Herritarren partaidetza sustatzeko dirulaguntzak lurraldeko herritar erakundeei


  • Eskaera epea: Epez kanpo
  • Azken eguna: 2025
  • Herritarren Partaidetza

Deskribapena:

Helburua

Gipuzkoan herritarren partaidetzako esperientzien garapena bultzatzea, parte-hartze politiko handiagoa lortzeko eta herritarren bizi-kalitatea hobetzeko.

Deskribapena eta xede diren jarduketak

Dirulaguntza hauen xedea da, Gipuzkoako lurraldean demokrazia parte-hartzaileko esperientzien garapena sustatzea, hain zuzen ere, herritarren inplikazio aktiboaren bidez, herritarren jabekuntza bilatuko dutenak beraien parte-hartze politikoa indartzeko eta bizitza kalitatea hobetzeko.

Era berean, esperientziak garatuz lortu nahi dena da herritar erakundeek herritarrekin parte-hartze prozesuak sustatzeko duten gaitasuna sendotzea.

3. oinarri arautzailean jasota dauden arabera (2024ko apirilaren 23ko Diputatuen Kontseiluaren Akordioa), diru-laguntzen xede izango dira herritarren parte-hartzea eta ekintza komunitarioa sustatzen duten esperientziak.

Entitate onuradunak

Oinarri hauetan arautzen diren dirulaguntzen onuradunak herritar erakundeak izango dira, eta 2007ko martxoaren 27ko 3/2007 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko dirulaguntzei buruzkoak, 12. artikuluan xedatutakoaren arabera onuradun izatea galarazten dien egoeraren batean ez badaude.

Herritarren partaidetzari buruzko 2018eko azaroaren 12ko 5/2018 Foru Arauaren arabera, partaidetzaren ondorioetarako herritar erakundetzat hartzen dira pertsona juridikoak, irabazi asmorik gabeak, duten forma juridikoa eta izaera dena dela, baldin eta interes kolektiboen, hala orokorren nola sektorialen, defentsa badute xede, eta beren jarduerak, modu esklusiboan izan ala ez, Gipuzkoako Lurralde Historikoan garatzen badituzte, bai lurralde osoa bai lurraldearen zati bat hartuta.

Edonola ere, 2007ko martxoaren 27ko 3/2007 Foru Arauak 10.3. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, onuradunak izango dira era berean pertsona fisiko edo juridikoen taldeak, publiko zein pribatuak, nortasun juridikorik izan ez arren, baldin eta dirulaguntzaren xede diren proiektuak, jarduerak edo jokaerak aurrera eramateko gai badira edota dirulaguntza emateak eskatzen duen egoeran badaude.

Herritar erakundeek gehienez bi proposamen aurkez ditzakete: bat bakarka, eta beste bat taldean.

Emateko prozedura

Dirulaguntzak konkurrentzia erregimenaren bidez emango dira.

Balorazio irizpideak

a) Esperientziaren diseinuan eta inplementazioan planteatutako estrategia metodologikoa: gehienez 25 puntu.

b) Herritarren arteko gizalegea, elkarrizketa eta elkar ulertzea bultzatzen duten jokabide parte hartzaileak aplikatzea:  gehienez 20 puntu.

c) Partaidetzari dagokionez herritarren prestakuntza, ikaskuntza eta ahalmena bultzatzea: gehienez 15 puntu.

d) Inplikatutako pertsona eta kolektibo guztien artean erantzunkidetasuna sustatzea eta erakundeekin koordinazioa sustatzea: gehienez 15 puntu.

e) Prozesuaren berri ematea: gehienez 10 puntu.

f)  Euskararen erabilera sustatzea: gehienez 6 puntu.

g) Gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna sustatzea: gehienez 9 puntu.

Aurrekontua

300.000 euroko aurrekontua 2025eko deialdiari aurre egiteko, honela banatuta: 130.000 euro 2025eko aurrerakina ordaintzeko eta gainerako 130.000 euro 2026an ordaintzeko.

Dirulaguntzen zenbatekoa

Lagundu daitekeen zenbatekoa eta emango den laguntza, eskatzaileak aurkeztutako dokumentazioaren arabera zehaztuko dira, betiere erabili daitezkeen aurrekontuak aintzat hartuta eta oinarri hauetan finkatutako balorazio irizpideei jarraituz. Dirulaguntza jasotzen bada, diru laguntza emateko dekretuan adierazitako aurrekontu konputagarriaren % 100 zuritu beharko da. Dirulaguntzak ez du gaindituko prozesuaren kostu osoaren % 80.
Herritar erakunde batek proiektu bakoitzagatik gehienez 8.000 euroko dirulaguntza jaso ahal izango du.

