Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala

103. zenbakia Data 2004-06-02 10560 orria

4 GIPUZKOAKO LURRALDE HISTORIKOKO ADMINISTRAZIOA

GFA - DIPUTATU NAGUSIA
Maiatzaren 18ko 45/2004 FORU DEKRETUA, elkarbizitzan tratu txarreko biktimei edo/eta sexu-askatasunaren aurkako delitu posibleen biktimei laguntza psikologikoa arautzen duena.

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA

Maiatzaren 18ko 45/2004 FORU DEKRETUA, bizikidetzaren eremuan tratu txarrak hartu eta/edo sexu askatasunaren kontrako ustezko delituak jasan dituztenentzako Laguntza Psikologikoko Programa arautzekoa.

1999ko maiatzaren 18ko 53/99 Foru Dekretuaren bitartez babesik gabe daudenentzako laguntzen erregelamendua onartu zen. Izen orokor horren baitan laguntza desberdinak sartzen ziren, hala nola, arrisku egoeran dauden adingabeen familietan esku hartzea, sexu erasoen edo tratu txarren biktimentzako laguntza psikologikoa, larrialdiko harrera, eta abar.

Laguntza horietan eragina izan zuen 2001eko uztailaren 30eko 155/01 Dekretuak, gizarte zerbitzuen alorreko egitekoak zehaztekoak, aldaketa nabarmena eragin baitzuen ordura arte foru aldundien eta udalen artean erabili izan zen elkarlaneko sisteman.

155/2001 Dekretua indarrean sartu zenez geroztik, Babesik gabe daudenentzako laguntzen erregelamendua onartzeko Foru Dekretuan jasota zeuden laguntza batzuk udalek hartu dituzte beren gain eta beste batzuk foru aldundiei dagozkie, horien artean Laguntza Psikologikoko Programa. Horregatik, aurreko foru dekretua aldatu behar da orain, eta Aldundiaren eskumeneko programa horren araudia eguneratu.

Foru dekretu honen bitartez arautzen den programan, bizikidetzaren eremuan tratu txarrak hartu eta/edo sexu askatasunaren kontrako ustezko delituak jasan dituztenentzako laguntza psikologikoak jasotzen dira, bi fasetan bereizita, balorazio eta kontsultakoa lehena, eta esku hartzekoa bigarrena. Programaren araudian aurreikusita daude laguntzak eskatzeko eta emateko prozedura, onuradunek bete beharko dituzten eskakizunak, eta laguntza emango duten zerbitzu profesionalei kalitatearen aldetik ezartzen zaizkienak.

Hala, bada, foru dekretu honen xedea da 1999ko maiatzaren 18ko 53/99 Foru Dekretuan jasotako araudiaren zati bat indargabetzea, eta araudi berria ezartzea bizikidetzaren eremuan tratu txarrak hartu eta/edo sexu askatasunaren kontrako ustezko delituak jasan dituztenentzako Laguntza Psikologikoko Programari.

Horren indarrez, Giza Eskubideetarako, Enplegurako eta Gizarteratzeko Departamentuko foru diputatuak proposatuta eta Diputatuen Kontseiluak gaurko bileran erabakia hartu ondoren,

XEDATZEN DUT

1. artikulua.  Xedea.

Foru dekretu honen bitartez, bizikidetzaren eremuan tratu txarrak hartu eta/edo sexu askatasunaren kontrako ustezko delituak jasan dituztenentzako Laguntza Psikologikoko Programa arautzen da, programan zer laguntza sartzen diren zehaztuz, laguntzak eskatzeko eta emateko prozedurak ezarriz, eta onuradunek bete beharko dituzten eskakizunak, eta laguntza emango duten zerbitzu profesionalei kalitatearen aldetik ezartzen zaizkienak azalduz.

2. artikulua.  Programako laguntzen definizioa eta sailkapena.

Dekretu honetan arautzen den programaren xedea da bizikidetzaren eremuan –zehazki, afektu harremanetan sortzen den eremuan– tratu txarrak hartu eta/edo sexu askatasunaren kontrako ustezko delituak jasan dituztenei eta orobat erasotzaileei tratamendu terapeutiko espezifikoak ematea, eskatzen baldin badute. Saio terapeutikoak prestakuntza eta esperientzia klinikoa duten psikologoek emanak izango dira eta, behar izanez gero, bikotekideari eta seme-alabei ere emango zaizkie.

