Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala

179. zenbakia Data 2003-09-22 17001 orria

3 GIPUZKOAKO LURRALDE HISTORIKOKO XEDAPEN OROKORRAK

GFA - LANDA INGURUNEAREN GARAPENA
2003ko irailaren 9ko Foru Agindua, Gipuzkoako Lurralde Historikoko ehiza ustiapenerako igarobide tradizionaletan uso migratzaile eta birigarroak ehizatzeko araudiari buruzkoa.

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA

LANDA INGURUNEAREN GARAPENERAKO DEPARTAMENTUA

2003ko irailaren 9ko FORU AGINDUA, Gipuzkoako lurralde historikoko aprobetxamendu komuneko ehiza lurretan kokaturiko ohiko pasabideetan uso migratzaileen ehiza arautzen duena.

Ehiza Legeak (1970ko apirilaren 4ko 1/70 Legeak) 23.4.a) artikuluan aurreikusten du zenbait ehiza modalitate arautzeko xedapen bereziak eman ahal izango direla eta horien artean aipatzen du ohiko pasabideetan usoak ehizatzeari buruzkoa. Aurreikuspen hori Ehiza Erregelamenduak ere (1971ko martxoaren 25eko 506/71 Dekretuak) jasotzen du, 25. artikuluko 6 eta 7. ataletan; 7. atalak adierazten du ohiko pasabideetan uso migratzaileen ehiza arautzerakoan, jasota geratu beharko direla postuen kokapena, horien arteko gutxieneko distantzia, ehiza garaiak eta postu horiek erabiltzeko eskubidea.

Aurreikuspen horiekin bat etorriz eta ehiza baliabideen aprobetxamenduan lurralde historiko honek dauzkan ahalmenen arabera (Autonomi Elkarte Osoko Erakundeen eta Herrialde Historikoetako Foru Organoen arteko Harremanei buruzko 1983ko azaroaren 25eko 27/83 Legearen 7.b.3 artikulua), Nekazaritza eta Arrantza Departamentuko foru diputatuak 1987ko irailaren 28ko Foru Agindua eman zuen, Gipuzkoako lurralde historikoaren aprobetxamendu komuneko ehiza lurretan kokaturiko ohiko pasabideetan uso migratzaileen ehiza arautu zuena.

Foru agindu horretan jasotako araudia garatzeko Mendi eta Izadizaintzako Zuzendaritza Nagusiak 1995eko irailaren 22ko ebazpena eman zuen eta horren bidez zehaztu zen lurralde historikoko udalerrietako zein alde hartzen ziren ofizialki ohiko pasabidetzat.

Landa Ingurunearen Garapenerako Departamentuak 2003ko ekainaren 9ko Foru Agindua argitaratu zuen, Gipuzkoako lurralde historikoaren aprobetxamendu komuneko ehiza lurretan kokaturiko ohiko pasabideetan uso migratzaileen ehiza arautuz, guneen antolaketa argitu, ehiztariei antolaketa hobeto ezagut dezaten horren berri eman eta ehiza mota horretan aritzeko ehiztariek dituzten interesen eta postuak kokatzen diren lur jabeen arteko oreka lortzeko.

Hori horrela bada ere, departamentu honek kudeaketa arazo handiak aurkitu ditu foru agindu hori ezartzeko orduan, ohiko pasabideen funtzionamenduaren bideragarritasuna arriskuan jar dezaketenak. Kontuan eduki behar dira Gipuzkoaren lurraldearen ezaugarriak: Gizakiez oso betea eta ehiztari talde handikoa, eta ezaugarri horiek ikusita beharrezko da ehiza modalitate nagusia, hau da, ehiza xehea, udazkeneko migrazio garaian postu tinko batetik egiten dena egiteko, behar bezala antolatu eta kudeatuta edukitzea Gipuzkoan dauden ohiko pasabide ugariak.

Hori dela eta, 1983ko azaroaren 25eko 27/83 Legearen 7.b.3 artikuluak xedatutakoaren arabera, Landa Ingurunearen Garapenerako Departamentuak alor horien gainean dituen eskumenak erabiliz, honako hau,

XEDATU DUT

1. artikulua.Gipuzkoako ohiko pasabide eta postuen erregistroa.

