OHARRA: eskatzaile bakoitzak proiektu bakar batean parte har dezake. Unibertsitate eta Lanbide Heziketako Ikastetxei dagokionez, muga hori ikerketa taldeei aplikatzen zaie eta entitate horiek hainbat proiektutan parte har dezakete.
Xedea
Oinarri hauen arabera arautzen diren dirulaguntzen helburua, Etorkizuna Eraikiz ekimenaren barruan, Proiektu Esperimentalak finantzatzea da - Gipuzkoak dituen erronkei erantzuna emateko planteatzen diren proiektu berritzaileak, eragile ekonomiko eta sozialek bultzatutakoak.
Laguntza-ildo horren bidez, proiektuak eta ahaleginak Lurraldearen lehentasunekin lerrokatu nahi dira, eta, horrela, erronkei aurre egin diezaieketen irtenbide berrien garapena eta hedapena bizkortu.
ErronkakProiektu esperimentalak erronka hauetakoren batean sartuta egon beharko dute nahitaez, lankidetzan garatzeko, eta osagai berritzailearekin:
Oinarri hauetan araututako dirulaguntzak jaso ahal izango dituzte Gipuzkoako Lurralde Historikoan aurreko oinarrian jasotako erronken barruan sartzen den proiektu esperimentalen bat sustatzen duten unibertsitateek, lanbide-heziketako zentroek, elkarteek, fundazioek, enpresa publiko eta pribatuek, udalek, mankomunitateek, garapen agentziek eta/edo interes ekonomikoko taldeek.
Parte hartzeko eskabideak taldeka aurkeztuko dira. Taldeak gutxienez bi entitatek osatuko dituzte.
BoluntariotzaAurkeztutako proiektuaren aurrekontuan sartu ahal izango dira boluntarioen bidez garatuko diren jarduerak, eta, nolanahi ere, laguntzekoak izango dira. Ondoren, dirulaguntzak zuritzeko, behar bezala egiaztatutako eta aseguratutako boluntarioen dedikazio-orduak zenbatu ahal izango dira, oro har onartutako kontabilitate-printzipioen arabera.
Zenbateko hori diruz lagun daitekeen gastutzat hartuko da, erakunde onuradunak diruz lagundutako proiektua garatzeko egin behar duen diru ekarpenaren barruan sar daitekeen neurrian. Hala ere, muga horrek ez du eraginik izango langile horiei aseguru gisa ordaindutako zenbatekoetan, ez eta proiektuak gauzatzeko joan-etorrietatik eratorritako gastuetan ere. Gastu horiek, nolanahi ere, diruz lagun daitezkeen gastutzat hartuko dira.
Eskabideak eta diruz lagundu daitezkeen gastuakEskatzaile bakoitzak proiektu bakar batean parte har dezake. Unibertsitateei eta Lanbide Heziketako ikastetxeei dagokienez, muga hori ikerketa taldeei aplikatzen zaie, eta entitate horiek aurkeztutako hainbat proiektutan parte har dezakete.
Proiektuak gutxienez 60.000 euro izango ditu diruz lagundu daitezkeen gastuen aurrekontuan.
Balorazio irizpideaka) Zein erronkari erantzun nahi zaion identifikatzea, proiektuaren beharra eta motibazioa. 25 puntu gehienez.
b) Erronkan esperimentatzeko metodologia eta plangintza. 20 puntu gehienez.
c) Parte-hartzaileak eta proposatzen den lankidetza. 25 puntu gehienez.
d) Nazioarteko ikuspegia integratzea. 10 puntu gehienez.
e) Proiektuak izan dezakeen eraginaren azterketa: adierazleen definizioa. 10 puntu gehienez.
f) Hedapen edo zabalkunde planaren kalitatea. 5 puntu gehienez.
g) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna: proiektuaren genero-eraginari buruzko txostena aurkezteko konpromisoa, sexuaren arabera bereizitako adierazle eta datuekin, hautemandako desberdintasunak, horiei aurre egiteko aplikatutako berdintasun-neurrien edukia eta lortutako emaitzak zehaztuz. 5 puntu, gehienez.
Gutxienez 70 puntu lortzen ez dituzten proposamenak baztertuak izango dira.
AurrekontuaDirulaguntza izan daiteke diruz lagundu daitezkeen gastuen % 100ekoa; eta gehienez ere 80.000 euro emango da proiektu bakoitzeko.
Eskaerak aurkezteko epeaEskaintzak aurkezteko epea irekiko da deialdi hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean eta 2024ko apirilaren 30ean bukatuko da, 12:00etan.
2024ko apirilaren 17an, 16:00tan, deialdiaren aurkezpen orokorra egingo da Gipuzkoako Foru Aldundiko Etorkizuna Eraikiz Gunean (Gipuzkoa Plaza z/g - 20004 Donostia). Aurkezpen hori telematikoki jarraitu ahal izango da Teamsen estekaren bidez. Esteka hori bigarren aukera hori aukeratzen duten pertsonei bidaliko zaie. Edonola ere, Etorkizuna Eraikiz Gunea aretorako sarbidea mugatua izango da, gehienez har ditzakeen pertsonen kopuruaren arabera.
