Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala

113. zenbakia Data 2003-06-17 11775 orria

3 GIPUZKOAKO LURRALDE HISTORIKOKO XEDAPEN OROKORRAK

ALDUNDIA - NEKAZARITZA ETA INGURUMENA
2003ko ekainaren 9ko Foru Agindua, pagausoaren ehiza arautzen duena.

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA

NEKAZARITZA ETA INGURUMEN
DEPARTAMENTUA

2003ko ekainaren 9ko FORU AGINDUA, Gipuzkoako Lurralde Historikoko aprobetxamendu komuneko ehiza lurretan kokaturiko ohiko pasabideetan uso migratzaileen ehiza arautzen duena.

Ehiza Legeak (1970ko apirilaren 4ko 1/70 Legeak) 23.4.a) artikuluan aurreikusten du zenbait ehiza modalitate arautzeko xedapen bereziak eman ahal izango direla eta horien artean aipatzen du ohiko pasabideetan usoak ehizatzeari buruzkoa. Aurreikuspen hori Ehiza Erregelamenduak ere (1971ko martxoaren 25eko 506/71 Dekretuak) jasotzen du, 25. artikuluko 6 eta 7 ataletan; 7. atalak adierazten du ohiko pasabideetan uso migratzaileen ehiza arautzerakoan, jasota geratu beharko direla postuen kokapena, horien arteko gutxieneko distantzia, ehiza garaiak eta postu horiek erabiltzeko eskubidea.

Aurreikuspen horiekin bat etorriz eta ehiza baliabideen aprobetxamenduan Lurralde Historiko honek dauzkan ahalmenen arabera (Autonomi Elkarte Osoko Erakundeen eta Herrialde Historikoetako Foru Organoen arteko Harremanei buruzko 1983ko azaroaren 25eko 27/83 Legearen 7.b.3 artikulua), Nekazaritza eta Arrantza Departamentuko foru diputatuak 1987ko irailaren 28ko Foru Agindua eman zuen, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren aprobetxamendu komuneko ehiza lurretan kokaturiko ohiko pasabideetan uso migratzaileen ehiza arautu zuena.

Foru agindu horretan jasotako araudia garatzeko Mendi eta Izadizaintzako Zuzendaritza Nagusiak 1995eko irailaren 22ko ebazpena eman zuen eta horren bidez zehaztu zen Lurralde Historikoko udalerrietako zein alde hartzen ziren ofizialki ohiko pasabidetzat.

Gaur egun, araudi hori aldatzea egokia eta beharrezkoa da, aldeen antolaketa argitu, ehiztariei antolaketa horren berri eman eta ehiza mota horretan aritzeko ehiztariek duten interesen eta postuak kokatzen diren lurren jabeen interesen arteko oreka lortu ahal izateko.

Ildo horretatik, 2002ko urriaren 25eko Foru Aginduaren bidez (2002ko azaroaren 19ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratua) Gipuzkoako Lurralde Historikoko ohiko pasabideetako ehiza postuak eguneratzeko lanak onartu ziren eta ehiza postuak jendaurrean ikusgai jarri ziren.

Hori dela eta, 1983ko azaroaren 25eko 27/83 Legearen 7.b.3 artikuluak xedatutakoaren arabera, Nekazaritza eta Ingurumen Departamentuak alor horien gainean dituen eskumenak erabiliz, honako hau,

XEDATU DUT

1. artikulua.Gipuzkoako Ohiko Pasabide eta Postuen Erregistroa.

Gipuzkoako Ohiko Pasabide eta Postuen Erregistroa eratu da, Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritza eta Ingurumen Departamentuari esleituta. Erregistro horretan sartuko dira foru agindu hau aplikatuko zaien pasabide eta postu guztiak.

Erregistro hori publikoa izango da eta, gutxienez, ondoko informazioa jasoko du:

1.  Ohiko pasabideei dagokienean:

—Izena.

—Udalerria.

—Baimendutako epea.

