Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala

177. zenbakia Data 2003-09-18 16909 orria

7 UDAL ADMINISTRAZIOA

PASAIAKO UDALA
Pasaia Musikal Fundazioaren estatutuak. Behin betiko onespena.

PASAIAKO UDALA

Iragarkia

Pasaia Musikal Udal Fundazioaren Estatu berriak onetsiz Udal Batzarrak 2003ko apirilaren 29an hartu zuen erabakia jendeurrean egon den arauzko epean inolako alegaziorik aurkeztu ez denez, aipatu erabakia behin-betikotzat joko da eta Testu Bategina argitara eraman, Toki-Jaurpideko Oinarriak Arauzkotzen dituen apirilaren 2ko 7/85 Legeak bere 70.2 artikuluan adierazten duena beteaz.

Pasaia, 2003ko irailaren 8a.—Alkatea. (9638)

«PASAIA MUSIKAL», PASAIAKO UDALAREN
MUSIKA-FUNDAZIO PUBLIKOA


ESTATUTUAK

HITZAURREA

«Pasaia Musikal» Pasaiako Udalaren musika-fundazio publikoa 1990ean sortu zen Pasaiako udal-barrutietan musikaren kultura eta irakaskuntzari dagokionez zeuden errealitate desberdinei erantzuteko asmoz. Urteek aurrera egin ahala erakundea finkatuz eta, horrekin batera, ematen dituen zerbitzuak eta eskaintzak hobetuz joan dira. Musika ulertzeko moduetan berriz, aldaketak gertatu dira, bai musikaren irakaskuntzaren eskumena daukan legeria eta bai hainbat legezko xedapen orokor nabarmen aldatu direlako. Hori eta urteetan zehar hartutako esperientzia direla eta, Fundazioaren hasierako estatutuak zaharkituta gelditu dira, eta beharrezkoa da aldatu eta berriz idaztea.

1. KAPITULUA

ZERBITZU-FUNDAZIO PUBLIKOA

ESKUMENA

1. artikulua.

Pasaiako Udalak, udalerriaren esparruan musikaren kultura eta irakaskuntza eskaintzeko asmoz, zerbitzu-fundazio publiko bat sortzea erabaki zuen.

Instituzioaren izena «Pasaia Musikal» da.

NORTASUN JURIDIKOA ETA HELBIDEA

2. artikulua.

Erakundea Zerbitzu Fundazio Publiko moduan eratu zen legez, eta berezko nortasun juridikoa nahiz jarduteko erabateko gaitasun juridikoa ditu.

Fundazioaren helbidea ondorengoa da: Trintxer Jauregia. Donostia kalea z/g, Pasaia.

HELBURUAK

3. artikulua.

Fundazioak helburu hauek ditu:

a)Pasaiako Udalerrian oro har musikaren kultura eta bereziki bertako musika sustatu eta bultzatzea.

b)Musika-eskolaren eta hori legez ordezkatzen duen erakundearen bidez musikaren irakaskuntzari eustea eta irakaskuntza hori garatzea.

c)Bestelako musika-erakundeekin elkarlanean aritzea musika hedatu eta zaletasuna garatzeko asmoz.

d)Aurkitzen diren musika-balore berrien heziketa zaintzea unean-uneko aukeren araberako laguntza morala eta materiala emanez.

e)Fundazioaren helburu nagusia betetzeko lan interesgarria egiten duten edo egingo duten musika-talde eta abesbatzak sortzea eta sortuta daudenei laguntzea.

f)Fundazioaren helburuak lortzen laguntzen duten kontzertu, hitzaldi, argitalpen eta bestelako jarduerak antolatzea.

g)Musika-kultura eta musika-jardueren esparruan Udalak eskuratutako edo etorkizunean eskuratzen dituen eskumen guztiak erabiltzea.

II KAPITULUA

AGINTE, ADMINISTRAZIO, AHOLKULARITZA ETA PARTAIDETZAKO ORGANOAK

4. artikulua.

Organo hauek ezarriko dira:

Zuzendaritza Batzordea, Musika-kulturako Kontseilua, barrutietako musika-kontseiluak, eta Musika Eskolako Kontseilua.

