Lurzoruaren eta ondarearen kudeaketari, lurralde antolamenduari eta eraikuntza arkitektonikoari buruzko ikerketa eta dibulgazio proiektuetarako bekak.


  • Eskaera epea: Epez kanpo
  • Azken eguna: 2021
  • Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketa

Deskribapena:

Deskribapena eta laguntza jaso dezaketen kontzeptu

Dirulaguntza hauen xedea da lurzoruaren eta ondarearen kudeaketaren, lurralde antolamenduaren eta eraikuntza arkitektonikoaren arloko ikerketa eta dibulgazio proiektuetarako bekak ematea.

Laguntzen zenbatekoa

Hiru beka independente emango dira, bakoitza hamabost mila eurokoa (15.000,00 €), eremu hauetarako:

a) Beka bat, lurzoruaren eta ondarearen kudeaketaren arloko ikerketarako, maila globalean zein tokikoan.

b) Beka bat, lurralde antolamenduaren arloko ikerketarako, maila globalean zein tokikoan.

c) Beka bat, eraikuntza arkitektonikoaren arloko ikerketarako, maila globalean zein tokikoan.

Hartzaileak

Espainiako edo Europar Batasuneko beste Estatu bateko nazionalitatea duten pertsona fisikoek eskatu ahal izango dute beka, baldin eta bekarekin bateraezina den lan jarduerarik egiten ez badute.  Ondorio horietarako, bateraezina da lanaldi erdia baino dedikazio handiagoa duen edozein lan jarduera.

Baldintzak

Eskatzaileek unibertsitateko gradu edo graduondoko tituluren bat izan beharko dute, betiere eskatzen den bekaren xedearekin zerikusia badu. Titulazio akademikoa honako adar hauetako batekoa izango da:

— Lurzoruaren eta ondarearen kudeaketarekin lotutako beketarako, gizarte zientzien adarretako titulazioak (ekonomia, enpresa zuzendaritza, zuzenbidea, zientzia politikoak), eta eraikuntzarekin lotutakoak (arkitektura eta ingeniaritza, edo antzeko esparruak).

— Lurralde antolamenduaren arloko beketarako, gizarte zientziekin zerikusia duten adarretako titulazioak (soziologia, zientzia politikoak, geografia, zuzenbidea edo antzeko eremuak), edo eraikuntzarekin zerikusia dutenak (arkitektura, ingeniaritza edo antzeko eremuak).

— Eraikuntza arkitektonikoarekin lotutako beketarako, eraikuntzarekin lotutako adarretako titulazioak (arkitektura, ingeniaritza edo antzekoak).

Eskatzaileek ezin izango dute izan debekurik Gipuzkoako Lurralde Historikoko dirulaguntzei buruzko martxoaren 27ko 3/2007 Foru Arauaren 12. artikuluko 2, 3 eta 4. zenbakietan ezarritakorik, ezta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako martxoaren 9ko 2/2015 Foru Arauaren 26.3 artikuluan adierazitakorik ere, eta oinarri hauetan adierazten diren gainerako baldintzak bete beharko dituzte.

Aurreko paragrafoan adierazitakoa egiaztatzeko, eskatzaileak erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko du.

Eskatzaileak tutore bat dutela egiaztatu beharko du. Pertsona hori unibertsitate batekoa, ikerketa zentroko batekoa, enpresa publiko batekoa edo enpresa pribatu batekoa izango da, eta bekaren gaiarekin lotura zuzena izango du.

Aurkeztu behar diren agiriak

Beka eskatzeko inprimakia, behar bezala beteta. 

— Aurreproiektua: bertan jasoko dira titulua, bekaren xedea den proiektuaren planteamendua, helburuak, laneko metodologia, kronograma, baliabideak eta bibliografia. Agiri honetan emaitzak dibulgatzeko lehenengo proposamena jasoko da.

Dokumentu horrek 15-20 orrialde izango ditu gutxi gorabehera, eta laburpen exekutibo bat izan beharko du.

