Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala

90. zenbakia Data 2008-05-13 15031 orria

7 UDAL ADMINISTRAZIOA

LEZOKO UDALA
Hirigintzako baimenen ordenantzak.

LEZOKO UDALA

Hirigin­tza Lizen­tziak arau­tzeko Ordenan­tza.  2008H0290001.

Udalba­tza­rrak, 2008/02/06 datan egindako ohizko bilkuran, hasiera batez onartu zuen Hirigin­tza Lizen­tziak arau­tzeko Ordenan­tza.

Ondoren aipa­tzen den moduan onarpen hori jendaurrean jarri zen, probin­tziako Aldizkari Ofizialean, 2008ko mar­txo­aren 4an, zk. 45.

Beraz, 7/1985 Legeko 49. artikuluaren arabera, eta kontuan izanik ezen, jendaurreko azalpen epean zehar, hogeita hamar lanegunez, iradokizunik eta erreklamaziorik ez dela aurkeztu, Ordenan­tza Arau­tzaile hori behin-betiko onarturik gera­tzen da.           

Ondoren transkriba­tzen da:

Hirigin­tza lizen­tziak arau­tzen dituen ordenan­tza

Hirigin­tza-lizen­tzien erregimena Lurzoru eta Hirigin­tza 2/2006 Legeko VI Tituluko II Kapituluan finkaturik dator (207. eta hurrengo artikuluak), baita ere Diziplina Urbanistikoaren Arautegiko 1. eta hurrengo artikuluetan, Tokiko Entitateen Zerbi­tzuen Arautegian eta toki-erregimeneko beste zenbait testu legaletan. Halaber, jarduera klasifikatu eta salbue­tsien instalaziorako lizen­tziei dagokienez, Ingurumena babesteko 3/1998 Legeak, aurrekoa gara­tzen duen 165/1999 Dekretuak eta Jarduera Gogaikarri, Osasun-gaitz, Kaltegarri eta Arrisku­tsuen Arautegiak ere finka­tzen dituzte haietarako ­gutxieneko erregimen bat.

Alabaina, beharrekoa gerta­tzen da indarrean dagoen legeriak finkatutako erregimen hau osa­tzea, are gehiago kontuan har­tzen badugu Lezoko udalerrian indarrean dagoen planeamendu urbanistikoak ez daukala aipaturiko erregimen legala gara­tzen duen ordenan­tza bat. Horrela, aipatutako legerian arautu gabeko zenbait aspektu, esateko, lizen­tzia-eskaera seinalatu ­batzuekin aurkeztu beharreko dokumentazioa, lizen­tzien iraungipenerako epe orokorrak edota jarduera eta obra lizen­tzien arteko koordinazioa, lehen erabilpena eta irekidura e.a. zehaztu egin behar dira erakunde publiko baten jarduera oro presiditu behar duen segurtasun juridikoa ziurta­tze­aren alde.

Aipatutako Lurzoru eta Hirigin­tza­ren 2/2006 Legeko 75 eta 99 artikuluetan xedatutakoa ain­tzat harturik, ordenamendu urbanistikoaren osagarri den ordenan­tza hau onar­tzen da, espezifikoki lizen­tzia urbanistikoen arauketara xedaturik.

1. artikulua.  Lizen­tziaren mende dauden egin­tzak.

1.  Indarrean dagoen hirigin­tza-legerian zerrendatutako egin­tzez gain (Lurzoru eta Hirigin­tza­ren 2/2006 Legeko 207 artikulua eta halaber Hirigin­tza Diziplinako Araudiaren 1. artikulua), honako egin­tzek beharko dute lizen­tzia, haien susta­tzailea edozein izanik ere:

a)  Obra osagarriek, hala nola, finka, orube edo lurren ­itxierak; obretan babes-langa edo hesiak, aldamioak, eskoramenduak eta gainerako eraikun­tza-elementu osagarriak ezar­tzeak; estalkiak, azoteak, fatxa­den akaberak edo urbanizazio-elementu zeha­tzak konpon­tzeak (zerbi­tzu-hartuneak, zoladura berriro jar­tzea, eta abar); eta errotuluak, olanak edo markesinak ipin­tzeak.  

b)    Industria-erabilerak edo hirugarren sektoreko erabilerak ezar­tzeak.

c)    Erauzketa-erabilerak ezar­tzeak, hala nola agregakinak erauzteak eta harrobiak ustia­tzeak.

d)    Mota guztietako nekazari­tza-ustiapenetarako eta baso-erabileretarako eraikun­tzak eta instalazioak ezar­tzeak.

e)    Lurzoru urbanizaezinean baimen daitezkeen landa-erabilerez bestelako erabilerak ezar­tzeak.

f)    Lurzoru urbanizaezineko finka bat banan­tzeak, betiere indarrean dagoen plangin­tzak lursailak bana­tzeko ­gutxieneko azalerak edota askotariko erabileren eta/edo eraikun­tzen gaineko eragineko ­gutxieneko azalerak finka­tzen dituenean.

g)    Lurzoru urbanizaezinean bideak eta pistak eraiki­tzeak edo alda­tzeak.

h)    Suebakiak ireki­tzeak.

i)    ­Putzuak eraiki­tzeak.

j)    Kanpinak eta kanpalekuak instala­tzeak.

k)    Eraikun­tza aurrefabrikatuak, karabanak edo gela, ostatu edo astialdirako leku gisa erabil daitekeen beste edozein elementu instala­tzeak, inolako zimentaziorik gabe bada ere, izaera finkoz edo tarteka (asteburuetarako, urteko garai jakin ­batzuetarako edo beste zenbait denboraldietarako).         

l)    Edozein motatako lurrak gordailu gisa erabil­tzeak (ibilgailu, makineria, material edo beste zenbait elementuetarako biltegi gisa).

m)    Lurrak zabortegi gisa erabil­tzeak.

n)    Araka­tze geoteknikorako edo lan arkeologikoetarako zundaketak egiteak.

o)    Jabari publikoari atxi­kitako espazioak eta esparruak behin-behineko edo behin betiko okupa­tzeak.

p)    Lurrezko betelanak.

