BoletinOficialPortlet BoletinOficialPortlet

71. zenbakia Data 2012-04-16 61 Aldizkariaren orria
Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala

71. zenbakia Data 2012-04-16 61 orria

7 Udal Administrazioa

ANDOAINGO UDALA
Andoaingo Udalaren eta Andoaingo Olabide baserriko jabeen artean sinatu beharreko hirigintza burutzapenerako hitzarmena.

ANDOAINGO UDALA

Iragarkia

Andoaingo Tokiko Gobernu Batza­rrak, 2012ko mar­txo­aren 30ean egin zuen batza­rraldian, hasierako onespena eman zion Andoaingo Udalaren eta Andoaingo Olabide baserriko jabeen artean sinatu beharreko hirigin­tza buru­tza­penerako hitzar­menari, horren xedea izanik Olabide baserriaren ordez, bertako lursailetan, bi etxe­bizi­tzako eraikina eraiki­tzeko aukera ematea, beti ere aipatu hitzar­menean zerrendaturiko baldin­tza eta inguruabarrak bat baldin badatoz Hori horrela, hitzar­men hori jendeaurrean jar­tzen da, hogei eguneko epeaz, iragarki hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitara­tzen den hurrengo egunetik aurrera kontatuta, eragindako per­tsona orok aztertu ahal izan dezan eta egoki iri­tzi­tako erreklamazioak aurkez ­ditzan. Hori guztia ekainaren 30eko 2/2006 Legeko Zazpigarren Xedapen Gehigarriko 8.atalean xedatutakoaren arabera, eta txer­tatuko den testua ondorengo hau izango da.

Alegaziorik aurkeztuko ez balitz, hitzar­men hau behin betiko one­tsi­tzat iri­tsiko da.

Andoain, 2012ko apirilaren 11.—Ana Carrere Zabala, Alkatea.

(1411)   (3472)

ANDOAINGO UDALAREN ETA OLABIDE BASERRIAREN JABEEN ARTEAN IZENPETU BEHARREKO HIRIGIN­TZA HITZAR­MENA

Andoainen, bi mila eta hamabigarrengo apirilan.

ELKARTURIK

Alde batetik, Ana Carrere Zabala andrea, Andoaingo Udaleko alkate-lehendakari den aldetik, Udal horren izenean eta bere ordezkari gisa jardunaz Tokiko Gobernu Batza­rrak 2012ko mar­txo­aren 30ean egin zuen batza­rraldian harturiko bigarren erabakian emandako ahalmenen indarrez.          

Bestetik, Martina Lizarribar Huegun andrea, Rufina Iriondo Huegun andrea, Juan José Lizarribar Huegun jauna, José Antonio Lizarribar Huegun jauna, Rufina Lizarribar Huegun andrea eta Julio Fondón Fondón jauna, Andoaingo Udalerri honetan dagoen Olabide baserriaren jabe gisa.

AURREKARIAK

1.    2011ko ekainaren 7an, Martina Lizarribar Huegun andreak, bere izenean eta Rufina Iriondo Huegun andrearen, Juan José Lizarribar Huegun jaunaren, José Antonio Lizarribar Huegun jaunaren, Rufina Lizarribar Huegun andrearen eta Julio Fondón Fondón jaunaren izenean ziharduelarik, Olabide baserriaren jabe­tzako lursailetan bi etxe­bizi­tzako eraikina eraiki­tzeko obra lizen­tzia eskatu zuen, baserri hori etorkizunean eraikiko den N-1 errepidearen ibilbideak zuzenean ukitua baita, beti ere Diputatuen Kon­tseiluak 2010eko abenduaren 21ean egindako bileran onartu zuen proiektuan ezarritakoaren arabera. Lizen­tzia lor­tze­arren, 2011ko maia­tzean Miguel Angel Irazabalbeitia eta Pedro Izaskun arkitektoek ida­tzi­tako oinarrizko proiektua aurkeztu zuen.  

