BoletinOficialPortlet BoletinOficialPortlet

114. zenbakia Data 1999-06-18 9806 Aldizkariaren orria
Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala

114. zenbakia Data 1999-06-18 9806 orria

7 UDAL ADMINISTRAZIOA

ELGOIBARKO UDALA
Udal hilerrien arautegia

ELGOIBARKO UDALA

Iragarkia

Elgoibarko Udal Hilerrien Arauzkoa eta funtzionamendua onartu zuen Udalaren Osokoak 1999ko otsailaren 26n eta, 1999ko martxoaren 15ean Gipuzkoako Boletin Ofizialean argitaratu zen onarpen hori; baita jendetza aurrean egon den legezko epe barruan inongo jazarpenik aurkeztu ez denez, 7/1985 legearen 49.C artikuluak jartzen duenaren arabera, behin betiko onartutzat joko da.

Horren ondorioz, Toki Erregimeneko Oinarriek arautzen duten 7/1985 Legearen 70.2 artikuluan ohartemandakoaren arabera, Araudi hori osorik argitaratzen da

Elgoibar, 1999ko ekainaren 4a.—Gillermo Garate. Alkatea.

(1728) (6144)

Elgoibarko udal hilerrien erregimen eta funtzionamendurako Araudia.

I. ATALA

XEDAPEN OROKORRAK

1 artikulua.

Araudi hau ematen da, Toki Jaurbidearen oinarriak arautzeko apirilaren 20ko Legearen 25.2.j), 26.1.a) eta 83.3 artikuluek eta aldi berean, uztailaren 20ko 2.263/1974 Dekretuaren bidez onartutako Hildakoen Osasun Zaingoari buruzko Araudiaren 61. artikuluak udalerriei ematen dizkieten ahalmenen indarrez.

2. artikulua.

Araudi honetan jasotako xedapenez gain, beste bi dekretu ere aplikatu ahal izango dira: Uztailaren 20ko 2263/1974 Dekretua. Dekretu honen bidez onartzen da Hildakoen Osasun Zaingoaren araudia. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren, Urriaren 6ko 267/1992 Dekretua. Honen bidez ezartzen dira Euskal Autonomi Erkidegoan gorpu eta gorpuzkiak garraiatzeko osasun baldintzak.

3. artikulua.

Barne Erregimeneko Araudi hau, Udal hilerrietan ezarriko da.

4. artikulua.

Udalaren zerbitzu publikoko ondasuna denez, Udal Korporazioari dagokio, Elgoibarko eta Altzolako Udal hilerriak administratzea, zaintzea eta zuzentzea, araudi honetan agertzen denaren arabera, eta, Aginte Judizialari edo eta Osasun arloko agintariei dagozkien ahalmenak alde batera utzi gabe.

5. artikulua.

Udalari dagokio:

a)Hilerriak, bideak, estolderia sarea, argiak, arboladia, lorategiak eta bertako eraikuntzak, zerbitzuak, eta instalazioak administratzea, antolatzea, mantentzea, zaintzea eta egokitzea.


b)Gorpu eta gorpuzkiak lurperatzea, lurpetik ateratzea, erreduzitzea eta indarrean dagoen hildakoei buruzko osasun legeak eskatzen duena egitea.

c)Lurperatzeko eskubideak ematea, onartzea, aldatzea, bere onuradunak izendatzea eta horri dagozkion tituluak bideratzea eta ematea.

d)Dagokion Zerga Ordenantzan, legez ezarritako eskubide eta tasak kobratzea.

e)Hilerrien barne erregimena eta bertako gorpuak garraiatzea.

f)Orain arte hartu diren edo aurrerantzean hartuko diren osasun eta garbitasun neurriak betetzea.

g)Hilerriko langilegoa, bai funtzionarioak, bai lan-hitzarmendunak, e.a. izendatzea eta aldatzea.

h)Herritarrek hilerrian edozein lan edo instalazio egin nahi dutenean, horretarako baimena ematea eta zuzendaritza zein ikuskatze lana egitea.

i)Hilerriaren jabe titularra eta herriko jarduerak araupetzen dituen erakunde publikoa izanik, berari dagokion beste edozein funtzio egitea.

6. artikulua.

Gestio administratiboa, Gizarte Prestakuntza eta Osasun Batzordearen zuzendaritzapean egongo da eta honek izendatzen duen funtzionarioak hartuko du zeregin honen ardura.

7. artikulua.

Udal ehorzketa zerbitzuez arduratzen den atal administratiboari hurrengo hauek dagozkio:

a)Lurperatzeko, lurpetik ateratzeko eta lekuz aldatzeko baimenak ematea.

b)Ehorzketa txartelak ematea.

c)Ehorzketen Errolda Liburua eta hilobi eta nitxoen fitxategiaren ardura izatea.

d)Errolda-Liburuan idazpenak egitea.

e)Agiriak ematea eta dagozkion udal dekretuekin bat etorriz, eskualdatzeak idaztea.

f)Hilerriaren ehorzketa zerbitzuak betetzeagatik eskubideak eta tasak kobratzea, dagokion Zerga Ordenantza kontutan hartuz.

g)Hilerriaren zerbitzuen gestio egokirako baliagarriak izan daitezkeen proposamenak Udalari egitea.

h)Dagokien udal-organoekin, hilerriko funtzionamendua, kontserbazioa, zaintza eta garbiketa koordinatzea.

i)Eskatzen diren txostenak egitea eta zerbitzuko liburu eta agirien arabera egiaztagiriak egitea.

j)Hilerriaren funtzionamendu egokirako premiazko neurriak hartzea, aurretik konpetentzia duten udal-organoei iritzia eskatzea ezinezkoa denean. Udal organo hauei informazioa, ahal den epe laburrenean eman beharko zaie.

k)Hilerriko zerbitzuekin zerikusia duen edozein funtzio betetzea, baldin eta beste Udal-organo baten ardura ez bada.