2.    Arestian azaldutako lizen­tzia behar duten egin­tzen zerrenda ez da muga­tzailea, eta egin­tza horiez gain, honakoek ere beharko dute lizen­tzia: Hiri-plangin­tzan erregula­tzen den lurzoruan, hegalkinean edo lurpean egiten den edozein egin­tzak, eta, bereziki, higiezinaren egoera fisikoa alda­tzea ekar dezaketen egin­tzek, beharrezkoak ez direla espresuki aurreikusi denean izan ezik.

3.    Udalerriko edozein motatako lurzoruen gaineko ondasun publikoak administra­tzen dituzten Estatuko organismoek, Euskal Autonomia Erkidegoko organismoek edo Zuzenbide Publikoko Entitateek aurreko epigrafeetako egin­tzak susta­tzen badituzte, egin­tza horiek ere udal-lizen­tzia beharko dute, indarrean dagoen legerian ezarritako baldin­tze­tan.   

4.    Aurreko epigrafeetan bil­tzen diren lizen­tziak eska­tzeaz eta lor­tzeaz gain, indarrean dagoen legeriaren arabera aginduzkoak izan daitezkeen gainerako baimenak, txos­tenak, izapideak eta abar lortu eta egin beharko dira.

5.    Obra txi­kietarako aplikagarri izango da «Ordenanza Municipal sobre obras de pequeńa entidad» delakoa (Gipuz­koako Aldizkari Ofizialean 2000ko abenduaren 29an argitaratua) Lezoko udalerrian indarrean dagoena. Alabaina, entitate txi­kiko obren ordenan­tza horretan xedatu gabeko orotan ere aplikagarri izango zaie obra txi­kiei ordenan­tza honetan xedatutakoa betiere harekin kontraesanean sar­tzen ez bada.  

Testuinguru horretan, obra txiki­tzat hartuko dira teknika errazeko eta eraikun­tza garran­tzi txi­kia eta kostu ekonomiko txi­kia duten barrualdeko edo kanpoaldeko obrak. Hala ere, obra horiek ez dute aldaketarik eragin behar etxe­bizi­tza eta lokalen kopuruan, erabilera objektiboan edo bolumenean, edota eraikinaren edo instalazioaren kanpoko diseinuan edo bizigarritasun edo segurtasun arloko baldin­tze­tan. Horien artean barne har­tzen dira: Etxe­bizi­tzen, lokalen eta eraikinen barne-antolamendua alda­tzea –horien erabilera edozein izanik–; finka, orube eta lurren itxi­turak; babes-hesiak, aldamioak, eskoramenduak, eta obretan jarri beharreko gainerako eraikun­tza­rako elementu lagungarriak jar­tzea; estalkiak, ganbarak, fatxa­dako akaberak edo urbanizazioko elementu zeha­tzak konpon­tzea –zoladurak berriro jar­tzea eta abar–; olanak, errotuluak, markesinak eta antze­koak jar­tzea.

6.    Bestalde, eraikin edo lokal jakin batean jarduera zehatz bat gara­tzea ulertuko da jarduerak ezar­tze gisa, bai ex novo izaeraz, bai aurreko beste bat ordezkatuz. Nolanahi ere, indarrean dagoen hirigin­tza-legerian ezar­tzen denari eta aplika­tze­koak diren legezko beste xedapenei egokitu beharko zaie.       


Hirugarren ­batzuei eragin diezazkieketen molestiak ain­tzat hartuta, eta horri dagokionez indarrean dagoen legerian ezar­tzen denaren arabera, jarduera horiek bereizi egiten dira. Ingurumenaren Babeserako 3/1998 Legean, 165/1999 Dekre­tuan Jarduera Gogaikarri, Osasungaitz, Kaltegarri eta Arrisku­tsuen Erregelamenduan xedatutakoa –edo horiek ordezkatuko edo osatuko duten arauetan xedatutakoa– bete behar dutenen eta behar ez dutenen artean bereizten dira, esate baterako. Hortaz, irekiera-lizen­tzia eduki­tzea aginduzkoa dutenen eta ez dutenen artean bereizten dira.

Jarduera ezar­tzeak nolabaiteko obrak egitea eska­tzen badu, obrak egiteko baimena eta jarduera abiarazteko baimena espediente bakar batean bideratu ahal izango da, eta udal-erabaki bakarra –edo aldi berean hartutakoa– izango du. Hala egiten ez bada, nahikoa izango da dagokion irekiera eta/edo jarduerako lizen­tzia bidera­tzea.

2. artikulua.  Lizen­tzia-eskaeren eduki orokorra. 

1.    Alkate­tzara zuzendutako lizen­tzia-eskaerak –interesdunak edo ordezka­tzen duen per­tso­nak sinatuak– sina­tzailearen datu per­tso­nalak gaineratu beharko ditu, eta lizen­tzia zein eragiketa motatarako eska­tzen den identifikatu beharko du (obrarako, jarduerarako edo instalaziorako).

Eskaerarekin batera, lizen­tziaren arabera beharrezkoak diren dokumentuak aurkeztuko dira, proiektu honetan adierazten direnak eta, hala badagokio, beste xedapen ­batzuk eska ditza­ketenak. Dokumentu horiek legeriak ezar­tzen dituen kantitatean gaineratuko dira, eta ­gutxienez hiru aletan aurkeztuko dira.

Administrazioaren beste organismo ­batzuen aurretiazko baimena edo txos­tena behar duten espedienteen kasuan, edo beste edozein izapide eska­tzen duten espedienteen kasuan, aurkeztu beharreko dokumentuen kopia kopurua gehitu egingo da (­gutxienez bost kopia), baldin eta izapide horiek Udalak egin behar baditu.

Dokumentu tekniko guztiak eska­tzaileak izenpetuko ditu, baita eskumena duen fakultatiboak ere (hurrengo artikuluan adierazten diren salbuespenekin). Kasu horretan dagokion Elkargo Ofizialaren ikus-one­tsia gaineratu beharko da.

