152. zenbakia Data 2004-08-10 15216 Aldizkariaren orria
Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala

152. zenbakia Data 2004-08-10 15216 orria

7 UDAL ADMINISTRAZIOA

ARRASATEKO UDALA
Udalak eta bere Erakunde Autonomoak emandako dirulaguntzak emateko eta kudeatzeko ordenantza. Behin betiko onespena.

Arrasateko Udalak eta bere Erakunde Autonomoak emandako dirulaguntzak zelan eman eta kudeaketa arautzen duten Ordenantzaren behin betiko onespena.

2004ko uztailaren 26ko dataz, Arrasateko Udalbatzak Arrasateko Udalak eta bere Erakunde Autonomoak emandako dirulaguntzak zelan eman eta kudeatu arautzen duen Ordenantza behin-betiko onartu zuen.

Akordio hau bi hilabeteko epean, iragarki hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik hasita, Donostiako Administrazio Auzigaietako epaitegian administrazio auzigaietako errekurtsoa aurkeztu ahal izango da.

Toki jaurbidearen oinarrien apirilaren 2ko 7/1985 legearen 70.2 artikuluak xedatzen duenaren arabera, onartutako Ordenantzaren testu osoa argitaratzen da.

Arrasateko Udalak eta haren Erakunde Autonomoek emandako dirulaguntzak zelan eman eta kudeatu arautzen duen Ordenantza.

ZIOAK AZALTZEA

Intereseko jotzen eta, hortaz, diruz laguntzeko diren ekintzak garatzen dituzten erakunde publiko eta pribatuei dirulaguntzak emateko esparruan, udalaren sustapen jarduerak geroago eta garrantzi ekonomiko eta sozial handiagoa duenez, eta diruz laguntzeko den jarduera hori berriro antolatu eta argitu beharra dagoenez, Dirulaguntzen 38/2003 Lege Orokorra indarrean sartu izanaren ondorioz, marko orokor bat ezarri beharra dago, Arrasateko Udalaren eta dirulaguntzen onuradun diren pertsonen edo erakundeen arteko harremanak artikulatzeko.

Horregatik, eta Udalaren dirulaguntza emanez lortu nahi den interes publikoa eta Udalaren dirulaguntza jarduerak behar dituen printzipioak hobeto bete daitezen bermatze alde, hala nola publizitatea, gardentasuna, pilatzea, objektibotasuna, berdintasuna, diskriminaziorik ez, eragingarritasuna eta eraginkortasuna, ordenantza hauxe egin du Udalbatzak, parte hartzen duten udal organoen eta dirulaguntzak jasotzeko onuradun diren erakundeen eskubideen eta betebeharren jarduna arautzen duen marko juridiko orokorra jasotzeko. Behar den publizitatea emango dio dokumentuari, inplikaturik dauden alde guztiek jakin dezaten horren berri.

Horregatik guztiagatik, Toki Jaurbideko Oinarrien 7/1985 Legeak legez emandako eskuduntzez baliaturik, Barne Kudeaketako eta Kalitateko Batzordeak proposatuta, 2004ko uztailaren 26ko osoko bilkuran hartutako akordioz, Ordenantza hauxe eman du Udalbatzak. Eduki hauxe du:

LEHENENGO KAPITULUA

XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.  Helburua.

Ordenantza honek helburu du dirulaguntzak eta laguntzak ematerakoan jarraitzen diren prozeduretan aplikatu beharreko araubide orokorra xedatzea, horrelakoen kudeaketa oso-osoan Arrasateko Udalaren edo haren erakunde autonomoen esku dagoela.

2. artikulua.  Dirulaguntzaren kontzeptua eta motak.

1.  Dirulaguntza edo laguntzatzat joko da Arrasateko Udalak edo haren erakunde autonomoek pertsona edo erakunde publiko edo pribatuei doan emandako fondo publikoak erabiltzea, interes orokorreko jardueraren bat sustatzeko edo xede publikoren bat lortzea abiarazteko.

2.  Dirulaguntzen edo laguntzen funtsa baldin bada udal jabetzako ondasunak doan saltzea edo horrelakoen gozamena eta aprobetxamendua lagatzea, arau honetan xedatutakoak eta aplikatu beharreko ondare arauak erabiliko dira erregulatzeko.

3.  Dirulaguntza mota hauek bereiziko dira:

a)  Dirulaguntza izendunak: Horrelakoetan lagun onuradunak zehazturik eta berariaz izendatuta agertzen dira udal aurrekontuan, eta horrela jasota daude udal aurrekontuko gastuen egoeran. Administrazio unitate eskudunak edo erakunde autonomo eskudunak dirulaguntza ematea proposatuz gero, zehatz-mehatz azalduta agertuko da dirulaguntzaren zertarakoa, bai eta adierazita ere dirulaguntza ematea zein helburu, zeregin, jarduera edo proiektu jakini atxikita dagoen.

b)  Zuzeneko dirulaguntzak, aurrekontuan izendun agertzen ez direnak, aurreko deialdirik behar ez dutenak: Baldintza zehatzetarako ematen direnak eta sustatzea komenigarritzat jotzen den jardueraren interes publiko berezia kontuan hartuz ematen direnak.

c)  Itunpeko dirulaguntzak: Programa-kontratuak, lankidetza hitzarmenak edo beste itun edo akordio batzuk formalizatzearen ondorioz ematen direnak, behar bezala egiaztaturiko arrazoiak daudenean norgehiagoka araubidean emateko dirulaguntzak.

d)  Norgehiagoka araubideko dirulaguntzak: Horrelakoetan hainbat eskabidek lehian jardun dezakete eta dirulaguntza emateak ondorioz dakar prozedura bakarrean eskabide horiek elkarrekin alderatzea, arau erregulatzailean edo deialdian xedaturiko irizpideen arabera, horren bitartez dirulaguntza nori eman ebatzi eta, beharrezkoa izanez gero, zenbatekoa zehazteko.