8. artikulua.

Aipatutako zerbitzuengatik, Udalak, nitxo, hilobi, panteoi eta partzelen, eskubide eta tasak jaso ahal izango ditu, nahiz eta Udalarenak edo pribatuak izan, momentuan onartua dagoen Zerga Ordenantzaren arabera.

9. artikulua.

Ehorzlearen betebeharrak:

a)Hilerria eta bere dependentziak garbitzea, eta barneko eremua apaintzea eta antolatzea.

b)Hilerrian dauden gauza guztiak zaintzea, bai hilobien apaingarriak, bai zerbitzua emateko beharrezko elementuak, lanabesak edo erremintak.

c)Kapera, gorputegia eta gainerako dependentziak garbi edukitzea.

d)Hilerrian, apaingarriei dagokienez, osasun arloan zein beste edozein arlotan dauden irregulartasunak, goi mailako karguari azaltzea eta hau garbi mantentzea.

e)Lurperatzeko ematen zaizkion gorpu eta gorpuzkiak jasotzea eta eramatea, eta hala badagokie, gorputegian gordetzea. Edonola ere, eskatu egin beharko du Udalak behar bezala betetako lurperatzeko baimena, eta zerbitzua bete ondoren, bere adostasuna adieraziz dagokion udal sekziora itzuli. Guzti hori egin gabe ezingo du inolaz ere hobiratzerik egin. Heriotza asteburu edo jaiegunetan gertatzen bada, ehorzleak beteko du ehorzketa txartela, eta hurrengo lanegunean eramango du Udaletxera.

f)Lurperatzeko eta lurpetik ateratzeko, edo hala badagokio, hilobiak itxi edo estaltzeko, beharrezko lanak egitea.

g)Hilerriko giltza gordetzea, eta hilerria egunero ireki eta ixtea, Udalak besterik agintzen ez badu.

h)Eremuko ordena egokia mantentzea.

i)Behar diren hilobiak prest edukitzea; arrazoi hau dela eta, ez da inoiz lurperatzerik etengo.

j)Lurperatzeak, lurpetik ateratzeak eta lekualdatzeak egiteko beharrezkoak diren agirien kopiak gordetzea, eta baita adierazten zaion edozein agiri ere egitea.

k)Nitxo eta panteoiak hustu eta garbitzetik jasotako arropa eta tresnak suntsitzea.

l)Alkateak eta beste aginte jurizdikzional batzuek euren konpetentzien arabera emandako agindu bereziak betetzea.

Ehorzleak debekatua du:

a)Bete behar dituen zerbitzuengatik eskupekoak, sariak, edo opariak jasotzea.

b)Agintarien baimenik gabe lurperatze eta lurpetik ateratze zerbitzuak egitea.

c)Gorpu edo gorpuzkiak profanatzea edo manipulatzea.

d)Hilerria eta bere instalakuntzak, dagozkion funtzioetatik kanpo dauden gauza partikularretarako erabiltzea.

10. artikulua.

Partikularrei dagokie:

a)Hilerrian ehorzketa duina izateko eskubidea, sexua, arraza, eta erlijioa kontutan hartu gabe.

b)Bakoitzak bere lur-zatia, nitxoa e.a. adierazten diren garbitasun, kontserbazio, apaindura eta estetika baldintzetan mantentzea. Hilerriko estetikarekin bat ez datorren elementurik ez jartzea eta ondorioz, hilarriek, itxigailuek eta gainontzeko apaindurek, gaur egungo irizpide estetikoak mantendu beharko dituzte.

c)Hilobi eta nitxoetan konponketa lanak egiteko, beharrezkoak diren baimenak eskatzea eta tasak ordaintzea.

d)Zerbitzua egiteagatik Zerga Ordenantzan ezartzen diren eskubideak eta tasak ordaintzea.

e)Udalak edo bestelako edozein administraziok edo erakunde eskudunek ematen dituen xedapenak errespetatzea eta betetzea.

11. artikulua.

Sinesmen desberdineko edo legez osatutako erakundeen ordezkariek, lurperaketak, bidezkoen jotzen duten eran antolatu ahal izango dituzte, beti ere, hildakoei eta araudi honi zor zaien begirunea kontutan edukiz.

II. ATALA

DEFINIZIOAK

12. artikulua.

Araudi hau dela eta, honela definitzen dira hurrengo termino hauek:

—Gorpua: giza gorputza, benetako heriotza gertatu eta lehenengo 5 urteetan. Heriotzaren eguna eta ordua Erregistro Zibilean ageri direnak izango dira.

—Gorpuzkiak: giza gorputzaren hondarrak, materia organikoa desegiten denean, benetako heriotza gertatu eta 5 urte igaro ondoren.

—Usteltzea: materia organikoa desagertzea eragiten duen prozesua, gorpuari mikroorganismoek eta beste izaki batzuek erasotzen diotenean gertatzen dena.

