GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
OGASUN ETA FINANTZA DEPARTAMENTUA
632/2014 FORU AGINDUA, abenduaren 1ekoa,
Gipuzkoako Lurralde Historikoko Foru Administrazioaren eremuan faktura
elektronikoen sarrera-puntu orokorrari eta fakturen kontabilitate erregistroari
buruzko alderdi batzuk arautzen dituena.
Abenduaren 27ko 25/2013 Legeak, faktura
elektronikoa sustatzekoak, fakturen kontabilitate erregistroa sortu du, eta
prozedura ezarri du faktura horiek herri administrazioetan tramitatzeko,
organo eskudunen segimendu-jarduketak arautzeaz gainera. Amaierako bosgarren
xedapenak legearen oinarrizko izaera aldarrikatzen du, eta horrek esan nahi du
herri administrazio guztiei aplikatu beharrekoa dela.
Legearen 2. artikuluan aplikazio eremu
subjektiboa ezartzen da. Horrela, artikulu horrek dio herri administrazioen
eta ondasun eta zerbitzu hornitzaileen arteko harreman juridikoen esparruan
egiten diren fakturei aplikatuko zaiela legea. Gainera, legearen
ondorioetarako, herri administraziotzat hartuko dira Sektore Publikoko
Kontratuen Legearen Testu Bateginak, azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege
Dekretu bidez onartuak, 3.2 artikuluan aipatzen dituen ente, organismo eta
erakundeak.
Foru Administrazioaren esparruari
dagokionez, lege horrek Gipuzkoako Foru Aldundian eta Uliazpi eta Kabia
Organismo Autonomoetan du eragina.
Bestalde, 4. artikuluak dio herri
administrazioari ondasunak entregatu edo zerbitzuak egin dizkioten hornitzaileek
faktura elektronikoa egin eta igorri ahal izango dutela. Guztiarekin ere, jarraian
aipatzen diren entitateak beti egongo dira behartuta faktura elektronikoa
erabiltzera eta hura dagokion sarrera-puntu orokorrean aurkeztera:
a) Sozietate anonimoak;
b) Erantzukizun mugatuko sozietateak;
c) Espainiar nazionalitatea ez duten pertsona juridikoak eta
nortasun juridiko gabeko entitateak;
d) Zerga araudiak ezarritakoaren arabera, Espainiako lurraldean
egoiliar ez diren entitateen sukurtsalak eta establezimendu iraunkorrak;
e) Aldi baterako enpresa elkarteak;
f) Interes ekonomiko taldeak, interes ekonomikoko Europako taldeak,
pentsio funtsak, arrisku-kapitaleko funtsak, inbertsio funtsak, aktiboak
erabiltzeko funtsak, hipoteka-merkatua erregularizatzeko funtsak, hipotekak
titulizatzeko funtsak edo inbertsioak bermatzeko funtsak.
Hala ere, herri administrazioek beren esku
izango dute fakturazio elektronikoaren obligazio horretatik kanpo uztea,
erregelamenduz ezarriko den eran, 5.000 euro bitarteko fakturak eta hornitzaileek
herri administrazioen kanpoko zerbitzuei luzatutakoak.
6. artikuluak ezartzen
duenez, Estatuak, autonomia erkidegoek eta toki entitateek faktura
elektronikoen sarrera-puntu orokor bat edukiko dute, eta hor jasoko dira
haiekin lotuta dauden edo haien mendeko diren entitate, ente eta organismoei
dagozkien faktura elektroniko guztiak. Administrazio bateko faktura
elektronikoen sarrera-puntu orokorrak bitartekaritza-soluzio bat eskainiko du
faktura aurkezten duenaren eta hura erregistratzeko eskumena duen
kontabilitate bulegoaren artean.
8. artikuluan
fakturen kontabilitate erregistroaren sorrera arautzen da. Haren arabera,
legearen aplikazio eremuan sartzen diren subjektu guztiek fakturen
kontabilitate erregistro bana izan behar dute haien jarraipena errazteko, eta
erregistro horiek kudeatzea kontabilitate-eginkizuna hartuta daukan
administrazio organo edo unitateari dagokio. Fakturen kontabilitate erregistro
hori kontabilitateko informazio sistemarekin lotuta edo bertan txertatuta
egongo da.
25/2013 Legean
jasota dauden bestelako alderdiak bazterrean utzi gabe ere, beharrezkoa da
hasierako neurriak hartzea legean ezarritakoa gauzatzeko, bai fakturen
kontabilitate erregistroari dagokionez eta bai faktura elektronikoen
sarrera-puntu orokorrari dagokionez.
Horiek horrela, hau.
