Energia berriztagarrien erabilera eta aurrezpen zein eraginkortasun energetikoa toki mailan bultzatzeko diru laguntzak.


  • Eskaera epea: Epez kanpo
  • Azken eguna: 2024
  • Ingurumena

Deskribapena:

Deskribapena eta laguntza jaso dezaketen kontzeptu

Oinarri hauen xedea da dirulaguntzak ematea, elkarrekiko norgehiagokaren bidez, Gipuzkoako Lurralde Historikoko udalei, toki-erakunde txikiei, mankomunitateei eta merkataritza udal eta eskualde sozietateei, azterketak, planak eta proiektuak egin ditzaten, helburu dutelarik energia berriztagarrien erabilera eta energia aurrezpena eta eraginkortasuna sustatzea. Zehazki, aurrekoaren markoan, diruz lagungarri izango dira:


A. Energiari buruzko Planak eta azterketak.


A.1. Orokorrak eta sektore anitzekoak.
— Energiaren arloan udal eta eskualde ekintzak antolatzeko eta definitzeko sektore anitzeko planak.
— Pobrezia eta zaurgarritasun energetikoa gutxitzeko (zuzentzeko eta prebenitzeko) azterlan eta planak.
— Bizitegi-auzoetan, industrialdeetan, landa guneetan eta abarretan, energia eraginkortasuna hobetzeko azterketak eta planak.
— Energia berriztagarriz elikatutako distrituko bero sareak edo argindar sare banatuak jartzeko bideragarritasun azterketak.
— Energia berriztagarriaren bidezko energia eta bero ekoizpenaren potentzialari eta dauden baliabideei buruzko azterketa.


A.2. Sektore Publikoa.
— Energia-jarduketen planak.
— Sektore publikoan, eraikin publikoen, ibilgailuen eta instalazioen energia-eraginkortasuna hobetzeko auditoriak, azterlanak eta planak.
— Eraikin publikoetan energia berriztagarrien instalazioak jartzeko bideragarritasun azterketak.
— Eraikin eta instalazioen kontsumoak kontrolatzeko sistemak.


A.3. Hirigintza-plangintza, mugikortasuna eta garraio publikoa.
— Hirigintza-plangintzaren jasangarritasun energetikoari buruzko azterketak.
— Mugikortasun eta garraio publikoko planak.


B. Proiektuak eta inbertsioak egitea energia berriztagarriko instalazio berrietan edo lehendik daudenak handitzea eta zaharberritzea:


— Tenperatura baxuko eguzki-instalazio termikoak.
— Eguzki-instalazio fotovoltaikoak, bai sare elektrikotik isolatutakoak bai sare elektrikora konektatutakoak.
— Instalazio eolikoak, bai sare elektrikotik isolatutakoak bai sare elektrikora konektatutakoak.
— Biomasa energetikoki ustiatzeko instalazioak. Halaber, biomasa erabiltzen duten egungo district heating-cooling-ren instalazioetan lotura edo konexio berriak diruz lagunduko dira.
— Geotermia ustiatzeko instalazioak. Halaber, energia geotermikoa erabiltzen duten egungo district heating-cooling-ren instalazioetan lotura edo konexio berriak diruz lagunduko dira.
— Energia Aurrezteko Eraikuntza Kode Teknikoaren (aurrerantzean EKT) Oinarrizko Dokumentuaren HE 4 atalean zehaztutako parametroak betetzen dituzten bero-ponpak, energia berriztagarria hornitzen dutela pentsa baitaiteke.

Laguntzen zenbatekoa

Diru sarrerak sailkapen hurrenkerari jarraikiz emango dira, urteko deialdian aldez aurretik ezarrita dagoen guztizko zenbatekoa osatu arte -2024an,  150.000 euro energiari buruzko plan eta azterketetarako eta 165.000 euro energia berriztagarriak erabiltzen diren instalazioetan egndako inbertsioetarako-. Proiektu bakoitzari ematen zaion diru laguntzaren zenbatekoa diruz lagungarriak diren gastuen (BEZik gabe) ehuneko bat izango dira, betiere 7.oinarri lehen puntuan azaldutako irizpideen arabera  egindako balioespenean eskuratutako puntu kopuruaren berdina. Dena dela, ezin izango da izan diruz lagungarriak diren gastuen % 75 baino handiagoa plan eta azterketetan eta %50 baino handiagoa energia berriztagarriak erabiltzen diren proiektuetan, ezta 15.000 euro baino gehiagokoa eskaera bakoitzeko planetarako eta 35.000 euro baino gehiagokoa proiektuetarako.

Ez dira dirulaguntza deialdi honetan sartuko kostu lagungarria 3.000 euro (BEZik gabe) baino txikiagoa daukaten jarduerak, salbu eta dirulaguntzaren eskatzailea 5.000 biztanletik beherako udalerri bat bada.

Baldintzak

Entitate bakoitzak, gehienez, bi eskaera egin ahal izango ditu; horietako bat A) atalean -energiari buruzko planak eta azterketak- sartu beharko da, eta bestea, B)atalean -proiektuak eta inbertsioak energia berriztagarriak erabiltzen diren instalazioetan-.

Diru laguntza jasoko bada, jarduketak hasi gabe egon behar du deialdari dagokion urteko urtarrilaren 1ean eta dagokion urteko urriarten 31ren aurretik gauzatu eta zuritu beharko da, 13. oinarrian xedatutakoa aplikagarria ez  bada.

Jarduera hauek ezin izango dira laguntza programa honetan sartu:

-Energia berriztagarriak erabilitzen diren instalazioak ezartzeko ez diren edo hala izanik ere, horiek Eraikuntza Kode Teknikoak betetzeko ezartzen dituen obra edo instalazio-proiektuak idaztea. .