3. artikulua.  Eremua.

1.  Ordenantza honetan datozen arauak aplikatuko zaizkie laguntza eta dirulaguntza publikoei, horrelakoen kudeaketa oso-osoan edo zati batean Arrasateko Udalaren edo haren erakunde autonomoen esku dagoela. Ordenantza hau ez zaio aplikatuko Udalaren eta haren erakunde autonomoen arteko transferentzia araubideari.

2.  Ordenantza honetan datozen arauak, arau berezirik edo berariazkorik izan ezean, hauei aplikatuko zaizkie:

a)  Arrasateko Udalak edo haren erakunde autonomoek pertsona edo erakunde publiko edo pribatuei doan emandako fondo publikoak erabiltzeari, interes orokorreko jardueraren bat sustatzeko edo xede publikoren bat lortzea abiarazteko.

b)  Udalaren edo haren erakunde autonomoen aurrekontuaren kontura emandako edozein laguntza motari eta beste administrazio publiko batzuetako fondoez batera finantzatutako dirulaguntzei edo laguntzei.

3.  Beraien izaera dela-eta, berezko arautegia eskatzen duten dirulaguntzetan, arau berezi edo berariazkoek Ordenantza honen funtsezko aspektuak eta aplikagarri diren gainontzeko araudi legalak errespetatu beharko dituzte.

4. artikulua.  Printzipio orokorrak.

1.  Dirulaguntzak edo laguntzak emateko, ezinbesteko baldintza izango da ebazpena ematen den unean helburu horretarako aurrekontuan behar besteko diru izendapena izatea, eta ez dago obligaziorik aurrekontu kredituak gehitzeko.

2.  Dirulaguntza edo laguntzak borondatezkoak eta gertagarriak izango dira, legeek edo araudiek bestela xedatutakoa izan ezik.

3.  Lehendik emandako dirulaguntzek ez dute inongo eskubiderik sortuko eskaera egiten dutenen alde, eta beste inoiz eman izana ez da kontuan izango berriro emateko irizpide modura, legeek edo araudiek bestela xedatu ezean.

4.  Ezingo da exijitu dirulaguntzaren zenbatekoa gehitzeko, salbuespenezko egoerek hala egitea aholkatu ezean, eta hala bada, Udalak berak baloratu eta bereganatu beharko ditu.

5.  Dirulaguntzak edo laguntzak emango dira Ordenantza honetan xedatutakoaren arabera eta, halakorik izanez gero, deialdi bakoitza arautzeko oinarrietan xedatutakoaren arabera, eta bermatu beharrekoak izango da Udalaren dirulaguntza jarduerak behar dituen printzipioak betetzea, Ordenantza honetako zioak azaltzean aipatu direnak.

6.  Dirulaguntzen zenbatekoak ezingo du inoiz gainditu –bakarrik edo beste dirulaguntza batzuekin batera– onuradunak egin beharreko ekintzaren kostua.

7.  Ez da izango zertan egin publizitaterik edo zertan antolatu norgehiagokarik, dirulaguntzak izendunak, zuzenekoak eta itunekoak izanez gero, ezta horiek ematea eta zenbatekoa Udala edo haren erakunde autonomoak lotzen dituen arauren batek ezartzen dituenean ere.

8.  Dirulaguntzak eta laguntzak lehiaketa bidez emango dira normalean.

5. artikulua.  Eskuduntzak.

Dirulaguntzak emateko organo eskudunak izango dira indarrean dagoen araudia aplikatzearen ondorioz eskuduntza izendatuta dutenak. Aurrekontua betearazteko oinarriek zehaztuko dute eskuduntza hori.

BIGARREN KAPITULUA

DIRULAGUNTZEN ONURADUNEI ETA
HAIEN OBLIGAZIOEI BURUZ

6. artikulua.  Onuradunak.

Dirulaguntzaren onuraduntzat joko da fondo publikoak jasoko dituen pertsona fisiko edo juridikoa, hori emateko zergatikotzat jotako ekintza egin beharko duena, edo laguntza ematea legitimatzen duen egoeran dagoena.

Salbuespenez, berariaz aurreikusten denean deialdia arautzeko oinarrietan edota 2.000 eurotik beherako zuzeneko dirulaguntza kasuetan, onuradun izan ahalko dira pertsona fisiko edo juridikoen taldeak, publikoak nahiz pribatuak, ondasun elkarteak edo edozelako unitate ekonomikoak edo ondare unitateak, bananduak, nahiz eta nortasun juridikorik izan ez, proiektuak, ekintzak edo jokabideak egin ahal dutenak edo dirulaguntza ematea arrazoitzen duen egoeran daudenak.

Onuraduntzat jotzeko, egiaztatu beharko da Dirulaguntzen 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako baldintzak bete izana.

7. artikulua.  Onuradunen eginbeharrak.