2.    Alkate­tzak, 2011ko abuztuaren 30ean emandako 750/2011 zenbakiko ebazpen bidez, Martina Lizarribar Huegun andreak eskaturiko obratarako lizen­tziari ezezkoa eman zion, zeren eta Diputatuen Kon­tseiluen 2010eko abenduaren 21eko dataz onartu zuen proiektuaren arabera baserria zuzenean ukituta dagoela baieztatu den arren, aipatu ebazpena eman zen egunean saihesbide horri dagokion eraikun­tza proiektua oraindik onartu gabe zegoen, proiektu horrek jasoko baitu, desjabe­tzeak legezko­tze aldera, erosi edo okupatu beharrezko­tzat iri­tzi eta ukituta geldituko diren ondasun eta eskubideen zerrenda zeha­tza eta banakatua eta, beraz, oraindik ez zaio hasierarik eman inolako desjabe­tze espedienteri eta ez da burutu baserriaren berreraikun­tza legezko dezakeen inolako desjabe­tze okupaziorik, Euskal Herriko Lurzoruari eta Hirigin­tzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legeko 30.2 artikuluan exijiturikoarekin bat etor­tze­kotan.

3.    Aipatu ebazpena eska­tzaileari jakinarazi ­zitzaion 2011ko irailaren 2ko dataz.

4.    Ikusi ondoren 2011ko abuztuaren 12an udal arkitektoak egindako txos­tena, 2011ko irailaren 2an eska­tzaileari jakinarazi ­zitzaion aurkezturiko proiektuan sartu beharreko aldaketak jaso­tzen zituen Alkate­tza­ren ida­tzia, behin lizen­tzia ukatu izanaren arrazoi izan ziren puntu guztiak zuritu ondoren aukera egon dadin hura behar bezala bideratu eta eman ahal izateko.           

5.    Martina Lizarribar Huegun andreak, bere izenean eta Olabide baserrian bizi diren Rufina Iriondo Huegun andrearen, Juan José Lizarribar Huegun jaunaren, Jose Antonio Lizarribar Huegun jaunaren, Rufina Lizarribar Huegun andrearen eta Julio Fondón Fondón jaunaren izenean jardunaz, aipatu ebazpenaren aurka birjarpen helegitea tarteratu zuen 2011ko irailaren 26an.

6.    Alkate­tzak, 2011ko abenduaren 15ean eman zuen 989/2011 zenbakiko ebazpenaren bidez aipatu birjarpen helegitea eze­tsi zuen, iri­tzita ez dela bidezkoa obratarako lizen­tziaren eragina atzera­tzea Gipuzkoako Foru Aldundiak N-1 Errepideko Saihesbidea Eraiki­tzeko Proiektua onartu arte, hala eska­tzen bai­tzuen birjarpen helegitean, zeren eta, ekainaren 30eko 2/2006 Legeko 30.2 artikuluan xedaturikoarekin bat etorriz, baserria berreraiki­tzeko baimena eman ahal izateko ezinbesteko aurrebaldin­tza baita dagokion desjabe­tze espedienteari hasiera eman izana eta desjabeturiko lursailen okupazioa buru­tzea.  

7.    Aurreko guztiaren kalterik gabe, bai Andoaingo Udalak bai Olabide baserriko jabeek egoki iri­tzi diote hirigin­tza hitzar­mena sina­tze­ari, jabeei berma­tze­arren azkenik baserria desjabe­tzen baldin bazaie Udalak baimendu egingo diela baserria berreraiki­tzea orain eskaturiko lekuan, hitzar­men horretan jasoz alde bakoi­tzak bere egin dituen konpromisoak.       


ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.    Hirigin­tza hitzar­menak sina­tzeko aukerari buruz.

Herri Administrazioetako Araubideari eta Jardunbide Administratibo Orokorrari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 88. artikuluak zera dio: Herri-administrazioek akordioak, itunak, hitzar­menak eta kontratuak egin ditza­kete zuzenbide publikoko zein pribatuko per­tso­nekin ordenamendu juridikoaren aurkakoak ez badira, tratugai izan litezkeen kontuez badira eta babestu behar duten interes publikoari eran­tzu­ten badiote; beti ere, prozedura arau­tzeko xedapenean kasuan-kasuan berariaz ezar­tzen diren mugak, ondorioak eta araubide juridikoa izango dituzte kontuan. Egin­tza horiek amaitu egin ditza­kete administrazio prozedurak edo prozeduran sar daitezke, amaiera ematen dien ebazpenaren aurretik, behar­tze indarrez zein behar­tze-indarrik gabe.