Gipuzkoako ohiko pasabide eta postuen erregistroa eratu da, Gipuzkoako Foru Aldundiko Landa Ingurunearen Garapenerako Departamentuari esleituta. Erregistro horretan sartuko dira foru agindu hau aplikatuko zaien pasabide eta postu guztiak.

Erregistro hori publikoa izango da eta, gutxienez, ondoko informazioa jasoko du:

1.  Ohiko pasabideei dagokienez:

—Izena.

—Udalerria.

—Baimendutako aldia.

—Baimendutako postu kopurua.

—Elkarte kudeatzailea.

2.  Postuei dagokienez:

—Postuaren zenbakia.

—Kokapen geografikoa.

2. artikulua.Lurraldearen antolaketa.

Erregistroaren antolaketa Basozaintzako eta Natura Inguruneko Zerbitzuaren zeregina izango da. Zerbitzu horri zuzendu behar zaizkio pasabideak eta postuak sartu edo ateratzeko eskaerak eta zerbitzu horrek berak erabakiko ditu eskaera horiek, ehiza ahalik eta ondoen kudeatzeko jarritako irizpideei jarraituz.

Erregistroan pasabideak eta ehiza postuak sartu edo bertatik kentzeko eskaerak Gipuzkoako Ehiza Federazioak edota lursailen jabeek, edo beste interesatu batzuek ere, egin ahal izango dituzte. Basozaintzako eta Natura Inguruneko Zerbitzuak egindako eskaerak erabakiko ditu, eskatzaileari hartutako erabakiaren berri emanez, eta erregistroan sartuz, horrela egin behar denean.

3. artikulua.Jabeen baimena.

Ehizean aritzeko eta erregistroan jasotako pasabideak eta postuak antolatzeko Gipuzkoako Ehiza Federazioak, pasabidearen kudeaketaz arduratzen den elkartearen bidez, dagokien lurjabeen baimena eskuratu behar du postuak jartzeko.

Jabeak ez badu aurreko paragrafoan adierazitako baimenik berariaz eman nahi, postu horiek baliogabetzat joko dira ohiko pasabideko ehiza modalitatean erabiltzeko.

Landa Ingurunearen Garapenerako Departamentua artikulu honetan xedatutakoa betetzeaz arduratuko da, ohiko pasabideetako ehiza behar bezala baimendutako eta erregistroan jasotako postuetan bakarrik egiten dela egiaztatuz.

4. artikulua.Lurjabeei kalte-ordaina ematea.

Gipuzkoako Ehiza Federazioak eta pasabideak kudeatzen dituzten elkarteek kalte-orainak eman behar dizkiete lurren jabeei postuak jartzeko baimena eman dutelako eta ehizatzen ari direla kalteak egin ditzaketelako.

Gipuzkoako Ehiza Federazioak baimendutako pasabide bakoitzean erabakitako konpentsazio neurrien eta postuak jarrita dauden lursailen jabeekin egindako akordioen berri eman behar dio Landa Ingurunearen Garapenerako Departamentuari.

5. artikulua.Kokapena eta segurtasun distantziak.

Tokian tokiko usadio eta ohituren arabera, tiroketa postuak mendikateen gailurretan edo mendi magaletako goi lekuetan egongo dira, eta tokirik egokienetan ehiza ahalik eta hobekien aprobetxatu ahal izateko, eta erregistroan sartutakoez gain ezingo da bestelako posturik jarri.

Lerroan kokaturiko postuen artean 50 metroko tartea utzi behar da gutxienez, segurtasun guneetan sartu gabe. Postu lerroaren aurrealdean, pasabidea nondik norakoa den, ezingo da ehizan aritu, ez eta 500 metroan eskopetarekin ibili ere, eta gauza bera atzealdetik 120 metroan. Era berean, baimendutako postu bakoitzean ezingo dira kargatutako bi eskopeta baino gehiago eduki.

6. artikulua.Antolakuntza eta zozketa.

Gipuzkoako Ehiza Federazioa arduratuko da ohiko pasabideen kudeaketaz, eta horretarako Gipuzkoako ehiza elkarteen laguntza jasoko du.