38/2003 Legearen 14. artikuluan erregulatutakoa izango dira, hain zuzen ere:

a)  Helburua betetzea, proiektua betearaztea, ekintza egitea edo dirulaguntza emateko zio den jokabideari eustea.

b)  Dirulaguntza eman duen organoari justifikatzea betebeharrak eta baldintzak bete izana, bai eta ekintza gauzatu izana eta dirulaguntza jasotzeko edo erabiltzeko helburua bete izana ere.

c)  Dirulaguntza ematen duen organoak egin beharreko egiaztatze jardunak onartzea, bai eta eskuduntza izendaturik duten kontrol organoek, estatukoak nahiz erkidegokoek, egin ditzaketen egiaztatze eta finantza kontroleko beste edozein ere, eta errekeritzen zaien informazioa eman behar dute, aurreko jardunak burutzeko.

d)  Dirulaguntza eman duen organoari jakinaraztea diruz lagundutako ekintzak finantzatzen dituzten beste dirulaguntza, laguntza, diru sarrera edo bitarteko batzuk lortu izana. Jakinarazi beharko da horien berri izan eta berehala, eta edozelan ere, fondoei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen.

e)  Dirulaguntza ematea erabakitzeko proposamena egin baino lehen, egiaztatzea zerga obligazioak betetzen dituela Gizarte Segurantzarekin, Arrasateko Udala eta haren erakunde autonomoekin, Foru Ogasunekin eta Estatuko Ogasunekin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarekin.

Dirulaguntza eskariak 2.000 eurotik beherakoak direnean, aipatu dokumentazioa interesatuaren edo elkartearen ordezkariaren zinpeko aitorpen bategatik ordezkatu ahal izango da, non zerga obligazioak betetzen direla aitortuko den.

f)  Kontabilitate liburuak, eginbideko erregistroak eta gainerako agiriak edukitzea, kasu bakoitzean onuradunari aplikatu beharreko merkataritza eta sektore legeriak exijitutako terminoetan, behar bezala auditaturik, baldin eta indarrean dagoen arauditik edo Ordenantza honetatik ateratzen bada betebehar hori; bai eta dirulaguntzak arautzeko oinarriek exijitzen dituzten kontabilitate egoerak eta erregistro bereziak ere, egiaztatu eta kontrolatzeko ahalmenak behar bezala erabiltzen direla bermatze alde.

g)  Jasotako fondoak zertan erabili dituen egiaztatzeko dokumentuak gordetzea, bai eta dokumentu elektronikoak ere, egiaztatze eta kontrol jardunak burutu daitezen. Bestelakorik xedatzen duen arau espezifikorik izan ezean, dirulaguntza zertan erabiliko den egiaztatzen duen dokumentazioa gorde beharko du onuradunak, eta Udalak eskatu dezake hori, gutxienez bost urteko aldi batean.

h)  Neurriak hartzea diruz lagundutako ekintzen berri emateko, eta horietan adierazi beharko da Arrasateko Udalak edo haren erakunde autonomoek diruz lagundu dutela.

i)  Jasotako fondoak itzultzea, Ordenantza honetako 20. artikuluan agertzen diren kasuetan.

j)  Behar beste baimen lortzea, diruz lagundu beharreko jarduera garatzeko, eta baimenon xedapenak betetzea.

k)  Dirulaguntza eman duen organoari jakinaraztea, dirulaguntza emateko kontuan hartu den edozein gorabehera aldatuz gero.

HIRUGARREN KAPITULUA

DIRULAGUNTZAK EMAN, ORDAINDU ETA JUSTIFIKATZEKO PROZEDURA

1. ATALA.  Norgehiagoka araubideko dirulaguntzak.

8. artikulua.  Dirulaguntzak arautzeko oinarriak.

1.  Ezingo zaio ekin dirulaguntzak emateko prozedurari, aurretik organo eskudunak dirulaguntza emateko oinarriak onartzen ez baditu.

2.  Laguntza eta dirulaguntzak arautzeko oinarriak eta deialdiak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharrekoak dira. Udaleko administrazio sailek eta erakunde autonomoek elkarrekin koordinaturik jardungo dute, ahal dela, urtean deialdi bakarra egiteko moduan.

3.  Laguntzak edo dirulaguntzak nola eman arautzeko oinarriek, gutxienez, hauek jaso beharko dituzte:

a)  Laguntzaren edo dirulaguntzaren zertarakoa, baldintzak eta xedea definitzea.

b)  Pertsona edo erakunde eskatzaileak nolako baldintzak bete behar dituen dirulaguntza lortzeko, zein dokumentu erantsi behar duen eta baldintzak betetzen dituela egiaztatzeko zer aurkeztu behar duen.

c)  Onuradunen betebeharrak.

d)  Eskabidearekin batera aurkeztu behar duten dokumentazioa.

e)  Eskabideak zein epetan eta tokitan aurkeztu behar diren.

f)  Aipatzea zein den deialdia ebatzi eta bideratzeko organo eskuduna, baita zehaztea ere udaleko zein administrazio atal edo erakunde autonomo arduratuko den dirulaguntza izendatzeko proposamena egiteaz.

g)  Dirulaguntza nola eman agindu behar duten irizpide objektiboak, eskabideak baloratzeko irizpideak.

h)  Deitu diren dirulaguntzen zenbateko globala gehienez ere(osotara nahiz programa berezi bakoitzerako) eta adieraztea, hala badagokio, zein muga aplikatuko zaien laguntza edo dirulaguntzen banakako zenbatekoei.

i)  Adieraztea zein epetan eta bitartekoz egiaztatu dezakeen onuradunak dirulaguntzaren xedea bete dela eta dirua horretan erabili dela, baita zein dokumentu aurkeztu behar den egiaztagiri gisa.

j)  Esatea ea laguntzok bateragarri edo bateraezin diren bestelako laguntza, dirulaguntza, sarrera edo baliabideak jasotzearekin. Bateragarritasuna onartuz gero, nahitaez ezarri beharko dira gainetik ez finantzatzeko muga edo irizpideak.

k)  Dirulaguntza zein modutan eta epetan ordainduko den eta, hala badagokio, konturako edo aurretiko ordainik egin ote daitekeen adieraztea, bai eta onuradunek aportatu beharreko bermeen araubidea ere.

