43. zenbakia | Data 2008-02-29 | 6421 orria |
PASAIAKO UDALA
Iragarkia
Pasaiako Udaleko Hirigintza eta Ingurumen Gaietarako Aholku Batzordea
arautzen duen udal-araudia onetsiz Udal Batzarrak 2007ko abenduaren 26an
hartu zuen erabakia jendaurrean egon den arauzko epean inolako alegaziorik
aurkeztu ez denez, aipatu erabakia behin betikotzat jo da eta testu osoa
argitara eraman, toki-Jaurpideko Oinarriak Arauzkotzen dituen apirilaren 2ko
7/85 Legeak bere 70.2 artikuluan adierazten duena beteaz.
Pasaia, 2008ko otsailaren 25a.—Maider Ziganda Población,
Alkate-Andrea.
(544) (2178)
PASAIAKO UDALEKO HIRIGINTZA ETA
INGURUMEN GAIETARAKO AHOLKU BATZORDEA ARAUTZEN DUEN UDAL-ARAUDIA
ZIOEN AZALPENA
Herritarren nortasuna libreki gara dadin laguntzeko botere publikoei
dagokie gauzak erraztea haiek politikan, ekonomian, kulturan eta
gizarte-eginkizunetan parte har dezaten. Herritarrek afera publikoetan,
zuzenean edo ordezkarien bidez, parte hartzeko eta erabakitzeko duten
eskubidea arlo guztietan adierazi eta sustatu behar da, bai gizabanakoei
dagokienez eta baita haiek osatzen dituzten taldeei dagokienez ere. Ildo
horretan kontuan hartzekoa da Udal Antolaketa Araudiak 48. artikuluan xedatzen
duena: «Udalbatzak, berak egiten dituen jarduerei buruz, informazio ahalik eta
zabalena emango du, eta herritarrak bultzatuko ditu udalerriko bizitzan
parte har dezaten, betiere udal organoei dagokien erabakiak hartzeko ahalmena
murriztu gabe».
Hirigintzaren arloan, ekainaren 30eko 2/2006 Legeak, Lurzoru eta
Hirigintzari buruzkoak, herritarren parte hartzeko bideak errazteko asmoz
109. artikuluan xedatzen du Hirigintza-plangintza behin betiko onartzeko
eskumena duten udalerri guztiak daudela behartuta Udaleko Hirigintza eta
Ingurumen Gaietarako Aholku Batzorde bat eratzera. Batzorde horrek, lehen
adierazitako helburuak lortzen ahalegintzeaz gain, xedetzat du herri
erakundeari laguntzea hirigintza antolamenduko tresna nagusiak formulatzen
eta onartzen, batez ere, Plan Orokorraren zehaztapenei buruzkoak. Herritarrek
hirigintzako informazioa izateko duten eskubidea bermatzeko ekintzen barruan
sartzen da, eta horretarako udalaren hirigintzako plangintzaren eta
lurralde-antolaketa eta sektore-antolaketaren arteko koherentzia eta osotasuna
segurtatzen da.
Paraleloki uztailaren 18ko 27/2006 Legeak ingurumen gaietan
informaziorako, parte hartze publikorako eta justiziarako eskubideak arautzen
ditu. Lege horren xedea da, besteak beste, «ingurumenean zuzen edo zeharka
eragiten duten gaietan neurriak hartzeko prozeduretan parte hartzeko»
eskubidea arautzea, erabaki haien lanketa eta onarpena Herri Administrazioei
dagokienean.
Bestalde, Lege horren 110. artikuluak zehazten du Udal Araudiaren
bitartez onartu behar direla Batzordearen eraketa eta haren oinarrizko
ezaugarrien definizioa. Organo horrek izaera osagarria du, Toki Araubidearen
Oinarriak arautzen dituen Legeko 20.1 artikuluan ezarritako oinarrizko
zehaztapenen osagarria. Artikulu horrek 2. paragrafoan xedatzen du autonomia
erkidegoek ezarri ahalko dutela toki araubideari buruzko legeen bitartez
antolaketa osagarri bat, hots, gorago aipatutako oinarrizkoaren osagarria.
