Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala

77. zenbakia Data 2007-04-20 10845 orria

3 GIPUZKOAKO LURRALDE HISTORIKOKO XEDAPEN OROKORRAK

GFA - DIPUTATU NAGUSIA
Martxoaren 27ko Foru Araua, Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala arautzeari buruzkoa.

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA

Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala arau­tzen duen, mar­txo­aren 27ko, 5/2007 FORU ARAUA.

GIPUZKOAKO DIPUTATU NAGUSIAK

Jakinarazten dut Gipuzkoako ­Batzar Nagusiek onartu dutela «Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala arau­tzen duen, mar­txo­aren 27ko 5/2007 Foru Araua», eta nik aldarrikatu eta argitara dadin agin­tzen dut, aplikagarria zaien herritar guztiek, partikularrek nahiz agintariek, bete eta betearazi dezaten.

Donostia, 2007ko martxoaren 27a.—Joxe Joan Gonzalez de Txa­barri Miranda, diputatu nagusia.

(2840)   (3746)

­HITZAURREA

Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala lurralde mailako zerbi­tzu publiko bat da, eta Gipuzkoako Foru Aldundiari dagokio haren edizioa eta kudeaketa; era berean, Foru Aldundiaren eran­tzu­kizuna izango da argitara­tzea, legez edo erregelamenduz emandako xedapenen arabera, aldizkarian agertu behar duten herri administrazioen eta Justizia Administrazioaren xedapenak, ebazpenak eta gainerako egin­tzak eta baita partikularren iragarkiak ere.

Oro har, zerbi­tzu horren erregimen juridikoa, antolakun­tza­koa eta ekonomikoa 2002ko apirilaren 4ko 5/02 Legeak, Probin­tziako Aldizkari Ofizialak arau­tze­koak, erregula­tzen du eta, modu berezian, beste hainbat arauek, hala nola: 7/1986 Foru Arauak, ekainaren 16koak, Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala arau­tze­koak; 15/1990 Foru Arauak, abenduaren 20koak, 7/1986 Foru Araua neurri batean alda­tzen duenak; 8/1985 Foru Arauak, irailaren 10ekoak, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialeko harpide­tza eta iragarkiengatiko eskubideak eta tasak arau­tze­koak; 4/1999 Foru Arauak, abenduaren 27koak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zerga Erregimenari buruzkoak; 79/1991 Foru Dekretuak, azaroaren 19koak, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren prezio publikoen ordainarazpena onar­tzen duenak, eta zerbi­tzu horri dagozkion tasak arau­tzeko urtero ematen diren foru dekretuek.

Argitalpenari buruzko araudi guztietan, kontuan har­tzen ziren erabilitako bitarteko teknikoak, paperezko argitalpena eta ohiko banaketa modua oinarri­tzat hartuta. Nolanahi ere, azken urteotako aurrerapen teknologikoak direla-eta gero eta gehiago dira bitarteko informatikoak eta telematikoak, bereziki, internet erabil­tzen dituztenak. Hain zuzen ere, internetek egundoko iraul­tza eragin du argitalpenen edizioan, kon­tsul­tan eta publizitatean, eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak ezin du eragin horretatik kanpo geratu. Alde horretatik, Foru Aldundiaren egitekoa izango da bere eskumenekoa den aldizkari ofiziala komunikazioaren teknologia berriak, bereziki interneta, erabiliz jar­tzea gipuzkoar guztien eta hemendik kanpo bizi diren herritar guztien eskura. 

Era berean, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean xedapenak eta iragarkiak argitara­tzeko prozeduran dokumentu elektronikoa igor­tzea eta sinadura digitala erabil­tzea sartu behar dira, paperezko euskarrian eta eskuz sinatutako dokumentuen ordezko izan daitezen, Aldizkari Ofizialean zuzen eta fidelki argitara­tzea alde batera ­utzi gabe, haien edukiaren benetakotasuna eta erreserba eta, era berean, sar­tzea erabaki duen agintariaren eskumena ere bermatu ondoren.