l)  Adieraztea onuradunak nahitaez itzuli beharko duela hartzen duen dirua baldin eta laguntza edo dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez baditu, baita jardueraren kostua gainditzen duen hondarra ere.

m)  Adieraztea nola jardun behar den baldintzak ez betetzeagatik dirua itzuli behar izatekotan, bai eta itzuli beharreko laguntzak bueltatzekotan ere.

n)  Dirulaguntza ematen duen organoaren alde jarri beharreko bermearen neurriak, dirua jarri eta deuseztatzeko baliabideak, bai eta, berariaz xedatutakoetan, emandako dirulaguntzak berraztertzeko aukera ere.

o)  Adieraztea zein den prozedura ebatzi eta jakinarazteko epea eta zein diren epean ez ebaztearen ondorioak, jakinarazteko baliabideak, bai eta nolako errekurtsoak aurkez daitezkeen dirulaguntzan arautzeko oinarrien edo deialdiaren aurka, zein auzi organotan eta epetan aurkeztu behar diren errekurtsook, berariaz adieraziko dela interesatuak beste ezein bidetara ere jo dezakeela.

p)  Dirulaguntzak eman direla eta, jarritako baldintzak bete ez izanari buruz izan litezkeen graduatze irizpideak. Irizpideok aplikatuko dira onuradunak azkenean zenbat jaso behar duen erabakitzeko edo, hala badagokio, zenbatekoa den itzuli beharrekoa, eta proportzionaltasun printzipioari erantzun beharko diote.

9. artikulua.  Prozedura.

1.  Prozedura hasiko da beti organo eskudunak onartutako deialdi baten bidez, eta arautzen dituzten oinarrien arabera, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko diren oinarriak.

2.  Eskabideok bete beharko dituzte administrazio prozeduraren gaineko arauetan xedaturiko baldintzak eta, horrelakorik izanez gero, eredu normalizatuaren arabera aurkeztu beharko dira.

Eskabidearekin batera aurkeztuko dira deialdiaren oinarrian xedaturiko dokumentuak, baina salbuespena izango da esku hartzen duen Administrazioko edozein organoren esku egotea dokumentu horiek, eta horrela gertatzekotan eskaera egiten duenak baliatu ahal izango du administrazio prozeduraren gaineko legeetan xedaturikoa.

3.  Eskabidean hutsik izanez gero edo nahitaez aurkeztu beharreko dokumenturik aurkeztu ezean, interesdunak hamar egun izango ditu Udalak jakinarazten dionetik hutsok zuzentzeko, eta jakinarazpenean adieraziko dio horrela egin ezean, eskabidean atzera egintzat jo eta bestelako izapiderik gabe, artxibatu egingo dela.

4.  Prozedura izapidetuko da deialdiko oinarrietan edo dirulaguntza erregulatzeko araudian xedatutakoaren arabera, edo Dirulaguntzen 38/2003 Legean xedatutakoaren arabera, eta administrazio prozedura erkidearen gaineko arauek ebazpenaren oinarri izango diren datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzearen gainean ebatzitakoa oinarri hartuta ere.

5.  Emateko proposamenak adierazi beharko du bai zein eskatzaileri eman nahi zaion laguntza, bai horren zenbatekoa, proposamena egiteko nolako ebaluazioa egin den eta zein balorazio irizpide erabili den argituta.

10. artikulua.  Ebaztea.

1.  Laguntza edo dirulaguntza emateko ebazpenak arrazoitua behar du eta, nolanahi ere den, edozer ebazten dela, argiro azaldu beharko da zein diren horren funtsak, araua edo deialdiaren oinarriak arautzeko irizpide objektiboak erreferentzia erabilita.

2.  Halaber, berariaz adierazi beharko dira hauek: Dirulaguntzaren zertarakoa, zein eskatzaileri ematen zaion, zenbatekoa, ordaintzeko modu eta epeak, justifikatzeko modua, zein ebazpenen arabera ematen den eta deialdia arautzeko oinarriek eskaturiko bestelako baldintza eta betebeharrekoak, eta nolanahi ere den berariaz adieraziko da gainerako eskabideak gaitzetsi direla.

3.  Orobat, ebazpenean adierazi beharko da zein errekurtso aurkez daitekeen horren aurka, baita zein auzitegi organotan eta epetan aurkeztu ere, eta interesdunei adieraziko zaie egoki irizten dioten beste edozein bide ere erabil dezaketela.

4.  Prozedura ebazteko, gehienez ere, hiru hilabete izango dira, edo bestela, dirulaguntza erregulatzeko araudiak xedaturikoa. Epe hori ebazpenik eman gabe gainditzekotan, eskabidea gaitzetsitzat jo beharko da.

5.  Dirulaguntzen 38/2003 Lege Orokorraren 18. artikuluan adierazitako eran emango die publizitatea Udalak ematen diren dirulaguntza guztiei.

2. ATALA.  Itunpeko dirulaguntzak.

11. artikulua.  Prozedura.

1. artikulu honek arauturiko prozedura aplikatu behar da dirulaguntza berezi eta zuzenekoa eman behar izatekotan.

2.  Espedienteari ekingo zaio dirulaguntza lortzeko interesa duen pertsonak edo erakundeak hala eskaturik. Eskabidearekin batera nahitaez aurkeztu behar dira dokumentu hauek:

a)  Egindako ekintzen memoria deskriptiboa, eta adieraziko du zergatik uste duen udalaren laguntza edo dirulaguntza merezi duela.

b)  Eskaera egin duen pertsonak edo erakundeak egindako ekintza guztien gastuen eta diru sarreren aurrekontua. Antzeko dokumentua (gastu eta diru sarreren aurrekontua) udal laguntza eskatzen duenaren ekintzari edo ekintzei buruzkoa bakarrik, eta horrekin batera azalpen labur bat, aurreikusitako gastu eta diru sarreren izaerari eta zenbatekoari buruz.