1.1.  Biktimarentzako laguntza psikologikoa:

1.1.1.  Lehen fasea, Azterketa eta Balorazioa: Azterketa, balorazioa eta proposamena egiteko hiru ordu izango dira, gehi udaletxeko gizarte zerbitzuekin koordinatzeko beste ordubete. Fase honetan, hasierako diagnostiko bat egingo da, eta hor zehaztuko da eskatzaileak bizikidetzaren eremuan tratu txarrak hartu eta/edo sexu askatasunaren kontrako ustezko delituak jasan dituen eta, ondorioz, tratamendu terapeutiko espezializatua berarentzat egokia den.

1.1.2.  Bigarren fasea, Tratamendu terapeutikoa: 45/60 minutuko 18 saio izango dira gehienez, gehi udaletxeko gizarte zerbitzuekin koordinatzeko ordubeteko bi saio. Kasu berezietan tratamendu saioen kopurua gehitu ahal izango da.

1.2.  Erasotzailearentzako laguntza psikologikoa:

1.2.1.  Lehen fasea, Azterketa eta Balorazioa: Azterketa, balorazioa eta proposamena egiteko hiru ordu izango dira, gehi udaletxeko gizarte zerbitzuekin koordinatzeko beste ordubete. Fase honetan, hasierako diagnostiko bat egingo da, eta hor zehaztuko da eskaera egin duen erasotzailearentzat tratamendu terapeutiko espezializatua egokia den.

1.2.2.  Bigarren fasea, Tratamendu terapeutikoa: 45/60 minutuko 18 saio izango dira gehienez, gehi udaletxeko gizarte zerbitzuekin koordinatzeko ordubeteko bi saio. Kasu berezietan tratamendu saioen kopurua gehitu ahal izango da.

3. artikulua.  Zerbitzu profesionalak.

Laguntza psikologikoa emango dutenak Psikologiako lizentziadunak eta Psikologia klinikoan prestatuak izan behar dute, Elkargoko kide izan eta profesional gisa gutxienez hiru urteko esperientzia eduki.

Dagokion elkargo profesionalak egiaztatu behar ditu aipatu diren eskakizunak eta, horretarako, eskakizun horiek betetzen dituzten profesionalen zerrenda alfabetikoa egingo du.

4. artikulua.  Onuradunak.

Programan jasotako laguntzen onuradun izan daitezke bizikidetzaren eremuan tratu txarrak hartu eta/edo sexu askatasunaren kontrako delituak jasan dituzten pertsonak, baldin bizilekua Gipuzkoan badute edo, Gipuzkoan jaioak izanik, familia elkarbiltzeko edo izaera sozialeko arrazoiak ematen badituzte.

Kasu berezietan, aurreko baldintzak bete gabe ere, laguntza eman ahal izango zaie bizikidetzaren eremuan tratu txarrak hartu eta/edo sexu askatasunaren kontrako delituak jasan dituzten pertsonei, baldin eta gertaerak Gipuzkoako Lurralde Historikoan gertatu badira.

Laguntza Psikologikoaren 1. fasea, Azterketa eta Balorazioa, hartzeko premia justifikatzeko, aldez aurreko salaketa egin izana erakusten duen edo lesioen berri ematen duen orria aurkez dezake interesatuak, baina, horien ordez, aski izango da Gizarte Zerbitzuen iritziz tratu txarren edo sexu askatasunaren kontrako ustezko delitu baten biktima izan denari laguntza hori eman beharra azaltzen duen txostena.

Laguntza Psikologikoaren 2. fasea, Tratamendu Terapeutikoa, hartzeko ere, aldez aurreko salaketa jarri izanaren edo lesioen berri emateko orriaren ordez, nahikoa izango da kasu honetan psikologoak egindako txostena, Azterketa eta Balorazioko fasearen ondoren egina eta laguntza hartzen hasi den pertsonari tratamenduarekin jarraitzea edo tratamendua etetea komeni zaion zehaztuko duena, txostenean argituko duelarik, lehen saioetan bildutako balorazio elementuetan oinarrituta, pertsona hori tratu txarren edo sexu askatasunaren kontrako delitu baten biktima izan ote den.