2.    Jardunen edukia, helburua eta hedadura argi eta garbi eta zehatz-mehatz azal­tzeko beharrezko dokumentu eta datu guztiak barne hartu beharko dira lizen­tzia-eskaeran.        

Oro har, eta adi­tzera ematen diren salbuespenen kalterik gabe, proiektu teknikoek honakoa barne hartuko dute: 

a)    Memoria deskriba­tzailea: Egin nahi diren obra, jarduera edo instalazioak –indarrean dagoen hirigin­tza-legeriara eta kasuak kasu aplika­tze­koak diren gainerako xedapenetara egoki­tzen direla justifikatuz–; obrak hasteko, egiteko eta amai­tzeko epeak; obrak egiteko programa eta jardueren ezarpena baldin­tza­tzen duen beste edozein zirkunstan­tzia; eta abar.   

Obra txi­kietako lizen­tzia-eskaeretan, dorre-garabiak instala­tzeko lizen­tzia-eskaeretan eta garran­tzia txi­kiko beste jardunetarako lizen­tzia-eskaeren kasuan, ez da beharrezkoa izango Memoria hori aurkeztea, eta/edo adierazitako alderdietakoren bat edo ­batzuk justifika­tzea.

b)    Indarrean dagoen hiri-plangin­tzan, Ordenan­tza hauetan eta/edo arloko legerian xedatutakoaren arabera, Adminis­trazioaren beste organismo ­batzuek egin beharreko txos­ten eta baimenak, baldin eta horiek eska­tzea lizen­tzia eska­tzen duenari badagokio.       

c)    Kokaleku-planoa, 1/1.000 eskalan, eraginpean dagoen esparrua hiri-lurzoruan edo lurzoru urbanizagarrian badago, eta 1/5.000 eskalan, lurzoru urbanizaezinean badago.

d)    Eraginpean dagoen esparruaren edo lursailaren gaur egungo egoeraren plano topografikoa, egungo eraikun­tza, azpiegitura eta zuhaizti guztiak jasoko dituena, 1/200 edo 1/500 eskalan egindakoa.

Lurzoru urbanizaezinean koka­tzen diren lurren kasuan, eta eraginpean dagoen esparruaren azaleraren arabera, Udalak 1/1.000 edo 1/2.000 eskalak erabil­tzea onartuko du.        

e)    Obra edo instalazioen zuinketa eta kokalekuaren planoa, gaur egungo egoeraren planoaren gainean eta eskala berean grafiatua, lur-higiduretarako, urbanizazio-obretarako eta eraikun­tza-obretarako baimena eska­tzeko kasuetan.         

Egin beharreko obra eta instalazioek lurrean izango duten ezarpenaren deskribapen grafikoaz gain, plano horretan barne hartuko dira ezarpen horren fun­tsezko sestra-kotak eta horietatik erraz identifika daitezkeen inguruneko elementuetara oinplanoan dauden tarteak. Horrela, inolako nahasketarik gabe eraman ahal izango da haren perimetroa lurrera, lurrazalean zein lurpean.           

f)    Aurrekontu xehatua, lizen­tzia-eskaerak obrak egitea eskatuko duen bakoi­tzean. Obra-unitateak bereiziko dira, horiek neurtuko dira, eta prezio unitarioak zehaztuko dira, kapitulu, ogibide edo teknologien arabera taldekatuta. Aurrekontu horretan barne hartu beharko da dagokion industria-etekina, obraren proiektuan edo zuzendari­tzan esku hartuko duten teknikarien ordainsariak, eta aplika­tze­koa den BEZa.

3.    Proposatutako helburuen edukia eta hedadura kontuan izanik, eta justifikatuta dagoenean, Udalak honakoa egin ahal izango du: Beharrezko dokumentazio osagarria aurkez dadin eskatu ahal izango du; eska­tzen diren dokumentuetakoren bat beharrezkoa ez dela erabaki ahal izango du; dokumentuen edukia berregokitu ahal izango du; eraikun­tza-obretarako eska­tzen den dokumentazioa gehiegizkoa irudi­tzen zaionean, tamaina txi­kiko obrak obra txiki­tzat jo ahal izango ditu.

4.    Aurreko idatz-zatietan adi­tzera ematen denaz gain, eta egin nahi den obra, jarduera edo instalazioaren arabera aplika­tze­koak diren legezko xedapenetan zehazten denaz gain, ondoren adierazten den dokumentazioa gaineratu beharko zaie lizen­tzia-eskaerei:

a)    Lursailak zati­tzeko:

— Jabe­tza-erregistroaren ziurtagiria, eraginpean dauden finken jabari-baldin­tzak egiazta­tzen dituena.

— Eraginpean dagoen finkaren gaur egungo egoera eta proposatutako lursail-zatiketa argi eta garbi islatuko duen dokumentazio grafikoa.

b)    Dorre-garabiak instala­tzeko:

— Kokaleku-planoak islatuko du garabiaren gehieneko altuera, kontrapisuaren kokalekua, garabi-besoak har­tzen duen ekor­tze-eremua, gakoa eusten duen orgaren ekor­tze-eremua, eta ekor­tze-eremuan gaur egun dauden eta/edo aurreikusten diren eraikinen eta instalazioen altuera.

— Aseguru-poliza, garabiaren fun­tzionamenduak eta obran bertan egoteak eragin ditza­keen kalteen gaineko eran­tzu­kizun zibil mugagabea estaliko duena.