5. artikulua.  Zuzendaritza Batzordea.

Fundazioko agintea eta administrazio-lanak Zuzendaritza Batzordearen esku egongo dira, baina gainontzeko organoei dagozkien ahalmenei kalterik egin gabe.

6. artikulua.

Zuzendaritza Batzordea osatuko dutenak ondorengoak izango dira:

Batzordeburua:

—Pasaiako Udaleko alkatea edo hark eskuordetzen duen zinegotzia.

Batzordekideak:

—Udala osatzen duten talde politikoetako ordezkari bana.

—Musika-kulturako Kontseiluko lau kide.

—Musika Eskolako Kontseiluko ordezkari bat.

—Fundazioko administrazio-zuzendaria, hitz egiteko eskubidearekin baina botoa emateko eskubiderik gabe.

—Musika Eskolako pedagogia-zuzendaria, hitz egiteko eskubidearekin baina botoa emateko eskubiderik gabe.

—Langileen ordezkari bat, hitz egiteko eskubidearekin baina botoa emateko eskubiderik gabe.

Idazkaria:

—Udal-idazkaria edo hark esku-ordetzen duen pertsona.

Kontu-hartzailea:

—Udaleko kontu-hartzailea edo hark eskuordetzen duen pertsona.

7. artikulua.  Musika-kulturako Kontseilua.

Zuzendaritza Batzordeari musika-kulturaren arloko aholkularitza ematea eta barrutietako musika-kontseiluak dinamizatzea dira Musika-kulturako Kontseiluaren egiteko nagusiak.

Ondoren aipatzen diren kideak izango ditu Musika-kulturako Kontseiluak:

Kontseiluburua:

—Pasaiako Udaleko ordezkari bat, kulturako zinegotzi ordezkaria normalean.

Kontseilukideak:

—Barruti bakoitzeko musika-kontseiluko ordezkari bana: Pasai Antxokoa, Pasai San Pedrokoa, Trintxerpekoa eta Pasai Donibanekoa.

Idazkaria:

—Udaleko kultura-teknikaria.

8. artikulua.  Barrutietako musika-kontseiluak.

Barrutietako musika-kontseiluei dagokie barruti bakoitzean sortzen diren musika-ekimenak biltzea eta urteko musika-jardueren plangintza egitea.

Hauek izango dira barrutiko musika-kontseilu bakoitzeko kideak:

Kontseiluburua:

—Barrutiko zinegotzi ordezkaria.

Kontseilukideak:

—Barrutiko musika- edo kultura-elkarte bakoitzeko ordezkari bana.

Idazkaria:

—Kontseilua osatzen dutenek aukeratuko dute bertako kideen artetik.

9. artikulua.

Ondorengo baldintzak betetzen dituzten elkarte guztiek izango dute barrutietako musika-kontseiluetako partaide izateko aukera:

a)Irabazi-asmorik gabeko musika-jardueretan aritzea.

b)Pasaiako udalerrian kokatuta egotea eta garatzen duen hezkuntza-jarduera Pasaiako herriari zuzendua egotea.

c)Musika-kulturako Kontseiluak onetsi eta onartuak izatea.

10. artikulua.Musika Eskolako Kontseilua.

Bere funtzionamendua aztertu eta Zuzendaritza Batzordeari hobekuntzak proposatzea dagokio Musika Eskolako Kontseiluari.

Kide hauek izango ditu Musika Eskolako Kontseiluak:

Kontseiluburua:

—Fundazioko administrazio-zuzendaria edo berak eskuordetzen duen pertsona.

Kontseilukideak:

—Musika Eskolako pedagogia-zuzendaria.

—Musika Eskolako bi irakasle.

—Eskolako ikasleen bi ordezkari.

—Eskolako ikasleen gurasoen bi ordezkari.

Idazkaria:

—Kontseilua osatzen dutenek aukeratuko dute betako kideen artetik.

11. artikulua.

Fundazioa osatzen duten organoetako kide guztien agintaldia Udaleko legealdiak irauten duenaren berdina izango da, baina edozein momentutan luzatu ahal izango da.

12. artikulua.

