118. zenbakia | Data 1998-06-25 | 8516 orria |
Iragarkia
Udal Batzarrak, 1998ko martxoaren 25ean egindako bileran, kaleko salmenta arautzen duen Ordenantzari behin behineko onespenea eman zitzaion eta ondorioz gaur egun indarrean dauden prezio publikoen ordenantza fiskalean aldaketa bat egitea ere erabaki zen, kaleko salmentako prezio publikoak D) apartaduan sartuz. Erabaki honen berri 1998ko apirilaren 27ko 76 zenbakidun Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bitartez eman zen, baita ere Udaletxeko iragarki taularen bitartez. Ezarritako epean jendaurrean erakutsi ondoren, alegaziorik ez da aurkeztu eta, beraz, behin-betiko onartutzat jotzen dira. Erregimen Lokaleko Oinarrien Legeko 70. artikuluan ezarritakoa kontutan hartuz, aipaturiko Ordenantza eta Ordenantza fiskaleko aipatutako D) apartaduaren testu berriak argitaratzen dira, testuaren edukian aldaketak ezarriak izan direlarik:
Kaleko salmenta arautzen duen Ordenantza
HITZAURREA
Merkataritza-etxe iraunkorretik kanpoko salmenta euskal udalerrietako herri-ohituretan oso finkatua dagoen salmenta-mota da, hainbat gorabehera dela eta, azken urteotan asko hedatu dena. Hori dela eta, salmenta-mota horri buruz antzina zegoen ikusmoldea gainditu da, eta dagoneneko ez da hartzen merkataritza-banaketa finkatuaren ordezko eta osagarritzat.
Kaleko salmentak,hau da, saltoki finkoetan egiten ez den salmentak, gero eta garrantzi handiagoa duenez, beharrezkoa da zenbait neurri hartzea: alde batetik, iharduera horiek lehia aske eta leialean egiten direla ziurtatzeko eta, bestetik, kontsumitzaileen bidezko eskubideak zaindu eta bermatzeko, bai eta horien osasuna eta segurtasuna babesteko ere, eta eskaintzen diren ondasun eta zerbitzuen kalitatea ziurtatzeko.
Asmo horrekin osatu da kaleko salmentaren ihardunbidea eta baldintzak arautzen dituen ordenantza hau. Hori guztia indarrean dauden arauak betetzeko.
ATARIKO IDAZPURUA
EZARPEN EREMUA
1. Atala.
Ordenantza honen helburua Ikaztegietako udalerrian kaleko salmenta arautzea da.
2. Atala. Kaleko salmenta zer den.
Kaleko salmenta, norbanakoak edo lege nortasun dunak izanik, ohiko saltzaileek edo noizean behin saltzen dutenek merkataritza-etxetik kanpo egindako salmenta da, saltoki edo eraikuntza desmuntagarrietan edota ibilgailuetan. Kaleko salmentak udalaren baimena beharko du; baimen hori besterenganaezina izango da eta gehienez urtebeteko iraupena izango du, ordenantza honetako 18. atalean jasotako kasuetan izan ezik.
3. Atala. Kaleko salmenta motak.
Ordenantza honen ezarpen-eremuari dagozkion kaleko salmenta motak honako hauek dira:
a)Betidanik antolatu diren aldizkako merkatuak edota berriak, leku jakinetan jartzen direnak. Gehienez astean behin antolatuko dira.
b)Azokak, jaiak, herriko ospakizunak edo eskulangintza-azokak direla eta, herriko jaietan edo noizean behin ezartzen diren merkatuak.
c)Kamioi-denda edo kaleetan jartzen diren postuetako salmentak, egoera eta baldintza jakinetan baimendutakoak.
4. Atala. Leku jakinetan ezartzen diren aldizkako merkatuak.
1. Kaleko salmenta egiten den saltegi-multzoak dira honelako merkatuak, betidanikoak zein berriak, eta udalak erabakitako kale.esparruetan egiten dira maiztasun finkoz.
