Ondorio juridikoak dituen komunikazio administratibo bat egoitza elektronikoan argitaratzea, horixe da jakinarazpen elektronikoa. Aipatutako ondorio juridikoak ondokoak izan daitezke: erantzuteko edo dokumentazioa aurkezteko epearen hasiera, edo errekurtso edo alegazioak egiteko epearen hasiera, etab.
Jakinarazpenaren hartzailea edo honek baimendutako pertsonak jakinarazpenean sartzeko, euren burua identifikatu behar dute egoitza elektronikoan sinadura elektroniko balioztatuko ziurtagiriaren bidez.
Gipuzkoako Foru Aldundiko egintza bat egoitza elektronikoan interesdunaren eskura jarriz egiten da jakinarazpen elektronikoa. Ohiko jakinarazpenaren hartu agiria paperean sinatu beharrean, egoitza elektronikoan sinatzen da sinadura elektronikoa erabiliz.
Jakinarazpenaren hartzaileek edo beren ordezkari baimenduek jakinarazpena eskuratu dezakete egoitza elektronikoan beren sinadura elektronikoa erabiliz. Jakinarazpena eskura jartzen den momentuan, pertsona horiek posta elektronikoko mezu bat jasoko dute, jakinarazpen elektroniko bat iritsi zaiela ohartarazteko. Abisu hori jasotzeko, beharrezkoa da posta elektronikoko helbide operatibo bati alta ematea. Posta elektroniko hori ez da jakinarazpen bat, abisu bat baizik, jakinarazpen bat bidali dela ohartarazteko.
Horretarako ahalmena duten pertsonetako edozeinek jakinarazpena eskuratzen duenean, hori egindakotzat emango da. Dena den, ahalmendurik dauden gainerako pertsonek ere posible dute jakinarazpenaren edukia ikustea eta hura nork eta noiz jaso duen jakitea.
Behin 10 egun natural igarota, jakinarazpena egoitza elektronikoan eskura jartzen denetik aurrera, eta epe horretan jakinarazpena eskuratu ez bada, jakinarazpena egindakotzat jotzen da eta prozedurak aurrera jarraitzen du, aldizkari ofizialean zertan argitaratu gabe.