hartuko dira euskarri den egitura, kanpoko fatxaden
ezarrera edo zerbitzu instalazioetako elementu nagusiak aldatzen dituztenak,
betiere, obra horiek ez badituzte betetzen handitzeko obratzat hartzeko
beharrezkoak diren baldintzak.
Finkatzeko obratzat hartuko dira, eraikin bateko egiturazko
elementuak, kanpoko fatxadak edota instalazio nagusiak hondatzen direnean,
horiek ordezkatzen edo indartzen dituztenak, berorien xedea luzera begira
horien iraupena sendotzea bada, beren egonkortasuna eta segurtasuna bermatuz,
eta betiere, handitzeko obratzat edo berritzeko obratzat hartzeko
beharrezkoak diren baldintzak betetzen ez badituzte.
Eraikuntza obretarako lizentzien barnen sartuko dira, halaber,
beroriek gauzatu ahal izateko beharrezkoak diren jarduera osagarriak, obra
txikitzat har daitezkeenak, garatzeko baimenak ere, besteak beste, babes
hesiak edo itxiturako ezartzeko baimenak, aldamioak edo zurtoinak ezartzekoak,
etab. Dena den, jarduera osagarri horiek lizentziaren xede den proiektuan
aurreikusi ez bezala eragin dezaketenean, edo, azken batean, eremu publikoko
guneei edota mugakide diren funts edo eraikinei eragin diezaiekeenean, beroriek
gauzatu ahal izateko lizentzia berezia eskatu beharko da.
3. Obra txikiak.
Barruan nahiz kanpoan egiten diren eta eraikuntza aldetik nahiz
ekonomikoki eta teknikoki nahiko xumeak diren obrak obra txikitzat hartuko
dira, ondasun higiezin baten zimentarriei, egiturari, segurtasunari edota funtsezko
elementuei eragiten ez zaienean, eta bolumena, erabilera objektiboa, etxebizitzen
kopurua, erabilera komuneko instalazio eta zerbitzuak, kanpoko diseinua edota
era guztietako eraikuntza eta instalazioetako bizigarritasun eta segurtasun
baldintzak aldatzen ez direnean.
Horien barruan sartuko dira, besteak beste, etxebizitza, lokal eta
eraikinetako barne antolamenduan aldaketa txikiak egitea, horien erabilera edozein
dela ere; finka, orube eta lursailak ixtea; obretan babes hesiak, aldamioak,
zurkaitzak eta eraikuntzaren bestelako elementu osagarriak jartzea;
estalkiak, teilatu-lauak, fatxaden akaberak edo hirigintzarako elementu
puntualak konpontzea (zoladura birjartzea eta abar); errotuluak, olanak edota
markesinak jartzea, edo antzeko beste batzuk.
Obra txikien barnean, bi modalitate bereizi dira. Alde batetik,
«jakinarazitako obra» izenez ezagutzen den izapideari lotuta daudenak, eta
bestetik, obra txiki arruntak. Modalitate bakoitzaren eskakizunak eta
ezaugarriak ordenantza hauetan bertan, 66. artikuluan zehazten direnak dira.
4. Jardueren ezarpena.
Bestalde, jardueren ezarpentzat hartuko da lursail, eraikin edo lokal
zehatz batean jarduera zehatz bat garatzera zuzendutako jarduera, bai ex-novo
izaeraz, bai aurretik zegoen bat ordeztuz; dena den, indarrean dagoen hirigintza
araudia eta aplikagarri diren gainerako lege xedapenetara egokitu beharko da
ezarpen hori.
Berorien izaera, izan ditzaketen eraginak eta hirugarrenei sor
dakizkiekeen eragozpenak kontuan hartuta, eta indarrean dagoen legerian
zehaztutakoaren ildotik, jardueren hainbat modalitate bereizten dira; 67.
artikuluan zehaztu dira, hain zuzen.
Baldin eta jarduera bat ezartzeko obraren bat egitea beharrezkoa bada,
obra horiek egiteko baimen eskera eta jarduera ezartzeko beharrezkoa dena
espediente bakar baten bidez bideratu ahal izango dira, eta udal ebazpen bakar
baten bidez edo aldi berean emandako ebazpenen bidez eman dakieke erantzuna.
Hala ez bada, nahikoa izango da jarduera horri dagokion lizentzia izapidetzea,
gai horri dagokionez indarreko lege xedapenetan ezartzen diren irizpideekin
bat etorriz, eta ordenantza hau bera ere betez.
5. Erabilera aldaketa.
Erabilera aldaketatzat hartuko da, berriz, ordenantza hauek indarrean
jartzen direnean lursailek edo eraikinek duten erabilerari dagokionez, edozein
aldaketa egitea, eta etxebizitzak, lokalak, instalazioak edo lursailak lizentzietan
adierazitakoa ez den zerbaitetarako erabiltzea, lizentzia horiek ordenantza
hauen babesean emandakoak izan nahiz hauek landu eta indarrean jarri aurretik
emandakoak izan.
Baldin eta, erabilera aldaketa horren ondorioz, jarduera lizentzia
behar duten industria jarduerak, hirugarren sektorekoak, garaje erabilerak,
ekipamendu komunitariokoak edo zerbitzu azpiegituretakoak ezarri behar badira,
azken lizentzia hori izapidetzeak berak adieraziko du aldaketa bera ere
baimentzen dela.
Era berean, eskaturiko erabilera aldaketa dela-eta, obra jakin batzuk
egin behar direnean, obra horietarako eskaturiko eskakizunetara egokitu beharko
da lizentzia eskaera; horregatik, lehendik bertan egonik edo baimena izanik,
obra egitea eskatzen ez duten erabilera aldaketak eta irekitze lizentzia
behar ez dutenak bakarrik hartuko dira erabilera aldaketa gisa.
66. artikulua. Obra txikien
modalitateak.
1. Obra txikien modalitateak.
65. artikuluan, 3. idatz-zatian adierazitakoarekin bate etorriz, obra
txikietan ondoren adierazten diren hauek bereizten dira:
— Obra txiki arruntak.
— «Jakinarazitako obra» izeneko izapideari lotuta dauden obra txikiak.
2. Obra txiki arruntak.
Obra horiek, oro har, aurreko artikuluan, 65.ean, 3. idatz-zatian
deskribatutako obrei dagozkie, baina, aldi berean, artikulu honetan bertan,
hurrengo idatz-zatian, agertzen ez direnak dira. Izaera orokorrez, obretarako
udal lizentzia izapidetu eta lortu beharko da aurrez hauek egin ahal izateko.
3. «Jakinarazitako obra»
izeneko izapideari lotutako obra txikiak.
a) Obra txikien arloko
aldaera bat osatzen dute, eta hauen izaera edo eragina hutsala edo txikia da
oso; horregatik, hauek egin ahal izateko baldintzatzat ez da ezartzen
aurretik obretarako dagokion udal lizentzia lortu beharra; aitzitik, nahikoa
da udalari obra horiek egingo direla jakinaraztea, udala obra horien jakinaren
gainean egon dadin.
Izaera hori dute ondoren adierazten diren obra hauek:
— Etxebizitzen barrualdea berritzea, egiturazko elementuetan
aldaketarik ez dakartenean, elementu horiek zatitzen ez dituenean, edo antzeko
garrantzia lukeen beste eraginik ez dutenean.
— Leihoak aldatzea, leihoen koloreari, neurriari eta formari eutsiz.
— Teilak aldatzea, aldaketa horren eremua estalkiaren %50etik gora
iristen ez denean.
— Fatxadak margotzea, betiere, aurreko koloreari eusten bazaio.
— Erretenak aldatzea.
— Aurrekoen antzeko obrak eta jarduerak, dituzten ezaugarriak, tamaina
eta eraginak kontuan hartuta.
b) Aurreko idatz-zatian
adierazi diren obrak egiteko espazio publikoan aldamioak ezarri behar badira,
aldamioa ezartzeko aurrez udalaren lizentzia eskatu eta lortu beharko da.
c) Legazpiko Hiri Ondarearen
Katalogoan sartzen diren eraikinetan nahiz indarreko hirigintza plangintzan
antolamendutik kanpokotzat jo diren eraikinetan eragiten badute, aurreko «A»
idatz-zati horretan adierazitako obrak ez dira obra txikien modalitate honen
barnekotzat hartuko eta, ondorio guztietarako, obra txiki arrunten arloan
sartuko dira.
67. artikulua. Udalaren
jarduera lizentzia eskuratzea beharrezkoa duten jardueren modalitateak.
1. Jardueren modalitateak.
a) Jarduera horiek ezartzeko
lizentzia eskaeren edukia eta, horrekin batera, lizentziak emateko prozedura
ere zehaztu ahal izateko, araututako jarduera modalitateak edota esparru
honetan indarrean dauden lege xedapenek (Alde batetik, Euskal Herriko
Ingurumena Babesteko Legeak, 1998ko otsailaren 27koak (55. artikulua eta
hurrengoak) eta, bestetik, aurreko lege horretan araututako jarduera lizentzia
lortzetik salbuetsita dauden jardueren zerrenda ezartzen duen 1999ko martxoaren
9ko Dekretuak arlo honetan ezartzen dituzten baldintzak oso aintzat hartzekoak
dira une honetan.) eta hauen garapenean promulgatzen direnek arautzen dituztenak
bereiziko dira.
Zehazki, hurrengo B idatz-zatian adierazten denari eutsiz,
sailkatutako jarduerak eta salbuetsitako jarduerak bereiziko dira.
b) Aurreko A idatz-zatian
adierazi denaren osagarri modura, eta dagozkien lege xedapenetan ezartzen diren
irizpideekin bat etorriz gero, aurrekoekin batera, jarduera sinplifikatuak eta
kaltegabeak bereiziko dira.
2. Jarduera kaltegabeak.
a) Jarduera kaltegabetzat
hartuko dira, beren izaera eta baldintzak kontuan hartuta, ingurumenari eta
pertsonen osasunari eragin negatiborik ez dakarkienak; eta, besteak beste,
honako ezaugarri hauek betetzen dituztenak izango dira:
— Jarduera horiei dagozkien lokaletan eta beroriekin lotutako
espazioetan motorrik, makineriarik edo aire girotuko instalaziorik ezarri
beharrik ez dute. Ez dira makineriatzat hartuko ez ordenagailuak eta ez
bulegoetan ohikoak diren gainerako tresna informatikoak ere.
— Jarduera horiek ez daude lotuta gai toxikoen, janarien eta gai
galkorren erabilera eta salmentarekin.
— Ez dute bizirik dauden animalien tratamendu edota erabilerarekin
inolako loturarik.
— Ez daude su-kargekin lotuta.
— Jarduera horiek gauzatuko edota garatuko diren lokalen azalera 50 m2
erabilgarritik beherakoa izango da.
