Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala
3
TOKI ADMINISTRAZIOA

DONOSTIAKO UDALA

Pertsonen Kudeaketa

Oharra

Tokiko Gobernu Batzarrak, 2020ko azaroaren 10ean egindako bilkuran, Udal honetako langileen lan baldintzak arautzen dituen akordio arautzailearen aldaketak onartu ditu, erantsitako dokumentuan zehazturikoaren arabera.              

Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatuaren Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 38. artikuluan eta 6ko 6/1989 Legeko 102.artikuluan xedatutakoa betez, guztiek honen berri izan dezaten argitaratzen da.

Donostia, 2020ko abenduaren 4a.—M. Isabel Iñiguez Azurmendi, Pertsonen Kudeaketako zuzendaria.         (6577)

AKORDIO ARAUTZAILEAREN ALDAKETAK

5. artikulua.  Ohiko lanaldia eta malgutasuna.

(3. puntua aldatzen da).

3.  Lan eta famili bizitza bateratzeko eta hiritarren eskaerak betetzeko zerbitzuen antolamendua egokitzeko helburuekin nahitaezko lan ordutegiaren malgutasuna ezartzen da ondoren adierazten eran: 16 urte baino gutxiago duten seme-alabak dituzten langileek lanera sartzekoan eta ateratzerakoan ordu erdiko malgutasun gehigarria izango dute. Erabilitako denbora urtean zehar berreskuratu beharko da. Era berean, eguneko zazpi ordu eta erdiak etengabe egin ahal izango dira lanaldiaren hasieraren ordua edozein izanda ere. Malgutasun bera izango du langileak bigarren maila arteko odolkidetasun edo ezkontza ahaidetasuneko familiartekoa edo urruneko mailakoa elkarrekin bizi bada zaintzeko, mugitzeko zailtasuna edo etengabeko gaixotasun larria duenean, sendagilearen ziurtagiriarekin.

21. artikulua.  Lanalditik kanpo egindako orduak.

(10. puntua aldatzen da).

10.  Lanera joan gabe hiriz kanpo egiten diren lan bilerak, jardunaldiak, ikastaroak, hitzaldiak eta abar ez dira joko ohiko lan-saiotik kanpoko ordutzat. Kasu hauetan ohiko lan-saiotzat joko dira, lan bilerak izan ezin, gehieneko lan-saiotzat joko baitira.     


28. artikulua.  Lanera joatea eta ez-joatea arrazoitzea.

(2. puntua aldatzen da).

2.  Gaixotasunagatik bada, hirugarren egunetik aurrera baja-ziurtagiria aurkeztu beharko da derrigorrean; sendagileak baja-ziurtagiria eman eta gehienez ere hiru egunera aurkeztu beharko da baja-ziurtagiria, eta astean behin «aldi baterako ezintasuna baieztatzeko komunikatu ofiziala» entregatu behar izango da. Egiaztagiri hauek helbide elektronikoz bidali ahal izango dira.               

30. artikulua.  Ezabatu da.

36. artikuluan arautzen da.

35. artikulua.  Haurdunaldi eta edoskitzeagatiko lizentzia.

(3., 4., 5., eta 6. puntuak aldatzen dira).

3.  Hamabi hilabete baino gutxiago dituen seme edo alaba bat edoskitzeko, eskubidea izango dute lanetik ordubetez ateratzeko. Denbora hori bi zatitan banatu ahal izango dute. Baimen hori proportzionalki handituko da kasuak anizkoitzak badira, bai erditzea, bai adopzioa, bai adoptatzeko nahiz harreran hartzeko zaintza. Eskubide horren ordez, lanaldi arrunta ordu erdiz murriztu ahal izango da lanaldiaren hasieran eta bukaeran, edo ordu bat lanaldiaren hasieran edo bukaeran, helburu berarekin.

4.  Edoskitze baimena langileen eskubide indibiduala da, eta ezin zaio beste guraso, adoptatzaile, zaintzaile edo hartzaileari eman.