Baldin eta eskaera egiten duena partaide bada beste pertsona juridiko edo elkarte batzuen kapitalean, aurreko paragrafoan aipatzen den dokumentazioak kontsolidaturik egon behar du, eta, hortaz, dagokion portzentajean, partaidetzako erakundeari buruzko informazioaren berri jaso behar du.

2.000 eurotik beherako dirulaguntza eskaeren kasuan, diruz lagundutako iharduerari dagokion dokumentazioa bakarrik eskatuko da.

c)  Eskatu den dirulaguntzaren zenbatekoa jasoko duen agiria, eta adieraziko da berariaz zergatik egiten duen eskaera hori, eta halaber horrekin batera aurkeztuko ditu, beste erakunde eta administrazio batzuek kofinantzatutako ekintzen kasuan, erabilitako banaketa edo egozte irizpideak.

d)  Diruz lagundutako ekintzaren gastuen eta diru sarreren balantze erreala, eskaeraren aurreko urteari dagozkionak, ekintza hori egin bada.

Espedientea izapidetuko du eskudun administrazio unitateak edo erakunde autonomoak. Eskabidea eta dokumentu osagarriak jasotakoan, unitateko edo erakundeko teknikariek txostena eman beharko dute, eta dirulaguntza edo lagapena gauzatzea komenigarria eta bidezkoa den ebaluatuko da.

4.  Atal honetan erregulatzen diren dirulaguntzetan, lankidetza hitzarmen bat sinatu beharko dute batetik onuradunak eta bestetik Udalak, eta hor ezarriko eta erabakiko dituzte zein eremu berezitan jardungo duten lankidetzan, zer ekintza egingo duten, eta sinatzaileek zer eskubide eta betebehar duten.

5.  Udal organo eskudunaren erabakia dirulaguntza ematearen aldekoa izanez gero, ondasunok edo diru baliabideok izendatuko zaizkio udal unitate edo erakunde autonomo proposamen egileari eta, horren ondorioz, hitzarmena kontrolatu eta horren jakitun egoteko erantzukizuna.

Kontrolak eta segimenduak barne hartu beharko dituzte laguntza ematerakoan kontuan izaten diren alderdi guztiak.

Nolanahi ere den, dirulaguntza bereziak izanez gero, unitateak edo erakunde autonomoak nahitaez eman beharko du txostena adierazteko ea dirulaguntza benetan erabili den emateko ziotzat jotako helburu berezian.

6.  Ezein eskabidek administrazio espedientea eragingo du eta Udalak berariaz ebazpena eman beharko du sei hileko epean. Ebazpena zioduna izango da eta eskabidea onartzeko edo gaitzesteko zergatikoak azalduko ditu. Eskabidea aurkezten den egunetik sei hilabete igaroz gero berariaz ezer ebatzi gabe, interesdunak pentsatu beharko du ez dela onartu.

7.  Udalak jendartean emango ditu aditzera erakunde pribatuekin egiten diren lankidetza hitzarmen guztiak, Dirulaguntzen 38/2003 Lege Orokorraren 18. artikuluan aurreikusitako eran.

3. ATALA.  Zuzeneko dirulaguntzak edo izenik gabeak, aurreko deialdirik behar ez dutenak.

12. artikulua.  Prozedura.

Aurreko deialdirik behar ez duten izenik gabeko dirulaguntzak emateko prozedura hasiko da interesdunak hala eskatuta.

Laguntza edo dirulaguntza eskabidearekin batea aurkeztuko dira Ordenantza honetako 11.2 artikuluan eskatzen diren dokumentuak, baldin eta eskatu den edota eman den dirulaguntzaren zenbatekoa ez bada 2.000 euro baino handiagoa, eta halakoetan ez dira eskatuko hemen aipatzen diren dokumentuak:

—Eskatzen duen pertsonak edo erakundeak egindako ekintza guztien gastuen eta diru sarreren aurrekontua.

—Hala badagokio, iaz egindako ekintzaren gastuen eta diru sarreren balantze erreala.

Hala ere, helburu jakin baterako dirua biltzeko diren dirulaguntzetan (adibidez, aipatu ditzakegu Kilometroak, Santa Agedako koruak eta antzekoak), Ordenantza honetako 11.2.a artikuluan aurreikusten den dokumentazioa baino ez da eskatuko.

Dirulaguntza eman edo ukatzeko ebazpenak funtsatu beharko du ea diruz lagundu beharreko jardueran interes orokorreko ziorik dagoen, dela ematen den txosten teknikoaren terminoetan, dela ebazpenean bertan jasotako terminoetan.

Halaber, dirulaguntza emateko akordioak laguntzaren onuradunak betebeharreko baldintzak zehaztu beharko ditu.

Jendartean aditzera emango du Udalak horrelako dirulaguntzetarako zenbat ditu daukan udal sail edo alor bakoitzak.

Ematen dituen dirulaguntza guztiak aditzera emango ditu Udalak, Dirulaguntzen 38/2003 Lege Orokorraren 18. artikuluan aurreikusitako eran.

4. ATALA.  Dirulaguntza izendunak eta transferentzia korronteak, udalaz gaineko erakundeei kuotak ordaintzeko.

13. artikulua.  Dirulaguntza izendunak.