Horrenbestez, pasabideen antolakuntza eta zozketa kokaturik dauden udalerriko ehiza elkarteen esku egongo da. Udalerri berean elkarte bat baino gehiago balego, Gipuzkoako Ehiza Federazioak erabakiko du zein elkartek antolatuko duen zozketa lerro bakoitzean, haien antzinatasuna eta tradizioa kontuan hartuz. Ehiztarien elkarteak ez badu egiten, edo lerroa antolatu eta zozketa egiteko gaitasunik ez badu, haren ordez Gipuzkoako Ehiza Federazioak egin dezake. Baldin eta udalerrian ehiztarien elkarterik ez badago, Ehiza Federazioak erabakiko du mugakide diren udalerrietako zein elkartek edo federazioak berak hartuko duen bere gain postuen lerroa.

Baldin antolaketa eta zozketa egitean interesatuen artean desadostasun gaindiezinak eta ehiza postuen erabilera ordenatuan gorabeherak izateko arriskua dagoela ikusten bada, Basozaintzako eta Natura Inguruneko Zerbitzuak hartu beharreko neurriak hartuko ditu postuak antolatzeko.

Lehen aipatutako ehiza elkarteak ez badu Lurraldeko Debekualdien Urteko Aginduan zehaztutako pase garaian eta artikulu honetan aurreikusitako moduan postuen antolakuntza eta zozketa egiten, ezingo dira baimendutako postutzat hartu.

Antolakuntzaz arduratzen den entitateak foru agindu honetan ezarritako guztia betetzen dela zainduko du eta Basozaintzako eta Natura Inguruneko Zerbitzuari jakinaraziko dizkio ikusten dituen irregulartasun eta arau-hauste guztiak.

7. artikulua.Eraikuntza.

Erregistroan ezarritakoaren arabera zenbakiturik egon behar dute postuek eta antolaketaren ardura duen erakundeak eraiki egin behar ditu, Basozaintzako eta Natura Inguruneko Zerbitzuak gainbegiratuz alderdi tekniko eta estetikoei dagokienez.

8. artikulua.Kuotak.

Postuen eraikuntzak eta/edo konponketak eta horien antolakuntzak eta zozketak sortutako gastuak indemnizatzearren, erakunde antolatzaileek kuota bat ezar dezakete eguneko eta postu bakoitzeko, sortutako gastuen araberakoa. Horiek ikusita eta denboraldi bakoitza hasi aurretik, Gipuzkoako Ehiza Federazioak proposamen bat aurkeztuko dio Basozaintzako eta Natura Inguruneko Zerbitzuari, onar dezan, eta bertan kuotak, ordutegiak eta zozketari buruzko gainerako argibideak azalduko ditu.

9. artikulua.Zozketaren aldizkakotasuna, lekua eta eratzeko modua.

Zozketak egunero egingo dira pase garaian eta erakunde antolatzaileak izendatutako lokal edo lekuetan. Zozketa egiterakoan behar bezala dokumentaturiko ehiztari guztien aukera berdintasuna errespetatu behar da.

10. artikulua.Postuaren frogagiria.

Zozketan postua tokatu zaion ehiztariak, zozketa egin eta berehala jasoko duen frogagiria aldean daramala egon behar du postuan eta zaintza lanetan aritzeko ofizialki gaituriko pertsonak eskatzen badio hura erakustera behartuta dago. Frogagiri horrek adierazitako egun osoan zehar ehizan aritzeko eskubidea ematen dio eta gehienez ere lagun bat eramateko.

11. artikulua.Arau hausteak.

Ehiza eta ibai arrantzako arau-hauste administratiboei buruzko EHAEko 1989ko apirilaren 13ko 1/89 Legearen 1.2.18 artikuluak ezarritakoaren arabera zigortuko dira foru agindu honen aurkako arau-hausteak, 1994ko abenduaren 22ko Foru Aginduaren bidez egindako eguneratzeari jarraituz, edota, gertatuz gero, horien ordez emandako arautegian ezarritakoaren arabera.

12. artikulua.Eskumena.

Basozaintzako eta Natura Inguruneko Zerbitzua eskuduna izango da foru agindu hau aplikatu, garatu edo interpretatzean sor litezkeen auziak konpontzeko.

Xedapen derogatzailea.

Indargabeturik geratzen dira foru agindu honetan eta bereziki Gipuzkoako lurralde historikoko aprobetxamendu komuneko ehiza lurretan kokaturiko ohiko pasabideetan uso migratzaileen ehiza arautzen duen 2003ko ekainaren 9ko Foru Aginduan erabakitakoaren kontra doazen xedapenak.

Donostia, 2003ko irailaren 9a.—Nuria López de Guereñu Ansola, foru diputatua.

(8862) (9709)