Lege horrek barne zuzenbidera aldatzen du Europar Parlamentu eta Kontseiluko
2003/35/CE Zuzentaraua, 2003ko maiatzaren 26koa, zeinen bidez neurriak ezartzen
diren herritarrek parte har dezaten ingurumenarekin zerikusia duten zenbait
egitasmo eta programetan, eta zeinen bidez aldatzen diren, herritarren
parte-hartzeari eta justiziarako sarbideari dagokionez, 85/337/CEE
Zuzentarauak eta 96/61/CE Nazio Batuen Europarako Batzorde Ekonomikoaren
Hitzarmenaren ondorio dena, informaziorako sarbidea, erabakiak hartzean
herritarren partaidetza eta ingurumen-gaietan justiziarekiko sarbidea arautzen
duena, Aarhusen egina, 1998ko ekainaren 25ean.
Helburu horrekin Udal Araudi honek proposatzen du Hirigintza eta
Ingurumen gaietarako Aholku Batzordea eratzea eta haren funtzionamendua arautzea.
Aholku emailea izango da eta kide anitzekoa, eta partaidetza soziala
ahalbidetuko du hirigintzako plangintza egiteko orduan eta garapen iraunkorra
bultzatzeko eta bideratzeko garaian. Araudiaren bidez erabakitzen dira
halaber Hirigintza eta Ingurumen gaietarako Aholku-batzordearen oinarrizko
egitura, eginkizunak eta araubide juridikoa, kontuan izanik kide anitzeko
organoa dela eta era horretako organoentzat azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 22.
artikuluan aurreikusten direnak (Administrazioen Araubide Juridikoaren eta
Administrazio Prozedura Erkidearen Legea).
Euskal Herriko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko
2/2006 Legearen 110. artikuluan xedatutakoaren arabera ematen dugu Araudi hau:
I TITULUA
HIRIGINTZA ETA INGURUMEN GAIETARAKO AHOLKU BATZORDEA ERATZEAZ ETA HAREN
EGINKIZUNEZ
1. artikulua. Hirigintza eta
Ingurumen Gaietarako Aholku Batzordearen sorrera.
1. Pasaiako Udalerrian Hirigintza
eta Ingurumen gaietarako Aholku Batzordea sortzen da lurzoruari eta hirigintzari
buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 110. artikuluan aurreikusitakoari
jarraiki.
2. Eratzen da hirigintza arloko
informazioa eztabaidatu eta adostasunetara iristeko espazio iraunkor gisa, eta
udala, gizarte-eragileak, eragile ekonomikoak, ingurumen-eragileak eta, oro
har, herritarrak bilduko ditu.
3. Hirigintza eta Ingurumen
gaietarako Aholku Batzordea Pasaiako Udaleko partaidetza organo osagarri bat
da eta xedetzat du herritarrei eta haiek osatutako talde eta elkarteei aukera
ematea udalerriko gobernu-organoek hartzen dituzten erabakietan lagundu
dezaten.
2. artikulua. Atxikitzea.
Hirigintza eta Ingurumen gaietarako Aholku Batzordea Hirigintza eta
Hiri Berritze arloan eskudun den udal-arloari atxikitzen zaio.
3. artikulua. Izaera
juridikoa.
Hirigintza eta Ingurumen gaietarako Aholku Batzordea kide anitzeko
organo bat da, azaroaren 26ko 30/1992 Legean, Herri Administrazioen Araubide
Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearenenean, arautzen
direnetakoa.
4. artikulua. Eginkizunak eta
xedeak
1. Aholku Batzordearen
helburua da udalak, bere kabuz edo bestek eskaturik, hirigintzako antolaketaz
aurkezten dizkion zehaztapenez, galderak, txostenak eta proposamenak egitea.
Araudi honen 14. artikuluan jasotzen diren hizkuntza eskubideak bermatzeko,
Aholku Batzordeko kideek aztertu behar dituzten txosten edo agiri guztiak bi
hizkuntza ofizialetan idatziko dira.
2. Aholku Batzorde honek
eginkizun hauek beteko ditu zehazki:
a) Jakingo du hirigintzako
antolaketari buruz udalean zer azterketa, programa, arau eta jarduera-ildo
nagusi dauden, eta haiei buruz txostenak egingo ditu. Lanak hasi aurretik, zer
asmo dauden azalduko zaio eta haste-hastetik bermatuko da haren partaidetza.
b) Aztertuko ditu hirigintzako
antolaketari buruz udalari beste instantzia batzuetatik heltzen zaizkion
ekimen, iradokizun, proposamen edo hautabideak, eta haiei buruzko txostenak
egingo ditu.