Tresna horien erabilerak Foru Aldundia eta herritarrak hurbilduko ditu, erakundeek eta partikularrek Aldizkari Ofizialean testuak argitara­tzeko egin beharreko tramiteak erraztuko ditu eta, orokorrean, Gipuzkoako Administrazioko organoen xedapenak eta erabakiak ezagu­tzera emango ditu.        

Horretarako, foru arau honek esparru juridiko eta antolamenduzko oso bat eskaini nahi dio Gipuzkoako Aldizkari Ofizialari, Gipuzkoako egituretan gerta­tzen ari den garapen teknologikoaren araberakoa, Foru Aldundiak bere eskumen alor guztietatik bul­tzatu eta susta­tzen ari dena baita.

I. KAPITULUA.    XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.    Kon­tzep­tua eta antolakun­tza.

«Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala» Gipuzkoako Lurralde Historikoko aldizkari ofiziala da, eta bertan argitara­tzen dira foru arau honetako 2. artikuluan aipa­tzen diren xedapenak eta egin­tzak, lege antolamenduan hala aurreikusten denean.       

Gipuzkoako Foru Aldundiak bere antolamendu administratiboaren bitartez zuzenean eskain­tzen duen zerbi­tzu publiko bat da Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala, organikoki adskribatutako atalaren edo departamentuaren menpekoa, barne har­tzen dituena Aldizkari Ofizialaren kudeaketa, argitalpena eta zabalkundea.

2. artikulua.    Edukia eta benetakotasuna.

1.    Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak argitaratuko ditu herri administrazioen eta Justizia Administrazioaren xedapenak, ordenan­tzak, jakinarazpenak, ebazpenak, iragarkiak, ediktuak, erabakiak eta gainerako egin­tzak administratiboak, zeinak lege edo erregelamendu xedapenen indarrez bertan argitaratu beharrekoak diren.

Era berean, bertan argitaratuko dira, legediaren arabera edo guztien jakinerako, Aldizkari Ofizialean agertu behar duten partikularren iragarkiak, baita Gipuzkoako Foru Aldundiaren iri­tziz interes orokorrekoak diren gainerako txos­ten, agiri eta komunikazioak ere.

2.    Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratutako testuak ofizial­tzat eta benetako­tzat har­tzen dira. Gipuzkoako Foru Aldundiak bermatuko du Aldizkari Ofizialean argitaratutako informazioaren benetakotasuna, konfiden­tzialtasuna eta osotasuna, eta horretarako beharrezkoak diren neurri tekniko, juridiko eta informatikoak jarriko ditu.

3. artikulua.    Aldizkakotasuna.

Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala astelehenetik ostiralera argitaratuko da, jai egunetan izan ezik. Aldizkakotasun hori Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala zein departamentuk argitara­tzen duen, hark alda dezake, egoerak hala eska­tzen duenean.

4. artikulua.    Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaeko hizkun­tzak.

1.    Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala, aldi berean, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkun­tza ofizialetan argitaratuko da, eta bi hizkun­tze­tako testuak ofizial­tzat eta benetako­tzat hartuko dira.

2.    Herri Administrazioko eta Justizia Administrazioko organoek nahiz partikularrek Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkun­tza ofizialetako edozeinetan edo bietan bidal ditza­kete iragarkiak argitara daitezen. Nolanahi ere, Foru Aldundiak ofizioz itzu­liko ditu eta Aldizkari Ofizialean bi hizkun­tze­tan argitaratuko dira.

Doakoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoz kanpoko Herri Administrazioko eta Justizia Administrazioko organo eskudunek nahiz handik kanpo bizi diren partikularrek hizkun­tza ofizialetako bakarrean bidalitako testuen itzul­pena; aldiz, iragarkia bidal­tzen duen organoa edo partikularra Euskadiko Autonomia Erkidegokoa bada, tasa bat ordaindu behar du.      

5. artikulua.    Argitalpena eta kon­tsulta.

1.    Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala euskarri elektronikoan argitaratuko da eta Foru Aldundiko web orrian kon­tsul­tatu ahal izango da internet bidez. Sarbidea uniber­tsala eta doakoa izango denez, paperezko edizioa desagertu egingo da. Foru Aldundiak aukera emango du bere egoi­tzan bertan aldizkaria kon­tsulta­tzeko.

