Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala

87. zenbakia Data 2003-05-12 8783 orria

4 GIPUZKOAKO LURRALDE HISTORIKOKO ADMINISTRAZIOA

ALDUNDIA - DIPUTATU NAGUSIA
Apirilaren 29ko 19/2003 FORU DEKRETUA, ekainaren 11ko 34/2002 Foru Dekretua aldatzen duena, mendi lanetan erabiltzeko makinariaren erabilerari buruzkoa.

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA

2003ko apirilaren 29ko 19/2003 FORU DEKRETUA, baso lanetan makineria erabiltzeko bete beharreko baldintzak eta hartu beharreko neurriak arautzen dituen 2002ko ekainaren 11ko 34/2002 Foru Dekretua aldatzekoa.

Baso lanetan makineria erabiltzeko bete beharreko baldintzak eta hartu beharreko neurriak arautzen dituen 2002ko ekainaren 11ko 34/2002 Foru Dekretuak, besteak beste, aurreikusten du basoak landatu edo birlandatzeko lurra makinen bidez prestatu behar denean, aldez aurretik baimena eskatu behar zaiola Baso Administrazioari.

Dekretu horretan jasotako aurreikuspenak martxan jarri ondoren ikusi da egokiagoa dela egin beharreko lanak hasi aurretik aurreikusitako baimen erregimenaren ordez jakinarazpen erregimena ipintzea, seguruenik beharrezkoak ez diren atzerapen eta tramiteak ekiditeko, baina aldi berean Foru Dekretuaren xedea, lan horiek kontrolatzekoa, lortzen ahalbidetuko duena, ezin baita ahaztu lan horiek, beti ere, propio sortutako erroldan izena emanda dauden enpresek egin behar dituztela.

Gauzak horrela, Nekazaritza eta Ingurumen Departamentuko foru diputatuak proposatu eta Diputatuen Kontseiluak eztabaidatu ondoren, gaurko datan egindako bileran, honakoa,

XEDATZEN DUT

Artikulu bakarra.  Aldatzea baso lanetan makineria erabiltzeko bete beharreko baldintzak eta hartu beharreko neurriak arautzen dituen 2002ko ekainaren 11ko 34/2002 Foru Dekretuaren honako alderdiak:

—2. artikulua honela idatzita geratzen da:

«Bigarren artikulua.Aldundiaren esku hartzea eskatzen duten jarduerak.

Basoak landatu eta birlandatzeko lurra makinen bidez prestatu behar denean, aldez aurretik jakinarazi behar zaio Mendietako eta Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiari eta lanak enpresa baimenduek eta foru dekretu honen bidez sortuko den erroldan izena emandakoek egingo dituzte».

—3. artikulua honela idatzita geratzen da:

«Hirugarren artikulua.  Jakinarazpenak.

Baso landaketarako edo birlandaketarako lurra prestatzearren beren mendietan autopropultsioko makineria erabili nahi duten basoetako titularrek horren berri eman behar diote Nekazaritza eta Ingurumen Departamentuari, lanekin hasi baino hilabete lehenago gutxienez. Jakinarazpen horiek helburu hori duten inprimakiak erabiliz egingo dira».

—5. artikuluaren lehenengo atala honela idatzita geratuko da:

«Enpresa baimenduen erroldan izena emateko eskaerak Mendietako eta Natura Inguruneko zuzendari nagusiari zuzenduko zaizkio eta Nekazaritza eta Ingurumen Departamentuko dokumentu sarreren Erregistro Ofizialean aurkeztuko dira, edota, Herri Administrazioen Zuzenbide Arauei eta Administrazio Jardunbide Arruntari buruzko Legean aurreikusitako beste edozein bidetik. Eskaera Departamentuko Erregistroan sartu ondoren, Mendietako eta Natura Inguruneko zuzendari nagusiak, bidezko iritzitako egiaztapen eta informeak egin eta hilabeteko epean baimena eman eta enpresa erroldan sartzea aginduko du edo, arrazoiak emanez, baimena ukatuko du».

Amaierako xedapena.

Foru dekretu hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Donostia, 2003ko apirilaren 29a.

DIPUTATU NAGUSIA,
Roman Sudupe Olaizola.

NEKAZARITZA ETA INGURUMEN
D
EPARTAMENTUKO
F
ORU DIPUTATUA,
Jon Mikel Murua Uribe-Etxeberria. (5018)