c) Informazioa lortuko du
interesatzen zaizkion gaiez, hots, edozein egitasmo edo hirigintzako
antolaketa tresnari buruz, oro har, eta batez ere Hirigintzako Ondare
Katalogoari eragiten dioten egitasmo edo antolaketa tresnei buruz, eta, hala
balegokio, haiei buruzko txostenak egingo ditu.
d) Informazioa lortuko du
hirigintzaren arloan, eta zabaldu egingo die inplikatuak gerta litezkeen
herritar elkarteei.
e) Herritarren partaidetza
sustatuko du, eta bere alea jarriko du hirigintza-plangintzako agiriei erantsitako
Herritarren Partaidetza Programan egindako aurreikuspenak hobeki bete
daitezen.
f) Udalari aholkua eta laguntza
emango dio herritarren partaidetzari buruz, eta hiri iraunkortasunaz egiten
diren azterlan, txosten eta proposamenetan.
g) Elkarteen eta erakundeen
arteko elkarlana eta konpromisoa bultzatuko ditu proposatzen diren hirigintzako
egiturazko antolaketaren zehaztapenei buruz.
h) Kutsaduraren prebentziorako
eta kontrol integraturako legerian arautzen diren baimenak emateko tramitatzen
diren administrazio-prozedurei buruzko txostena eta azterlana,
ingurumen-eraginaren ebaluazioari buruzko legerian arautzen diren
ingurumen-eraginaren deklarazioak, eta halaber ur-legerian ingurumenarekin oro
har zerikusia duten egitasmo, programa eta proiektuek dituzten ondorioei
buruzko ebaluazioari buruzko legerian aurreikusten diren plangintza-prozesuetan,
eta zehazki gai hauetan:
a.— Uren babesa.
b.— Zarataren aurkako babesa.
c.— Lurzoruaren babesa.
d.— Eguraldi kutsadura.
e.— Landa eta hiri lurraldearen antolaketa eta lurzoruaren erabilera.
f.— Izadiaren kontserbazioa, aniztasun biologikoa.
g.— Mendiak eta baso ustiapenak.
h.— Hondakinen kudeaketa.
i.— Produktu kimikoak, pestizidak eta biozidak.
j.— Bestelako igorpen, isurketa eta ingurumenean substantziak askatzea.
k.— Ingurumen eraginaren ebaluazioa.
3. Hirigintza eta Ingurumen
gaietarako Aholku Batzordeak egiten dituen proposamenak edo aukerak gomendioak
izango dira udal gobernuko organoentzat, eta proposamen edo aukera horiek aldatzen
edo baztertzen badituzte, erantzun arrazoitua eman beharko diote batzordeari,
bai udal organoek eta bai beste administrazioek ere, udalarentzat nahitaez bete
beharreko eskumenak badituzte.
4. Nolanahi ere, udalak
hirigintzako dokumenturen bati behin betiko onespena ematen badio, eta agiri
horretan Aholku Batzordeak proposatutakoetatik desberdinak diren aukerak jasotzen
badira, justifikatu egin beharko ditu.
5. artikulua. Aholku Batzordearen
eginkizunak. Txostenak egitea.
1. Aholku Batzordeak udalak
lantzen edo ezartzen dituen hirigintza arloko plangintza eta jarduneko
tresna, azterlan, programa, irizpide eta jardun-ildo guztien berri izango du.
Horrez gain, egiturazko antolaketan eragina duten plangintza-tresnak lehen
aldiz formulatzeko, tresna horiek guztiz edo zati batean berraztertzeko, edo
tresna horietan aldaketa zehatzak egiteko espedienteetan txostenak egingo
ditu, kasu guztietan eta nahitaez.
a) Plan Orokorraren,
Sektorizazio Planaren edo Bateratze Planaren egiturazko antolaketa lehen aldiz
formulatzeko edo guztiz edo zati batean berraztertzeko espedienteetan,
nahitaezkoa izango da Aurrerapen-dokumentuaren edukiari buruzko txostena
egitea, eta halaber plangintza horien hasierako eta behin-behineko onespeneko
dokumentuei buruzkoa ere.
b) Plan Orokorraren,
Sektorizazio Planaren edo Bateratze Planaren egiturazko antolamendua zati
batean aldatzeko espedienteei dagokienez, nahitaezkoa izango da txostena
egitea hasierako onespena jaso behar duen dokumentuaren edukiari buruz.
Aurrerapen-dokumentua baldin badago, hari buruzko txostenak ordezkatu ahal
izango du aurrekoa.