Era berean, Euskal Herriko Lurzoru eta Hirigin­tzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 legeko zazpigarren xedapen gehigarriak dio Erkidego Autonomoko administrazioek eta tokiko entitateek hitzar­menak egin ahal izango dituztela, elkartuta edo banan-banan, per­tsona publikoekin edo pribatuekin, per­tsona horiek lagun­tza eman dezaten hirigin­tza-jarduera modurik onenean eta eraginkorrenean gara­tzeko. Per­tso­nok ez dute zertan izan kasuan kasuko lursailen jabe. Erabat deusezak izango dira hirigin­tza-hitzar­menen klausulak, baldin eta legeen edo erregelamenduen aginduzko arauak, lurraldearen edo hirigin­tza­ren plangin­tzari buruzkoak barne, era batera edo bestera objektiboki hausten badituzte, haien kontrakoak badira edo haiei iruzur egiten badiete.

Azkenik, jurispruden­tzia onar­tzen ari da Herri Administrazioen eta per­tsona pribatu interesatuen artean sinaturiko hirigin­tza hitzar­menen balioduntasuna, beti ere horien edukia ez denean antolamendu juridikoaren kontrakoa, horiek administrazioaren eta per­tsona pribatuen –lurraren jabe izan edo ez– arteko lankide­tza kontratu­tzat hartuz hirigin­tza jardueraren garapen eraginkorragoa eta hobea lor­tze­arren.    

Bigarren.    Aplika litekeen hirigin­tza araubideaz.

Andoaingo Hirigin­tza Antolamenduko Plangin­tza Nagusiko testu bateratuak, Osoko Udalba­tzak maia­tza­ren 19an egindako bileran onarturikoak hain zuzen ere, etorkizuneko N-1 saihesbideak ukitutako baserria berreraiki­tzeko erabili nahi den lurzorua Lurzoru Ez Hiritargarri­tzat sailkatu du, horri ematen dion sailkapena «Nekazari­tza eta Abel­tzain­tza­rako Landa-guneko D.4 alderdia» izanik.

Plangin­tza Nagusiko Hirigin­tza Arauetako 13. artikuluak xedatu du gisa horretako lurzoruetan baimenduko direla, oro har, alderdi horretan ohikoak eta onargarriak diren erabilerei loturiko eraikun­tzak, indarrean dagoen legedian, lurralde antolamenduko baliabideetan, plangin­tza nagusian bertan eta azken horren garapenean eragindako planeamenduan ezarritako baldin­tze­tan eraikiko direlarik. Bertan diren eraikinak egonkortu egin dira Plangin­tza Nagusia indarrean sar­tzeko garaian, beti ere aurretik indarrean zen planeamenduan ezarritako hirigin­tza araubidearekin bat etorriz eraikitakoak izatekotan, eta baimendurik zegoen horietan beharrezko ziren obrak egitea bai alderdi horretan bertako diren erabileretarako bai azken hauekin bateragarri gerta litezkeen beste ­batzuetarako ere, obra horien irismena askotarikoa izan litekeelarik. Horrela, bada, aipatu eraikinak zaharberri­tzeko obrak baimen­tzen ditu, nola baita horiek erai­tsi eta berriez ordeztekoak ere, beti ere plangin­tzan ezarritako baldin­tze­tan. Nolanahi ere, argi eta garbi ulertu behar da obra horien baimena eraginkorra eta behin betikoa izango dela ­hutsik udal lizen­tzia lor­tzeaz gain, indarrean dagoen legedian beharrezko­tzat ezarritako irizpideekin bat datozen gainerako txos­ten eta baimenak eba­tzi eta lor­tzen baldin badira. Era berean, eraikin berriak eraiki­tzea baimen­tzen du, baina beti ere bertako nekazari­tza eta abel­tzain­tza ustiapenarekin loturarik baldin badu edota horiek landa-gunean eta alderdi jakin horretan koka­tzea herri onurako­tzat irizten baldin bada eta bateragarri gerta­tzen baldin bada ustiapen-bitarteko horien eta alderdiaren xede eta izaerarekin.