Bete behar diren epeak

- Eskaerak aurkezteko epea: 2025eko martxoaren 24a arte.
- Proiektuen exekuzio epea: 2025eko urtarrilaren 1etik 2026ko maiatzaren 11 arte.
- Aurrerapen mailaren txostena: 2025eko ekainaren 25a arte (% 50eko aurrerakina kobratzeko).
- Proiektuak zuritzeko epea: 2026ko maiatzaren 11 arte.

2025eko urriaren 20an lan-saio bat antolatuko da non elkarte bakoitzak garatzen ari den proiektuari buruzko informazioa partekatuko duen.

Aurkeztu behar diren agiriak

Eskaerak egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu beharko dira (https://egoitza.gipuzkoa.eus/eu/). Dirulaguntzen deialdi honi dagokion atalean dauden formulario guztiak osatu beharko dira (hain zuzen ere, ondoren aipatzen direnei buruzkoak), eta behar izanez gero, dagozkien agiriak gehitu beharko dira:

a) Herritarren partaidetzarako prozesuaren memoria.

b) Prozesuaren aurrekontu xehatua, gastu lagungarriak zehatz-mehatz banakatuta.

c) Entitate eskatzaileak, estatuko edo nazioarteko administrazio edo entitate publiko zein pribatuetatik, xede berbererako jaso dituen edo eskatu dituen laguntza, sarrera edo baliabideen adierazpena. Beste finantziaziorik ezean hori aitortzen duen adierazpena. Adierazpena eskaera elektronikoan sinatu behar da.

d) Erantzukizunezko adierazpena (eskaera elektronikoan jasotakoa): 2007ko martxoaren 27ko 3/2007 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko dirulaguntzenak, onuradun izateko 12. artikuluan ezartzen dituen debekuetan sartuta ez egoteari buruzkoa. Adierazpena eskaera elektronikoan sinatu behar da.

e) Gipuzkoako Foru Aldundiak, bere eskumenak egikarituz, beharrezko egiaztapenak egingo ditu, zerga betebeharrak nahiz Gizarte Segurantzarenak beteak dituela ziurtatzeko.

Isiltasun administratiboaren ondorioak

Ezezkoa.

Informazio osagarria

Gobernu Oneko eta Herritarren Partaidetzako Zerbitzuak, aurkeztutako proiektuak behar bezala ebaluatzeko eta erabakitzeko beharrezkotzat jotzen duen informazio gehigarri oro eskatu ahal izango du.

Dirulaguntzen bateragarritasuna

Oinarri hauetan arautzen diren diru laguntzak xede bereko beste diru laguntza, laguntza, sarrera edo baliabide batzuekin bateragarriak izango dira, edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuk emandakoekin, estatukoak, Europar Batasunekoak edo nazioarteko erakundeenak izanda ere, betiere ez bada dagokion jarduketaren kostua gainditzen, horren inguruan jasotako beste dirulaguntzak arautzen dituzten araudiek ezar dezaketenaren kalterik gabe.

Oinarri arautzaileak eta deialdia

Oinarri arautzaileak: Gobernantza Departamentuko 2024ko apirilaren 23ko Diputatuen Kontseiluaren Erabakia (2024ko apirilaren 26ko 81. zb GAO).

Deialdia: 2025eko urtarrilaren 21eko Diputatuen Kontseiluaren Erabakia (2025eko urtarrilaren 27ko 16. zb GAO).
 

Informazio gehiago

Gobernu Oneko eta Herritarren Partaidetzako Zerbitzua
Gipuzkoa plaza, zk.g.
20004 Donostia.
partaidetza@gipuzkoa.eus
jpinas@gipuzkoa.eus - 943 11 23 52

Ebazpena

Ebatzi gabe.

Dokumentuak deskargatu

Edozein zalantza izanez gero, kontsultatu

Departamentua/Zerbitzua Herritarren Partaidetza
KONTSULTAK, KEXAK ETA IRADOKIZUNAK
Jar zaitez harremanetan Foru Aldundiko edozein departamenturekin eta egiozu zure kontsulta.
 

Dokumentuak deskargatu

Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta haren sektore publikoaren laguntzei eta diru laguntzei aplikatu beharreko Jokabide kodea eta zuzentasun instituzionaleko esparrua (PDF)

Integritatearen kultura sendotzea eta azpiegitura etiko bat eraikitzea du helburu, bai Foru Aldundiaren eta haren sektore publikoaren kasuan, bai laguntza eta dirulaguntza horien onuradun diren entitate, enpresa edo organismoen kasuan.