—Eskeletizazioa: gai organikoa desegitearen azkeneko fasea, erabat mineralizatu arte.

—Erretzea edo errauts bihurtzea: gorputza edo gorpuzkia beroaren bidez errauts bihurtzea.

—Aldi baterako mantentzea: Usteltze prozesua atzeratzeko metodoa.

—Baltsamaketa edo tanatopraxia: usteltzea eragozten duten metodoak.

—Hozketa: Gorpuaren tenperatura hozteko erabiltzen diren metodoak.

—Erradionizazioa: Usteldura eragiten duten germenak ezabatzea erradiazio ionizagarrien bidez.

—Gorpuzkinak: Bizirik dauden gizakiei ebakitzen zaizkien atalak eta gorpuaren eta gorpuzkien kontzeptuetan sartu ezin direnak (adbz.: abortua).

—Hilkutxa, leku aldaketarako hilkutxa eta gorpuki kutxa: horietako bakoitzerako baldintzak finkaturik dituztenak.

13. artikulua.

Araudi honen arabera, gorpuak bi taldetan sailkatuko dira, heriotzaren arrazoia kontutan izanik:

—1 Taldea: Ondokoak daude honetan: 1) Osasunerako arriskua sor dezaketen gaitzen ondorioz hiltzen direnak, adibidez: kolera, baztanga, karbunkoa, eta osasunaren arloan eskudun diren agintariek adierazten dituztenak, eta 2) produktu erradiaktiboek kutsatutako gorpuak.

—II. Taldea: Aurrekoan sartuta ez dauden kausek eraginda hiltzen direnak.

III. ATALA

INSTALAZIOAK

14. artikulua.

Udal Aurrekontu Orokorrak esleitutakoaren arabera, Udal hilerriek ondorengo instalazioak eduki beharko dituzte gutxienez:

Olasoko Hilerria:

—Gorputegia.

—Udal erroldaren arabera, behar beste hilobi, nitxo eta lurzati.

—Hezurtegi amankomuna.

—Gorpuzkinak lurperatzeko sektore bat.

—Hilobiak garbitu ondoren, gorpuzkinak ez diren bestelako gauzak eta erropak erretzeko labe bat.

—Otoitz egiteko kapera edo toki berezi bat.

—Hilerriaren mantenurako behar diren materialak eta lanabesak gordetzeko biltegi bat.

Altzolako hilerria:

—Behar beste hilobi, nitxo eta lurzati.

—Hilobiak garbitu ondoren, gorpuzkinak ez diren bestelako gauzak eta erropak erretzeko labe bat.

—Otoitz egiteko kapera edo toki berezi bat.

IV. ATALA

I. AZPIATALA.GESTIOA

15. artikulua.

Elgoibarko Udalak, Udal Hilerrien ordenu eta funtzioengatik berezkoa den begirunea mantenduko du, horretarako honako arau hauek beteko dira:

1.Bisitariek esparruarekiko begirunea gordeko dute. Udalak, arau hau betetzen ez denean kanporatzea erabaki dezake, har ditzakeen legezko neurriak betez.

2.Udalak, hilerriaren esparrua zainduko du, baina ez ditu bere gain hartuko hilerrian ipintzen diren gauzen eta hilobietan egiten diren lapurketa eta kalteak, indarrean dagoen legedian aurreikusitako kasuetan izan ezik. Era berean, hilerriko langilegoak ez du bere gain hartuko nitxoak irekitzerakoan norbanakoek ipinitako hilarrien apurketa gertatzen bada.

3.Debekatua dago hilerrian saltzea eta propaganda egitea. Debekatua dago txakurrak edo beste animalia batzuk sartzea, itsu-txakurrak izan ezik.

4.Udalaren baimena beharko da, hilobien argazki, erreportai, marrazki edo margoak egiteko, edo esparru honen jardueratik kanpoko ekintzak antolatzeko, eta erabiltzaileekiko begirunea gorde beharko da.

5.Lanek eta ehorzketa inskripzioek esparruaren funtzioari zor zaion begirunea gorde beharko dute. Norbanakoek lurperatze unitateetan hilarri, gurutze, e.a. ipintzerakoan horretarako idatzi diren Ordenantzek adierazten dutena egin beharko dute, eta horretarako, aurretik, Udalaren baimena eskatu beharko da. Mantenimendua eta kontserbazioa baimenduaren esku geratuko dira.

6.Udalaren baimenaz ez bada, debekatua dago, gorputegi, hezurtegi amankomuna eta hilerriko langilegoarentzako diren instalakuntzetan sartzea.

7.Debekatua dago langileez gain hilerrian inor sartzea, gorpuak lurpetik edo hobitik ateratzeko orduan.

8.Norbanakoek lurperatze unitateetan egingo dituzten garbiketa, mantenimendu eta edertze lanak, Udalak horretarako erabakiko duen ordutegian egin beharko dira. Lan hauek amaitu ondoren, hondakinak, zaborrak eta erabili diren gauzak ahal den epe laburrenean kendu beharko dira.

9.Debekatua dago hilerrian pieza edo marmolak zerratzea edo antzeko jarduerak egitea.

Arrazoi bereziengatik, lan hauek egitea beharrezkoa denean, ahalmena duen udal-organoaren baimena eskatu beharko da, eta honek zehaztuko du lan hauek egiteko tokia.

16. artikulua.