2. Era berean, Aholku Batzordeak
beste hirigintza-antolamenduko plan batzuen edo beste hirigintza-tresna batzuen
espediente guztiak jasotzeko eta aztertzeko aukera izango du, baldin eta
zinegotzi ez diren batzordekideen laurden batek gutxienez hala eskatzen
badu. Kasu horretan, txostena egiteko epea bat etorriko da hasierako
onespenaren ondoren espediente horrek jendaurrean egon beharko duen epearekin.
3. artikulu honen 1. atalean aipatzen den edozein espedienteri hasiera
ematen zaionean, horren berri emango dio udalak batzordekideei bere kabuz,
jendaurrean jarri aurretik.
4. Aholku Batzordeak egin
behar dituen arauzko txostenak plangintzaren Aurrerapena jendaurrean jartzeko
epea amaitu eta hilabeteko epean egin beharko ditu, eta Aurrerapenik bideratuko
ez balitz, hasierako onarpena jaso duen dokumentua jendaurrean dagoen epean,
jasotako iradokizun edo alegazioak aintzat harturik.
6. artikulua.
Eraginkortasunaren eta segurtasun juridikoaren printzipioa
Aurrez Aholku Batzordeak txostena edo azterlana egin ondoan, plangintza-zehaztapen
bat behin betiko onartzen denean, ez da berriz aztertuko Batzordean, garapen
plangintzako tresna baten txostena egin behar denean edo aipatutako
zehaztapenaren egikaritze proiektu baten azterlana egitean.
Aurrez ezarri zen plangintzaren aldaketa tramitatzean bakarrik egin
ahalko da planteamendu berria.
II. TITULUA
HIRIGINTZA ETA INGURUMEN GAIETARAKO AHOLKU BATZORDEAREN OSAERA
7. artikulua. Osaera.
Berdintasunaren Legeak parekidetasunari buruz ezarritako irizpideak aintzat
hartuta, kide hauek osatuko dute Hirigintza eta Ingurumen gaietarako Aholku
Batzordea:
1. Lehendakaria: Alkatea.
Honek Udalbatzako edozein zinegotziren esku utz dezake kargu hori.
2. Lehendakariordea: Hirigintza
eta ingurumen arloan eskumena duen udal saileko zinegotzi titularra izango da
edo beste edozein zinegotzi, arlo horretako eginkizunak eskuordetu gabe
baleude. Lehendakariak bezala, lehendakariordeak ere Udalbatzako edozein
zinegotziren esku utz dezake kargua. Lehendakari kargua hutsik badago, edo
bilkuran ez bada edo gaixorik badago, lehendakariordeak ordezkatuko du, hark
besteren baten esku utzi ez badu.
3. Zinegotzi batzordekideak:
a) Tokiko Garapen eta
Merkataritzako zinegotzi titularra.
b) Demokrazia Parte-hartzaileko
zinegotzi titularra.
c) Berdintasuneko zinegotzi
titularra.
d) Udalean ordezkaritza duten
alderdi politiko guztietako ordezkari bana, salbu eta alkatearen,
lehendakariordearen eta aholku batzordekide diren zinegotzi ordezkarien
alderdikoak.
4. Zinegotziak ez diren
batzordekideak:
a) Udal hauteskundeetara
aurkeztu eta ordezkaritza lortu ez duten alderdi edo elkarte politikoko
ordezkari bana.
b) Pasaiako auzotarren
elkarteetako ordezkariak, lau barrutietatik bina; beraz, zortzi.
c) Talde ekologista edo
ingurumen arloko elkarteetako bi kide; ahal dela, udalerrikoak izan behar dute.
d) Herriko ikastetxeetatik
ordezkari bana.
e) Portu Agintaritzako bi
kide.
f) Izaera orokorreko
sindikatuetako ordezkari bat; ahal dela, udalerrikoa izan behar du.
g) Arrantzarekin zerikusia
duen sindikatu bateko ordezkari bat; ahal dela, udalerrikoa izan behar du.
h) Arantza Kofradiako
ordezkari bat.
i) Ahalmen urrikoen
elkarteetako bi ordezkari; ahal dela, udalerrikoak izan behar dute.
j) Dendarien elkarteetako bi
kide.
k) Herri hedabideetako bi
kide.
l) Pasaiako emakumeen
elkarteetako bi kide.
m) Gazte elkarteetako bi kide.
n) Aurreko ataletan
ordezkatuak ez dauden kultur, kirol, gizarte arloetako barruti bakoitzeko
ordezkari bana.
