Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala

22. zenbakia Data 2007-01-31 2657 orria

3 GIPUZKOAKO LURRALDE HISTORIKOKO XEDAPEN OROKORRAK

GFA - DIPUTATU NAGUSIA
Urtarrilaren 24ko 1/2007 FORU ARAUA, Gipuzkoako Lurralde Historikoko bizikleta bideei buruzkoa.

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA

Gipuzkoako Lurralde Historikoko Bizikleta Bideei buruzko urtarrilaren 24ko 1/2007 FORU ARAUA.

GIPUZKOAKO DIPUTATU NAGUSIAK

Jakinarazten dut Gipuzkoako ­Batzar Nagusiek onartu dutela «Gipuzkoako Lurralde Historikoko Bizikleta Bideei buruzko urtarrilaren 24ko 1/2007 Foru Araua» eta nik aldarrikatu eta argitara dadin agin­tzen dut aplikagarria zaien herritar guztiek, partikularrek nahiz agintariek, bete eta betearazi dezaten.

Donostia, 2007ko urtarrilaren 24a.—Joxe Joan Gonzalez de Txabarri Miranda, diputatu nagusia.

(813)    (941)

AURKIBIDEA

­HITZAURREA

 

ATARIKO IDAZPURUA        Xedapen orokorrak

I. ATALBURUA ....   ‑Xedea, definizioak eta eremua, oinarrizko prin­tzi­pioak

1. artikulua ..............   Xedea

2. artikulua ..............   ‑Bizikleta-bideen definizioa eta bide motak

3. artikulua ..............   Aplikazio eremua

4. artikulua ..............   Oinarrizko prin­tzi­pioak

5. artikulua ..............   ‑Foru bizikleta-bideetako babesguneak

6. artikulua ..............   Herri-jabarigunea

7. artikulua ..............   Zorgunea

8. artikulua ..............   Jabari-erregimena

9. artikulua ..............   ‑Foru Bizikleta Bideen Sarearen Katalogoa

10. artikulua ............   Foru bizikleta-bideen izendapena  

11. artikulua ............   Jabe­tza­ren eskualda­tzeak

II. ATALBURUA ..   Ezaugarri orokorrak

12. artikulua ............   Bizikleta-bideen ezaugarri orokorrak        

13. artikulua ............   ‑Foru bizikleta Bideetako Seinaleen Katalogo Ofiziala

14. artikulua ............   Zorua eta zolaketa

15. artikulua ............   Argiztapena

16. artikulua ............   Elkarguneak

17. artikulua ............   Aparka­tzeko zuzkidurak

18. artikulua ............   Zirkulazioa

 

I. IDAZPURUA .....   ‑Foru bizikleta-bideak planifika­tzea eta eraiki­tzea

I. ATALBURUA ....   ‑Gipuzkoako bizikleta-bideen sareari buruzko lurraldeko plana

19. artikulua ............   Xedea eta izaera

20. artikulua ............   ‑Ekonomiaren eta lurraldearen plan­gin­­tza­rekin koordina­tzea

21. artikulua ............   Bidera­tzea eta onar­tzea

22. artikulua ............   Lurraldeko Planaren ondorioak

23. artikulua ............   Aldaketa eta berrikuspena

II. ATALBURUA ..   ‑Eraiki­tzeko, hobe­tzeko eta arta­tzeko obren proiektuak eta obrak gauza­tzea

24. artikulua ............   Eraiki­tzeko proiektuak. Edukia     

25. artikulua ............   ‑Eraiki­tzeko proiektuak bidera­tzea eta onar­tzea

26. artikulua ............   Proiektuak onar­tze­aren ondorioak

27. artikulua ............   Aldez-aurreko proiektuak

III. ATALBURUA .   ‑Lurzoruen erabilgarritasuna.       
Desjabe­tzeak

28. artikulua ............   Ondasunak eskura­tzea eta har­tzea

29. artikulua ............   ‑Desjabe­tzea legitima­tzea. Herri-onura eta herri-lurrak har­tzeko beharra

30. artikulua ............   Desjabe­tzea zorgunean

VI. ATALBURUA .   Finan­tza­keta

31. artikulua ............   Finan­tza-baliabideak

V. ATALBURUA ..   Obrak gauza­tzea

32. artikulua ............   Udal lizen­tziak eta baimenak

33. artikulua ............   Mugaketa eta mugarriak jar­tzea

 

II. IDAZPURUA ....   Foru bizikleta-bideak ustia­tzea     

I. ATALBURUA ....   Ustia­tze­aren xedea eta ustia­tzeko erak

34. artikulua ............   Xedea

35. artikulua ............   Ustia­tzeko erak

II. ATALBURUA ..   ‑Foru bizikleta-bideen eta beren babesguneen erabilera

36. artikulua ............   Foru bizikleta-bideen erabilera

37. artikulua ............   Erabilerak herri-jabarigunean

38. artikulua ............   Erabilerak zorgunean

39. artikulua ............   Seinaleak

40. artikulua ............   Sarbideak zehaztea eta berrantola­tzea      

41. artikulua ............   ‑Lursailetako itxi­turak eta bizikleta-bidetik bereizteko elementuak

42. artikulua ............   Zainketa

 

III. IDAZPURUA ..   ‑Baimen­tzeko eta zigor­tzeko prozedurari buruzko araubide orokorra

I. ATALBURUA ....   Baimenak

43. artikulua ............   ‑Administrazioaren baimena behar duten jarduketak

44. artikulua ............   Eskumena

45. artikulua ............   Izaera

46. artikulua ............   ‑Prozedura eta ebazpena. Adminis­trazioaren isiltasuna

47. artikulua ............   Tasak

48. artikulua ............   Bermeak

49. artikulua ............   Ondorioak

50. artikulua ............   ‑Baimena beste baimen ­batzuekin bateragarria izatea

51. artikulua ............   Indarraldia eta iraungipena

52. artikulua ............   ‑Baimenak baliogabe­tzea eta baldin­tzak alda­tzea

53. artikulua ............   Baimenak etetea

II. ATALBURUA ..   Arau-hausteak, prozedura eta zigorra

54. artikulua ............   Tipifikazioa eta sailkapena

55. artikulua ............   Arau-hausteen eran­tzu­leak

56. artikulua ............   Arau-hausteen preskripzioak

57. artikulua ............   Zigor­tzeko ahala

58. artikulua ............   «Non bis in idem» prin­tzi­pioa

59. artikulua ............   Sailkapena

60. artikulua ............   Heinekotasuna

61. artikulua ............   Zigorren preskripzioa

62. artikulua ............   Eran­tzu­kizunaren iraungipena

III. ATALBURUA .   Neurri osagarriak

63. artikulua ............   Kaltea konpon­tzea eta kalte-ordainak

64. artikulua ............   ‑Her­tsa­zeko isunak eta berearazte subsidiarioa

IV. ATABURUA ...   Zigor­tzeko prozedura

65. artikulua ............   Prin­tzi­pioak

66. artikulua ............   ‑Administrazio-prozesua eta prozesu penala

67. artikulua ............   ‑Prozedurara noiznahi sar­tzeko prin­tzi­pioa

68. artikulua ............   Organo eskudunak

69. artikulua ............   Interesatuak

70. artikulua ............   Egozpen-aka­tsa

71. artikulua ............   Ofizioz hastea

72. artikulua ............   Prozedura hasteko erabakaia

73. artikulua ............   Froga

74. artikulua ............   Ebazpen-proposamena

75. artikulua ............   Entzu­naldia interesatuei

76. artikulua ............   Epeak murriztea eta luza­tzea

77. artikulua ............   Errekur­tsoak

78. artikulua ............   Ekin­tza osagarriak

79. artikulua ............   Prozeduraren ebazpena

 

IV. IDAZPURUA ..   ‑«Gipuzkoako Bidegorriak» izendapena

80. artikulua ............   ‑«Gipuzkoako Bidegorriak» izendapena

 

V. IDAZPURUA ...   Bizikletaren erabilera susta­tzea

81. artikulua ............   Gipuzkoako Bizikletaren Estrategia          

82. artikulua ............   Gipuzkoako Bizikletaren Kon­tseilua         

Lehenengo xedapen gehigarria

Bigarren xedapen gehigarria. Araugin­tza ebalua­tzea

Xedapen indargabe­tzailea

Azken xedapen lehenengoa

Azken xedapen bigarrena

 

I. ERANSKINA .....   ‑Foru bizikleta-bideetako seinaleen katalogo ofiziala

II. ERANSKINA ....   Ereduzko sekzioak

III. ERANSKINA ...   Herri-jabaria. Babesgunea

IV. ERANSKINA ..   «Gipuzkoako Bidegorriak» marka

­HITZAURREA

Azkeneko hamarkadetan, lekualdaketak era esponen­tzialean igo dira, eta hori izan da, hain zuzen ere, gizarte aurreratuen ezaugarrietako bat; bestalde, badirudi hori bera izango dela etorkizunean, lurraldearen plangin­tza egitean, ain­tzako­tzat hartu beharko diren alderdietako bat. Gaur egun herritar gehienen­tzat argi dago trafikoa mugikortasun-beharrek sortutako eskaeraren kudeaketaren bidez kontrolatu behar dela, ibilgailu motordunen trafikoan dauden ito­tze maila handien ondorioz ekonomiaren, gizartearen eta ingurumenaren esparruetan sortu diren arazoei irtenbidea eman ahal izateko. Eta aipatutako eskaeraren kudeaketak lehentasuna eman behar die garraioaren hautabidezko sistemei eta ibilgailu motordun pribatuak arrazionaltasunez erabil­tze­ari.

Europako Batasunak, europar guztien­tzako espazio partekatua sor­tzeko, bere gain hartu dituen gidalerro nagusietako bat per­tso­nen eta merkan­tzien mugi­tzeko askatasuna da. Horrela bada, Europako Batzor­deak, Garraioari buruzko Europar Politikaren Liburu Zuriaren bidez, eta 2010. urtea epemuga hartuta, agerian jarri ditu garraioak gobernu eta administrazio maila guztietan sor­tzen dituen meha­txuak eta aukerak, eta dauden arazoak konpon­tzeko erabakiak har­tzera premiatu du.

Europako Batasunak, halaber, bere Garapen Iraunkorraren aldeko Estrategiaren bidez, honako helburu nagusi hau ezarri du garraioaren alorrean: Gure garraio-sistemek gizartearen behar sozial eta ekonomikoei eran­tzungo dietela eta, aldi berean, ekonomian, gizartean eta ingurumenean eragin negatiboak ­gutxienekoak izango direla berma­tzea; era berean, bere jardun-ildoen artean, bizikletaz edo oinez lekualda­tzea susta­tzeko ardura hartu du.

Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan, azpimarra­tze­koa da zirkulazio arauak txi­rrindulari­tza egiteari egoki­tzeko ez legezko proposamena, Eusko Legebil­tza­rrak 1998ko maia­tza­ren 8an onartua, non Legebil­tza­rrak Eusko Jaurlari­tzari eta foru aldundiei eska­tzen dien, beren sail eta departamentuen bitartez, Autonomia Erkidegoko bide azpiegiturak egitean eta gara­tzean, bizikletaz ibil­tzeko berariazko tokiak har ditza­tela kontuan, eta herri fun­tsak erabil ditza­tela horretarako.     


Era berean, Eusko Legebil­tza­rrak 2006ko maia­tza­ren 17an aho batez onartutako adierazpen instituzionalean, non Amsterdamgo Adierazpenean adierazitako prin­tzi­pioei («Bizikleta erabil­tzeko eskubidea») bere atxi­kimendua ager­tzen dien, herri administrazioei dei egiten die konpromiso aktiboa har dezaten bizikletaz mugi­tzea bul­tza­tzeko politikak diseina­tze­rakoan eta gauza­tze­rakoan.

Helburu horiek praktikan jar­tzeko asmoz, fun­tsez­koa da erreferen­tzi ingurune berri batean arreta handiz egindako plangin­tzak mugikortasuna barnean har­tzea. Beharrezkoa da natur inguruneari eta gizarte-inguruneari eraso txi­kiagoa egiten dieten garraiobideen aldeko apustua egitea. Xedea egungo garraio-sistemak natur baliabideetan, airearen eta uren kalitatean eta egoera fonikoan sortutako eragin negatiboak murriztea da, eta energiaren eta lurzoruaren kon­tsu­moa minimiza­tzea. Baina, era berean, xedea eredu sozial jakin bat erdiestea da: Hirietako eta hirien inguruetako espazioak per­tsona guztien­tzat irisgarriak dituen eredu sozial bat, distan­tzia luzeetan emandako denbora gure ingurune sozial edo per­tso­nalean erabil­tzea ahalbide­tzen duena. Azken buruan, irisgarritasunari mugikortasunaren gainetik lehentasuna ematen dion eta bizikletak fun­tsezko egitekoa izango duen eredua izan behar du.

Horretarako, beharrezkoa da kontuan har­tzea lurraldearen antolaketak eta hirigin­tzako plangin­tzak, gaur inoiz baino areago gainera, lotura handia dutela garraioaren plangin­tza­rekin, eta erabileren eta jardueren antolaketak, gara­tzen ari den hiri-ereduaren ezaugarriek eta gune publikoen banaketak eta abarrek mugikortasunaren alorrean zer ondorio sor­tzen dituzten. Era berean, ain­tzat hartu behar dira lurraldearen antolaketak eta hirigin­tzako plangin­tzak zer ondorio sor­tzen dituzten motorrik gabeko garraiobideen sustapenean –bizikleta eta oinez ibil­tzea–, eta gure kaleetan dagoen bizi-kalitatean. Orobat, taldeko garraioa, garraio ani­tzeko sistema, eta autoaren erabilera gero eta arrazionalagoa susta­tzea jarduteko ardatz nagusietako bat da. Bestalde, ezinbestekoa da gaur egungo garraio-ereduak sor­tzen dituen kostu guztiak azter­tzea: Per­tsona bakoi­tzak, per­tsona bakoi­tza­ren tokiko komunitateak eta munduko komunitateak aldi berean ordain­tzen dituztenak, diruz zenbatu daitezkeenak eta diru bihurtu ezin direnak.

Orain arte adierazitakoa ain­tzat hartuta, eta garraioaren eta garapen iraunkorraren ikuspegi integra­tzailea duen ingurune orokorrean nahiz bizikletaren erabilera susta­tzeko politikaren esparru zeha­tzean, sortu da foru arau hau, Gipuzkoako Lurralde Historikoko ­Batzar Nagusiek, automobila era arrazionalean ez erabil­tzeak ibilgailuen trafikoan eta hirietako eta hiri inguruetako mugikortasunean sor­tzen dituen arazoez jakitun, Gipuzkoako Foru Aldundiari motorrik gabeko hautabidezko garraiobideak –bizikleta nagusiki– erabil­tzea susta­tzeko eta errazteko egindako eskaerari eran­tzuna emateko asmotan. Horrela bada, geure gain har­tzen ditugu estrategiaren ildo nagusiak gai horretan.

Nabarmendu behar dugu bizikleta garraiobide gisa susta­tzea erronka handia dela eta, hortaz, guztiz garran­tzi­tsua dela erakundeen arteko lankide­tza, eta bereziki tokiko erakundeen artekoa, garraio-moduen banaketa arrazional bat erdiesteko aldaketaren bidean era koordinatuan eta elkarrekin ibili ahal izateko. Garraio-moduen banaketa horretan, motorrik gabeko –bizikleta, kasu– garraiobideen presen­tzia handiagoa izango da, eta horrek guztiak bat egingo du Gipuzkoako udalerrietan Tokiko Agenda 21eko programetan zehaztutako ingurunearekin.