—Baimendutako postu kopurua.

—Elkarte kudeatzailea.

2.  Postuei dagokienean:

—Postuaren zenbakia.

—Kokapen geografikoa.

—Postuaren erabilera (zozketatua/erreserbatua).

2. artikulua.Erregistroaren antolaketa.

Erregistroaren antolaketa Basozaintza eta Izadizaintzako Zerbitzuaren zeregina izango da eta hari zuzendu beharko zaizkio pasabideak edota postuak sartu edo ateratzeko eskaerak. Zerbitzuak eskaera horien inguruan erabakiko du, ehiza kudeaketarik onenean oinarritutako irizpideen arabera; bereziki, ez da baimenduko postuak edota pasabideak aldatzea jabeen eta elkarte kudeatzaileen desadostasunen ondorioz, beti ere ehiza egoera egokienari eutsiko baitzaio.

Erregistroan pasabideak eta ehiza postuak sartu edo bertatik kentzeko eskaerak Gipuzkoako Ehiza Federazioak edota lursailen jabeek egin ahal izango dituzte. Basozaintza eta Izadizaintza Zerbitzuak proposatutako aldaketak erabakiko ditu, eskatzaileari hartutako erabakiaren berri emanez, eta onartuak izan diren aldaketak erregistroan sartuko ditu.

3. artikulua.Jabeen baimena.

Ehizean aritzeko eta Erregistroan jasotako pasabideak eta postuak antolatzeko Gipuzkoako Ehiza Federazioak, pasabidearen kudeaketaz arduratzen den elkartearen bidez, dagokion lurjabeen baimena eskuratu beharko du postuak jartzeko.

Jabeak ez badu baimenik eman nahi, postu horiek baliogabetzat joko dira ohiko pasabideko ehiza modalitatean erabiltzeko.

Nekazaritza eta Ingurumen Departamentua aurreko artikuluan xedatutakoa betetzeaz arduratuko da, ohiko pasabideetako ehiza behar bezala baimendutako eta erregistroan jasotako postuetan bakarrik egiten dela egiaztatuz.

4. artikulua.Postuen erreserba.

Lursail pribatuen jabeek beren lurretan kokatzeko baimendutako postuen %20an ehizatzeko eskubidea izango dute eta kopuru hori hartuko da erreferentzia orokor bezala jabe horiei konpentsaziozko neurriak ezartzerakoan. Lurjabeen eta Gipuzkoako Ehiza Federazioaren artean portzentai hori aldatuz har daitezkeen erabakiek Nekazaritza eta Ingurumen Departamentuaren onarpena jaso beharko dute.

Postuak instalatzeagatik jabeen alde ezarri beharreko konpentsaziozko neurriak banaka edo jabe elkarteekin formalizatu ahal izango dira eta bi kasuetan aurreko atalean adierazitakoa aplikatuko da.

Jabeen aldeko postu erreserba bere lurretan kokatutakoen artean egingo da, eta postu aukeraketa egingo dute bakoitzari dagokion portzentaia osatu bitartean. Postuen aukeraketa txandaka egingo da jabeen eta elkarte kudeatzailearen artean, jabea izango da lehena aukeratzen.

Jabeen elkarteak izanez gero, postu aukeraketa era berean egingo da txandaka jabeen eta elkarte kudeatzailearen artean, aurrena jabeen elkarteak aukeratuko du eta ondoren elkarte kudeatzaileak. Erreserba elkarteko jabeen lursailetan dauden postuetan egingo da.