5.  Edoskitze denboraren ordez, baimen ordaindua eskatu ahal izango da, lanaldi osoetan dagokion denbora metatuta. Modalitate hau bakarrik hartu ahal izango da jaiotzagatik, adopzioagatik, zaintzagatik edo harreragatik ematen den baimena nahiz ama biologikoa ez den gurasoari ematen zaion baimena amaitzen denean. Edo, bestela, adingabearen jaiotzatik iragan den denbora eta baimen horiek osatzen dutena berdina denean (18 aste). Beste aukera bat da eguneko orduaz gozatuz hastea, eta egun jakin batetik aurrera, hartzeko geratzen diren ordu guztiak metatzea. Metatu daitekeen gutxieneko ordu kopurua hilabete bati dagokiona da.         

Metaketa kalkulatzeko, 36. eta 37. artikuluetan araututako baimenaren 18 asteak amaitu aurretik benetan lan egindako egun guztiak hartuko dira kontuan, bai eta baimen hori amaitzen denetik, haurrak 12 hilabete bete arte geratzen diren egunak ere.              

6.  Edoskitze ordu metatuen zenbaketak barneratuko du dagokion denbora osoa, ez da kenketarik egingo oporrengatik, eta aurreko urteko hartu gabeko opor egunak ere kontuan hartuko dira, gehienez 22 egun izango dira opor-kontzeptuagatik. Ez dira kontuan edukiko ondorengo eszedentzia, baimen edo lizentzia eskaerak.

36. artikulua.  Jaiotzagatiko baimena ama biologikoarentzat eta ama biologikoa ez den beste gurasoarentzat.

(Idazketa berria).

1.  Baimenaren iraupena 18 astekoa izango da. Horietatik lehenengo sei asteak nahitaez eta etenik gabe hartuko dira, haurra jaio eta hurrengo egunetik aurrera. Baimen hori beste 24 egun naturalez luzatuko da, baldin eta semeak edo alabak ezgaitasunaren bat badu; beste hainbeste luzatuko da, haur bakoitzeko, bigarren seme edo alabatik aurrera, baldin eta jaiotza anizkoitza bada. Eta beste 10 egun naturalez, seme edo alaba bakoitzeko, hirugarren seme edo alabatik aurrera, jaiotegunetik aurrera.

2.  Baimen hau honela banatu ahal izango da:

— Lehenengo sei asteak etenik gabe hartuko ditu, haurra jaio eta hurrengo egunetik aurrera.

— Hurrengo hamar asteak, etenak eginda har ditzake langileak, hala nahi izanez gero, nahitaezko atsedenaldia bukatzen denetik edo beste gurasoak baimena (18 aste) bukatzen duenetik aurrera, semeak edo alabak 12 hilabete bete arte.          

Kasu horretan, gutxienez 15 egun balioduneko aurre-abisua egin beharko da epealdi bakoitzeko.

Hamar aste horiek etenik gabe hartuko dira gurasoetako batek lanik egiten ez badu.

— Azken bi asteak etenik gabe gozatuko dira, borondatezko azken astea bukatu eta hurrengo egunetik aurrera.            

Bi gurasoetako batek beste gurasoaren 18 asteak amaitu ondoren baimen hori hartzea erabakitzen badu, eta honek 12 hilabete baino gutxiagoko haurraren edoskitze denbora lanaldi osoetan metatzea eskatu balu, denbora hori amaitzean hasiko da gainerako 12 asteak kontatzen. 12 aste horiek zenbaki honetan adierazitako moduan hartuko dira.          

3.  Semea edo alaba hilez gero, baimenaren iraupena ez da murriztuko, langileak, nahitaezko sei atseden asteak bukatu eta gero, lanpostura itzultzeko eskatzen ez badu, behintzat.    

4.  Haurra garaia baino lehen jaioz gero edo, beste edozein arrazoirengatik, jaioberriak ospitalean gelditu behar izanez gero, baimen hori luzatuko da jaioberria ospitalean dagoen bitartean, gehienez ere, 13 aste gehiago.    