Lokal horiek dagozkien eraikinen behe solairuan egon behar dute
kokatuta, edota, izaera horretako jardueretara zuzentzen diren eraikin
berezietan.
— Beren lan ordutegia egunez garatuko da, gehienez ere 8:00etatik
22:00etara.
b) Zehazki, izaera hori dute
honako jarduera hauek: Bulegoko jarduerek, xehekako salmentan lan egiten duten
merkataritzako guneek (mertzeriak, loradendak, larru dendak, boutiqueak,
opari dendak, etab.); eta baita hirugarren sektoreko erabilera dutenek eta
ekipamenduen arlokoek ere, «A» idatz-zatian adierazitako baldintzak eta arlo
honetan indarrean dauden lege xedapenak betetzen badituzte.
3. Jarduera sinplifikatuak.
Jarduera sinplifikatu izaera dute aurreko 2. idatz-zatian jarduera
kaltegabeetarako adierazitako baldintzak betetzen dituztenek, jarduera
gauzatu edota garatuko den azaleari buruzko baldintza salbuespen bakartzat
hartuta; kasu honetan, 50 m2; erabilgarritik gorakoa izango da,
baina 250 m2; erabilgarritik beherakoa beti.
Horretaz gain, horrelako jardueratzat hartuko dira, jarduera kaltegabetzat
hartzeko gainerako baldintzetako bat betetzen ez badute, eta ingurunean,
segurtasunean edo ingurumenean oso eragin txikia dutela kontuan hartuta,
salbuetsitako jardueratzat edo sailkatutako jardueratzat hartzeko
beharrekoak diren baldintzak betetze ez badituzte.
4. Salbuetsitako jarduerak.
Salbuetsitako jardueratzat hartuko dira gai honetan indarrean dagoen
legerian eta, zehazki, 1999ko martxoaren 9ko 165. Dekretuko I, II eta III.
Eranskinetan horrelakotzat hartzen direnek; izan ere, bertan izaera horretako
jardueren zerrenda ezartzen da, adierazitako jarduera kaltegabe eta
sinplifikatuekin lotuta ematen diren azalpenekin edota salbuespenekin.
5. Sailkatutako jarduerak.
Arlo honetan indarrean dagoen legeriaren arabera eta, zehazki, 1998ko
martxoaren 27ko Legean, Euskal Herriko ingurumena babestekoan, zehazten
denaren arabera, horrelakotzat hartzeko baldintzak betetzen dituzten
jarduerak dira, aurreko hiru modalitateetan sartzen direnak kanpo utzita.
68. artikulua. Lizentzia eskaeren
baldintza orokorrak.
1. Lizentzia eskaerak,
interesdunak edo honen ordezkari den pertsonak izenpetutakoak, sinatzen duen
pertsonaren datuak izan beharko ditu, eta lizentzia eskatzen den eragiketa
obra, jarduera edo instalazioa zer mota eta modalitatetakoa den ere
identifikatu beharko da.
Eskaerarekin batera, beharrezkoak diren dokumentuak emango dira
indarreko legerian eta ordenantza hauetan ezarritako ale kopuruak emanez?,
lizentziaren izaera kontuan hartuta, eta proiektu honetan adierazitakoak eta,
kasu bakoitzean egoki denaren arabera, beste xedapen batzuek eska ditzaketenak
ere kontuan hartuko dira.
Administrazioko beste erakunde batzuen esku dauden baimenak edo
aurretiazko txostenak behar dituzten espedienteetan, edo beste izapideren bat
egitea eskatzen dutenean, eta izapidetze hori udalak egin behar badu,
aurkeztuko diren dokumentuen kopia kopurua handitu egingo da.
Dokumentu tekniko guztiak eskatzaileak izenpetuko ditu, eta ondorengo
artikuluan adierazten diren salbuespenak salbuespen, eskumena duen
fakultatiboak ere izenpetuko ditu; eta hala dagokionean, dagokion Elkargo
Ofizialaren oniritzia ere jasoko da bertan.
2. Lizentzia eskaerarekin
batera, lizentzia horretan adierazten diren jarduketa horien edukia, helburua
eta irismena zehatz-mehatz eta argi ulertzeko beharrezkoak diren dokumentu eta
datu guztiak emango dira beti.
Oro har, eta esparru honetan adierazitako salbuespenak salbuespen,
dagozkien proiektu teknikoek dokumentu hauek izango dituzte:
a) Honako hauek guztiak biltzen
dituen memoria deskriptiboa: Gauzatu nahi diren obrak, jarduerak edo
instalazioak, eta indarreko hirigintza araudiari eta kasu horretan aplikagarri
diren gainerako xedapenei egokitzen zaiela erakusten duen justifikazioa; obren
hasiera, garapena eta amaiera; obrak gauzatzeko programa eta jardueren
ezarpena baldintza dezakeen beste edozein egoera; etab.
Lizentzia eskaera obra txikietarako edota garrantzi txikia duten
beste jarduketa batzuetarako bada, memoria hori edota bertan aipatutako gairen
baten edo batzuen justifikazioa aurkeztea ez dela beharrezkoa uler daiteke.
b) Kasu bakoitzean eta
indarreko hirigintza plangintzan, ordenantza hauetan edota arloko legerian
ezartzen denarekin bat etorriz, administrazioaren arloko beste organismo batzuek
eman beharreko txostenak eta baimenak, betiere, horiek eskatzea lizentzia
eskatu duenari badagokio.
c) Kokapen planoa, 1/2.000
eskalan, eragindako esparrua lurzoru hiritarrean edo hiritargarrian badago, eta
1/5.000 eskalan, lurzoru hiritarrezinean badago.
d) Lursailaren edo eragindako
eremuaren egungo egoeraren plano topografikoa; bertan dauden eraikin,
azpiegitura eta zuhaizti guztiak bilduko ditu, gutxienez 1/500 eskalan.
Lurzoru hiritarrezinean kokatutako lurren kasuan, eta eragindako
esparruaren azaleraren arabera, udalak 1/1.000 edo 1.200 eskala erabiltzeko
baimena eman dezake.
e) Obren edo instalazioen
kokapen planoa eta zuinketa, egungo egoeraren planoaren gainean ezarriz
grafiatutakoa, eta haren eskala berean, lurrak mugitzeko, hiritartze
obretarako eta eraikuntza obretarako lizentzia eskatzen den kasuetan. Plano
horrek, egingo diren obrak eta instalazioak dagozkien lurren gainean ezartzeko
deskribapen grafikoa egiteaz gain, ezarpen horren funtsezko sestra kotak eta
horietako hainbat alderditatik inguruan argi eta garbi identifikatzen diren
elementuetara arteko oinplanoko distantziak ere adieraziko ditu, horrela,
lurrazalean eta lur azpian, inolako nahasbiderik gabe, honen perimetroa
lurraren gainera aldatzea ahalbidetzeko.
f) Ondo zehaztutako
aurrekontua, betiere, lizentzia eskaerak obrak egin beharra adierazten badu;
ondo bereiziko dira bertan obra unitateak, berorien neurriak edota bakoitzari
dagozkion prezioak, kapituluetan, lanbideen arabera edo teknologien arabera
bildutakoak, industria etekina ere barne hartuta, eta ondorioz kontrata hori
erabat gauzatzearen prezioa.
3. Proposatutako helburuen
edukia eta irismena aintzat hartuta, udalak hauxe egin dezake, horretarako
arrazoiak emanda: Beharrezkotzat jotzen den dokumentazio gehigarria aurkeztea
eskatu; eskatutako agirietakoren bat aurkeztea ez dela beharrezko erabaki;
azken horien edukia berregokitu; ondorio horietarako, eraikuntza obrak obra
txikitzat hartu, garrantzi txikikoak direla kontuan hartuta, eta eraikuntza
obretarako eskatzen den dokumentazioa kasu horretan neurriz gorakoa dela iritzita.
4. Aurreko idatz-zatietan
adierazitakoaz gain, eta kasu bakoitzean egin nahi den obraren, jardueraren
edo instalazioaren arabera aplikagarri diren lege xedapenek zehazten dutenaz
gain, lizentzia eskaera horiekin batera ondoren adierazten diren dokumentu
hauek ere eman beharko dira:
a) Lurzatiketa.
— Jabetza Erregistroaren egiaztagiria, eragindako finkaren edo finken
jabari ezaugarriak egiaztatzen dituena.
— Dokumentazio grafikoa; bertan, argi eta garbi azalduko dira bai
eragindako finkaren egungo egoera, eta baita proposatzen den lurzatiketa ere.
b) Garabi-dorreen instalazioa:
— Kokapen planoan, besteak beste, argi eta garbi zehaztuko dira
garabiaren gehieneko altuera eta kontrapisuaren posizioa, eta garabi besoaren
eta gakoa esekita duen orgaren eragin eremua, eta eragin eremuaren barnean
lehendik dauden edota aurreikusten diren eraikinen eta instalazioen altuera.
— Aseguru poliza, garabiaren funtzionamenduak eta obran izateak eragin
ditzakeen kalteen gainean mugarik gabeko estaldura zibil mugagabea duena.
c) Salbuetsitako eta
sailkatutako jardueren ezarpena:
— Memoriak zehatz-mehatz deskribatuko ditu bai eragindako eraikinaren
edo lokalen ezaugarriak, eta bai bertan garatzeko asmoa dagoen jardueraren
ezaugarriak; eta hauek ere zehaztu beharko ditu: Erabili eta egingo diren
produktuen ezaugarriak, erabiliko den makineria, inguruan izan ditzakeen
eraginak zarata, bibrazioak, usainak, isuriak, keak etab., ezarri beharreko
neurri zuzentzaileak, etab.
— Kasu bakoitzean indarrean dauden lege xedapenek eskatzen dituzten
dokumentuak eta baldintzak.
d) Lurzoru hiritarrezineko
lizentziak:
— Memorian, besteak beste, proiektu honetan eta, hala dagokionean, garatzen
den plangintzan nahiz indarrean dauden lege xedapenetan kasu bakoitzerako
zehazten diren baldintza bereziak betetzeari buruzko justifikazioa egingo
da.
— Egungo egoeraren planoan eta kokapen planoan, besteak beste, beronen
mugaketa eta azalera grafiatuko da, betiere, gutxieneko azalerako lursailen
ekarpena nahitaezkoa denean.
— Jabetza Erregistroan inskribatutako finkari edo finkei buruzko
datuak, gutxieneko azalera jakin bat duten lursail baten ekarpena eskatzen
denean.
— Lizentzia eskatzen duena lanbidez nekazaritza arloko profesionala
dela egiaztatzea, hala dagokionean, arlo horretan (Gipuzkoako Foru Aldundiko
Nekazaritza Saila, edo dagozkion funtzioetan hau ordezkatzen duen administrazio
erakundea.) eskumena duen
administrazioak emandako egiaztagiriaren bidez.
e) Eraikinen edo instalazioen
lehen erabilera.