XEDATZEN DUT
1.
artikulua. Faktura elektronikoen sarrera-puntu orokorra.
1. Gipuzkoako Lurralde Historikoko Foru Administrazioaren esparruan,
faktura elektronikoen sarrera-puntu orokorra Ogasun eta Finantza
Departamentuko Kontabilitate Zerbitzuak kudeatuko du, faktura elektronikoa
sustatzen duen abenduaren 27ko 25/2013 Legeak 6. artikuluan xedatutakoarekin
bat.
2. Sarrera-puntu horren bitartez jasoko dira Gipuzkoako Foru
Aldundiari eta Uliazpi eta Kabia Organismo Autonomoei dagozkien faktura
elektroniko guztiak.
3. Sarrera-puntu horrek bitartekaritza-soluzio bat eskainiko du
faktura aurkezten duenaren eta hura erregistratzeko eskumena duen
kontabilitate bulegoaren artean. Era berean, ahalbidetuko du faktura
elektronikoak 25/2013 Legean zehazten den formatuan igortzea.
4. Faktura elektronikoen sarrera-puntu orokorraren bitartez aurkezten
diren faktura elektroniko guztiak automatikoki sartuko dira Gipuzkoako Foru
Aldundiaren erregistro elektroniko batean.
5. Faktura elektronikoen sarrera-puntu orokorrak zerbitzu automatiko
bat izango du erabilgarri, fakturak erregistratzeko eskumena duten
kontabilitate bulegoei haiek elektronikoki bidali edo haien esku uzteko.
2.
artikulua. Foru Administrazioaren esparruan faktura elektronikoa
erabiltzera behartuak.
1. Aurreko 1.2 artikuluan aipatzen diren entitateei ondasunak
entregatu edo zerbitzuak egin dizkieten hornitzaile guztiek sortu eta igorri
dezakete faktura elektronikoa. Hornitzaile horiek behartuta egongo dira
faktura elektronikoa erabiltzera eta hura dagokion sarrera-puntu orokorrean
aurkeztera, entitate hauek direnean:
a) Sozietate anonimoak;
b) Erantzukizun mugatuko sozietateak;
c) Espainiar nazionalitatea ez duten pertsona juridikoak eta
nortasun juridiko gabeko entitateak;
d) Zerga araudiak ezarritakoaren arabera, Espainiako lurraldean
egoiliar ez diren entitateen sukurtsalak eta establezimendu iraunkorrak;
e) Aldi baterako enpresa elkarteak;
f) Interes ekonomiko taldeak, interes ekonomikoko Europako taldeak,
pentsio funtsak, arrisku-kapitaleko funtsak, inbertsio funtsak, aktiboak
erabiltzeko funtsak, hipoteka-merkatua erregularizatzeko funtsak, hipotekak
titulizatzeko funtsak edo inbertsioak bermatzeko funtsak.
2. 5.000 euro bitarteko fakturak salbuetsita geratzen dira faktura
elektronikoa erabiltzeko obligaziotik eta faktura elektronikoen sarrera-puntu
orokorrean aurkeztetik. Dena den, 1. apartatuan xedatutakoa aplikatuta hornitzaileak
behartuta egon badira fakturaren bat formatu elektronikoan egitera 1.2
artikuluan aipatutako entitateetakoren bati ondasun entrega bat edo zerbitzu
prestazio bat egiteagatik, faktura elektronikoa erabili beharko dute hortik
aurrerako ondasun entrega eta zerbitzu prestazio guztietan.
Kontratazio
prozedurak 1.2 artikuluan sartuta dauden entitateek bultzatu dituztenean,
aurreko apartatuan aipatu diren hornitzaileek faktura elektronikoa egin eta
bidaltzeko obligazioa izango dute baldin eta esleipen zenbatekoa 5.000 euro
baino handiagoa bada, kasu bakoitzean fakturatzen den zenbatekoa zeinahi dela
ere.
3.
artikulua. Faktura elektronikoen eta haien sinadura
elektronikoaren formatua.
Faktura
elektronikoen sarrera-puntu orokorraren bitartez bidaltzen diren faktura
elektronikoek faktura elektronikoaren Facturae formatua izango dute, 3.2 bertsioa,
eta sinadura elektronikoaren formatua XMLAdvanced Electronic Signatures (XAdES)
espezifikazioaren araberakoa izango da.
4.
artikulua. Gipuzkoako Foru Aldundiko faktura elektronikoen sarrera
puntu orokorrari atxikitzea.
