Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala

154. zenbakia Data 2003-08-18 15441 orria

7 UDAL ADMINISTRAZIOA

ZIZURKILGO UDALA
Eskatzu mendian larretzea arautzeko ordenantza. Behin betiko onespena.

ZIZURKILGO UDALA

Iragarkia

Eskaltzu mendian larratzeak arautzeko Ordenantza 2003ko maiatzaren 20an egindako Osoko Bilkuran hasiera batean onartu zen. Onarpen horren iragarkia, 2003ko ekainaren 17an argitaratu zen, 113 zenbakia duen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Jendeaurreko informazio epe barruan inongo erreklamazio edo oharpenik aurkeztu ez denez, 7/1985 legearen 49.c artikuluak jartzen duenaren arabera, behin betiko onartutzat joko da.

Horren ondorioz, Toki Erregimeneko Oinarriek arautzen duten 7/1985 Legearen 70.2 artikuluan ohartemandakoaren arabera, Ordenantza hori osorik argitaratzen da

Zizurkil, 2003ko abuztuaren 1a.—M.ª Angeles Lazkano Larrañaga, Alkatea.

(553) (8895)

Zizurkilgo Eskaltzu mendian larratzeak arautzeko Ordenantza.

Azken urte hauetan larreak hobetu eta ustiatzen edukitako esperientzia ona izan denez, orain beharrezko dela uste dugu larratze horiek baimentzeko mekanismoak eta erabiltzeko erak ordenantza baten bidez arautzea.

Horregatik, Zizurkilgo Udalak bere mendiak antolatu eta ustiatzeko duen eskumenaren indarrez, Baso Administrazioak emandako arauak betez, ekainaren 13ko 1372/1986 Errege Dekretuak onartutako Udalen Ondasunen Erregelamenduko 38. eta jarraian dauden artikuluetan ezarri bezala.


I. TITULUA

XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.

1.Zera da ordenantza honen xedea Zizurkilgo Ezkaltzu izeneko mendian, larreak ustiatzeko arauak ematea. Hauek udala titularra den lursailei eta Zizurkilgo udal honi erabiltzeko lagatako beste lursailei eragiten die.

2.Ordenantza honen helburua larratzea arautzea da, mendi horrek izan ditzakeen ustiapenetako bat baita. Hau mendia zaindu eta hobetzearekin bat datorren eran egingo da, uztailaren 8an emandako Gipuzkoako Mendien 6/1994 Foru Arauari, indarrean dagoen Zizurkilgo Onura Publikoko Zelaiak Antolatzeko Planari eta, batez ere, Larreak Ustiatzeko Urteko Planetan ezarritakoari jarraituz.

2. artikulua.

Larratze gaietan Zizurkilgo Udalak eman ditzakeen baimenak bertako herritarren edo udal barrutian dauden nekazaritzako ustialeku edo finken titularren ganaduarentzat izango dira batez ere.

Horretarako behi, zaldi edo ardi espezietakoak izan eta umedun edo umerik gabeko abere emeak edota azienda berritzeko abereak izango dira baimenduak.

 

3. artikulua.

Zizurkilgo Udalak larreak ustiatzeko Urteko Planen bidez kudeatuko du.

II. TITULUA

LARRATZEA BAIMENTZEKO BALDINTZAK

4. artikulua.

Ordenantza honek hartzen duen eremuan, oro har, larratzeko baimena eman daiteke behi, ardi eta zaldi aziendak dituzten abaltzainek ordenantzan dauden baldintza objektibo eta subjektiboak bete eta jarriko diren ustiatzeko kuotak ordaintzen badituzte.

5. artikulua.

Auzo Larreak ustiatzeko udal baimena eskatzeko bete beharreko gutxieneko baldintzak honakoak dira:

a)Zizurkilgo udalerrian erroldatua egon.

b)Ustiakuntza Zizurkilen kokatua egon beharko du.

c)Zerga eta auzo betebeharretan eguneratua egon.

d)«Ezkaltzugain Abeltzain Elkartea»ko kide izatea.

6. artikulua.

Larratze erregimenean eduki nahi den aziendak, honako hauek bete beharko dituzte:

a)Aziendak, behar bezala identifikatuta eta Nekazaritza Ustialekuen Erregistroan izena emanda egon behar du.

b)Saneamenduari eta abereen mugimenduari buruz dagoen arautegia bete.

c)Gipuzkoako Lurralde Historikoan, eta udalerri mailan udal agintariek ezar ditzaketen derrigorrez betebeharreko guztiak bete beharko ditu.

7. artikulua.

Erabat debekatuta dago txerriak larreratzea ordenantza honek hartzen dituen mendietan. Behi, ardi, zaldi eta ahuntza aziendei bakarrik utz dakieke larratzen, umedun edo umerik gabeko abere emeak badira, eta/edo azienda berritzeko abereak.

8. artikulua.