— Obra amaierako ziurtagiria, obrako Zuzendariak sinatua eta dagokion
elkargoak onartua; bertan, obra horiek emandako lizentziaren arabera gauzatu
direla egiaztatuko da.
— Eraginkortasunez egin den obraren planoak. Udal kartografiaren gain
lursailaren behin betiko egoeraren planoa ere txertatuko da, 1/500 eskalan,
eta bertan, egindako eraikinak eta hiritartze obrak adieraziko dira, eta baita
ondorioz ezarritako sestra kota berriak ere.
— Eraikinen edo instalazioen kanpoaldearen argazkiak.
— Amaierako kitapena, obren eta instalazioen benetako kostua biltzen
duena, obren Zuzendariak izenpetua.
— Babes ofizialeko etxebizitzak badira, behin betiko kalifikazio
zedula.
— Obra berriari eta jabetza horizontala eratzeari dagokien
deklarazio eskrituraren kopia baimendua, dagokion lizentzian ezarritako baldintzei
ondo egokituta.
Horretaz gain, eta aurretiaz horretarako bestelako mekanismorik ezarri
ez denean, edota lizentzian berariaz halaxe adierazi denean, eskritura
horretan bertan edo beste eskritura osagarri batean nahitaez laga beharreko
lursailak udalari eskualdatzea formalizatuko da, eta lagapenaren xede izan ez
diren garatutako eraikuntza eskubideak justifikatzeko ekarpen modura eman
diren lurren eta eraikin eta instalazioen lotura ere adieraziko da; horien jabetza
ezin izango da bereizi erakinari dagokionetik.
— Ondasun higiezinen gaineko zergako altako aitorpena, hala
dagokionean.
5. Oro har, aurreko 2.
idatz-zatian ezarritako irizpideetatik ondorioztatzen diren lizentzia
eskaeren edukia, kasu bakoitzean, arreko 4. idatz-zatian nahiz hurrengo
artikuluetan araututako baldintza berezietara egokituko da; eta, horregatik,
eskaera horietan ez dira sartuko, eskaera horietako bakoitzaren izaeraren eta
ezaugarri berezien ikuspegitik, beharrezkotzat jotzen ez diren zehaztapen eta
dokumentu orokorrak.
6. Baldin eta eskatutako lizentziak
hainbat modalitatetan sartzeko moduko ezaugarriak baditu, horietarako
guztietarako nahiz horietako bakoitzerako eskatzen diren baldintza
dokumental guztiak bete beharko dira.
69. artikulua. Lizentzia
motaren arabera eskaeran sartu beharreko agiri zehatzak.
1. Lursailen zatiketa.
a) Memoria bat egingo da, eta
bertan, proposatutako lursailen zatiketa nolakoa den eta arau hauetako
zehaztapenetara edo horiek garatzen dituen plangintzara nola egokitzen den
arrazoitu beharko da, eta zatitu beharreko finka edo finkak eta osatzen diren
lursailak deskribatuko dira.
b) Jabetza Erregistroko
ziurtagiria; bertan, eragindako finken jabariaren inguruko gorabeherak, kargen
egoera eta beren inskripzioko oinarrizko datuen deskribapena jasoko da. Azken
horiek zehatz-mehatz egokitu beharko dira lehendik dauden egoera errealetara,
eta horretarako, bat ez etorriz gero edo zehaztasunak faltaz gero, aipatu
egoeretara aldez aurretik egokitu beharko dira, hipotekari buruzko legerian
aurreikusten den prozedurari jarraituz.
c) Egungo egoerari buruz
egingo den planoak aurreko artikuluan adierazitako baldintza orokorrak beteko
ditu; bertan, lursailaren mugak, eta hala egokituz gero, hirigintza eremuen
eta erabilera globaleko eremuen mugak edo horretan eragina izan dezaketen
hirigintza afekzioak agertuko dira; mugakide diren lursailen jabeak ere
adieraziko dira.
d) Lursailen zatiketari
buruzko planoa egingo da, egungo egoerari buruzko planoaren eskala berean eta
baldintza orokor berekin.
2. Lurrak mugitzea.
Teknikari eskudunak izenpetutako proiektu teknikoa aurkeztuko da,
udalak egin beharreko obrak garrantzi gutxikoak direla uste badu eta proiektu
hori beharrezkotzat jotzen ez badu behintzat –kasu horretan udalbatzak
adieraziko du berariaz zer dokumentazio aurkeztu behar den–.
Proiektuak, besteak beste, honako agiri zehatz
hauek jasoko ditu:
a)
Proiektatutako obrak, lanen gauzatze programa eta obrari berari, bide
publikoei eta mugakide diren finkei buruz hartutako neurriak azaltzen dituen
memoria.
b)
Egungo egoeraren planoa; horren barruan ibilgailuen zirkulaziorako bide
publikoak eta obren eragina izan dezaketen lursail mugakideen atalak sartuko
dira.
c)
Proiektuaren planoak, egungo egoeraren eskala berean egindakoak,
lehendik dagoen eremuaren profilak eta proiektatutakoak zehaztuz.
Udalak, beharrezkoa dela irudituz gero, teknikari eskudun batek lurren
ikerketa geoteknikoa egiteko eskatu ahal izango du.
3. Hiritartze obrak edo
azpiegiturak gauzatzea.
Teknikari eskudunak izenpetutako proiektu bat aurkeztuko da, eta
bertan, aurreko artikuluan adierazitako planoaz gain, eragindako zerbitzu
sareen proiektu planoak ere jaso beharko dira, egungo planoaren gainean
grafiatutakoak eta horretarako eskatzen den eskalan eginak.
4. Garabi-dorreen instalazioa.
a) Kokapen planoak, kasu
honetan, honako xehetasun hauek adieraziko ditu: Garabiaren gehienezko altuera,
kontrapisuaren posizioa, garabi besoaren eta gakoa esekita duen orgaren eragin
eremua, eta eragin eremuaren barnean lehendik dauden eraikin eta instalazioen
altuera. Jabari publikoko lurretan instalatu behar izanez gero, euskarri oinak
hartuko lukeen gehienezko eremua ere adieraziko du.
b) Instalazioa egiten duen
etxearen adierazpena, teknikari eskudun batek izenpetua, ipini beharreko
garabiaren osagaiak ondo daudela egiaztatzen duena, eta garabia ondo lan
egiteko moduan muntatzeko ardura bere gain hartzen duena. Adierazpen horretan
garabiak, bere posiziorik okerrenean, eta aurreikusten diren balizko erabilera
desberdinetan, garraia ditzakeen gehienezko zamak adierazi beharko dira.
c) Dagokion elkargo ofizialak
onartutako eta teknikari eskudunak emandako dokumentua; horren bidez, garabia
obra lekuan dagoen bitartean garabiaren funtzionamendu ona eta segurtasunaren
kontrola bere gain hartzen dituela egiaztatuko da.
d) Garabiak, lanean ari den
garaian edo obran dagoen bitartean egin ditzakeen kalteei buruzko erantzukizun
zibil mugatua estaltzeko aseguru poliza.
5. Eraikinak eta eraikuntzak
eraistea.
Udalak eraitsi behar den eraikuntzaren edo eraikuntzen garrantzi
txikia dela-eta beharrezko jotzen ez duen kasuetan salbu, teknikari eskudunak
izenpetutako proiektu teknikoa aurkeztuko da, eta bertan, izaera orokorrez
eskatutakoaz gain, beste dokumentu hauek ere jaso beharko dira:
a) Egin beharreko lanen
ezaugarriak azaltzen dituen memoria teknikoa; memoria horretan, lanetarako
programa eta koordinazioa, pertsonak eta gauzak babesteko hartu beharreko
neurriak, eta obrari, bide publikoei eta mugakide diren eraikuntzei eta onibarrei
dagozkien xehetasunak adieraziko dira.
b) Eragindako eraikuntzen
egungo egoeraren planoak solairuetan, altxaketetan eta sekzioetan, 1/100
eskalan gutxienez.
c) Eraikinaren kanpo itxuraren
argazkiak, 13x18 cm2-ko formatuan. Argazki horiek proiektuaren
egileak sinatu beharko ditu, eraikinaren benetako egoera erakusten dutela
adierazteko.
6. Eraikuntza obrak (eraikin
berriak eta lehendik dauden eraikinak handitu, berritu edo finkatzeko obrak).
Lurzoru hiritargarrian edo orubetzat hartzeko ezaugarriak betetzen
ez dituzten lurzoru hiritarreko lurretan eraikin berri bat egiteko aurkeztu
beharreko lizentzia eskaeran interesatuak hitz emango du obra horiek indarrean
dagoen hirigintza plangintzan jasotakoaren arabera, edota indarrean dagoen
Kudeaketa Araudiko 40. artikuluaren 2. atalean adierazitakoaren arabera egingo
dituela. Era berean, hiritartze obrak amaitu arte eraikina ez erabiltzeko
konpromisoa hartuko du, eta baldintza horiek eraikin osoan edo zati batean
egin litezkeen jabetza edo erabilera eskubideen lagapenetan ere adierazi
beharko dira.
Era berean, teknikari eskudunak izenpetutako proiektu teknikoa ere
aurkeztuko da, eta bertan, aplikagarriak diren lege xedapenetan eta ordenantza
hauetan eskatutako dokumentuez gain, honako dokumentuak hauek jasoko dira:
a) Proiektatutako lanen
ezaugarriak azalduko dituen memoria. Memoria horretan, eraikuntzaren
alderdietan ezarri beharreko erabileren eta fatxadarako eta estalkirako
aukeratu diren materialen –izaera, kolorea eta gainerako ezaugarriak–
deskribapen zehatza egingo da.
b) Eraikuntzaren
kokalekuaren planoa, hala badagokio, udalari emateko lekuen mugak eta azalera
adieraziz. Plano hau ez da beharrezkoa izango, eraikuntzak berritu edo finkatzeko
lanetan, lurzoruan jartzeari eragiten ez dioenean.
c) Eraikinaren solairu eta fatxada
guztien planoak, eta lanen zehaztapen osorako beharrezkoak diren gainerako
sekzioenak ere bai, 1/100 eskalan, gutxienez; etxebizitzak eraiki behar
direnean, 1/50 eskala erabiliko da gutxienez.
Plano guztietan, kotak behar bezala zehaztuta, eraikinari aplikagarri
zaizkion ordenantzak betetzen direla egiaztatzeko behar adina datu jasoko
da, eta eraikitako eta erabilgarri diren gune desberdinen azalerak eta izango
duten erabilera zehatza ere adieraziko dira.