— Plano bat garabiaren oinak okupa­tzen duen azalera seinalatuz, hura erabilpen eta jabe­tza publikoko lurrean instalatu denean.

c)    Ingurumenaren Babeserako 3/1998 Legea, 165/1999 Dekretua Jarduera Gogaikarri, Osasungaitz, Kaltegarri eta Arrisku­tsuen Erregelamenduaren mende dauden jarduerak ezar­tzea –jarduera sailkatuak ireki­tzeko lizen­tziak–:

— Memoriak zehatz-mehatz deskribatuko ditu eraginpean dauden eraikin edo lokalen ezaugarriak eta garatu nahi den jardueraren ezaugarriak, baita maneiatu eta fabrikatu beharreko produktuak, erabili beharreko makineria, ingurunean izango dituen ondorioak (zaratak, bibrazioak, usainak, isurketak, keak eta abar), eta ezarri beharreko neurri zuzen­tzaileak ere.

— Kasuak kasu indarrean dauden legezko xedapenek eska­tzen dituzten dokumentuak eta baldin­tzak.

d)    Lurzoru urbanizaezineko lizen­tziak:

— Memorian justifikatu egingo da, besteak beste, proiektu honetan, berau gara­tzeko formulatuko den plangin­tzan eta indarrean dauden legezko xedapenetan kasu bakoi­tze­rako ezarritako berariazko baldin­tzak bete­tzea.          

— Gaur egungo egoeraren eta kokalekuaren planoetan beste alderdi ­batzuen artean honakoa grafiatuko da: ­Gutxieneko azalera izango duten lursailen ekarpena, mugapena eta azalera.

— Jabe­tza Erregistroan finkek duten inskripzioaren datuak, ­gutxieneko lursail jakin bat duen lursail baten ekarpenak eska­tzen duen guztietan.

— Lizen­tzia eska­tzen duena nekazari­tzako profesionala dela egiazta­tzea, arlo horretan eskumena duen Administrazioak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko da (Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazari­tza Departamentuak edo bere fun­tzioetan ordezkatuko duen entitate administratiboak).       

e)    Eraikin edo instalazioen lehen erabilerako lizen­tziak.

— Obra-lizen­tzien kopia.

— Obra-amaierako egiaztagiria, obraren zuzendariak izenpetua eta dagokion Elkargoak ikus-one­tsia. Obrak emandako lizen­tziaren arabera egin diren ziurtatuko du. 

— Benetan egindako obraren planoak, paperean eta formatu digitalean. Lursailaren behin betiko egoeraren plano bat gaineratuko da. Plano hori 1/200 edo 1/500 eskalako udal-kartografiaren gainean egingo da, eta egindako eraikun­tzak eta urbanizazio-obrak barne hartuko ditu, emai­tzazko sestra-kota berriak adi­tzera emanez.

— Eraikin edo instalazioen kanpoaldeko argazkiak.

— Amaierako likidazioa, obra eta instalazioen benetako kostua adieraziko duena. Obren zuzendariak sinatuko du.

— Behin betiko kalifikazioaren zedula, babes publikoko etxe­bizi­tzen kasuan.

— Obra berriko deklarazioaren eta jabe­tza horizontala era­tze­aren deklarazioaren kopia baimendua, dagokion lizen­tzian ezarritako baldin­tze­tara egoki­tzen dena.

— Gainera, aldez aurreko beste mekanismoren bat ezarri ez bada edo lizen­tzian espresuki hala finkatu bada, eskritura horretan bertan edo beste osagarri batean gauzatuko da Udalari nahitaez laga beharreko lurren eskualdaketa. Era berean, lagapenaren xede izan ez diren eraikun­tza-eskubideak justifika­tzeko, ekarpen gisa gaineratu diren lurren eraikin edo instalazioen lotespena eskritura horretan edo beste osagarri batean gauzatuko da, horien jabe­tza ezin izango da eraikinaren jabe­tza­tik bereizi.

— Ondasun Higiezinen gaineko Zergan alta har­tze­aren deklarazioa, hala badagokio.

— Ekonomia Jardueren gaineko Zergan alta har­tze­aren deklarazioa, hala badagokio.

5.    Eska­tzen den lizen­tziak hainbat modalitatetan barne har­tzeko baldin­tzak bete­tzen dituenean, horietako bakoi­tze­rako eska­tzen diren dokumentu-baldin­tza guztiak bete beharko dira.    

3. artikulua.  Lizen­tziak bidera­tzea.

1. artikulu honetako hurrengo epigrafeetan xeda­tzen denaren kaltetan izan gabe, eta indarrean dauden legezko xedapenetan ezar­tzen denaren kalterik gabe, toki-erregimenaren eta hirigin­tza arloan indarrean dagoen legerian ezarritakoari jarraituko zaio lizen­tziak bidera­tzean.

2.    Indarrean dagoen plangin­tzak erabilera orokorreko eremuan –edo dagokion lursailean– espresuki debeka­tzen dituen erabilera edo jardueren artean, ezarri nahi den erabilera edo jarduera badago, edo horietara zuzenean ­atxiki badaiteke, eska daitezkeen jarduerako edo irekierako lizen­tziak ukatu egingo dira, eta ez dira lizen­tzia horiek bideratuko, Jarduera Gogaikarri, Osasungaitz, Kaltegarri eta Arrisku­tsuen Erregela­menduan ezarritakoaren arabera.

Aitzi­tik, ezarri nahi den jarduera ezar­tzeko obrak egin behar badira, espediente bakarra bideratuko da, eta espediente horren gaineko erabakia irekiera-lizen­tziari eta obra-lizen­tziari dagokio.

4. artikulua.  Lizen­tzien titulartasuna eta eskualdaketa.    

1.    Lizen­tzia eskatu duena –zuzenean edo beste per­tsona batek ordezkatuta– izango da lizen­tziaren titularra.

2.    Lizen­tziaren titularrak lizen­tziaren aurreikuspenak gauzatuko ditu, udalaren kontrolpean. Bere eran­tzu­kizuna izango da gauza­tze hori ezarritako baldin­tze­tara egoki­tzea eta indarrean dauden legezko xedapenetan ezarritako tasak eta zergak ordain­tzea.

3.    Eska­tzailea beste baten ordezkari­tzan edo aginduz diharduenean, egoera hori frogatu beharko du. Bestela, lizen­tziaren titular­tzat hartuko da, ondorio guztietarako, ordezka­tzen duenarekin edo agindu duenarekin bat.