1.Udalak, hilerriaren administrazio egokirako, egindako aktibitate eta zerbitzuen liburu edo erroldak edukiko ditu.

2.Eskaerak eta kexak Udalaren Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira eta hemendik, dagokion udal-organora bidaliko dira berri emateko eta bideratzeko.

17. artikulua.

Hilerria jendearentzat irekita egongo da Udalak, zerbitzuaren beharren arabera, ezartzen duen orduetan. Ordutegia hilerriaren sarreran jarritako kartel baten bitartez jakinaraziko da.

Hilerrian ezin da sartu erabakitako ordutegitik kanpo, premiazkoak diren kasuetan izan ezik. Kasu horietan hilerriko langilegoa aurrean egongo da.

Arau honen kontra doazenei atentzioa deituko zaie eta kanporatuak izango dira. Kasuen arabera, hauen kontrako bide administratibo edo judiziala hartuko da.

Gertaera ospetsuak direla eta, Alkateak ordutegi ezberdina ezarri ahal izango du, baina aipatutako ospakizunetarako bakarrik izango da.

18. artikulua.

Gorpuak jendearentzako ordutegian bakarrik onartuko dira, zerbitzu berezietan garraiatutakoak izan ezik.

Ordutegi honen barruan tarte bat laga ahal izango da. Tarte honetan eta hilerria itxi arte ezingo da lurperatzerik egin hau dela eta, tarte horretan hilerrira ekartzen diren gorpuak, gorputegian gordeko dira eta lurperatzea hurrengo egunean egingo da.

19. artikulua.

Aipatutako orduetatik kanpo lurperatzea posible izango da zerraldoak behar diren baldintzak ez baditu betetzen, edo gorpuaren egoerak horrela agintzen badu, beti ere ehorzketarako legezko epea betetzen badu.

II. AZPIATALA.ERROLDA LIBURUAK

20. artikulua.

Udaletxean, horretarako izendatutako langilea, hilobi, nitxo eta panteoietan etan egin diren lurperatze, lurpetik ateratze eta leku aldaketen errolda liburuaz arduratuko da.

21. artikulua.

Errolda liburuan ondorengo datuak jaso beharko dira:

a)Hilobiak erabiltzeko eskubidearen titularraren izen-abizenak eta gainontzeko datuak.

b)Adjudikazio data, Udalak emandako eskubide mota eta honen bukaera.

c)Lurperatzea egiten den nitxo, lur-hobi edo panteoiaren identifikazioa eta dagokion zenbakia.

d)Hilobia Udalaren eskuetan geratzen den data, kontsezioa bukatu delako edo beste arrazoi batzuk direlako.

Lurperatzeak:

e)Hilobian lurperatuak dauden pertsonen izen-abizenak eta bestelako datuak. Era berean lurperatzeak egin ziren egunen datak ere agertu beharko dira.

f)Helbidea edo jatorria eta erreferentziako pertsonaren datuak.

g)Dagokion ziurtagirian jasotzen den heriotzaren data.

h)Lurperatzea baimentzen duen auzitegiaren izena.

Lurpetik ateratzeak:

i)Lurpetik atera edo eta tokiz aldatu behar den hildakoaren izen-abizenak.

j)Heriotzaren data

k)Gorpua berriz lurperatu behar den tokiaren identifikazioa.

l)Tokiz aldatzea edo lurpetik ateratzea baimentzen duen agintariaren izena eta baimenaren data.

22. artikulua.

Hildakoak edo gorpuzkinak lurperatzeak, lurpetik ateratzeak eta lekualdatzeak, gorpuen osasun zaingoari buruz aldi bakoitzean dauden arau eta lege xedapenek ezarritakoaren arabera egingo dira.

Lurperatzeak, lurpetik ateratzeak, eta lekualdatze guztiak Udalaren baimenarekin egingo dira, eta beharrezkoa denean, dagokien osasun agintari eta agintari judizialen baimenarekin.

Hildakoak edo gorpuzkinak lurpetik atera daitezke, hilerrian bertan lekualdatu eta berriro lurperatzeko, edo beste toki batera eramateko.

23. artikulua.

Eskatutako agiriak aurkeztu ondoren, Udalak baimena hiru aletan egingo du, eta hau hilerriko arduradunari aurkeztuko zaio dokumentazioa behar bezala dagoela eta lurperatzea, lurpetik ateratzea edo lekualdatzea bidezkoa dela egiaztatzeko.

Udalaren baimenean ondorengo datuak zehaztuko dira:

a)Hildakoaren izen-abizenak.

b)Heriotzaren data.

c)Eskatzailearen izen-abizenak eta hildakoarekin duen harremana.

d)Egin behar den zerbitzu mota (lurperatzea, lurpetik ateratzea edo lekualdatzea).

e)Lurperatzea, lurpetik ateratzea edo lekualdatzea non egingo den.

Udalak ematen dizkion hiru aleetatik, hilerriko arduradunak baimenaren ale orijinala itzuliko dio Udalari, behar bezala sinatuta, bertan ezarritakoa behar bezela bete duela egiaztatzeko, eta dagokion errolda liburuan idazteko.

Bigarren ale sinatua familiakoei itzuliko zaie, eta hirugarrena hilerriko bulegoan artxibatuko da.