Bestalde, nabarmendu behar dugu zer garran­tzi­tsua den Lurralderako hiriarteko bizikleta-bideen sare bat izatea, behar bezala eraikia, zaindua eta babestua, Gipuzkoako udalerri nagusiak motorrik gabeko mugikortasuna eta bizikletaz eta oinez lekualda­tzea gara­tzeko berariazko espazio gisa antola­tzen dituena, pedalei eragiteko lagun­tza duten bizikletei eta minusbaliatuen­tzako aulki elektrikoei ere tokia egingo diena, eta, zatien izaeraren arabera, garraioarekin soilik eta baita aisialdi- eta turismo-jarduerekin lotutako erabilerak sustatuko dituena, jolas-jardueren proiektuak gauza­tzeko ardatz gisa. Sare hori lurralde mugakideetan aurreikusten edo gara­tzen ari diren bizikleta-bideekin eta Europa zeharka­tzen duten sare nagusiekin lotuta egongo da.

Azkenik, berariazko ingurune juridiko hau ezarriz bizikleta-bidea kon­tzep­tua bide mota berri bat gisa, komunikabide berri gisa, finka­tzea nahi dugu; eta bide berri hori 1979ko abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartutako Euskal Herriaren Autonomia Estatutuk 10.34 artikuluan eta 27/1983 Legeak, Autonomia Elkarte Osorako Erakundeen eta bertako Kondaira Lurraldeetako Foru Erakundeen arteko harremanei buruzkoak, 7.a.8. artikuluan adierazitako bideen barruan badago ere, ezin zaio ezarri ekainaren 6ko 1/2006 Foru Dekretu Arauemaileak, Gipuzkoako Errepideen eta Bideen Foru Arauaren testu bateratua onar­tzen duenak, adierazitakoari jarraituz (2.2. artikulua) bideari buruz zehaztutako definizioa, berezkoak dituen berezitasun eta ezaugarriak kontuan izanda.       

ATARIKO IDAZPURUA

XEDAPEN OROKORRAK

I. ATALBURUA.  ‑OINARRIZKO PRINTZIPIOAK, XEDEA, DEFINIZIOAK ETA EREMUA

1. artikulua.    Xedea.

Hau da foru arau honen xedea:

1.    Bizikleta-bidea kon­tzep­tua bide mota berri gisa defini­tzea. Bide horren ezaugarri nagusiak izango dira motorrik gabeko eta gehienbat bizikleta bidezko mugikortasuna gara­tzeko berariazko bide batek izan behar dituenak, beste bide ­batzuetatik bereizten dutena.

2.    Gipuzkoako foru bizikleta-bideen sarea, Gipuzkoako hirietan eta hiri inguruetan bizikletaz mugi­tzea gara­tzeko eta ahal den gehiena susta­tzeko oinarrizko azpiegitura gisa, planifika­tzea, proiekta­tzea, eraiki­tzea, alda­tzea, zain­tzea, ustia­tzea eta defenda­tzea araututa egotea.

3.    Aipatutako sareari atxi­kitako lurzoruaren erabileran dauden mugak zehaztea.

4.    Bizikleta garraiobide gisa susta­tzeko berariazko tresna izatea.

2. artikulua.    Bizikleta-bideen definizioa eta bide motak.

1.    Foru Arauaren eraginetarako, bizikleta-bidea herri-jabariko bidea izango da, bizikletak ibil­tzeko proiektatu eta eraiki dena edo berariaz horretarako egokitu dena, dagozkion seinale horizontalak eta bertikalak dituena, eta ibilgailu horiek segurtasunez ibil­tzeko adinako zabalera duena.

2.    Arau honen eraginetarako, ulertu egingo da bizikleta-bideak, dituzten ezaugarriak eta erabil­tzaile motak direla-eta, ez direla errendimenduko kirola egiten duten txi­rrindularien berariazko behar eta praktikei eran­tzu­teko moduko bideak, txi­rrindulari horiek, gehienbat, erabilera hori berariaz debekatuta ez dagoen errepide-sarearen zatietan ibil­tzen direlako. Hori guztia bizikleta-bideek –puntu edo zati jakin ­batzuetan– bizikletaren erabil­tzaile mota horri kirol hori egiteko hain segurua ez den errepide-sareko puntu edo zatiren bat –gehienetan herrietako irteeretan– saihesteko aukera eskain­tze­ari kalterik egin gabe, edo txi­rrindulariak errepide-sarearen bidez ezinezkoak diren zenbait lotura egin ahal izateari ­utzi gabe, betiere kirolariak bide horretan zirkula­tzeko baldin­tzak errespeta­tzen baditu, eta baldin­tza horietara molda­tzen bada.   

3.    Bizikleta-bideak sailka­tzeko orduan, ibilgailu motordunak eta oinezkoak ibil­tzeko bideekin alderatuta, duten plataforma kontuan hartu behar dugu eta baita bide horietatik zertan ezberdin­tzen edo bereizten diren ere; ildo horretan, honako azpiegitura mota hauek daude:

a)    Bizikleta-bidezidorra: Oinezkoak eta bizikletak ibil­tzeko bidea da, kale eta errepideetatik bereiztuta dagoena, edo trenbideko plataforma abandonatuetan, lehendik dauden bideetan edo zabalgune sortu berrietan egiten dena.

b)    Bizikleta-espaloia: Oinezkoen­tzako espaloien espazioan ezarritako bizikleta-bidea da. Bizikleten trafikoarekin batera oinezkoen zirkulazioa ezar daiteke, bi modu horietarako seinaleak jarrita; era berean, bizikleten zirkulazioa oinezkoen zirkulaziotik bereiztuta egon daiteke, seinaleen, zoladuran egindako marren edo fisikoki bereizteko edo segrega­tzeko beste edozein elementuren bidez. Noranzko bakarrekoa edo noranzko bikoa izan daiteke.

c)    Bizikleta-pista: Gal­tza­daren eta errepidearen eta espaloiaren paraleloan doan bizikleta-bidea da, trazadura eta plataforma independente dituena, ibilgailu motordunen trafikotik bereiztuta. Noranzko bakarrekoa edo noranzko bikoa izan daiteke.

d)    Bizikleta-errei babestua edo bizikleta-lerro babestua: Gal­tza­daren zati bat har­tzen duen bizikleta-bidea da, gal­tza­datik eta ibilgailu motordunen trafikotik bideko marren bidez, mutiloien edo bereizteko edota babesteko beste elementu ­batzuen bidez fisikoki bereiztuta dagoena. Noranzko bakarrekoa edo noranzko bikoa izan daiteke.

e)    Bizikleta-erreia edo bizikleta-lerroa: Gal­tza­daren zati bat har­tzen duen bizikleta-bidea da, gal­tza­datik eta ibilgailu motordunen trafikotik bereiztuta dagoena, baina ez fisikoki segretatuta, eta zirkulazioaren noranzko bera duena.

f)    Bizikleta-bazterbidea: Errepideko bazterbidea har­tzen duen bizikleta-bidea da, zirkulazioaren noranzkoa duena eta fisikoki segretatuta ez badago ere, bideko marren bidez, kolore eta egituraren bidez, sestra-aldaketa arinen edo beste metodo ­batzuen bidez bereiztuta dagoena.

g)    Ibilgailu motordunen trafikoarekin partekatutako bidea: Hiriko edo hiriarteko bidea da, dituen diseinua eta trafikoaren arau­tzea kontuan izanda, ibilgailu motordunen portaera eta abiadurak bizikletaren erabilerarekin bateragarriak dituena, espazio partekatuzko erregimenean.

3. artikulua.    Aplikazio eremua.

1.    Foru arau hau ezar­tzeko eremuak foru jabe­tzako bizikleta-bideak izango dira, baldin eta Gipuzkoako Foru Bizikleta Bideen Sarearen Katalogoaren barruan foru jabe­tzako bizikleta-bide sailkapenez azal­tzen badira.

2.    Foru arau honek arau­tzen dituen foru jabe­tzako bizikleta-bideak, 2.3. artikuluan zehaztutako sailkapenari jarraituz, hauek izango dira: Bizikleta-bidezidorra, bizikleta-espaloia, bizikleta-pista eta bizikleta-lerro babestua.

Bide horiek guztiek foru bizikleta-bideak izendapena izango dute.

3.    Era berean, foru arau honen ezarpen-eremuaren barruan egongo dira foru bizikleta-bideetako babesguneak eta bere fun­tzionamenduari atxi­kitako gune guztiak, hala nola, aparkalekuak, zerbi­tzu­guneak edo atse­denguneak, eta ­antzeko azpiegiturak.

4.    Bizikleta-bidea foru errepide bati atxi­kitako bizikleta-lerro babestua denean, errepideei buruzko araudiak adierazitakoa bateko da eta, kasu bakoi­tzean, foru arau honen irismena zehaztuko da, araudi horretan oinarrituta.

5.    Guztiz debekatuta dago ibilgailu motordunek foru bizikleta-bide guztietan zirkula­tzea, zain­tzeko, arta­tzeko eta manten­tze-lanak egiteko izan ezean; era berean, bide horietan zirkula­tzeko salbuespena egin ahal izango da, zehazki, beharrezkoa denean funts edo jabe­tze­tara, ehiza- eta arran­tza-esparruetara, ateraldietarako bideetara sar­tzeko, beste herri-azpiegitura ­batzuetan manten­tze-lanak egiteko, eta abarrerako, betiere bertara­tzeko beste hautazko bide bat ez dagoenean, eta kasu bakoi­tzean ezar­tzen den seinaleztapenaren arabera. Hori guztia, foru arau honen 43. artikuluan eta hurrengoetan aurreikusitakoari jarraituz.

6.    Foru bizikleta-bideak erabili ahal izango dira berariaz hala aurreikusita dagoenean. Horrelakoetan, behar bezala seinaleztatuta egongo da eta bi trafikoek era egokian elkarrekin zirkula­tzeko ­gutxieneko baldin­tzak ziurtatu beharko dira.

4. artikulua.    Oinarrizko prin­tzi­pioak.

Foru arau honen oinarrizko prin­tzi­pioak hauek dira:

1.    Gipuzkoan, mugikortasun iraunkorra susta­tzea, ingurumenean eta gizartean eragin txi­kia sor­tzen duten edo batere eraginik sor­tzen ez duten garraio-sistemak bul­tza­tzen dituena, hala nola bizikleta edo oinez ibil­tzea.

2.    Per­tsona guztiek irisgarritasuna mugikortasun-baldin­tza seguru, eroso, eta osasun­tsuetan eta ingurumena errespeta­tzen duten baldin­tze­tan lor­tzeko duten eskubidea defenda­tzea.

3.    Egungo garraio-sistemaren kostuak murrizten lagun­tzea. Kostu horien artean dago, eta nabarmen­tze­koa da, gizartearen alorrekoa, hau da, ibilgailu motordunen trafikoa ito­tze­aren ondorioz sor­tzen diren kostuak, airearen kutsa­duratik eta soinu-kutsa­duratik eta kliman eta osasunean dituzten eraginetatik ondoriozta­tzen diren kostuak, istripuek eta beren ondorioek sortutako kostuak, espazio publikoaren erabileraren ondorioz sortutako kostuak, energiaren erabileraren ondoriozkoak, ibilgailu motordunak fabrika­tzean kon­tsumi­tzen diren baliabideei dagozkionak, eta lurraldean eta bioaniztasunean azpiegiturek sor­tzen dituzten eraginen ondoriozko kostuak.

4.    Lurraldearen antolaketa eta hirigin­tzako antolaketa orekatua eta iraunkorra susta­tzea.

5.    Per­tso­nen osasuna hobe­tzen eta hiriko nahiz hiri inguruko espazioa gizatiarrago bihur­tzen lagun­tzea.           

6.    Aisialdiko eta turismo-jarduerak garan­tzen eta landa-ingurune eta natur ingurunera iristeko era iraunkorragoa izaten lagun­tzea.

5. artikulua.    Foru bizikleta-bideetako babesguneak.

1.    Foru bizikleta-bideen babesa, foru arau honetan aurreikusitako eraginetarako, foru bizikleta-bideen lurzoruaren erabilera eta baita babesgunearen azaleraren erabilerak kontrola­tzea da, foru arau honetan, II. Idazpuruan arau­tzen diren baldin­tzen arabera.

2.    Foru arau honen eraginetarako, bi babesgune ezarriko dira foru bizikleta-bideetan:

— Herri-jabarigunea.

— Zorgunea.

6. artikulua.    Herri-jabarigunea

1.    Foru bizikleta-bideek har­tzen dituzten lurrak eta bertako elementuak herri-jabarigunearen barruan daude.

2.    Lur horiekin batera, herri-jabarigunea da, halaber, bizikleten­tzako azpiegituraren mugakidea den lur-zerrenda, metro bateko zabaleran, zerrenda horretako zabalgunearen bi alboetako kanpoko ertze­tatik hasita.          

Eragin guztietarako, zabalgunearen kanpoko ­ertza lur-erauzketako, lubetako edo, bere kasuan, lurzoru naturalaren mugakideak diren hormetako ezpondaren intersekzioa da.

Kasu berezietan –zubi, bidezubi, tunel, egitura edo ­antzeko obrak–, zabalgunearen kanpoko ­ertza izan daiteke obren ­ertzeko lurraren gaineko proiekzio-marra bertikala. Egituraren euskarriek har­tzen duten lurra, nolanahi ere, herri-jabarigunea izango da.

3.    Foru bizikleta-bidea foru errepide baten mugakide diren edo errepide horren ondoan dauden lur-zerrendetan egiten denean eta, beraz, errepidearen jabarigunearen barruan, herri-jabarigune berria finka­tzeko orduan, nagusitu egingo da bi neurketak ezar­tzean ondoriozta­tzen den handiena.

7. artikulua.    Zorgunea.

1.    Foru bizikleta-bideek zorgune bat izango dute, bi alboetan lur-zerrenda banak osatuko dutena; zerrendek, barrualdean, beren herri-jabarigunea izango dute mugakide, eta kanpoaldean bi lerro paralelo, lur-zerrendatik bi metrotara kokatuta.       

2.    Foru bizikleta-bideak foru errepide baten mugakide diren edo ondoan dauden lur-zerrendetan egiten direnean eta, beraz, errepidearen babesgunearen barruan, bi neurketak ezar­tzean ondoriozta­tzen den handiena nagusituko da, zorgune berria ezar­tzeko orduan.

8. artikulua.    Jabari-erregimena.

Foru bizikleta-bideak herri-jabariko eta herri-erabilerako ondasunak dira eta, hortaz, ez dira besterengarriak edo bahigarriak, eta preskribaezinak dira. Bide horien jabe­tza eta bide horiek eraiki­tzeko, arta­tzeko edo ustia­tzeko herri-jarduketak ez daude inolako zergaren menpe.

9. artikulua.    Foru Bizikleta Bideen Sarearen Katalogoa.

1.    Foru jabe­tzako bizikleta-bideak dira Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako Foru Dekretuaren bidez izendapen hori duten eta erabil­tzen diren azpiegitura guztiak –bizikleta-bideen eskumena duen organoak hala proposatuta–, baita Gipuzkoako Foru Bizikleta Bideen Sarearen Katalogoaren barruan daudenak ere. Bidea beste foru departamentu bati atxi­kita badago, izendapena bi departamentuek proposatutakoaren arabera egingo da.

2.    Gipuzkoako Foru Aldundiak Foru Bizikleta Bideen Sarearen Katalogoa burutuko du. Katalogoan foru bizikleta-bide guztien zerrenda xehatua eta beren sailkapena adieraziko dira, identifika­tzeko eta izendapen ofiziala ezagu­tzeko azalpenak emanda, eta etengabe eguneratuko direnak.