Sekzioek eraikineko solairu erabilgarrietako sestren kotak azalduko
dituzte, bai hegalaren goiko ertzarena eta baita estalkiaren gailurrena ere
–biak amaituta daudenean–, egungo egoeraren eta kokalekuaren planoen kotei
dagozkienak, eta horien zehaztapen maila berarekin.
d) Berariaz egiaztatu beharko
da suteen aurkako babesari buruz indarrean dagoen legean ezarritako baldintzak
betetzen direla (Alderdi horri dagokionez kontuan hartuko dira Eraikuntza
Kode Teknikoan eta indarrean dauden gainerako xedapenetan ezarritako
irizpideak.).
e) Proiektuan lurrak mugitzeko
aukera sartuz gero, memoriak eta kokalekuaren planoak artikulu honetako 3.
epigrafean mota honetako lanetarako eskatzen diren baldintzak bete beharko
dituzte; aldi berean, lur mugimendu horiek eraikinak hartzen duen eremutik
kanpo egin behar izanez gero, eta udalak beharrezkoa dela ikusiz gero, lehenago
adierazitako proiektuaren planoak ere aurkeztu beharko dira.
f) Zerbitzu sareetarako
hartuneen planoa –ur hornidura, ur zikinen sarea, energia elektrikoa,
telefonia, etab.– kokalekuaren planoaren gainean grafiatuko da, lotune horien
ezaugarrien definizio zehatza eginez, eta zerbitzu sare orokor horiek obrak
egitearen ondorioz sor daitezkeen behar berriei erantzuteko behar adinakoak
direla egiaztatu beharko da.
g) Erregai biltegiak instalatzea
aurreikusiko balitz, horien kokalekuaren eta banaketa sarearen planoak,
neurriak eta ezaugarriak zehaztu beharko dira. Biltegiak eraikinetik kanpo
ezarri behar izanez gero, plano horiek «kokalekuaren planoaren» gainean
grafiatuko dira. Baldintza berberak bete beharko dira putzu beltzak eta
hondakin uren arazketarako bestelako elementuak instalatzea aurreikusten
denean.
h) Garaje erabilerak aurreikusiz
gero, aparkaleku kopurua eta sarrerako korridoreak zehaztu beharko dira
proiektuaren planoetan, gutxieneko erabilera neurriak finkatuz; sarbideak
aldapa badu, ibilbide zatien aldaparen ehunekoa zehaztu beharko da –ardatzaren
parean–.
i) Obrek zuhaitzen bat kaltetuko balute edota kalte egiteko
arriskurik balego, horren berri eman beharko da, horren beharra frogatuz, eta
zuhaitzaren kokapena «kokalekuaren planoan» grafiatu beharko da.
j) Eskatutako lizentzia «hiriguneko bizitegi eremuan»
kokatutako lursailetan eraikin berri bat egiteko edo fatxadak berritzeko
bada, fatxadaren planoak aurkeztu beharko dira, 1/200 eskalan gutxienez, eta
baita txertatzen diren sailarenak ere, gaur egungo egoeran, eta eraikin berria
txertatuz. Proiektua egin den datan ondoan dauden etxeen argazkiak ere
aurkeztu beharko dira.
k) Eraikin baten eraikuntza lanak edo handitze lanak eta
hirigintzako lan osagarriak aldi berean egin behar direnean, horien
zehaztapena eraikuntza proiektuan jaso ahal izango da. Baina zehaztapen horren
alderdi grafikoak eraikuntza planoetatik aparteko plano multzo bat osatu
beharko du, zehaztasunari eta edukiari dagokionez, eta hiritartze proiektu
berezi bati dagozkion baldintzak bete beharko ditu. Aldi berean, eraikuntzarena
ez den aurrekontu bereizia aurkeztu beharko da, oro har mota honetako
agirietarako eskatzen diren baldintza guztiak betez.
l) Nolanahi ere, proiektu teknikoa oinarrizko proiektu gisa
aurkezten denean ere eskatu ahal izango da aurrez aipatutako dokumentazioa.
Kasu horretan, ondoren obrak gauzatzeko aurkeztu beharreko proiektuan
modalitate horri dagozkion definizioak adierazi beharko dira, dagokion elkargo
ofizialaren xedapenetan eskatutakoaren arabera.
7. Obra txikiak.
a) «Jakinarazitako obra»
izapideari lotutako obra txikiak.
Horrelako obrak egiteko asmoa duten pertsona fisiko edo juridikoek
udalari jakinarazi beharko diote, Udalean honako agiri hauetako bat aurkeztuz:
Ordenantza hauetako 1. eranskinean dagoen eskaera orria, edo horren ordez udalak
zehazten duen agiria, edota, besteak beste, honako datuak jasotzen dituen idatzi
bat:
— Eskatzailearen identifikazioa.
— Eskatzaileak noren izenean esku hartzen duen (jabea, maizterra,
ahalduna, kontratista).
— Egin beharreko lanak eta jarduerak, eta horien deskribapena.
— Eragindako eraikinaren, etxebizitzaren, lokalaren eta abarren
kokalekua.
— Obren aurrekontua.
— Obrak eta jarduerak hasteko data.
— Obrak eta jarduerak gauzatzeko eta bukatzeko epea.
— Komunikazio data.
— Eskatzailearen sinadura.
b) Obra txiki arruntak.
Eskari orria, aurreko A atalean adierazitako datuak, kokapen planoa eta
aurrekontua aurkezteaz gain, nahikoa izango da, kasu honetan, ondoren
adierazten diren dokumentuen bina kopia aurkeztea, eskatzaileak sinatuta:
a) Proiektatutako obrak egoki
eta zehatz azaltzen dituen memoria eta, hala badagokio, eragindako finkek,
lokalek eta abarrek izango duten erabilera edo jarduera. Era berean, horietan
eraiki eta erabilgarria den azaleraren taula deskriptiboa aurkeztuko da.
b) Egin behar diren obren
solairu, altxaketa eta sekzioen krokis akotatua, eta obrak egin beharreko
eraikin osoaren edo zatiaren egungo egoera.
c) Obren tamaina dela-eta hala
komeni bada, gaiari buruzko udal zerbitzu teknikoen txostena ikusi ondoren,
eskalan egindako obra planoak aurkezteko eta gauzatze lanak egiteko zuzendaritza
eskuduna izendatzeko eskatu ahal izango da, eta, beharrezkoa dela ikusiz gero,
baita proiektu tekniko osoa egiteko ere.
Dena dela, Eraikuntza Kode Teknikoan araututa dauden gaiei eragiten
dieten obrek eta jarduerek, eta baita suteen aurkako babesarekin eta
segurtasunarekin zerikusia dutenek ere, dagokien proiektua beharko dute.
8. Behin-behineko erabilerak.
Plangintzan baimenduta ez egon arren, egindako aurreikuspenen aurka ez
doazen edo haien garapena zailtzen ez duten behin-behineko erabilerak ezartzeko
helburua duten obra lizentzien eskaeretan, eskatzaileak berariaz onartu
beharko du, udalak hala eskatuz gero, egindako obrak eraitsi eta erabilerak
bertan behera utziko dituela inolako kalte ordainik jaso gabe. Era berean,
eskatutako lizentziaren izaeraren arabera galdagarri zaion gainerako
dokumentazioa ere aurkeztu beharko du. Gainera, lurzoruaren legeak horretarako
eskatzen dituen baldintza guztiak bete beharko dira.
9. Erabilera aldaketak.
Oro har, eskatzen den dokumentazioaz gain, eta lizentzia behar
luketen obrak aurreikusita egon ez arren, lokalen, eraikinen eta, hala
badagokie, solairuen, sekzioen eta fatxadaren planoak aurkeztu beharko dira
1/100 eskalan gutxienez, eskatutako lizentziaren edukia ondo interpretatzea
ahalbidetuko baitute.
10. Jarduerak ezartzea
(jarduera lizentziak).
a) Jarduera kaltegabeak eta
jarduera sinplifikatuak.
Honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da:
— Proiektatutako jardueraren memoria deskriptiboa, besteak beste,
honako datu hauek azalduko dituena: Lokalak eraikinean duen kokapena, eta
bertarako sarbideak eta komunikazioak; hala badagokio, lokalean ezarri
beharreko makina eta instalazio finkoak; jardueraren ezaugarri teknikoak, baita
osasun izaerakoak ere, jardueraren izaerak hala eskatzen duenean;
proiektatutako zerbitzu higienikoak; suteen kontrako neurriak (su itzalgailuak,
larrialdietarako argiak, etab.).
— Lokalak gainerako eraikinarekin duen lotura islatzen duen planoa,
eta txertatuta dagoen finkarena.
— Solairuen eta sekzioen planoak, 1:50 eskalan, jarduera egokitzearen
ondorengo egoera islatzen dutenak.
— Fatxadaren argazkia.
Proiektatutako jarduera edo jardueren izaera eta jarduera horri edo
horiei elkartutako afekzioak kontuan hartuta, udalak beste dokumentu batzuk
ere aurkeztea eska dezake, lizentzia eskaera egoki izapidetzeko komenigarriak
direla irudituz gero, edo adierazitako dokumenturen batzuk aurkeztetik
salbuets dezake.
b) Salbuetsitako jarduerak eta sailkatutako
jarduerak.
Aurkeztu beharreko proiektu teknikoak honako hau jasoko du:
— Memoria deskriptiboa eta/edo justifikaziozkoa 1998ko martxoaren
27ko Ingurumena Babesteko Lege Orokorraren 57. artikuluan eta 1999ko martxoaren
9ko 165 Dekretuaren IV. eranskinean azaltzen diren gai multzoarena:
— Lokalaren edo eraikinen ezaugarriak: Kokapena, hartutako azalerak,
sarbideen deskribapena, eskailerak, proiektatutako banaketa, zerbitzu
higienikoak, aireztapena, gainkarga onargarriak eta gainerako eraikuntza
ezaugarriak, eta bereziki, sute, segurtasun, osasungarritasun eta higiene
gaietan aplikagarriak diren ordenantzak betetzeko hartuko diren neurriak
adieraziko dira.
— Lehengaien eta bitarteko produktuen zerrenda: Urteko kontsumoa eta
bakoitzerako aurreikusitako gehienezko biltegiratze kopurua, beren ezaugarri
fisikoak eta kimikoak eta izan ditzaketen ondorio gehigarriak eta hartutako
segurtasun neurriak adieraziz.
— Prozesu industriala, faseak eta bukatutako produktuak lortu arte
lehengaiak izaten dituen beharrezko eraldaketak deskribatuz.
— Ekoizpena: Zer kopuru ekoiztea aurreikusten den, biltegiratzea
aurreikusten den gehienezko kopurua eta bukatutako produktuen eta hondakinen
ezaugarriak, biltegiratze lanetan eta helmugaratzean hartzen diren
segurtasun neurriak adieraziz.
— Ingurunean izan ditzaketen ondorioak: Zarata, dardara, kea, lainoa,
lurrina eta kiratsa, ur zikinen isurketa, inguruko tenperaturaren aldaketa eta
sute arriskua, eraginkortasun maila eta segurtasun bermea adieraziz, izan ditzaketen
ondorio gehigarriak, eta indarrean dagoen legeriak arautzen dituen baldintza
berezien betetzea.