2.    Aldizkari Ofizialaren zerbi­tzuaren ardura duen departamentuko Idazkari­tza Teknikoan diligen­tziatutako ale bat gordeko da, erkaketa eta fede publikoko ondorioetarako.       

II. KAPITULUA.    EGITURA

6. artikulua.    Goiburua.

Aldizkariaren zenbaki bakoi­tza­ren goiburuan Gipuzkoako armarria agertuko da, 1990eko mar­txo­aren 27ko 6/1990 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren identitate ezaugarriei buruzkoak, 4. artikuluan emandako deskribapenaren arabera edo etorkizunean hori arau dezakeen beste xedapenen baten arabera. Goiburuan «Boletin Oficial de Gipuzkoa – Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala» izena jarriko da.

Era berean, edizioaren urtea, data eta urte bakoi­tzeko hurrenkera zenbakia adieraziko dira, aparteko zenbakiak ere barne hartuta.

7. artikulua.    Aurkibidea, gehigarriak eta aldizkari oina.

1.    Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren zenbaki bakoi­tza­ren hasieran edukiaren aurkibidea agertuko da, ataletan banatuta, ondorengo artikuluaren arabera.

2.    Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharreko xedapenak, ebazpenak edo beste egin­tza administratiboak ohiz kanpokoak badira, testu luzea dutelako edo beste zerbaiteagatik, gehigarrien bidez sartuko dira. Aldizkari Ofizialak gehigarriak edo eranskinak baditu, horien edukia ere aurkibidean jasoko da.   

3.    Zenbaki bakoi­tza­ren oinean eta argitalpenari amaiera emanez, ondorengo datuok agertuko dira:

— Erredakzio zuzendari­tza.

— Egiaztapen zuzendari­tza.

— Lege gordailua.

— Argitalpen egunak.

— Eman beharreko zerbi­tzuei dagozkien tasak.

4.    Aldizkari ofizialetan argitaratutako xedapenen eta ebazpenen aurkibidea duen ale berezia argitaratuko da hiru hilean behin. Urte osoko aurkibidea ere urtero egingo da.          

8. artikulua.    Atal banaketa.

Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean ondorengo atalak bereizten dira:

1.    Estatuko Xedapen Orokorrak.

2.    Euskal Herriko Xedapen Orokorrak.

3.    Gipuzkoako Lurralde Historikoko Xedapen Orokorrak.

4.    Gipuzkoako Lurralde Historikoko Administrazioa.

5.    Estatuko Administrazioa.

6.    Autonomia Erkidegoko Administrazioa.

7.    Udal Administrazioa.

8.    Justizia Administrazioa.

9.    Iragarkiak.

9. artikulua.    Formatua.

1.    Testuak bi zutabetan banatuko dira, ezkerrekoan euskarazko testua agertuko da eta eskuinekoan gaztelerazkoa.     

2.    Gipuzkoako Foru Aldundiak erabakiko du Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren formatua, eta testuak zutabetan edo bereiztutako ediziotan argitara­tzea, aldizkarian agertu beharreko xedapen, ebazpen eta iragarkien izaerak eta ezaugarriek eska­tzen dutenaren arabera.

III. KAPITULUA: ‑JATORRIZKOAK GIPUZKOAKO ALDIZKARI OFIZIALEAN SAR­TZEKO PROZEDURA

10. artikulua.    Jatorrizkoak bidal­tzea eta prozedura hastea.

1.    Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu nahi diren testuak aurkez daitezke paperean, euskarri informatikoan edo elektronikoan, hura edita­tzen duen zerbi­tzuko zuzendari­tzari bidalitako posta elektronikoaren bidez.

2.    Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean jatorrizkoak sar­tzeko prozedurari hasiera emateko, beti eskaera bat bidali behar zaio Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren ardura duen Departamentuko foru diputatuari, argitaratu nahi den testuarekin batera. Bi agiriak jatorrizkoak izango dira, legez edo erregelamendu bidez eskumena duen organo edo agintari­tza­ren sinadurarekin, eta horrela agirien benetakotasunaren eran­tzule egingo dira.           