Organo guztietako buru eta kide karguak ohorezkoak eta doakoak izango dira.

13. artikulua.

Uko egin, gaixo egon, hil, kanpoan egon edo bestelako arrazoiak direla eta karguren bat hutsik gelditzen bada, berehala jakinarazi beharko zaio Udalbatzari eta Kontseiluari, dagozkien neurriak har ditzaten eta estatutu hauetan ezarritakoei jarraituz kargudun horien ordezkariak izenda ditzaten.

ESKUMENAK

14. artikulua.

Zuzendaritza Batzordeari egiteko hauek dagozkio:

a)Lege-xedapenei jarraituz barne-erregimeneko arauak eta zerbitzu-erregelamendua onestea eta Udalari bidaltzea hark behin betiko onets ditzan.

b)Zerbitzuari atxikitako ondasunak erabiltzea, eta zerbitzua hobetzeko egin beharreko obrak egitea.

c)Doako eskuratzeak egitea, eskuratu ahal izateko kostu-bidezko baldintzaren bat dagoenean izan ezik, kasu horietan Udalaren onespena beharko baita.

d)Zerbitzua garatzeko eta instalazioak behar bezala zaintzeko material suntsigarria, lanabesak, tresnak eta bestelako ondasunak eskuratzea hornidura-kontratuen edo merkataritzako salerosketa-operazioen bidez.

e)Ondasun higikor guztien eskurapen, antolamendu eta trukeari dagozkion negozio juridikoak egilestea eta erabiltzen ez diren gauzak, hondar-soberakinak, baztertutakoak eta antzekoak zuzenean besterentzea.

f)Zerbitzuari atxikitako ondasunak aprobetxatzeagatik emakidak egitea Udalak bere onespena eman ondoren.

g)Zerbitzuaren erregimen eta administrazioari dagozkion zeregin berezietarako ordezkaritzak eta eskuordetzak egitea.

h)Fundazioaren urteroko aurrekontua egin eta onestea, eta ondoren Udalaren osoko bilkurara bidaltzea han bideratu eta onets dezaten.

i)Zerbitzuari atxikitako langileen plantilak egin eta onestea. Plantiletan sarrerak aipatu behar dira, eta horrez gain izendapen, zuzenketa, sari eta bereizteak azalduko dira. Bestalde, edozein motatako erakundeekin zerbitzuen errentamendu-kontratuak hitzartu eta hitzarmenak sinatu ahal izango dira langile zehatz batzuen zerbitzuak lortzeko.

j)Fundazioaren gaitasun juridikoaren arabera (Estatutu hauetako 20. artikuluan ezarrita dago gaitasun hori) egin ditzakeen edozein motatako jarduerak.

k)Inbentarioa egin eta eguneratuta edukitzea urteroko zuzenketaren bidez.

l)Herriko musika-jarduerak sustatu eta koordinatzea.

m)Musika-hezkuntzako jarduerak sustatu eta koordinatzea.

n)Musika- eta bokazio-norabideratzearen zerbitzuak sustatzea.

o)Helburuak betetzeko eta Fundazioaren ohiko martxarekin jarraitzeko beharrezkoak diren bestelako ahalmenak.

15. artikulua.

Musika-kulturako Kontseiluaren egitekoak ondorengoak izango dira:

a)Barrutietako musika-kontseiluek proposatzen dituzten edonolako musika-ekimenak jakinarazi eta proposatzea Zuzendaritza Batzordeari.

b)Fundazioaren egitasmoen jarraipena eta kontrola egitea.

c)Musika eta kultura arloko talde edota elkarteek egiten dituzten proposamenak Batzordera eramatea han eztabaida daitezen.

16. artikulua.

Barrutietako musika-kontseiluen egitekoak ondorengoak izango dira:

a)Musikaren inguruko ardura duten erakunde eta pertsona guztien parte-hartzea ahalbidetzea.

b)Hiritarren iradokizunak aztertu eta Musika-kulturako Kontseilura eramatea han eztabaida ditzaten.

17. artikulua.

1.Zuzendaritza Batzordeak hiru hiletik behin egingo du ohiko batzarra.