4.    Lizen­tzien titulartasuna indarrean dauden legezko xedapenetan ezarritako baldin­tze­tan eskualdatu ahal izango da.

Eskualda­tzeko unean obrak egiten ari badira, obrak zertan diren zehaztu beharko da.   

Nolanahi ere, titular berriak bere egin beharko ditu aurreko titularrak bere gain hartutako konpromiso eta betebehar guztiak, eta obra horien inguruan egindako dokumentu publiko guztiak aldatu egin beharko dira, hala badagokio.

Haatik, Jabari publikoko ondasunetan eragina duten obren edo jardueren lizen­tzien titulartasuna eskualda­tzeko, Udalaren edo, hala badagokio, ondasun horien organismo titularraren aurretiazko baimen zeha­tza izan beharko da.

5. artikulua.  Lizen­tziak eraginkor egiteko baldin­tza orokorrak eta bermeak.

1.    Lizen­tziek baldin­tza jakin ­batzuk adierazi ahal izango dituzte, gauza­tze-epeei buruzkoak, proiektatuko obren edukiak alda­tze­ari buruzkoak, lurzorua urbaniza­tzeko eta laga­tzeko betebeharrei buruzkoak, eta udal-eskumeneko beste alderdi ­batzuei buruzkoak. Udalak baldin­tza horiek ezarri beharko ditu, baldin eta horien bitartez lizen­tzia uka­tzea saihets badaiteke.

2.    Obrak egiteko lizen­tzia emateko egin­tzan, obrei hasiera emateko epeak, eteteko gehienezko epeak eta amaiera emateko epeak finkatu beharko dira.

Edozein arrazoia dela medio, epe horiek finkatu ez badira, obrei hasiera eta amaiera emateko epeak eska­tzaileak berak proposatutakoak izango dira. Halakorik ezean, hiru (3) eta sei (6) hilabeteko epeak izango dira obra txi­kien kasuan, eta hamabi (12) hilabete eta hemezor­tzi (18) hilabeteko epeak obra handien kasuan. Eska­tzaileari udal-erabakiaren berri ematen zaionean hasiko da epe hori. Jarduera lizen­tzia baten neurri zuzen­tzaileei dagozkien obrak badira obrak hasteko epea 3 hilabete izango da eta buka­tze­koa 6 hilabete.         


Plangin­tzan edo lizen­tzia emateko erabakian espresi adierazten denean izan ezik, obrak ezin izango dira inola ere sei hilabetetik gora eten edo gelditu.

3.    Lizen­tzia ematean, obrak egiteko baldin­tza gisa dokumentazio osagarria aurkeztu behar denean, Udalak, dokumentazio hori aurkezten denetik hasita, hamabost (15) lanegun izango ditu eska­tzaileari jakinarazteko zuzendu behar diren urritasunak, halakorik badago jakina. Urritasun horiek zuzendu artean obrak eten behar diren edo ez adierazi beharko dio epe horretan. Azken kasu horretan, eska­tzen diren zuzenketak aurkezteko gehieneko epea finkatuko da. Epe hori bete­tzen ez bada, lizen­tzia berriro etengo da, urritasun horiek udal-irizpidearen arabera konpon­tzen diren arte. Horretarako ez da deklarazio zeha­tzik egin beharko.          

Ezarritako hamabost (15) eguneko epea amaitu eta eska­tzaileak horri buruzko Udalaren jakinarazpenik jaso ez badu, aurkeztutako dokumentazioa onar­tzen dela ulertuko da. Dena den, emandako lizen­tzian ezarritakoa urra­tzen edo alda­tzen duten alderdiak ez dira baliagarriak izango, ezta indarrean dagoen legeriaren aurka egiten dutenak ere.   

4.    Lizen­tzia emateko proiektu teknikoa aurkeztu behar den kasu guztietan, eta, proiektu hori hasiera batean beharrezkoa izan gabe, Udalak lizen­tzia emateko erabakian baldin­tza hori jar­tzen duen kasu guztietan, obra-zuzendari bat izendatu beharko du lizen­tziaren titularrak. Zuzendari horrek titulazio tekniko egokia izan beharko du, obren izaeraren arabera. Horrez gain, eta hala badagokio, aurrekoari bere fun­tzioetan lagunduko dion erdi-mailako teknikaria ere izendatu beharko du (aparejadorea, arkitekto teknikoa edo ingeniari teknikoa).

Izendapen hori eta izendatutako teknikarien onarpena Udalari jakinarazi beharko zaio obrei hasiera eman aurretik. Komunikazio hori ezinbesteko baldin­tza izango da emandako lizen­tzia gauzatu ahal izateko.           

5.    Lizen­tziak ez dira gauzatuko dagozkion tasak ordain­tzen ez badira, tasa horiek lizen­tziak emateko egin­tzan finkatuko dira.

6.    Kokaleku eta zuinketako planoa eska­tzen den obra-lizen­tzia guztietan, lizen­tziaren titularrak Udalari eskatu beharko dio obrak lurrean bertan ezar­tze­ari ikus-one­tsia eman diezaion. Haatik, obrei hasiera eman aurretik egin beharko du hori, eta ikus-one­tsi hori zuinketa-aktan islatuko da.

7.    Neurri zuzen­tzaileak bete­tzera eta gauza­tzera baldin­tza­tutako jarduera lizen­tziak ez dira efektibo izango harik eta aipatutako neurri zuzen­tzaileak bete eta gauzatu arte.      

8.    Eraikun­tza-obretako eta irekierako lizen­tzien titularrek –kasu guztietan– eta obra txi­kietako lizen­tzien titularrek eta beste jarduera ­batzuk ezar­tzeko lizen­tzien titularrek –lizen­tziak emateko erabakian hala ezar­tzen denean–, lehen erabilerako lizen­tzia lortu beharko dute (obrari dagokiona, jarduerari dagokiona, edo biei dagokiena). Izatez, lizen­tziaren xede diren eraikinek eta lokalek aurreikusitako xedeetara zuzendu aurretik, eta dagokien jarduerari ekin aurretik, lortu beharko dute lehen erabilerako lizen­tzia.