o) Ondarearen kontserbazioan
interesa duten elkarteetako kide bat; ahal dela, udalerrikoak izan behar du.
p) Hiri mugikortasuna hobetzea
helburu duten elkarteetako kide bat; ahal dela, udalerrikoak izan behar du.
q) Edozein dela bere jatorria,
etorkinen eskubideen aldeko lana egitea helburu duen elkarteetako ordezkari
bat; ahal dela, udalerrikoak izan behar du.
r) Antolaturik ez dauden
herritarretatik, udal barruti bakoitzetik kide bat, gaian duten interesagatik
edota jakituriagatik Aholku Batzordean beren ikuspuntua ager dezaten.
s) Udalerriko jubilatuen bi
ordezkari.
5. Idazkaria: Hirigintzaren
arloan eskumena duen saileko udal-funtzionario arduraduna, edo hark bere ordez
izendatzen duen funtzionarioa. Idazkariari Aholku Batzordeari laguntzea eta
aholkuak ematea dagokio, lehendakariaren zuzendaritzapean.
6. Era berean batzordekide
izango dira, eta botorik ez baina hitza izango dute, hirigintzako antolaketan
ardura edo partaidetza duten udal teknikariek eta hirigintzako planak
idazteko ardura dutenek.
Aholku Batzordekideek, lehendakariak eta lehendakariordeak boto
eskubidea dute.
Aholku Batzordeak bere lana talde edo batzordeetan antola dezake
landu behar dituen gaien arabera, hartara herritarren partaidetza indartzeko
eta informazioa eta erabakiak herritarrengana hurbiltzeko.
8. artikulua. Aholku Batzordeko
kideak izendatzea eta kargugabetzea.
1. Alkateak izendatuko ditu
kideak, baina izendatzeko proposamena atal hauetan ezarritakoaren arabera
egingo da:
a) Zinegotziak eskuordetze
dekretuen arabera, alderdi politikoek proposatuta.
b) Gainerako ordezkariak:
a.— Ordezkaritza ez duten alderdi edo hautes elkarteetakoak, beraiek
proposatuta.
b.— Elkarte edo erakunde ordezkariak, beraiek proposatuta.
c.— Herri elkarteak ez diren erakundeetako ordezkariak edo gizabanakoak
izendatzeko alkateari zuzendutako proposamenak onartuko dira, eta Aholku
Batzordeak osoko bilkuran erabakiko du haiek onartu ala ez.
2. Batzordekide izendatuak
izan aurretik, pertsona horiek kargua onartu beharko dute.
3. Aholku batzordekide diren
zinegotziek, nolanahi ere, Udalbatzaren agintaldia amaitzen denean, batzordekide
izateari utziko diote.
4. Gainerako batzordekideak
lau urtez izango dira karguan. Dena den, kasu hauetan ere kargugabetu daitezke:
a) Espresuki uko egiten
diotenean.
b) Epai irmoz kargu publikoa
betetzeko ezgaitasuna adierazten bada, edo desgaikuntza kasuetan.
c) Aholku Batzordekide beren
karguagatik direnean, kargu hori galtzean kargugabetuko dira.
d)
Proposatu zituen erakundeak kargutik kentzean.
5. Hutsik geratzen diren
postuak izendatzeko erabili den modu berean beteko dira.
6. Batzordean ordezkaritza
duten erakunde, elkarte edo alderdiei, ordezkariak izendatzerakoan, irizpide
hauek kontuan hartzea proposatuko zaie:
a) Pasaiako auzo eta gizarte
jardueran zer ibilbide izan duten.
b) Pasaiakoak diren edo
Pasaian bizi diren.
c) Parekotasun irizpideak
kontuan hartzea.
9. artikulua. Kalte-ordainak.
Aholku Batzordekideek ez dute haien eginkizunak betetzeagatik
inolako ordainsaririk jasotzeko eskubiderik izango.
III. TITULUA
AHOLKU BATZORDEAREN ORGANOEN
EGINKIZUNEZ
10. artikulua. Hauek dira
lehendakariaren eginkizunak.
1. Batzordearen eskumeneko
gaietan indarrean dagoen legeria beteko dela bermatzea.
2.
Batzordearen helburuak beteko direla ziurtatzea.
3.
Batzordearen Osoko Bilkurak hartzen dituen erabakiak beteko direla
zaintzea.