3.    Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitara­tzeko jaso­tzen diren jatorrizko agiriak ofizialak eta isilpekoak izango dira, eta ezingo da horiei buruzko inolako informaziorik eman bidali dituen organoaren berariazko baimenik izan gabe.         

4.    Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren ardura duen departamentuko foru diputatuaren foru aginduz bermeak eta zehaztapenak ezarriko dira, argitaratu nahi diren jatorrizko dokumentuak bitarteko elektroniko, informatiko edo telematikoen bidez nola igorriko diren zehazteko. Era berean, Gipuzkoako Foru Aldundiak zehaztu ahal izango ditu argitara­tzeko diren testuak bidal­tzeko inprimakiak, ereduak eta formatu elektronikoak, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialeko argitalpenaren kudeaketa bateratu eta erraztearren.

11. artikulua.    Jatorrizkoak argitara­tzea.

1.    Jatorrizkoak ida­tzita eta baimenduta dauden bezalaxe argitaratuko dira, eta Aldizkari Ofizialean sarrera ematen zaienetik aurrera ezingo da testurik aldatu, non eta igorleak fede emanez aldaketa baimen­tzen ez duen. Ortografia aka­tsak ofizioz zuzendu ahal izango dira.

2.    Argitara­tzeko bidal­tzen den jatorrizko testuak akats formalak edo teknikoak izanez gero, formatu elektronikoaren kasuan, bidali duen organoari itzu­liko zaio beharrezkoak diren aldaketak egin ­ditzan hamabost laneguneko epean. Bide batez, ohartaraziko zaio horrela egin ezean ez dela testua argitaratuko eta eskaera, besterik gabe, artxi­batu egingo dela.

3.    Iragarkiak argitara­tzean Aldizkari Ofizialak egindako erreprodukzio aka­tsak zuzen­tzeko, aka­tsa duen zatia bakarrik argitaratuko da, hori nahikoa denean, edo iragarkia oso-osorik argitaratuko da, egindako aka­tsak iragarkiaren zen­tzua alda­tzen badu edo zalan­tza­ren bat sor badezake. Zuzenketaren argitalpenak ez du gastu gehigarririk sortuko.

12. artikulua.    Iragarkiak argitara­tzeko epea.

1.    Oro har, inolako akats formalik gabe argitara­tzeko bidal­tzen diren agiriak gehienez ere hamar eguneko epearen barruan argitaratuko dira, erregistroan sarrera eman eta hurrengo egunetik aurrera, baldin eta doako agiria bada. Akats formalak egonez gero, horiek zuzen­tzen direnetik aurrera kontatuko da epea.

Ordaindu beharreko iragarkien kasuan, igor­tzaileak helbideratutako konturik ez badu, epea dagokion tasaren ordainketa egiazta­tzen den biharamunetik aurrerakoa izango da.      

2.    Gipuzkoako Foru Aldundiak, Aldizkari Ofizialaren ardura duen departamentuko diputatuaren foru aginduaren bidez, ­gutxieneko epea ezar dezake udal administrazioek araudiaren arabera argitarapen epe jakin bat duten xedapen eta ebazpenen testuak bidal ditza­ten. Epe hori zehaztuko da kontuan hartuta argitaratu beharreko testuaren luzera eta testu hori zenbat udali doakien ikusita.      


Aurretik bidal­tzeko epe hori betez gero, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak nahitaez argitaratu behar du bidalitako testua.

3.    Salbuespen modura, testuaren igorleak eska dezake presako­tzat ­jotzea haren argitalpena; horrelakoetan, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak eskaera ain­tzat hartuz gero, argitalpena bost laneguneko epean egingo da, betiere erregistroan sarrera eman edo ordainketa egiaztatu ondorengo egun baliodunetik aurrera.

13. artikulua.    Iragarkiak argitara­tzeko hurrenkera.

1.    Oro har, jatorrizko testuak erregistroko sarrera kronologikoko hurrenkerari jarraituz argitaratuko dira, eta ez da lehentasunik ezarriko administrazioko organo igorlea edozein dela ere.