— Kokapen planoa, kokalekua eta proiektua, xedapen horietan ezarritako
neurrian eta edukiarekin. Zehazki, honako hau jasoko da:
— Kokapen planoa. Kasu honetan, jarduera kokatu behar den eraikinaren
inguruan, gutxienez 100 metroko zirkulua hartuko duen eremua jaso beharko da,
1/1000 eskalan.
— Lokaletan edo instalazioetan makinak egonez gero, horien kokaleku
zehatza azalduko duten planoak, gutxienez 1/100 eskalan eginak.
— Lokalak eraikinaren barruan duen kokalekuaren planoak, bai
oinplanoarena eta baita sekzioarena ere, eta lokalen eta alboko guneen
erabilerak eta jarduerak.
Oro har, obrak gauzatzeko eta jarduerak ezartzeko udal lizentziak
aldi berean egitea eta baimentzea proiektatuz eta/edo eskatuz gero, jarduera
horiei dagokien lizentzia izango da lehenengo izapidetuko eta emango dena, eta
ondoren emango da obrena, eta ez da egokia izango azken horiek aurrez baimentzea.
11. Kartelak eta publizitate
elementuak jartzea.
Honako hau frogatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko da:
a) Proposamenaren memoria
deskriptiboa eta justifikaziozkoa, besteak beste, instalazioaren segurtasun
neurriak eta bermeak zehaztuko dituena, eta erabilitako materialaren kontserbazio
ona egiaztatuko duena, dagokion aurrekontua ere barne hartuta.
b) Publizitate panelaren edo
elementuaren oin, altxaketa eta sekzioaren planoak, 1/50 eskalan.
Halaber, publizitate panela edo elementua jarri nahi den lursailaren
edo eraikinaren jabeak emandako baimen idatzia aurkeztuko da, eta baita
kanpoko publizitate erregistroan izena emanda dagoela dioen ziurtagiria ere;
udalari egokia irudituz gero, publizitate panel edo elementu hori jartzeak
beste norbaiti sor diezazkiokeen kalteei aurre egiteko erantzukizun zibileko
aseguru poliza ere aurkeztu beharko da.
12. Lurzoru hiritarrezineko
lizentziak.
Kasu bakoitzean, eta egin nahi den obraren edo ezarri nahi den erabileraren
arabera, bakoitzerako oro har erabakitako dokumentazioa eta ondoren zehazten
diren aldaketa eta baldintza osagarriak eskatuko dira:
a) Kokapen planoa:
Kasu guztietan aurkeztuko da, Diputazioaren 1/5000 eskalako altxaketan
grafiatuta eta lizentziaren eskatzaileak behar bezala eguneratuta, hala behar
izanez gero. Bertan, lursailak seinalatuko dira, horien azalera arrazoituz, eta
kasu bakoitzerako ezarrita dagoen gutxienekoa gainditu beharko da.
b) Gaur egungo egoeraren eta
kokalekuaren planoak.
Gutxienez 1/500 eskalan egindako plano takimetrikoan aurkeztu beharko
da, baldin eta udalak aldez aurretik eskala txikiagoak erabiltzeko baimena
ematen ez badu.
Bizitegi erabilerako eraikin berri bat eraikitzean, planoak berorri
atxikitako lursaila edo lursailak eta horien neurria azaldu beharko ditu, eskatzaileak
eta neurketak egiteko eta bermatzeko eskumena duen profesional batek sinatuta.
Baldintza berak bete beharko dira erabilera publikokoak eta interes
sozialekoak ezarri behar direnean ere.
Borda eta bizitegi erabilera berriak ezarri behar direnean,
ibilgailuetarako sarbideak eta eraikineraino iritsiko den loturaren ibilbidea
–lur erauzketak eta lubetak– aurkeztu beharko dira.
c) Gutxieneko azalera duen
lursailean edo lursailetan eta erabilera publikoko eta interes sozialekoetan
lizentziaren eskaerari finkaren edo finken deskribapena, jabetzako
erregistroan ezarrita dagoena, eta inskripzioaren datuak (liburua, orria eta
finkaren zenbakia) zehazten diren
eranskina atxiki beharko zaio.
d) Zatikako dedikazioa edota
dedikazio profesionala eskatzen duten nekazaritza eta abeltzaintza
erabilera berriak ezarri behar diren kasuetan, horren arrazoia azaldu beharko
da, baldin eta, begi bistakoa delako, udalak eskatzailea baldintza hori betetzetik
salbuesten ez badu.
e) Erabilera publikokoak eta
interes sozialekoak ezartzeko eskaera egiten denean, lurzoru hiritarrezinean
ezartzearen beharra edo aukera behar adina justifikatuta aurkeztu beharko da.
13. Eraikin edo instalazioen
lehen erabilera.
Eskaeraren orriari aurreko 68. artikuluko «4.e» atalean adierazitako
dokumentuak atxikiko zaizkio.
Bestalde, dagozkien hiri zerbitzuen horniduren behin betiko
kontratazioa (ura, ur zikinen sarea, gasa, energia elektrikoa, telefonia,
etab.) indarrean dagoen lege xedapenetan eta, zehazki, 105/2008 Dekretuan,
ekainaren 3koan, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2006ko ekainaren 30eko
Legea (51. artikulua) garatzen duten premiazko neurriei buruzkoan,
ezarritakoaren arabera egingo da.
14. Eraikuntzetara eta jada
lehendik dauden eraikinetara sarrera bermatzeko bereziki egindako proiektu
teknikoak, indarrean dagoen hirigintza plangintzan finkatutakoak, ordenantza
hauetako 41. artikuluak eta ondorengoak ezarritakoaren arabera.
Eragindako etxebizitzetara sarbidea ahalbidetzeko proiektatutako
obrak zehazteko eta, ondoren, baimentzeko egin beharreko proiektu teknikoak,
dokumentu horri dagozkion xedapen orokorrak ez ezik, ondokoak ere jaso beharko
ditu:
a) Ordenantza hauetan
xedatutako irizpideetara egokitzea, berorren gauzatzea eta proposamenak
arrazoitzen dituen gorabeherak azalduz.
b) Proposatutako irtenbidearen
logika eta zentzua, bai berezkoak, bai plantea litezkeen bestelako irtenbideen
aurrekoak.
c) Hiri Ondarearen Katalogoko
ondasunak eta eraikinak, edota horien zatiren bat, izanez gero, horiek egoera
egokian zaintzeko eta mantentzeko neurriak, horien iraupen orokorra eta,
bereziki, duten balioa bermatzen duten baldintzak betez.
d) Proposatutako irtenbideak,
hark eragiten duen eremuan, sorrarazten dituen askotariko eraginen eta
afekzioen –fisikoak, estetikoak, akustikoak, etab.– ebaluazioa.
e) Eragin eta afekzio horiek
zuzentzeko eta desagerrarazteko proposamenak, bai eta helburu horretarako egokiak
diren materialak eta makinak erabiltzeari dagokionez ere.
f) Hala badagokio, eragindako
lurretako hirigintza araudian planteatutako irtenbideak, lur horien zatitzeko
baldintzek, eraikuntzaren lerrokadurek, lur horien izaera juridikoak, eta
abarrek ekarriko dituzten egokitzeak, eta proiektu honetan gai horren inguruan
ezarritako irizpideetara egokitzea.
g) Proposatutako irtenbideak
eragindako ondasun eta eskubide guztien zerrenda, horien ezaugarrien
deskripzioa eta titularren identifikazioa.
h) Proiektatutako lanak gauzatzearen
eta instalazioak ezartzearen kostua, eta baita, hala badagokio, horrek
eragindako lokalak eskuratzearen edota erabiltzearen kostua eta eragindako
eraikuntzetako guneena ere.
i) Eragindako etxejabeen elkarteak proiektuan planteatutako
lanei eskainitako babes eta onarpen maila, helburu horretarako egin diren
kudeaketa lanen berri emanez, eta horren inguruan izan diren ezadostasunak
azalduz.
j) Eragindako etxebizitzetan ezgaitasunen bat duten pertsonek
edo mugikortasuna era iraunkorrean murriztuta duten pertsonek beren ohiko
etxebizitza dutela egiaztatzea.
k) Ondoren planteatuko diren lanak eta jarduerak gauzatzeko,
desjabetzearen bidez esku hartzeko beharra edo horren beharrik eza, erabaki
horri dagokion arrazoia azalduz.
l) Beharrezkotzat jotzen diren beste edozein gorabehera
edo gai, indarrean dagoen plangintzarekin bat datorrena, proiektu hau barne.
70. artikulua. Lizentziak
izapidetzea eta lanak gauzatzeari buruzko adierazpenak.
1. Baldintza orokorrak.
Artikulu honen ondorengo ataletan eta, egoki bada, indarrean dauden
legezko beste xedapen batzuetan ezarritakoaren kalterik gabe, lizentzien
izapidetzea tokiko araubidean gaiari buruz ezarritakora egokituko da.
2. Lurzoru hiritarrezineko
lizentziak.
a) Nekazaritza eta abeltzaintzako
ustiapenekin zerikusia duten lizentzia eskaerek, hala badagokie, eta indarrean
dauden lege xedapenetan eta proiektu honetan bertan ezarritakoarekin bat
etorriz, ziurtagiriak, baimenak edota Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritza
eta Arrantza Sailak edo jardunean ordezten duen erakundeak aurrez igorritako
txostena izan beharko dituzte.
b) Lurzoru hiritarrezinean
nekazaritzakoak ez diren eta baimena behar duten erabilerak ezartzeko lizentzia
eskaerek, indarrean dauden lege xedapenetan ezarritako izapidetzeak eta
baimenak beharko dituzte, indarrean dagoen Legazpiko Hiri Antolamenduko Plan
Orokorra barne hartuta.
3. Obra txikiak.
a) «Jakinarazitako obra»
izapideari lotutako obra txikiak.
— Horrelako obrak egiteko asmoa duten pertsona fisiko edo juridikoek
hauek egiteko asmoa udalari jakinarazi beharko diote, lanak hasi baino hamar
egun lehenagotik, ordenantza hauetako 69. artikuluko 7. atalean adierazitako
dokumentazioa aurkeztuz.
— Udalak «jakinarazitako obra» izeneko agiria prestatu eta emango du,
eta horrelako obrak eta jarduerak udalari jakinarazi beharra dagoela gogorarazi
eta betebehar hori bete dela egiaztatuko da agiri horren bidez.
b) Obra txiki arrutak.
— Lizentzia eskaerak ezarritako baldintzak betetzen ez baditu,
interesatuari hamar eguneko epean dagozkion zuzenketak egiteko eskatuko zaio.