2. Ikaztegietako udalerrian horrelako merkatu hauek egiten dira. Izena:Herriko Frontoi zaharrean. Eguna: asteartea. Ordutegia: 7:00etatik 13:00etara.
5. Atala. Noizbehinkako merkatuak.
1. Herriko, estatuko edota autonomi elkarteko jaiak, edo festak direla eta noizen behin antolatzen diren merkatuak dira, bia eta udaldian edota kirol, kultur edo jai giroko gertakariak direla eta antolatzen direnak edota jai horiek ospatzen diren aldian janari-edariak saltzea ere.
2. Eskulangintza-azokak ere mota honetakoen artean sartzen dira. Azoka horiek udal-baimenen jabe diren pertsona guztieie dagozkien berariazko ihardueraren edo ihardueren babesean sortutakoak dira. Azoka horiek ez dira ohikoak izaten eta horien kokapena, maiztasuna eta saltoki-kopurua aldez aurretik erabakiko dira alkatetzak emango duen ebazpenaren bidez.
Salmenta egiten duenak berak edo beste batzuek egindako eskulanak saltzea baimentzen da merkatu horietan, hala nola: larrukizko gaiak, zeramikazkoak, margoak, eskulturak, apaingarriak, etab.
6. Atala. Kamioi-dendatan gauzatzen den salmenta.
1. Salmenta-mota hau egiteko, saltzaileak furgoneta edo kamioi moduko ibilgailuren bat erabiltzen du, beti ere garraioari eta baimendutako produktuen salmentari dagozkion arauen arabera egokitutakoa.
Iharduera aldizkakoa edo noizbehinkakoa izango da, eta udalaren baimenean agertzen den lekuan edo lekuetan egingo da.
2. Jan-edarien salmentari dagokionez, ibilgailuari egin zaizkion egokitzapenak eta osagarriak ere agertuko dira, ezarri beharreko teknika eta osasun arloko araudiak betetzen dituen edo ez egiaztatzeko.
3. Baimena emateko 14. atalean eskatzen diren baldintzez gain, eskabide.-egileek honako agiriok erantsi beharko dizkiote eskabideari: ibilgailuaren zirkulazio-baimena, ibilgailua erabiltzen duenaren gida-baimena eta dagokion IAT gainditu izana egiaztatzen duen agiria.
7. Atala.
Egunkari, aldizkari, ONCEren postuak eta noizbehinkako argitalpen horiei buruzko postuak berariazko arauetan ezarritakoarekin bat etorrita arautuko dira.
8. Atala.
Ez dute inola ere kaleko salmentaren izaera izango:
Etxez etxeko salmentak.
Urrutiko salmentak.
Aldizkako salmentak.
Makina automatiekoen bidezko salmentak.
9. Atala.
Ordenantza honetan aurrikusitako kasuez kanpo debekatuta dago kaleko salmenta udalerri honetan.
I. IDAZPURUA
KALEKO SALMENTARAKO BAIMENDUTAKO SALTOKI ETA PRODUKTUAK
10. Atala. Salmentako produktuak.
Agintaritza eskudunen iritziz osasunerako arriskurik ez duten produktuak saltzea baimendu ahal izango da, baldin eta indarrean dauden arauek kaleko salmentaren bidez merkaturatzea debekatzen edo mugatzen ez badute. Baimenen jabe direnek, merkaturatzen dituzten produktuen teknika eta osasun arloko araudiak eta ezargarri zaizkien gainerako arauak bete beharko dituzte.
11. Atala. Saltokiak.
1. Saltokien kopurua, horietako bakoitzean salduko diren salgaien adierazgarri eta guzti, saltokien neurriak eta gainerako baldintzak baimen bakoitzean zehaztuko ditu organo eskudunak.
2. Baimenen jabeek zehazten diren baldintzetara egokitu beharko dituzte euren instalazioak, beti ere kontuan izanik instalazio desmuntagarri eta garraiagarriak izan beharko dutela, eta segurtasun, osasungarritasun eta kaleko egokitasun baldintzak bete beharko dituztela.