3.    Gipuzkoako Foru Bizikleta Bideen Sarearen Katalogoa aldatu beharko da, nolanahi ere, honako kasu hauetan:        

— Dauden foru bizikleta-bideen jabe­tza alda­tzen denean, interesatuta dauden administrazio publikoek elkarrekin hartutako erabakiari jarraituz.

— Gipuzkoako Foru Aldundiak foru bizikleta-bide berriak eraiki­tzen dituenean.

10. artikulua.    Foru bizikleta-bideen izendapena.

1.    Foru bizikleta-bideak izenda­tzea izendapena emateko eta Katalogoan sar­tzeko xeda­tzen duen Foru Dekretuak xedatutakoaren arabera egingo da, eta baita azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeak, Euskararen Erabilera arauzko­tze­koak, 10. artikuluan ezarritakoari jarraituz ere.

2.    Bizikleta-bideak tokiko administrazioekin eta lurralde mugakideko administrazioekin batera identifikatu eta izendatuko dira.

11. artikulua.    Jabe­tza­ren eskualda­tzeak.

1.    Foru bizikleta-bideen sarearen barruan dauden bizikleta-bidezidorra, bizikleta-espaloia, bizikleta-pista eta bizikleta-lerro babestua diren zatiak tokiko sareen barruan sar­tzea egoki ­jotzen denean, zati horiek zeharka­tzen dituzten udalerriei emango zaizkie, ekin­tza horren ondorio diren betebehar eta ardura guztiak barne.

Oro har, egoera horretan egongo dira hiritar gisa sailkatuta dagoen lurzorua zeharka­tzen duten bizikleta-bideetako zatiak eta herrietako gune hiritar finkatuen barruan daudenak, hori horrela nahitaezkoa ez izan arren.

2.    Era berean, udal jabe­tzako bizikleta-bideak foru bizikleta-bideen sarean sartu ahal izango dira, sare nagusi hori osa­tzeko interesgarriak direnean.

Foru Aldundiaren jabe­tzako bizikleta-bide bat eskualda­tzeak berekin izango du bidearen elementu fun­tzionalen eskualda­tzea, baina ez nahitaez dauden beste instalazio ­batzuen eskualda­tzea, eta hasiera batean horiek udal jabe­tza­koak izaten jarraituko dute.

3.    Bizikleta-bideak eskualda­tzean, beharrezkoa izango da Foru Aldundiak bide horiek Katalogoan sar­tzeko edo Katalogotik ken­tzeko berariazko adostasuna ematea, erasandako udalarekin edo udalekin audien­tzia izan eta gero, eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, emateko egin­tza­ren aktaren beharrik izan gabe.

4.    Aurreko puntuetan aurreikusitako eskualda­tzeen ondorioz bizikleta-bide bat ematen denean, aipatutako bidea behar bezala artatuta egongo da.

II. ATALBURUA.  EZAUGARRI OROKORRAK

12. artikulua.    Bizikleta-bideen ezaugarri orokorrak.     

Oro har, foru bizikleta-bideak, ahal den neurrian, behean zerrendatutako baldin­tze­tara egokituko dira:

1.    Segurtasuna bilatu behar da, trafikoak bereizteko edota antola­tzeko eta ibilgailu motordunen­tzako bideetatik bereizteko ­gutxieneko baldin­tza ­batzuk beteta, eta trazaduran, bideen elkargune beharrezkoak direlako, arazoak sor­tzen dituzten zatiak bereziki ain­tzat hartuta. 

2.    Bizikleta-bideei jarraitutasuna eta koheren­tzia eman behar zaie eta, ahal den neurrian, etendurak saihestuko dira, ­gutxieneko trazadura koherente bat egon dadin; trazadura horren bidez, herritarren beharrei eran­tzu­ten eta bizikletan ibil­tzeko eskaera duten gune nagusiak ­lotzen saiatuko da, eta lehentasuna emango zaio dauden bizikleta-sareekin lotze­ari, beren jabe­tza edozein dela ere.

3.    Ibilbideen trazaduran ahal den helbidera­tze­rik zeha­tzena bilatu behar da, helmugara zuzenean iri­tsi ahal izateko; hala ere, gertueneko ingurunearen segurtasun, erosotasun eta kalitate irizpideak errespetatuko dira.

4.    Bidearen fun­tzioari eta aurreikusitako erabil­tzaile mota eta kopuruari egokitutako ezaugarriak dituen diseinua egin behar da; horrekin batera, saiatu behar da trazadura erosoa izaten eta gehiegizko maldak saihesten. Era berean, azpiegituraren ­gutxieneko baldin­tzak bermatuko dira, bide-zoruari, seinaleei eta ekipamenduari dagokienez, goian aipatutako helburua lor­tze­arren.

5.    Lurraldeko ingurumenaren balioak (naturaren, gizartearen eta ekonomiaren esparruetakoak) errespeta­tzea eta kontuan har­tzea, eta erasango den ingurunean ahalik eta integratuen dauden eraikun­tza-irtenbideak bila­tzea, ingurunea hiritarra, hiri ingurukoa, landa-eremukoa edo naturala izan.

6.    Erraztasuna eman behar da sarearen barruan dauden azpiegituretara bizikletaz eta azpiegiturek zeharka­tzen dituzten herri edo hiri nagusietatik zuzenean iristeko edo, bere kasuan, azpiegiturak talde garraioen bidez elkarrekin behar bezala lotuta egoteko; era berean, ibilgailu motordunaren mendekotasuna ahal den neurrian saihestu behar da.

7.    Oinezkoen trafikoa jadanik baldin badago, horrekin batera­tzeko ­gutxieneko baldin­tzak egotea erraztu behar da; azpiegitura bizikletek soilik erabil­tzeko egokituko da, espazioa dela-eta, ahal den guztietan eta zati bakoi­tzean bizikletaz ibil­tzeko aurreikusten den eskaria norainokoa den kontuan izanda justifikatuta dagoenean.

13. artikulua.    Foru Bizikleta Bideetako Seinaleen Katalogo Ofiziala.

1.    Foru bizikleta-bideetan erabilitako seinaleak Zirku­lazioko Erregelamendu Orokorrean eta horrekin bat egiten duten gainerako arauetan ezarritakoak izango dira.

2.    Aurrekoari kalterik egin gabe, Gipuzkoako Foru Aldundiak egoki­tzat ­jotzen dituen seinaleak sortu ahal izango ditu, arau­tzen den objektuaren berariazkotasuna kontuan izanda.

Seinale horiek Foru Bizikleta Bideetako Seinaleen Katalogo Ofiziala osatuko dute. Katalogoa foru arau honen I. eranskinean dago jasota, eta eguneratuta mantenduko da beti.

3.    Nolanahi ere, foru bizikleta-bideak behar bezala seinaleztatuta egongo dira, eta seinaleak argi eta garbi ikusi beharko dituzte bai bide horien erabil­tzaileek, bai beste ibilgailuetako gidariek, eta baita bide horiekin zerikusirik izan dezaketen gainerako subjektuek ere.

14. artikulua.    Zorua eta zolaketa.

Foru bizikleta-bideetako zorua eta zolaketa bizikletaren berezko berezitasunak, erabil­tzaile mota guztiak eta bide horietan baimenduta dauden gainerako erabilerak kontuan izanda egingo dira. Era berean, kontuan hartuko dira alderdi hauek:

— Gainazalaren erregulartasuna.

— Labain­tze­aren aurreko erresisten­tzia egokia.

— Ezbeharrak sor ditza­keten oztopoak, hala nola erregistroko saretak eta estalkiak, saihestea edo, bere kasuan, bizikleta erabil­tze­ari ahalik eta era seguruenez egoki­tzea.

— Egokia bada, beste bide ­batzuetatik estetika eta ikuspegiaren alderdia ain­tzat hartuta bereiztea, batez ere ibilgailu motordunek erabilitako bideetatik.

— Egokia bada, zeharka­tzen den ingurunean –hiri barrukoa, hiri ingurukoa, landa-esparrukoa nahiz natur esparrukoa izan– ahalik eta hoberen barneratuta dauden zoruaren eta zolaketaren irtenbideak bila­tzea, ingurumenaren eta estetikaren balioen arabera.

15. artikulua.    Argiztapena.

Beharrezkoa den ­gutxieneko argiztapenaz hornituko dira segurtasunari eta erabilerari begira hala behar duten zatiak.     

16. artikulua.    Elkarguneak.

1.    Foru bizikleta-bideak diseina­tzeko orduan, kontuan hartuko dira beste trafiko mota ­batzuekiko elkarguneetako segurtasuna eta, bereziki, ibilgailu motordunen­tzako bideekiko elkarguneetakoa.

Ildo horretan, eta gerta daitezkeen ezbeharrak saihestearren, oinezkoek, ziklistek eta auto-gidariek eran­tzu­teko behar den espazioan eta denboran elkar ikusteko moduko elkarguneak diseinatu eta eraikiko dira. Nolanahi ere, elkarguneak diseina­tzean kontuan hartuko da zer maniobra beharko diren ahalik eta era egokienean irtenbidea emateko, eta argi eta garbi azalduko dira lehentasuna ematen duten arauak; era berean, mota horietako guztietako erabil­tzaileek mugi­tzeko behar dituzten abiadurek sor lezaketen gatazkak saihesteko modua bilatuko da.

2.    Era berean, ahalik eta geldialdi ­gutxien ezarriko dira, eta txi­rrindulariek itxa­ron beharreko denborak murriztuko dira; halaber, ibilbideen jarraitutasuna, helbidera­tzea, erosotasuna eta azkartasuna bermatuko dira.

17. artikulua.    Aparka­tzeko zuzkidurak.

1.    Bizikleten­tzako aparkalekua bizikletak erabil­tzen ez direnean aparka­tzeko egitura da.        

2.    Aparka­tzeko behar den zuzkidura justifikatua egingo da, bizikleta-bide bakoi­tza­ren erabilera zeha­tza­ren arabera, eta aparkalekuak era estrategikoan kokatuko dira, eskaera handiena duten guneetan (irteera-helmuga).

3.    Bizikleten­tzako aparkalekuak ezar­tzeko orduan, ain­tzako­tzat hartuko dira irizpide hauek:

— Irisgarritasuna: Aparkalekuak ohizko helmugetako gune estrategikoetatik hurbil kokatuko dira, baita tren-geltoki eta autobus-geltoki nagusietan eta abarretan ere, era horretan garraiobide ani­tzeko modua sustatuko da.

— Segurtasuna: Gerta daitezkeen lapurreten edo ekin­tza bandalikoen aurrean, dituzten ezaugarriak direla-eta segurtasun handiagoa ematen duten lekuetan kokatuko dira. Era berean, aparkalekuen egiturak bizikleta behar bezala ­lotzea ahalbide­tzen duten gailuak izango ditu.          

— Erosotasuna: Aparkalekuak koka­tzeko orientazioa, esposizio maila eta beste alderdi ­batzuk direla-eta eragin meteorologikoa txi­kiagoa duten lekuak hautatuko dira. Era berean, aparkalekuak sor­tzeko eta diseina­tzeko orduan, erosotasunari dagokionez oinarrizko baldin­tzak bermatuko dira, bizikletak ­lotzeko eta aska­tzeko maniobra errazten dutenak.

— Balioaniztasuna: Aparkalekuak merkatuan ohizkoak diren bizikleta mota guztiak, eta baita dauden tamaina guztiak ere, har­tzeko modukoak izango dira.

18. artikulua.    Zirkulazioa.

1.    Foru bizikleta-bideen sarearen barruan, erabil­tzaileen­tzat lotesleak izango dira zirkulazioari buruz Trafikoari, Motorreko Ibilgailuen Zirkulazioari eta Bide-Segurtasunari buruzko Legean ezarritako arauak, zirkulazio arauak txi­rrindulari­tza egiteari egoki­tzeko Legean (43/1999 Legea) aurreikusitako arauak, eta Zirkulazioko Erregelamendu Orokorrean eta gainerako araudi bateragarrietan ezarritako arauak.

2.    Aurreko puntuan adierazitakoa kontuan hartu gabe, foru bizikleta-bideen sarearen barruan bizikleten erabil­tzailek har dezaketen gehieneko abiadura lekuan lekuko azpiegituraren ezaugarri berezietara eta egoerara moldatu beharko da, eta ezin izango da, inolaz ere, 40 kilometro orduko abiadura gainditu.

I. IDAZPURUA

FORU BIZIKLETA-BIDEAK PLANIFIKATZEA
ETA ERAIKITZEA

I. ATALBURUA.  ‑GIPUZKOAKO BIZIKLETA-BIDEEN LURRALDEKO PLANA

19. artikulua.    Xedea eta izaera.

1.    Gipuzkoako Foru Aldundiak Gipuzkoako Bizikleta Bideen Lurraldeko Plana landuko du, honako xede hauek erdiesteko asmotan:

a)    Foru bizikleta-bideen sareari dagokionez, helburu nagusiak zehaztea.

b)    Bizikleta-bide horiek izan beharko dituzten ezaugarriak zehaztea.

c)    Aldi jakin batez, Planean adierazitako helburuak lor­tze­arren, egin beharreko jarduera-programak zehaztea. 

2.    Gipuzkoako Bizikleta Bideen Lurraldeko Planak Lurraldearen Arloko Plana izango da, Euskadiko lurralde-antolamenduari buruzko araudiak ezarritakoaren ondorioetarako. 

20. artikulua.    Ekonomiaren eta lurraldearen plangin­tza­rekin koordina­tzea

1.    Gipuzkoako bizikleta-bideen plangin­tza koordinatu egingo da Autonomia Erkidegoko ekonomiaren, lurraldearen eta hirigin­tzako plangin­tza­rekin.

Lurralde- eta hirigin­tza-antolamenduarekiko koordinazioa Euskadiko lurralde-antolamenduari buruzko araudiak eta foru arau honek aurreikusitako eran burutuko da.  

2.    Gipuzkoako bizikleta-bideen plangin­tza, gainera, lurralde mugakideetako plan eta proiektuekin ere koordinatu beharko da, lurralde horiek eraginak elkarri sor­tzen dizkioten jarduketak egitean.

21. artikulua.    Bidera­tzea eta onar­tzea.

1.    Gipuzkoako Foru Aldundiak burutu eta bideratuko du Gipuzkoako Bizikleta Bideen Lurraldeko Plana, Euskadiko lurralde-antolamenduari buruzko araudiak lurraldearen arloko planetarako aurreikusitakoari jarraituz.

2.    Gipuzkoako Bizikleta Bideen Lurraldeko Plana ­Batzar Nagusiek emandako foru arau baten bidez onartuko da behin betiko.

22. artikulua.    Lurraldeko Planaren ondorioak.

1.    Gipuzkoako Bizikleta Bideen Lurraldeko Plana loteslea izango da bai administrazio publikoen­tzat, bai herritarren­tzat.

2.    Foru Aldundiari dagokionez:

a)    Foru Aldundiak bizikleta-bideen inguruan egiten dituen jarduketak Lurraldeko Planean ezarritako helburuetara moldatuko ditu.

b)    Foru Aldundiak Planaren programetan aurreikusitako jarduketak ­gutxienez gauzatuko ditu.

c)    Ezin izango dira, inolaz ere, bizikleta-bide berriak eraiki, jarduketa horiek aipatutako planean aurreikusita ez baldin badaude. Jadanik dauden bizikleta-bideetako trazaduran fun­tsezko aldaketarik sor­tzen ez duten zabalguneak, hobekun­tzak, egoki­tza­penak eta aldakun­tzak ez dira bizikleta-bide berri­tzat hartuko.