1.Zizurkilgo Udalak emandako larratzeko baimenetik kanpo geratzen dira zehatz-mehatz, eskaera aurkezteko egunean, eskera egin duen pertsona fisiko edo entitate juridikoaren izenean Ustialekuen erroldan inskribatuta ez dauden aziendak.

2.Baimenetik kanpo geratzen da, era berean, merkatura doan pasadizoko azienda.

9. artikulua.

1.Baimenak urteko izaera dute, eta bat lortu izanak ez du esan nahi hurrengo urtean baimena berrituko denik.

2.Aurreko epigrafean azaltzen denaren kalterik gabe, ordenantza honek aipatzen dituen baimenak erreboka daitezke, emateko bete behar ziren baldintzak ez badira bete, alde batera utzi gabe zigorrak ere ezar daitezkeela, horrela bada.

III. TITULUA

BAIMENTZEKO PROZEDURA

10. artikulua.

1.Ordenantza honek aipatzen dituen larratzeko eskaerak larratu aurreko urteko azaroaren 15a baino lehen egin behar dira Zizurkilgo Abeltzain Elkartearen bidez, ondorengo datuak aurkeztuz:

—Eskaera orria.

—Azienda bakoitzeko zenbat buru.

—Abere bakoitzaren jabearen eta identitatearen ziurtagiri egiaztagarriak eta eskatzen diren osasun betebeharrak betetzen direla egiaztatu.

—Ustialekuko abereen zerrenda eta azaleren aitorpena.

—Azken urteko errenta aitorpena.

2.Horiez gain, larratzeko baimena emateko beharrezko derizkion datu osagarriak eska ditzake Udalak.

11. artikulua.

1.Larre baimenak emateko garaian lehentasuna edukiko dute:

a)Familian dirusarrera bakarra nekazaritzakoa duten abeltzainak.

b)Gainontzeko abeltzainak, nekazaritzari lotutako jarduerekin eta osagarriekin errenta porzentail altuenak dituztenei lehentasuna emanez. Eta honen barrenen, gazteenei (45 urte beherakoei).

c)Bereziki, Ezkaltzuko larre erabilpenen bidez, neurri onargarritan (3 alu/hektareako) sartzea helburua duten eskaerei.

Jarduera Osagarriak: Hauteskunde publikoak direla eta, titularrak herri ordezkaritzaren bidez erakundeetan izatea eta parte hartzea, bai eta izaera sindikaleko, kooperatibako edo lanbideko organoetan parte hartzea ere, baina nekazaritza sektorearekin lotuta dauden kasuetan. Era berean izaera osagarri hori izango dute bere ustialekuko produktuen eraldaketa eta salmenta zuzenak, naturaren eta ingurumenaren zaintza eta babespenak, turismoak eta jarduera zinegetikoek eta bere ustialekuan burututako artisautza lanek.

Titularraren errenta osotzat, ustialekuaren Marjina Garbi Osoaren eta PFEZaren aitorpeneko kontzeptu hauen batuketa iritziko da:

PFEZaren banako aitorpenetan:

—Laneko etekinak, Gizarte Segurantzako gastuak murriztu ondoren.

—Kapital higigarri eta higiezinaren etekinak.

—Bestelako jarduera ekonomikoen etekinak.

PFEZaren aitorpen bateratuak:

—Ustialekuaren titularraren laneko etekinak, Gizarte Segurantzako gastuak murriztu ondoren.

—Kapital higigarri eta higiezinaren etekinen %50a.

—Eskatzaileak burututako bestelako jarduera ekonomikoen etekinak.

2.Larratze baimenak, aurreko puntutan azaltzen diren lehentasunen arabera emango dira.

12. artikulua.

1.Eskaerak, egin beharreko kontsiderazio, erregulazio eta/edo mugekin batera, Larreak Ustiatzeko Urteko Planean sartuko dira, hauek onar ditzan Zizurkilgo Udalak.

2.Tramite hori betetzean, eskatzaile bakoitzari behin behineko ebazpena jakinaraziko die Udalak. Ebazpen honen aurka hilabeteko epean berraztertze-errekurtsoa alkatetzan aurkez dezakete aukerazkoa edo zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa EAEko Auzitegi Nagusian.

3.Eskaera ontzat emana izan bada, ebazpena behin behinekotzat hartuko da, behin betikoa kontsideratuko da ezarrita dauden udal tasak, baimendutako abereen kopuruari bakarrik dagozkionak, ordaintzen dituenean emakidadunak.

4.Tasak ordaintzeko ezarritako epean interesatuak ez baditu tasak ordaintzen, honek baimena lortzeko eskubidea galduko luke, eta baimena emango zaio –hala badagokio– udaletxeak egindako erreserbako zerrendan lehendabizi dagoenari.

13. artikulua.

1.Egin behar duten ustiapenaren ordain gisa, aipatutako sailetan egongo diren abelburuko (edo artaldeko) abeltzainek ordaindu behar dituzten gutxieneko kuotak jarriko ditu Udalak.