Foru dekretu honen ondorioetarako bizikidetzaren eremuko tratu txarra izango da, afektuzko harreman baten baitan sortzen dena, tratu txar fisikoa nahiz psikologikoa izan; eta tratu txar psikologikotzat hartuko da pertsonaren baliogabetzea edo sufrimendua dakarren eta oreka psikologikoa galarazterainoko giro txar eta iraingarria eragiten duen edozein ekintza edo jokabide, halabeharrekoa ez dena. Honako jokabide hauetakoren bat gertatzen dela egiaztatuko da: Mehatxuak, irain edo laidoak, obedientzia eskaerak, isolatzea, irteerak kontrolatzea, deskalifikazioak, dirua atxikitzea.

5. artikulua.  Prozedura.

5.1.  Eskaera.

Eskaera eskatzailea bizi den udalerriko Gizarte Zerbitzuetan aurkeztu behar da, inprimaki normalizatuan egina. Udaletxeko gizarte zerbitzuek laguntza beharraren balorazioa egingo dute.

Eskaera, udaletxeko gizarte zerbitzuek egindako azterketa eta balorazioko txostenarekin batera, Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideetarako, Enplegurako eta Gizarteratzeko Departamentura bidaliko da, han onartua izateko.

Kasu berezietan, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek larrialdiko kasu bezala baloratu badituztenetan, eskatzen den laguntza biktimari edo erasotzaileari azterketa eta balorazio faseko laguntza psikologikoa ematea baldin bada, alde batera utz daiteke Giza Eskubideetarako, Enplegurako eta Gizarteratzeko Departamentuak onarpena emateko tramitea, eta udaletxeko gizarte zerbitzuek erabaki ahal izango dute biktimak laguntza behar duela eta bidali ahal izango dute behar duen profesionalarengana. Horrelako salbuespena egiten den kasuetan, udaletxeko gizarte zerbitzuek hurrengo 72 orduen barruan bidali behar dute txostena Giza Eskubideetarako, Enplegurako eta Gizarteratzeko Departamentura.

5.2.  Tramitazioa.

Eskatutako laguntza tratamendu terapeutikoaren faseko laguntza psikologikoa baldin bada, eskaerarekin batera profesionalek egindako Esku Hartzeko Proiektua bidali behar da, bertan puntu hauek ageri direla:

—Eskatzaileak egina duela diagnostikoa, lehen fasean egindako azterketaren eta balorazioaren ondorioz.

—Diagnostiko horren arabera, bizikidetzaren eremuko tratu txarren eta/edo sexu askatasunaren kontrako ustezko delitu baten biktima dela.

—Tratamenduarekin zer helburu lortu nahi diren.

—Tratamenduaren helburuak lortzeko beharko diren saio terapeutikoen kopuru arrazoizkoa.

Eskaera jasotzean, Giza Eskubideetarako, Enplegurako eta Gizarteratzeko Departamentuak dokumentazioa egiaztatu eta kasua aztertuko du, eskatzaileak eskatutako laguntza edo laguntzak hartzeko baldintzak betetzen dituen jakiteko. Azterketa hori egindakoan, txostena egingo du eta Departamentuko organo eskudunari helaraziko dio, eskaria onartzen edo ukatzen duen ebazpena eman dezan. Ebazpena interesatuari eta udaletxeko gizarte zerbitzuei jakinaraziko zaie.

5.3.  Erabakitzeko epea.

1992ko azaroaren 26ko 30/92 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoarena eta Administrazio Prozedura Erkidearenak, 42. artikuluan ezartzen dituen ondorioetarako, ebazpena emateko eta jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, Giza Eskubideetarako, Enplegurako eta Gizarteratzeko Departamentuaren erregistroan eskaera sartzen den egunetik aurrera kontatuta. Epe hori igaro eta artean ez bada ebazpenik edo jakinarazpenik eman, administrazio isiltasuna ezestekoa dela ulertuko da, aipatutako legearen 44.1 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

5.4.  Jarraipena eta kontrola.

Kasu bakoitzean egindako esku-hartzearen jarraipena eta kontrola egitea Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideetarako, Enplegurako eta Gizarteratzeko Departamentuari dagokio, udal gizarte zerbitzuekin beharrezkoa den elkarlana alde batera utzi gabe.