1.  Udalaren edo dagokion erakunde autonomoaren aurrekontuan izaera izendun edo banakakoaz agertzen diren dirulaguntzak izapidetuko ditu administrazio atal eskudunak, dirulaguntzaren xedearen arabera, idatziz eskabidea aurkeztu eta gero, eredu normalizatuaren arabera, pertsona edo erakunde interesdunak eginda, eta horrekin batera dokumentu hauek aurkeztuko ditu:

a)  Dirulaguntza zertarako den zehatz-mehatz agertzea, bai eta hura emateari lotuta dagoen xedea, jarduera edo proiektu berezia ere zehatz-mehatz agertzea.

b)  Gastuen eta diru sarreren aurrekontua edo, hala badagokio, erakundearen urtealdiko kudeaketa plana.

Baldin eta eskaera egiten duena partaide bada beste pertsona juridiko edo elkarte batzuen kapitalean, aurreko paragrafoan aipatzen den dokumentazioak kontsolidaturik egon behar du, eta, hortaz, dagokion portzentajean, partaidetzako erakundeari buruzko informazioaren berri jaso behar du.

c)  Likidazioa edo, urtea bukatu barik egonez gero, itxiera aurrerapena.

d)  Eskaera egin duen pertsonaren edo erakundearen ekintzaren bat finantzatzeko bada udal dirulaguntza edo laguntza, eskaerarekin batera aurkeztu beharko dira, batetik, ekintza horren gastuen edo diru sarreren aurrekontua xehekaturik, eta bestetik, aurreko urtean ekintza hori dela-eta sortutako gastuen edo diru sarren likidazioa edo likidazio aurreikuspena.

2.  Bi aldeen artean sinatu beharreko dokumentua (kontratu-programa, hitzarmena etab.), besteak beste, ondorengo aspektuak jaso beharko dira; udal laguntzaren helburua zehaztea, sinatzaileen eskubide eta betebeharrak, dirulaguntzaren onuradunak aldizka aurkeztu beharreko dokumentazioa, erabakiak hartzeko koordinazio mekanismoak ezartzea.

14. artikulua.  Partzuergo, Mankomunitate, Elkarte eta abarrekoak izatearen kuotak.

Ordenantza honetan erregulatutako eskabidea eta dokumentazioa aurkezteko obligaziotik salbuetsita daude Udalak ordaindu behar dituen transferentzia edo diru kopuru guztiak, udalaz gaineko izaera duten zerbitzu, erakunde edo elkarteetakoak izateko kuotak ordaintzeko direnean. Udala bere borondatez da horietako kide, udalbatzarrean halaxe onartuta, eta horien kide izaten jarraituko du kontrakorik erabaki ezean organo eskudunak, udal akordio baten bidez.

Kopuruak edo kuotak zuzenean ordainduko ditu Udalak, udalaz gaineko erakundearen organo eskudunak kuotak ezartzeko dagokion akordioa hartu eta gero, baina erakunde horretako zerbitzuek nahitaez bidaliko dio Udalari urtealdi bakoitzeko gastuen eta diru sarreren aurrekontuei eta likidazioari buruzko dokumentazioa.

5. ATALA.  Dirulaguntzak ordaintzea.

15. artikulua.  Dirulaguntzak nola ordaindu.

1.  Dirulaguntza ordainduko du dirulaguntzaren zertarakoa den helburua bete dela egiaztatu ondoren.

2.  Aurrekoa gorabehera, diruz lagundu beharreko ekintza dela-eta justifikatzen denean, konturako ordainak ere egingo dira. Konturako ordain horiek zenbateko osoaren zatiak izan daitezke eta lagundutako ekintzak gauzatu ahal daitezke, eta aurkezten den ziurtagiriaren araberako kantitatea ordainduko da.

3.  Aurretik ere ordain litezke kantitate batzuk ziurtagiriak aurkeztu baino lehen, dirulaguntzaren helburu diren ekintzak gauzatzeko ezinbesteko finantzabide moduan, deialdiak hala xedaturik badu, pilatze araubidean dauden dirulaguntza kasuetan, edo hitzarmenek edo hartutako udal akordioek hala xedaturik badute, gainerako dirulaguntza kasuetarako. Azken zatia ordaindu ahal izateko, gastua egiaztatu beharko du onuradunak.

Aurrerakina emandako dirulaguntzaren kopuru osoagatik ordaindua izan balitz, Udal akordioak, derrigorrez, ordaindutako aurrerakinaren justifikazioa, Ordenantza honen 17 artikuluak ezarritako dokumentazioaren arabera, aurkezteko data muga finkatu beharko luke.

16. artikulua.  Dirulaguntzak aldatzea.

1.  Dirulaguntza ematen duen ebazpena alda daiteke baldin eta dirulaguntza ematerakoan kontuan izan diren baldintzak aldatzen badira eta, nolanahi ere den, nazioko edo nazioarteko administrazio edo erakunde publiko zein pribaturen batek beste laguntza edo dirulaguntza batzuk emanez gero, kontraesanezko espedientea izapidetu ondoren.

2.  Halaber, diruz lagundutako ekintzaren edukian edozein aldaketa eginez gero, ekintzari eragiten diona, berariaz emango dio baimena organo berak, hau da, baimena eman zuen organoak berak.

6. ATALA.  Dirulaguntzak justifikatzea.

17. artikulua.  Dirulaguntzak zertan erabiltzen diren justifikatzea.

1.  Dirulaguntzen onuradunek nahitaez egiaztatu beharko dute hartutako dirua erabili dutela dirulaguntza emateko zio izan den helburua.

2.  Dirulaguntza erregulatzeko oinarriek xedaturikoaz gain, dirulaguntza egiaztatzeko ondoko dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte:

a)  Udal dirulaguntzak 30.000 eurotik gorakoak direnean. Aurkeztu behar dira finantza egoerak (egoeraren balantzea eta galera eta irabazien kontua), enpresa eskudunak auditaturik, dagokion erregistro ofizialean behar bezala izena emanda, eta horietan aipatu behar dira gastuak eta diru sarrerak, erakundearen jarduera globalarena nahiz udal dirulaguntzaren xede den ekintza edo ekintza berezi(ar)ena.