2.    Ez dute sarrerako irizpide orokor hori beteko, argitaratu beharreko testu bolumena edo bestelako ezaugarri bereziak direla eta, aurreikusi gabeko lanak egitea eska­tzen duten eskaerek eta 12. artikuluan aipatutako argitalpen epea ezarria dutenek, ez eta premiazko­tzat onar­tzen eta ­jotzen diren eskaerek ere.

Era berean, ez da hurrenkera kronologikoa jarraituko luza ezineko epea duten iragarkien kasuan, haien prozesuaren eraginkortasuna eta bideragarritasuna ziurta­tzeko.

14. artikulua.    Baimenduen eta sinadura elektronikoen erregistroa.

1.    Agirien benetakotasuna egiazta­tze­arren, Gipuzkoako Foru Aldundiak eguneratuta izango du Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu nahi diren jatorrizkoak aldizkarian sar­tzea sina­tzeko eskumena duten agintari eta fun­tzionarioen erregistroa.

Foru arau honen 2. artikuluko 1. zenbakian aipa­tzen diren administrazioek, bakoi­tzak bere araudiari jarraituz, egoki irudi­tzen zaizkien per­tso­nak izendatuko dituzte erregistro horretan, eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitara­tzea baimen­tzeko eskumena emango diete. Erregistro horretan izenik ez badago, xedapena edo iragarkia bidal­tzen duen organoaren, herri entitatearen edo erakundearen legezko ordezkari­tza duena izango da horretarako izendatua.

2.    Foru Aldundiko departamentuen kasuan, Aldizkari Ofizialean jatorrizkoak argitara­tzeko eskaeraren sinadura doakion Idazkari­tza Teknikoari eta Araubide Juridikoko Zuzendari­tza Nagusiari dagokie.

3.    Argitara­tzeko bidaliko diren dokumentuen benetakotasuna egiazta­tzeko, Foru Aldundiak aldizkarian argitaratu nahi diren jatorrizkoen sarrera sina­tzeko ahalmena duten agintari eta fun­tzionarioen sinadura elektrikoen erregistroa eramango du.     

Erregistro horren eta sinadura elektronikoen benetakotasuna eta osotasuna berma­tzeko ziurtapenen eta bitartekoen ezaugarriak Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala zein departamenturi atxi­kita dagoen, hango foru diputatuak ezarriko ditu.           

IV. KAPITULUA.    ‑GIPUZKOAKO ALDIZKARI OFIZIALAREN ERREGIMEN EKONOMIKOA

15. artikulua.    Zerga gaia.

Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala interneten bidez edo beste bitarteko telematikoren baten bidez kon­tsulta­tzen denean izan ezik, hori publikoa eta doakoa baita, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak eskainiko dituen zerbi­tzuek eskubide ekonomikoak sortuko dituzte. Bereziki, ondoko hauek izango dira tasaren zerga gai:

1.    Bitarteko elektronikoak edo baimendutako beste edozein bitarteko erabiliz bidalitako testu mota oro Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitara­tzea.

2.    Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren orri inprimatuak egiazta­tzea.

16. artikulua.    Salbuespenak.

1.    Iragarkiak aldizkarian sar­tzeko tasa ordain­tze­tik salbue­tsita daude:

a)    Nahitaez sartu beharrekoak direnak eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren iri­tziz interes orokorrekoak diren xedapen eta ebazpenak.

b)    Epaitegi eta auzitegien ediktu eta iragarkiak, haien argitarapena ofizioz agin­tzen denean.

c)    Zerga eta ordainarazpen parafiskalak bil­tzeko prozeduretan agerraldi bidez jakinarazteko zitazioak, zergak bil­tzea dagokion administrazioak interesdunari edo haren ordezkariari jakinarazten saiatu eta ez badu lortu.           


d)    Administrazioko organoek Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean ediktuen bidez egindako jakinarazpen administratiboak, indarrean dagoen arautegiari jarraituz.

e)    Nahitaez argitaratu beharreko iragarki ofizialak, lege edo arautegi baten arabera.

2.    Salbuespen hori ez zaie inoiz ezarriko partikularrek eskatuta argitaratutako iragarkiei, ez eta, ezarritako xedapenen arabera, iragarkiaren tasa ordain­tzea partikularrei dagokienean ere.