Eraikin edo lokal batek irekiera edo jarduerako lizen­tzia ez ezik, obra-lizen­tzia ere behar badu, lehen erabilerako lizen­tziei dagozkien izapideak aldi berean bideratu ahal izango dira, edota espediente bakar batean bildu ahal izango dira.

Hala ere, titularrek saihestu egin beharko dute hirugarren ­batzuek eraikina erabili edo okupa­tzeko egin­tzak gauza­tzea, lizen­tzia hori eman arte bederen.      

Lizen­tzia hori lor­tzea ezinbestekoa izango da eraikina hiri-zerbi­tzuetako sareetara ­lotzeko (ur-hornidura, energia elektrikoko hornidura, telefonia, eta, hala badagokio, gas-hornidura). Baldin­tza hori bete­tzen ez bada, ukatu egingo da konpainia horni­tzaileetan alta har­tzea.  

6. artikulua.  Lizen­tziak eraginkor egiteko baldin­tza zeha­tzak, betebeharrak eta bermeak.

1.    Lursailak zati­tzeko lizen­tziak.

Lursail bat zati­tzeko edo bereizteko lizen­tzia ematen denean –beste lursail batekin edo ­batzuekin ­lotzeko–, eska­tzaileak egindako zatiketaren eskrituraren kopia aurkeztu beharko du, baita Jabe­tza Erregistroan inskriba­tzeko aurkeztu izanaren frogagiria ere. Baldin­tza hori bete­tzen ez den arte, eska­tzen den lursail-zatiketa ez da gauzatu­tzat joko.      


2.    Eraikun­tza-Lizen­tziak.

Oinarrizko proiektu batean oinarritutako eraikun­tza-lizen­tziak ematen direnean, lizen­tzia horiek gauzatu aurretik eta obrei hasiera eman aurretik, gauza­tze-proiektua aurkeztu eta onartu beharko da, dagokion Elkargo Ofizialaren xedapenek eska­tzen dituzten baldin­tze­kin.

Proiektu horrek ezin izango ditu emandako lizen­tziaren baldin­tzak aldatu, eta ezin izango du bestelako zehaztapenik gaineratu, lizen­tziaren xede izan den oinarrizko proiektua gauza­tze­ari buruzkoak soilik barne hartuko dira.

Gauza­tze-proiektua aurkeztean eta lizen­tzia gauza­tzean –dokumentazio osagarria aurkezteko–, aurreko artikuluko 3. idatz-zatian ezarritako lizen­tziak bete beharko dira orokorrean.

3.    Behin-behineko eraikun­tza, instalazio eta erabileren lizen­tziak.

Behin-behineko eraikun­tza, instalazio eta erabileren lizen­tziak ez dira indarrean izango eta, horrenbestez, baimen­tzen dituzten erabilerak edo eraikun­tzak ezin izango dira hasi, Jabe­tza Erregistroan inskribatu direla froga­tzen den arte. Interesdunak lizen­tzia behin-behinekoa dela onartu beharko du, eta, Udalak eska­tzen duenean, lizen­tziaren xede den erabilera bertan behera ­utzi eta/edo eraikun­tza bota beharko duela onartu beharko du. Gainera, ez du kalte-ordainetarako eskubiderik izango.

4.    Jarduera lizen­tziak.

Neurri zuzen­tzaileak bete­tzera eta gauza­tzera baldin­tza­tutako jarduera lizen­tziak ez dira efektibo izango harik eta aipatutako neurri zuzen­tzaileak bete eta gauzatu arte.

7. artikulua.  Zergak, tasak eta eskubideak ordain­tzea.

1.    Lizen­tzien zergen eta tasen zenbatekoa, hainbat kasu eta modalitatetan, dagozkien ordenan­tza fiskaletan finkatuko da.

2.    Lizen­tzia emateko egin­tzan finkatutako eskubideen ordainketak konturakoak izango dira, eta lizen­tziaren titularrak obraren behin betiko kostua deklaratu beharko du obra amai­tzean. Hala, kasuak kasu, egin beharreko likidazio osagarria egin ahal izango da.

3.    Udal-zerbi­tzuek deklarazio horiek egiazkoak direla egiaztatu ahal izango dute, eta, horretarako, obrak egiteko lanetan parte hartu duten per­tso­nei kostua finka­tzeko beharrezko aurrekariak, egiaztagiriak eta dokumentuak eskatu ahal izango dizkiete.

4.    Obrek udalaren jabari publikoko ondasunen aprobe­txa­mendu berezia badakarte, hegalkinak barne, eska­tzaileak Ordenan­tza Fiskalen ondoriozko eskubideak eta tasak ordaindu beharko ditu, eta hori ordenan­tza horiek eta lizen­tzia emateko erabakiak zehazten duen moduan eta denboran egingo da.           

8. artikulua.  Erregistro-bermeak.

1.    Lurzoru urbanizaezinean dauden finkak banan­tzean edo zati­tzean, erabilera, eraikun­tza eta lursail-zatiketako erregimenari dagokionez Hirigin­tza Arau hauetan ezar­tzen diren zehaztapenak bete beharko dira.  

2.    Lursailak zati­tzeko lizen­tziak eman direla jakinaraziko zaio Jabe­tza Erregistroari. Gainera, esleitutako hirigin­tza-aprobe­txa­mendua, osorik edo zati batean, garatuko duten oin berriko eraikun­tza-lizen­tzien kasuan, lursailak zatiezinak direla jakinaraziko zaio, hirigin­tza-legerian ezarritakoaren arabera inskriba­tzeko.

3.    Inskriba­tze­aren berezko gastuak lizen­tziaren onuradunaren kargura izango dira beti.

9. artikulua.  Zuinketa.