5.  Baimen hori lanaldi osoan edo lanaldi partzialean hartu ahal izango da, zerbitzuaren beharrek horretarako bidea emanez gero.

6.  Baimen hori hartua duen langileak parte hartu ahal izango du Administrazioak antolatutako prestakuntza ikastaroetan, baldin eta etenik gabe eta haurra jaio eta hurrengo egunean hartu beharreko lehenengo sei asteak iragan badira.

7.  Amatasun baja ustekabean eta oporraldia hasi baino lehen hartzen badu, funtzionarioak oporrak hartu ahal izango ditu lanera itzuli eta hurrengo egunetik hasita.       

8.  Oporraldia bat baldin badator haurdunaldiaren, erditzearen edo edoskitze naturalaren ondorio den aldi baterako ezintasunarekin nahiz amatasun baimenarekin edo edoskitzea dela eta baimen horren luzapenarekin, amak oporrak beste egun batzuetan hartzeko eskubidea izango du, oporrak dagozkion urte naturala amaitu bada ere.

9.  Ama aldi baterako ezintasun egoeran badago lan istripu baten ondorioz, aldi baterako ezintasun egoeraren ondoren hartu ahal izango du lizentzia hau.

10.  Langileak, lizentzia honetaz gozatzen ari den bitartean, ordainsarien %100a jasoko da.

11.  Ama biologikoaren haurdunaldiko arriskuagatiko lizentzia: kasu horretan, erakundeak langilearen ordainsariak osatuko ditu, %100a bete arte.

37. artikulua.  Adoptatzeagatik nahiz adoptatzeko edo harreran hartzeko helburuarekin zaintzeagatik araututako lizentzia (harrera aldi baterakoa nahiz betikoa izan daiteke).

(Idazketa berria).

1.  Baimenaren iraupena 18 astekoa izango da. Horietatik, lehenengo sei asteak nahitaez eta etenik gabe hartuko dira, adopzioa eratzen duen ebazpen judiziala edo adopzioan nahiz harreran hartzeko helburuarekin zaintzeko erabaki administratiboa hartu eta hurrengo egunetik aurrera. Baimen hori beste 24 egun naturalez luzatuko da, baldin eta adopzioan nahiz harreran hartutako semeak edo alabak ezgaitasunaren bat badu; beste hainbeste luzatuko da, haur bakoitzeko, bigarren seme edo alabatik aurrera, baldin eta adopzioa anizkoitza bada, bai eta adopzio edo harrera anizkoitzetarako zaintza kasuetan ere. Eta beste 10 egun naturalez, seme edo alaba bakoitzeko, hirugarren seme edo alabatik aurrera.

2.  Ama biologikoak honela banatu ahal izango du baimen hori:

— Lehenengo sei asteak etenik gabe hartuko dira. Adoptatzaileak edo hartzaileak aukeratuko du noiz hasten den zenbatzen epe hori: adoptatzeko edo harreran hartzeko helburuarekin erabaki administratiboa hartzen denean edo adopzioa eratzeko ebazpen judiziala hatzen denenean. Adingabe batek ez du, inola ere, eskubiderik emango, baimen horretaz gozatzeko epealdi batez baino gehiagoz.

— Hurrengo hamar asteak, adoptatzaileak edo hartzaileak aukeratuta, eten egin daitezke nahitaezko atsedenaldia amaitzen denetik (norberarena edo beste pertsona adoptatzaile edo hartzailearena) edo beste adoptatzaile edo hartzailearen baimena amaitzen denetik (18 aste), hamabi hilabeteko epean, adopzio edo harrerarako zaintzari buruzko administrazio-erabakia hartzen denetik edo adopzioa egiteko ebazpen judiziala ematen denetik.

Kasu horretan, gutxienez, 15 egun balioduneko aurre-abisua egin beharko da epealdi bakoitzerako.

Hamar aste horiek etenik gabe hartuko dira gurasoetako batek lanik egiten ez badu.