Jabe bati edota jabe elkarte bati dagokion postu kopurua 5etik azpikoa denean eta, ondorioz, denboraldi osorako postu bat erreserbatzerik ez dagoenean, ehiza egunak erreserbatuko dira postuen kopuruarekiko proportzioari eutsiz. Era berean, jabeek 5 postu baino gehiago baina 10 baino gutxiago dituztenean, postu batez gainera adierazitako irizpideen arabera dagokion portzentaia ere erreserbatuko da, eta horrela hurrenez hurren. Ehiza egunen erreserba txandaka egingo da jabeen eta elkarte kudeatzailearen artean, eta jabeak izango dira aurrenak aukeratzen. Uso ehizaren denboraldiari hasiera eman aurretik egutegi bat prestatuko da pasabide bakoitzeko, postu bakoitzean erreserbatutako egunak eta zozketakoak zehaztuz.

Lur jabeak hala eskatuz gero Nekazaritza eta Ingurumen Departamentuak ziurtagiri bat egingo du haren lurretan dauden postuak Erregistroan sartuta daudela eta artikulu honen lehenengo paragrafoan xedatutakoa betez jabeari dagozkion erreserba postuak adieraziz, horretarako jabeak baimena eman beharko du bere lurretan ehiza postuak jartzeko.

5. artikulua.Kokapena eta segurtasun distantziak.

Tokian-tokiko usadio eta ohituren arabera, tiroketa postuak mendikateen gailurretan edo mendi magaletako goi lekuetan egongo dira, eta tokirik egokienetan ehiza ahalik eta hobekien aprobetxatu ahal izateko, eta Erregistroan sartutakoez gain ezingo da bestelako posturik jarri.

Lerroan kokaturiko postuen artean 50 metroko tartea utzi beharko da gutxienez, segurtasun zonak eragin gabe. Postu lerroaren aurrealdean, pasabidea nondik norakoa den, ezingo da ehizan aritu, ez eta 500 metrotan eskopetarekin ibili ere, eta gauza bera atzealdetik 120 metrotan. Era berean, baimendutako postu bakoitzean ezingo dira bi eskopeta baino gehiago eduki.

6. artikulua.Antolakuntza eta zozketa.

Lursailen jabeei dagozkien postuak zehaztu ondoren, gainerako postuen antolakuntza eta zozketa egingo da, Lurraldeko debekualdien urteko aginduan ezarritako pase garaian.

Gipuzkoako Ehiza Federazioa arduratuko da ohiko pasabideen kudeaketaz, eta horretarako Gipuzkoako ehiza elkarteen laguntza jasoko dute.

Horrenbestez, pasabideen antolakuntza eta zozketa kokaturik dauden udalerriko ehiza elkarteen esku egongo da. Udalerri berean elkarte bat baino gehiago balego, Gipuzkoako Ehiza Federazioak erabakiko du zein elkartek antolatuko duen zozketa lerro bakoitzean, haien antzinatasuna eta tradizioa kontutan hartuz. Baldin Ehiztarien Elkartea inhibitzen bada, Ehiza Federazioak haren ordez subsidiarioki joka dezake, jarrera horrek dirauen bitartean. Baldin eta udalerrian ehiztarien elkarterik ez badago, Ehiza Federazioak erabakiko du mugakide diren udalerrietako zein elkartek edo federakuntza berak hartuko duen bere gain postuen lerroa.

Baldin antolaketa eta zozketa egitean interesatuen artean desadostasun gaindiezinak eta ehiza postuen gozamen ordenatuan gorabeherak izateko arriskua dagoela ikusten bada, baimendutako postuen lerroa kokatuta dagoen Udalak hartuko du bere gain antolaketa, Basozaintza eta Izadizaintza Zerbitzuarekin bat etorriz.

Lehen aipatutako ehiza elkarteak ez badu Lurraldeko Debekualdien Urteko Aginduan zehaztutako pase garaian eta artikulu honetan aurreikusitako moduan postuen antolakuntza eta zozketa egiten, ezingo dira baimendutako postutzat hartu.

Antolakuntzaz arduratzen den entitateak foru agindu honetan ezarritako guztia betetzen dela zainduko du eta Basozaintza eta Izadizaintza Zerbitzuari jakinaraziko dizkio ikusten dituen irregulartasun eta arau-hauste guztiak.

7. artikulua.Eraikuntza.