3. Udalak merkatuaren funtzionamendu egokirako eta zainketarako, plano bat egingo du, eta bertan azalduko dira saltoki guztiak nola banatzen diren, zein bere zenbakiarekin. Zenbaki horiek bat etorriko dira udalak emandako baimenarekin.
12. Atala. Janari-edariak kaleetan saltzeko saltokien baldintzak.
Janari edariak kaleetan saltzen dituen berezitasunak kontuan izanik, ordenantza honetan saltoki guztietarako ezartzen diren baldintza orokorrez gain, horrelako produktuak saltzen dituzten saltokiek merkataritza-produktuei eta instalazio horiei buruzko berariazko arauek ezartzen dituzten garbitasun eta osasun baldintzak eta bestelekoak ere bete beharko dituzte.
II. IDAZPURUA
KALEKO SALMENTA EGITEA
1. ATALBURUA. KALEKO SALMENTA EGITEKO BALDINTZAK
13. Atala.
Ikaztegietako udalerrian kaleko salmentarako honako baldintza hauek bete beharko dira:
1. Dagozkion Ekonomi Ihardueraren gaineko Zergaren idazpuruetan izena emanda egotea eta zerga horren ordainketak eguneratuak izatea.
2. Gizarte Segurantzaren dagokion jaurbidean izena eman egotea eta kuotaren ordainketak eguneratuak izatea. Lege nortasundunen kasuan, Gizarte Segurantzan enpresa bezala izena emana egotea, bere langileak afiliatuak izatea eta kuoten ordainkizunak gaurkotuak edukitzea.
3. Merkataritza produktuei eta instalazioei buruzko berariazko arauek ezartzen dituzten garbitasun eta osasun baldintzak edo bestelakoak betetzea.
4. Udal baimenaren jabe izatea
5. Dagozkion prezio publikoak ordaintzea.
2. ATALBURUA. UDAL BAIMENAK
14. Atala.
Baimenak doazkionak eskatu ondoren emango dira. Eskabidea udaleko alkatetzara bidaliko da, eta bertan honako hauek adieraziko dira:
a)Eskabide egilearen izen abizenak edo bere kasuan egoitza
b)NAN eta IFZren zenbakia, lege nortasuna dutenen kasuan.
c)Helbidea.
d)Instalzioari eta salgaiei buruzko azalpena.
e)Lege nortasuna dutenen kasuan, jarriko da baita ere baimena erakundearen kontura erabiliko duen langilearen edo kidearen izena, egoitza eta NAN.
f)Lekua, eguna eta orduak, eta hala badagokio, maiztasun eta kokapen finkoko zein merkatutarako eskatzen den baimena.
g)Zenbat metro hartuko dituen instalazioak.
15. Atala.
Aurreko atalak aizpatzen duen eskabideaz gain, eskabide egileak agiri hauek ere ekarri beharko ditu:
a)NAN eta IFZren fotokopia
b)Gizarte Segurantzako kotizazioen alta eta azkeneko ordainagiria.
c)Ekonomia Ihardueren gaineko Zergaren alta eta azkeneko ordainagiria.
d)Lege nortasuna dutenen kasuan, enpresa eraketaren agiria, Merkatal Errolsan behar bezala izena eman ondoren, hala behar izanez.
Era berean, ordezkaritza baliotu egin beharko da zuzenbidearen aldetik indarra duen edozein baliabidez edota, eskaera egileak berak deklarazioa eginez.
e)Janari-edariei dagokienez, zinpeko aitormenaren inprimakia betetzea.
3. ATALBURUA. IHARDUNBIDEA
16. Atala.
Eskabidea eta dagozkion agiriak jaso ondoren, udaleko Alkateak agiri horiek eta gainerako txostenak aztertuko ditu eta baimena eman edo ukatu erabakiko du.
4. ATALBURUA. UDAL BAIMENAREN EZAUGARRIAK
17. Atala.
Udal-baimena norberarena eta besterenganaezina izango da.