3.    Udalerrietako hirigin­tza planak Bizikleta Bideen Lurraldeko Planaren zehaztapen eta aurreikuspenei lotuta egongo dira, Euskadiko lurralde-antolamenduari buruzko araudiak aurreikusitakoaren arabera.

4.    Bizikleta-bideei buruzko udal plan eta proiektuetan ezin izango da zehaztapenik adierazi, Lurraldeko Planarekin kontraesanetan dagoenik.

23. artikulua.    Aldaketa eta berrikuspena.

1.    Planak onar­tzen duen foru arauan zehaztuko dira Foru Aldundiak plan horretan alda ditza­keen zehaztapenak, jendaurreko informaziopean aldez aurretik jarrita edo jarri gabe, eta ­Batzar Nagusiei bakarrik horren berri emanda; era berean, zehaztuko dira ­Batzar Nagusiek, nolanahi ere, onartu beharko dituztenak, aldez aurretik jendaurreko informaziopean jarrita.

2.    Bizikleta Bideen Lurraldeko Plana egokituko da, une oro, dauden baliabide ekonomikoetara.

3.    Gipuzkoako Bizikleta Bideen Lurraldeko Plana, indarrean dagoen bitartean egiten diren aldaketak alde batera ­utzita, berrikusi egin beharko da horrela aholka­tzen duten gertaerak suerta­tzen direnean eta, nolanahi ere, jarduketa-programen epeak bukatu baino urtebete lehenago. 

4.    Bizikleta Bideen Lurraldeko Plana berrikusteko Plana lehenengo aldiz onar­tzeko egindako izapide berak burutuko dira.

II. ATALBURUA.  ‑ERAIKITZEKO, HOBETZEKO ETA ARTATZEKO OBREN PROIEKTUAK ETA OBRAK GAUZATZEA

24. artikulua.    Eraiki­tzeko proiektuak. Edukia

1.    Bizikleta-bideak eta kontratazio publikoari buruzko araudian aurreikusitako egoeretan eraiki­tzeko, hobe­tzeko eta arta­tzeko obrak gauza­tzeko, aldez aurretik onartu beharko da egin beharreko eraikun­tza­ren proiektu teknikoa; proiektu horretan, definituta egongo dira, osorik eta behar den xehetasunez, egingo diren obrak.

2.    Eraiki­tzeko proiektuak Autonomia Erkidegoan bete beharrekoak diren arauen arabera egingo dira eta, obren izaera zein den, beharrezkoak diren azterlan guztiak jasota izan beharko dituzte, hala nola geologiari eta geotekniari buruzkoak, hidrologiari buruzkoak, eta egitura, trafiko eta segurtasunari buruzkoak. Era horretan, ezusteak eta zailtasunak saihestu ahal izango dira, bai gauza­tzeko orduan, baia geroago fun­tzionamenduan daudenean.

3.    Proiektatutako obrek natur ingurunea, landa-ingurunea edo hiri ingurunea errespetatu beharko dituzte, eta horietara behar bezala egokitu; bestalde, une oro bete beharko dute obrak arau­tzen dituzten eta bete beharrekoak diren ingurumenari buruzko arauek ezarritakoa.

Horiek horrela, proiektuetan aurreikusi beharko dira erasandako ingurunea lehenera­tzeko eta berri­tzeko lanak.

4.    Eraiki­tzeko proiektuetan, egokia bada, erasanak izango diren eta ustez hartu edo erosi beharko diren lur, eraikin eta bestelako ondasun eta eskubideei buruzko zehaztapena adierazi beharko da, eta horrekin batera horien zerrenda zeha­tza eta banaka-banaka aipa­tzen dituena osatuko da, egin beharreko desjabe­tzeak legitima­tze­arren.

25. artikulua.    Eraiki­tzeko proiektuak bidera­tzea eta onar­tzea.

1.    Gipuzkoako Foru Aldundiaren organo eskuduna izango da foru bizikleta-bideen proiektuak onar­tzen dituena, bizikleta-bideetan eskumena duen erakundeak hala proposatuta, hala badagokio.

2.    Obrek lurraren jabe­tzan eragin berriak sor­tzen dituztenean, eraiki­tzeko proiektua onartu baino lehen jendaurreko informaziopean egongo da hilabeteko epean.

Salbuespena izango dira, bakar bakarrik, diharduen administrazioaren jabe­tza­koa den lurzoruan oso-osorik egiten diren proiektuak.

3.    Jendaurreko informazioaldia ireki­tzea Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean iragarriko da eta, halaber, Lurralde Historikoan hedadura handieneko egunkarietako batean ­gutxienez.

4.    Jendaurreko informazioak irauten duen aldian, edozein per­tso­nak ezagutu ahal izango du proiektua, eta proiektuari zein bere ondorioei buruzko iradokizunak edo alegazioak egin ahal izango ditu.

5.    Jendaurreko informaziopean dagoen proiektua entzu­teko izapidea egingo da Gipuzkoako Foru Aldundiaren departamentuen aurrean eta, halaber, beren eskudun­tze­tan erasanda egon litezkeen erakunde publikoen aurrean ere, eta baita bereziki erasandako udalen aurrean ere, halakorik balego; hartara, aipatutako epean, proiektuarekin ados dauden ala ez adierazi eta egoki­tzat ­jotzen dituzten alegazio edo iradokizunak egin ahal izango dituzte.

6.    Bizikleta-bide bat errepide baten eraikun­tza­ren proiektuaren barruan sartu behar denean –bizikleta-bidearen trazadura errepidearen trazaduratik banaezina delako eta errepidean ingurumenaren gaineko eraginari buruzko azterlana egin behar delako– bizikleta-bidea errepidearen proiektu orokorraren zati bat izango da ondorio guztietarako.

7.    Goian aipatutako izapide guztiak egin ondoren, Foru Aldundiak obrak gauza­tze­ari buruzko erabakia hartuko du, behin jasotako alegazio eta iradokizunak aztertu eta gero eta, bidezkoa bada, bideratutako proiektua behin betikoz onartuko du.

8.    Proiektuek lurzoruaren jabe­tzan eragin berririk sor­tzen ez badute, jendaurreko informazioa eta udalekin aurretiaz audien­tzia izateko izapideak ez dira nahitaezkoak izango.

26. artikulua.    Proiektuak onar­tze­aren ondorioak.

1.    Foru Aldundiak eraikun­tza­ren proiektuak onar­tzen dituenean, proiektuotan aurreikusitako obrak berehala egiteko eskubidea egongo da, betiere goian adierazi bezala bideratu badira.

Egin beharreko obrak berehala hasi ahal izango dira, nahiz eta indarrean dagoen hirigin­tzako plangin­tza­rekin desadostasunak egon, baldin eta proiektuan garatutako jarduketak Gipuzkoako Bizikleta Bideen Lurraldeko Planean aurreikusita badaude.

2.    Onartutako proiektuek, gainera, erasandako lurren erreserba izango dute berekin, hiru urtetarako.

Aldi horretan, inongo administraziok ez du proiektuaren aurreikuspenekin bateragarriak ez diren eraiki­tzeko edo lurzoruaren erabilera iraunkorrerako onespenik, ez baimenik, ez lizen­tziarik emango.

Foru arau honen II. Idazpuruan herri-jabariguneetarako eta babesguneetarako adierazitako mugapenak ezar­tzeko orduan, bizikleta-bidea proiektuan aurreikusi bezalakoa dela joko da, eta gune horietan egin nahi den edozein jarduera, lan edo obra foru arau honen III. Idazpuruan aurreikusita dauden interben­tzio eta kontrolari buruzko arauaren nahiz defen­tsa eta zigorrari buruzko arauaren mende egongo dira.

3.    Lurraldeko Planaren zehaztapenak aurrera eramaten dituzten proiektuak ezinbestez bete beharrekoak izango dira udalen hirigin­tzako plangin­tza egiteko eta onar­tzeko orduan, eta desadostasunen bat sortuz gero, hirigin­tzako plangin­tza­ren gainetik egongo dira.

4.    Eraikun­tza­ren proiektuak onar­tzeak, gorago aipatutako ondorioez gain, idazpuru honen III. Atalburuan aurreikusitako desjabe­tzeak legitima­tzeko ondorioa ere izango du.         

27. artikulua.    Aldez aurreko proiektuak.

1.    Aurreko artikuluan, 2. eta 3. puntuetan, lurzoruaren erreserbari, onespen, baimen eta lizen­tziak ez emateari, eta herri-jabarigune eta babesguneetarako eta hirigin­tzako sailkapena duten guneetarako aurreikusita dagoen mugaketaren erregimenari dagokienez aurreikusten diren ondorioen eragina aurrera­tze­arren, administrazioak aldez aurreko proiektuak ida­tzi, bideratu eta onartu ahal izango ditu. Era berean, aldez aurreko proiektu horietan zehaztu beharko da, ­gutxienez eta behar adinako doitasunez, zein diren egin behar diren obrek erasandako lurzatiak.

2.    Aldez aurreko proiektuak 25. artikuluan adierazi bezala bideratu eta onartuko dira.

3.    Aldez aurreko proiektuak onar­tzeak aipatutako ondorioak izango ditu eta, proiektuok erasanak izango diren eta ustez hartu edo eskuratu beharko diren lur, eraikin eta bestelako ondasun eta eskubideei buruzko zehaztapena adierazi beharko da, eta horrekin batera horien zerrenda zeha­tza eta banaka-banaka aipa­tzen dituena baldin badago, proiektua onar­tzeak, aurreko artikuluaren 4. puntuan aurreikusi bezala, desjabe­tzeak legitima­tze­aren ondorioa ere izango du.

4. artikulu honen 2. puntuan zehaztutakoari jarraituz, aldez aurreko proiektuak bideratu eta onar­tzeak salbuesten du eraikun­tza­ren proiektua onar­tzeko jendaurreko informaziopean jar­tzeko eta entzu­teko izapideak bete­tzeko beharretik; era berean, salbue­tsita uzten du ingurumenaren gaineko eraginen ebaluazioa berriz bidera­tzeko beharretik, baldin eta ebaluazio hori beharrezkoa bada, bizikleta-bidea prozedura hori bete behar duen errepide baten proiektuaren barruan dagoelako.

5.    Aldez aurreko proiektu bat bidera­tzea eta onar­tzea aukera­tzen denean, egin beharreko eraikun­tza­ren proiektua onar­tzeak ez du balio izango hiru urteko aldia luza­tzeko, lurzoruaren erreserbari eta horren ondoriozko mugapenari dagokienez.

6.    Foru arau honen ondorioetarako, aurreproiektuak eta trazaduraren proiektuak aldez aurreko proiektuen izaera izango dute.

III. ATALBURUA.  ‑LURZORUEN ERABILGARRITASUNA. DESJABETZEAK

28. artikulua.    Ondasunak eskura­tzea eta har­tzea.

1.    Obrak egiteko beharrezkoak diren lurzoruak, eraikinak eta bestelako ondasun eta eskubideak eskuratu, aldi baterako hartu, eta lehengo zerbi­tzuak berriz jar­tzeko edo berriak ipin­tzeko zortasunak ezarriko dira desjabe­tze­aren bidez.    

2.    Behar diren ondasunak eta eskubideak eskuratu ahal izango dira, baita ere, truke, salerosketa edo, egokia denean, zuzeneko okupazio edo lagapenaren bidez, hirigin­tzari buruzko araudian aurreikusitako mekanismoei jarraituz.

29. artikulua.    Desjabe­tzea legitima­tzea. Herri-onura eta herri-lurrak har­tzeko beharra

1.    Bizikleta-bideen proiektuak onar­tzeak berekin ekarriko du, ezinbesteko desjabe­tze­aren ondorioetarako, obrak herri-onurakoak direla adieraztea; eta, proiektuen dokumentazioan erasandako lur, eraikin eta bestelako ondasun eta eskubideak zehazki eta banaka-banaka aipa­tzen baldin badira, era berean adieraziko da horiek har­tzeko beharra, eta baita zortasunak ezar­tzeko edo alda­tze­koa ere.

2.    Lur, eraikin eta bestelako ondasun eta eskubideak har­tzeko eta zortasunak ezar­tzeko beharraren adierazpenak barnean hartuko ditu obrak egiteko, zerbi­tzuak berriz jar­tzeko eta gerora horiek egoki ustia­tzeko eskuratu edo hartu beharko diren guztiak.

3.    Desjabe­tzeak legitima­tzen direnean, era berean, legitimatuta geratuko dira proiektuaren aldaketek erasandako lur, eraikin, ondasun eta eskubide guztien desjabe­tzeak, betiere proiektuan aldaketa handiegiak egiten ez badira eta, onartu aurretik, interesdunei behar bezala eta hamabost eguneko epea jarrita horren berri ematen bazaie jakinarazpenen bitartez edo Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuta, alegazioak edo iradokizunak egin ahal izateko.

30. artikulua.    Desjabe­tzea zorgunean.

Foru Aldundiaren organo eskudunak zorgunean dauden ondasunak desjabetu ahal izango ditu, herri-onurako adierazpena inplizitu dagoela ulertuta, baldin eta aldez aurretik foru bizikleta-bidea eraiki­tzeko, arta­tzeko edo hobe­tzeko proiektu bat edo aldez aurreko proiektu bat badu, desjabe­tzea ezinbestekoa edo komenigarria dela egiazta­tzen duena.         

IV. ATALBURUA.  FINANTZAKETA

31. artikulua.    Finan­tza-baliabideak.

1.    Bizikleta-bideak eraiki­tzeko, hobe­tzeko eta arta­tzeko obrak eta, oro har, bide horiek behar bezala fun­tzionarazteko eta ustia­tzeko beharrezkoak diren jarduketak Lurralde Historikoko Aurrekontu Orokorren kargura finan­tza­tuko dira.    

2.    Era berean, obrak finan­tzatu ahal izango dira hirigin­tzari buruzko araudiak aurreikusitako mekanismoen bidez, bidezkoa denean.

3.    Bestalde, obrak finan­tza­tzeko beste bide bat zerga bereziak ezar­tzea izan daiteke; zerga horiek per­tsona fisiko edo juridikoei ezarriko zaizkie, foru bizikleta-bideak egiteko obrak egitean onura berezia lor­tzen dutenean edo beren finken balioa handi­tzen denean, baldin eta zerga horiei buruzko araudian aurreikusita dauden baldin­tzak bete­tzen badira.

4.    Halaber, obrak finan­tzatu ahal izango dira beste herri-administrazio, erakunde nazional edo nazioarteko erakunde ­batzuek eta nahi duten per­tsona juridiko eta fisikoek emandako baliabideen bidez; horrelakoetan, egiten diren ekarpenek, ezargarria den araudiari eta bereziki irabazi asmorik gabeko entitateen eta mezenasgoaren aldeko zerga pizgarrien zerga erregimenari buruzko Foru Arauari jarraituz, zerga-trataera berezia izango dute, aipatutako ekarpenaren herri-interesa ain­tzat hartuta.

5.    Bestela ere finan­tzatu ahal izango dira, alegia, foru bizikleta-bideak eta beren fun­tzionamenduari atxi­kitako gune fun­tzionalen herri-jabariaren merkatari­tza-ustiaketa eginda bil­tzen diren diru kopuruen bidez.

6.    Foru bizikleta-bideak kudea­tze­aren eta ustia­tze­aren ondorioz lor daitezkeen tasa, prezio publikoak eta atxi­kita dauden gainerako kopuruak foru bizikleta-bide berriak sor­tzeko erabili ahal izango dira, izaera bazter­tzaile eta helburudunez.