Horrela egiten ez badu, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko da, eta
espedientea artxibatu egingo da beste izapiderik gabe, eskumena duen
erakundeak erabaki ondoren, gaiari buruz indarrean dauden lege xedapenetan
ezarritako ondorioekin.
— Obra txiki arruntetarako lizentziak emateko epea hilabetekoa izango
da, eskaera aurkezten den egunaren hurrengotik kontatzen hasita. Epe horretan
dagokion erabakia igorri ez bada, eskaera ontzat eman dela ulertuko da,
administrazio prozedurari buruz indarrean dagoen legean aurreikusita dauden
ondorioekin.
— Alkateak edo horren ordezkoak izango du obra txiki arrunten lizentzia
eskaeren espedienteak erabakitzeko eskumena.
c) Obra txikien bi
modalitateei dagozkien baldintza orokorrak.
— Obren gauzatze epean baimendutako obren proiekzioaren edo baimenaren
baldintzak modu esanguratsuan aldatzen dituzten aldaketak egin behar badira,
horiek udalari jakinarazi beharko zaizkio.
— Edozein teknikarik edo udaltzainek obretara sartu ahal izango du
obren gauzatze epean, «jakinarazitako obra» izapidea beharrezkoa dutenak
adierazpen horretan jasota dagoenarekin bat datozela egiaztatzeko. Helburu
horretarako, lizentzia eta adierazpena obrako lekuan bertan jasoko dira,
egiaztapena egiterakoan aztertu ahal izateko.
— Obrak gauzatzerakoan, eraikuntzaren gauzatze egokiak agintzen
eta/edo aholkatzen dituen neurriak hartuko dira, eta baita sektore horretako
laneko arriskuen prebentzio arauak aurreikusten dituztenak ere.
— Lizentzian eta «jakinarazitako obra» izapidea beharrezkoa duten
adierazpenean obrak hasteko eta amaitzeko epeak zehaztu gabe izanez gero,
honako hauek hartuko dira aintzat:
* «Jakinarazitako obra» izapidea beharrezkoa duten obra txikien
hasiera epea: Hilabete, horiei buruzko jakinarazpena udalari aurkezten
zaionetik kontatzen hasita.
* Obra txiki arrunten hasiera epea: Hilabete, dagokion
lizentzia emateko erabakia jakinarazten zaionetik kontatzen hasita.
* Bi modalitateko obra txikien amaiera epea: Sei hilabete,
obrak hasten direnetik kontatzen hasita.
4. Debekatutako erabilerak eta
jarduerak.
Ezarri nahi den erabilera edo jarduera erabilera orokorreko gunean
edota dagokion lursailean indarrean dagoen plangintzan berariaz debekatuta
dagoenean, edota zuzenean horiekin lotu daitekeenean, xede horretarako
eskatutako jarduera edo irekiera lizentziak zuzenean ukatuko dira, eta ez da
bidezkoa izango berori izapidetzea, jarduera gogaikarri, osasungaitz,
kaltegarri eta arriskutsuei buruz ezarrita dagoenarekin bat etorriz.
Bestalde, ezarri nahi den jarduera ezartzeko obrak egin behar badira,
espediente bakar bat izapidetuko da, eta hartutako erabakia irekiera lizentziari
eta obra lizentziari buruzkoa izango da.
71. artikulua. Jarduera lizentziak
izapidetzea.
1. Jarduera kaltegabeetarako
eta jarduera sinplifikatuetarako lizentziak.
Oro har, indarrean dauden lege xedapenetan ezarritako antzeko baimen
irizpideak, eta bereziki, 1999ko martxoaren 9ko 165 Dekretuan, salbuetsita
dauden jarduerentzat ezarritako gora behera, kaltegabeak eta sinplifikatuak
diren jarduerak honako baimen izapideak izan beharko dituzte:
— Jarduera ezartzearen aldeko txostenen igorpena.
— Baimenari dagokion udal erabakia.
Eragindakoei entzuteko izapidearen menpe jarriko dira jarduera horiek,
beren ezaugarriak eta afekzioak kontuan hartuta, udalak horrela erabakitzen
duenean.
Dena den, gaiaren inguruan esku hartzeko arau zehatzen ondorioetarako
eta helburu horretarako komenigarria dela ikusten bada, ordenantza honen
dokumentu osagarria egin eta onartu ahal izango da, udalak hala erabakitzen
duen unean.
2. Salbuetsitako jardueren
lizentziak.
Gaiari buruz indarrean dauden lege xedapenetan, eta bereziki, jarduera
lizentzia lortzetik salbuetsita dauden jarduerak zerrendatzen dituen
1999ko martxoaren 9ko 165 Dekretuan ezarritako irizpideetara egokituko da
lizentzia horien izapidetzea.
3. Sailkatutako jardueren
lizentziak.
Gaiari buruz indarrean dauden lege xedapenetan, eta zehazki, 1998ko otsailaren
27ko Euskal Herriko Ingurumena Babesteko Lege Orokorrean ezarritako
irizpideetara egokituko da lizentzia horien izapidetzea.
4. Beste gai batzuk.
a) Ez da jarduera lizentzia
eskaerak izapidetzea onartuko, indarrean dagoen hirigintza plangintzan bai
eremu orokorretan eta bai eragindako lursailetan edo azpieremuetan
aurreikusitako jarduera hori berariaz debekatuta dagoenean. Debekatutakoekin
zuzenean parekatu daitezkeen beste erabilerek ere tratamendu bera izango dute.
b) Oro har, obren
gauzapenerako eta jarduerak ezartzeko udal lizentziak aldi berean eskatzea
eta baimentzea proiektatuz eta/edo eskatuz gero, jarduera horiei dagokien
lizentzia obra lizentziaren aurretik izapidetu eta emango da.
72. artikulua. Lizentzien
titulartasuna eta horien eskualdaketa.
1. Lizentzia eskatu duena
hartuko da lizentziaren titulartzat, nahiz berak eskatu nahiz beste pertsona
batek haren ordez eskatu.
2. Lizentziaren titularrak
horren aurreikuspenak beteko ditu, eta gauzatze hori ezarritako baldintzetara
egokitzeko ardura izango du, eta indarrean dauden lege xedapenetan ezarritako
tasak ordaintzearen ardura ere hark izango du.
3. Eskatzailea beste baten
ordez edo aginduz ari bada, hori egiaztatu egin beharko du. Beste kasu batzuetan,
lizentziaren titulartzat hartuko da, ondorio guztietarako, ordezkatuarekin
edo mandatugilearekin batera, modu solidarioan.
4. Lizentzien titulartasuna
indarrean dauden lege xedapenetan ezarritako baldintzen arabera izapidetu
daiteke.
Izapidetzeko unean obrak gauzatzen ari badira, horien egoera zehaztu
beharko da.
Nolanahi ere, titular berriak aurrekoak onartutako konpromisoak eta
betebeharrak bere gain hartu beharko ditu espresuki, eta kasu horretan eta
helburu horretarako, aurrez egindako dokumentu publikoak aldatuko dira.
Dena den, jabari publikoko ondasunei eragiten dien obren edo jardueren
lizentzien titulartasunaren eskualdaketak udalak horretarako berariaz emandako
baimena beharko du, edo, kasu horretan, ondasun horien erakunde titularrarena.
73. artikulua. Lizentzien
eraginkortasunerako baldintza orokorrak eta bermeak.
1. Lizentzietan obrak bukatzeko
epeak, proiektuan jasotako obren aldaketak, lurzoruaren hirigintzako eta
lagapenerako baldintzak eta udalaren eskumenekoak diren bestelako baldintzak
jaso ahal izango dira; udalak baldintza horiek ezarri beharko ditu, betiere,
horien bidez, lizentzia ukatzea ekidin badaiteke.
2. Obrak gauzatzeko lizentzia
ematean, obrak hasteko epea, gehienezko eteteak eta obrak amaitzeko epea
zehaztu beharko dira.
Edozein gorabeherarengatik epe horiek zehaztuko ez balira, obrak
hasteko eta amaitzeko epeak eskatzaileak proposatutakoak direla ulertuko da,
eta proposatu ezean, hiru eta sei hilabeteko epea izango dute –obra txikien
kasuan–, eta sei hilabeteko eta urtebeteko epea –obra handien kasuan–, eskatzaileari
udalak hartutako erabakia jakinarazten zaion egunetik kontatzen hasita.
Plangintzan edota lizentzia ematerakoan horri buruzko aipamena
berariaz adierazten den kasuetan salbu, obrek ezingo dute inolaz sei hilabete
baino gehiagoan etenda edo geldirik egon.
3. Lizentzia eman ahal
izateko dokumentazio osagarria aurkeztu behar denean, behin dokumentazio hori
aurkeztu ondoren, udalak hamar laneguneko epea izango du eskatzaileari egon
daitezkeen akatsak, zuzendu beharrekoak, jakinarazteko; era berean, akats
horiek konpondu bitartean lizentziaren balioa indarrean dagoen edo ez
jakinaraziko diote. Kasu horretan, eskatutako zuzenketak egiteko gehienezko epe
bat finkatuko da, eta hori betetzen ez bada, lizentzia indarrik gabe geratuko
da berariazko onarpenik gabe, akatsak udalaren irizpidearen arabera konpondu
arte.
Ezarritako hamar eguneko epea igaro eta eskatzaileak udalaren
jakinarazpenik jaso ez badu, aurkeztutako dokumentazioa onartua izan dela
ulertuko da; hala ere, emandako lizentziaren kontrako alderdiek edo hura aldatzen
dutenek edota indarrean dagoen legeriaren aurka doazen alderdiek ez dute
inolako baliorik izango.
4. Lizentzia emateko proiektu
teknikoa eskatzen den kasu guztietan, eta hasiera batean proiektu hori
beharrezkoa izan ez arren udalak lizentzia emateko akordioan baldintza hori
ezartzen duen kasuetan, lizentziaren titularrak obren izaeraren arabera
titulu egokia duen obra zuzendari bat izendatu beharko du, edo bere
eginkizunetan lagunduko dion erdi mailako teknikari bat –arkitekto laguntzailea
edo ingeniari teknikoa, dekoratzailea –.
Izendapen hori, izendatutako teknikariek berariaz onartuta, udalari
jakinaraziko zaio obrak hasi aurretik, eta, era berean, adierazpen hori
ezinbesteko baldintza izango da lizentzia gauzatzeko.
5. Kokapen planoa eta zuinketa
eskatzen den obra lizentzia guztietan, obrak egiten hasi aurretik, lizentziaren
titularrak horiek lurzoruan ezartzeari buruzko udal oniritzia eskatu beharko
du, eta zuinketa aktan jasoko da.
6. Jarduera eta eraikuntza
obren lizentzien titularrek –kasu guztietan– eta obra txikien lizentzien
titularrek –lizentzia emateko akordioan berariaz horrela jasotzen den
kasuetan– dagozkien lehen erabilerarako lizentzia –obrari edo jarduerari
dagokiena, edota biei dagokiena– lortu beharko dute lizentziaren helburu diren
eraikinak eta lokalak aurreikusitako asmoetarako erabili baino lehen, eta
dagokien jarduera gauzatu baino lehen.