18. Atala.
Baimenak gehienez urtebeteko iraupena izango du, eta baimena ematen den urteko abenduaren 31n bukatuko da, noizbehinkako merkatu eta kamioi-dendetan egiten den kaleko salmentaren kasuetan izan ezik. Kasu horietan, baimenean bertan ezarriko da salmenta-mota hori zein egun jakinetan gauza daitekeen.
Baimena berritzeko, beharrezko agiriak aurkeztu beharko zaizkio udal-agintaritzari horretarako ezartzen den epean.
5. ATALBURUA. BAIMENAREN IRAUNGIPENA
19. Atala.
Salmenta-baimenaren iraungipen-arrazoi izango dira honako hauek:
a)Baimenaren iraupen-aldia amaitzea.
b)Jabeak baimenari uko egitea.
c)Jabea hiltzea, edo, hala balegokio, enpresa desegitea.
d)Saltokia eskuz aldatzea.
e)Baimena galtzea dakarren zigorra.
f)Dagozkion prezio publikoak ez ordaintzea.
g)Baimena lortzeko eskatzen diren baldintza guztiak edo horietakoren bat galtzea.
h)Udalak aurretik jakin gabe, 4 astetan jarraian merkatura ez joatea.
i)Kokapen eta maiztasun finkoko merkatua edo udalerrian kaleko salmenta oro har etetea.
Iraungipena d), e), f), g) h) eta e) arrazoiei badagokie, udaleko alkateak horretarako erabakia hartu beharko du doakionari entzun ondoren gehienez 15 eguneko epean.
III. IDAZPURUA
KALEKO SALMENTA EGITEN DUTENEN ESKUBIDE ETA BETEBEHARRAK
20. Atala. Eskubideak.
1. Ikaztegietako udalerrian kaleko salmenta egiteko udal-baimenen jabe direnek honako eskubide hauek izango dituzte:
a)Baimena duteneko saltokiak betetzekoa.
b)Udalak baimendutako salmenta-iharduera jendaurrean eta baketsuki gauzatzekoa, baimenean zehaztutako ordu eta badintzetan.
c)Baimendutako iharduera egin ahal izateko, herriko agintaritzen eta udaltzaingoaren babesa eskatzekoa.
d)Baimena eman den merkatua eteten bada, udal-baimenaren jabe denak haren ordez egin daitekeen merkatuan beste saltoki bat lortzeko lehentasuna izatekoa, eta, ahal den neurrian, iraungitako baimenaren baldintza berak gordeaz.
e)Iharduera gauzatzea baimentzen deneko merkatuaren funtzionamendua hobetzeko erreklamazioak eta iradokizunak aurkeztekoa.
f)Baimenaren jabeak berak saltokian salmenta-iharduera gauzatzekoa
g)Bere saltokia non dagoen jakitekoa. Saltoki hori, beti ere, galilpotez, solairuz edo porlanez estalitako zoruaren gainean ezarri beharko da.
h)Salmenta baimentzen deneko egunak udalak ez aldatzekoa, jai edo ospakizun berezi batekin bat ez badatoz behintzat. Kasu horretan, nahikoa aurrerapenaz jakinaraziko dio udalak aldaketa hori.
2. Aldizkako merkatuetan kaleko salmenta gauzatzeko udal-baimenaren jabeek, halaber, azoka horietan salmetak eragindako hondakinak jasotzeko esparrua edo edukiontziak erabiltzeko eskubidea izango dute.
21. Atala. Betebeharrak.
1. Kaleko salmenta gauzatzeko udal-baimenaren jabeek honako zehaztapen hauek bete beharko dituzte:
a)Salmenta saltoki edo instalazio desmuntagarrietan egin beharko da, edota, garria-errazak eta iharduera horretarako egokiak diren kamio-dendetan.
b)Saltokien jabeek agerian ezarriko dute euren udalbaimena. Betebehar hori ez betetzeak edota baimenean zehazten ez diren produktuak saltzeak saltokia badaezpada ixtea ekarriko du, bidezko den zigor-espedienteari hasiera ematearen kalterik gabe.