Halaber, dirulaguntza xede duten ekintzen azalpen memoria bat aurkeztu behar da, egin diren ekintzena, eta horrekin batera balorazio bat, lortu diren emaitzena.

b)  Udal dirulaguntza, 30.000 eurotik beherakoa. Dirulaguntzaren onuradunek bi aukera hauetako bat erabili ahal izango dute justifikatzeko:

b.1)  Auditatutako finantza egoerak, hau da, Ordenantza honetako 17.2.a artikuluan deskribatzen den dokumentazioa.

b.2)  Erakundearen jarduera globalaren nahiz diruz lagundutako ekintzaren edo ekintzen memoria, eta adieraziko da horretan zer gastu eta diru sarrera izan den, eta jatorrizko dokumentuekin batera (legezko balioa duten fakturak edo egiaztagiriak), edo Udalak kautotutako fotokopiekin batera, diruz lagundutako ekintza egitetik sortutako gastuei eta diru sarrerei dagozkienak, eta egin diren ekintzetan lortu diren emaitzen balorazio bat ere bai.

Edozelan ere, dirulaguntza 2.000 eurotik beherakoa denean, diruz lagundutako ekintzari dagokion dokumentazioa baino ez zaio eskatuko.

c)  Halaber, helburu jakin baterako dirua biltzeko diren dirulaguntzetan (adibidez, aipatu ditzakegu Kilometroak, Santa Agedako koruak eta antzekoak), ez da aurkeztu behar izango jatorrizko fakturarik edo dokumenturik, eta dokumentazio hori aurkeztu barik, dirulaguntzaren onuradunek bidali dezakete ekintza egitean sortu diren gastu eta diru sarreren balantzearen zenbaki laburpen bat.

d)  Baldin eta eskaera egiten duena partaide bada beste pertsona juridiko edo elkarte batzuen kapitalean, artikulu honetako 2.a) eta 2.b) ataletan aipatzen den dokumentazioak kontsolidaturik egon behar du, eta, hortaz, dagokion portzentajean, partaidetzako erakundeari buruzko informazioaren berri jaso behar du.

3.  Izaera sozialeko premiazko beharrizanei erantzuteko laguntzen justifikazioa kontrolatu eta fiskalizatu egingo dute gizarte zerbitzukoek, hori guztia kontuan izanik beste fiskalizazio batzuk egin ditzaketela beste administrazio edo organo eskudun batzuk.

18. artikulua.  Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.  Diruz laguntzeko gastutzat joko dira diruz lagundutako ekintzaren izaerari erantzuten diotenak eta dirulaguntzak arautzeko oinarriek ezarritako epean egiten direnak.

Dirulaguntzak emateko deialdia arautzeko oinarriek bestelakorik xedatzen ez badute, gastuak egiteko epea bukatuko da (faktura sortzea eta fakturaren eguna), oro har, urte naturala bukatzen denean, abenduaren 31n edo, noizean behingo ekintzak eta ekintza bereziak egiten direnean, dagokion udal akordioan zehazten den justifikazio epea bukatu baino lehen.

Halaber, diruz laguntzekoa jotzeko gastu bat, Dirulaguntzen 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan xedatutakoa bete behar da, birkontratatzeko eskatzen diren baldintzei buruz, bai eta legezko testu beraren 31. artikuluan ezarritakoa ere.

2.  Ez dira onartuko diruz laguntzeko gastu moduan:

—Administrazio barruko kostuak, taldearen beraren antolaketakoak, elkarte edo erakundearenak, baldin eta, konplexuak direlako, beharrezkotzat jotzen ez bada kanpoko aholkularitza kontratatzea, edo zeregin horiek egiteko norbere pertsonal administratiboa kontratatzea. Edozelan ere, gastu kontzeptu hori justifikatu egin beharko du onuradunak eta berariaz onartu beharko du Udalak edo erakunde autonomoak.

—Gastuen oharrak eta beste dokumentu batzuk, legezko balioaz faktura edo egiaztagiri jotzeko eskatzen diren arauzko baldintzak betetzen ez badituzte.

—Bazkari, afari edo ostalaritza zerbitzukoak diren beste batzuen kostuak, diruz lagundutako ekintzan parte hartzen dituztenekin sortutakoak izan ezik, eta hala denean, egindako gastuaren eta lortu nahi den helburuaren arteko proportzionaltasuna gorde beharra dago.

Hala ere, eta salbuespen izaeraz, Udalak, dagokion akordioaren bitartez, espreski onartu ahal izango du aipatu gastu kontzeptua.

19. artikulua.  Dirulaguntzak egiaztatzea.

Kontuhartzailetza udal sailak fiskalizatu eta egiaztatu beharra badu ere, dirulaguntza ematen duen organoari egokituko zaio dirulaguntza egoki justifikatu dela egiaztatzea, hura izapidetzeko ardura duen administrazio unitateak txostena egin eta gero, bai eta egokituko zaio ere ekintza egin izana eta emandako dirulaguntza lortu nahi zuten helburua bete izana egiaztatzea, eta horrela egiaztaturik geratuko da emandako dirulaguntza kobratzeko eskubidea duela edo ez duela.

IV. KAPITULUA

DIRULAGUNTZAK ATZERA ITZULTZEA

20. artikulua.  Itzultzea.