Udalaren baimena lortzeko ondoko agiriak aurkeztu behar dira:

1.Lurperatzea denean:

a)Normalizatutako eskaera-orria betetzea.

b)Dagokion epaitegiak emandako lurperatzeko baimena.

c)Gorpua panteoi batean lurperatzeko, hilobiak erabiltzeko eskubidearen kontzesioaren titulua. Hildakoa eskubide-titularra ez denean, honen edo bere oinordekoen baimena aurkeztu beharko da.

d)Gorpua beste herri batetik lekualdatu bada, Osakidetzaren baimena.

e)Heriotza naturala ez denean, Udal-epailearen edo eskuduna denaren baimena.

f)Dagokion Zerga Ordenantzan ezarrita dauden tasak ordaindu dituenaren ordainagiria.

2.Lurpetik ateratzea denean:

a)Normalizatutako eskaera-orria betetzea.

b)Osakidetzaren baimena.

3.Lekualdatzea hilerri barruan denean:

a)Normalizatutako eskaera-orria betzea.

b)Gorpuzkinak panteoi baten lurperatzeko, hilobiak erabiltzeko eskubidearen kontzesioaren titulua. Hildakoa eskubide-titularra ez denean, honen edo bere oinordekoen baimena aurkeztu beharko da.

c)Dagokion Zerga Ordenantzan ezarrita dauden tasak ordaindu dituenaren ordainagiria.

V. ATALA

LURPERATZEAK

24. artikulua.

Zerraldoan, ehorzketarako baimendu den gorpua gordeko da, eta ezingo dira bi gorpu edo gehiago egon, ondorengo kasuetan izan ezik:

a)Erditzerakoan, momentu berean hiltzen diren ama eta jaioberria.

b)Katastrofeak.

c)Izurrite larriak.

Azken bi kasuetan osasun zerbitzuetako baimena eskuratu beharko da.

25. artikulua.

Gorpuak ezingo dira lurperatu, heriotza gertatu eta 24 ordu pasatu arte, ez eta heriotza gertatu eta 48 ordu beranduago. Bi epe horiek, gorpua hildakoa bere bizilekuan egoteko gutxieneko eta gehieneko epeak izango dira.

Azkar usteltzea, kutsaketa edo beste mota bateko arriskua balego, osasun agintariek, gorpua eramatea agindu dezakete, heriotza gertatu eta 24 orduko epea pasatu baino lehen, kasu horietan gorpua hilerriko gordetegira eramango da.

Baltsamatutako gorpuak, 96 ordu egon daitezke hildakoaren etxean, eta aldi baterako mantenduak dauden gorpuak 72 ordu.

Baltsamatutako eta aldi batetarako mantenduak dauden gorpuak, ezingo dira beraien bizilekutik beste bizileku batetara eraman, zuzenean lurperatzeko baimendua dagoen hilerrira eraman beharko dira.

26. artikulua.

Leku publikoetan, gorpuak erakusteko baimena eman daiteke, beti ere eguraldia egokia bada. Erakusketa hau, heriotza gertatu eta 48 ordu pasa baino lehen bukatu behar da. Erakusketa egiteko baimena, Alkateari eskatu beharko zaio eta tokia eta ordua adierazi beharko dira. Erabakia osasun arloko baimena eduki ondoren hartuko da.

27. artikulua.

Iragaitzak eta espresuki eskatzen dutenak, lurpeko hilobietan lurperatuko dira.

28. artikulua.

Ehorzketa enpresek, aurrean aipatu diren xedapenak bete beharko dituzte eta gorpua bere sorterrira eraman behar duten senideei sortzen dizkieten kalte eta galeren arduradun izango dira.

Ehorzleak ez du gorpurik onartuko, baldin eta gorpuak ez baditu aurreko artikuluetan aipatu diren baldintzak betetzen.

29. artikulua.

Lurperaketak, beti ehorzlearen edo honek eskuordetu duen pertsonaren aurrean egin beharko dira.

30. artikulua.

Lurperatzea, lurpeko hilobian, nitxo edo nitxo balda bakoitzean, gorpu bakarra bere hilkutxarekin sartuko da.

24. artikuluan aipatutako kasu berezietan bakarrik lurpera daiteke gorpu bat baino gehiago hilkutxa batean.

VI. ATALA

LURPERATZE MOTAK

I. AZPIATALA.HILOBIAK

31. artikulua.

Elgoibar eta Altzolako hilerrietan lau hilobi mota daude:

a)4 lurperaketa nitxoz osatutako zutabea: 4 nitxoz osatutako unitateak.

b)lurperaketa nitxoak: banakako unitateak

c)panteoiak

d)lurpeko hilobiak

32. artikulua.

Elgoibarko udalak ahalmena izango du etorkizunean hilerrian erabili ahal izango diren hilarri, panteoi itxigailu, hizki, e.a.en ereduei dagozkien arau zehatzak finkatzeko.

Partikularrek, hilarriak, gurutzeak edo oroigarriak jartzeko, Udalaren baimena behar dute, eta kontzesioa duen pertsonaren ardura izango da, hauek mantentzea eta kontserbatzea.

Panteoi eta hilobiak eraikitzeko, baimena eskatu behar da Erregistro Orokorrean eta eskaerarekin batera, Udal Ordenantzekin bat, teknikari batek prestatutako proiektua aurkeztu beharko da.

II. AZPIATALA.NITXO SORTAK

33. artikulua.

Udalak udalerriaren behar izanak asetzeko beste lurperaketa nitxo edukiko ditu.

34. artikulua.