c)Saltzaileek, merkataritza-iharduera gauzatzerakoan, indarrean dauden unean uneko arauek merkataritzaz, merkatuko jaurbideaz eta kontsumitzaile eta erabiltzaileen babesaz xedatutakoa bete beharko dute.
d)Saltokietan txartelak eta etiketak ezarriko dituzte, eta horietan ikusteko moduan agertuko dira eskaintzen diren produktuen prezioak. Salgai dauden produktuen prezioa argi eta garbi azalduko da, betiere gai honi buruz indarrean dagoen legeria betetzen dela. Multzoka saltzen diren produktuetan edo saltzeko prezioa janari-edariaren kopuru edo bolumenaren arabera ezartzen denean, neurriunitate bakoitzari dagokion prezioa adieraziko da. Era berean, salgaien izakin guztiak agerian edukiko dituzte, eta ezin izango da salgai horien zati bat bereizi, aukeratu edo ezkutatu.
e)Behar bezalako erakustagiriak dituzten udaleko langile edo agintaritzak eskatuta, saltzaileek eskatzen dizkieten agiriak erakutsi beharko dizkiete.
f)Aldizka antolatzen den Ikaztegietako merkatua 7:00etatik 13:00etara bitartean egongo da zabalik, eta zamalanak ordutegi horretaz kanpo egin beharko dira. Salmenta orduetan debekatu egiten da ibilgailuak merkatuaren barruan ibiltzea.
Noizbehinkako merkatuen eta eskulangintza-azoken ordutegia horiek onartzeko alkatetzak ematen duen ebazpenean ezarriko da.
g)Salmenta gauzatzen dutenen ibilgailuak ezingo dute merkatuaren barrualdean egon, ez eta saltokiaren ondoan ere. Merkatuaren kanpoaldean horretarako jarriko diren tokietan aparkatu beharko dira. Kamioi-dendak debeku horretatik kanpo daude.
h)Kaleko salmeta gauzatzen dutenek kontsumatzaileen erreklamazioak, horrelakorik badago, zein helbidetan jasoko diren adierazi beharko dute ikusteko moduan jarritako txartelaren bidez. Helbide hori, betiere, salmentaren ordainagiri edo egiaztagirian azalduko da.
i)Saltzaileek gauzatzen dutenek, doakionak hala eskatzen badu, salerosketaren ordainagiri edo egiaztagiria eman beharko dute.
j)Saltokien jabeek ordaindu beharko dituzte zoruan egin ditzaketen kalteak.
k)Erantzukizun zibileko aseguru-poliza izenpetu beharko dute, iharduera gauzatzen den instalazioetan besteei egindako kalteak estaliko dituena.
l)Salgaien eskaintza aldarrikatzeko ozengailuak erabiltzea debekatzen da.
m)Udal-baimen guztien jabeek, kaleko salmenta baimentzen deneko merkatuek funtzionamendu egokia izan dezaten, udaleko agintaritza eta funtzionarioek ordenantza hau eta gai honi buruzko indarreko legeria ezarriz ematen dizkieten agindu guztiak bete beharko dituzte.
IV. IDAZPURUA
ZIGORTZEKO ARAUAK
1. ATALBURUA. KALEKO SALMENTA IKUSKATZEAZ
22. Atala.
1. Udalak, lehenik, ordenantza honetan ezarritako betebeharrak eta kaleko salmentaren alorrean unean unean indarrean dauden garbitasun, osasun eta segurtasuneko arauak jagon eta ziurtatuko ditu, beste herri-administrazio batzuek ere euren aginpideez baliatzearen kalterik gabe.
2 ATALBURUA. ZIGORTZEKO IHARDUNBIDEA.
23 Atala.
Merkataritza-iharduerari buruzko maiatzaren 27ko 7/1994 Legean arautzen den Eusko Jaurlaritzako organoen zigortzeko aginpidearen kalterik gabe, ordenantza honetan xedatutakoarekiko arau-hausteak udalak zigortuko ditu.
24. Atala.
Ordenantza honetan aurrikusitako arau-hausteakatiko zigorrak ezartzeko eta erabakien aurka jar daitezkeen errekurtsotarako ihardunbidea indarreko administrazio-ihardunbideko arauek ezarritakoa izango da.