2.Ez ohiko batzarrak egingo ditu batzordeburuak beharrezkotzat jotzen duenean edo hitz egiteko eta botoa emateko eskubidea duten kideen erdiak baino gehiagok eskatzen dutenean.

18. artikulua.

Ohiko eta ez ohiko batzarretarako deialdiak batzordeburuaren aginduz egingo dira batzarra baino gutxienez 48 ordu lehenago, eta deialdiarekin batera eztabaidatuko diren gaien zerrenda banatuko da.

19. artikulua.

1.Batzarrak lehenengo deialdian hasiko dira hitz egiteko eta botoa emateko kideen erdia baino gehiago bertan baldin badaude.

2.Erabakiak gehiengoarekin hartuko dira, eta berdinketarik baldin badago, batzordeburuak hautsi beharko du bere kalitatezko botoarekin.

3.Gai-zerrendan sartuta ez dauden gaiak eztabaidatzeko, presakoak direla adierazi beharko da aurretik, eta presakotzat jotzeko, partaideen legezko kopuruaren erdia gehi baten aldeko botoa beharko da.

20. artikulua.

Zuzendaritza Batzordearen batzarrera batzordeburua joaten ez denean, adinez nagusiena den udal-ordezkaria izango da batzarreko buru. Edonola ere, batzarra balioduna izan dadin, idazkariak edo legezko bere ordezkariak egon beharko du bertan.

21. artikulua.

1.Batzar bakoitzaren ondoren akta egingo da. Datu hauek azalduko dira aktan: Dagokien organoek hartutako erabakiak, batzarra egiteko tokia, eguna eta hasi eta bukatzeko ordua, batzordeburuaren eta batzarrean izandako kideen izen-abizenak, eta hala dagokionean, batzarrean izandako baina batzordekideak ez direnen izen-abizenak, eztabaidatutako gaiak, eta emandako iritzien laburpena.

2.Aktak batzordeburuaren eta idazkariaren sinaduren bidez baimendu, ondoren behar bezala artxibatu eta dagokien organoetako kideei bidaliko zaizkie.

22. artikulua.

1.Zuzendaritza Batzordeko botazioak arruntak, izendunak edo sekretuak izango dira, eta kasu bakoitzean zein botazio-mota erabiliko den zehaztuko da indarrean dauden legeen arabera.

2.Batzordeburuak eta batzordekideek ezingo dute parte hartu zuzeneko interesa daukaten gaietan edo hirugarren mailara arteko beraien familiartekoekin zerikusia duten gaietan.

3.Horrelako kasuetan interesdunek batzarretik kanpora egon beharko dute gaia eztabaidatu eta botatzen den bitartean.

BATZORDEBURUA

23. artikulua.

Pasaiako Udaleko alkatea edo berak eskuordetutako zinegotzia izango da Zuzendaritza Batzordeko batzordeburua, eta ondoko zereginak izango ditu:

a)Batzordearen batzarretarako deialdiak egin, batzarretako buru izan, batzarrak bertan behera utzi eta batzarrak bukatutzat ematea. Deliberazioen zuzendaritza eta botazioetako berdinketak bere kalitatezko botoarekin haustea ere berari dagokio.

b)Edozein epaitegi, auzitegi, aginte-organo, korporazio edo organismoen aurrean Fundazioaren ordezkari-lanak egitea.

c)Zerbitzuaren goi-ikuskaritza eta goi-zuzendaritza egitea.

d)Erabakiak gauzatzeko eman beharreko xedapenak ematea.

e)Aurrekontuaren muga eta baldintzen arabera ordainketak egiteko aginduak ematea.

f)Fundazioa inplikatzen duten ekintza eta agiriak sinatzea.

g)Presako kasuetan egin beharrekoa egitea eta Zuzendaritza Batzordeari egindakoaren berri ematea hurrengo bileran.

h)Arazo larri bat egon eta Batzordea biltzea ezinenezkoa denean presako neurriak hartzea.

i)Batzordeak jartzen dion beste edozein egiteko.

j)Zuzendaritza Batzordearen erabakiak indargabetzea erabaki horiek legeen, erregelamenduen, Udalaren ordenantza eta xedapenen edo zerbitzu hau arautzen duen beste edozein arauren aurkakoak direnean, edo bere eskumenekoak ez diren gaiekin zerikusia dutenean. Erabakia jakinarazi eta handik hiru eguneko epea egongo da indargabetzeko. Gainera, aurrekarien eta indargabetzearen berri segituan eman beharko zaio Udalbatzari, eta Udalbatzak erabakiko du, gehienez ere 7 eguneko epean, erabakia behin betiko indargabetzea edo ez indargabetzea.