Banakako nitxoak erabiltzeko eskubidea, gorpua lurperatu eta 10 urte pasatu artekoa izango da. Eskubide hau Zerga Ordenantzan agertzen diren tasen ordainketaren bitartez lortzen da.

Era berean, 99 urterako ehorzketa eskubidea duten nitxo zutabeak ere lor daitezke, epe hau pasatzen denean luzapena eskatu daiteke. Ordaindu behar diren tasak, dagokion Zerga Ordenantzan azalduko dira.

35. artikulua.

Ehorzketa nitxoetako 10 urteko egonaldia, Errolda Liburuan agertzen den heriotza datatik aurrera hasiko da zenbatzen. Epea pasatzen denean, Udalak familiari honen berri emango dio eta gorpua nitxotik aterako da hezurtegi amankomunera eramateko; bertan suntsituko da familiak berreskuratzeko eskabiderik egin ez badu.

36. artikulua.

Gorpua nitxoan egoteko denbora bete ez bada eta osasun arloko eta udalaren baimena eduki ondoren, familiak gorpua lekuz aldatzea erabakitzen badu, familiak ez du gelditzen den denborarengatik, Udalaren partetik inongo dirurik jasotzeko eskubiderik izango.

37. artikulua.

Udalak, osasun arloan dagoen araudia errespetatuz, nitxoen itxigailuei dagozkien forma, sistema, kolorea eta gainontzeko elementuak zeintzuk izan behar diren erabaki dezake. Erabaki hau hilerri guztian berdintasuna mantentzeko hartuko da.

38. artikulua.

1.Nitxo zutabeetan egin beharreko lurperaketak, derrigorrez, beheko nitxotik hasi eta goiko nitxoraino egin behar dira.

2.Lurperatzerakoan, nitxo bakoitzean itxigailu bat jarriko du Udalak.

3.Nitxoen azpialdea jendearentzat itxita egongo da eta lurperatzerakoan bakarrik irekiko da.

4.Hormigoizko losaren gainean estela edo harrizko elementu bertikal bat jar daiteke. Estela horrek gehiengo neurri batzuk izango ditu. Gehienez ere, oinarrian 60 zm. eta altueran metro bateko errektangulu batean idazteko modukoa izango da. Gehiengo neurri hau gurutzeek edo apaingarriek bakarrik gaindituko dute eta horiek, aldi berean, oinarrian 40 zm. eta altueran 30 zm. dituen errektangulu baten barruan idazteko modukoak izango dira. Ez dira gutxieneko neurriak ezartzen.

5.Oinezkoentzako ibilbidearen eta hilarrien artean dagoen berdegunean ezingo da zuhaiskarik jarri, ez eta landare edo lorerik ere. Koroak eta lore sortak bakarrik jarr daitezke.

6.Adjudikazioa egiten denetik, gehienez, hiru urteren epean hilarriak eta estelak jarrita egon beharko dira.

III. AZPIATALA.PANTEOIAK

39. artikulua.

Panteoiak eraikitzeko lur sailen gaineko ehorzketa eskubidea, horretarako izendatutako sailak libre daudenean emango da, gehienez ere 99 urterako. Udalak, egoki baderitzo epe hau murriztu ahal izango du Osoko Bilkuraren erabaki bidez. Kontzesio epea bukatzen denean, panteoia udalarena izango da eta titularrak ez du kalte ordainik jasoko eta ehorzketa eskubidea iraungita geldituko da. Hau gertatzen bada eta panteoian dauden gorpuen lurperaketa egin zenetik 10 urte pasa badira, araudi honetan jasotzen denaren arabera, gorpuzkinak lurpetik aterako dira. Aipatutako 10 urteak pasa ez badira, gorpuzkinak beste hilobi batera eramango dira.

40. artikulua.

Panteoien eraikuntza ehorzketa eskubidearen titularraren ardura izango da. Horretarako, baimena eskatu behar da Erregistro Orokorrean eta eskaerarekin batera prestatutako proiektua, aurrekontua eta gainontzeko dokumentazioa aurkeztu beharko dira.

Obretarako baimena ematen denean, panteoiaren edukiera adieraziko da, daukaten apalen arabera. Era berean, obrak hasi eta bukatzeko datak adieraziko dira. Epe hau bukatzen denean baimena iraungiko da eta ehorzketa eskubidea ere bai. Lur zatia udalaren esku geldituko da, bertan egin den obra eta guzti, eta titularrak ez du kalte ordainik jasoko.

41. artikulua.

Lan guztiek, panteoien konponketa lanek barne, udaleko sail arduradunaren baimena behar dute.

Espedienteak, Hirigintza Sailean tramitatuko dira baita beharrezko txosten teknikoak ere.

42. artikulua.

Lanak amaitzen direnean, kontzesiodunek edo eraikitzaileek, lur, hondakin eta erabili diren materialen hondarrak kendu beharko dituzte. Era berean, hilerriko kaleetan, instalakuntzetan, eraikuntzetan edo abarretan eginiko kalteak konpondu beharko dituzte.

IV. AZPIATALA.LURPEKO HILOBIAK

43. artikulua.

Lurpeko hilobietako lurperatzeko eskubidea, gutxienez 10 urterako emango da. Epe hau igaro ondoren udalak gorpuzkinak lurpetik atera ahal izango ditu, familiari aditzera eman ondoren, eta familiak berreskuratzeko eskaerarik egiten ez badu, gorpuzkinak suntsituko ditu.

