Foru Aldundiarekiko harremanetan herritarrek dituzten ahalmenak eskubideak gauzatzeko.

  • Herritarrek, Gipuzkoako Foru Aldundiarekiko harremanetan, ahal izango dute:
    • Informazioa eta laguntza jaso, beren eskubideez baliatzeko eta beren betebeharrak betetzeko Foru Aldundiarekiko harremanean. Horrek berekin dakar, bai Foru Aldundiak egiten dituen jarduerei buruzko egiazko informazioa eta osatua jasotzeko eskubidea, bai foru erakundearen aurrean jarduketak egitean bete behar dituzten izapide eta betekizunei buruz aholkua jasotzeko eskubidea. Informazioa hizkuntza ulerterrazean, erabilera ez-sexista edo estereotipatuan emango da, herritarrak hautatzen duen hizkuntzan.
    • Herritarrei lagundu eta arreta emateko funtzioak egiten dituzten pertsonen identitatea ezagutu, baita eragiten dieten prozedura izapidetzeko ardura duten agintari eta pertsonen identitatea ere.
    • Gipuzkoako Foru Aldundiarekin erlazionatzeko arreta kanala hautatu, non eta ez den nahitaezkoa baliabide zehatz bat erabiltzea dena delako prozeduraren araudi espezifikoan ezarritakoaren arabera.
    • Kanal ezberdinetan idatziak, eskaerak eta komunikazioak aurkeztu, bai zuzenean eta bai ordezkari bidez.
    • Interesdunak diren prozeduretako izapide egoera ezagutu eta horietan dauden dokumentuen kopiak lortu, eta Foru Aldundiaren erregistro eta artxiboetara sartu, indarrean dagoen araudian aurreikusitako baldintzetan.
    • Prozeduran edo jarduketan aurreikusitako helburuen esparruan eskatu eta tratatu beharreko datu pertsonalak soilik aurkeztu, indarrean dagoen legeriari jarraikiz.
    • Jasotako arretari buruzkoa edozein kontsulta, kexa edo iradokizun egin.
    • Informazio publikoa eskuratu, aplikagarria den araudian jasotako baldintzetan.
  • Gipuzkoako Foru Aldundiak herritarrei, berarekin dituzten harremanetan, bermatuko die:
    • Errespetuzko eta begirunezko tratua jasoko dutela Foru Aldundiko agintarien eta langileen aldetik.
    • Dituzten ezaugarri pertsonalen araberako arreta jasoko dutela; horrela, arreta berezia emango zaie premia espezifikoak dituzten pertsonei, dela dibertsitate funtzionala duten pertsonak direlako, dela arreta jasotzeko unean mendeko pertsonen zaintza lanak egiten ari direlako.
    • Berehalako arreta jasoko dute, orokorrean, eta, ezin denean, administrazioak herritarrei arreta eraginkorra emateko behar diren mekanismoak antolatuko ditu, herritarrek beren eskubideak eta betebeharrak garaiz eta behar bezala bete ditzaten.