IDAZKARIA

24. artikulua.

Zuzendaritza Batzordeko idazkariaren zereginak hauek izango dira:

a)Zuzendaritza Batzordearen bileretara joatea, hitz egiteko eskubidearekin baina botoa emateko eskubiderik gabe.

b)Batzordeburuari deialdi bakoitzeko gai-zerrenda prestatzen lagunduko dioten gaiak prestatzea Fundazioko administrazio-zuzendariaren adostasunarekin.

c)Batzarretako aktak idaztea, eta horiek onetsi ondoren artxibatu eta Batzordeko kideei bidaltzea.

d)Zuzendaritza Batzordeari eta batzordeburuari aholkuak ematea Udaleko beste zerbitzu eskudunekin elkarlanean.

e)Inbentarioa egin eta eguneratzeko egin beharreko ekintzak egitea.

KONTU-HARTZAILEA

25. artikulua.

Hauek izango dira kontu-hartzailearen zereginak:

a)Administrazio-zuzendariarekin batera aurrekontu-proiektua egiteko aholkuak ematea Zuzendaritza Batzordeari.

b)Fundazioaren kontuak prestatu eta idaztea.

c)Diru-sarrera eta ordainketetan esku-hartzea eta kontabilitatea ikuskatzea.

d)Zuzendaritza Batzordeak deitzen dionean, batzorde horren batzarretara joatea, hitz egiteko eskubidearekin baina botoa emateko eskubiderik gabe, bere eskumeneko gaien gaineko aholkuak ematera.

ADMINISTRAZIO-ZUZENDARIA

26. artikulua.

Administrazio-zuzendariak egiteko hauek izango ditu:

a)Zuzendaritza Batzordearen erabakiak gauzatu eta gauzaraztea.

b)Zerbitzuak ikuskatzea.

c)Fundazioa administratiboki ordezkatzea.

d)Batzordearen batzar guztietara joatea, hitz egiteko eskubidearekin baina botoa emateko eskubiderik gabe.

e)Musika Eskolako Kontseiluko buru izatea.

f)Batzordeak jartzen dizkion bestelako egiteko guztiak.

III. KAPITULUA

ZERBITZUAREN OGASUNA

ONDAREA

27. artikulua.

Ondorengo hauek osatzen dute Fundazioaren ondarea:

a)Estatutuetan jarritako helburuak garatu eta lortzeko ondasun erabilgarriek.

b)Lanerako erabiltzen diren altzari eta lanabesek eta Fundazioaren egoitza sozialak.

c)Fundazioaren sorrerako ondarea handitu egingo da erakunde publiko edo pribatuek egiten dizkioten ekarpenekin.

FUNDAZIOAREN BALIABIDEAK

28. artikulua.

Ondorengoak izango dira Udalaren Musika Fundazioaren diru-baliabideak osatuko dutenak:

a)Sorrerako kapitalaren errentak eta Fundazioaren gastuak etengabe gutxitzeko etekinak dituzten ondasunen errentak.

b)Erakunde publikoen diru-laguntzak.

c)Pasaiako Udalak bere aurrekontuaren kontura Fundazioari egiten dizkion ekarpenak.

d)Pertsona fisiko eta juridikoen opari eta emakidak.

e)Zerbitzuak eskaintzetik lortutako kuota, tasa eta prezio publikoak.

f)Lortzen diren aurrerakin eta maileguen diru-kopuruak.

g)Beste edozein baliabideren bidez lortzen dituenak.

29. artikulua.

Zerbitzuak emateak eragindako gastuak ordaindu ondoren gelditzen diren irabazi guzti-guztiak Fundazioaren instalazio eta zerbitzuak hobetu eta hedatzeko erabiliko dira.