7.    Bizikleta-bideak eraiki­tzeko asmoa ibilgailu motordun pribatuaren erabilera ez arrazionalaren hautabidea izatea dela kontuan izanda, Gipuzkoako Foru Aldundiak zigorren ondoriozko diru-bilketaren zati bat erabili ahal izango du aipatutako foru bizikleta-bideak sor­tzeko, bere eskumenen barruan baitago.

V. ATALBURUA.  OBRAK GAUZATZEA

32. artikulua.    Udal lizen­tziak eta baimenak

1.    Bizikleta-bideak eraiki­tzeko, arta­tzeko eta hobe­tzeko obrak, eta bide horien ustiaketarekin zerikusi zuzena dutenak, ez dira udalen hirigin­tzako baimenaren edo aurretiaz egin beharreko bestelako kontrol-ekin­tza­ren mende egongo, eta ezin izango dira geldiarazi edo bertan behera ­utzi, eskumena duen epailaren aginduz ez bada.

2.    Obrak hasi baino lehen, baldin eta ezinbesteko arrazoiak direla-eta ezinezkoa ez bada, Gipuzkoako Foru Aldundiak erasandako udalei jakinaraziko die obrak noiz hasiko diren.

33. artikulua.    Mugaketa eta mugarriak jar­tzea

Obrak buka­tzen direnean, eta lurren jabe­tzan erasan berriak sor­tzen badituzte, behar bezala mugatuko dira eta mugarriak ipini beharko dira beti.

II. IDAZPURUA

FORU BIZIKLETA-BIDEAK USTIATZEA

I. ATALBURUA.  ‑USTIATZEAREN XEDEA ETA USTIATZEKO ERAK

34. artikulua.    Xedea.

Foru arau honen ondorioetarako, foru bizikleta-bideen ustiaketaren barruan definitu dira foru bizikleta-bideak eta beren fun­tzionamenduari lotutako gune guztiak arta­tzeko eta manten­tzeko, eta bidea eta erabil­tzailea defenda­tzeko xedez egiten diren jarduketa guztiak, eta barnean har­tzen ditu seinalezta­tzeko, sarbideen antolaketako, mugak ezar­tzeko eta bideen herri-jabaria kontrola­tzeko ekin­tzak; azkenik, barruan sar­tzen dira, halaber, babesguneetako lurzoruaren erabilerak arau­tzea, baimen­tzea eta zeha­tzea.

35. artikulua.    Ustia­tzeko erak.

1.    Oro har, Gipuzkoako Foru Aldundiak egingo du, zuzenean, foru bizikleta-bideen ustiaketa. 

2.    Foru Aldundiak beste ­batzuen esku ­utzi ahal izango du foru bizikleta-bideen ustiaketa, indarrean dagoen araudiak ezarritako zeharkako kudeaketaren sistemak kontuan izanda.

3.    Bestalde, erakunde autonomoak edo sozietate publikoak ere eratu ahal izango dira, eta jabe­tza duen administrazioak foru bizikleta-bideen ustiaketa beren esku ­utzi ahal izango du.

II. ATALBURUA.  ‑FORU BIZIKLETA-BIDEEN ETA BEREN BABESGUNEEN ERABILERA

36. artikulua.    Foru bizikleta-bideen erabilera

1.    Foru bizikleta-bideen erabilera arrunta, herri-jabariko eta erabilerako ondasunak direnez gero, doan izango da erabil­tzaileen­tzat eta askatasunez burutuko da alderdi hauek ain­tzako­tzat hartuta: Bizikleta-bideen izaera, atxi­kiduraren eta herri-erabilerarako ireki­tzeko ekin­tzak, trafiko eta bide-segurtasunari buruzko arauak eta seinaleak, eta indarrean dauden gainerako zehaztapenak.

2.    Salbuespenez, Foru Aldundiak, eskumena duten bere organoen bidez, aldi baterako edo behin betiko mugaketak ezarri ahal izango dizkio zirkulazioari foru bizikleta-bideetako zati edo leku ­batzuetan, baldin­tzek, egoerak, eskakizun tekniko edo bide-segurtasunekoek hala eska­tzen dutenean.

3.    Foru arau honen 43. artikuluan eta hurrengoetan zehaztutakoari jarraituz, Gipuzkoako foru bizikleta-bideen sareko zati ­batzuetan, beharrezkoa izango da bidezkoa bada baimendutako ibilgailu motordun guztiek onespena izatea, aisialdi, turismo, ingurumen-hezkun­tza eta ­antzeko jarduerak buru­tzeko behar diren ibilgailuak barne.

37. artikulua.    Erabilerak herri-jabarigunean.

1.    Oro har, guztiz debekatuta egongo da edozein obra, erabilera edo instalazio mota egitea herri-jabarigunearen barruan, herri-erabilera edo jabariko helburua duten jabari-lagapenak edo jatorrizko profilaren aldaketak izan ezik, eta horretarako berariazko baimena eman beharko du bizikleta-bideen eskumena duen organoak.  

2.    Zerbi­tzu­rako sareek ezin izango dute herri-jabarigunea zeharkatu, ez guru­tzatu, berariazko baimena duten egoeretan izan ezik.

38. artikulua.    Erabilerak zorgunean.

1.    Zorgunean baimenduko da, bakar bakarrik, lurpeko zerbi­tzuak instala­tzea; instalazio horiek manten­tzeko, arta­tzeko eta ustia­tzeko era, oro har, foru bizikleta-bidearen kanpotik burutu beharko da.

2.    Oro har, nekazari­tza eta abel­tzain­tzako erabilerak baimenduko dira, betiere erabilera horrek foru bizikleta-bidearen fun­tzionaltasunean eragozpenik sor­tzen ez badu.

3.    Zorguneak kokatuta dauden eraikin edo instalazioetan sendo­tzeko, apain­tzeko edo hobe­tzeko obrak baimendu ahal izango dira.

39. artikulua.    Seinaleak.

1.    Foru bizikleta-bideetan, Gipuzkoako Foru Aldundiari dagokio, eta ez beste inori, bizikleten eta oinezkoen trafikoa behar bezalakoa izan dadin edo erabil­tzaileek informazio egokia izan dezaten zer seinale ipini behar diren erabaki­tzea.

2.    Beste erakunde edo per­tsona publiko nahiz pribatu ­batzuen interesekoak diren seinaleak ipin­tzea eta kontrola­tzea interesdunei egokituko zaie, Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurretiazko baimena izanda.

3.    Aurreko bi puntuetan zehaztutakoaren salbuespen bakarra dira larrialdi-egoeretarako jarri beharreko behin-behineko seinaleak.

4.    Foru bizikleta-bideetan ipin­tzen diren seinaleak, nolanahi ere, Foru Bizikleta Bideetako Seinaleen Katalogo Ofizialean zehaztutakoekin bat etorriko dira.

40. artikulua.    Sarbideak zehaztea eta berrantola­tzea.

1.    Udalek gaian dituzten eskumenei kalterik egin gabe, Gipuzkoako Foru Aldundiak erabaki ahal izango ditu zer lekutan egin beharko diren foru bizikleta-sareetarako sarbideak, sarbide horiek behar bezala bermatuta ez dauden kasuetan.           

2.    Hirigin­tzako plangin­tza­ren baten berrikuspena egiteko orduan, foru bizikleta-bidearen eraginaren eremuan lehen hiritarrezina zen gainazal bat berriz sailka­tzen denean, udalak kontuan hartu beharko du bide horretarako sarbide bat, eta sarbidea egin beharko du, erabil­tzeko ­gutxieneko segurtasun- eta erosotasun-baldin­tzak dituela.

41. artikulua.    Lursailetako itxi­turak eta bizikleta-bidetik bereizteko elementuak.

1.    Lursailetako itxi­turak, edozein izaera dutela ere, zorgunetik kanpo geratuko dira.

Salbuespen dira, bakar bakarrik, erraz desmunta­tzen diren itxi­tura gardenak; itxi­tura horiek distan­tzia txi­kiagoetara ipini ahal izango dira, baina beti herri-jabarigunetik kanpo eta foru bizikleta-bidearen erabil­tzaileen segurtasuna bermatuta dagoenean.

2.    Errepideei atxi­kitako bizikleta-bideak direnean, bereizteko ipiniko diren elementuek ez dute arriskurik sortuko bizikleta-bideen erabil­tzaileen segurtasunean.

42. artikulua.    Zainketa.

Gipuzkoako Foru Aldundiko per­tso­nala, berariaz prestaturik dagoena, arduratu egingo da foru bizikleta-bideak zain­tzeaz.

III. IDAZPURUA

BAIMENTZEKO ETA ZIGORTZEKO PROZEDURARI BURUZKO ARAUBIDE OROKORRA

I. ATALBURUA.  BAIMENAK

43. artikulua.    Administrazioaren baimena behar duten jarduketak.

1.    Administrazioaren baimena beharko da foru bizikleta-bideetan eta beren herri-jabariguneetan zein babesguneetan burutu nahi diren jarduera, lan eta obra mota guztiak egiteko.     

2.    Beharrezkoa izango da baimena izatea besteak beste honako jarduera hauek egiteko:

A)    Herri-jabarigunean:

a)    Ibilgailu motordunak ibil­tzea, foru arau honetan, 4.5. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

b)    Seinaleak, kartelak eta errotuluak jar­tzea.

c)    Sarbideak ireki­tzea edo berri­tzea.

d)    Lurpeko eroanbideak instala­tzea.

e)    Aireko lineak eta instalazioak.

f)    Edozein jarduera, lan edo obra, nahiz eta behin-behinekoak izan edo aldi baterako okupazioa besterik ez izan.

B)    Babesgunean:

a)    Hondeaketak eta lur-mugimenduak.

b)    Hondakindegiak eta zabortegiak.

c)    Era guztietako instalazioak, zerbi­tzu publikokoak izan ala ez, baita lurpekoak eta airekoak ere.

d)    Zuhai­tzak eta zuhaixkak landa­tzea eta moztea.

e)    Itxi­turak ipin­tzea edo eraiki­tzea, edozein motatakoak izanda ere.

f)    Edozein motatako seinale, kartel, idazkun eta errotuluak ipin­tzea.

g)    Hiritar­tzeko obrak.

h)    Edozein motatako eraikinak egitea edo eraikun­tza-obrak buru­tzea, finkoak nahiz desmuntagarriak izan, lur gainean edo lur azpian egon, oin berrikoak izan edo lehendik dauden eraikinak edo bestelako eraikun­tza-obrak handi­tzeko, alda­tzeko edo eraberri­tzeko lanak izan, eta lan horiek beren egituran edo kanpoko itxu­ran eragina sortu ala ez.

i)    Era guztietako eraikin eta eraikun­tza-obrak osorik edo zati batean eraistea.

j)    Edozein motatako eraikin, eraikun­tza-obra eta instalazioen lehenengo erabilera edo okupazioa, eta horien erabilera alda­tzea, obrarik egin behar ez bada ere.      

k)    Era guztietako jarduera, lan edo obrak, behin-behinekoak direnean edo aldi baterako okupazioa besterik ez direnean.

3.    Baimena beharko da gorago aipatu diren jarduera guztiak buru­tzeko, jarduera horiek egin nahi dituen per­tsona, erakunde edo organismo publiko edo pribatua edozein dela ere, nahiz eta agintari publikoek edo Estatuko Administrazioko organoek, Autonomia Erkidegokoek, edo beste edozein herri-administraziotakoek jarduera horiek sustatu; eta hori guztia, egon daitezkeen beste eskumen ­batzuei kalterik egin gabe.

4.    Honako hauek dira, bakar bakarrik, baimena eska­tzeko beharretik salbue­tsita daudenak:

a)    Foru bizikleta-bideetako ohizko zirkulazioa.

b)    Babesgunean nekazari­tza­koak soilik diren jarduerak eta erabilerak edo lorategiz horni­tzeko lanak.

c)    Gipuzkoako Foru Aldundiak bideak arta­tzeko, manten­tzeko, hobe­tzeko edo ustia­tzeko egiten dituen jarduerak, lanak eta obrak.

44. artikulua.    Eskumena.

Foru arau honetan aurreikusten diren baimenak emateko eskumena izango du bizikleta-bideen eskumena duen Foru Aldundiaren organoak.

45. artikulua.    Izaera.

1.    Babesgunean emango diren baimenek izaera arautua izango dute, eta egin nahi diren jarduerak, lanak edo obrak foru arau honetan eta, kasua bada, araua gara­tzen duten erregelamendu edo araudietan zehaztutakoaren kontrakoak ez badira. 

Ezarri beharreko araubidea ebazpena ematen denean indarrean dagoena izango da. Administrazioaren isiltasuna gertatuz gero, ezarri beharreko araubidea ustezko ekin­tza egin denean indarrean zegoena izango da.

Babesguneetan baimenak ukatuz gero, arrazoiak eman beharko dira, eta foru arau honen zehaztapenetan aurreikusitako zioetan oinarrituta egongo dira.

2.    Herri-jabariguneetan baimenak emanez gero, zuhur­tziaren araberakoak izango dira, eta ukatu ahal izango dira egoki­tzat ­jotzen bada.

3.    Foru bizikleta-bideen erabil­tzaileek segurtasuna eta erosotasuna izan ditza­ten, herri-jabariguneetan nahiz babesguneetan jarduerak, lanak eta obrak egiteko ematen diren baimenak epe jakin baterako eman ahal izango dira. Nolanahi ere, gehieneko epeetarako emango dira jarduera jarraituak egiteko baimenak.

46. artikulua.    Prozedura eta ebazpena. Administra­zioaren isiltasuna.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren foru bizikleta-bideetan baimenak emateko prozedura alderdi hauen araberakoa izango da:

a)    Baimena lor­tzeko interesa duen per­tsona edo organismoak eskaera bat egin beharko du ida­tziz eta Foru Aldundian aurkeztu.

b)    Eskaerarekin batera dokumentazioa ere aurkeztu beharko da, eta dokumentazio horretan azalduko da zer jarduera, lan edo obra egin nahi den, bere kokapen, definizio eta guzti, eta eskatutakoa foru arau honetan erabakitakoari egoki­tzen zaiola eta, oro har, bidearen elementuetan eta beraren fun­tzionamenduan zer eragin sor­tzen duen froga­tzeko moduko xehetasunez adieraziko da.

Oinarrizko proiektu bat edo eraiki­tzeko proiektu bat aurkeztu beharko da, teknikari eskudun batek sinatuta, betiere jarduera, lan eta obren izaerak hala eska­tzen duenean.

Nolanahi ere, proiektu tekniko bat eskatuko da oin berriko eraikin edo bestelako eraikun­tzak egiten direnean, dauden eraikinak birgai­tzean edo sarrera-irteera berriak egitean.

c)    Eskabidean aka­tsak daudenean, edo aurkeztutako dokumentazioa nahikoa ez denean, eskaera egin duenari jakinaraziko zaio, aka­tsak konpon ­ditzan. Jakinarazpenean ohartaraziko zaio dokumentazioa artxi­batu egingo dela bestelako izapiderik gabe, baldin eta berori osa­tzen ez bada.

Jakinarazpena ematen denetik eskatutako dokumentazioa behar bezala aurkeztu bitartean, hurrengo paragrafoan aurreikusitako epea eten egingo da.

d)    Eskatutako baimenak gehienez ere hiru hilabeteko epean eman edo ukatuko dira, eskaera behar bezala aurkezten den egunetik hasita.

e)    Berariazko ebazpena ematen ez bada, ulertuko da baimena ukatu egin dela, jarduera foru bizikleta-bidean edo bere herri-jabarigunean egin nahi baldin bazen, eta administrazioaren isiltasunez eman dela, gainerako kasuetan.