17. artikulua.    Subjektu pasiboak.

1.    Tasaren subjektu pasiboak, zergadun gisa, zerga ordainketa daramaten zerbi­tzuak zuzenean nahiz ordezkari baten bidez eska­tzen dituzten per­tsona fisikoak edo juridikoak dira, eta baita 2005eko mar­txo­aren 8ko Zergen 2/2005 Foru Arau Orokorreko 35.3 artikuluak aipa­tzen dituen erakundeak ere.

2.    Ondorio horietarako, lurralde espainiarrean bizi ez diren subjektu pasiboek Gipuzkoako Aldizkari Ofizialarekin harremanetan jarri nahi izanez gero, Gipuzkoako Lurralde Historikoan helbidea duen ordezkari baten bidez egin behar dute eta behar den eran jakinarazi behar zaio foru diputatuari ordezkari horren izendapena.

18. artikulua.    Zerga eran­tzu­leak.

Zergaren eran­tzu­leak dira 2005eko mar­txo­aren 8ko Gipuzkoako Zergen 2/2005 Foru Arau Orokorrean halako­tzat erregulatuta dauden per­tsona fisikoak edo juridikoak.      

Eran­tzu­kizun hori deriba­tzeko, per­tsona interesatua aurrez ­entzun eta egin­tza administratiboa eman behar da, eta aipatu foru aginduan zehazten den prozedurari jarraitu behar zaio eran­tzu­kizun hori eska­tzeko.

19. artikulua.    Tasa sor­tza­pena.

Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean testuak argitara­tzen diren kasuan, dagokion tasa argitara­tzeko eskaera aurkeztearekin batera sortuko da. Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren orri inprimatuak egiazta­tzeko kasuetan, tasa ere zerbi­tzua eska­tze­arekin batera sortuko da.          

20. artikulua.    Zerga oinarria.

Tasaren zerga oinarria Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak emandako zerbi­tzuek osa­tzen dute, eta zehazteko ondoko irizpideak hartuko dira kontuan:

a)    Argitaratu beharreko testuaren kbyte kopurua.

b)    Jatorrizko testua bidal­tzeko modua.

c)    Egiaztatu beharreko orri kopurua

21. artikulua.    Tasaren kuota.

Zerga oinarriaren arabera zehaztuko da kuota, Gipuzkoako Foru Aldundiak urtero finkatuko dituen tarifak ezarriz kuota horri.

22. artikulua.    Tasaren likidazioa eta ordainketa.

1.    Dagokion tarifa ezar­tze­tik ateratako tasaren zenbatekoa tasa hori sor­tzen denetik eska daiteke. Horretarako, ordainketak helbideratuta daudela egiaztatu behar da zerbi­tzuak eman aurretik; bestela, dagokion zenbatekoa ordaindu behar da.           

Horiek horrela, ordainpeko iragarkiak sar­tzeko, zergapekoak iragarkiari dagokion zenbatekoa likidatu behar du, eta iragarkia sar­tzeko eskaerarekin batera ordainagiria aurkeztu behar du, banku edo aurrezki kutxa­ren bateko kontu korronteren batean ordainketa helbideratua duenean izan ezik.

2.    Ordainagiririk eransten ez duten edota, bestela, helbidera­tze datuak adierazten ez dituzten eskaeren kasuan, akats hori zuzendu egin behar da. Horrela egin ezean, ez da iragarkirik argitaratuko eta eskaera artxi­batu egingo da, besterik gabe, bidalketa egunetik hamabost egun baliodun igaro ondoren.

3.    Zerga gaia osa­tzen duten gainerako zerbi­tzuen likidazioa eta ordainketa ere zerbi­tzua eman aurretik egin behar da, eta behar bezala egiaztatu, aurreko puntuan adierazi bezala eska­tzaileak ordainketa helbideratua duenean izan ezik.     

23. artikulua.    Ordain­tzeko era.