44. artikulua.

Udalak, osasun arloan dagoen araudia errespetatuz, nitxoen itxigailuei dagozkien forma, sistema, kolorea eta gainontzeko elementuak zeintzuk izan behar diren erabaki dezake. Erabaki hau hilerri guztian berdintasuna mantentzeko hartuko da.

VII. ATALA

HILOBIAK ERABILTZEKO ESKUBIDEA, TITULUAK ETA ESKUALDAKETAK

45. artikulua.

Hilobiak erabiltzeko eskubidea hilerriko hilobi ezberdinak erabiltzeko kontzesioa da, eta hau Udalak emango du, araudi honen 4. artikuluan dioen bezala, bera baita jabetzaren titularra.

46. artikulua.

1.Aurrez, horretarako eskakizunak bete ondoren, honako hauek izango dute hilobiak erabiltzeko eskubidearen titularitatea:

a)Adjudikazio eskaera egiten duen pertsona fisikoa.

b)Ezkontideak, beraien erregimen ekonomikoa kontutan izan gabe.

c)Administrazioak onartutako erlijio komunitateak edo onegintzako etxeak, beraien kideek edo babestutakoek bakarrik erabiltzeko.

d)Korporazioak, Legez osatutako Fundazioak edo entitateak, beraien kideek bakarrik erabiltzeko.

Behin ere ezingo da lurperatzeko eskubidea merkataritza entitateen izenean erregistratu; bereziki Aseguru Konpainia, prebisio edo antzerako zerbaiten izenean; bera bakarrik edo beste arrisku batzuen osagarri gisa, hiltzen direnerako lurperatzeko eskubidea bere bazkideei ziurtatzeko.

2.Lurperatzeko eskubidearen tituluan barne dauden eskubideak, bere titularrari bakarrik dagozkio.

Goian aipatutako b) sailean ageri den ustezkoan, ezkontide bietako edozeinek izan dezake lurperatzeko eskubidea.

c)eta d) ustezkoetan lurperatzeko eskubidea erabili ahal izango du, estatutuen arabera horretarako ahalmena ematen dion kargua duen pertsonak eta horrela ez baldin bada, Lehendakariak edo garrantzirik handieneko kargua duenak.

47. artikulua.

Nahiz eta hilobi mota ezberdinak izan, eta baita hauek erabiltzeko epeak ere, hilerriko hilobiak erabiltzeko eskubide guztiak aldibaterako izaera izango dute.

48. artikulua.

Hilobiak erabiltzeko eskubidearen titulua edukitzeak berarekin dakar zerga bat ordaintzea, dagokion Zerga Ordenantzan ezarritakoaren arabera.

49. artikulua.

Hilobiak erabiltzeko eskubidearen kontzesioa, Udalak ziurtatuko du berak emandako titulu baten bidez, era berean, hau bermatuta geratuko da dagokion Erregistro Liburuan idatzi ondoren.

50. artikulua.

Lurperaketa eskubideak emateko eta bertan jasotakoa argi geratzeko, hilerriko lur-zoru erabilgarria, era honetan banatuko da:

a)Nitxoak zutabetan banatuko dira, fatxada batekoak edo bikoak izango dira eta zutabearen zenbakiaren edo izenaren bidez eta zutabe bakoitzaren barruan daukan zenbakiaren bidez identifikatuko dira.

b)Panteoi bakoitzak dagokion zenbakia izango du.

c)Lurpeko hilobiak sailetan banatuko dira eta sail bakoitza lerrotan, eta hilobiek zenbaki korrelatiboak izango dituzte.

d)Nitxo zutabeak dagokion zenbakiaren bidez identifikatuko dira, (bai zutabea bai zutabea osatzen duen nitxo bakoitza).

51. artikulua.

Udalak, hilobiak erabiltzeko eskubidea iraungitzat edo galdutzat jo eta eskubide hori bereganatzeko aukera du ondoko kasuetan:

a)Hilerria aurri egoeran badago. Aurri egoera honek eta ondoriozko iraungipenak dagokion administrazio espedientea bideratzea eskatuko du.

b)Hilobia abandonatua badago. Abandonatutzat hartuko da titularra hil eta eskubidearen titular berriak urtebeteko epean bere aldeko transmisioa egin dadin eskatzen ez badu.

c)Goiko paragrafoan adierazitako transmisioa egin dadila eskatuta ere, hilobia egoera eskasean badago eta Udalak adierazitako epean, egoera egokian jartzen ez bada.

d)Kontzesioari ezarritako epea bukatu, eta hala behar izanez gero, bi hilabeteko epean hura luzatzea eskatu ez badu.

e)Dagokion Zerga Ordenantzan ezarritako tasak ez badira ordaintzen.

f)Titularrak eskubide horri uko egiten badio.

g)Kontzesioa utzi edo hilobiaren mantenimenduan utzikeria izan dela ematen badu. Aurrekotzat hartuko da itxuraz hilobia ez erabiltzea edo eta hilobiaren mantenimendurako gutxieneko lanak ez egitea. Arrazoi honegatik, lehengoratzeko dagokion administrazio espedientea tramitatuko da.

h)Hilobiak erabiltzeko eskubidea, araudi honetan agertzen denaren kontra erabiltzen bada.

i)Hilobiak erabiltzeko eskubidea, araudi honek onartzen ez duen bati ematen zaionean.

52. artikulua.