Baimena sarrera-irteera bat ireki­tzeko edo berri­tzeko baldin bada, ukatu­tzat hartuko da beti.

Inolaz ere ez dira administrazioaren isiltasunez eman­tzat hartuko foru arau honetan agindutakoaren kontrako ahalmenak.           

47. artikulua.    Tasak.

Foru Aldundiak foru arau honen babespean emandako baimenek tasak izan dezakete, eta tasa horien era eta kopurua horri buruzko foru arau baten bidez ezarriko dira.       

48. artikulua.    Bermeak.

1.    Baimenak emateko orduan, aldez aurretik berme bat jar­tzeko baldin­tza ipin daiteke, era horretan ziurtatuko baita baimendutakoa behar bezala eta ezarritako baldin­tzak ondo ezagututa gauza­tzen dela.       

2.    Bermea ezarri eta gero, bermea benetan jarri arte, etenda egongo dira baimenaren ondorioak.

49. artikulua.    Ondorioak.

1.    Baimenek barnean hartuko dituzte, bakar bakarrik, aurkeztutako dokumentazioan berariaz deskribatu diren jarduerak, lanak edo obrak eta, bere kasuan, baimena emateko testuan adierazitako aldaketak. Horrez gain egin nahi den edozein jarduera buru­tzeko beste baimen bat beharko da.

2.    Emango diren baimenek Administrazio emailearen eta ematen zaion subjektuaren arteko ondorioak izango dituzte, baina ez dituzte subjektuaren eta beste per­tso­nen arteko egoera juridiko pribatuak aldatuko. Hau da, baimenak emango dira beti jabe­tza­ren eskubidea erago­tzi gabe eta hirugarrengoei kalterik egin gabe, eta ez dira ­aitzaki izango baimen horien onuradunek, baimendutako jarduera, lan edo obrak egiterakoan, eduki dezaketen eran­tzu­kizun zibil, administratibo edo penaletik libra­tzeko.

3.    Baimenak eskualda daitezke eskubide eta betebeharrak eskualda­tzeko jarritako legezko bitartekoen bidez, eta horiek eskura­tzen dituena subrogatua geratuko da baimenaren hasierako titularrari Administrazioarekiko zegozkion betebehar guztietan.

Baimenaren hasiera titularra den per­tsona edo organismoa, hala ere, ez da Administrazioarekiko duen eran­tzu­kizunetik libratuta geratuko, baimena eskura­tzen duenak baimena eskualda­tzen duenaren betebeharrak berariaz har­tzen ez baditu eta ez badio hori jakinarazten Administrazioari.

50. artikulua.    Baimena beste baimen ­batzuekin bateragarria izatea.

1.    Bizikleta-bideetako herri-jabarian eta babesguneetan jarduera, lan edo obretarako arau honetan aurreikusten diren baimenek ez dituzte titularrak salbuesten bestelako lege xedapenak aplikatuz exijitu daitezkeen lizen­tzia, baimen edo bestelako zilegidura eska­tze­tik.     

2.    Foru Aldundiaren baimenek, zehazki, ez du salbuesten hirigin­tza-baimena edo jarduera egiteko baimena eduki beharretik, ezta baimen hori eman dela aurreirizten ere. Era berean, ez dute salbuesten Foru Aldundiaren beste organo ­batzuetan baimen hori lor­tzeko egin beharreko izapideetatik.

51. artikulua.    Indarraldia eta iraungipena.

1.    Bizikleta-bidearen arloan emandako baimenek ematen diren unetik aurrera izango dituzte ondorioak eta baimendutako jarduera, lan edo obrek irauten duten bitarterako izango dira.

Epe baterako ematen diren baimenak denbora horretan bakarrik izango dituzte ondorioak eta epea amaitu ondoren iraungita geratuko dira.

2.    Seinalatutako epean edota, eperik ez badu, baimena eman eta ondorengo sei hilabeteen barruan baimendutako jarduera, lan edo obrak ez badira hasten, eska­tzaileak asmo hura alde batera ­utzi duela ulertuko da eta baimena automatikoki iraungi egingo da.

3.    Emandako baimenak, era berean, iraungi egingo dira eta ondoriorik gabe geratuko dira, ondoko kausa hauetako ­batzuk direla medio:

— Jarduera, lan edo obrak sei hilabete baino gehiagotan eten egiten badira.

— Egiteko eperik ematen ez denean, jarduera, lan eta obrekin jarrai­tzen ez bada eta jarduera, lan edo obra horiek amai­tzen ez badira epe normal batean.

— Baimenean jarritako baldin­tzak bete­tzen ez badira.

4.    Aipatutako kasuetan, baimenen iraungipena, epea dutenena salbue­tsiz, ebazpen zehatz baten bidez eman behar da, interesa duen erakunde edo per­tso­nari ­entzuna izateko aukera eman ondoren eta jakinerazpenean jar ditza­keen errekur­tsoen berri emanez.

5.    Baimen bat iraungita egoteak ez du esan nahi berriz eskatu eta eman ezin daitekeenik.

6.    Indarrean dauden bitartean, Administrazioaren eskura egon behar dute baimenek jarduera, lan edo obra egiten ari diren lekuan.

52. artikulua.    Baimenak baliogabe­tzea eta baldin­tzak alda­tzea.

1.    Baimenak baliogabetu edo dituzten baldin­tzak aldatu egin behar dira, orduan emateko zeuden arrazoiak desagertu badira edo, geroago, baimena uka­tzea edo beste baldin­tza ­batzuekin ematea ekarriko zuketen bestelako arrazoiak ager­tzen badira.

2.    Baimenak baliogabetu daitezke, gainera, baimenak legezko irizpide berriak, baimendutako jarduketa debekatu egingo luketenak, finka­tzen direnean.

3.    Administrazioaren edo legearen kausaz gertatutako baliogabe­tzeak egongo diren kalte eta galerak ordain­tzea ekarriko du ondorioz.

53. artikulua.    Baimenak etetea.

1.    Eraikun­tza­ren proiektua edo aldez aurreko proiektua bidera­tzen ari diren bitartean, etenda geratuko dira proiektu horietako zehaztapenetan esandakoaren oztopo izan daitezkeen jarduera, lan edo obra egiteko baimenak, jendaurreko erakusketaren hasieratik hasi eta gehienez ere urtebeteko epean.

2.    Foru Aldundiaren organo eskudunak, halaber, aldez aurretik eten dezake gune jakin baterako baimenak ematea bi urteko gehieneko epean, proiektu bat ida­tzi ahal izateko. Erabaki hori Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eman behar da argitara.

3.    Gune berdinean eta helburu berdinerako ezingo dira beste etenaldi ­batzuk erabaki bost urte igaro arte, aurreko etenaldiaren amaieratik konta­tzen hasita.

II. ATALBURUA.  ‑ARAU-HAUSTEAK, PROZEDURA ETA ZIGORRA

54. artikulua.    Tipifikazioa eta sailkapena.

Honako hauek dira arau-hauste administratiboak:

1.    Arau-hauste arinak:

a)    Foru bizikleta-bideetako herri-jabarigune edo zorguneetan, baimenduta ez dauden obrak, instalazioak edo jarduerak egitea, horretarako behar den baimenik izan gabe, edo emandako baimenetan ezarritako zehaztapenen bat ez bete­tzea, horiek guztiak gerora legezta­tzeko aukera dagoenean.

b)    Herri-jabarigunearen barruan edozein motatako objektu edo materialak ipin­tzea, isur­tzea, bota­tzea edo abandona­tzea.

c)    Foru bizikleta-bidearen trazaduraren zati bat behar ez bezala eta aldi baterako har­tzea, edo bidearen erabil­tzaileak bertan ibil­tzea eragoztea edo oztopa­tzea, betiere ekin­tza horrek berekin arrisku handiegirik ez badu.

d)    Zabalgunean edo herri-jabarigunean baimenduta ez dauden landaketak edo erabilera-aldaketak egitea behar den baimena izan gabe, baldin eta bide-segurtasuna erasana suerta­tzen ez bada, hala izanez gero larriak izango baitira. 

e)    Bi noranzkoak diren foru bizikleta-bideetan zirkula­tzeko kontrako noranzkoko lerroa har­tzea, edo noranzko bakarreko bideetan kontrako noranzkoan zirkula­tzea, baldin eta ekin­tza horrek berekin arrisku handiegirik ez badu.

f)    Oinezkoek bide horiek erabil­tzea, baldin eta erabilera hori baimenduta ez badago.

g)    Bizikleta-bidean zakur edo beste ­etxeko abere ­batzuekin ibil­tzea, abere horiek uhalik gabe daudenean.

2.    Arau-hauste larriak:

a)    Foru bizikleta-bideetako herri-jabarigune edo zorguneetan, baimenduta ez dauden obrak, instalazioak edo jarduerak egitea, horretarako behar den baimenik izan gabe, horiek guztiak gerora legezta­tzeko aukerarik ez dagoenean.

b)    Foru bizikleta-bidean, antolamenduarekin eta bidearen erabil­tzaileen orientazio edo segurtasunarekin zuzenean zerikusia duen edozein elementu honda­tzea, edo bere ezaugarriak edo kokalekua nahita alda­tzea.

c)    Foru bizikleta-bideetan edo bere osagarri fun­tzionaletan edozein obra edo instalazio sun­tsi­tzea, honda­tzea, altera­tzea edo alda­tzea.

d)    Foru bizikleta-bidearen plataformari eragingo dioten edozein motatako objektu edo materialak ipin­tzea, isur­tzea, bota­tzea edo abandona­tzea.

e)    Bizikleta-bidean, hormetan, seinaleetan eta beste elementu ­batzuetan pintadak egitea, horien helburua edozein dela ere.

f)    Zabalgunean edo herri-jabarigunean baimenduta ez dauden aireko edo lur azpiko igarobideak egitea, horretarako behar den baimena izan gabe, edo emandako baimenean adierazitako baldin­tzak bete gabe.

g)    Herri-jabarigunean edo zorgunean informa­tzeko kartelak baimenik gabe jar­tzea.

h)    Foru bizikleta-bidean ibilgailu motordunek zirkula­tzea, berariaz baimenduta daudenak izan ezik, eta ibilgailu horiek bizikleta-bidearen barruan aparka­tzea.

i)    Artikulu honen 1. ataleko c), d) eta e) puntuetan adierazitako egoerak, berekin arrisku handia baldin badute.

j)    Arau-hauste larriak dira, halaber, arin­tzat har­tzen direnak, baina berreror­tzea dagoenean. Ondorio hauetarako, berreror­tzea dagoela joko da urtebeteko epearen barruan eran­tzule berak beste arau-hausteren bat egin badu eta behin betiko ebazpen judizialaz jada deklaratuta eta zigortuta badago.  

3.    Arau-hauste oso larriak:

a)    Artikulu honen 2.a) puntuan adierazitako ekin­tzak, bizikleta-bidea erabil­tzeko orduan segurtasunean zuzenean eragina sor­tzen dutenean.

b)    Babesguneetan, ezarritako ­gutxieneko distan­tziara baino ­gutxiagora, oin berriko etxe­bizi­tzak, merkatari­tza edo industriarako eraikinak eraiki­tzea edo daudenak handi­tzea, horretarako espresuki emandako baimena izan gabe.

c)    Bizikleta-bidean, erabil­tzaileen antolamendu, orientazio eta segurtasunarekin zuzeneko lotura duen edozein elementu lapur­tzea, honda­tzea edo sun­tsi­tzea, edo elementu horien ezaugarriak edo kokalekua nahita alda­tzea, elementu horrek bere eginkizuna bete dezan eragozten denean.           

d)    Bizikleta-bidearen nahiz horren elementu fun­tzionalen edozein obra edo instalazio sun­tsi­tzea, honda­tzea, altera­tzea edo alda­tzea, ekin­tza horiek plataformari eragiten diotenean.

e)    Bizikleta-bidearen inguruetan edozein motatako instalazioak ipin­tzea, edo erabil­tzaileen­tzat arrisku­tsuak, gogaikarriak edo osasungai­tzak diren jarduerak egitea, hori saihesteko neurriak hartu gabe.      

f)    Makineria, materialak edo nolanahiko objektuak, bidean uztea edo ezar­tzea, edota haiekin bidea okupa­tzea, baimenik gabe edo seinalezta­tzeko baldin­tza egokiak bete gabe.     

g)    Bizikleta-bidearen herri-jabarigunean edo babesgunean lur-mugimenduak, hondeaketak eta horrelako lanak egitea, bidearen egituren edo zabalgunearen egonkortasunari kalte egin edo egonkortasun hori arriskuan jarriz gero.

h)    Ekin­tzak edo omisioak egitea, puska­tzea, kalte edo galerak nahita eraginez bizikleta-bidearen herri-jabarikoak diren edozein motatako elementu edo ondasunetan.     

i)    Artikulu honen 2.g) puntuan adierazitako ekin­tzak, bizikleta-bidearen erabil­tzaileen segurtasuna edo osotasuna arriskuan jar­tzen dituztenean, edo bidearen errodadura-baldin­tzak honda­tzen dituztenean.

j)    Arau-hauste oso larriak dira, halaber, larri­tzat har­tzen direnak, baina berreror­tzea dagoenean. Ondorio hauetarako, berreror­tzea dagoela joko da urtebeteko epearen barruan eran­tzule berak beste arau-hauste larriren bat egin badu eta behin betiko ebazpen judizialaz jada deklaratuta eta zigortuta badago.    

55. artikulua.    Arau-hausteen eran­tzu­leak.

1.    Foru arau honetan aurreikusitako arau-hausteen eran­tzu­leak izango dira tipifikatutako egin­tza bere kabuz edo beste norbaitekin batera, edo beste norbaitez baliatuz buru­tzen duten per­tsona fisiko edo juridikoak.

2.    Eran­tzu­leak izango dira bereziki per­tsona hauek:

a)    Arau-haustea zuzenean buru­tzen dutenak.          

b)    Ekin­tza hori agin­tzen duten per­tso­nak, egileak per­tsona horiekin kontratuko edo izatezko harremana duenean, eta betiere agindu-emaileekiko mendekotasuna froga­tzen bada.        

c)    Arau-haustea buru­tzeko ezinbestekoa den lagun­tza eman duten per­tso­nak.

3.    Arau-haustea buru­tzeko orduan parte hartu duten per­tso­nen parte-har­tze­aren maila zehaztea ezinezkoa denean, eran­tzu­kizuna solidarioa izango da, eran­tzu­kizunei aurre egin dieten per­tso­nek gainerako parte-har­tzaileen aurrean errepika­tzeko eskubideari ­utzi gabe.

56. artikulua.    Arau-hausteen preskripzioak.

1.    Arau-hausteak preskribi­tzeko epea bost urtekoa izango da oso larriak direnen kasuan; hiru urte, larriak diren arau-hausteetarako eta urtebete arau-hauste arinak direnean.

2.    Arau-haustearen preskripzio-epea zenba­tzen hasiko da arau-haustea egin den egunean bertan.

3.    Preskripzioa eten egingo da zigor­tzeko prozedurari hasiera ematen zaionean, interesatua jakinaren gainean dagoela.

Ustezko eran­tzu­leari ego­tzi ezin zaizkion arrazoiengatik prozedura gelditu bada, handik hilabete gehi egun batera abiatuko da berriro preskripzioa; halaber, modu berean jokatuko da prozedura amai­tzen den egunaren biharamunetik, baldin eta eran­tzu­kizun-adierazpenik ez badago.