Arautegi Nagusiko 91.3.c) artikuluak xedatu du bertan dauden eraikinak ordeztu nahi direnean, Udalak baimendu edo erabaki ahal izango duela eraikin berria koka­tzea, ikuspegi-, eragin-, higiene-, segurtasun- edo egoki irizten dituen bestelako arrazoiak medio, zaharrak zuen kokalekuaz bestelakoetan.          

Ekainaren 30eko Euskal Herriko Lurzoruari eta Hirigin­tzari buruzko 2/2006 Legeko 30. artikuluak, baserriak zaharberri­tzea eta hori baimen­tzea arau­tzen duenak, zera dio:

«1.    Baserriak berreraiki­tzeko baimena, soilik, baserri­tzat ­jotzeko modua ematen duen egitura eraikia gorde­tzen dutenean emango da. Eraikinen murruen hondarrak ezin izango dira inoiz ere berreraiki, ez baldin badira jatorrizkoen gailurrera iristen; eta, oro har, jatorrizko higiezinaren oina jakiteko modurik ematen ez duten hondarrak ere ez, eta ezta ere jatorrizko higiezin horren jatorrizko bolumetria jakiteko modurik ematen ez dutenak.

2.    Dena den, lurzoru urbaniza ezinean baserriak eta bizitegi-eraikinak berreraiki­tzeko baimena eman ahal izango da, horiek ustekabeagatik edo halabeharragatik geratu direnean baliaezin, baldin eta hori behar bezala egiazta­tzen bada; eta sistema orokorrak ezarri behar zirela-eta jabe­tza ken­tzeko prozedura bategatik erai­tsi direnean ere bai. Berreraiki nahi duenak udal-administrazioari egin beharko dio eskaera, baliaezin gera­tzea eragin zuen arrazoia gertatu zenetik konta­tzen hasita urtebeteko epearen barruan edo, hala badagokio, ondasunak jabe­tza ken­tzeko prozeduraren barruan benetan okupatu zirenetik konta­tzen hasita. Jabe­tza ken­tze­aren kasu horretan, lurzoru urbaniza ezinean egin beharreko berreraiki­tzea babes berezirik ez duen lurzoruan egingo da.

3.    Berreraiki­tze-obrak errespetatu egin beharko du beti, gehienezko muga gisara, jatorrizko higiezinaren benetako bolumetria-konposizioa.

4.    Baserriak berreraiki­tzeko obretarako baimena emateko, beharrezkoa izango da:

a)    Proiektua jendaurrean erakusgai eduki­tzea, ­gutxienez 20 egunez.

b)    Berreraiki­tzea ustekabeagatik, halabeharragatik edo jabe­tza ken­tzeko okupazioagatik egin behar bada, bidezko diren txos­tenak eskatu beharko zaizkie esku hartu duten organismo eta erakundeei edo berreraiki­tzeko baimena ematea zilegi egiten duten gertaerak eta inguruabarrak ezagu­tzen dituzten organismo eta erakundeei».

Aurretik adierazitako guztia oinarri­tzat harturik, esku-har­tzaileek, elkarrekin bat eginda, hitzar­men hau sinatu dute, bere burua behartuz ondoko xedapenetan:

HITZBAKETAK

Lehenengoa.    Andoaingo Udalak hitz ematen du Martina Lizarribar Huegun andreari, Rufina Iriondo Huegun andreari, Juan José Lizarribar Huegun jaunari, José Antonio Lizarribar Huegun jaunari, Rufina Lizarribar Huegun andreari eta Julio Fondón Fondón jaunari obratarako lizen­tzia emango diela bi etxe­bizi­tzako eraikina eraiki­tzeko, gaur egungo baserriaren ordez, Olabide baserriaren lursailetan, eta zeha­tzago esateko Miguel Angel Irazabalbeitia eta Pedro Izaskun arkitekto jaunek 2011ko maia­tzean ida­tzi­tako oinarrizko proiektuan adierazitako tokian, beti ere jarraian zerrendaturiko inguruabarrak bat baldin badatoz:

— Gipuzkoako Foru Aldundiak onar dezala, behin betiko izaeraz, N-1 errepidearen etorkizuneko saihesbideari dagokion eraikun­tza proiektua, aipatu proiektua izango baita okupatu edo erosi beharreko­tzat jotze­agatik ukituko diren ondasun eta eskubide guztiak zehatz eta banakaturik zerrendatuta jasoko dituena, eta beti ere horien artean Olabide baserria balego.