1.    Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak eskain­tzen dituen zerbi­tzu guztien tasak banku edo aurrezki ­kutxako kontu korrontean helbideratuta ordain daitezke. Testuak argitara­tzeko zerbi­tzuaren kasuan, Aldizkari Ofizialeko administrazioak hilabete bakoi­tzeko lehenengo astean pasako du helbideratutako ordainketen kargua, aurreko hilabetean egin diren argitara­tze eskaerei dagokiena.

2.    Helbideratu gabeko zerbi­tzuak ordain­tzeko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak zehaztuko duen kontu korrontean sartu behar da dagokion tasa, edo internet bidez egin ahal izango da, Foru Aldundiak zehaztuko dituen datuak emanez.

Horiez gain, Foru Aldundiak beste ordainketa era ­batzuk ere erabaki ­ditzake.

24. artikulua.    Tasaren kudeaketa eta zenbatekoa.

1.    Tasen kudeaketa eta bilketa Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren ardura duen Departamentuak egingo du. 

2.    2007ko tasen zenbatekoak ondoko hauek izango dira:      

— Elektronikoki bidali ez diren testuak sar­tzea: 0,22 €/kbyte.

— Elektronikoki bidalitako testuak sar­tzea: 0,17 €/kbyte.        

— Aldizkariaren orri inprimatua egiazta­tzea: 1 €/orria.

3.    Tasaren Zenbateko horiek urtero aldatu ahal izango dira foru dekretu bidez.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa: 1992ko azaroaren 26ko Herri Adminis­trazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeak 45. artikuluan eta Probin­tzietako Aldizkari Ofizialak arau­tzen dituen 2002ko apirilaren 4ko 5/2002 Legeak 9. artikuluan xedatutakoaren arabera, Diputatuen Kon­tseiluak beharrezkoak diren xedapenak emango ditu Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren zerbi­tzua eskain­tzean teknika eta bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoak erabili ahal izateko.

Bigarrena: Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala atxi­kita dagoen departamentuko diputatuaren foru aginduaren bidez, onartuko dira prozedura eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu behar diren xedapen, egin­tza administratibo eta gainerako iragarkiak bide elektroniko eta informatikoaz bidal­tzeko erabili behar diren programa eta aplikazio elektroniko, informatiko eta telematikoak, sinadura elektronikoen erregistroa sortu eta abian jar­tzeko beharrezko diren bitarteko tekniko eta informatikoak eta, era berean, edizio elektronikoaren arazo teknikoak, maketazioa eta dagokien tasen likidazioa eta kobran­tza.

XEDAPEN INDARGABE­TZAILEA

Berariaz indargabetuta gera­tzen dira foru arau honen aurka doazen maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak eta, batez ere, ondoko hauek:

1.    1986ko ekainaren 16ko 7/1986 Foru Araua, Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala arau­tzen duena.

2.    1990eko abenduaren 20ko 15/1990 Foru Araua, 7/1986 Foru Araua zati batean alda­tzen duena.

3.    1985eko irailaren 10eko 8/1985 Foru Araua, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialeko harpide­tza eta iragarkiengatiko eskubideak eta tasak kobra­tzea arau­tzen duena.

4.    Gipuzkoako Lurralde Historikoko zerga neurriei buruzko 1999ko abenduaren 27ko 4/1999 Foru Arauaren 14. eta 15. artikuluak.

5.    1991ko azaroaren 19ko 79/1991 Foru Dekretua, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren prezio publikoen ordainarazpena onar­tzen duena.

BUKAERAKO XEDAPENAK

Lehenengoa: Baimena ematen zaio Diputatuen Kon­tseiluari foru arau hau garatu eta betearazteko behar diren xedapenak emateko.

Bigarrena: Foru arau hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta ondorengo egunean jarriko da indarrean, 10.1 artikulua izan ezik, izan ere, argitaratu beharreko testua euskarri informatiko eta elektronikoan bidal­tze­ari dagokionez, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta sei hilabeteko epean sartuko baita indarrean, edo, hori lehenago gerta­tzen bada, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren zerbi­tzuaren ematean teknika eta bitarteko elektroniko informatiko eta telematikoak erabil­tzea baimen­tzen duten xedapenak indarrean sar­tzen diren egunean.