Lizentzia hori lortzea ezinbesteko baldintza izango da eraikina
behin betiko izaeraz hiri zerbitzuen sareetara lotzeko –ur hornidura, energia
elektrikoaren hornidura, telefonia eta gas hornidura, hala dagokionean–, eta
betetzen ez bada, elkarte hornitzaileek dagokion alta ukatu egin beharko
dute.
74. artikulua. Hainbat lizentziaren
eraginkortasunerako baldintza bereziak, eskakizunak eta bermeak.
1. Lursailen zatiketarako
lizentziak.
Lursail baten zatiketarako lizentzia ematen denean, beste lursail bati
edo batzuei eransteko helburuarekin, lizentzia hori baldintzatuta geldituko
da eskatzaileak lursaila benetan beste batean erantsi dela jasotzen duen
eskrituraren baimendutako kopia ekartzeari eta Jabetza Erregistroan
inskribatuta izateko eskatutako frogagiria aurkezteari. Baldintza hori betetzen
ez den bitartean, eskatutako lursailen zatiketa ez dela egin ulertuko da.
2. Eraikitzeko lizentziak.
Eraikitzeko lizentzia oinarrizko proiektu baten arabera ematen
denean, berori gauzatzeko eta obrei ekin ahal izateko, aldez aurretik dagokion
Elkargo Ofizialearen xedapenetan ezarritako baldintzak beteko dituen obrak
gauzatzeko proiektua aurkeztu beharko da.
Proiektu horrek ezingo ditu emandako lizentziaren baldintzak aldatu,
ez eta baldintza berririk txertatu ere; beraz, lizentzia eskatzerakoan
aurkeztu zen oinarrizko proiektua gauzatzekoak direnak soilik sartuko dira.
Obrak gauzatzeko proiektua aurkeztea eta lizentzia gauzatzea,
aurreko artikuluko 3. atalean, oro har, dokumentu osagarriak aurkezteko
ezarrita dauden baldintzetara egokituko dira.
3.
Eraikuntzen, instalazioen eta behin-behineko erabileren lizentziak.
Eraikuntzen, instalazioen eta behin-behineko
erabileren lizentziek ez dute ondoriorik sortuko, eta, horregatik, baimentzen
dituzten erabilerarik edo eraikuntzarik ezingo da hasi Jabetza Erregistroan
inskribatuta dagoela egiaztatu arte; interesatuak horren behin-behineko izaera
onartu beharko du, eta udalak horrela adierazten duenean, lizentziaren helburu
den erabilera amaitutzat emateko eta/edo eraikuntza eraisteko betebeharra ere
bai, kalte ordainketarako eskubiderik gabe.
75. artikulua. Zergak, tasak eta eskubideak ordaintzea.
1.
Lizentzien zerga eta tasen zenbatekoa, kasu eta mota desberdinetan,
dagozkien Ordenantza Fiskaletan finkatuko da.
2. Lizentzia emateko unean
finkatuko diren eskubideen ordainketak haren konturakoak izango dira, eta lizentziaren
titularrak obra amaitu ondoren behin betiko kostua adierazi beharko du, horren
arabera dagokion likidazio osagarriaren kopurua finkatu ahal izateko.
3. Udal zerbitzuek adierazpen
horien egiatasuna egiaztatu ahal izango dute, eta, horretarako, obren gauzatzean
esku hartu duten pertsona guztiei dagozkien aurrekontuak, ziurtagiriak eta
agiriak eskatu ahal izango dizkiete, kostua egiaztatzeko.
4. Obren ondorioz udal jabetza
publikoko ondasunen aprobetxamendu bereziak, hegalenak barne, sortuko balira,
eskatzaileak Ordenantza Fiskalen arabera dagozkion eskubideak eta tasak
ordaindu beharko ditu, ordenantza horietan edo lizentzia emateko erabakian
finkatzen den epean eta moduan.
76. artikulua. Erregistro
bermeak.
1. Egokia iruditzen den bakoitzean,
lursailak zatitzeko emandako lizentzien berri emango zaio Jabetza
Erregistroari, eta eraikin berria eraikitzeko lizentzien helburu diren
lursailen hirigintza aprobetxamendu osoa edo zati bat banaezina dela ere
adieraziko zaio, indarrean dagoen hirigintza araudian ezarritakoaren arabera
inskribatu ahal izateko.
2. Era berean, lurzoru
hiritarrezinean kokatutako finken zatiketek, kasu bakoitzean, Hirigintza Arau
hauetan erabilerari, eraikuntzari eta lursailen zatiketari buruz
ezarritakoarekin bat etorri beharko dute.
3. Nolanahi ere, inskripzioa
egiteko gastuak lizentziaren onuradunaren kontura izango dira.
77. artikulua. Zuinketa.
1. Hala dagokion kasuetan,
lizentzia eraginkorra izateko eskatzen diren baldintza guztiak bete ondoren,
lizentziaren titularrak udal teknikari batek proiektuan jasotako eraikinen edo
eraikinaren zuinketa gainbegiratzeko eskaera idatziz egin beharko du.
Gainbegiratze horretan obretako zuzendari teknikoak edo teknikoek parte hartu
beharko dute nahitaez.
2. Aipatutako zuinketa hori
lizentziari lotuta dauden eraikuntzen perimetroa lurzorura aldatzean datza,
horien oinarrizko sestrak eta lerrokadurak seinalatuz, dagokion eskaeran
jasotako kokalekuaren eta zuinketa planoak ezarritakoaren arabera, eta,
halakorik izanez gero, lizentzia emateko erabakian ezarritako zuzenketak
eginez.
3. Udalak akta egiteko eguna
eta ordua jakinaraziko dizkio eskatzaileari, eta baita berori egiaztatuko
duten udal teknikariaren edo teknikarien izenak ere.
Eskaera egin zenetik hamar egun igaro ondoren eskatzaileak horri
dagokion udal jakinarazpenik jaso ez badu, eta, oro har, eskaera egin zenetik
hogei egun igaro badira, obrari ekin ahal izango zaio; nolanahi ere, bide
horretatik ezingo da emandako lizentziaren edota indarrean dagoen hirigintza
araudiaren kontra doan inolako eskubiderik eskuratu.
4. Zuinketa lizentziaren
baldintzetara zuzenean egokitzeko zailtasunik egonez gero, udal teknikariak
berak erabakiko du zer aldaketa egin behar diren.
78. artikulua. Obra zuzendaria
aldatzea.
Edozein arrazoirengatik obra zuzendari den teknikariren batek bere
kargua utzi beharko balu, alderdietako batek –sustatzaileak edo eragindako
teknikariak– horren berri emango dio udalari hamabost eguneko aurrerapenarekin,
eta zuzendari berri bat izendatu dela jakinarazi arte obrak geldirik egongo
dira.
79. artikulua. Lizentzien
edukia aldatzea.
1. Obrak gauzatzen diren
garaian lizentziaren xehetasun batzuk aldatu nahi izanez gero, aldaketa
horien berri eman beharko zaio udalari, eta honek dagokion txostena eskatuko
die zerbitzu teknikoei.
2. Horiek, beren txostenean,
aldaketa horren garrantzia eta indarrean dagoen hirigintza araudira egokitzen
al den begiratuko dute, eta, zehazki, zuzenean onartu ahal daitekeen edota
lizentzia berezi bat behar duen erabakiko dute.
3. Lizentzia berezia behar
izanez gero, lizentziaren titularrari jakinaraziko zaio, hamar eguneko
gehienezko epean, eta, behar izanez gero, aurkeztu behar duen dokumentazio
osagarria ere adieraziko zaio.
4. Aipatutako epe hori igaroz
gero, eta lizentziaren titularrak udal jakinarazpenik jaso ez badu, aldaketa
onartua izan dela ulertuko da, eta obrari ekin ahal izango zaio. Nolanahi ere,
bide horretatik ezingo da indarrean dagoen hirigintza araudiaren kontra doan
inolako eskubiderik eskuratu.
5. Lizentziaren edukian
garrantzia duten aldaketak egin nahi izanez gero, aurrez dagokien udal lizentzia
eskuratu beharko da. Lizentzia horren eskaera eta izapidetzea prozedura
orokorrari jarraituz egingo dira.
80. artikulua. Lizentzien
iraupena luzatzea.
1. Behar bezala
justifikatutako arrazoiengatik soilik luza daitezke lizentzia baten hasierako
eta gauzatzeko epeak; horretarako, iraungipen data baino 15 egun lehenago
eskatu beharko da luzapena idatziz.
2. Lizentziaren luzapena
behin bakarrik onartuko da, eta obrak edo baimendutako jarduerak gauzatzeko
beharrezko jotzen den gehienezko epea soilik emango da, ordu arte egindako
obra zatia kontuan hartuta.
3. Nolanahi ere, luzapen
horrek dagozkion tasak sorraraziko ditu.
81. artikulua. Lizentziak
iraungitzea.
1. Obren lizentziak, aurrez
horri dagokion udal aitorpenarekin, kasu hauetan iraungiko dira:
a) Lizentzia emateko
akordioak horretarako emandako epean edo hurrengo sei hilabeteetan, lizentziaren
jakinarazpena eman zenetik kontatzen hasita, obrak hasi ez badira.
b) Obrak burutzeko epea sei
hilabetetik gorakoa denean, emandako epearen erdialdera, proiektuaren
aurrekontu osoaren %20ko balioa duten obrak burutu gabe baldin badaude.
c) Lizentzia emateko unean
ezarritako epean, edota lizentziaren jakinarazpena egin zenetik sei hilabeteko
epea gainditu eta gero, baimendutako obra bukatu ez bada.
d) Baimendu diren obrak hasi
eta sei hilabetetik gora geldirik egon badira.
Aipatutako obrak gelditutako obratzat hartuko dira, noizbehinka beste
lanen bat edo egindakoaz gain beste lan osagarriren bat egin arren, baldin eta
aipatutako horiek lizentziaren baliozko epearen barruan obra amaitzeko behar
bezain azkar hasten ez badira.
e) Lizentziaren baldintzetakoren
bat argi eta garbi bete ez bada.
2. Oro har, industria edo
hirugarren sektoreko erabilerak edo jarduerak ezartzeko lizentziak indarrik
gabe geratuko dira, erabilera gelditu eta dagokion lokala sei (6) hilabetetik
gora itxita dagoenean.
3. Behin lizentzia iraungi
ondoren, beste lizentzia bat eskatu beharko da egin gabe gelditu diren obrak amaitzeko
edo jarduerarekin berriro hasteko.
82. artikulua. Konponketa eta
garbiketa lanak egin beharra.