Postuek Erregistroan ezarritakoaren arabera zenbakiturik egon beharko dute eta antolaketaren ardura duen erakundeak eraiki egin beharko ditu, Basozaintza eta Izadizaintza Zerbitzuaren berrikuskapenaren menpe, alderdi tekniko eta estetikoei dagokienean.

8. artikulua.Kuotak.

Postuen eraikuntzak edota konponketak eta horien antolakuntzak eta zozketak sortutako gastuak indemnizatzearren, erakunde antolatzaileek kuota bat ezar dezakete eguneko eta postu bakoitzeko, sortutako gastuen araberakoa. Horiek ikusita eta denboraldi bakoitza hasi aurretik, Gipuzkoako Ehiza Federazioak proposamen bat aurkeztuko dio Basozaintza eta Izadizaintza Zerbitzuari, beronek onar dezan, eta bertan kuotak, ordutegiak eta zozketari buruzko gainerako argibideak azalduko ditu.

9. artikulua.Zozketaren aldizkakotasuna, lekua eta eratzeko modua.

Zozketak egunero egingo dira pase garaian eta erakunde antolatzaileak izendatutako lokal edo lekuetan. Zozketa egiterakoan behar bezala dokumentaturiko ehiztari guztien aukera berdintasuna errespetatu beharko da.

10. artikulua.Postuaren frogagiria.

Zozketan postua tokatu zaion ehiztariak, zozketa egin eta berehala jasoko duen frogagiria aldean daramala egon beharko du postuan eta zaintza lanetan aritzeko ofizialki gaituriko pertsonak eskatzen badio hura erakustera behartuta dago. Frogagiri horrek adierazitako egun osoan zehar ehizan aritzeko eskubidea ematen dio eta gehienez ere lagun bat eramateko.

11. artikulua.Arau hausteak.

Foru agindu honen aurkako arau-hausteak, Ehiza eta Ibai Arrantzako arau-hauste administratiboei buruzko EHAEko 1989ko apirilaren 13ko 1/89 Legearen 1.2.18 artikuluak ezarritakoaren arabera zigortuko dira, kontuan hartuta 1994ko abenduaren 22ko Foru Aginduaren bidez egindako egunerapena; araudi hori aldatuko balitz, araudi berrian ezarritakoa hartuko litzateke kontuan.

12. artikulua.Eskumena.

Basozaintza eta Izadizaintza Zerbitzua eskuduna izango da foru agindu hau aplikatu, garatu edo interpretatzean sor litezkeen auziak konpontzeko.

 

Xedapen iragankorra.

Foru agindu honetan xedatutakoa ezarriz aldatzen ez den bitartean, indarrean jarraituko du 1987ko irailaren 28ko Foru Agindua eta 1995eko irailaren 22ko Mendietako eta Izadizaintzako Zuzendaritza Nagusiaren Ebazpena aplikatzearen ondorioz sortutako lerro eta postuen antolaketa, Basozaintza eta Izadizaintza Zerbitzuan jasotako planoen eta gainerako dokumentazioaren arabera.

Xedapen derogatzailea.

Foru agindu hau indarrean jartzen den egunetik aurrera, eta xedapen iragankorrean ezarritakoari kalterik egin gabe, indarrik gabe geratuko dira 1987ko irailaren 28ko 935 zk. Foru Agindua, Gipuzkoako Lurralde historikoaren aprobetxamendu komuneko ehiza lurretan kokaturiko ohiko pasabideetan uso migratzaileen ehiza arautzen zuena eta 1995eko irailaren 22ko Mendietako eta Izadizaintzako Zuzendaritza Nagusiaren Ebazpena, Gipuzkoako Lurralde Historikoan uso migratzaileen ohiko pasabideak berresten zituena.

Donostia, 2003ko ekainaren 9a.—Jon Mikel Murua Uribe-Etxeberria, Nekazaritza eta Ingurumen Departamentuko Diputatua.

(5748) (6760)