-Energia berriztagarriak erabiltzen diren instalazioak baldin eta horiek egitea Eraikuntza Kode Teknikoak ezarri badu, energia aurrezteari begirako oinarrizko eskakizunak betetzeko, edo eraikuntzari lotutako gainerako kalitate-helburuak betetzeko. Eraikuntza Kode Teknikoak ezarritakoaren gainetik handitzeko instalazioak, berriz, diruz lagunduko dira.

-Eraginkortasun energetikoetako egiaztagiriak.

Erakunde horiek  ezingo dute egon Gipuzkoako Lurralde Historikoko diru laguntzei buruzko martxoaren 27ko 3/2007 Foru Arauak 12. artikuluan, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 21bis 2) artikuluan, eta indarrean dagoen gainerako araudian onuradun izateko aurreikusitako debekuetako batean ere.

Eskaerak aurkezteko epea

20 egun baliodunekoa izango da, deialdi hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunektik aurrera.

Hartzaileak

a) Udalak eta udaleko erakunde autonomoak.

b) Toki-erakunde txikiek

c) Mankomunitateak.

d) Sektore publikoko erakundeen partaidetza duten udalerriko edo eskualdeko merkataritza sozietateak: baldin eta haien helbide soziala eta zerga egoitza Gipuzkoako Lurralde Historikoan badago, eta haien kapital soziala oso-osorik izaera publikokoa bada, eskualdeko garapen-agentziak barne.

Entitate hauek, aurten energiari buruzko plan edo jarduerak burutzeko hitzarmenak sinatzen badituzte Jasangarritasun Departamentuarekin, deialdi honek hitzarmen horien barruan dauden ekintzei ezin izango die diruz lagundu.

Aurkeztu beharreko dokumentazioa

Eskaeraren inprimakiari deialdiaren 4. klausulako 2. atalean adierazitako dokumentazioa erantsiko zaio, laburbilduz:
a) Garatuko den jardueraren memoria deskribatzailea eta, halakorik izan ezean, proiektu teknikoa.
b) Jarduketaren aurrekontu xehatua, partidaka banakatua, gastuaren eta inbertsioaren partidak behar bezala bereizita, ahal bada horiek modu xehatuan eta zehatzean emanda. Eraikingintzaren Kode Teknikoak agindutakoaren ondorioz instalazio berriztagarrietan egin beharreko inbertsioen kasuan, baldin eta araudi horretan eskatutakoaren gainetik dauden handitze lanak egitea aurreikusten bada, banakatuta aurkeztu beharko dira handitze horri soilik dagozkion aurrekontuko partidak.
c) Eskatutako dirulaguntzaren xede den jarduera espresuki agertzen dela egiaztatzen duen dokumentazioa, bai energia jasangarrirako edo klima aldaketaren aurkako udal edo eskualde plan batean edo Tokiko Agenda 2030eko edo jasangarritasunerako udal eta eskualde mailako ekintza plan batean, bai Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoaren 4/2019 Legeak ezarritako Sektore Publikoko Jarduera Energetikoaren plan batean.
d) Modu laburrean azalduko da diruz lagundutako proiektuak edo jarduerak genero-ikuspegia nola txertatzen duen (bai erakunde eskatzailearen helburuen eta jardueren artean, bai dirulaguntza eskatzen den proiektuan edo jardueran generoikuspegia diagnostikatuz eta ebaluatuz.
e) IV.A eranskina, dirulaguntzetan genero-ikuspegia txertatzeari buruzkoa, beteta.
f) Merkataritza sozietateek arestian aipatutako dokumentazioaz gain, honako hau ere aurkeztu beharko dute:
— Eraketa eskrituren eta sozietatearen estatutuen kopia, Merkataritza Erregistroan edo dagokion erregistro ofizialean inskribatuta.
— Identifikazio fiskalaren txar te laren kopia.
— Sinatzaileak elkartearen izenean jardun dezakeela egiaztatzen duen agiriaren kopia, eskaera erakunde eskatzaileak berak elektronikoki formalizatzen ez badu bakarrik. Gainerakoan, eta arau orokor gisa, erakunde eskatzaileak aurkeztu beharko du eskabidea (sinadura elektronikoa, erakundearen ziurtagiri elektronikoarekin); kasu horretan, ez da beharrezkoa izango inolako egiaztagiririk aurkeztea.
— Enpresako pertsona okupatuen kopurua, Informazioa sexuaren arabera bereizita, urteko negozio eta balantze zifrak egiaztatzen dituen ziurtagiria.

Eskaerak aurkezteko lekua

Derrigorrez Internet bidez  aurkezteko da

 

 

Ebazpen Epea

Dagokion ebazpena emateko eta argitaratzeko edo jakinarazteko gehineko epea hiru hilabatekoa izango da, eskaera aurkezten denetik kontatzen hasita.

Araudi arautzailea

Oinarri arautzaileak eta deialdia.

Dokumentuak deskargatu

Edozein zalantza izanez gero, kontsultatu

Departamentua/Zerbitzua Ingurumena
KONTSULTAK, KEXAK ETA IRADOKIZUNAK
Jar zaitez harremanetan Foru Aldundiko edozein departamenturekin eta egiozu zure kontsulta.
 

Dokumentuak deskargatu

Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta haren sektore publikoaren laguntzei eta diru laguntzei aplikatu beharreko Jokabide kodea eta zuzentasun instituzionaleko esparrua (PDF)

Integritatearen kultura sendotzea eta azpiegitura etiko bat eraikitzea du helburu, bai Foru Aldundiaren eta haren sektore publikoaren kasuan, bai laguntza eta dirulaguntza horien onuradun diren entitate, enpresa edo organismoen kasuan.