1. aktura elektronikoen sarrera-puntu orokor bat ezartzeko
obligazioa betetzeko –Faktura elektronikoa sustatzeari buruzko abenduaren
27ko 25/2013 Legearen 6. artikuluan jasotzen da obligazio hori–, Gipuzkoako
toki entitateak, eta haiei lotutako edo haien mende dauden ente edo
organismoak, atxiki ahal izango dira Gipuzkoako Foru Aldundiko faktura
elektronikoen sarrera-puntu orokorrari, zeinak emango baitizkie hornitzaileen
faktura elektronikoei dagokienez aipatutako puntuan aurreikusita dauden funtzionalitateak.
2. Faktura elektronikoen sarrera-puntu orokorrari atxikitzeko egintzak
jasota utzi behar du Gipuzkoako Foru Aldundiko faktura elektronikoen
sarrera-puntu orokorrari atxikitzeko borondatea, bai eta plataforma erabiltzeko
baldintzak –Ogasun eta Finantza Departamentuak zehaztutakoak– osorik onartzeko
borondatea ere.
3. Beren sistema informatikoak faktura elektronikoen sarrera-puntu
orokorrarekin integratu eta bateragarri egitearren atxikitako entitateek abian
jarri behar dituzten garapen teknikoak atxikitako entitate bakoitzaren
aurrekontuen kargura finantzatuko dira.
4. Atxikipena borondatezkoa bada ere, sortzen dituen kostu
ekonomikoak ordaindu beharra ekar dezake berekin.
5.
artikulua. Fakturen kontabilitate erregistroa kudeatzea.
1. Gipuzkoako Foru Aldundiaren esparruan, fakturen kontabilitate
erregistroa kudeatzea Ogasun eta Finantza Departamentuko Kontabilitate Zerbitzuari
dagokio.
Erregistro hori
kontabilitateko informazio sistemarekin lotuta edo bertan integratuta egongo
da.
2. Faktura jasotzen duen administrazio-erregistroak Kontabilitate
Zerbitzura bidaliko du berehala, fakturen kontabilitate erregistroan haren
oharra egin dezan.
Faktura
elektronikoen sarrera-puntu orokorrean aurkeztutako faktura elektronikoak
elektronikoki bidaliko dira, puntu horretan izango den zerbitzu automatiko
baten bitartez, fakturan agertzen den kontabilitate bulegoaren arabera kasuan
kasu dagokion kontabilitate erregistrora. Fakturan adierazi behar da zer
administrazio-organori dagoen zuzenduta, Sektore Publikoko Kontratuen Legearen
testu bateginak, azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez
onartuak, hogeita hamahirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoari jarraituz.
3. Fakturen kontabilitate erregistroan faktura baten oharra hartzeak
berekin ekarriko du faktura horri identifikazio-kode bat esleitzea
kontabilitate erregistroan. Faktura elektronikoen kasuan, kode hori faktura
elektronikoen sarrera-puntu orokorrari jakinaraziko zaio.
3. Faktura balekoa bada, Kontabilitate Zerbitzuak organo eskudunari
bidaliko dio, faktura-egileak egindako ondasun entregari edo emandako zerbitzuari
adostasuna emateko prozedura tramita dezan eta obligazioa aitortzeko
espedienteari dagozkion gainerako jarduerak egin ditzan.
4. Dagokion organo eskudunak obligazioa aitortutakoan, proposamenaren
tramitazio kontableak edo ordainketa-aginduak proposamenaren xede den faktura
(edo fakturak) identifikatuko ditu fakturen kontabilitate erregistroan
esleitutako identifikazio kodeen bidez.
6.
artikulua. Fakturen kontabilitate erregistroaren baldintza funtzional
eta teknikoak.
Fakturen
kontabilitate erregistroak bete behar dituen baldintza funtzional eta
teknikoei dagokienez, faktura elektronikoa sustatzen duen abenduaren 27ko
25/2013 Legean xedatutakoaz gain, ekainaren 24ko HAP/1074/2014 Aginduan
ezarritakoa ere aplikatuko da.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Foru agindu honetan
berariaz araututa ez dagoen guztian, aplikagarria izango da abenduaren 28ko
25/2013 Legea, faktura elektronikoa sustatzekoa, eta lege hau garatzen duen
araudia.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indarrik gabe geratzen
dira foru agindu honetan xedatutakoarekin bat ez datozen maila bereko edo txikiagoko
xedapen guztiak.
AMAIERAKO XEDAPENA
Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu
ondorengo egunean jarriko da indarrean foru agindu hau.
Aurrekoa gorabehera,
2. artikuluan xedatutakoa 2015eko urtarrilaren 15ean jarriko da indarrean.
Donostia, 2014ko
abenduaren 1a.—Helena Franco Ibarzabal, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru
diputatua.
(10987)