4. Ohiko eta ezohiko bilkuren deialdiak erabakitzea
eta gai zerrenda zehaztea.
5.
Batzordearen Osoko Bilkurak onartzen dituen eskariak, errekerimenduak
eta jarduketak dagokion udal-organora bideratzea.
6.
Aztertzen diren gaien arabera, egoki iritzitako pertsonak gonbidatzea
osoko bilkurara eta lan-batzordeen bilkuretara. Gonbidatu horiek hitza izango
dute baina ez botoa.
7.
Batzordeko lehendakariari berez dagozkion eginkizunak.
8.
Esleitzen zaizkion bestelako eginkizunak.
9. Batzorde
guztietan bermatu behar da lehendakariaren presentzia, bera azalduz edo haren
ordez beste kide bat.
10. 7. artikuluan xedatu
bezala, kideen hautaketa egiteko ahalmena.
11.artikulua. Osoko bilkuretan
lehendakariak dituen eginkizunak.
1. Buru izatea, eztabaidetan
moderatzaile aritzea, bileren martxa ona zaintzea eta, dagokionean, bidezko
arrazoiak tarteko, bilerak etetea.
2. Bozketan berdinketa
gertatuz gero, kalitatezko botoaren bidez erabakitzea.
12. artikulua.
Lehendakariordearen eginkizunak.
Eginkizun nagusia lehendakariaren ordez aritzea izango du, hura ez
dagoenean, kargua hutsik dagoenean edo gaixo dagoenean.
13. artikulua. Aholku Batzordearen
Osoko Bilkura.
1. Osoko Bilkura da erabakiak
hartzeko organo gorena.
2. Osoko Bilkurari dagokio:
a) Batzordearen lan-programa
egitea eta bere jardueren artean lehentasunak ezartzea.
b) Bilkura-deialdiko aztergai
guztiei buruzko iritzia ematea.
c) Beraren jarduerari buruz,
Udalbatzari berriak eta aholkuak ematea.
d) Bidezkoa bada, aurreko
osoko bilkuraren akta onartzea, eta hurrengoan aztergaietan sar daitezkeen
gaiak proposatzea.
e) Batzordeko lehendakariak
eskatuta, zenbait organo berezik egingo dituzten txostenen berri izatea.
f) Aholku Batzordeari
dagozkion eta beste organoren bati eman ez zaizkion bestelako eginkizunak.
g) Egokitzat jotzen bada,
egiturazkoa ez den antolamenduko edozein dokumenturi buruz informazioa eskatzea.
14. artikulua. Idazkaria.
Idazkaria Batzordeko lehendakariaren zuzendaritzapean arituko da,
eta eginkizun hauek izango ditu:
a) Osoko bilkurarako deialdiak
egitea eta horiekin batera eguneko aztergaiak eta aurreko bilkuraren akta bidaltzea.
b) Batzordeko osoko
bilkuretan parte-hartzea, hitzarekin baina botorik gabe, bilkuren akta jasotzea
eta lehendakariarekin batera akta horiek sinatzea.
c) Artxiboko eta erregistroko
lanak egitea eta idazkari izateagatik dagozkion bestelako eginkizunak.
15. artikulua. Batzordekideen
eskubideak.
Batzordekideen eskubideak hauek dira:
1. Osoko bilkuretan ordezkaritza
izatea.
2. Osoko Bilkurak hartutako
erabakiak betetzeko egingo diren jardueren berri izatea.
3. Batzordeko aktak eta
agiriak eskura izatea.
4. Batzordean ekimenak eta
interesak aurkeztu eta defendatzea.
5. Batzordearen bilkuretan
hitzarekin eta botoarekin parte hartzea.
6. Proposamen bat egiteko
informazioa behar izanez gero, Batzordearen bidez Udalbatzaren zerbitzuetan
dagoen informazioa eskatzea.
7. Araudi honen arabera edo
indarrean dagoen legeria aplikagarriaren arabera izango dituen gainerako
eskubideak.
8. Euskararen erabilera normaltzeko
Udal Ordenantzaren 4. artikuluan jasotzen diren hizkuntza eskubideak aitortzen
zaizkie.
a) Udalarekin eta haren
mendeko erakunde guztiekin ahozko edota idatzizko harremana euskaraz izatea.
b) Udaleko edozein bileratan
euskaraz egiteko.
16. artikulua. Batzordekideen
betebeharrak.
Batzordekideen betebeharrak dira:
1. Osoko bilkuretan parte-hartzea
eta hartutako erabakiak betetzeko batzordeak bultzatutako jardueretan laguntzea.