Ehorzketa eskubideak ezingo dira «inter vivos» ekintzen bidez eskualdatu.

Hilobiak erabiltzeko eskubidearen kontzesioak ez dakar salerosketarik. Udalak, gorpua edo gorpuak epe jakin batean, hilobian egotea errespetatu behar du. Hori dela eta, familiak abandonatutako hilobi guztiak Udalaren esku geldituko dira.

Aurrean zehaztutako kontzesioa ezin izango da salerosi, ez aldatu, ezta bestelako trukaketarik egin ere. Hala ere, «mortis causa» egindako eskualdaketak onartuko dira, Udalak, araudi honetan zehaztutakoaren arabera, horretarako baimena ematen badu. Hori dela eta, hilobiak erabiltzeko eskubidearen titular guztiek bere hil ondorenerako onuradunak izenda ditzakete.

Titularrak onuraduna berariaz izendatzen ez badu, hilobiak erabiltzeko eskubidearen titulartasuna testamentuzko oinordekoei transmitituko zaie, eta testamenturik ez badu egin, lege zibilean ezarrita dagoen oinordetza ordenaz transmitituko da. Eskubide bereko oinordeko bat baino gehiago badago, hauek elkarren arteko adostasunez titular berria izendatu beharko dute, eta adostasunik ez badago, Udalak, zozketa bidez espedientean agertzen diren guztien artean bat izendatuko du.

Hilobiak erabiltzeko eskubiadearen titular berriak, urte beteko epean, hilobiak erabiltzeko eskubidea bere izenean jartzeko eskatu beharko du, eta honetarako, dagokion kontzesioaren titulua eta transmisioa egiaztatzen duten gainerako agiriak aurkeztu beharko ditu.

53. artikulua.

Hilobiak erabiltzeko eskubidea ezkontide bien izenean hartu denean, bizirik jarraitzen duena izango da lehenengo hil den ezkontidearen eskubidearen onuraduna. Bizirik irauten duenak, biak hil eta gerorako onuradun berri bat izendatzeko eskubidea izango du, aldez aurretik hilda dagoen ezkontidearekin batera izendatu ez badu.

54. artikulua.

Hilobiak erabiltzeko eskubidearen tituluetan izenak, abizenak edo beste edozein gauza idaztean antzeman diren akatsak, titularrak eskatzen duenean zuzenduko dira, aldez aurretik hauek justifikatu eta egiaztatu ondoren. Egindako aldaketa hauek Hilobien Erregistro liburuan adieraziko dira.

Edozein arrazoigatik, titulu bat narriatu egin bada, behin narriatutakoa itzuli ondoren berria egingo da.

Lapurtu badute edo galdu egin bada, dagokion espedientea tramitatu ondoren, bikoitza egingo da titularraren izenean.

55. artikulua.

Edozein arrazoigatik hilerria, hilobiak erabiltzeko eskubidearen tituluetan aipatutako data baino lehen, behin betiko itxi beharko balitz, titularrek kalte ordaina jasotzeko eskubidea izango lukete. Hala ere, kalte ordaina kontzesioa amaitu arteko epeari dagokiona izango da eta ordaindutako tasen proportzionala. Egindako lanak eta eraikuntzak ez dira kontutan hartuko.

VIII. ATALA

MUGAKETAK

56. artikulua.

Debekatua dago, hilerriko dependentzia eta hilobietan edozein material edo gauza jartzea, Udalaren baimenaz ez bada.

57. artikulua.

Alkateak, baimendu ez diren gauza edo elementuak hamar eguneko epean kentzeko agindua emango du. Agindua betetzen ez bada, Udalak kenduko ditu eta titularrari kobratuko dizkio gastuak.

58. artikulua.

Alkateak, legean aurreikusten diren isunak jarriko dizkie, araudi honetan agertzen diren aginduak betetzen ez dituztenei, Kode Penalaz zigortu daitezken erantzunkizun eta xedapenak ahaztu gabe.

IX. ATALA

ORDAINDU BEHAR EZ DIREN KONTZESIOAK

59. artikulua.

Udalak, ordaindu behar diren tasak ordaintzeko errekurtso ekonomikorik ez duten pertsonak lurperatzeko nitxo kopuru bat edukiko du.

60. artikulua.

Aurreko atalean adierazten diren nitxoen erabileragatik ez da ezer ordaindu behar.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.

Araudi honetan zehazten diren zerbitzuak Udalak zuzenean kudeatu ahal izango ditu, edo eta kontzesio bidez, honi dagokion administrazio kontratuaren espedientea tramitatu ondoren.

Bigarrena.

Araudi honetan zehazten ez dena Toki-Jaurbideari buruzko Legeak eta Gorpuen Osasun Zaingoaren Araudiak adierazitakoari jarraituz araupetuko da.

ALDI BATERAKO XEDAPENAK

Araudi hau indarrean sartzen denean, heredentzia bidez edo beste titulu baten bidez, hilobiak erabiltzeko eskubidea duten pertsonek, transmisioa egiteko eskatzen ez badute, urtebeteko epea izango dute horretarako, araudi honen 52. artikuluan adierazitako baldintzetan. Behin epe hori igaro ondoren, eskaera egin ez bada, hilobiak erabiltzeko eskubidea galdutzat joko da eta Udalak hilobia bereganatuko du.

AZKEN XEDAPENA

Araudi hau indarrean sartuko da testua bere osotasunean Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik hasita hamabost eguneko epean.