Betearazteko prozeduraren helburua lor­tzera bidera­tzen den edozein jarduketa egiteak, helburu horren neurrikoa bada, galarazi egingo du prozedura gelditu­tzat ­jotzea, betiere organo eskudunak jarduketa hori erabaki badu eta behar bezala dokumentaturik badago.

57. artikulua.    Zigor­tzeko ahala.

Foru arau honetan aurreikusten diren arau-hausteen artetik Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskumenekoak direnak zigor­tzeko ahala bizikleta-bideen eskumena duen departamentuko organoari dagokio, aipatutako departamentuaren egitura organiko eta fun­tzionalari buruzko foru dekretuan ezarritakoari jarraituz.

58. artikulua.    «Non bis in idem» prin­tzi­pioa.

Aurretiaz bide penaletik edo administrazioaren bidetik zigortutako gertakariak ezin izango dira berriro zigortu, baldin eta subjektu, gertakari eta zuzenbide-oinarri bera badute.

59. artikulua.    Sailkapena.

Idazpuru honetan tipifikatutako arau-hausteen zigorra arau-hausteen larritasunaren araberakoa izango da, sailkapen honen arabera:

— Arau-hauste arinak: 30 eta 600 euro bitarteko isuna.

— Arau-hauste larriak: 601 eta 6.000 euro bitarteko isuna.

— Arau-hauste oso larriak: 6.001 eta 60.000 euro bitarteko isuna.

60. artikulua.    Heinekotasuna.

Aurreko artikuluan zehaztutako mugen barruan, zigorrak honako alderdi hauek kontuan izanda ezarriko dira:

a)    Egindako kaltearen larritasuna.

b)    Erruduntasun maila edo asmo txa­rra.

c)    Lehen ere arau-hauste bera egin izana, arau-haustea izaera bereko aurreko arau-haustea oraindik indargabetu ez den epean egiten bada.

d)    Arau-hausleak onura ekonomikoa atera izana.    

e)    Arau-haustearen ondorioz, herri-jabarian sortu den edo sor daitekeen arrisku objektiboa.

61. artikulua.    Zigorren preskripzioa.

1.    Arau-hauste oso larriak egiteagatik ezar­tzen diren zigorrak hiru urteren buruan preskribatuko dira; arau-hauste larriak edo arinak egiteagatik ezar­tzen diren zigorrak, aldiz, bi urteren eta urtebeteren buruan, hurrenez hurren.

2.    Zigorra ezar­tzen duen ebazpena administrazio-bidean irmo bihur­tzen den egunaren biharamunean bertan hasiko da zenba­tzen zigorraren preskripzio-epea.

3.    Preskripzioa eten egingo da betearazteko prozedurari hasiera ematen zaionean, interesatua jakinaren gainean dagoela. Zigortutakoari ego­tzi ezin zaizkion arrazoiengatik prozedura gelditu bada, handik hilabete bat gehi egun batera abiatuko da berriro preskripzioa, eta berriz ere epe osoa zenbatuko da.          

Betearazteko prozeduraren helburua lor­tzera bidera­tzen den edozein jarduketa egiteak, helburu horren neurrikoa bada, galarazi egingo du prozeduraa gelditu­tzat ­jotzea, betiere jarduketa organo eskudunak erabaki badu eta behar bezala dokumentaturik badago.

Epaileen erabaki batek eteten badu betearazpena, orduan­txe ere eten egingo da zigorraren preskripzioa; horrelakoetan, dagokion epea, oso-osorik, hasiko da berriro zenba­tzen, epaileen etena buka­tzen den egunaren biharamunetik aurrera.

62. artikulua.    Eran­tzu­kizunaren iraungipena.

1.    Honako kasu hauetan bukatuko da eran­tzu­kizuna:

a)    Zigortutako per­tsona fisikoa hil­tzen denean.

b)    Zigorra oso-osorik bete­tzen denean.

c)    Arau-haustea preskriba­tzen denean.

d)    Zigorra preskriba­tzen denean.

2.    Zigortutako per­tsona juridikoa desegin edo amai­tzen denetan, zigorra edo zigorrak betearazteko, jarraituko zaio arlokako administrazio-arauek edo zuzenbide pribatuan ezar­tze­koak diren araudiek diotenari.

III. ATALBURUA.  NEURRI OSAGARRIAK

63. artikulua.    Kaltea konpon­tzea eta kalte-ordainak.

1.    Kasu bakoi­tzean ezar­tze­koak diren zigor administratibo edo penalei kalterik egin gabe, arau-hausleak foru bizikleta-bideetan eta beren elementu fun­tzionaletan egindako kaltea konpondu beharko du zigorra ezar­tzen duen organoak zehaztutako eran eta baldin­tze­tan. Betebehar hori ez da preskribatuko herri-jabarian kalte egiten denean.

2.    Kalteak konpon­tze­aren helburua herri-jabaria bere lehengo egoerara itzul­tzea izango da, hau da, zigortutako arau-haustea egin baino lehen zuen eta araua haustearekin aldatu zen egoerara itzul­tzea. Egoera lehengora­tzea ezinezkoa denean, Administrazioak kalteari dagokion kalte-ordaina eskatu ahal izango du.

64. artikulua.    Her­tsa­tzeko isunak eta berearazte subsidiarioa.

1.    Arau-hausleek, aurreko artikuluan ezarritakoari jarraituz, egindako kaltea konpondu edo kalte-ordainak ordaindu ezean, eta errekerimenduak adierazitako epea bete eta gero, her­tsa­tzeko isunak edo berearazte subsidiarioa ezar­tzeko agindu ahal izango du zigorra ezar­tzen duen organo eskuduna.          

2.    Her­tsa­tzeko isunak aldian-aldian errepikatuko dira, agindutakoa bete­tzeko behar den tartea ­utzita, eta isunen zenbatekoa ez da izango arau-haustea egiteagatik ezarritako isunaren ehuneko 20 baino gehiago.

3.    Agindutako konponketa arau-hausleek bete­tzen ez dutelako Administrazioak bere gain har­tzen badu, arau-hausleen kontura egingo da.

IV. ATALBURUA.  ZIGORTZEKO PROZEDURA

65. artikulua.    Prin­tzi­pioak.

1.    Zigor­tzeko prozedura Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Komunari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen IX. Idazpuruan, II. Atalburuan adierazitako prin­tzi­pioak edo aipatutako atalburua ordezka­tzen duen Estatuko legediak ezarritakoa kontuan izanda burutuko da; hala ere, erreferen­tziazkoak izango dira ­otsailaren 20ko 2/1998 Legeak, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioen zigor­tzeko ahalmenari buruzkoak, III. Atalburuan ezarritako prin­tzi­pioak.

2.    Nolanahi ere, ezar­tze­koa izango da atal honetako artikuluetan aurreikusitakoa.

66. artikulua.    Administrazio-prozesua eta prozesu penala.

1.    Izapideen eran­tzu­kizuna duen per­tso­nak, prozedura egiteko edozein unetan, instrukziopean dauden gertakariek delitua edo hutse­gitea izan daitezkeela uste badu, ebazpena emateko organo eskudunari emango dio horren berri. Organoak izapidegilearen ustea bidezko­tzat ­jotzen badu, Ministerio Fiskalari jakinaraziko dizkio gertakari horiek, eta izapidegileari eskatuko dizkio egindako jarduketei buruzko argibideak.    

Halaber, administrazio-prozedurak bil­tzen dituen gertakarien gainean prozesu penala egiten ari dela jakin ondoren, Ministerio Fiskalari eskatuko zaio egindako jarduketei buruzko jakinarazpena. Bestalde, administrazio-prozedurak bil­tzen dituen gertakarien ondoriozko gertakarien gainean prozesu penala irekita dagoenean ere, horrelako beste jakinarazpen bat eskatu zaio Ministerioari.

2.    Ministerio Fiskalaren jakinarazpena jasotakoan, zigor­tzeko prozedura ebazteko organo eskudunak prozedura etetea erabakiko du, harik eta epaileek behin betiko ebazpena ematen duten arte.

3.    Nolanahi ere, epaileek ebazpen irmoan frogatu­tzat jotako gertakariek lotu egiten dituzte administrazio-organoak, bidera­tzen diren zigor­tzeko prozedurei dagokienez. Delitu edo hutse­gitea dagoela baie­tsi ez bada, organo eskudunak, egokia bada, zigor­tzeko prozedurarekin jarraituko du, baina kontuan hartuko ditu zigor­tzeko ebazpen judizial irmoan frogatu­tzat eman diren egin­tzak.

4.    Administrazioak ofizioz berraztertuko ditu ebazpen penalean frogatu­tzat jotako gertakarietan oinarri­tzen ez diren administrazio-ebazpenak, eta bat egin beharko du ofizioz berrazter­tzeko prozeduraren arauekin.

67. artikulua.    Prozedurara noiznahi sar­tzeko prin­tzi­pioa.

1.    Prozedurara noiznahi sar­tzeko prin­tzi­pioak indarra izango du prozedura osoan. Horretarako, interesatuek, prozedurako edozein unetan, eskubidea dute izapide­tzea zertan den jakiteko, eta bertan bil­tzen diren dokumentuen kopiak eskura­tzeko.

2.    Halaber, interesatuek, entzu­naldia izan baino lehenago, alegazioak eta bidezko­tzat ­jotzen dituzten dokumentu guztiak aurkeztu ahal izango dituzte.

3.    Bukatutako zigor-espedienteetan ager­tzen diren dokumentuak eskura­tzeko, arau izango da azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Komunari buruzkoak, 37. atalean xedatutakoa.

68. artikulua.    Organo eskudunak.

1.    Organo eskudunak izango dira Gipuzkoako Foru Aldundiaren egitura organiko eta fun­tzionalari buruzko foru dekretuetan zehazten direnak.

2.    Prozedura ebazteko organo eskudunek prozedurari hasiera emateko eskumena ere izango dute.

3.    Bizikleta-bideen eskumena duen departamentuan zigor­tzeko prozeduren izapideak egiteko unitate administratibo bereziren bat egonez gero, izapideak egitea unitate horretako fun­tzionarioen ardura izango da. Horrelako unitaterik ez badago, ardura hori departamentuko Idazkari­tza Teknikoko buruak edo, egokia bada, aipatutako idazkari­tzako beste fun­tzionario batek hartuko du bere gain.

4.    Instrukzioa egiteko ardura duen per­tso­nak ez du mendekotasun fun­tzionalik izango bere instrukzio-lana egiteko orduan eta instrukzioak irauten duen bitartean.

69. artikulua.    Interesatuak.

Inputatuez gain, interesatuak dira prozedura gizabanakoaren edo taldeko legezko eskubideen edo interesen titular gisa abiarazten dutenak.

70. artikulua.    Egozpen-aka­tsa.

Prozedura hasi eta gero, arau-haustearen eran­tzule izan daitezkeenak hasieran inputatutakoak ez baizik eta beste ­batzuk direla egiazta­tzen baldin bada, lehenengo inputatu horiek absolbi­tzen dituen ebazpena emango da eta bigarren inputatuei buruzko prozedura hasiko da, baldin eta inputatu berrien­tzat arau-haustea preskribatu ez baldin bada. Preskripzio-epea ez da etendako­tzat joko lehenengo prozedura tramita­tzen den bitartean, bertan egindako inputazio-aka­tsa bigarren prozedurako inputatuen erruz gertatu denean izan ezik, hau da, bigarren prozedurako inputatu horiek beren eran­tzu­kizuna saihesteko eragin garran­tzi­tsua izan dutenean lehenengo prozedurako inputazio-aka­tsean.

71. artikulua.    Ofizioz hastea.

1.    Zigor-prozedurak ofizioz hasiko dira organo eskudunaren erabakiaren bidez, beraren kabuz nahiz beste organo ­batzuek egindako eskaera arrazoituaren edo salaketaren ondorioz.

2.    Beste organoren batek eskaera arrazoitua egiten duenean, arau-hauste izan daitezkeen gertaeren kontaketa egin beharko du, eta honako xehetasun hauek adierazi beharko ditu: Tipifikazioa, zein egunetan edo zein denboralditan gertatu ziren eta, ahal izanez gero, ustezko eran­tzu­leen identifikazioa.

Eskaera arrazoitua egiten duen organoak bere esku dituen eskaeraren xedeari buruzko dokumentuak eta frogak aurkeztu beharko ditu, eskaera arrazoituarekin batera.

3.    Eskaera arrazoitua egitea ez da loteslea zigor­tzeko ahalmena duen organo titularraren­tzat; hala ere, zigor­tzeko ahalmena duen organoak eskaera arrazoitua egin duen organoari jakinarazi beharko dio prozedura ireki­tzea erabaki duen ala ez.

4.    Zigor-prozeduran, salaketak berak, besterik gabe, ez du bihur­tzen sala­tzailea interesatu.

Organo eskudunak salaketa egiten duen per­tso­nari prozeduran jakinaraziko dio prozedura irekiko duen ala ez eta, hala badagokio, prozedura horri amaiera emango dion ebazpena, sala­tzaileak horretarako eskubidea du-eta; horretaz aparte, sala­tzaileak ez du bestelako esku-har­tze­rik izango prozeduran.

72. artikulua.    Prozedura hasteko erabakia.

1.    Prozedura hasteko erabakiak eduki hauek izango ditu, ­gutxienez:

a)    Ustez eran­tzule den per­tso­naren edo eran­tzu­leak diren per­tso­nen identifikazioa.

b)    Prozeduraren hasiera arrazoi­tzen duten gertakariak, gertakari horiek izan dezaketen kalifikazio juridikoa, eta egokiak izan daitezkeen zigorrak.

c)    Prozeduraren izapidegilea, berak duen ezespen-erregimena adieraziz.       

d)    Prozedura ebazteko organo eskuduna eta eskumena ematen dion araua.

2.    Prozedura hasteko erabakiaren berri emango zaio izapidearen ardura duen per­tso­nari, eta halaber jakinaraziko zaie inputatuari eta gainerako interesatuei; era berean, interesatuei adi­tzera emango zaie hamabost eguneko epea dutela egoki irizten dieten alegazioak, dokumentuak edo informazioak aurkezteko, frogaldia ireki dadin eskaera egiteko eta egoki­tzat ­jotzen dituzten frogabideak proposa­tzeko.

Prozedura hasteko erabakiarekin batera prozedura ireki­tzeko eskabidea, salaketa edo eskabide arrazoitua aurkeztuko da, baita horiei eran­tsi zaizkien edo zigor­tzeko organo titularrak prozedura ireki­tzeko kontuan hartu dituen dokumentuak eta frogak ere.

73. artikulua.    Froga.

1.    Frogaldia irekiko da honako kasu hauetan:          

a)    Aurreko artikuluan ezarritako alegazioak bidera­tzean interesatuen arteko edozeinek hala eska­tzen duenean, horretarako frogabide zeha­tzak proposa­tzen baditu eta, betiere, izapideak egiteko ardura duen per­tso­nak frogabide horiek bidezko ­jotzen dituenean. Izapidegileak arrazoitu egingo ditu frogaldia ireki­tzeko eskabidea ez onar­tzeko eta froga jakinak ­atzera bota­tzeko har­tzen dituen erabakiak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Komu­naren azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 80. eta 137.4 artikuluak betez.

b)    Alderdi interesatuak eskabiderik egin ez arren, izapideak egiteko ardura duen per­tso­nak gertakariak argi­tzeko eta eran­tzu­leak zehazteko egokia dela uste duenean.       

2.    Frogaldiak hogeita hamar egun balioduneko iraupena izango du.

3.    Frogen praktika Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Komunaren azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 81. atalean ezarritakoaren arabera egingo da.