1.    Bidezkoa den kasuetan, eta lizen­tzia guztiz gauza­tzeko eska­tzen diren baldin­tzak bete ondoren, lizen­tziaren titularrak ida­tziz eskatu beharko du udal-teknikari batek proiektatutako eraikinaren edo eraikun­tzen zuinketa berrazter dezan. Berrazter­tze horretara nahitaez bertaratu beharko dute obren zuzendari teknikoek.

2.    Zuinketa horretan, lizen­tziaren xede diren eraikun­tzen perimetroa lurrean bertan finkatuko da, eta fun­tsezko lerrokadurak eta sestrak adieraziko dira. Horretarako, lizen­tzia-eskaerari gainera­tzen zaion kokaleku eta zuinketako planoan ezarritakoa beteko da, eta, hala badagokio, lizen­tzia emateko erabakian ezar daitezkeen zuzenketak hartu beharko dira ain­tzat.

3.    Lizen­tzia-eskabidea aurkeztu ondoren, Udalak eska­tzaileari eta obren zuzendariei jakinaraziko die egin­tza zein egun eta ordutan hasiko den, baita egin­tza hori egiaztatuko duten udal-teknikariek zer izen duten ere.          

Lizen­tzia-eskaera egin eta hamabost (15) eguneko epean, lizen­tziaren titularrak horri buruzko udal-jakinarazpenik jaso ez badu, eta lizen­tzia-eskaera aurkeztu eta hogeita hamar (30) eguneko epea pasa bada, titularrak obrei ekin ahal izango die. Haatik, bide horretatik ezin izango da, inola ere, emandako lizen­tzian edo indarrean dagoen hirigin­tza-legerian ezar­tzen denaren aurkako eskubiderik eskuratu.   

4.    Zuinketa lizen­tziaren baldin­tze­tara zuzenean egoki­tzeko zailtasunak badaude, udal-teknikariak bertan egin beharreko aldaketak erabakiko ditu.           

10. artikulua.  Obraren zuzendari­tzako aldaketak.

Edozein arrazoi dela-eta, obraren zuzendari teknikoren batek bere kargua ­utziko duela aurreikusten denean, Udalari horren berri eman beharko dio bi aldeetako batek (susta­tzaileak edo teknikari jakin horrek). Kargua ­utzi eta hamabost egun aurretik jakinarazi beharko da, eta obrek ezin izango dute aurrera egin beste zuzendari batek kargu hori hartu duela jakinarazten ez den arte.

11. artikulua.  Lizen­tzien edukia alda­tzea.

1.    Baimen bat gauza­tzeko garaian, xehapen arloko aldaketak sartu nahi direnean baimen horretan, horren guztiaren berri eman beharko zaio Udalari, eta Udalak zerbi­tzu teknikoen txos­tena eskatuko du.

2.    Teknikariek, txos­tenean, aldaketa txi­kia den eta indarrean dagoen hirigin­tza-araudiari egoki­tzen zaion aztertuko dute. Izatez, aldaketa hori zuzenean onar daitekeen edo, aitzi­tik, lizen­tzia emateko erabaki zehatz baten xede izan behar duen adi­tzera eman beharko dute.

3.    Kasu horretan, lizen­tzia-eskaera aurkeztu eta gehienez hamabost (15) eguneko epean eman beharko zaio horren berri lizen­tziaren titularrari, eta bertan, beharrezkoa bada, aurkeztu behar den dokumentazio osagarria adierazi beharko da.

4.    Adierazitako epea pasa eta lizen­tziaren titularrak horri buruzko udal-jakinarazpenik jaso ez badu, aldaketa onartu egin dela eta lanei ekin dakiekeela uler daiteke. Haatik, bide horretatik ezin izango da, inola ere, indarrean dagoen hirigin­tza-legerian ezar­tzen denaren aurkako eskubiderik eskuratu.

5.    Lizen­tzien edukian egin beharreko aldaketa garran­tzi­tsuek aldez aurretik udal-lizen­tzia zeha­tza beharko dute. Horretarako, lizen­tzia eska­tzeko eta bidera­tzeko prozedura arruntari jarraituko zaio.

12. artikulua.  Lizen­tzien luzapena.

1.    Baimen baten iraupena luzatu ahal izango da, baina interesatuak aldez aurretik ida­tziz eska­tzen duenean soilik gertatuko da hori. Dena den, gauza­tze-epea amaitu baino hamabost (15) egun lehenago, eta behar bezala justifikatutako arrazoiak direla medio, eskatu beharko da luzamendua.

2.    Luzamendua behin bakarrik emango da, eta obrak edo baimendutako jarduerak amai­tzeko kalkula­tzen den epera arteko iraupena izango du gehienez. Ordura arte egindako zatia kontuan hartuko da.

3.    Nolanahi ere, luza­tze horrek dagozkion tasak sortuko ditu.

13. artikulua.  Lizen­tzien iraungipena.

1.    Obretarako lizen­tziak honako edozein kasutan iraungiko dira, udalak horri buruzko deklarazioaren ondoren: 

a)    Obrak hasi ez badira lizen­tzia emateko erabakian ezarritako epean edo lizen­tzia ematearen jakinarazpenetik aurrera sei (6) hilabeteko epean.    

b)    Sei (6) hilabetetik gorako gauza­tze-epea duten obren kasuetan, emandako epearen erdia pasa ondoren, egindako obren balioa proiektu osorako aurrekontuaren %20 gaindi­tzen ez badu.

c)    Baimendutako obra amaitu ez bada lizen­tzia ematean finkatutako epean edo, hala badagokio, lizen­tzia ematearen jakinarazpenetik aurrera sei (6) hilabeteko epean.

d)    Baimendutako obrak hasi ondoren, obra horiek sei (6) hilabetetik gora etenda gera­tze­agatik.

