Etorkizuna Eraikiz - Misioak 2025: elikadura jasangarrira eta mugikortasun berrira bideratutako proiektu berritzaileak


  • Eskaera epea: Epez kanpo
  • Azken eguna: 2025
  • Estrategia

Deskribapena:

Helburua

Elikadura jasangarriaren eta mugikortasun berriaren misioetara bideratutako proiektu berritzaileak finantzatzea.

Misioen plataforma digitala

Gipuzkoako Foru Aldundiak erabilera publikoko plataforma digital bat sortu du, helburu bikoitzarekin: lehenik eta behin, lurraldean garatzen ari diren berrikuntza-ekimen eta -proiektu garrantzitsuak mapeatzea, elikadura jasangarriaren eta mugikortasun berriaren misioen esparruan; era berean, lurraldearen gaitasunak eta eragileak identifikatu nahi dira, baita ekimenen arteko balizko loturak ere. Hori guztia bi ekosistemetako eragileen arteko sinergiak eta dinamikak sustatzeko eta eragileen, gaitasunen eta proiektuen mapa bat izateko.

Plataforma horrek aukera emango die eragileei arlo horretan garatzen ari diren proiektuei buruzko informazioa iraultzeko, bai eta beste proiektu batzuk kontsultatzeko eta beste eragile eta proiektu batzuekin sinergiak sortzeko ere.

Dirulaguntzaren onuradun diren proiektuek proiektuaren lehen hiruhilekoan irauli beharko dute proiektuei buruzko informazioa plataforma horretan, eta eguneratu egin beharko dute proiektua garatzen den bitartean.

Plataformara sartzeko, esteka hau erabili behar da: Gipuzkoako misioak - Etorkizuna Eraikiz (https://www.etorkizunaeraikiz.eus/eu/Gipuzkoako-misioak)

Eskaera hobetzea

Parte hartzen duten erakundeek aurkezten dituzten proiektuetan, landu nahi den erronkaren testuinguruaren atariko azterketa bat jaso beharko dute, eta bertan, egungo esparrua (legedia, planak, etab.), erronkaren testuinguruan elkarreragiten duten eragile garrantzitsuen mapa bat eta lurraldean eremu horretan garatzen ari diren ekimenen azterketa bat jasoko dira, baita EAEn eta nazioartean gara tzen ari direnak ere. Atariko azterketa hori seigarren oinarrian ezarritako balorazio irizpideen bidez baloratuko da

Era berean, erronkari aurre egiteko beharrezkoak diren erakundeen eta eragileen lankidetza aktiboan oinarritu beharko dira proiektuak (erronka ebazteko ezagutza, baliabide eta gaitasun zehatz eta nahikoak dituzten erakundeak). Lankidetzaren konfigurazioa ere seigarren oinarriaren arabera baloratuko da, hura osatzen duten eragileek erronka ebazteko duten garrantzia kontuan hartuta.

Proiektuaren bideragarritasunerako, oso garrantzitsua da parte hartzen duten erakundeek erronkari buruz duten ulermenmaila, bai eta lankidetza nola eta zer erakunderen artean eratzen den ere. Hori dela eta, parte hartzen duten erakundeek aurkezten dituzten plangintzetan hasierako fase bat aurreikusi beharko dute, proposamenean aurkeztu dituzten testuinguruaren atariko analisi horietan sakontzeko.

Erakunde onuradunek adierazitako analisiak gehiago garatzeko eta sakontzeko behar diren baliabideez hornitu beharko dute fase hori.

Gainera, proiektuaren lehen hiruhilekoan egindako azterketari buruzko txosten bat aurkeztu beharko diote Estrategia Zuzendaritza Nagusiari.

Jarraian, Estrategia Zuzendaritza Nagusiak bilera baterako deia egingo die erakunde horiei.

Egindako ariketaren ondorioz lankidetzaren konfigurazioan aldaketak eratortzen badira, bai kide berriak sartzea aurreikusten delako, bai agente berri bati zerbitzuak azpikontratatzea aurreikusten delako, hasieran aurkeztutako eskabidearen dagokion aldaketa izapidetuko da. Aldaketa horiek ez dute ekarriko jasotako dirulaguntza handitzea.

Gidak Hartzaileak

Unibertsitateak, lanbide-heziketako zentroak, elkarteak, fundazioak, enpresak, udalak, mankomunitateak, garapen-agentziak eta/edo interes ekonomikoko taldeak.

Parte hartzeko eskabideak taldean aurkeztuko dira. Taldeak gutxienez bi entitatek osatuko dituzte.

Ondorio horietarako, eskaera bat taldean aurkeztutzat har dadin, hura osatzen duen entitate bakoitzaren gutxieneko partaidetzak kostu hautagarriaren % 20 izan behar du.

Aurrekontua
  • Deialdi honetarako gehieneko zenbatekoa 800.000,00 eurokoa da.
  • Proiektuak gutxienez 90.000,00 euro izango ditu diruz lagundu daitezkeen gastuen aurrekontuan.
Aurkeztu behar diren agiriak
  • Eskaera-inprimakia beteta.
  • Taldekako gainontzeko kideen ardurapeko adierazpena.
Eskaerak aurkezteko epea

Eskaintzak aurkezteko epea irekiko da deialdia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean eta 2025ko uztailaren 30ean bukatuko da, 12:00etan.

Eskaerak aurkezteko lekua

Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoko dirulaguntza atalean:

Ebaluazio irizpideak

Ikusi oinarri orokorren seigarren atala.

Ebazpen epea

Laguntzak emateko prozedura ebazteko eta jakinarazteko epea sei hilabetekoa izango da, gehienez ere, urteko deialdia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita; data horretan hasten baita prozedura ondorio guztietarako.

Administrazio-isiltasunaren efektuak

Aipatutako gehienezko epea amaitzerako ez bada berariazko ebazpenik jakinarazi, interesatuek administrazioaren isiltasunez beraien eskaerak ezetsiak izan direla uler dezakete.

Araudi aplikagarria

Dirulaguntza honi, bertan ezarritakoaz gain, honako hauek aplikatuko zaizkie: 3/2007 Foru Araua, martxoaren 27koa, Gipuzkoako Lurralde Historikoko dirulaguntzei buruzkoa; eta hori garatzeko emandako araudia, 24/2008 Foru Dekretuaren, apirilaren 29koaren, bidez onartutakoa, eta dirulaguntzen alorrean aplikagarriak diren gainerako araudiak.

2025eko ekainaren 24ko Diputatuen Kontseilaren erabakia

Oharrak

Datozen egunetan zehaztuko da aurkezpen orokorraren data.

Departamentua/Zerbitzua Estrategia
Kontsultatu eta/edo kudeatu zure espedientea
Dokumentu edo ereduetara sarbidea
KONTSULTAK, KEXAK ETA IRADOKIZUNAK
Jar zaitez harremanetan Foru Aldundiko edozein departamenturekin eta egiozu zure kontsulta.
 

Dokumentuak deskargatu

Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta haren sektore publikoaren laguntzei eta diru laguntzei aplikatu beharreko Jokabide kodea eta zuzentasun instituzionaleko esparrua (PDF)

Integritatearen kultura sendotzea eta azpiegitura etiko bat eraikitzea du helburu, bai Foru Aldundiaren eta haren sektore publikoaren kasuan, bai laguntza eta dirulaguntza horien onuradun diren entitate, enpresa edo organismoen kasuan.

Dirulaguntza programen diagnostikoa 2025 (PDF)