2. Batzordearen garapenaren
eta sustapenaren alde egitea.
3. Baimenik gabe batzordearen
izenean ez aritzea.
4. Araudian jasotakoa
errespetatzea eta betetzea.
5. Erakunde, elkarte edo
taldeen kasuan, beraien estatutuetan egiten diren aldaketen berri ematea
udalari, balitekeelako aldaketa horiek eragina izatea haien udalaren
izendapenean.
6. Ordezkari den kidean edo
haren elkartearen helbidean gerta daitezkeen aldaketen berri ematea.
7. Araudi honen arabera edo
indarrean dagoen legeria aplikagarriaren arabera esleitu ahal zaizkien beste
betebehar batzuk.
IV. TITULUA
JARDUTEKO ARAUBIDEA
17. artikulua. Bilkurak.
1. Aholku Batzordearen Osoko
Bilkura ohiko batzarrean bilduko da hiru hilean behin, eta bere eginkizunak
betetzeko beharrezko ikusten duen guztietan. Horrezaz gain, lehendakariak
proposatuta edo batzordekideen herenak eskatuta, ezohiko batzarrean bilduko
da.
2. Aholku Batzordearen
deialdia ohiko batzarra baino hiru egun lehenago bidaliko zaie batzordekideei;
ezohiko bilkurak direnean, berriz, bi egun lehenago, gai-zerrendarekin batera
eta eztabaidarako behar den dokumentazioarekin.
18. artikulua. Quórum-a.
1. Osoko Bilkura balio osoz
eratuko da lehenengo deialdian, batzordekideen erdia gehi bat daudenean,
bertan presente edo boto ordezkatuarekin.
2. Hala gertatzen ez bada,
batzordea bigarren deialdian eratuko da, ordu erdi beranduago, batzordekideen
herena bertan bada. Lehendakariak eta idazkariak bertan egon beharko dute
nahitaez. Quorum hau bilkura osoan mantendu behar da.
19. artikulua. Eztabaidak
1. Batzordeko lehendakariak
zuzenduko ditu batzarrak eta eztabaidak eta behar diren neurriak hartuko ditu
haiek egoki bidera daitezen.
2. Araudi honen 14. artikuluan
jasota geratu den bezala, Aholku Batzordekideei bilkuretan euskaraz aritzeko
eskubidea aitortzen zaie.
Udaleko kargu politikoek, udal teknikariek eta hirigintzako plana
idazten parte hartzen duten teknikariek euskaraz nahiz gazteleraz egingo dute
euren ahozko jarduna, euskararen erabilera normaltzeko udal ordenantzako 18.
eta 24. artikuluetan jasota dagoena bermatzeko.
20. artikulua. Bozketak.
1. Bozketak, oro har, ohi bezala
egingo dira. Batzordearen Osoko Bilkurak erabaki dezake gai batzuetarako
izenezko bozketa edo sekretua egitea.
2. Botoa baiezkoa edo ezezkoa
izango da, baina abstenitzeko aukera ere egongo da.
3. Botoa garbi eta ozen emango
da eta ezingo da eginkizun hori beste batzordekide baten esku utzi.
4. Erabakiak gehiengo soilez
hartuko dira.
5. Bozketan berdinketa
gertatuz gero, beste bat egingo da, eta bigarren horretan berdinketa hausten ez
bada, batzordeko lehendakariak erabakiko du kalitatezko botoaz baliatuz.
6. Bozketari ekin aurretik,
batzordeko lehendakariak argi eta zehatz adieraziko du zer bozkatzen den eta
botoa nola eman behar den.
7. Bozketa amaitzean, botoak
idazkariak zenbatuko ditu eta emaitza adieraziko du ozenki. Ondoren,
lehendakariak hartu den erabakia emango du aditzera.
8. Idazkariak erabakiak jasotzen
dituen txostena egingo du eta hura dagokion hirigintza-espedientera bilduko
du. Erabaki horiek izan ditzakete hirigintza-antolaketako proposamen edo hautabide
zehatzak, udalarentzat lotesle ez direnak.
21. artikulua. Lan-batzordeak.
1. 6. artikuluan xedatzen den
bezala, Aholku Batzordearen helburu eta eginkizunekin zerikusia duten unean
uneko gaiak jorratzeko lan-batzordeak osatu daitezke, batzordearen
gehiengoak beharrezkotzat joz gero.