Jadanik egindako lanez gain, beste noizbehinkako lanak edo lan osagarriak egiten badira ere, lan horiek etenik daudela ulertuko da. Izan ere, lizen­tzia amai­tzeko gera­tzen den epearen barruan jarduerari amaiera emateko behar adinako inten­tsi­tatea sor­tzen ez duten lanak izango dira noizbehinkako lanak edo lan osagarriak.

e)    Lizen­tziaren baldin­tze­tako bat nabarmen bete­tzen ez denean.

f)    Neurri zuzen­tzaileak bete­tzera eta gauza­tzera baldin­tza­tutako jarduera lizen­tziak bi hilabeteren epean iraungiko dira baldin eta aipatutako neurri zuzen­tzaileak bete eta gauzatu ez badira.

2.    Orokorrean, industriako edo hirugarren sektoreko erabileretarako edo jardueretarako lizen­tziak iraungi egingo dira, horiek gelditu eta dagokion lokala bedera­tzi (9) hilabetetik gorako epean ixten denean. Nolanahi ere, Ekonomia Jardueren gaineko Zergan baja har­tzean ere iraungi egingo dira.

3.    Lizen­tziaren iraungipena deklaratu ondoren, beharrezkoa izango da lizen­tzia berria eska­tzea oraindik egin gabeko obrak amai­tzeko edo jarduerari berriro ekiteko.

14. artikulua.  Konpon­tzeko eta garbi­tzeko betebeharra.

Obren ondorioz bide publikoetan eta gainerako espazio mugakideetan sor­tzen diren kalteak lizen­tziaren titularrak ordaindu beharko ditu, eta horiek garbi mantendu beharko ditu.     

15. artikulua.  Obrak bertan behera uztea.

Lizen­tziaren xede diren obrak bertan behera uzten badira, edo horiek amai­tzeko epea amaitu ondoren geldirik gera­tzen badira, Udalak bide publikoen edo landa-ingurunearen segurtasuna eta apaindura berma­tzeko beharrezko obrak egingo ditu, eta, erabil­tzen ari diren eraikinen kasuan, eraikin horien fun­tzionaltasun egokia bermatuko du. Gainera, narriatutako urbanizazio-elementuak berriro jarriko ditu. Lizen­tziaren titularrak eta, subsidiarioki, lursailaren jabeak bere gain hartu beharko du horren guztiaren kostua.

16. artikulua.  Obrak amai­tzea, eraikinak eta instalazioak erabil­tzea, eta jarduerari hasiera ematea.

1.    Obrak lizen­tziaren arabera amaitu ondoren, eta Udalak baimendu edo agindutako aldaketak egin ostean, obra-lizen­tziaren titularrak ida­tziz emango dio horren berri Udalba­tzari eta, hala badagokio, lehen erabilerako lizen­tzia eskatuko du, eraikina edo instalazioa erabil­tzen hasi ahal izateko.        

2.    Horretarako, dagokion dokumentazioa aurkeztu ondoren, baldin­tza hauek bete beharko ditu:

a)    Indarrean dauden legezko xedapenek eska­tzen dituzten segurtasun, osasun eta apaindura publikoko ­gutxieneko baldin­tzak bete beharko ditu eraikinak, eta instalazioek fun­tzionamendu-egoera egokian egon beharko dute.

b)    Eska­tzen diren urbanizazio-obrek ezarritako baldin­tze­tan gauzatuta egon beharko dute.

c)    Bide eta espazio publikoetan eragin diren kalteek konponduta egon beharko dute, eta garbitasun-baldin­tza egokietan egon beharko dute.

3.    Jarduerari ekin aurretik egin behar den aginduzko egiaztapenerako bisitaldia lehen erabilerako lizen­tziaren espedientearen testuinguruan egingo da –Jarduera Gogaikarri, Osasungaitz, Kaltegarri eta Arrisku­tsuen Erregelamenduaren 34. artikuluan adi­tzera ematen den bisitaldia–.

4.    Udalak ezin izango du lehen erabilerako lizen­tzia baldin­tza­tuta eman. Hori dela eta, aginduzko txos­tenean udal-zerbi­tzuek ezarritako baldin­tza­ren bat bete­tzen ez dela antze­man badute, lizen­tzia hori espresuki ukatu egin beharko da edo prozedura eten egin beharko da. Eska­tzaileari antze­mandako urritasunen berri eman beharko zaio, eta urritasun horiek konpon­tzeko epea adieraziko zaio. Epe horrek, dena den, ezin izango du gainditu lizen­tzia iraungi­tzeko ezarritako epea.

Epe hori amaitutakoan, Udalak beharrezko obrak egiteari ekin diezaioke subsidiarioki.

5.    Lehen erabilerako lizen­tzia hori lor­tzea ezinbestekoa izango da alta har­tzeko eta hiri-zerbi­tzuetako sareetara ­lotzeko (ur-hornidura, energia elektrikoko hornidura, telefonia, eta, hala badagokio, gas-hornidura).     

Lehen Xedapen iragankorra: Ordenan­tza hau indarrean sartu baino lehen emandako lizen­tziaren babesean dauden obrak, obrari ekiteko eperik jar­tzen ez badu eta lanetan hasi ez bada, 3 hilabate izango du lanei ekiteko epea, ordenan­tza hau indarrean sartu denetik hasita.      

Bigarren Xedapen iragankorra: Ordenan­tza hau indarrean sartu baino lehen emandako lizen­tziaren babesean dauden obrak, obra buru­tzeko eperik jar­tzen ez badu eta lanak burutu ez badira, 6 hilabate izango du lanak buru­tzeko epea, ordenan­tza hau indarrean sartu denetik hasita.         

Hirugarren Xedapen iragankorra: Ordenan­tza hau indarrean sartu baino lehen emandako lizen­tziaren batek ezarritako neurri zuzen­tzaileak bete­tzea edo buru­tzea diren obrak edo instalazioak egiterakoan, hura hasteko edo amai­tzeko eperik ezar­tzen ez dutenean, 2 hilabeteko epea izango du hasteko eta 4 hilabete buka­tzeko, ordenan­tza hau indarrean sartu denetik hasita.  

Lezo, 2008ko maiatzaren 7a.—Haritz Salaberria, Alkatea.

(949)    (5391)