2.Hasiera batean udalak ezarritako kuoten zenbatekoa aipatutako larreak sor ditzakeen gastuak ordaintzeko erabiliko dira, eta hauen baliogabetzea aprobetxamenduari berari lepora daiteke.

14. artikulua.

Zizurkilgo Udalak emandako larratzeko baimenak, hasiera batean, urtebeterako izango dira, hala ere, edozein kasutan indarraldiko epea baimena ematerakoan zehaztutakoa izango da, bertan hasierako data eta amaierako data ere azalduko direlarik.

IV. TITULUA

LARREAK USTIATZEKO ARAUDIA

15. artikulua.

1.Larreak preferenteki herriko abeltzainentzat izango dira. Ordenantza hontako 11 artikuluan azaltzen diren lehentasunen arabera.

2.Mendiaren baliabide naturalak gutxitzeko arriskurik gabe eta mendiaren aniztasuna eta ekoizpena bermatu asmoz, oraindik beste larratze batzuk ere baimentzeko aukera badago, Udalak, larre eskaera Zizurkilen bizi ez direnei zabaldu dezake.

3.Horrela ez bada, azalera guztia ganadu kopuruaren arabera banatuko da, ustiakuntzen abere karga arindu asmoz.

16. artikulua.

1.Mendia zaindu eta hobetzearren, larratze baimenak larreen zentzuzko ustiakuntza errespetatuz emango dira (2 alu/hektareako, 1991ko abenduak 12ko Europar Batasuneko Kontseiluaren Direktibaren Lurlangintza Egokirako Araudiak dioen arabera (91/676/CEE), mendiaren aniztasuna eta ekoizpena bermatuz eta irizpide jasangarriak erabiliz.

Abelburuak konputatzeko, erregela hauek erabiliko dira:

—Behi edo zaldi-aziendak sei hilabete baino gutxiago dituenean, konputatu gabe utziko da.

—Behi-azienda sei hilabete eta bi urte bitartekoa bada, 0,6 ALU bezala konputatuko da.

—Behi-aziendak bi urte baino gehiago dituenean, edo zaldi-aziendak sei hilabete baino gehiago, ALU 1 bezala konputatuko dira.

—Ardi- eta ahuntz-aziendak hiru hilabete baino gehiago dituenean, 0,15 ALU bezela konputatuko dira.

2.Ezkaltzuko erabileretariko helburu bat: Ustialekuen abelburu zama arintzea da, beraz, 3 eta 5 alu/hektareako zamakin daudenek, urte batetik bestera, duten zama %10tik gora handitu bada, hurrengo urteko baimenak diferentzi hortan murriztuko zaie.

3.5 alu/hektarea baino handigoko abelburu zama badute, baimenak emango dira, beti ere, ganadu kopurua igotzen ez bada.

4.Erabili gabe utzi dituzten baimenen jabeei. Urrengo urtean, aurreko urtean erabilitako baimenei mugatuko zaie.


V. TITULUA

LARREAK USTIATZEKO URTEROKO PLANA.

17. artikulua.

Larreak ustiatzeko urteroko planak, Abeltzain elkarte eta Zizurkilgo Udal larre gestio arduradunaren artean egingo dira eta ondorengo edukia edukiko du:

a)Urte horretan emandako baimenak, larreratzeko tokiak, denborak eta azienda motak.

b)Ordenantza honen 3.artikuluaren arabera, aldi baterako edo iraunkorki aziendak sartzea debekatuta egongo diren larre tokiak eta «hobetutzat» hartzen diren larre tokietarako baldintza espezifikoak.

c)Lur analisien emaitzak eta ongarritze plana.

d)Ganadu kontrola eta zainketa txandatan egiten bada, arduradunen kalendarioa eta konpromezua.

e)Beharrezko ikusten diren azpiegituren hobekuntza ekintzak nahiz abeltzain ekoizpena garatuko dituen ekintzak.

f)Gestio ekonomikoa:Ordaindu beharreko kuota eta kuota horren erabilpena, sarrerak, gastuak, etab.

18. artikulua.

1.Ustiapenaren Urteko Plana Abeltzainen Elkarteak eta Zizurkilgo Udalak elkarrekin egingo dute, halere, azken hau izango da hau onesteko arduraduna, baita plana egiteko garaian partehartzaileen artean egondako desadostasun kasuetan ere.

2.Larreen irekiera baino lehenago izango da beti hauen onespena.

 

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehena.

Ordenantza honetan eta Larreak Ustiatzeko Urteko Planetan erabakitakoa hobeto betetzeko, Eskaltzuko Abeltzainen Batzordea edo Elkartea eratu eta abian jartzen saiatuko da Zizurkilgo Udala.

AMAIERAKO XEDAPENA

Ordenantza hau bere behin betiko onarpena Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko egunean sartuko da indarrean.

2003ko Tasak: 25 euro/abelburuko.