Aurkezpen horretan, interesdunek deialdiko zalantzak argitu ahal izango dituzte.
Ekitaldia behar bezala antolatu ahal izateko, parte hartuko duten pertsonei eskatzen zaie mezu elektroniko bat bidal dezatela anaisabelruiz@gipuzkoa.eus helbidera, “Gipuzkoa Taldean 2024” deialdiari erreferentzia eginez gaian eta Guneara zenbat pertsona joango diren adieraziz, edo, hala badagokio, helbide elektroniko bat emanez Teamsen esteka jasotzeko.
Jarduketak gauzatzeko eta egiaztatzeko epeaEskaerako jarduketak 2024ko urtarrilaren 1etik 2025ko urriaren 15era bitartean gauzatu beharko dira, eta jarduketak guztiz gauzatu direla zuritzen duen kontua 2025ko azaroaren 15a baino lehen aurkeztu beharko da.
Aurkeztu behar den dokumentazioaDirulaguntzen eskaerak eranskin gisa doan eskaera ereduaren arabera aurkeztuko dira. Eredu hori eskuragarri dago Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoan, deialdi honi dagokion atalean, https://egoitza.gipuzkoa.eus.
Eskaera ereduari erantsi behar zaio proiektuaren galdetegi orokorrean eskatutako informazioa. Galdetegia goian aipatutako atarian eskura daiteke.
Ardurapeko adierazpena ere aurkeztu beharko da, ondorengo puntu hauek jasoz:
a) 3/2007 Foru Arauak, martxoaren 27koak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko dirulaguntzei buruzkoak, 12. Artikuluan; 2/2015 Foru Arauak, martxoaren 9koak, emakumeen eta gizonen berdintasunerakoak 26 artikuluan eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bateginak 23 artikuluan ezartzen dituzten onuradun izateko debeku arrazoietatik salbu dagoela.
b) Proiektu bererako lortutako beste laguntzaren aitortza.
c) Laguntzaren eskatzaileak dagokion ekitaldi fiskalean eta aurreko bi ekitaldi fiskaletan jasotako beste «de minimis» laguntza batzuk aitortu behar ditu, erregelamenduak ezartzen duen gehieneko muga ez duela gainditzen frogatzeko.
Zerga betebeharren eta Gizarte Segurantzakoen inguruan adierazpen horretako datuen egiaztapena egin ahal izateko, entitate eskatzaileek adierazpenean bertan berariaz baimena eman dezakete, ziurtagiriak egin behar dituzten erakundeek ziurtagirietan agertu beharreko datuak Diputatu Nagusiaren Alorrari zuzenean lagatzeko.
Taldean aurkeztutako eskaeren kasuan, parte hartzen duen erakundeetako bakoitzak aurreko puntuan adierazitako alderdien inguruan, eta aipatutako atarian aurki daitekeen eredua erabiliz, egindako ardurapeko adierazpena aurkeztu beharko da, eta bertan ordezkaritza emango zaio erakunde jarduleari.
Emakumeen eta gizonen berdintasuna proiektuaren alderdi garrantzitsu bat denean, berdintasunari buruzko prestakuntza egiaztatzen duten tituluak aurkeztuko dira, oinarri arautzaile orokorren 10. oinarrian jasotakoaren arabera.
Isiltasun administratiboaren ondorioakEzezkoa.
Informazio osagarriaEstrategia Zuzendaritza Nagusiak, aurkeztutako proiektuak behar bezala ebaluatzeko eta erabakitzeko beharrezkotzat jotzen duen informazio gehigarri oro eskatu ahal izango du.
Dirulaguntzen bateragarritasunaOinarri hauetan arautzen diren dirulaguntzak xede bereko beste dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabide batzuekin bateragarriak izango dira, edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuk emandakoekin, estatukoak, Europar Batasunekoak edo nazioarteko erakundeenak izanda ere, betiere ez bada dagokion jarduketaren kostua gainditzen, horren inguruan jasotako beste dirulaguntzak arautzen dituzten araudiek ezar dezaketenaren kalterik gabe.
Aplikatu beharreko araudia2024ko martxoaren 26ko Diputatuen Kontseiluaren erabakia (2024ko apirilaren 10eko GAO, 69. zk).
Edozein zalantza izanez gero, kontsultatu
Departamentua/Zerbitzua EstrategiaDokumentuak deskargatu
Integritatearen kultura sendotzea eta azpiegitura etiko bat eraikitzea du helburu, bai Foru Aldundiaren eta haren sektore publikoaren kasuan, bai laguntza eta dirulaguntza horien onuradun diren entitate, enpresa edo organismoen kasuan.