30. artikulua.

Urteroko urtarrilean Zuzendaritza Batzordeak berretsi edo, hala badagokio, zuzendu egingo du Fundazioaren ondarea, aurreko abenduaren 31ko datuak kontuan hartuta.

AURREKONTUAK

31. artikulua.

Gastuak eta diru-sarrerak adieraziko dituen aurrekontu bat egingo du Fundazioak urte naturalarekin batera joango den ekitaldi ekonomiko bakoitzerako.

32. artikulua.

1.Gastuen atalean behar bezala zehaztuta jarriko dira betebeharrei aurre egiteko beharrezkoak diren kredituak.

2.Diru-sarreren atalean jarriko da ekitaldian zehar likidatuko diren baliabideen zenbatespena.

33. artikulua.

Zuzendaritza Batzordeak aurrekontu-proiektua onesten duenean, Udalbatzara bidaliko du indarrean dauden legeei jarraituz han onespena eman diezaioten.

KONTABILITATEA

34. artikulua.

Kontabilitate-sistema Legeak ezarritako kontabilitate publikoaren erregimenaren mende egongo da.

KONTUAK

35. artikulua.

1.Hurrengo ekitaldiko martxoaren 1a baino lehen aurrekontuaren likidazioa egingo da.

2.Fundazioburuak aurrekontuaren likidazioa onetsiko du Legeak ezarritako epe eta txostenen bidez.

IV. KAPITULUA

ERREGIMEN JURIDIKOA

BALIABIDEAK ETA ESTATUTUEN ALDAKETA

36. artikulua.

Zuzendaritza Batzordeak hartutako erabakien aurka berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango da hilabeteko epean; eta horren ebazpenaren aurka Udalbatzaren aurrean errekurtsoa jartzeko aukera egongo da. Udalbatzaren ebazpenaren aurka, berriz, dagokion administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da. Hala ere, jurisdikzio arruntak dagozkion jarduerak aplikatu ahal izango ditu.

37. artikulua.

Udalak estatutu hauek aldatzeko ahalmena izango du aurretik estatutu berriak onesteko beharrezkoak diren legezko izapideak egin ondoren.

V. KAPITULUA

TUTORETZAKO ERREGIMENA

38. artikulua.

Fundazioa Udalbatzaren tutoretzapean dago, eta helburu hori betetzeko, ondorengo ekintzak egiteko eskumena izango du Udalbatzak:

a)Partikularrek Batzordearen edo batzordeburuaren aurka jarritako lege edo estatutu hauen kontrako gora jotzeko erreklamazioak ezagutzea, eta hala dagokionean deuseztatzea.

b)Urtero Fundazioaren aurrekontuak onestea.

c)Fundazioari egiten zaizkion kostu bidezko dohaintzak onartzea Fundazioaren izenean.

d)Batzordeak proposatuta Fundazioaren estatutuen aldaketa onestea.

e)Interes publikoko ohiz kanpoko edo ezinbesteko arrazoiengatik Fundazio Publikoaren zerbitzua bukatzeko erabakia hartzea.

f)Legeak edo estatutu hauek bereziki ematen dizkion bestelako ahalmenak erabiltzea.

VI. KAPITULUA

FUNDAZIOAREN IRAUNALDIA

39. artikulua.

1.Udalaren Musika Fundazioa epe mugagaberako eratu da, eta desegiteko modu bakarra Udalbatzak hala erabakitzea izango da.

2.Fundazioa desegiten bada, Pasaiako Udala izango da oinordeko unibertsala, eta berak erantzungo die Fundazioari egindako dohaintzekin zerikusirik ez duten karga edo baldintza guztiei, bakoitzak ezarritako zehaztapenen arabera.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehengoa.

Estatutu hauetan aurreikusitakoak betetzeko, indarrean dauden legeek agintzen dutena bete beharko da.

AZKEN XEDAPENA

Fundazioko edozein organotako partaide diren entitateek beraien gobernu-organoetan ordezkaritza demokratikoa izango dute, eta horregatik, estatutu sozialak edo sorrerako estatutuak Batzordeak aztertu beharko ditu ordezkariak izendatu aurretik.