2. Aholku Batzordeak
finkatuko du lan-batzorde horien osaera, izena eta funtzionamendua.
3. Lehendakaritzak beharrezko
–edo egoki– jotzen duen udal-aholkularitza teknikoa eskatuko du, baita kanpoko
aholkularitza ere.
4. Aztertutako gaien eta atera
dituzten ondorioen berri emango diote lan-batzordeek Aholku Batzordeari.
22. artikulua. Funtzionamenduko
barne arauak.
Aholku Batzordeak funtzionamenduko barne-arauak ezar ditzake eta lan-taldeak
eratu haiei jarraiki, betiere araudi honetan ezarritakoa errespetatuz.
23 artikulua. Lekua eta aktak.
Aholku Batzordearen bilkurak udal-aretoetan egingo dira, txandaka
barruti bakoitzean, eta bilkura horietako bakoitzaren akta egingo du idazkariak.
Akta hori hamabost laneguneko epean bidaliko zaie batzordekideei, eta egiten
den hurrengo bilkuran onartu beharko da.
Udal Ordenantzaren 11. artikuluari jarraiki, Aholku Batzordeko aktak
bi hizkuntza ofizialetan bidaliko zaizkie batzordekideei.
24. artikulua. Bitartekoak
atxikitzea.
Hirigintza eta hiri berritze gaietan eskumenak dituen udal sailak
emango ditu hari atxikia egongo den Aholku Batzordeak behar bezala funtzionatzeko
beharko dituen giza eta bestelako baliabideak. Udal aurrekontuak kontu-sail bat
izango du batzordeak sustatzen dituen jarduerak garatu daitezen
V. TITULUA
ESKU HARTZEKO BESTELAKO EKIMENAK
25. artikulua. Informazio
Batzordeetako parte hartzea.
Elkarteen Udal Erregistroan inskribatuak dauden elkarteek, hala eskatzen
badute, Hirigintzako Informazio Batzordera deituak izan daitezke gai
zerrendako punturen baten gainean haien iritzia edo txostena jasotzeko.
Gaiak ere proposa ditzakete gai zerrendan sartzeko, lehendakariari Batzordea
egin baino astebete aurretik bidalita, hark zerrendan sar ditzan.
26. artikulua. Herri-kontsulta.
Udalbatzak gehiengo osoz onartu ondoren eta Tokiko Araubideko
Oinarrien Legeko 71. artikuluan ezarritakoa betez, alkateak herri-kontsultara
deitu dezake herritarrek beren iritzia azal dezaten hirigintza aldetik garrantzi
berezia duten gaietan edo oso eztabaidatuak direnetan.
Akordioa gehiengo osoz harturik, Aholku Batzordeak erabaki dezake txostena
egiteko aurkeztu zaion gairen batek betetzen dituela aurreko paragrafoan
erreferendumera deitzeko ezartzen diren baldintzak.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
Araudi honetan espresuki aurreikusten ez denerako, Herri
Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen
azaroaren 26ko 30/1992 Legearen II. Tituluko II. Kapituluan xedatutakoaren
araberako funtzionamendua eta jarduna izango du Hirigintza eta Ingurumen
gaietarako Aholku Batzordeak. Gainerako xedapenetan, berriz, Toki Araubidearen
Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legeak ezartzen duenari eta
Tokiko Erakundeen Antolamenduko, Funtzionamenduko eta Araubide Juridikoko
Erregelamenduak (2.568/1986 Errege Dekretuak) xedatzen duenari jarraituko
zaio.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Araudi honetan ezarritakoa aplikatu eta garatzeko beharrezko aginduak
emateko ahalmena emango zaio batzordeko lehendakariari.
HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Herritarrek udal bizitzan nola parte har dezaketen arautzen duen arau
honek izaera organikoa du Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren
2ko 7/1985 Legeko 70.bis artikuluan aurreikusitakoari jarraiki. Hirigintza eta
Ingurumen gaietarako Aholku Batzordea Udalbatzaren erabakiz deuseztuko da
indarrean den legeriari jarraiki.
AZKEN XEDAPENA
Ordenantza hau indarrean sartuko da, Udalak behin betiko onarpena
eman, testua osorik Gipuzkoako Aldizkari
Ofizialean argitaratu eta hamabost laneguneko epea amaitzen denean,
Tokiko Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/85 Legeko 65.2
artikuluarekin erlazionatua dagoen 70.2.an adierazten denari jarraiki.