Horrez gain, Departamentuak eskubidea du programaren aurrerabidea eta jarraipena zuzen eramatearren behar diren kontrol ekintza guztiak egiteko.

5.5.  Bukaera.

Baimenean adierazitako saio guztiak egindakoan bukatuko da tratamendua. Saio horiek burutu eta gero, artean aurreikusitako helburuak bete ez badira eta tratamendua luzatu behar dela uste bada, eskaera egingo zaio berriz Giza Eskubideetarako, Enplegurako eta Gizarteratzeko Departamentuari, saio kopurua gehitzeko baimena eman dezan. Nolanahi ere, saio gehigarriak ezingo dira izan Esku Hartzeko Proiektuan beharrezkotzat jotakoen %50 baino gehiago.

6. artikulua.  Laguntzak ordaintzea.

Laguntza onartua izan ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundiak honela ordainduko ditu profesionalen ordainsariak eta fakturak: Azterketa eta balorazio fasekoak esku-hartzea bukatzean, eta tratamendu fasekoak hiru hilean behin.

Profesionalak bere lana bukatzean, Tratamenduaren Amaierako Txostena aurkeztuko dio Giza Eskubideetarako, Enplegurako eta Gizarteratzeko Departamentuari, lanaren kontuarekin edo fakturarekin batera.

Lehen xedapen gehigarria.

Ekitaldi ekonomiko bakoitzean, foru dekretu honek arautzen duen Programako laguntzei dagozkien aurrekontu kredituak Gipuzkoako Lurralde Historikoko Aurrekontuak onartzeko Foru Arauaren bidez zehazten direnak izango dira.

2004ko ekitaldiari dagokionez, foru dekretu honetan jasota dauden laguntzak aurrekontuko 1.0820.200.480.00.03 partidatik finantzatuko dira, eta baimena ematen da xede horretarako 50.000 euroko gastua egiteko. Diru kopuru hori handitu edo txikitu ahal izango du gehitzen edo gutxitzen den zenbatekoaren arabera horretarako eskumena duen organoak.

Bigarren xedapen gehigarria.

2004. urterako, hauek izango dira laguntzetan ordainduko diren gehieneko kopuruak:

—Banakako saioa: 46,00 €.

—Bikoteko edo familiako saioa: 60,00 €.

—Koordinazio eta ebaluazioko ordua: 46,00 €.

—Banakoari buruzko aditu-txostena: 343,00 €.

—Epaiketara joatea: 219,00 €.

Xedapen indargabetzailea.

Indargabetuta gelditzen dira 1999ko maiatzaren 18ko 53/99 Foru Dekretuan, babesik gabe daudenentzako laguntzen erregelamendua onartzekoan, laguntza psikologikoko programari buruz dauden xedapenak eta, foru dekretu honetan esaten denaren kontrakoa edo beste zerbait dioten heinean, maila berekoak edo txikiagokoak diren xedapen guztiak.

Amaierako lehen xedapena.

Ahalmena ematen zaio Giza Eskubideetarako, Enplegurako eta Gizarteratzeko Departamentuko diputatuari foru dekretu hau garatzeko eta betetzeko behar diren xedapen eta egintza guztiak agintzeko eta, bereziki, ekitaldi bakoitzeko aurrekontuko baliabideak kontuan hartuta bigarren xedapen gehigarrian ezarritako zenbatekoak eguneratzeko.

Amaierako bigarren xedapena.

Foru dekretu hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondorengo egunean jarriko da indarrean.

Donostia, 2004ko maiatzaren 18a.

DIPUTATU NAGUSIA,
Joxe Joan Gonzalez de Txabarri Miranda.

GIZA ESKUBIDEETARAKO, ENPLEGURAKO
ETA
GIZARTERATZEKO
D
EPARTAMENTUKO
F
ORU DIPUTATUA,
María del Carmen Marín Guruceaga.

(5342) (5101)