— Obratarako lizen­tzia eskakizuna egiten den garaian aplikagarri den legediak aukera eman dezala baserria berreraiki­tzea goian adierazitako baldin­tze­tan.  

Bigarrena.  Martina Lizarribar Huegun andreak, Rufina Iriondo Huegun andreak, Juan José Lizarribar Huegun jaunak, José Antonio Lizarribar Huegun jaunak, Rufina Lizarribar Huegun andreak eta Julio Fondón Fondón jaunak hitz ematen dute 2011ko maia­tzean Miguel Angel Irazabalbeitia eta Pedro Izaskun arkitektoek ida­tzi­tako oinarrizko proiektua zuzendu edo osatuko dutela Alkate­tzak 2011ko irailaren 2an bidali zien ida­tzian adierazitako baldin­tzen arabera, aipatu ida­tzia hitzar­men honi I eranskin gisa ­atxiki zaiolarik, eta baserria berreraiki­tzeko lizen­tzia eska­tzen duten garaian indarrean dagoen arautegiak, hala hirigin­tza­koak nola teknikoak, agin­tzen dituen aldaketa guzti-guztiak bere gain hartuko dituztela.  

Alferrikako gasturik ez eragitearren, beharrezko gerta­tzen diren aldaketak dagokionean ida­tziko den Buru­tza­pen Proiektuan sartu ahal izango dira, beti ere ain­tzat izanik proiektu hori obra lizen­tzia eman ondorenean ida­tzi beharko dela baina, beti ere, obrei hasiera eman aurretik.

Hirugarrena.    Martina Lizarribar Huegun andreak, Rufina Iriondo Huegun andreak, Juan José Lizarribar Huegun jaunak, José Antonio Lizarribar Huegun jaunak, Rufina Lizarribar Huegun andreak eta Julio Fondón Fondón jaunak hitz ematen dute, baserria berreraiki­tzeko lizen­tzia eska­tzen duten garaian indarrean dagoen alorreko legediak agin­tzen dituen baimen guzti-guztiak eskuratuko dituztela, eta, aldi berean, Udalak hitz ematen du eska­tzaileek behar duten lagun­tza guztia emango diela aipatu baimenak lor­tze­rakoan.

Laugarrena.    Martina Lizarribar Huegun andreak, Rufina Iriondo Huegun andreak, Juan José Lizarribar Huegun jaunak, José Antonio Lizarribar Huegun jaunak, Rufina Lizarribar Huegun andreak eta Julio Fondón Fondón jaunak hitz ematen dute ez dutela Andoaingo Udalaren aurkako inolako erreklamaziorik egingo baldin eta indarrean dagoen hirigin­tza legedia aldatu izanagatik aukerarik ez balego baserria ordezteko obratarako lizen­tzia emateko.

Nolanahi ere, ezin izango balu obratarako lizen­tziarik eman, Andoaingo Udalak, bere eskudun­tzen eta eskura dituen bitartekoen mugetan, hitzar­men honetan aurreikusitakoaz bestelako irtenbide aukerak bilatuko ditu, goian aipaturiko jabeek baserriaren ordez bi etxe­bizi­tzako eraikina eraiki ahal izan dezaten.

Era berean, eta hitzar­men honetan aurreikusitakoa bete­tzeko xedez, Andoaingo Udalak bere burua behar­tzen du planeamenduaren edozein berrikuskapen edo aldaketa espedientetan ain­tzako­tzat har­tzera, bi etxe­bizi­tzako eraikin berriak kokapen egokirik izan dezan ere, orain duen bezala, etorkizuneko planeamenduan.

Bostgarrena.    Hirigin­tza hitzar­men hau Euskal Herriko Lurzoruari eta Hirigin­tzari buruzko 2/2006 Legeko zazpigarren klausulan aurreikusitako jardunbideaz izapidetuko da.

Bertaratutakoek hitzar­men agiria irakurri dute eta, ados baitatoz, bi aletan eta ondorio bakar batekin izenpetu dute idazpuruan adierazitako toki eta egunean.