1.  Dirulaguntzen 38/2003 Legearen 36. artikuluan aurreikusitakoez gain, dirulaguntza emateko erabakia deuseztasunagatik edo deuseztagarritasunagatik, bidezkoa izango da jaso diren kopuruak itzultzea eta berandutza interesa eskatzea, dirulaguntza edo laguntza ordaindu den unetik aurrerakoa, hauetakoren bat gertatuz gero:

a)  Ez betetzea jasotzen diren fondoak zertan erabiltzen diren xedaturiko moduan eta epean egiaztatzeko beharra.

b)  Dirulaguntza lortzea horretarako xedaturiko baldintzen jabe izan gabe.

c)  Ez betetzea dirulaguntza ematerakoan onuradunari izendatzen zaizkion baldintzak.

d)  Ez betetzea, oso-osoan edo zati batean, laguntza edo dirulaguntza ematerako oinarri den xedea.

e)  Uko edo oztopo egitea organo eskudunen kontrol jarduerei.

f)  Laguntza edo dirulaguntza bakoitzaren arau bereziek xedaturiko gainerako baldintzak.

2.  Ematen diren laguntzen edo dirulaguntzek zenbatekoak, bakarka edo nazioko zein atzerriko administrazio publikoek edo erakunde publiko nahiz pribatuek emandako laguntzekin batera, onuradunak egiten duen jardueraren kostua gaindituz gero, gauzatzen den ekintzaren benetako kostua gainditzen duen hondarra itzuli beharko da.

Administrazio publiko baten baino gehiagoren dirulaguntzak lortuta, atal honetan aipaturiko hondarra lortuz gero, hondarra itzuliko da administrazio bakoitzak emandakoaren arabera.

3.  Itzuli beharreko kantitateak behartze bidez eska daitezke dirua hartarako xedaturiko epeetan itzuli ezean.

21. artikulua.  Dirua nola itzuli.

1.  Dirulaguntza ematen duen organoak berak izango du eskua hartzen den zenbatekoa guztiz edo aldez itzultzeko eskatzeko.

2.  Dirulaguntza itzultzeko prozedurari bere kabuz ekingo zaio laguntza edo dirulaguntza ematen duen organoak eskatuta, hura izapidetzeko administrazio atala arduradunak txosten egin eta gero, edota banakoren batek eskatuta edo salatuta.

3.  Prozedura izapidetzerakoan bermatu beharko da, nolanahi ere den, interesatuari entzuteko eskubidea.

4.  Ematen den dirulaguntza guztiz edo aldez ez dela behar bezala erabiltzen egiaztatzekotan, organo eskudunak ziodun ebazpena emango du, argiro adierazita zergatik itzuli behar duen nahitaez onuradunak, itzuli beharreko zenbatekoa eta horretarako epea eta modua, aipatuari ohartaraziko zaiola dirua xedaturiko epean itzuli ezean, behartze bideari ekingo diola Udalak.

5.  Behartze bideko prozedurari ekiten bazaio administrazio arauren bat urra dezakeen zer edo zergatik, horren jakitun jarriko da arauzko zigor prozedurari ekiteko.

22. artikulua.  Itzultzearen arduradunei buruz.

1.  Itzultzeko prozedura pertsona fisikoen edo juridikoen kontra zuzenduko da, edo nortasun juridikoa ez daukaten pertsona fisiko edo juridikoen taldeetako kideen kontra, dirulaguntzaren eskatzaile edo onuradun agertzen direnak.

2.  Erantzukizun solidarioa, edo subsidiarioa erabakitzeko, dirulaguntza itzultzeko obligazioaren ondorioz, gehiturik berandutza interesak, Dirulaguntzen 38/2003 Lege Orokorraren 40. artikuluan xedatutakoak dioena egingo da.

V. KAPITULUA

ZIGOR ARAUBIDEA

23. artikulua.  Arau-hausteak eta zigor administratiboak, dirulaguntza gaietan.

Zigor araubidearen gaietan, diruz lagundutako jardueragatik, Dirulaguntzen 38/2003 Lege Orokorraren IV. Tituluan xedatutakoari lotuko zaio.

Xedapen iragankorra edo aldi batekoa: Ordenantza hau indarrean sartu aurretik emandako dirulaguntzak gidatuko ditu dirulaguntza ematean indarrean zegoen araudiak, 2004ko aurrekontuaren kontura emandako dirulaguntzak izan ezik, izan ere, Ordenantza hauxe aplikatu zaie horiei, dirulaguntzaren zertarakoa justifikatzeko prozedurari dagokionez, itzultzeko prozedurari dagokionez eta zehatzeko araubideari dagokionez.

Xedapen gehigarria: Ordenantza honetan jasotzen ez den guztian aplikatuko zaio Dirulaguntzen 38/2003 Lege Orokorrean xedatutakoa eta indarrean dauden gainerako arauak.

Xedapen indargabetzailea: Indargabe geratzen dira udal arau eta xedapen guztiak, Ordenantza honetan xedatutakoaren kontra egiten dutenari dagokionez.

Indarrean daudela deklaratzen dira, Ordenantza honen kontra ez dagoen guztian, xedapen hauek:

—Arrasaten lanpostuak sortzeko Enpresei Laguntzeko Programa erregulatzen duen araudia.

—Arrasaten eta eskualdean hezkuntza jarduerak edo programak garatzeko ikastetxeentzat diren Dirulaguntzak erregulatzen dituen araudia.

—Diru baliabide urriak dituzten pertsonei udal tasak eta zergak ordaintzeko laguntzak erregulatzen dituen araudia.

—Arrasateko kirol erakundeei dirulaguntzak ematea erregulatzen duen araudia.

Azken xedapena: Ordenantza hau indarrean sartuko da Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean.

Arrasate, 2004ko uztailaren 29a.—Alkate-Lehendakaria.

(3072) (7381)