Lizentziaren titularrak obren ondorioz bide publikoetan eta inguruko
gainerako guneetan hondatu diren gauzak konpondu beharko ditu, eta ingurua garbi
eta txukun eduki beharko du.
83. artikulua. Obrak bertan
behera uztea.
Lizentziari lotutako obrak bertan behera utziz gero, edota obrak amaitzeko
epea bukatu delako obrak geldituz gero, udalak ordezkari gisa gauzatuko ditu
eragindako gune publikoen segurtasuna eta apaindura bermatzeko lanak. Era
berean, herritarrek hiri zerbitzuak (mugikortasuna zentzu osoan, ura,
saneamendua, argindarra, gasa, telekomunikabideak) izateko eta horiez gozatzeko beharrezkoak
diren obrak eta jarduerak ere ordezkari gisa burutuko ditu.
84. artikulua. Obrak amaitzea,
eta eraikinak eta instalazioak martxan jartzea eta jarduerak hastea.
1. Obren lizentziaren
titularrak, emandako lizentziaren arabera eta udalak baimendu edo agindutako
aldaketen arabera obrak amaitu ondoren, horren berri udalbatzari emango dio
idatziz, eta lehen erabilerarako lizentzia eskatuko du, eraikina edo dagokion
instalazioa erabiltzen hasteko.
2. Horretarako, behar den
dokumentazioa aurkezteaz gain, honako baldintza hauek bete beharko ditu:
a) Egindako eraikuntzak
indarrean dauden legezko xedapenek eskatzen dituzten segurtasun,
osasungarritasun eta apaindura publikoko gutxieneko baldintzak betetzea, eta
instalazioak funtzionamendu egoera onean edukitzea.
b) Eskatutako hiritartze obra osagarriak
ezarritako baldintzetan gauzatuta izatea.
c) Bide eta gune publikoetan
eragindako kalteak konponduta izatea, eta horiek garbi eta txukun edukitzea.
3. Gogaikarriak, osasungaitzak,
kaltegarriak eta arriskutsuak diren jarduerak ireki aurretik egin beharreko
egiaztapen ikuskapena lehen erabilerarako lizentziaren espedientea izapidetzearekin
batera egingo da.
4. Udalak ezin izango du lehen
erabilerarako lizentzia baldintzaturik eman; hori dela eta, udal zerbitzuen
aginduzko txostenean ezarritako baldintzaren bat betetzen ez dela ikusiz
gero, lizentzia berariaz ukatu beharko da, edo prozedura bertan behera utzi
beharko da; eskatzaileari ikusi diren akatsak adieraziko zaizkio, eta horiek
konpontzeko epe bat emango zaio. Epe horrek ez du inolaz ere lizentziaren
iraungitze data gaindituko.
5. Besteak beste, ekainaren
3ko 105/2008 Dekretuak, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2006ko ekainaren
30eko Legea garatzen duten premiazko neurriei buruzkoak, 51. artikuluan
ezarritakoarekin bat eginez, bertan aipatutako hiri zerbitzuen (ura,
saneamendua, energia elektrikoa, gasa, telefonia, etab.) konpainiek behin
betiko kontratazioa egiteko, ezinbesteko baldintza izango da aurrez lehen
erabilerarako lizentzia eskuratzea.
85. artikulua. Obrak eta
erabilerak ikuskatzea.
1. Edozein udal teknikarik edo
udaltzainek izango du obrara sartzeko eskubidea, lanean ari diren bitartean,
eta baimendutako erabilerak burutzen ari diren lekuetan sartzeko eskubidea,
lizentziaren, ordenantzen eta aplikagarriak diren arauen baldintzak betetzen
direla egiaztatzeko.
2. Lizentzia emateko
erabakiari buruzko agiria eta onartutako proiektua, edo horien kopiak, obrak
edo jarduera burutzen ari den lekuan gordeko dira, aurreko paragrafoan
adierazitako ikuskaritza lana egin ahal izateko.
86. artikulua. Hondakinak
atera, gorde eta garraiatzea.
1. Hondakinak bide publikora
atera eta bertan uztea.
Goi solairuetan egindako obretan sortzen diren hondakinak fatxadetan
jarritako erreten edo toberen bidez ateratzeko eta hondakin horiek bide
publikoan uzteko (nolanahi ere, horretarako berariaz prestatutako ontzietan
atera beharko dira hondakinak)
udalaren berariazko lizentzia eskuratu beharko da.
2. Era berean, udal agintaritzak,
egokia iruditzen bazaio, hondakinak garraiatzeko eta botatzeko modua arautu
ahal izango du; nolanahi ere, baimendutako zabortegietan edo udalak berariaz
baimendutako lekuetan bota beharko da.
87. artikulua. Eraikitzeko, obrak gauzatzeko eta jarduerak
ezartzeko proiektuak udalean aurkezteko bete beharreko baldintzak, udal lizentzia
lortzeko.
1. Eraikitzeko, obrak eta
instalazioak gauzatzeko, jarduerak ezartzeko eta abarretarako udalean
aurkeztuko diren proiektuak paperean eta euskarri digitalean aurkeztu beharko
dira, dagokien lizentzia eskatu eta lortzeko.
2. Oro har, eta 3. eta 4.
atalean adierazitakoaren kalterik gabe, proiektu horien kopia bat (1) paperean emango zaio udalari.
3. Oro har ere, jarduera
sailkatuak ezartzeko eskaerak izanez gero, kasu bakoitzean dagokion
proiektuaren 3 kopia aurkeztuko dira.
4. Lizentzia behar duten
edota administrazioko beste erakunde batzuk aurrez txostena eman behar duten
espedienteak izanez gero, edo bestelako izapideren bat egin behar izanez gero,
eta, betiere, dagokion izapidea udalak egin behar izanez gero, aurreko
paragrafoetan aipatutakoaz gain, kasu bakoitzean beharrezkotzat jotzen diren
proiektuaren kopiak aurkeztuko dira, aurreko paragrafoetan zehaztutako
kopuruetan.
5. Bestalde, proiektu horien
kopien aurkezpena –euskarri digitalekoak– honako irizpide hauen arabera egingo
da, besteak beste:
— Proiektuaren kopia digital bat (1) aurkeztu beharko da, eta udal
lizentzia ematea bertan txertatu beharreko aldaketak edo osagarriek baldintzatzen
duten guztietan, baldintza horiek txertatzen edo bateratzen diren
proiektuaren kopia bat ere aurkeztu beharko da.
— Berorren ezaugarriei eta baldintzei dagokionez (euskarri mota;
programa informatikoa; eduki literarioaren nahiz grafikoaren antolaketa eta
sistematizazioa; etab.), kopia digital hori udalak helburu horretarako egokiak
iruditzen zaizkion irizpideetara egokituko da, eta, zehazki, horretarako egin
eta onartuko den protokoloan ezartzen direnetara.
I ERANSKINA
«JAKINARAZITAKO OBRA» IZAPIDEA BEHAR DUTEN
OBRAK ETA JARDUERAK GAUZATZEKO ASMOA
JAKINARAZTEKO ESKAERA EREDUA
Hona hemen «jakinarazitako obra» izapidea behar duten obrak eta
jarduerak gauzatzeko asmoa udalari jakinarazteko eskari orriaren eredua,
ordenantza hauen 69. artikuluaren 7. atalean aipamena egiten zaiona.
LEGAZPIKO UDALA
1. Espedienteari buruzko
datuak:
— Jakinarazitako obra:
.......................................................
— Espediente zenbakia: ......................................................
— Jakinarazpenaren data:
...................................................
2. Eskatzaileari buruzko
datuak: ......................................
— Eskatzailearen izen-abizenak: ........................................
— NAN:
..............................................................................
— Helbidea:
........................................................................
— Herria: ............................................................................
— Telefonoa:
......................................................................
— Faxa:
...............................................................................
— Posta elektronikoa: .........................................................
3. Eskatzaileak noren izenean
esku hartzen duenari buruzko datuak eta beste gai batzuk:
— Noren izenean egiten duen eskaera (bere izenean; beste baten
ordezkapenean, etab.): .....................................................
— Eskatzaileak ordezkatzen duen erakunde edo enpresaren izena, hala
dagokionean: ...........................................................
— Eskatzaileak ordezkatzen duen erakundearekin edota enpresarekin,
eta proiektatutako obren eraginpeko eraikinarekin edo lokalarekin duen lotura
(jabea; maizterra; kontratista;etab.):
.......................................................................
4. Eragindako eraikinari,
lokalari eta abarri buruzko datuak, eta egin beharreko lanenak:
— Obren eraginpeko eraikinaren, etxebizitzaren, lokalaren eta
abarren kokapena:
...............................................................
— Egin beharreko obrak:
....................................................
— Obren aurrekontua:
........................................................
— Obrak hasteko data:
........................................................
— Obrak gauzatzeko eta amaitzeko epea: ..........................
Hirigintzako, Eraikuntzako, eta Ingurumena, Paisaia eta Natura
Babesteko Legazpiko Udal Ordenantzetan xedatutakoaren arabera, Herritarren
Arretarako Bulegoak agiri hau emango du. Agiria, hirugarrenen kalterik gabe
emango da, eta ematen zaion pertsonaren erantzukizunpean soilik emango da,
betiere, pertsona horrek aipatutako finken jabeak adierazitako obrak egiteko
baimena berariaz badu.
Agiri hau ematen zaion pertsonak ordenantza hauetan jasota dauden
betebehar guztiak eta bakoitza betetzeko obligazioa du.
Obren edota instalazioen neurriak ez dira adierazitakoak baino handiagoak
izango, eta horietatik irtetea hirigintzako arau hauste zigorgarri gisa
hartuko da. Obra egiterakoan egin nahi den edozein aldaketa ere jakinarazi egin
beharko da.
Obrak egiterakoan, eraikuntza praktika onak aholkatzen dituen
neurriak eta eraikuntza sektorean lan arriskuen prebentzioei buruzko araudian
aurreikusitako neurriak kontuan hartuko dira.
Obrak egiterakoan lagungarri gisa erabili beharreko bitartekoek bide
publikoa hartzen dutenean, era egokian seinalatu beharko dira, istripurik gerta
ez dadin. Eskatzaileak segurtasun eta apaindura egoera onean eduki beharko
ditu seinalatzeko elementuak.
Eskatzaileak istripu kasuetarako Erantzukizun Zibileko Asegurua
eduki beharko du, edota obrak egiteko kontratatua izan den pertsonari eskatuko
dio.
Agiri hau duen pertsonak edota etorkizunean izango lukeen pertsonak,
obrak ikuskatzeko ardura duten teknikariek edo agenteek eskatutako kasu
guztietan berori erakusteko obligazioa izango du, eta eskatutako betebehar hau
betetzen ez badu, agintaritza agenteen esana ez egitearen ondoriozko erantzukizunei
aurre egin beharko die.