25. Atala.
Kaleko salmentarako udal-baimenaren jabeak ordenantza honetan xedatutakoaren aurka eurek, euren familiakoek edo saltokian lan egiten duten soldatapeko langileek egiten dituzten arau-hausteen erantzule izango dira.
3. ATALBURUA. HUTSEGITE ETA ZIGORRAK
26. Atala. Arau-hausteak.
1. Arau-hausteak arinak, larriak edo oso larriak izango dira.
2. Arau-hauste arintzat hartuko dira ordenantza honetako erabakiak ez betetzea, zuzeneko diru-ondoriorik ez dutenean eta kontsumitzaileei kalterik sortzen ez dietenean, larri edo oso larritzat hartzen ez badira.
3. Larritzat hartuko dira honako arau-hauste hauek:
a)Zuzeneko diru-ondorioak dituztenak edo kontsumitzaileei kalte egiten dietenak.
b)Osasunaren inguruko arau-hauste larriekin batera gertatzen direnak.
d)Derrigorrezko udal-baimenik gabe kaleko salmenta gauzatzea.
e)Agintariek eta haien kudeatzaileek ordenantza honetan jagote-lanak gauzatzeko eskatzen dituzten datuak emateari edo eskatzen duten informazioa eskuratzen laguntzeari uko edo aurka egitea, bai eta informazio desegokia, osoa ez dena edo faltsua ematea ere, ukatzea edo trabak jartzea behin eta berriz gertatzen denean edo agintaritzekin edo haien kudeatzaileekin bortxa, mehatxu edo beste edozein presiobide erabiltzen denean.
4. Oso larritzat hartuko dira honako arau-hauste hauek:
a)Osasunaren inguruko arau-hausteekin batera gertatzen direnak edo gizakien segurtasuna arrisku larrian jartzen dutenak.
b)Kontsumitzaileei kalte larriak sortzen dizkietenak.
d)Gehiegizko irabazpidea ematen duten edo ekonomi-antolaketa larriki aldatzen duten arau-hauste larriak.
27. Atala. Zigorrak.
1. Kontsumitzaile eta erabiltzaileen babeserako legedia orokorrean aurrikusitakoa ezartzearen kalterik gabe, arau-hausteak merkataritza-iharduerari buruzko maiatzaren 27ko 7/1994 Legean xedatutakoaren arabera zigortuko dira. Arau-hauste arinak eta larriak zigortzea udalari dagokio, honako taula honen arabera:
a)Arau-hauste arinen zigorrak honako hauek izango dira:
a1)Ohartarazpena.
a2)Eta/edo 250.000 pta.rainoko isuna.
b)Arau-hauste larrien zigorrak honako hauek izango dira:
b1)1.500.000 ptarainoko isuna.
b2)Eta/edo salmenta-baimena galtzea.
2. Arau-hauste oso larriak Eusko Jaurlaritzako organo eskudunek zigortuko dituzte.
28 Atala. Zigorren mailaketa.
Ezar daitezkeen zigorren mailaketarako, kontuan izango da beti ere saldutako produktuen izaera, egindako kalteak, araua hautsi duenaren asmoa edo behin eta berriro egitea eta arau-haustearen gizarte-eragina.
AZKEN ERABAKIA
Ordenantza hau Toki-Jaurbidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legean agindutakoaren arabera jarriko da indarrean.
Gaur egun indarrean dauden prezio publikoen ordenantza fiskalean onartutako aldaketa: kaleko salmentako prezio publikoak D)apartaduan sartuz, ordenantzaren testua ondoren zehazten den modura gelditzen delarik:
«d) Epigrafea: Erabilpen publikoko lurretan postuak; kaleko salmenta, feria, herri jaietako postuak, e.a:
* 10 m²raino eguneko 950 pta.
* 10 m²tik aurrera, m²ko eta eguneko 90 pta.».
Ikaztegieta, 1998ko ekainak 4.Iñaki Zubeldia Otegi, Alkateak.
(330) (5969)