74. artikulua.    Ebazpen-proposamena.

Hala egokituz gero, frogaldia amaitu ondoren izapideak egiteko ardura duen per­tso­nak ebazpen-proposamena egingo du. Ebazpen-proposamen horrek honako eduki hauek izan beharko ditu:

A)    Arau-haustea eta eran­tzu­kizuna daudela irizten badio:

a)    Frogatu­tzat ­jotzen dituen gertakariak eta iri­tzi horren oinarri den frogaren balorazioa.

b)    Eran­tzule­tzat ­jotzen dituen per­tso­nak, aginduak eta iri­tziaren oinarri den frogaren balioespena.

c)    Arau-hausteak tipifika­tzen dituzten zein agindutan oinarri­tzen diren gertakariak, eta gertakari horiek arau-hauste­tzat ­jotzeko arrazoiak.

d)    Egoki iri­tzi dien zigorrak eta ondorio gehigarriak, zein agindutan oinarri­tzen diren, horretarako kontuan hartu dituen inguruabarrak, iri­tziaren oinarri diren aginduak eta frogen balioespena.

e)    Lehen zegoen egoera arau-hausteak zertan aldatu duen eta zein­tzuk diren arau-haustearen ondorioz eratorri diren kalte-galerak, ziurtatu­tzat ­jotzen direnean, eta baita iri­tzi horietarako arrazoiak, proposa­tzen diren konponbideak edo kalte-ordainak eta proposamen horien arrazoiak ere.

B)    Arau-hausterik eta eran­tzu­kizunik ez dagoela irizten badio:

a)    Iri­tzi hori frogak balioe­tsi direlako edo balioespen juridikoa egin delako hartu den zehaztu behar du eta, batean zein bestean, iri­tziaren oinarri diren arrazoiak azaldu behar ditu.

b)    Absolbi­tzeko proposamena.

75. artikulua.    Entzu­naldia interesatuei.

1.    Interesatuei ebazpen-proposamenaren berri emango zaie eta alegazioak aurkezteko hamabost eguneko epea dutela jakinaraziko zaie. Jakinarazpen horretan, halaber, adi­tzera emango zaie interesatuei epe horretan espedientea agerian jarriko dela, kon­tsul­tatu eta bertako dokumentuen fotokopiak egin ahal izateko.

2.    Entzu­naldiaren tramitea amaitu bezain laster, izapideak egiteko ardura duen per­tso­nak, prozedura ebazteko, ebazpen-proposamena aurkeztuko dio organo eskudunari, espedienteak dituen dokumentuekin, alegazioekin eta informazioekin batera.           

76. artikulua.    Epeak murriztea eta luza­tzea.

1.    Izapideak egiteko ardura duen per­tso­nak, arrazoiak emanez, eta aldeen kontrako jarrerarik egon ezean, frogaldiaren iraupena murriztu ahal izango du, egin beharreko frogen kopuruaren eta izaeraren arabera. Murriztu ahal izango ditu, halaber, foru arau honetan alegazioak bidera­tzeko ezar­tzen diren epeak. Murrizketa horrek ere arrazoitua izan beharko du eta honako arrazoi hauek ain­tzat hartuz ezarriko da: Kontuan hartutako gertakarien larritasunarenaren txi­kia, bertan sartutako gai juridikoen kopurua eta konplexutasun eskasa, eta izapidegileak tramiteak bidera­tzeko interesatuen esku jarri dituen dokumentuen eta frogen kopurua eta konplexutasuna.

2.    Izapideak egiteko ardura duen per­tso­nak alegazioak bidera­tzeko epea eta frogaldiaren iraupena luzatu ahal izango ditu. Luzapenak arrazoitua izan beharko du, behin bakarrik egin ahal izango da, eta foru arau honetan, dagokion artikuluan, ezarritako epearen iraupen berbera izango du gehienez ere. Luzapena beharrezkoa denean baino ez da egingo, hots, egin beharreko frogen kopurua eta izaera, egoera faktikoen eta aztertutako gai juridikoen konplexutasuna edo bestelako arrazoi garran­tzi­tsuak direla medio beharrezkoa denean gertakariak eta eran­tzu­kizunak behar bezala zehazteko eta inputatuen defen­tsa egokia berma­tzeko.

Luzapenak irauten duen bitartean, foru arau honen 79.4 artikuluan ezarritako sei hilabeteko epeak ez du aurrera egingo.

77. artikulua.    Errekur­tsoak.

Izapideak egiteko ardura duen per­tso­nak frogaldiaren ireki­tzea edo alderdiek proposatutako frogabideen praktika uka­tzea erabaki­tzen badu, errekur­tsoa aurkeztu ahal izango da administrazio-egin­tza horren aurka. Prozedura ebazteko eskumena duen organoaren aurrean aurkeztuko da errekur­tsoa, hiru eguneko epean. Organo eskudunak bestelako bidera­tze­rik gabe emango du ebazpena, hiru eguneko epean, eta eran­tzu­nik ematen ez badu errekur­tsoa gai­tze­tsi egin duela ulertu beharko da.

78. artikulua.    Ekin­tza osagarriak.

1.    Ebazpena eman aurretik, organo eskudunak erabaki ahal izango du, arrazoitutako erabakiaren bitartez, egoki iri­tzi dien ekin­tza osagarriak gauza­tzea prozedura eba­tzi ahal izateko.

Ekin­tza osagarriak hogei eguneko epean burutuko dira. Hala ere, epe hori murriztu edo luzatu ahal izango da, foru arau honen 76. artikuluan adierazitako arrazoiak direla eta.     

2.    Ekin­tza osagarriak burutu ondoren, interesatuen eskueran jarriko dira ekin­tza horien emai­tzak, bidezko iri­tzi diotena alegatu ahal dezaten, bost eguneko epean.          

3.    Hurrengo artikuluaren 4. zenbakian aurreikusitako sei hilabeteko epea geldiarazi egingo da ekin­tza osagarriak egitea erabaki­tzen duen ebazpena ematen denetik hasi eta artikulu honen 2. puntuan ezar­tzen den tramitea buka­tzen den arte.      

4.    Prozeduraren azken ebazpena eman aurrean bertan egiten diren derrigorrezko txos­tenak ez dira ekin­tza osagarri­tzat joko.

79. artikulua.    Prozeduraren ebazpena.

1.    Organo eskudunak ebazpen arrazoitua emango du, interesatuek aurkeztutako gai guztiei buruz eta prozeduraren ondorio diren gainerako gaiei buruz erabakiz. Prozedura erabaki­tzen duen ebazpenak foru arau honen 74. artikuluan adierazten den edukia jaso beharko du, ezar­tze­koa den oinarrizko legedian erabakitakoaz gainera.

2.    Erabakia har­tzeko eskumena duen organoak ebazpen-proposamenean azal­tzen diren gertakariak ńabartu edo beste ­batzuk kontuan hartu ahal izango ditu; baina, hori egiteko ezinbesteko baldin­tza izango da aldaketak aurreko artikuluan adierazitako ekin­tza osagarrien ondorio izatea, edo izapideak egiteko ardura duen per­tso­nak egindako frogei eta izapidegin­tzei emandako balorazioa bestelakoa izatea. Kasu bietan, ebazpena emateko organo eskudunak beren-beregi arrazoituko du aldaketa faktikoa ebazpenean.

Ez da aurreko paragrafoan adierazten den aldaketa­tzat joko, inolaz ere, prozeduraren hasierako xedearekin zerikusirik ez duten gertakariak prozeduran sar­tzea, gertakari berriak sar­tzea inputatuaren aldeko ekin­tza denean izan ezik.         

3.    Aurreko zenbakian adierazten den aldaketa faktikoaren edo ebazpen-proposamenean gertakariei eta inguruabarrei ezarritako bestelako kalifikazio juridikoaren ondorioz, ebazpena emateko organo eskudunak ebazten badu ez dela bidezkoa izapideak egiteko ardura duen per­tso­nak proposatutako absoluzioa onar­tzea edo izapidegileak iri­tzi­takoa baino zigor larriagoa ezarri beharra dagoela, hamar eguneko epea ­utzi beharko du ebazpena eman aurretik, interesatuek bidezko iri­tzi diotena alegatu ahal izateko edo, hala egokituz gero, aldaketa faktikoan kontuan izan diren gertakariei buruzko frogak egitea proposa­tzeko. Gauza bera egingo du arau-hausteak sortarazitako kaltea ebazteko proposamenean ezarritako kalte-ordainak handiagoa izan behar duela edo, kalte-ordainik ezean, ezarri beharra dagoela irizten badio. Tramite hori amaitu bezain laster ebazpena emango du eta alderdiei jakinaraziko die.

Aurreko paragrafoan ezarritako alegazio-epearen berri ematen duen eginbidean, zehatz-mehatz azaldu eta arrazoituko du organo eskudunak ebazpen-proposamenari egindako aldaketa, azken erabakia har­tzeko beharrezko­tzat ­jotzen duen aldaketa, alegia.

4.    Prozedura hasi eta hurrengo sei hilabeteetan ebazpena jakinarazten ez bada, ebazpen hori iraungita geratuko da 30/1992 Legeak ezar­tzen duen moduan. 

Sei hilabeteko epe hori geldiarazi egingo da foru arau honetan ezar­tzen den kasuetan eta, horrez gain, prozedura interesatuei egotz dakizkiekeen arrazoiengatik geldirik dagoen bitartean.

5.    Ebazpena betearazlea izango da administrazioaren bidean irmo bihur­tzen denean. Ebazpenean, hala balegokio, behar diren kautelazko xedapenak jarriko dira, betearazle ez den bitartean ebazpena eraginkorra izango dela berma­tzeko.

IV. IDAZPURUA

«GIPUZKOAKO BIDEGORRIAK» IZENDAPENA

80. artikulua.    «Gipuzkoako Bidegorriak» izendapena.

1.    Bizikleta-bideen sarearen hedapena arau­tze­arren, eta sare horren ezaugarri fun­tzional guztiak pixkanaka antola­tzeko xedez, «Gipuzkoako Bidegorriak» izendapena eta marka erregistratua sortu da. Helburua da izendapen bakar batek barnean har­tzea Gipuzkoako Lurraldean interesekoak diren eta ­gutxieneko ezaugarri fun­tzionalak dituzten bizikleta-bideak, foru jabe­tza­koak izan ala ez.           

2.    Bizikleta-bideen eskumena duen organoa izango da bizikleta-bidearen zati jakin bati izendapen hori emateko berariaz ahalmena izango duena.

3.    Aldundiak, udalek edo beste edozein titularrek egin ahal izango dute izendapena bidera­tzeko eskaria, betiere alderdi guztien interesa dagoenean eta alderdi guztien adostasuna lor­tzen denean.

4.    Egokiak izan litezkeen beste hobekun­tza ­batzuei kalterik egin gabe, izendapen hori eman aurretik, ezinbestekoa izango da bidegorrian jarriko diren seinaleak trafiko eta zirkulazioari buruzko araudiaren arabera eta foru Bizikleta Bideetako Seinaleen Katalogo Ofizialari jarraituz arau­tzea.    

5.    Bizikleta-bidearen zati jakin baten hedapena egitean, izendapena erabil­tzeko baldin­tzak, halaber, bizikleta-bideen eskumena duen organoak ere zehaztuko ditu.     

6.    Izendapen hori bizikleta-bideen eskumena duen organoak emanda eta baimenduta egon gabe erabil­tzea egokiak diren legezko ekin­tzak hasteko arrazoia izango da.      

V. IDAZPURUA

BIZIKLETAREN ERABILERA SUSTATZEA

81. artikulua.    Gipuzkoako Bizikletaren Estrategia

1.    Bizikleta-bideen eskumena duen organoak Gipuzkoako Bizikletaren Estrategia burutuko du.           

2.    Estrategia horrek definituko ditu Gipuzkoan bizikletaren eta bidegorrien erabilera susta­tzea helburu duten politikak eta jarduketa-ildoak. Halaber, honako hauek zehaztuko ditu: Hura gauza­tzeko behar diren baliabideak, denborazko programazioa, beste administrazio eta eragile ­batzuekin koordina­tzeko sistemak, eta ebalua­tzeko mekanismoak.

3.    Estrategia parte har­tzeko prozesua izango da, eta bertan administrazio, erakunde, gizartearen eta enpresaren esparruko eragile guztiek eta interesa duten herritarrek parte hartu ahal izango dute.

4.    Gipuzkoako Bizikletaren Estrategia 5 urtetik behin ­gutxienez berraztertuko da.

82. artikulua.    Gipuzkoako Bizikletaren Kon­tseilua.

1.    Gipuzkoako Bizikletaren Kon­tseilua Gipuzkoan bizikletarekin eta bizikleta bul­tza­tzen duen mugikortasunarekin zerikusia duten administrazio, erakunde, gizartearen eta enpresaren esparruko eragile guztiek kon­tsulta egiteko, aholkuak eska­tzeko eta adostasunak erdiesteko eta parte har­tzeko organoa izango da.

2.    Gipuzkoako Bizikletaren Kon­tseilua eratuko da bizikleta-bideen eskumena duen foru departamentuari atxi­kitako organo gisa.

3.    Honako hauek izango dira Gipuzkoako Bizikletaren Kon­tseiluak izango dituen eginkizunak:

a)    Gipuzkoako Bizikletaren Estrategia antola­tzeko eta berrazter­tzeko lagun­tza ematea.

b)    Gipuzkoako Bizikletaren Estrategiaren jarraipenean eta ebaluaketan parte har­tzea.

c)    Gipuzkoan garatutako mugikortasunari dagokionez, bizikletaren erabilera susta­tzen lagun­tzea.

d)    Foru sarekoak diren nahiz tokiko edo eskualdeko sarekoak diren bizikleta-bideetan, eta bizikletaz erosotasunez eta segurtasunez ibil­tzeko egokiak diren beste bide ­batzuetan, bizikletaren erabilera susta­tzen lagun­tzea.

e)    Jarduketak koordina­tzea eta esperien­tziak truka­tzea.       

f)    Kideen parte-har­tzea eta elkarren artean itunak egitea.

4.    Gipuzkoako Bizikletaren Kon­tseiluaren eginkizun zehatz, egitura, fun­tzionamendua eta osaera bizikleta-bideen eskumena duen organoak emandako erregelamenduan ezarritakoaren araberakoak izango dira.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Foru dekretu baten bidez eguneratuko dira foru arau honen 59. artikuluan aurreikusitako zigorren zenbatekoak, kon­tsu­moko prezioen indizeak izan ditza­keen aldaketak kontuan izanda.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

ARAUGINTZA EBALUATZEA

Bi urte igaro­tzen diren bakoi­tzean, Foru Arau hau indarrean sar­tzen denetik, Foru Aldundiak txos­tena bidaliko die ­Batzar Nagusiei Foru Arau honetako helburuak, aurreikuspenak eta aginduak nola bete diren azal­tzeko. Horrela, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzko Foru Arauak agindutakoaren arabera ganberak araugin­tza ebalua­tzeko duen fun­tzioa erraztuko du Foru Aldundiak.

XEDAPEN INDARGABE­TZAILEA

Indargabetuta gera­tzen dira Gipuzkoako Lurralde Historikoaren eremuan foru arau honen maila berekoak edo baxuagokoak diren eta bertan ezarritakoari aurka egiten dioten edo ezarritakoaren kontraesanetan dauden foru xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa: Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kon­tseilua ahalmenduta gera­tzen da foru arau hau gara­tzeko eta gauzateko behar diren xedapenak eman ­ditzan.   

Bigarrena: Foru arau hau indarrean sartuko da Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitara­tzen den egunaren biharamunean.