— Azken bi asteak etenik gabe hartuko dira, borondatezko azken astea bukatu eta hurrengo egunetik aurrera.              

Adingabe batek ezin izanen du eman baimen hori hainbat alditan hartzeko eskubidea.

3.  Baimen hori lanaldi osoan edo lanaldi partzialean hartu ahal izango da, zerbitzuaren beharrek horretarako bidea emanez gero.

4.  Gurasoek adoptatu nahi duten haurraren jaioterrira aldez aurretik joan behar badute, nazioarteko adopzio edo harrera kasuetan, bi hilabete arteko baimena ere izango dute, eta aldi horretan oinarrizko ordainsariak bakarrik jasoko dituzte.   

5.  Aurreko paragrafoan aurreikusitako bi hilabete arteko baimena gorabehera, eta paragrafo horretan jasotako kasurako, adopzioagatiko edo adoptatzeko nahiz aldi baterako edo betiko hartzeko helburuarekin zaintzeagatiko baimena, adopzioa eratzeko ebazpen judiziala edo harrerari buruzko erabaki administratibo edo judiziala hartu baino lau aste lehenago, gehienez, hasi ahal izango da.

6.  Baimen hori hartua duen langileak parte hartu ahal izango du Administrazioak antolatutako prestakuntza ikastaroetan, baldin eta etenik gabe eta haurra jaio eta hurrengo egunean hartu beharreko lehenengo sei asteak iragan badira.

7.  Baimen hau hartzeko motiboa den gertakizuna oporrak hasi aurretik izaten bada, langileek oporrak hartu ahal izango dituzte, lanera itzuli eta hurrengo egunetik aurrera.     


8.  Oporraldia artikulu honetan ezarritako baimenarekin edo edoskitzeagatiko luzapenarekin bat datorrenean, langileak oporrak beste egun batean hartzeko eskubidea izango du, oporrak dagozkion urte naturala amaitu bada ere. 

9.  Langilea aldi baterako ezintasun egoeran badago lan istripu baten ondorioz, lizentzia hau aldi baterako ezintasun egoera amaitu eta gero hartu ahal izango da.

10.  Lizentzia honetaz gozatzen den bitartean, ordainsarien %100a jasoko da.

11.  Artikulu honetan aurreikusitako adopzio kasuak eta adopzio edo aldi baterako nahiz betiko harrerarako zaintza kasuak, Kode Zibilean edo kasu horiek arautzen dituzten autonomia-erkidegoetako lege zibiletan ezartzen direnak izango dira. Aldi baterako harrera, gutxienez, urtebetekoa izango da.      

38. artikulua.  Adin txikikoak edo ezindu fisikoak edo psikikoak zaintzeko lizentzia.

(7. puntua gehitzen da).

7.  Derrigorrezko eskolatze-adinean dauden seme-alabak dituzten langileek lizentzia ordaindua hartzeko eskubidea izango dute adingabearen tutorearekin hiru hilean behin bilera batera joateko, betiere bilera hori lanalditik kanpo egiterik ez badago. Bilera hasi eta bukatu izanaren frogagiria aurkeztu beharko da.               

39. artikulua.  Lehen mailako ahaidetasuneko familiarteko baten oso gaixotasun larria.

(Ondoko paragrafoa gehitzen da).

Murrizketa hori egun osoetan pilatu ahal izango da, gehienez 15 egunetan, justifikatutako arrazoiengatik.

41. artikulua.  Ohiko etxebizitza aldatzeagatik lizentzia.               

(2. puntua gehitzen da).

2.  Lizentzia hau gehienez ere hiru hilabeteko epean hartu ahal izango da, langile eskatzailearen erroldako datuak aldatzen direnetik hasita.

43. artikulua.  Norberaren arazoetarako lizentzia egunak.

(2. puntua aldatzen da).

2.  Norberaren arazoetarako eta familia arazoak konpontzeko, langileak norberaren arazoetako egunak zatitzeko aukera izango du, baina zati horiek gutxienez bi ordutakoak eta gehienez lanaldi erdikoak izan beharko dute.