— Titulu akademikoaren, euskararen eta beste hizkuntza batzuen ezagutza egiaztatzen duten tituluen, NANaren, curriculum labur baten eta eskatzaileak alegatutako merezimenduak egiaztatzen dituzten dokumentuen kopia, 7. oinarrian ezarritakoaren arabera.

— Bekaren xede den proiektuaren tutoretza edo zuzendaritzarako, lan horiek egingo dituen pertsonaren NANaren kopia aurkeztu beharko da.  Era berean, pertsona horrek sinatutako eta zigilatutako ziurtagiri bat aurkeztuko da, bekaren xede den proiektuaren tutoretza edo zuzendaritza garatzeko konpromisoa egiaztatzen duena.  Halaber, titulazioa, jarduera eremua (proiektuarekin zerikusia izan beharko du) eta lan profesionalak egiten dituen erakundea adierazi beharko dira.

— Erantzukizuneko adierazpena, non jasoko den eskatzailea ez dagoela sartuta Gipuzkoako Lurralde Historikoko dirulaguntzei buruzko 2007ko martxoaren 27ko 3/2007 Foru Arauak 12. artikuluan, eta Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako 2015eko martxoaren 9ko  2/2015 Foru Arauak 26. artikuluan onuradun izateko aurreikusten dituen debekuetan.

— Erantzukizunpeko adierazpena, eskatzaileak objektu eta xede bererako beste inolako dirulaguntza, laguntza, beka, diru sarrera edo baliabiderik eskatu ez duela egiaztatzen duena. 

— Erantzukizunpeko adierazpena, bekaren garapenarekin bateraezina den lan jarduerarik ez duela adierazten duena.

Eskatzaileak beka honen kudeaketaz arduratzen den erakundeari emandako baimena, Administrazio eskudunean bitarteko elektronikoaren bidez, edo eskura dauden bitartekoen bidez, beka hau lortzeko beharrezkoak diren obligazioak betetzen direla ezagutzeko, jasotzeko edo egiaztatzeko, baina Administrazio Publikoak esleituak dauzkan egiaztapen, kontrol eta ikuskaritzako ahalmenak batere murriztu gabe.

Eskaerak aurkezteko epea

Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdi hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Eskaerak aurkezteko lekua

Eskaerak eta erantsitako dokumentazioa Internet erabiliz aurkeztu behar dira, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoaren bitartez (https://egoitza.gipuzkoa.eus), dirulaguntzen atarian sartuz eta horretarako eskuragarri dagoen inprimakia betez.  Eskaerak eta dokumentazio osagarria 23/2010 Foru Dekretuak, irailaren 28koak, Foru Administrazioaren eremuan bitarteko elektronikoen erabilera arautzen duenak, aurreikusitakoaren arabera aurkeztuko dira.

Ebazpen Epea

Ebazteko eta ebazpena jakinarazteko gehieneko epea hiru hilabetekoa izango da, dagokion deialdia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Behin epe hori igaro ondoren eskatzaileei ez bazaie ebazpena behar bezala jakinarazi, beka eskaera ezetsitzat jo ahal izango da, 39/2015 Legeak, urriaren 1ekoak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearenak, 25.1.a) artikuluan ezarritakoaren arabera.

Araudi aplikagarria

Oinarri hauetan aurreikusitakoaz gain, honako hauek xedatutakoa bete beharko da: 3/2007 Foru Araua, martxoaren 27koa, Gipuzkoako Lurralde Historikoko dirulaguntzena, eta foru arau hori garatzeko Erregelamendua (apirilaren 29ko 24/2008 Foru Dekretuaz onartua).

Oharrak
Dokumentuak deskargatu

Edozein zalantza izanez gero, kontsultatu

Departamentua/Zerbitzua Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketa
KONTSULTAK, KEXAK ETA IRADOKIZUNAK
Jar zaitez harremanetan Foru Aldundiko edozein departamenturekin eta egiozu zure kontsulta.
ARAUDIA DESKARGATU
9/2022 Foru Dekretua, apirilaren 26koa, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Herritarren Arretarako Foru Sistema arautzen duena.